Eraikitzeko garaia da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Akordioa: aukera baliatzeko unea

2022-03-22

Ilusio garai berriak iritsi dira hezkuntzara. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hezkuntza lege berri bat egiteko prozesua ireki da, Nafarroan ere badira mugimenduak eta Iparraldetik jakin-minez dira so. Alderdi politiko nagusiek hezkuntzan oinarrizko akordioetara iristeko apustua egin dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta hezkuntza eragileak ekarpenak egiten ari dira. Egungo hezkuntza sistemaren hutsuneak ikusita, lege berriak eraldaketarako aukerak ireki ditzake. Asko azpimarratzen da denon artean egin beharreko legea eta bidea dela, denontzat onuragarria izan dadin. Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistema propiorantz urrats esanguratsua izan daiteke, Espainiako eta Frantziako estatuetatik datozen ereduetan zurrunki geratu gabe. Euskal Herriko hezkuntzaren ibilbidea eta ezaugarriak bilduko dituen proposamena izan daiteke. Saiatzeak merezi du.

 
 
Eraikitzeko garaia da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Akordioa: aukera baliatzeko unea

Eusko Jaurlaritzak 2023rako Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako hezkuntza lege berri bat egingo duela iragarri zuen, eta horren aurretik hezkuntza akordio bat egin nahi zuela alderdi politikoen artean eta hezkuntza eragileekin partekatuta. Asmo horrekin, Eusko Legebiltzarrak legealdi honetan etorkizuneko euskal hezkuntza sistemari buruzko hitzarmenaren oinarriak zehazteko ponentzia osatzea onartu zuen 2021eko urrian. Ponentzia horren lehen zereginetako bat adituen eta eragileen iritzia entzutea izan da eta 2021eko urte amaierako hilabeteetan ehun eragile eta aditu inguru pasa ziren bertatik ekarpenak eginez. Hala, 2022ko otsailaren 8an aurkeztu zuen Batzordeko batzordeburuak txosten-proposamena: Euskal hezkuntzaren eraldaketarako oinarriak. Martxoaren 4an amaitu zen behin-behineko txostenari ekarpenak egiteko epea eta martxoaren 18an bozkatuko dituzte alderdi politikoek zuzenketak. Tarte horretan ahalik eta akordio zabalena lortzen ahaleginduko dira eta martxoaren 28an emango diote behin betiko oniritzia txostenari. Apirilaren 7an Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak onetsi beharko du eta ondoren Eusko Jaurlaritzak dokumentu horretan oinarritutako hezkuntza legea egiteari ekingo dio. Legea 2022ko udazkenerako idatzia egotea aurreikusten da.

Nafarroan ere mugimenduak badira. Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok Nafarroako Eskola Kontseiluari itun bat egiteko enkargua eman zion urtarrilean eta “Nafarroako hezkuntzaren aldeko itun soziala” jardunaldiarekin eman zitzaion hasiera prozesuari. Aragoiko Autonomia Erkidegoko 2016ko dokumentu bat oinarri hartuta abiatu du Eskola Kontseiluak itun hori egiteko lana eta lau hilabeteren buruan parlamentura igorriko da lantzen duten dokumentua. Hainbat arlotan Aragoiko egoerak ez du zerikusirik Nafarroakoarekin, hizkuntzarenean kasu, eta hortaz, hainbat eragilek zaila ikusten dute Nafarroari egokitutako eta haren beharrak aseko dituen ituna izatea aterako dena. Horrez gain, denbora epe oso laburra iruditzen zaie hezkuntzak duen garrantzia kontuan hartuta eta adituen ekarpenak jasotzeko eta haiek parte hartzeko aukerarik ez egoteak ere ez du laguntzen.
Iparraldetik adi jarraitzen diete mugimendu guztiei, Euskal Herriko hezkuntza sistema propioaren bidean haientzat ere interesgarriak direlako egiten diren urratsak.

Hezkuntza eragile, sindikatu, erakunde eta alderdi politiko ugarik azpimarratu dute azken urteotan Euskal Herriko hezkuntzan aurrera begira jarri eta eraldaketa sakona egiteko unea dela. Nor bere lubakian gotortu beharrean, guztiona eta guztiontzako hezkuntza eredu hobe baten alde elkartzeko unea dela.

Eraldaketarako akordioaren oinarriak

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako lege berriaren asmoa denentzako hezkuntza lege bat egitea da, orain dagoen legea 1993ko Euskal Eskola Publikoaren legea baita, eskola publikoarena soilik. Zentzu horretan, 30 urteotan edukitako hutsune hori betetzera dator, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako “euskal hezkuntza sistemari beharrezko legegintza-maila ematera”. Gizartean sortzen diren erronka berriei erantzuteko asmoa ere badu, “gero eta askotarikoagoa eta zorrotzagoa den gizarte baten eskaerei, edo egungo erronka demografikoen eta aldaketa teknologikoen ondoriozkoei”. Lege berriak, hezkuntza sistemak behar duen legegintza-maila emateaz gain, hezkuntza sistemaren eraikuntza prozesuaren garai berri bat irekiko du, “modu gradualean eta egingarrian euskal komunitatearen behar eta gaitasunen araberako hezkuntza sistema bat eratzeko. Asmo eratzailea aitortzen diogu lege honi, hezkuntza sistemaren konfigurazio berri baterako bidea arautu asmo baitu. Hargatik aitortzen diogu zentzu estrategikoa”, jasotzen da txostenean.

Zer ulertzen da euskara ardatz dioenean

Txostenari ekarpenak egin dizkiote hezkuntza eragileek eta alderdi politikoek —EAJ-PSEk elkarrekin 42 zuzenketa aurkeztu dituzte, EH Bilduk 46, Elkarrekin Podemosek 29—. Dokumentuan hezkuntza sistemarentzat gakoak diren hainbat oinarri aipatzen dira eta horietako batzuen inguruan jaso dira ekarpen eta kritika gehien. Euskararen gaia da alde guztietatik arreta jaso duen oinarri horietako bat. Txostenean hala jasoten da: “Euskal Hezkuntza euskara ardatz duen sistema eleaniztuna da, eta bi hizkuntza ofizial eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza baten bidez egituratzen da”. Definizio horrekin, baina, ez da argi geratzen gaur egungo A, B eta D ereduen sistemarekin jarraitzeko hautua egiten den, murgiltze sistema hobesten den edo zer bide lehenestsiko den.

Horren aurrean, hezkuntza eragile gehienek, Kontseiluak eta alderdi politiko batzuek berariaz eskatu dute “ereduen sistema baztertzailea gainditu eta ikasle guztiei euskara gaitasun egokia bermatuko dien eredu orokortua ezarriko duela zehaztea” (Kontseilua); “euskara ardatz izango duen eredu eleaniztun bakarraren aldeko apustua egiten dugu” (Elkarrekin Podemos-IU); “euskara ardatz duen eredu eleaniztun orokortu inklusibora jauzia egiteko unea da; hurrengo legeak ikasle guztiei euskara gaitasun egokia bermatuko dien eredu orokortua ezarriko du” (EH Bildu). Vox eta PP beste muturrean kokatzen dira, eta A ereduaren aldeko defentsa egiten dute. EAJ-PSEk, berriz, zirriborroari egindako ekarpenetan aldaketa hau egin dute: “Euskal hezkuntza euskara ardatz duen sistema eleaniztuna da eta bi hizkuntza ofizial eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza baten bidez egituratzen da” kendu eta honako hau proposatu dute: “Legeak hezkuntza eleaniztunaren eta kulturen arteko hezkuntzaren alde egingo du hizkuntza eta kultura-kontzientzia zabala sustatzeko, bi hizkuntza ofizialen eta, gutxienez atzerriko hizkuntza baten bidez artikulatua...”

Jarrerak jarrera, lege berriak Euskararen Legeak dioena betetzera iritsi behar du eta horretarako bermeak jarri behar ditu, orain arte ez bezala. Eta legeak hauxe dio: “Jaurlaritzak, derrigorrezko ikastaldia bukatzerakoan ikasleek, aukera berdinetan, bi hizkuntza ofizialak benetan erabiltzeko adina menperatuko dituztela ziurtatzera bideratutako neurri guztiak hartuko ditu; halaber, euskal giroa ziurtatuko du, euskara [ikastetxeetako] barne- nahiz kanpo-jardueretan eta administrazio-ekintza eta dokumentuetan ohiko tresna bihurtuz.”

Gobernantza-ereduan aldaketa proposamena

Sistemaren antolaketa eta kudeaketaren inguruan kontzeptu berri batzuk proposatzen dira oinarrietan. Horietako bat Euskal Hezkuntza Zerbitzua da eta horri lotutako kontratu-programa. Hezkuntza sareen arteko bizikidetza eta kohesioa bideratzeko Euskal Hezkuntza Zerbitzua sortzea proposatzen da. “Legeak ezarritako printzipio eta helburuak betetzen dituzten ikastetxeek osatuko dute Euskal Hezkuntza Zerbitzua, legeak ezartzen dizkien konpromiso eta betebeharrak beren gain hartzen dituztenak, alegia. Hezkuntzaren zerbitzu publikoa ematen duten eragileen artean eskola publikoak funtsezko rola du. Zerbitzu publikoa ematen duten eragileen izaera juridikoa administrazioaren zein beste eragile batzuen ardurapen egon, ezartzen diren baldintzak betetzean dago gakoa”. Aurrerago zehaztasun gehiago ematen dira: “Ikastetxeak eskubidez eta betebeharrez parekide bilakatzen dira administrazioaren eta gizartearen aurrean eta orain arteko hezkuntza tradizioen arteko konfluentzia irudikatuko da legean (...). Euskal Hezkuntza Zerbitzuak baliabide publikoz sostengatzen diren ikastetxeak hartuko ditu, dena dela bere izaera juridikoa, beti ere segregazioak eta gizarte-
bazterketa gainditzeko ahaleginean aktiboki jarduten duten neurrian”.

Txostenean aurrera jota, honakoa zehazten da: “Ikastetxe bakoitzak Hezkuntza Sailarekin adostutako Plan Estrategikoaren jarraibideak burutzeko tresna juridikoa, ekonomikoa, finantzarioa eta plangintza estrategiaren alorreko programa-kontratua definitu eta adostuko du”.

Proposamen honek egungo sistema publikoaren barruan planteamendu berri bat dakar, konfluentzia helburu duena, eta ikuspegi desberdinak daude horren gainean. Denek defendatzen dute hezkuntza sistemak publikoa izan behar duela; haatik, publikotasuna ulertzeko moduan daude desberdintasunak: batzuek egungo sistema publikoa defendatzen dute, dagoen moduan, publikoa administrazioaren esku dagoena da; beste batzuek, aldiz, publikotasunaren ikuspegi zabalagoa dute eta kontzeptu horren barruan herrigintzatik sortutako ekimenak barne hartzen dituzte, herritarrek sortuak izanik publikoak direla argudiatuz.

Elkarrekin Podemos-IUk egin duen zuzenketan adierazi du “titulartasun publikoko ikastetxeek izan behar dute euskal hezkuntza-sistemaren ardatz egituratzailea, eta hamar urteko epean hegemoniko bihurtzea proposatzen dugu”. Steilasek dio gaur egungo Euskal Eskola Publikoa jarri behar dela erdigunean eta “publifikazio progresibo baterako markoa zehaztu” behar dela titulartasun juridikoa moldatuz eta publifikazio marko legala ezarriz. Ikastolen Elkarteak bat egiten du Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren proposamenarekin. “Bertan legeak ezartzen dizkien konpromiso eta betebeharrak bere gain hartzen dituzten ikastetxeak egongo dira, administrazioaren titularitatekoak izan ala ez izan. Bat egiten dugu horretarako denok eskubide eta betebehar berak izan behar ditugula zehazten duen puntuarekin”.

Ikastolen Elkarteak eta Steilasek faltan bota dute Hezkuntza Zerbitzuan egoteko ikastetxeek bete behar dituzten baldintzak eta betebeharrak ez agertzea. Ildo horretan, EH Bilduk ekarpen bat egin du hamalau baldintza eta betebehar zerrendatuz: segregazioaren kontrako konpromiso erreala, curriculum eta ebaluazio irizpide berdinak, euskara ardatz duen eredu eleaniztun orokortua, hezkidetza derrigorrezkoa, sexu-segregazio eza, laikotasuna, gobernantza demokratikoa, hezkuntza proiektu komunitarioak, hezkuntza planifikazio lokala, kontratazio garden eta demokratikoa, azpiegitura partekatuak, irabazi asmorik eza, doakotasuna eta barne eta kanpo auditoriak.

Konfluentziarako bidea nola egingo den ikusteke dago. Orain arteko egoeran aniztasuna izan da nagusi. Orain, legeak denak berdintzera edo aniztasuna mantentzera jo dezake. Eta horrek aniztasunaren inguruko eztabaida dakar. Aniztasuna aukera-berdintasunarekin lotuta dagoen kontzeptua da, eta aukera-berdintasuna eta berdintasuna ez ei dira gauza bera. Aukera-berdintasuna bakoitzaren aniztasuna eta egiteko modu desberdinak errespetatzea da eta neurri berdintzaileek ez dute zertan denok berdinak izatea ekarri behar. Dagoen aniztasuna, egiteko modu desberdinak eta bakoitzak orain arte egindako ekarpenak balia daitezke zerbait berria, anitza eta ez uniformea egiteko.

Udalen eta tokiko administrazioen esku-hartzea

Askotan entzun da hezkuntza ez dela eskolaren zeregina soilik, gizarte osoarena baizik. Akordioan ideia hori jasotzen da eta hori gauzatzeko deszentralizazioa proposatzen da; udalek eta foru aldundiek parte-hartzea hezkuntzaren antolaketan eta eskumen batzuk izateko bidea irekitzea. Europako zenbait herrialdetan gertuko kudeaketa lehenesten dute eta gertutasun horrek dakartzan abantailak probesten dituzte. Ildo horretatik joz, dokumentuan ikusten da, “batetik, zenbait baliabide komunitario artikulatzeko ikasleen ongizatearen eta heziketaren mesedetan; eta bestetik, hezkuntza komunitate guztiaren partaidetza bilatu eta hezkuntza formalaren eta ez-formalaren arteko uztarketa sustatzeko”. Zeregin horretan honako eduki edo jardunetan egingo zaio kontsulta Tokiko Eskola Kontseiluari:
hezkuntza-premiak identifikatzeko, eskaintza banatzeko eta ikasleak eskolatzeko irizpideak zehazteko, hiri-plangintzatik eratorritakoak barne; hezkuntza-laguntzako behar espezifikoak dituzten ikasleen eskolatze egokia eta orekatua bermatzen laguntzeko jarduerak eta behar diren neurriak hartzeko, ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo beste izaera bategatik bereiztea saihesteko; ikastetxeen funtzionamenduari eragiten dioten udal-
jarduerak egiteko; eta udalerria eremu duten patronatuak, partzuergoak eta hezkuntza erakundeak eratzeko.

Ildo horretan, Oinherrik proposatzen du herri hezitzaileen filosofia Tokiko Hezkuntza Kontseiluen egiteko moduen eta edukien erdigunean egotea. “Organo honetan hezkuntza ez-formalaren presentzia, parte-hartzea eta estrategikotasuna berebizikoak direla uste dugu”.

Partida jokatzera

Ñabardura eta ekarpen asko egin zaizkio txostenari eta oraindik bidea egin behar du. Eta bide horretan parte hartzea da garrantzitsua orain. Partida jokatu beharra dago egungo sistemaren gabezietan eta ezinetan gelditu gabe, baldin eta sistema berri eta eraldatzaile bat lortu nahi bada. Herri ikuspegi batetik bakoitzak bere ekarpena egiteko garaia da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako egingo den hezkuntza legeak eragina izan dezake Nafarroan eta Iparraldean eta etorkizuneko euskal hezkuntza sistema propioaren bidean urrats bat gehiago izan daiteke.

 

EREDU BERRI BATEAN ALDEKO DEIALDIA

Martxoaren 5ean hezkuntzarekin konprometitutako Euskal Herri osoko herritarrak bildu ziren Hernanin, 2006an onartu zen Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioa berresteko eta bizi dugun une historiko honetan akordio hori berritzea aldarrikatzeko. “Une hartan herri gisa behar dugun hezkuntza eztabaidatzeko eta adosteko abiapuntua zela esaten zen”, gogorarazi zuen Nora Salbotx Hezkuntza Plazarako kideak, Amaiurko eskolako andereñoak eta Hik Hasiko kideak. “Geroztik hezkuntzari herri gisa begiratzen dioten proposamen eta planteamendu anitz mahaigaineratu dira urteotan eta ekarpen horiengatik iritsi gara gauden lekura”.

“Eskubideetatik konpromisora” salto egiteko unea dela aldarrikatu dute eta ekiteko unea dela azpimarratu dute manifestuan: “Badakigu milaka garela hezkuntza eskubideak bermatuko dituen hezkuntza sistema eraldatzearen alde gaudenak. (...) Guretzat ez da aukera bat gauden lekuan gelditzea, gauza berdinak egiten jarraitzeak emaitza ezberdina emango lukeela pentsatuz. Elkarrekin pentsatzea eta herri bezala jardutea dagokigu erronka handiei aurre egin ahal izateko”.

Une honetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako hezkuntza lege berri bat egiteko abiatu den prozesuaren baitan, “uste dugu koiuntura berri honetan aukerak badirela, duela 30 urte egin zenaz gaindiko bertze zerbait mahaigaineratzeko. Uste dugu ausartzeko eta erronkari adarretatik heltzeko garaia dela”.

Kezkatzen ditu egoera berriaren aurrean agertu diren hainbat kritikek, “kritika egiteaz gain, beste aukerarik, planteamendurik edo alternatibarik mahaigaineratzen ez denean ez baita eraikitzen”. Horregatik, Hernanin elkartutako herritarrek eta manifestuari atxikimendua eman dioten 250 lagunek legea idatzi zain egon ordez eragin egin nahi dute. “EAEn abiatutako prozesuarekin hazi berri bat ereiteko aukera dagoela ulertzen dugu, eta hortik sortuko den landareak ematen dituen fruituak beste herrialdeetara ere iritsiko direla” adierazi zuen Salbotxek.

Horrela, manifestuan hazi horrek izan behar dituen ezaugarriak plazaratu zituzten: hezkuntzarako, inklusiorako eta euskalduntzeko eskubidea, eraldaketa pedagogikoa eta metodologikoa, autonomia eta parte-hartzea, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa eta erabakitzeko eskubidea eta hezkuntza burujabetza.

Manifestua osorik ikusteko: http://labur.eus/Hernaniko adierazpena
Atxikimendua bideratzeko: hezkuntzaplazara@ni.eus;
plazarahezkuntza@gmail.com

 

EUSKAL HEZKUNTZA SISTEMA HOBETZEKO AUKERAK IKUSTEN DITUZTEN HERRITARREK

Zerk bultzatuta etorri zara Hernanira Hezkuntza Deialdia egitera eta agerraldian parte hartzera?

 

Maialen Idoate
Eskola publikoko eredu elebidunean euskara formatzailea Iparralde osoan Seaskako gurasoa

“Honat etorri naiz alde batetik interes handia dudalako Hegoaldean gaur egun gertatzen ari denarekin. EAEko hezkuntza lege berri horrek ilusio handia sortzen digulako guri Iparraldean, jakinez gure egoera aski larria dugula. Ainitz apreziatu dut gaurko adierazpenean lurraldetasunari egin zaion ekarpena. Herrialde batean egiten denak haziak ereiten ditu eta gu hori hartzeko prest gara. Beraz, nik lurraldetasunarekiko ikuspegia dut eta hortik interes handiz jarraituko dut. Hezkuntza Plazara ekimenaren lantaldean parte hartuko dut, bistan dena, eta ekarpenak egiten ahal baditugu edo parte hartzen ahal badugu hor izanen gara”.

 

Aitor Fernandez de Pinedo
Laudio ikastolako administrazioko langilea, informatikaria eta komunikazio arduraduna
Aiaraldeko Euskara Kontseiluko kidea

“Lege berri baten atarian hezkuntza komunitate osoko kideek parte hartzea beharrezkoa ikusten dut, eta komunitate oso anitza garela sentitzea ere bai. Denok ikusi behar dugu geure burua akordio horretan. Eta horretarako, denok batzen gaituzten eremuak eta ekimenak egitea lortu behar dugu. Batez ere horrek ekarri nau hona gaur”.

 

Mikel Illarregi
Nafarroako eskola publikoko irakasle jubilatua

“2006ko Oinarrizko Hezkuntza Akordioan parte hartu nuen eta gaur ere etorri naiz orduan abiatu zen lana oraindik bete edo burutu gabe dagoelako. Oraindik zer egina badagoela ikusten dut. Askotan zer asmo onak izan ditugun ohartzen naiz, baina sarritan ez gara iritsi helburuetara edo ez dugu saltoa nahi bezain luzea egin, adibidez, euskal curriculumaren gaian. Horrelako asmoak eta nahiak aurrera eramateko oso indartsu eta konbentzimendu handiz hasi izan gara eta askotan bidean hortxe geratu gara.

Gaurkoarekin zera ikusten dut: orain planteatzen diren puntu hauek guztiak gure ahotan egon dira aurretik, gure barnean eta gure bihotzean ere bai, eta oraindik betetzeko asko gelditzen da. Orduan, herri bezala apustu handi bat dago, bete behar dena, egin behar dena eta horretarako horretaz guztiarekin konprometitua eta konbentzituta dagoen jendea behar da.

Nik orain beste ikuspegi batetik ikusten dut dena, jubilatu berri nagoelako, baina betebehar hori ikusten dut eta bada apustua egiteko unea. Gauzak garbi ikusten direnean eta hasitako bidea eten egin dela sumatzen denean, hasi beharra dago berriro. Inguruan konbentzitutako jendea ikusten duzunean, apustu hori egin behar dela dioena, indartu egiten zara eta beste motibazio bat ematen dizu. Horregatik izan da garrantzitsua gaur hemen elkartzea, indar hori sentitzea eta eraikitzeko motibazioa badela ikustea”.

 

Edurne Larrañaga
LABeko kidea eta gurasoa

“Nik uste dut testuinguru oso garrantzitsu baten aurrean gaudela. Agerraldian komentatu den bezala, herri ikuspegi baten aldeko hautua egin behar da, eta gaurko adierazpenak justuki horixe biltzen du. Nik neuk argi dut EAEko biztanle izan arren, ez dela izango nik desioko nukeen hezkuntza lege bat, baina uste dut urrats bat eman dezakeela gaur egun hezkuntza sistemak dituen hainbat blokeo desblokeatzeko edo desblokeatze bide horretan jartzeko. Alde horretatik uste dut ezinbestekoa dela oinarrizko hezkuntza akordio bat egitea ezberdinen artean. Duela 16 urte ere ezberdinen arteko akordioak eraikitzea oso garrantzitsua zela hitz egiten genuen eta egoera aldatu arren antzeko testuinguruan aurkitu gaitezke”.

 

Inge Zubero
Lapuebla de Labarcako Assa ikastolako langilea
Ikastolako gurasoa

“Orain arte prentsan edo kalean bolo-bolo ibili den mezua bakarra izan da, nik ulertzen dudanagatik erresistentziatik sortzen dena. Baina badago mezu propositibo bat; aukera bat zabaldu da eta aukera hori jokatzeko borondatea badago. Orduan, horri helduta nator hona. Utzi ezetzean kokatutako mezuak alde batera, eta etorkizuneko ortzimugan egon ahal den hezkuntza sistema propio horretan edo horren alde lan egin dezaegun. Uste dugun baino jendarte zabalagoa dago horren alde lan egiteko prest, eta momentu honetan ematen du bakar-bakarrik uste bat dagoela kalean, eta ez da bakarra: beste bat badago, niretzat eraikitzaileagoa den mezu bat. Orduan, horregatik eman diot atxikimendua gaurko adierazpenari. Uste dudalako horrek bai daukala etorkizunera begirako proposamen bat”.

 

Joxe Garmendia
EHUko irakaslea

“Unibertsitatetik begiratuta, urratsak batera eman behar ditugula ikusten da. Derrigorrezko hezkuntzako ikasle horiek gero unibertsitatera etorriko dira eta guk ere bat egin behar dugu. Lege honek prespektiba hori izan behar duela uste dut. Lotura bat behar du hezkuntza sistemak, hezkuntza lege propio batekin”.

 

Mari Karmen Garrido
Aramaioko eskola publikoko irakaslea

“Gure herrirako eta euskal hezkuntza bultzatzeko lege berri on bat defendatzera etorri naiz. Eta izan dadila behingoz denok batera egiten dugun zerbait, denon onurarako eta denon ekarpenekin. Orain dela 30 urtetik, aurreko legetik hona, ez dakit asko aurreratu dugun; orduan, bultzada ematera etorri naiz, ea aldatzen den, ea zerbait egiten dugun, ez hain mingarria. Izan dadila Euskal Herriko hezkuntzarako onura dakarrena, nahi dugun gure Euskal Herriko hezkuntzarako.

Argi dago dagoenak ez zuela erantzunik eman. Azkenean proposatu zen bakarra zera izan zen: ikastetxe pribatuei edo ikastolei sare publikoan sartzea, baina sarea bere horretan zegoen moduan, inolako aldaketarik gabe. Orduan, hori da nahi ez duguna. Ez dugu berriro ere epe bat zabaltzerik nahi ikastolak publifikatzeko, ez da hori. Esaten den konfluentzia hori nahi dugu benetan, eta gauza bietatik edo hirugarren batetik onak diren ekarpenak eta esperientziak hartzea. Adibidez, udal mailan antolatzea. Nik uste dut hori izango litzatekeela hoberena eta nik horri deituko nioke publikoa eta ez gaur egun dagoenari”.