Hezkuntza Akordioa hitzartu dute EAJk, EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekin Podemos-IUk

2022-03-19

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako hezkuntza lege berria egiteko oinarriak zein izango diren adostu dute EAJk, EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekin Podemos-IUk. Azken asteetan Euskal Hezkuntzaren eraldaketarako oinarriak dokumentuari zuzenketak egiten aritu dira eta atzo, martxoaren 18an, bukatu zituzten negoziazioak. Talde politikoetako ordezkariek akordioa lortu zuten eta martxoaren 28an bozkatuko dute. Ondoren, apirilaren 7an Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran behin betiko onespena emango zaio eta legea idazteko prozedura abiatuko da.

 
 
Hezkuntza Akordioa hitzartu dute EAJk, EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekin Podemos-IUk

Hezkuntza Akordioaren korapilo nagusia hizkuntza ereduen ingurukoa izan da, gai horretan izan dituztelarik desadostasunik handienak. Azken dokumentuan itundutakoaren arabera, “euskara ardatz duen eredu eleanitza” proposatzen da eta ikasleen derrigorrezko hezkuntza bukatutakoan bi hizkuntza ofizialetan B2 maila lortu beharko dute eta atzerriko hizkuntzan B1. Helburu horretarako iristeko neurriak hartuko dira, ebaluazioak egingo dira eta ikastetxe bakoitzaren hizkuntza proiektua bultzatuko da.

Hizkuntzaren gaiaz gain, beste hainbat gai nagusi biltzen dira dokumentuan. Hasteko, kontzertu unibertsalarekin bukatu eta Euskal Hezkuntza Zerbitzua eratuko da, bertako parte izateko ikastetxeek bete beharreko baldintzak zehaztuko direlarik. Bigarrenik, hainbat arlotan mekanismo zuzentzaileak ezartzeko konpromiso sendoa erakutsi dute, besteak beste, 0-2 etapan, segregazio egoeretan, doakotasun efektiboa lortzeko bidean eta eskola publikoaren kalitatea hobetzeko bidean. Sistema eraldatzeko hainbat neurri ere hitzartu dituzte, eta horren barruan ikastetxeen autonomia indartzeko neurriak. Eraldaketari aurre egiteko inbertsioa handitzeko konpromisoa ere jasota geratu da. Azkenik, hezkuntza akordioka euskal hezkuntza eragileen esku-hartze aktiboa eskatzen duela azpimarratu dute, eta ildo horretan, garrantzia eman diote hemendik aurrera izango duen garapen sozialari.