Aritz Larreta: “Lehen Hezkuntzan ere hezitzaileon esku-hartzeaz gogoeta sistematiko eta partekatua egin behar dugu”

2022-03-15

Dagoeneko ikastetxe askotan egin dute paradigma aldaketa Haur Hezkuntzan, eta ondorioz, Lehen Hezkuntzan hobekuntza premia handia sumatzen da. Behar horri erantzunez, eta Haur Hezkuntzan bederatzi urtetan eskaini den formazioaren ildotik, bi urteko formazio berria eskainiko du datorren ikasturtean Hik Hasik: 'Lehen Hezkuntza eraldatzen' izenekoa. Lehen Hezkuntzako tutore zein espezialistei dago zuzendua, eraldaketa-prozesuan hasita edo hasteko gogoz daudenenei, baina baita, aholkulari, zuzendari, ikasketa-buru edota arduradun pedagogikoei ere. Aritz Larreta izango da formazioaren arduradun pedagogikoa. Izatez, Tolosako Laskorain ikastolako irakaslea da. HHko zein LHko tutore, psikomotrizista eta hizkuntza proiektuko dinamizatzaile izan da, besteak beste, eta azken lau urteotan, Ikaselkar hezkuntza argitaletxeko KIMU proiekturako matematika arloko ikasmateriala sortzen dihardu.

 

 
 
Aritz Larreta: “Lehen Hezkuntzan ere hezitzaileon esku-hartzeaz gogoeta sistematiko eta partekatua egin behar dugu”

Hik Hasiko kide zara aspaldian. Orain formazioaren arduradun pedagogikoa izango zara. Zure ibilbidean nola kokatzen duzu egiteko hau?  
Zuk esan bezala, aspalditxotik naiz Hik Hasiko kide, hain zuzen ere, 2007tik, baina bi urte lehenago, 2005ean, parte hartu nuen estreinakoz Hik Hasiko Udako Topaketetan. 2007an, Hik Hasik bidaia pedagogikoa antolatu zuen Finlandiara eta, esan liteke, bidaia hartan gonbidatu nindutela Hik Hasiko kide izatera.
Oso eroso eta, are gehiago, koherente sentitu izan naiz beti Hik Hasin. Nik hezkuntza ulertu eta bizitzeko dudan moduarekin guztiz bat datoz Hik Hasik dituen izateko eta egiteko moduak. Beraz, hastear den formazio berri honen arduradun pedagogikoa izatea opari moduko bat da niretzat. Erantzunkizun handikoa, baina, finean, opari bat.
Izatez, Tolosako Laskorain ikastolako irakaslea naiz. Hainbat lanetan aritu naiz ikastolan, hala nola: Haur zein Lehen Hezkuntzako tutore, psikomotrizista, Euskaraz Bizi proiektuko teknikari, hizkuntza proiektuko dinamizatzaile… Azken lau urteotan, ordea, Ikastolen Elkartean dihardut Ikaselkar hezkuntza argitaletxeko KIMU proiekturako matematika arloko ikasmateriala sortzen. Arizmendi ikastolako Leire Aranarekin batera ari naiz zeregin horretan.

Zer-nolako premia ikusten duzu lanean ari diren Lehen Hezkuntzako hezitzaileentzat gradu osteko formazio bat antolatzeko? Zer-nolako premiak daude, oro har, Lehen Hezkuntzan?
Nik uste, egon, premia handia dagoela. Haur Hezkuntzako hezitzaileentzat ere antzeko formazio bat
eskaintzen du Hik Hasik, eta arrakasta handia du. Beraz, nik uste dut, Lehen Hezkuntzako hezitzaileen artean ere harrera ona izan dezakeela gradu osteko formazio honek.
Badira jada urte batzuk Haur Hezkuntzan eraldaketa pedagogikoa hasi zenetik. Euskal Herrian, asko dira Haur Hezkuntzan paradigma aldaketa egin duten ikastetxeak. Eraldaketa horren testuinguruan hazi eta hezi diren haurrak Lehen Hezkuntzara iritsi ahala, hasi da Lehen Hezkuntzan ere mugimendua, baina, iruditzen zait, hausnarketa sakon baten premia dugula; izan ere, irudipena dut, Haur Hezkuntzan dituzten egiteko modu berberak ekarri nahi izan ditugula Lehen Hezkuntzara, askotan, aurrez hausnarketa pedagogiko sakonik gabe. Lehen Hezkuntzako lehen mailetan, esaterako, espazioak-eta eraldatzen hasi gara, baina espazio horietan hezitzaileok egin beharreko esku- hartzearen gainean zalantza dezente ditugula esango nuke. Hain zuzen ere, gure esku-hartzearen gaineko hausnarketari heldu nahi zaio gradu osteko formazio honekin, hau da, espazio, denbora, material eta abarrez hausnartzea ezinbestekoa da. Horrez gain, gure esku-hartzeaz gogoeta partekatu eta sistematikoa egitea da ezinbestekoa dena.

Markoari dagokionez eta LOMLOEren testuinguruan, zer aldaketa datoz Lehen Hezkuntzara?
Hasteko eta behin, komeni da argitzea LOMLOE Espainiatik datorren lege bat dela eta, beraz, eragite- kotan, Euskal Herriaren zati bati bakarrik eragingo diola. Beraz, ez da inolaz ere Euskal Herri osorako lege marko bat. Hik Hasiko kide izanda, hori esan beharra nuen; izan ere, sorreratik bertatik oso presente dugun aldarrikapena da hori Hik Hasin. Beste hainbat kontu bezala, Hik Hasiren ustez, Euskal Herrian bertan eta euskal herritarron artean adostu beharko litzateke hezkuntza curriculuma, eta ez Espainia eta Frantziatik datozenen egokitzapen batzuekin konformatu. Behin hori argituta, esan behar da, zirriborro fasean dela oraindik LOMLOE delako legea. Beraz, ez dakigu ziur zer-nolako eragina izango duen EAE eta Nafarroako curriculum dekretuetan.
Arlo pedagogikoari dagokionez, esan dezakedana da konpetentzietan oinarritutako curriculum garapena izango duela. Espainiako aurreko beste bi legeek ere (LOE eta LOMCE) halaxe zuten, baina, nire ustez, konpetentzietan oinarritutako hezkuntza inplementatzeko estrategia egokirik ez zuten aurreikusi. Alegia, konpetentzien gaineko ikuspegia gelaratzeko, nire ustez, tresna eta baliabide gutxi. Esate baterako, zer esan nahi du “egiten eta ekiten ikasi” konpetentziak? Zer osagai ditu konpetentzia horrek? Nola ulertzen da “egiten eta ekiten ikasi” konpetentzia Lehen Hezkuntzako lehen zikloan? Eta, bigarren zikloan? Nola esku-hartu beharko genuke hezitzaileok ikasleek konpetentzia hori garatzeko? Nola egin konpetentzia horren garapenaren jarraipena?
Bada, hain zuzen ere, galdera horiei guztiei erantzuten saiatuko gara gradu osteko honen bidez. Diskurtsotik praktikara, hitzetatik ekintzetara jauzi egiteko baliabideak eta estrategiak eskainiko zaizkie hezitzaileei. Garrantzitsua da, noski, konpetentzien inguruko diskurtsoa integratuta izatea, baina diskurtso hutsa ez da nahikoa; ezinbestekoa dena da diskurtso hori praktikan jartzeko moduez eta aukerez pentsatzea eta gure eguneroko praktika konpetentzien begiradatik diseinatzea eta antolatzea.
Argitu nahi nuke, konpetentziez ari garenean, ez garela konpetentzien ikuspegi neoliberal batetik ari, hau da, ez genuke nahi konpetentzien gaineko diskurtso hau efikaziarekin, etekinarekin, enpresa mundurarekin... lotzerik. Bizitzarako konpetentziak ditugu guk buruan, bizitzan zehar sortuko zaizkigun egoerei eraginkortasunez erantzuteko beharko ditugun konpetentziez eta, hor, arlo edo diziplinekin lotutako konpetentziez gain, badaude beste izaera bat duten konpetentziak ere, hala nola: izaten ikasi, elkarrekin bizitzen ikasi, pentsatzen eta ikasten ikasi, egiten eta ekiten ikasi... Baliteke gu oso nahastuta egotea, baina, irudipena dut, azken horietan dugula hezitzaileok zailtasunik gehien, horiek direla gure eguneroko praktikara ekartzea gehien kostatzen zaizkigunak. Nola esku hartu ikasleek konpetentzia horiek garatu ditzaten? Nola ebaluatu? Bada, formazio honetan, diziplinarteko kutsua duten konpetentzia horiei ere erreparatuko diegu.

Zeuk esan duzun bezala, Haur Hezkuntzan ikastetxe askok egin dute dagoeneko eraldaketa, eta pixkanaka, ume horiek goraka datoz. Haur horiei erantzuteko, zer-nolako eraldaketa egin behar da Lehen Hezkuntzan?
Bai, horrela da. Haur Hezkuntzan eraldaketa pedagogiko hori bizi izan duten haurrak badatoz poliki-poliki Lehen Hezkuntzara. Lehen ere hitz egin dugu honetaz. Zer-nolako eraldaketa behar den Lehen Hezkuntzan? Galdetzea errazagoa da erantzutea baino, baina ausartuko naiz gako batzuk ematen.
Lehenik eta behin, esango nuke, ezinbestekoa dela Haur eta Lehen Hezkuntzaren artean trantsizio lasai eta koherente bat eraikitzea, alegia, Haur eta Lehen Hezkuntzaren artean zubiak eraikitzea. HH5 bukatu duen haur bat eta LH1en hasi den bat ez dira oso diferenteak. Beraz, ezin da inolaz ere sekulako aldaketarik egon HH5etik LH1era espazioei, denborei, materialei... dagokienez, baina, batez ere, hezitzaileok haurrarekiko dugun begiradari eta, beraz, gure esku-hartzeari dagokionez. Baina, aldi berean, LH1eko haur bat eta LH6ko gaztetxo bat ere ez dira oso berdinak, etapa zabala da. Hortaz, Lehen Hezkuntzaren baitan ere garrantzitsua da trantsizio lasai eta koherente bat eraikitzea. Trantsizioarena da, beraz, aipatuko nukeen lehen gakoa.
Bigarrenik, esango nuke, irakaskuntza-ikaskuntza prozesurako bitarteko diren espazioak, denborak eta materialak eraldatzen hastea baino askozaz ere garrantzitsuagoa dela, lehenik eta behin, hezitzaileok, taldean (klaustro, etapa eta ziklo mailan), ikasleen irteera profilaz, oinarrizko konpetentziez, lortu nahi ditugun helburuez… hausnartzea. Eta, ondoren, beharra sentituz gero, espazioak, denborak, materialak… eraldatzea. Inolaz ere ahaztu behar ez genukeen kontu bat da espazioak, denborak eta materialak ez direla helburu, baizik eta baliabide edota, nahi bada, hezitzaileok ditugun helburuetarako baliatu beharreko bitartekoak. Finean, esan genezake, uneoro, gure esku-hartzeaz gogoeta egiteko ohitura hartu behar genukeela. Gure esku-hartzetik, zer mantenduko dugu? Zer aldatu? Nora joko dugu aldaketa horretan laguntzeko?...
Beste adibide bat ere badatorkit burura. Ikastetxe askotan obrak egin dituzte (hainbat pareta bota, espazio berriak sortu...), baina pentsatu al dute obra hori zertarako nahi duten? Espazio aldaketa horrekin zer nahi duten? Nola lan egingo duten? Hezitzaileak prest al daude gelak desagertu eta paretarik-eta gabeko espazioetan lan egiteko? Ongi pentsatu beharreko kontuak dira.
Haurrarekiko dugun begirada partekatzea eta adostea ere funtsezko kontua da; izan ere, haurrarekiko dugun begiradak zeharkatuko du gure esku-hartze guztia.

Lehen haurtzaroaren (0-6) garrantzia asko nabarmendu da azken urteetan, eta haurraren sentiberatasuna, jakin-mina, erritmoak eta premiak aintzat hartzeak hezkuntza-prozesuetan duen garrantziaz jabetu gara. 6-12ko haurraren zer-nolako irudikapena izango duzue buruan Lehen Hezkuntzako formazio honetan?
Aipatu dituzun horiek guztiak ezinbestekoak dira Lehen Hezkuntzan ere, noski. Hori bai, asko kezkatzen gaituen kontu bat ere ekarri nahi nuke lerrootara. “Haurra erdigunean jarri behar da”; “haurrak bere ikas-prozesuaren subjektu aktiboa izan behar du”; “haurraren interesetatik abiatu behar da”; “haurraren erritmoak errespetatu behar dira”... Hezitzaileon diskurtso pedagogikoan asko entzuten dira gisa horretako baieztapenak. Ados egon ninteke baieztapen horiekin, baina ezin zehaztapen txiki bat egin gabe lasai geratu: pentsatzen dut, asko eta sakon hitz egin behar genukeela baieztapen horien gainean gutako bakoitzak ulertzen duenari buruz. Adibidez, zer da haurra bere ikas-
prozesuaren subjektu aktibo izatea? Hezitzaileon inolako esku-hartzerik gabe ikasiko duela? Hezitzaileokiko eta bere ikaskideekiko elkarrekintzaren eraginez, norberak eraikiko duela bere ezagutza?... Finean, esan liteke, beste hainbat alderditan bezala, honetan ere, funtsezkoa dela hezitzaileon artean adostasunak bilatzea, diskurtso partekatua eraikitzea zein haurrekin esku-hartzeko moduak bateratzea.

Zein da hezitzailearen rola haur horren hezkuntza-prozesuan?
Hezitzailearen rolaz baino gehiago, hezitzailearen profilaz hitz egin nahi genuke. Zer ezaugarri izan behar ditu Lehen Hezkuntzako hezitzaileak?
6-12 urte arteko haur eta gaztetxoen garapen afektibo, kognitibo, sozial eta motorraren ezagutza sakona izan behar du, bai ala bai, haur eta gaztetxo horien ezaugarrietara dohitu beharko baitu bere esku-hartzea, eta jarraipena egin ere bai.
Pertsonekin ari garen unetik, Lehen Hezkuntzako hezitzaileak ere sentsibilitate eta enpatia handia izan behar ditu.
Horrez gain, entzuteko eta behatzeko gaitasuna izan behar ditu, baina, horretarako, aurrez, norbere burua entzun eta behatzeko gaitasuna izatea ezinbesteko baldintza da. Horrixe jarriko zaio arreta, hain zuzen ere, formazio pertsonalean.
Bestalde, ongi ulertu behar du nola gertatzen den haur eta gaztetxoen ikaste-prozesua. Nola ikasten dute? Ikaskuntzan jarri behar dugu arreta eta ez irakaskuntzan. Irakaskuntza ikaskuntzaren zerbitzura dago. Beraz, irakastea bera ez da helburu bat, baliabide bat baizik.
Konpetentzien inguruko diskurtsoa ere barneratuta izan behar du. Konpetentzien garapena bultzatu behar du hezitzaileak, hor jarri behar du fokua, baina, ahaztu gabe, konpetentziak garatzeko ezagutzak ere ezinbesteko direla. Hori bai, erabaki beharko du zein diren oinarri-oinarrizko ezagutzak (konpetentzien garapenerako ezinbestekoak direnak) eta zein alde batera utz litezkeenak.
Diskurtsoa barneratuta izatea, baina, ez da aski; estrategia metodologikoetan, planifikazioan eta ebaluazioan ere jantzia izan behar du. Nola antolatuko dut eguna edo astea? Zeren baitan? Zer estrategia metodologiko baliatuko ditut egunean zehar? Uneoro berdinak? Nola planifikatu eta ebaluatuko dut? Nola planifikatu eta ebaluatuko dut nire esku-hartzea?
Lankidetzan jakitea ere funtsezko ezaugarria da. Hezitzaile gogoetatsuak behar ditugu, norbere esku-
hartzearen gaineko gogoeta sistematikoa egingo duena eta gogoeta hori lankideekin batera egiteko gai izango dena.
Horiek dira, gure ustez, Lehen Hezkuntzako hezitzaile batek izan beharko lituzkeen ezaugarrietako batzuk. Formazioan zehar asko hitz egingo dugu irakasleon profilaz, uneoro presente izango dugun alderdietako bat izango da.

Zein izango da formazioaren egitura?
Bi urteko formazioa da eta hiru zutabe nagusi izango ditu: formazio teorikoa, formazio praktikoa eta formazio pertsonala. Formazio teorikoari dagokionez, lehen ikasturtean alderdi orokorrei erreparatuko zaie, hala hona: konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren testuinguratzea; 6-12 urte arteko haur eta gaztetxoen ezaugarriak; zaintzaren pedagogia; ebaluazio hezigarria; ikaste-prozesuaren gaineko hainbat ikuspegiren gaineko elkarrizketa (ikuspegi sozio-
eraikitzailea, psikologia kognitiboa eta neurotzientziak)… Bigarren ikasturtean, berriz, konpetentzien gaineko lanketan ardaztuko da, nagusiki, formazioaren alde teorikoa. Gure asmoa da konpetentzien araberako esku-hartzerako estrategia metodologikoak (arterako konpetentzia, zientzia eta teknologiarako konpetentzia, konpetentzia digitala, komunikaziorako konpetentzia, matematikako konpetentzia...) eta horien jarraipenerako pistak eskaintzea.
Formazio pertsonalari dagokionez, gradu ostekoan zehar, formazio petsonaleko saioak izango dira. Hanka sartzeko batere beldurrik gabe esan genezake, hau dela formazioaren alderdirik indartsuenetako bat; izan ere, ez da oso ohikoa formazio akademikoetan formazio pertsonalari arreta eskaintzea. Psikomotrizitate arloko formazioetatik ekarritako eredua da hau. Irakasle ikasketetan, esaterako, ez zaio gure ustez beharko lukeen garrantzirik ematen. Hain zuzen ere, horrexegatik txertatu genuen formazio pertsonala Haur Hezkuntzako gradu ostekoan, eta han izan zuen harrera ona ikusita, ez dugu zalantzarik izan Lehen Hezkuntzakoan ere txertatzeko.
Bukatzeko, alderdi praktikoaz hitz egitea falta zaigu. Esan behar da, bai formazio teorikoa bai pertsonala, formazio praktikoaren zerbitzura daudela, alegia, gelan zein gelatik kanpo haur eta gaztetxoekin egunerokoan egiten dugun jarduna hobetzen laguntzeko daudela. Formazio praktikoak bi alderdi nagusi izango ditu: batetik, eskoletara egingo ditugun bisita pedagogikoak eta, bestetik, nork bere praktikaren inguruan idatziko duen egunerokoa. Sare eta lurralde desberdinetako ikastetxeetara egingo ditugu bisitak, Hik Hasiko kide den Arantxa Urbek esaten duen bezala, “sare bakoitzetik onena hartuz”. Bertatik bertara ezagutuko ditugu euren eraldaketa-prozesuak.

Nori zuzendua dago formazioa zehazki?
Lehen Hezkuntzako tutore zein espezialistei; eraldaketa-prozesuan hasita edo hasteko gogoz dauden hezitzaile edo hezitzaile-taldeei; beste ikastetxe batzuetako profesionalekin ideiak, ametsak... partekatu nahi dituztenei; hezkuntza sareez gaindiko zubiak eraiki nahi dituztenei... Askotariko profila izan dezakete formazio honen hartzaileek.Aholkulari, zuzendari, ikasketaburu edota arduradun pedagogikoentzako ere formazio oso intetesgarria izan daitekeela iruditzen zaigu, edozein eraldaketa-prozesutan ezinbestekoa baita ikastetxeko zuzendaritza-taldeak gidaritza hartzea eta prozesu horretan guztian hezitzaile-taldea zaintzea eta babestea. Zorionez, tutore batek berak bakarrik ere hausnartu dezake bere praktikaz edo jardunaz, baina ikastetxe mailako eraldaketa bat nahi bada, zuzendaritza-taldearen lidergoa ezinbestekoa da. Beraz, profil hori duten profesionalek ere badute lekua formazio honetan.