Joxe Mari Auzmendi gogoan, oinarrizko hezkuntza akordioa berritzeko deia egin dute hezkuntzarekin konprometitutako herritarrek

2022-03-07

Hernanin elkartu dira pasa den larunbatean Euskal Herri osoko pertsonak, hezkuntzarekin konprometituak guztiak, Oinarrizko hezkuntza akordioa. Eskubideetatik konpromisora deiarekin bat egiteko, Hezkuntza Plazara egitasmoak deituta. Gogora ekarri zuten duela hamabost urte onartu zela lehen aldiz gisa honetako hezkuntza akordioa, eta “berritzeko” garaia dela adierazi zuten: “Hezkuntza deialdia egitera gatoz, berritu dezagun Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioa.Badakigu milaka garela hezkuntza eskubideak bermatuko dituen hezkuntza sistema eraldatzearen alde gaudenak”.Joxe Mari Auzmendi Hik Hasi egitasmo pedagogikoaren sortzailea gogoan izan zuten ekitaldian, akordioaren arima izan zela gogora ekarri zuten.

 
 
Joxe Mari Auzmendi gogoan, oinarrizko hezkuntza akordioa berritzeko deia egin dute hezkuntzarekin konprometitutako herritarrek

Nora Salbotxek, Irati Erkiziak, Asier Etxenikek eta Aitor Fernandez Pinedok hartu zuten hitza. Hezkuntza Plazara osatzen duten kideek eraldaketarako hautua egin dute, beraien aburuz ez baita aukera bat “gauden lekuan gelditzea, gauza berdinak egiteak emaitza ezberdinak eman dezakeela pentsatuz”, adierazi zuen Nora Salbotxek. Gaur-gaurkoz, 250 lagunek babestu dute plataformaren Hezkuntza Deialdia. Gainontzekoei ere parte-hartzeko gonbitea egin zieten agerraldian.

Plataformaren iritziz legeak derrigor jaso behar dituen zazpi puntu aurkeztu ditu Nora Salbotxek, eta alderdi politikoei exijitu gutxieneko hauekin bat egin dezaten.

  1. Hasteko, hezkuntzarako eskubidea bermatzea aldarrikatu dute, euskalduntzea, inklusioa, aukera berdintasuna eta doakotasun erreala bermatuko duen Hezkuntza Sistema Publikokoa sustatuz.
  2. Inklusiorako eskubidea bermatu eta jatorri, egoera sozioekonomiko, genero zein besteako arrazoiengatik sortutako segregazioa gainditzeko neurriak hartzea ere jasotzen du plataformaren proposamenak.
  3. Euskalduntzeko eskubidea aldarrikatzen dute. Euskara ardatz izanik ikasle euskaldun eleanitzak heztea helburu izango duen hezkuntza eredu orokortuaren alde agertu dira, EH Bilduren proposamenarekin bat eginez.
  4. Metodologia eta pedagogia iraultzea eskatu dute, ikasleen eskubideak errespetatuz eta hauek subjektu aktibo bilakatu daitezen. Eta, bide, beretik, burujabetza teknologikoan aurrera egitea babestu dute.
  5. Ikastetxeen autonomia errespetatzea ere ezinebestekoa deritze, “eskola komunitatearen antolaketa eta kudeaketa demokratiko eta parte-hartzailea gauzatzeko. Udalek, eragileek eta herritarrek hezkuntzan parte hartuz herri hezitzailea garatzea”.
  6. Komunitate osoaren elkarlanaren bitartez, hezkuntza publikorako bidea egitea aldarrikatu dute.
  7. Herritarrek hezkuntzari buruzko erabakiak hartzeko eskubidea izatea beharrezko ikusten du plataformak, “sistema propio baten norabidean urrats berriak borrokatzeko eta lortzeko”.

Hona hemen adierazpen osoa

Hemen agerraldiaren bideoa.