EAEko hezkuntza lege berriari begira, marra gorriak jarri behar al dira euskarari dagokionez?

2022-02-17

2021eko urtarrilean, Hik Hasik ikaragarri lerroburu egokia jarri zuen aldizkariaren azalean, Euskalgintzaren Kontseiluak, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, ezagutzaren unibertsalizazioan sakontzeko antolatutako jardunaldien kariaz: Handira jokatzeko garaia da. Euskal Autonomia Erkidegoan hezkuntza-lege berri baterako prozesua abian jarriko zela artean jakin ez arren, hezkuntzako eragile nagusiek berretsi zuten euskararen ezagutza eta erabilera unibertsalizatzeak lehentasunezko gaia izan behar duela, eta, horretarako, haiek jorratutako Ikasle Euskaldun Eleaniztunak Sortzen proposamena mahai gaineratu behar zela berriz ere. Hori esan eta urtebetera, Eusko Legebiltzarrak egun indarrean dagoen Euskal Eskola Publikoari buruzko 1/1993 Legea aldatzeko prozedurari ekin dio.

 
 
EAEko hezkuntza lege berriari begira, marra gorriak jarri behar al dira euskarari dagokionez?

Euskal Eskola Publikoaren 1/1993 Legeak ezarri zuen azken hamarkadotan indarrean egon den hizkuntza- ereduen sistema. Horrela, Euskararen legeak euskara ezagutzeko eskubidea aitortu arren, eta 1/1993 Legeak berak ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan hizkuntza ofizialetan gaitasun egokia izan behar dutela zehaztu arren, konjuntzio-sistemaren alde egin beharrean, hizkuntza-ereduen alde egin zen EAEn, eta beraz, gurasoen esku utzi zen ikasleek euskara-gaitasuna lortzeko hizkuntza-eredua aukeratzea.

Esaerak dio, bai, igarotako urak ez duela errotarik mugitzen, eta ez dugu orduko errota mugitzeko asmorik. Halere, garrantzitsua da orduko erabakiak utzitako ondorioei erreparatzea, baldin eta etorkizunean estropezu egin nahi ez badugu.

 

Non gaude?

Zalantzarik gabe hezkuntza-sistemak ekarpen ikaragarria egin dio euskararen normalizazio-prozesuari. Kontuan hartu behar dugu egoera gutxituan dagoen edozein hizkuntzak hiztun berriak behar dituela, eta hiztun berriak lortzeko dauden hiru iturrietako bat hezkuntza dela (transmisioarekin eta helduen euskalduntzearekin batera). Horrek esan nahi du, beraz, azken urteotan milaka hiztun berri ekarri duela hezkuntza-sistemak. Aitortza hori egitea beharrezkoa da.

Halere, aitortza hori egitea bezain beharrezkoa da ikustea zer utzi duen bidean hizkuntza-ereduen sistemak: zenbat ikasle utzi duen euskararen gaitasun egokirik gabe. Aztiker Ikerguneak datu esanguratsuak azaldu zituen Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean aurkeztutako Euskalduntzerako hezkuntza akordio bat txostenean, ISEIk argitaratutako ebaluazioak oinarri. Horietan oinarrituta eta 2021eko Ebaluazio Diagnostikoaren arabera, LH4n, ikasleen % 62,2 elebiduna da, eta DBH2n, % 45,6. Hau da, alderantziz esanda, LH4ko ikasleen % 37,8k eta DBH2ko ikasleen % 54,4k ez du elebitasunaren helburua lortzen.

Euskararen kasuan, LH4ko ikasleen % 34,1ek eta DBH2ko ikasleen % 53,3k ez du euskara maila nahikoa eskuratzen. Hori horrela izanik, azpimarratu behar da gaztelania ez dakitenak oso gutxi direla eta, denboran aurrera egin ahala, zerora hurbiltzen direla. Hortaz, euskalduna elebidun bihurtuko da, goiz ala berandu. Gaztelania dakiena, aldiz, elebakar edo elebidun izango da.

Aztikerrek aurkeztutako datuen arabera, helburuaren ez-betetze maila ez da homogeneoa sare eta hizkuntza- eredu guztietan. A ereduan, ia inork ez du helburua betetzen sare publikoan, ez LHn eta ez DBHn. Itunpeko sareko A ereduan, LHn, erdiak baino gehiagok ez du betetzen, eta DBHn, % 80koa da proportzio hori. B ereduari dagokionez, sare publikoan, elebitasuna betetzen ez dutenak bi heren dira LH4n, eta % 80 izatera iristen dira DBH2n. Eta itunpeko sareko B ereduan, % 44tik % 64ra handitzen da. Azkenik, D ereduak ere ez du bermatzen elebitasuna. LH4n, sare publikoko D ereduan, ikasleen % 32,8k ez du elebitasunaren helburua lortzen, eta itunpekokoan, % 23,6k. DBHn, % 49,1era eta % 57,8ra handitzen dira proportzio horiek. 

Bi ondorio dakartza horrek: indarrean dauden hizkuntza-ereduen artean, batek erakusten du, osoki ez bada ere, hizkuntza ofizialetan gaitasun egokia bermatzeko aukera eskaintzen duela. Hortaz, hezkuntza-sistemak ikasleak euskalduntzeko duen betebeharra modu sistematikoan edo ia sistematikoan saihestu dute zenbait ereduk. Bestalde, bada beste elementu azpimarragarririk; hain zuzen ere, azken hamarkadetan zenbat ikasleri ukatu zaion euskara ezagutzeko eskubidea. Izan ere, lehen zerrendatutako ehunekoen barruan, herritarrak daude, sistemak euskara- gaitasun egokia eman ez dien milaka herritar, euskara ezagutzeko eskubidea bermatu ez zaien milaka biztanle.

Bestalde, askotan aipatu da, arrazoi osoz, gurasoen joera izan dela seme- alabak D eredura bideratzea. Azken hamarkadetako datuek hori erakutsi dute. Dena den, fenomeno berri bat gertatzen ari da. Izan ere, matrikulazio-datuetan ohartu gara azken ikasturteetan, eta LHn, gora egiten ari dela A eredura jotzen duten ikasle atzerritarren ehunekoa eta eredu horretan biltzen direla ikasle horiek. Horrekin batera, jaiotze- tasaren jaitsieraren ondorioz, ehuneko altuagoa hartzen dute munduko beste toki batzuetatik etorrita hemengo ikastetxeetan matrikulatzen direnek. Eta, noski, horrekin ez dugu jarri nahi, inondik inora ere, inolako erantzukizunik etorri berrien bizkarrean. Aitzitik, datuek joera hori erakusten badute, sistemak eredu bat abian jarri beharko du, derrigorrezko hezkuntzan dauden guztiek, edozein jatorri geografiko, sozial edo linguistikoa dutela ere, euskararen ezagutza egokia lortu dezaten. 

 

Nola lortu? Proposamen teknikoa

2008an, Hik Hasiko kideen zuzendaritzapean, Kontseiluak Ikasle Euskaldun Eleanitzak Sortzen izeneko proposamena aurkeztu zuen, Deustuko Unibertsitateko Auditoriumean. Hiru urteko prozesuaren ondorioa izan zen, eta Euskal Herriko Ikastolak, Sortzen, EHIGE eta Kristau Eskola eragileek hartu zuten parte, bai eta hainbat diziplinatako adituek ere, besteak beste, Matilde Sainzek, Mari Jose Azurmendik, Paulo Iztuetak eta Felix Etxeberriak.

Proposamena egin aurretik, eragileok azterketa integrala egin genuen, hain zuzen ere, azterketa juridikoa, psikolinguistikoa eta pedagogikoa, soziolinguistikoa eta operatiboa. Luze joko luke ondorio guztien azalpena egiteak, baina badira, gure ustez, etorkizunari begira balio berezia dutenak. Horrela, azterketa juridikoaren ondorioetan jaso zen egun indarrean dagoen legeriak eta ofizialtasunak badituztela hainbat ondorio juridiko. Hartara, herritarrei euskara ezagutzeko eskubidea aitortzen zaien heinean, hezkuntza-sistemak, bai ala bai, hizkuntza ofizialetan gaitasun egokia eskuratzeko tresnak jarri behar ditu ikasle guztien eskura. Horrek esan nahi du, beraz, hezkuntza-sistemak helburu izan behar duela derrigorrezko hezkuntza amaitzean ikasleek euskara-gaitasun egokia izatea. Afera ez da, beraz, ea ikasleek edo gurasoek nahi duten ala ez; sistemak tresnak jarri behar ditu gaitasun hori lortu dezaten; alegia, hezkuntza-sistemak betebehar hori du. Horrekin batera, azterketa juridikoaren beste ondorio garrantzitsu bat izan zen hezkuntza-sisteman egin beharreko eraldaketa lege baten bidez egikaritu beharko zela; ez, ordea, dekretu edo maila apalagoko araudi batekin.

Aipatutako azterketako ondorioak kontuan hartuta, Ikasle Euskaldun Eleanitzak Sortzen proposamenak etorkizuneko hizkuntza-eredu orokortuaren hiru ardatz nagusiak zehaztu zituen. Lehenak etapa eta ziklo bakoitzean hizkuntzen arteko denbora banatzeko proposamena jasotzen zuen. Oinarri gisa, proposatzen da euskara izatea, murgiltze- eta mantentze-ereduen bidez, eskola-hizkuntza. Hori oinarri nagusia da; baina bestelako zehaztapenak ere bildu ziren, euskararen irakaskuntza bereziki zaintzea, taldearen osaera kopuru aldetik jasangarria izatea, aurretiazko ebaluazio glotobiografikoa egitea, etxeko hizkuntzen inguruko sentsibilizazio-plana egitea, eta abar. 

Bigarren ardatza hizkuntza-proiektuari buruzkoa da, ikastetxe bakoitzak nahitaez egin beharrekoa. Hizkuntza-
proiektuak ikastetxearen, ikasleen zein ingurune hurbilaren errealitateari erreparatuko dio, dela linguistikoa, dela soziolinguistikoa, dela soziala, dela ekonomikoa… Horren ondorioz, behar partikular horiei begirako proiektua osatu beharko da. Hizkuntzen arteko loturari ere erreparatuko dio, eta ahozko komunikazioak izan beharko du estrategia nagusia. Hau da, hizkuntza-egitasmo guztiak bildu eta uztartuko dituen plana jorratu beharko da. Horrexegatik, beraz, hizkuntza- proiektuak hizkuntzak irakasteari eta erabiltzeari loturiko alderdi guztien plangintza finkatu eta zehaztuko du. Proiektuak hizkuntzen ikaskuntzari eta erabilerari dagozkien helburuak, konpetentziak, metodologia eta ebaluazioa bildu beharko ditu, eta nola ez, horiek lortzeko tresna, neurri eta bitartekoak erabaki eta esleituko ditu. 

Hirugarren ardatza ebaluazioari lotzen zaio, hain zuzen ere, B2 maila lortzeko helburua egoki neurtzeko ebaluazio-tresnaren diseinuari. Halere, ebaluazioa ez da helburu gisa hartzen, baizik eta tresna hezigarri gisa. Horrexegatik, proposatzen den ebaluazioak izaera hezigarria eta deskriptiboa izango du, eta jarraitua izango da. Hortaz, agerian utziko du non jarri behar diren laguntza-bideak eta indartze-neurriak. Hau da, ipinitako helburuek eta diseinatutako plangintzek duten garapena eta eraginkortasuna neurtzeko tresna gisa baliatzeko eta hizkuntzen irakaspenaren zein ikaspenaren egoera erakusteko balio beharko du ebaluazioak. 

Hiru ardatz nagusi horiek osatzen dute, beraz, ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko proposamena. 

 

Proposamen teknikotik erabaki politikora

Legearen inguruko eztabaida hasiko dela iragarri denetik, bi korapilo azaleratu dira. Batetik, hizkuntzaren inguruko korapiloa, eta bestetik, finantzaketaren eta ikastetxeen titulartasunaren ingurukoa. Korapiloak dira, eta lege berriak askatu beharko ditu, noski. Horrexegatik, Euskalgintzaren Kontseiluak hasieratik hartu du hizkuntzaren inguruko korapiloa askatzen laguntzeko konpromisoa.

Izan ere, ez gaude arazo tekniko baten aurrean. Aurretik esan dugu zein den bidea, zein den modua, hezkuntza-
sistemak duen betebeharrari egoki erantzuteko. Zorionez, azken hamarkadotan, milaka herritar euskaldundu ditu hezkuntza-sistemak, eta norabidea zein den erakutsi digu. Halere, beste milaka herritar euskaldundu gabe geratu dira, eta aurreikusten dugu, egungo hizkuntza-ereduen sistemak bere horretan jarraitzen badu, ez dela bermatuko belaunaldi berrien euskalduntzea. Hortaz, ikasteko eredu orokortuaren ezarpena ahalbidetuko duen erabaki politikoa hartzeko eragin behar dugu gizartetik.

2021eko ekainaren 19an, askotariko eragileek (ehunetik gora) Batuz Aldatu adierazpena aurkeztu genuen, Donostiako Kursaal jauregian. Batuz Aldatu adierazpenak etorkizuneko hizkuntza-politiken norabidetzeak zehaztu zituen. Horrela, politikek bi ardatzi jarraitu behar zietela adostu genuen eragileok: ezagutzaren unibertsalizazioa eta euskararen erabilera erosorako espazioak. Eta, horrekin batera, hezkuntza-sistemak zein norabideri jarraitu beharko dion zehaztu genuen: euskaraz eroso arituko diren ikasleak hezteko, murgiltze-eredua ezarri behar da ikasteko eredu orokor gisa. Inor bazterrean utziko ez duen eredua izan beharko du, eta gutxien duenari gehiago emango diona.

Askotariko eragileen adostasunaren ondorioa da, beraz, etorkizuneko hizkuntza-politiketan ikasteko eredu orokor gisa murgiltze- eta mantentze- eredua ezartzeko eskaera. Alta, adostasun zabal hori baliatuta, agerraldia egin zuen Kontseiluak abenduaren 16an, Gasteizko Europa Jauregian, hemengo hainbat eragilerekin: Euskal Herriko Ikastolak, EHIGE, Kristau Eskola, Hik Hasi, HEIZE, ELA, STEILAS eta LAB. Agerraldi historikotzat jo zen; izan ere, hezkuntzaren inguruko beste korapilo edo hari-muturretan eragileen artean desadostasun handi eta nabariak egon arren, erakutsi nahi izan zuten, euskarari dagokionez, aldarri bera dutela: hezkuntza-hitzarmenean berariaz jaso dadila hurrengo legeak ereduen sistema baztertzailea gaindituko duela eta ikasle guztiei euskara-gaitasun egokia bermatuko dien eredu orokortua ezarriko dela.

Ausartegia dela pentsa liteke, baina uste dugu maila horretako adostasunik ez dela lortuko lege berria jorratzeko prozesuaren beste gaietan; gainera, Kontseiluak erabakitasunez jokatu nahi du, eta adostasun horri eragile gehiago atxikitzeko lanketa berezitua egingo du, zertarako eta erabaki politikoa hartu dezaten eragiteko. Horrexegatik uste dugu beharrezkoa dela adostasun soziala presio bihurtzea, alderdiek erabaki politiko egokia hartu dezaten.

 

Ondorioa: ba al dago marra gorririk? 

BAI, BADAGO. Euskarari dagokionez, murgiltzea eta mantentzea oinarri izango dituen ikasteko eredu orokortu inklusiboa ezartzea da marra gorria. Normalizazio-prozesuak dituen beharrez harago, lehen esan bezala, hezkuntza-sistemaren betebeharra da derrigorrezko hezkuntza amaitzean ikasleek gaitasun egokia izatea hizkuntza ofizialetan. Hortaz, iruzurra litzateke egun ikasle guztiak euskalduntzen ez dituen hizkuntza-ereduen sistemarekin aurrera egitea, lege-iruzurra, besteak beste. 

Berdintasun-printzipioari jarraikiz, jatorriak, egoera sozioekonomikoak, egoera soziolinguistikoak edota bestelako irizpideek ezin dituzte baldintzatu ikasleek eskuratu beharreko gaitasunak —ez hizkuntzaren arloan, ez eta beste ezagutza-arloetan ere—. Aitzitik, herritarren arteko bereizkeria handia litzateke jatorria, eremu soziolinguistikoa, egoera soziala edo bestelako irizpideren bat baliatzea, ikasleei euskara-gaitasun egokia eskuratzea ukatzeko. Beste gai edo esparru batzuetan bezala, kasu honetan ere, berdintasuna bermatzeko oinarrizko bidea izan behar du gutxien duenari gehiago emateak. Horregatik diogu oinarrizko euskara-gaitasuna belaunaldi berri guztiei bermatuko dien eredu berri orokortua ezartzea dela aukerarik justuena eta berdinzaleena. Eta hori da, esan bezala, hurrengo hamarkadetako hezkuntza- sistema arautuko duen legeari ezarri behar zaion marra gorria.

Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean, dei egin genien alderdiei, gure artean eraikitako adostasun sozialari atxikitzeko. Aukera historikoa dugu hezkuntza-sistema berdinzale, justu eta inklusiboa lortzeko. Aukera dugu euskararen normalizazio-prozesuari bultzada emango dion erabaki estrategikoa abian jartzeko. Beharrezkoa da lege berriak berariaz jasotzea ikasteko eredu orokortua jartzeko beharrari erantzuteko. Ondoren, bai, hitz egingo dugu nola ordenatu eredua, zein epetan, zer egin egungo ikasleekin… Hori guztia etorriko da. Halere, ez dezagun aukera gal.