Hezkuntza soziolinguistikoa: Euskal Herrian han eta hemen dauden material eta baliabideen bilketa, azterketa eta sailkapena

2022-02-15

HUHEZIn, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, Bigarren Hezkuntzako Masterrean Izaro Arrutik eta Sandra Prietok elkarrekin egindako Master Amaierako Lanaren laburpena ekarri dugu 'Ekarpenak' atalera. Euskal Herriko gazteen profil soziolinguistikoan identifika daitezkeen bi ahulgunetatik abiatu dute lana: ezagutzaren eta erabileraren artean dagoen desoreka, batetik, eta aurreiritzietan eragiteko beharra, bestetik. Soziolinguistika klusterraren Txillardegi-Hausnartu saria irabazi du lanak. Egilea: Izaro Arruti AgirreurretaSoziolinguistika ikerlaria

Hezkuntza soziolinguistikoa: Euskal Herrian han eta hemen dauden material eta baliabideen bilketa, azterketa eta sailkapena

L

an hau Euskal Herriko gazteen profil soziolinguistikoan identifika daitezkeen bi ahulgunetatik abiatzen da: ezagutzaren eta erabileraren artean dagoen desoreka, batetik, eta aurreiritzietan eragiteko beharra, bestetik. Hori horrela, adituek diote soziolinguistikari eta hizkuntza-ekologiari buruzko hausnarketa egiteak eta ezagutza zientifiko hori ikasleei transmititzeak modu positiboan eragin dezakeela gazteen hizkuntza-ohituretan, ikasleen kontzientzia linguistikoan eta hizkuntza-aniztasunaren gaineko pertzepzio eta jarreretan. Izan ere, kontzientzia eta gogoeta soziolinguistikoak ezinbestekoak dira euskaran eta horrelako hizkuntza gutxituetan, hiztunek hizkuntzaren hautua egiteko eta, euskaraz bizi nahi badute, horretarako tresnak izateko. 

Hizkuntza-ekologiaren teoriak, berriz, hizkuntzekiko (eta, beraz, hiztunekiko) errespetuzko jarrerak eta balioespena garatzea ahalbideratu dezake. Era berean, maila desberdinetan bada ere, EAEko, Nafarroako zein Ipar Euskal Herriko curriculumek ere hori lantzea beharrezkoa dela ezartzen dute. Gauzak horrela, gure ikerlanaren helburu nagusiak honako hauek dira: Euskal Herrian soziolinguistika eta hizkuntza-ekologia Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan lantzeko dauden materialak eta baliabideak biltzea, horiek aztertzea eta sailkatzea, hezkuntza-komunitateko askotariko eragileek gaion lanketaren errealitateaz dituzten pertzepzio eta iritziak ezagutzea, eta osatutako sailkapena hezkuntza-komunitatearen eskura ipintzea. 

 Aipatutako helburuak betetzeko, Euskal Herriko hezkuntza-komunitateko 33 eragile edo pertsona elkarrizketatu ditugu, besteak beste, Soziolinguistika Klusterra, Berritzeguneak, EIMA Katalogoa, hainbat aholkularitza-talde zein ikastetxe, eta hainbat irakasle1. Elkarrizketa horietatik ateratako emaitzak hiru bloketan banatu ditugu (bloke bat helburu bakoitzeko). Lehen emaitzak material eta baliabideen bilketa eta sailkapenari lotuak daude. Guztira 169 material eta baliabide bildu eta sailkatu ditugu. Bilketa horretan, material edo baliabide bakoitzaren inguruko informazioa biltzen duten deskribapen-fitxak sortu ditugu, horietan hainbat alderdiren nondik norakoak azaltzeko. Beste helburuetako bat sailkapena denez, bildutako materialak (dagokion deskribapen-fitxarekin batera) formatuaren eta modalitatearen arabera sailkatu ditugu, eta material bakoitzak jorratzen dituen edukiak zehazteko, taula bat sortu dugu. Bi sailkapen horiek eta taula ondorengo helbide honetan ikus daitezke: https://labur.eus/Tx5MP.

Bigarren emaitza Euskal Herriko ikastetxeetako errealitatearen gainekoa da. Hau da, zer pertzepzio eta iritzi dituzte elkarrizketatu ditugun pertsonek eta eragileek hezkuntza arautuan soziolinguistikaren eta hizkuntza-ekologiaren gainean egiten den lanketari buruz? Alde batetik, Kike Amonarrizek eta UEMAk egindako ikerketa edo diagnostikoak2 jaso ditugu, eta, bestetik, hezkuntza-komunitateko pertsonen eta eragileen iritziak eta pertzepzioak. Horiek guztiak bat datoz puntu askotan, eta honela laburtu ditugu: lehenik, hezkuntza arautuan, eskasa da soziolinguistikaren eta hizkuntza-ekologiaren gaineko lanketa, eta lantzen den kasuetan, nahiko azalekoa izaten da. Kike Amonarrizen diagnostikoak aipatzen du gehien lantzen diren gaiak euskalkiak eta gaur egungo egoera soziolinguistikoa direla, eta saiakera gutxi daudela lanketak mikro-mailatik egiteko, hizkuntzen gaineko emozioetara eta bizipenetara jaisteko. Bigarrenik, alde handia dago ikastetxeek lanketa horri ematen dioten garrantziaren eta horretarako erabiltzen dituzten materialen artean. Izan ere, elkarrizketekin hasi ginenean, hainbat erakundek ikastetxe jakin batzuekin kontaktuan ipintzea gomendatu ziguten. Hirugarrenik, Kike Amonarrizen diagnostikoan agertzen den moduan —eta elkarrizketatu ditugun irakasleen iritziekin ere ikusi dugu—, irakasleak soziolinguistika eta hizkuntza-ekologia lantzearen alde daude. Laugarrenik, irakasleek prestakuntza falta dute. Behar hori argi adierazi dute Amonarrizek elkarrizketatutako irakasleek. Haiek diote normalizazio-mintegiekin ez dela nahikoa eta, gainera, prestakuntza guztiek jaso beharko luketela eta ez soilik euskarako irakasleek. Gure landa-lanean ikusi dugu IRALEk, adibidez, ez duela gaion inguruko prestakuntzarik eskaintzen eta kanpo-eragileek irakasleei zuzendutako prestakuntza gutxi eskaintzen dutela. Bosgarrenik, irakasleek adierazten dute materiala mailakatu eta egokitu egin behar dela, antolaera didaktikoaren bidez. Seigarrenik, hizkuntza-ekologiaren teoriak eta lanketak presentzia txikia daukate. Elkarrizketetan, ikusi dugu pertsona eta eragile askok termino hori ez dutela barneratuta. Amaitzeko, ikastetxeetan, nabarmena da aholkularitza-taldeen eta aisialdi-taldeen presentzia gaiok lantzeko, eta horiek elkarrizketatu ditugunean, eskaintza zabala dutela ikusi dugu. 

 Emaitzekin bukatzeko, Galiziako ereduari buruz atera ditugun ondorioak aipatuko ditugu. Gure ikerlanaren helburu nagusia ez bazen ere, landa-laneko elkarrizketen prozesuan, aukera sortu zitzaigun Galizian hezkuntza arautuan gaion lanketa nola egiten duten ezagutzeko. Modu horretan, Nel Vidal eta Olga Abeixon galizierako irakasleak elkarrizketatu genituen, eta elkarrizketa horretatik ateratako emaitzei tartea eskaini nahi izan diegu gure lanean. Galiziako kasuan, testuliburuen eta curriculumen artean koherentzia nahikoa dagoela ikusi dugu. Ezagutu ditugun eskuliburuetan, curriculumean aipatzen den 5. blokea, Lingua e Sociedade, bere horretan agertzen da. Bestalde, testuliburuak osatzeko materialak zein diren oso argi daukate irakasleek: haien hitzetan, “erreferenteak” dira. Amaitzeko, Galizian ere, kanpo-eragileek esku hartzen dute lanketa horretan, eta, adibide gisa, aurreiritzi linguistikoen inguruan ezaguna egin den lantegia aipatu digute bi irakasleek.

Bilketa-lana egin ostean eta ikerketatik ateratako emaitzak aintzat harturik, hauek dira gure ondorioak eta azken gogoetak: 

Lehenik, nahiz eta soziolinguistika terminoaren ahalik eta adiera zabalena hautatzea aproposagoa zela azaldu dugun marko teorikoan, hezkuntzan, gaion lanketarako, tresna gisa ikusten dugu soziolinguistika, gazteek beren errealitate soziolinguistikoa hobeto ulertzeko eta hor eragiteko. Beraz, zein lanketa mota lehenetsi adostu behar da (profil soziolinguistikoen arabera), soziolinguistika ikasleentzat tresna bat izan dadin. Bigarrenik, EAEko curriculuma oinarri harturik, ateratako ondorio nagusietako bat hauxe izan da: desoreka handia dago curriculumaren eta testuliburuen artean. Testuliburuek, oro har, ez dute betetzen curriculumak ezarritakoa, eta kontuan hartuta irakasleek, normalean, curriculumari baino testuliburuei jarraitzen dietela, arazo larria izan daiteke hori. Dena den, esan bezala, alde handia dago EAEko, Nafarroako Foru Komunitateko eta Ipar Euskal Herriko curriculumen artean. Beraz, batetik, azken horiek osatzeko ahaleginak egin beharko liratekeela uste dugu, eta bestetik, curriculumak irakasleen erreferentzia izan daitezen lortu beharko genukeela. Hirugarrenik, gure lanean behin eta berriz aipatu den moduan, hutsunea dago irakasleen prestakuntzan, eta gaion lanketa ezagutza hutsa transmititzea baino gehiago dela kontuan harturik, prestakuntza hori ezinbestekoa da irakasleak ahalduntzeko. Gauzak horrela, Hezkuntza Saileko IRALE programan, irakasleei hezkuntza soziolinguistikorako prestakuntza eskaini beharko litzaieke, eta kanpo-eragileek lantegiak sortzeko duten gaitasuna ikusita, onuragarria izango litzateke irakasleen prestakuntzarako lantegi gehiago eskaintzea. Bestetik, irakasleak ahalduntzearekin batera, babesguneak sortzeak duen garrantziaren gaineko kontzientzia ere piztu beharko litzateke, babesguneak ezinbestekoak baitira hezkuntza soziolinguistikoak barne hartzen dituen gai konprometituei buruz jarduteko. Laugarrenik, kanpo-eragileek hezkuntza arautuan egiten duten lana ezinbestekoa dela ikusi dugu. Aproposa da ikasleek, noizbehinka, irakaslea ez den norbaitekin lan egitea. Baina, jakina, horrek ezin du ordezkatu irakasleak egunerokoan egin beharko lukeen lana. Beraz, hezkuntza soziolinguistikoa lantzearen alde egiten duten kideen arteko lankidetza areagotu beharko litzateke hezkuntza-komunitatean. Irakasle batek egindako lana beste bati baliagarria gerta dakioke, eta kanpo-eragileek, aurrez zer lan egin den jakinda, eskaintza hobeto antola dezakete. Uste dugu gure lana lehen urratsa izan dela zentzu horretan. Bosgarrenik, iruditzen zaigu garrantzitsua dela Euskal Herriko errealitate soziolinguistikoaren antzeko errealitatea duten hizkuntza-komunitateen ereduak ezagutzea, inspirazio-iturri izan daitezkeelako. Adibidez, Galiziako kasuan ikusi dugun moduan, curriculumaren eta eskuliburuen artean koherentzia handiagoa dute han. Azkenik, uste dugu gure lanak ekarpena egin diezaiokeela hezkuntza-komunitateari. Izan ere, ikusi dugu ziurrenik arlo horretan dagoen ahulgunerik nabarmenena irakasleen prestakuntza dela, eta lagungarri gerta dakieke dagoen materiala euren eskura, sailkatuta eta aztertuta eskaintzea. Bidean lagun izan ditugun pertsonengandik eta eragileengandik jasotako zorion eta animo-mezuek, eta baita Txillardegi-Hausnartu saria irabazi izanak ere, argi erakusten dute hau beharrezkoa den lanaren hasiera dela. Horregatik, uste dugu lan honek jarraipena izan behar duela. 

*Oharra: ikerlana bere osotasunean argitaratuko da 2022ko Bat Soziolinguistika aldizkariaren lehen zenbakian, eta lanean ari gara ikerlanaren emaitza nagusia paperaz haragoko formatuan argitaratzeko. 

-------------

1 AHIZE aholkularitza, Arizmendi Ikastola, Azkue Artxiboa, Bartzelonako EOI, Bartzelonako Euskal Etxea, Bernat Etxepare Lizeoa, BHI Arrasate Institutua, Ebete hizkuntza-zerbitzuak, EIBZ, Eleizalde Ikastola, Emun aholkularitza, Erabil kolektiboa, Euskal Herriko Ikastolak, Euskal Ikaskuntza, Euskaltzaindia, Euskaltzaleen Topagunea, Galiziako irakasleak: Olga Abeixon eta Nel Vidal, Herrikide ikastetxea, Ikastolen Elkartea, Irale, Ikaselkar, Laskorain Ikastola, Seaska, Ttakun Kultur Elkartea, MintzaLasai, UEMA, Urtxintxa elkartea, Juan Carlos Etxegoien Juanarena "Xamar", Kike Amonarriz eta Txerra Rodriguez.

2 UEMAk heziketa soziolinguistikoan eragiteko Hedatu hezkuntza proiektua martxan ipintzeko egindako diagnostikoa, eta Kike Amonarrizek Eskola Hiztun Bila jardunaldietarako hezkuntza soziolinguistikoari buruz egindako galdeketak eta diagnostikoa.