Koldo Rabadan Izagirre: “Zorionez, hezkuntza pertsonetan oinarritzen da eta irakasle bakoitzak, arauak arau, gela barruan aldaketa asko egin ditzake”

2021-12-13

Itxialdiak atzera begira jarri zuen Koldo Rabadan Izagirre (Andoain, 1979),
Gipuzkoako Larraul herriko eskolako irakaslea. 22 urteko ibilbidean ikasleekin eta bidelagun izan dituen irakasleekin bizi izandakoak eta ikasitakoak bildu ditu 'Bidean. Aurrera egin nahi duen irakaslearen dekalogoa' liburuan. Markotik eta sistematik harago, fokua norbere baitan jarri eta aldaketara gonbidatzen ditu irakasleak, haurrekiko begirada aldatzera eta ausart jokatzera. "Nik irakasleei honako mezu hau eman nahi diet: posible da; posible da aldatzea; posible da aldaketa txikiak egitea". Ausardiaz gain, formazioa, elkarlana, denbora, entzutea, sormena, bidelaguntza, errespetua, umiltasuna eta zoriontasuna balioesten ditu "irakaslearen praktika on" gisara ondu duen dekalogoan. Instrukziorik gabea, emozio sortzaile da  zintzotasunetik idatzi eta Argia aldizkariak argitaratu duen liburua. Rabadan Izagirre, irakasle izateaz gain psikopedagogoa ere bada.

 
 
Koldo Rabadan Izagirre: “Zorionez, hezkuntza pertsonetan oinarritzen da eta irakasle bakoitzak, arauak arau, gela barruan aldaketa asko egin ditzake”

Egoerak, beharrak, panoramak… Zerk eraman zaitu 'Bidean. Aurrera egin nahi duen irakaslearen dekalogoa' idaztera?

Beti izan dut gustuko idaztea, eta idazten dudanean niretzako idazten dut, liberazio moduko bat sentitzen dudalako. Mintegi baten amaieran guraso batek animatu ninduen liburu hau egitera, “Koldo, zerbait idatzi beharko zenuke”, esan zidan, baina hasieran ez nion kasu handiegirik egin. Gero itxialdia etorri zen eta orduan idaztearen ihesbidea bilatu nuen. Egindako ibilbidearen kontaketa idazten hasi nintzen, eta esperientzia pertsonaletik idaztea niretzako askapen bat izan zen, atzera begira jarri eta irakaskuntzan daramatzadan 22 urtetan nola aldatu naizen ikusi ahal izan dut. Aldaketa hori beste irakasle batzuentzat gonbidapen bat izan daitekeela uste dut: aldaketa ona da eta aldaketa behar da; benetan pentsatzen dut hezkuntza sistemak eta eskolek aldaketa behar dutela; horretara gonbidatu nahi ditut irakasleak. Gonbidapen xume bat da, pertsonaletik egindakoa. Gero bakoitzak erabakiko du zer eta nola egin.

 

Esan duzun bezala, zeure esperientziatik eta zintzotasun handiz idatzia dago liburua. Momentu batzuetan ikasle batzuekiko zor kitatze bat ere sumatzen da.

Zor kitatze bat, edo gordinago esanda, hainbat ikaslerekiko barkamen eskaera bat da liburu hau.  

Dekalogo forma ematen hasi nintzenean, lehenengo lana hamar puntuak zehaztea izan zen: “Nola laburbildu dezaket, hamar puntutan zein izan beharko litzatekeen, nire ustez, irakaslearen rola edo zein izan beharko liratekeen irakaslearen ezaugarriak?”. Behin ezaugarri horiek definitu nituenean eta idazten hasi nitzenean, ikasleekin bizi izandako pasarteak etortzen zitzaizkidan etengabe burura, bata bestearen atzetik. Entzutearen garrantziaz idazten ari baldin banintzen, esate baterako, entzuten ez nituen ikasle haiek, ikasle grisak, etortzen zitzaizkidan burura. Gauza bera errespetuari buruz idazten ari nintzenean; ikasleen izen-abizenak etortzen zitzaizkidan, eta hor dago barkamen eskaera hori. Horregatik sartu ditut ikasleekin bizi izandako pasarteak, batzuk gordinak, beste batzuk umoretik… eta horien kontaketaren bidez arintzen da liburua.

 

Irakasleentzat idatzi duzu liburua. Garbi diozu zein den zure asmoa: irakaslea barrura begira jarri nahi duzu, fokua gugan jarri. Hori da mezu nagusia?

Nik irakasleei honako mezu hau eman nahi diet: posible da; posible da aldatzea; posible da aldaketa txikiak egitea. Eta eskola, ikastetxe, ikastola edo dena delako bakoitzaren ezaugarrien arabera, posible izango da. Ez naiz sartzen metodologietan eta moduetan, ulertzen baitut eskolaren kokagunearen arabera, egoeraren arabera, ikasle kopuruaren eta ezaugarrien arabera, edo beste baldintza batzuen arabera, aldaketak modu desberdinean egin beharko direla ikastetxez ikastetxe. Baina aldaketak egin behar dira. Kontuan izan behar dugu hezkuntza ez dela apenas aldatu gu ikasle ginen garaitik. Aldaketa asko fisikoak dira, paretak, kristalak eta antzekoak bota edo aldatu dira, baina benetako aldaketa, barren-barrenetik egin behar dugun aldaketa, ez dakit benetan gauzatu ote den. Nire ustez, irakasle bezala egin behar dugun aldaketa nabarmenena haurra ikusteko eta begiratzeko beste modu bat bilatzea da. Horrexegatik errepikatzen dut ideia eta gonbidapena: posible da aldaketa txikiak egitea. Gu [Larraulgo eskolan] urtez urte joan gara aldaketak egiten, eta gaur egun, 2-12 urte bitarteko ikasle guztiak elkarrekin dauzkagu, eta salto kualitatibo oso handia izan zen. Baina, gaur-gaurkoz, ez nuke hori aldatuko. Ulertzen dut eta onartzen dut adin nahasketa hain handia ezin dela beste eskola batzuetan egin, baina seguru zentzu horretan beste aldaketa batzuk egin daitezkeela, adinak elkartu daitezke eta hori oso aberatsa da. Pauso txikiak eman daitezke, abiatzeko modua da. 

 

Baina gainetik ditugun sistema eta markoetan, arau eta curriculumetan, zer egin dezake irakasleak aldaketaren mesedetan?

Nik liburuan argi esaten dut: ez jarri fokua kanpoan, begiratu barrura. Begiratu norberak zer egin dezakeen. Fokua geuregan jartzen dugun momentutik aukerak zabaldu egiten direla ikusiko dugu. Noski, badaude arauak eta badaude legeak; badago klaustroa, badago zuzendaritza… baina, zorionez, hezkuntza pertsonetan oinarritzen da eta irakasle bakoitzak, arauak arau eta legeak lege, gela barruan ere aldaketa asko egin ditzake, hezkuntza egunerokoan hobetzeko pauso asko eman ditzake. Noski, askoz hobea litzateke eskola osoa bat eginda egotea aldaketa horiek gauzatu ahal izateko. Aldaketa txikiak aldarrikatzen ditudanean, irakasle bakoitza bere gelatik ere hasi daitekeen aldaketa txiki horiez ari naiz, baina zabaltzen joaten diren aldaketak dira, ura bezala. Eta badakit, eta seguru nago eskola asko eta asko eta asko ari direla pauso oso sendoak ematen, hobetzeko. Horretan jarraitzeko gonbitea da liburu hau.

 

Kapitulu bakoitzarekin emozio sortzaile izan nahi zenuela diozu eta ez arau-emaile. Ausardia da nabarmentzen duzun lehen ezaugarria... Zergatik hautatu dituzu hamar ezaugarri hauek?

Eskola txikiok Francesco Tonuccirekin mintegi bat egiteko aukera izan genuen duela urte batzuk. Hark tailerretan lanean has gintezkeela proposatu zigun. Lehenik eskola batzuek heldu zioten proposamen horri eta gu bizpahiru urte geroxeago hasi ginen, kolpetik egin beharrean progresiboki egin genuen aldaketa, pauso txikiak eginez hasi ginen eta posible zela ikusiz joan ginen neurrian pauso handiagoak eman genituen. Esperientzia horretatik ateratako ezaugarriak dira liburuan biltzen ditudan asko eta asko. Lengoaiak aipatzen dira, esate baterako; zer-nolako eskola eskaini nahi diegun haurrei hausnartu nahi dut; gutxi batzuentzako eskola ez eta guztiontzako eskola eraiki behar dugula... Zer esan nahi du guztiontzako eskola batek? Zer suposatzen du ikaslea zoriontsu etortzea eskolara eta, batez ere, zoriontsu irtetea eskolatik? Hori nola egin daiteke? Hausnarketa batek bestera eraman nau. Baina guztiaren abiapuntuan eta lehen-lehenengo, ausardia behar dugu. Irakasleok beldur diogu aldaketari, eta horregatik argi ikusi nuen behar dugun lehen ezaugarria ausardia dela, eta horrekin batera formazioa. Formazioaren beharra agerian dago. Baina kontuz, nolako formazioa? Teorizazioan gehiegi erori gabe, praktikari loturiko formazioa behar dugula uste dut. Askotan teoria eta teoria jasotzen dugu, baina gero praktikan aldatzeko beldur gara eta nik praktikatik teoria egitea aldarrikatzen dut, goazen proba txikiak egiten hastera eta gero lan egiteko modu bat finkatuko dugu. Ausart gaitezen, nor bere esparruan: nik eskolan egiten dudana ez dute zertan berdin egin hemendik 5 kilometrora dagoen ikastetxean, baina printzipioak bai, nik uste dut berdinak izan behar direla. Ausardia eta formazioa behar-beharrezkoak dira eskolak eraldatzeko, eta ondoren bildu ditutan beste ezaugarriak begiradari loturikoak dira, haurra fokuaren erdian jarri eta hari aitortzea protagonismoa, ez irakasleari. Oinarrizko printzipioak dira, nire ustez, ikaslearen erritmoa errespetatzea eta ikaslea entzutea. Horregatik aipatzen dut, hainbeste, denboraren kontua eta baita errespetuarena ere. Orain dela ez hainbeste urte gu egon gara haien lekuan, eta badirudi azkar ahaztu dugula. Ikasleen balorazioak egiten ditugunean, adibidez, uste dut errespetu gehiagoz aritu beharko ginatekeela; horra beste ezaugarri bat. Ken Robinsonen hitzei jarraituz, talentuen gaia ekarri nahi izan dut, ikasle bakoitzaren gaitasuna kontuan izatea azpimarratu nahi nuen, ulertaraziz ikasle bakoitza altxor bat dela eta ez dagoela, irakaslea jarraitzen ez duelako, molestatzen duen ikaslerik. Hau da, eskolan lekua eskaini behar zaio ikasleari, zentzurik zabalenean, ikasle guztiei. Lekua bilatzen edo egiten egon behar duena irakaslea da. Nork jarraitu behar dio nori? Irakaslea da ikasleari jarraitu behar diona eta ez alderantziz. 

 

Koldo, baina esango dizute, “zuk proposatzen duzun aldaketa eskola txiki batean posible da, baina handi batean…”

Liburu hau ez da zure eskolan aldaketa nola egin dezakezun esango dizun instrukzio liburu bat. Garbi daukat errealitateak eta egoerak oso desberdinak direla, onerako zein txarrerako. Gure eskolan haur gutxiago egongo dira, bai, baina eskola handiago batean, ikasle gehiago egoteaz gain, baliabide askoz gehiago egongo dira, bai pertsonalak eta bai baliabide materialak ere, beraz, horrek ez luke aitzakia izan behar. Gure adibidearekin jarraituz, ez dut esaten 2 eta 12 urte bitarteko ikasle guztiak elkartu behar direnik, baina ikasleak entzuteko dinamika batzuk eta haurra ulertzeko moduei eta ebaluazioari buruz hausnartzeko tarte batzuk hartu behar dira, ezta? Ikasleari begiratzeko moduak ez dauka eskolaren tamainarekin zerikusirik, berdina izan beharko luke eskola txikietan zein handietan edo ertainetan. Gero irakasle bakoitzak hori nola eraman nahi duen aurrera? Nik gauza batzuk esaten ditut liburuan, esate baterako, testuliburuek ikaslearen erritmoa errespetatzeko garaian mugak izan ditzatekela, baina ez dut esaten ezinezkoa denik, bakoitzak erabakiko du bere eskolan nola eraman aldaketak aurrera. Ikasleei sormena eskatzen diegu, bada goazen gu ere, sormenez, pausoak ematera.

 

Besteak beste, eskola inklusibo eta kooperatiboa duzu mintzagai. Ikasleen artean ez ezik, ikasle eta irakasleen arteko elkarlana proposatzen duzu. Nola eta zergatik?

Ikasle eta irakasleak, nahi edo ez nahi, ez gaude maila berean, eta hori ikasleek badakite eta irakasleok ere badakigu. Nire proposamena muga hori ahal den neurrian apurtzea da, eta ikaslea eta irakaslea maila berean kokatzea. Ikasleentzako eredu gara irakasleok, bada, eredu izate horretan goazen beraiekin batera ikastera eta beraiekin lan egitera. Haurraren begiradatik asko dugu ikasteko irakasleok, haurraren mundua ikusteko modu zabal horretatik. Esan dut, ordea, ez gaudela maila berean, askotan sartzen garelako gelara aurrez guk ezarritako programa batekin, unitate didaktiko batekin, eta irakaslea da azalpen emaile eta ikaslea hartzaile huts bilakatzen dugu. Dinamika hori hautsi behar dugu, eta beraiekin kontatu behar dugu; “zein da zure interesa?”; “zer egitea gustatuko litzaizuke?”; “egingo dugu hau biok elkarrekin?”; eta saiatu beharko genuke ikasle bakoitzak proiektu bat izan dezan eta, aldi berean, irakasleok ikasle hori proiektu bezala ulertzea, edukien gainetik. Edukietan bakarrik fijatzen bagara, orduan irakaslea eduki emaile bihurtuko da eta ikaslea hartzaile, eta ez gara maila berean egongo. Dinamika horietan, gainera, emozioen kudeaketa oso zaila da; “ondoko ikaskidea ulertzeko gai da; baina, ni ez”, ikasle guztiak desberdinak dira, orduan, guztiek behar dituzten aukerak emateko moduak bilatu behar ditugu.

 

Talentu guztiei lekua egingo dien eskolaz ari zara, baina bukaera-bukaeran gai zehatz batzuen gaineko nota batekin ebaluatuko ditugu ikasle guztiak. Batek esango dizu, "hau guztia, hortaz, zertarako?"

Zenbakikuntzak eta hizkuntzak pisu handia daukate gaur eguneko hezkuntza sisteman, eta neuk ere, berez, hala izen behar dutela uste dut, bizi osorako baliabide direlako, eta haurrek etorkizun hurbilean erabili beharko dituztelako. Baina gaitasun horiek badaukate lekua eskolan, eta eremu horietan talentua daukaten ikasle batzuk agerian jartzen dira dagoeneko, beti ikasle berdinak izaten dira eta oso maiz nabarmentzen dira. Kontua da beste ikasle askok ez dutela lekua topatzen. Horregatik azpimarratu nahi dut lengoaia gehiago eskaini behar dituela eskolak; eskolaren zeregina da haur guztiei nabarmentzeko aukerak ematea, eta ez astean ordubete bakarrik. Ikasleak beraien denborak kudeatzeko gai dira, eta irakasleok badakigu, 12 urtera bitarte behintzat, haur batek zer estrategia beharko lituzkeen Bigarren Hezkuntzarako jauzia egiteko. Beraz, bitarte horretan guztian artean edo sormen-lanetan edo antzerkigintzan edo dantzan edo bestelako diziplinetan agerian jartzeko aukerak izan beharko lituzkete ikasle guztiek, eta era horretan ez dira ikasle grisak izango. Gure eskolan ere hizkuntzak eta zenbakikuntzak pisua daukate, baina ez diegu ikasleei zer idatzi behar duten esaten, liburutegi tailerrean idazteko eta irakurtzeko aukera daukate, eta gu beraiekin gaude sormen-lan horietan, baina zer idatzi behar duten zehaztu gabe. Zientzian esperimentatzeko aukera daukate, zenbakiekin aritzekoa… Arte tailerrean beste sormen mota bat jar dezakete agerian; gorputzaldi tailerrean emozioekin egiten dugu lan... Ikasleek aukeratzen dute tailer bakoitzari zenbat denbora eskaini, ez diegu irakasleek markatzen. 

Zerbait oso iraultzailea proposatzen duzu, geldotasuna eskolaren ezaugarri bihurtzea. Korrika bizi garen honetan, eskolak egin al dezake halako utopiarik?

Dena da gaurko, dagoeneko ez da biharko ere, dena da gaurko! Konpetentziei buruz asko hitz egiten dugu, baina nik uste dut konpetentzietan ez eta konpetitibitatean erortzen garela, etengabe konparaketak egiten ditugunean. Bi gauza oso desberdin dira.

Denborari dagokionez nik neuk ere autokritika asko egiten dut. Denok ditugu kontraesanak eta berriro diot, nire liburua barkamen eskaera bat da, besteak beste, askotan ez dudalako haur bakoitzaren denbora errespetatu. Gaur egun ia-ia Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzara haurrak irakurtzen ikasita pasatzea eskatzen dugu, dekodifikatzea eta irakurtzea gauza bera izango balira bezala. Konpetizio batean gaudela ematen du: zergatik iritsi behar dute haurrek Lehenengo mailara irakurtzen jakinda? Haur bat ibitzen hasten denean badakigu bakoitzarek bere erritmoak dituela, batzuk lehenago hasiko direla beste batzuk beranduxeago… Zergatik egin behar dugu dena gero eta azkarrago? Goitik ere, dena azkar egiteko eskatzen zaigu. Adibidez, orain digitalizazio plana etorriko zaigu, ordenagailu eta pantaila gehiago, eta, aldi berean, mintegietan ikusten ari gara pantailak kaltegarri direla adin zehatz bat baino lehenago. Zertan ari gara? Azkar joatea ez da beti ona. 

 

Botila erdi beteta ikusten duzu, baina ez uneoro. Hala diozu: “Ikasleek aukera gutxi dute norabidea hautatzeko. Bidea zehazturik dago”. 

Aipamen horrek Fratoren marrazki bortitz bati egiten dio erreferentzia: ikasleak fabrika batean sartu eta guztiak patroi bereko eta berdin ateratzen dira fabrika horretatik. Bidea markaturik dago? Nik uste dut gaur egungo eskolak ez direla haur guztientzako eskolak. Haur guztiek ez daukate lekua gaur egungo eskolan, eta horregatik diot bidea markaturik dagoela. Nik horri eman nahiko nioke buelta, txikitasunetik: Haur Hezkuntzatik eta Lehen Hezkuntzatik hasita, haur guztientzako eskola bilatzea da nire asmoa. Bideak irekitzea, izan ere, bidegurutzeetan badaude aukera gehiago. Guk bidea markatua daukagu legeak lege eta arauak arau, baina baditugu egoerak aldatzeko aukerak.

 

Eta zuk zeuk, noiz egin zenuen klak, noiz ekin zenion aldaketaren bideari? Kontatzen duzu ibilaldi batean ikasle guztien aurretik zindoazlea, nahiz eta beraiek hobekiago ezagutzen zuten ingurunea, eta, halako batean, galdu eta bidezidorrean buelta emanda zeu atzetik gertatu zinela, “orain nago ni egon behar nuen lekuan: atzean, eta zuek zoazte aurrean”. Inoiz ez da berandu, ezta?

Inoiz ez da berandu, noski ezetz. Ikasleei denbora utzi behar diegula esan dut lehen, baina, irakasleok ere denbora behar dugu. Kontuz, ez denbora lozorroan egoteko! Gehiegi hausnartzeak ere lozorroa ekar dezake! Ezin dugu teorizatzen eta teorizatzen eta hausnartzen eta hasunartzen egon, inongo aldaketarik egin gabe.

Noiz egin nuen klak? Bada mugarri asko izan ditut bidean. Irakasle on askorekin egin dut lan, asko markatu nauten irakasleak aurkitu ditut, eta beraiek lagundu didate klak hori egiten. Baina benetako mugarri ikasleak eurak izan dira, ikasle zehatz batzuk, bereziki. Idazterakoan burura etortzen zitzaizkidan pasarte horietako ikasle izen-abizendun horiek. Horiek lagundu didate klak hori egiten. Horrez gain, aukerak izan ditut, eskola txikietan lanean hastea, esate baterako, mugarri bat izan zen niretzat, adin aniztasunaren onura ikusi nuenean, “hau posible da!” esan nuen. Posible da adina kontuan hartu gabe lan egitea, eta hori da nik egin dudan aldaketa nabarmenetako bat, ez jakitea zein ikasmailatan dagoen ikasle bakoitza, guztiak nirekin daude eskolan, eta nirekin egiten dute lan. Bai behetik begiratuta eta baita goitik begiratuta ere, ikasleei aukerak zabaltzen zaizkie, batzuetan askoz gehiago eman baitezakete ustez dagokien mailara mugatu gabe, eta beste batzuei askoz gehiago kostatzen zaie. Baina 12 urtera arte eskolan egongo dira, beraz, egin dezagun ahal dugun guztia ikasleak aurrera egin dezan.