Marina Garces: “Oraina ulergaitza bihurtzen denean, etorkizunak existitzeari uzten dio; eta uste dut hori ari dela gertatzen gaur egun geletan”

2021-10-19

Filosofoa eta unibertsitateko irakaslea da Marina Garces kataluniarra. Zaragozako unibertsitateko irakasle izan zen eta gaur egun UOC Universitat Oberta de Catalunyan dabil eskolak ematen. Haatik, bere bizitzak badu beste alderdi bat ere: gela barruan zein kanpoan egiten du filosofia, espazio formaletan zein informaletan. Bartzelonako hainbat ekintzetan parte hartutakoa da eta 2002. urtetik 'Espai en Blanc' proiektua bultzatzen eta koordinatzen du. Adin eta diziplina askotariko jendea elkarrekin pentsatzera animatzen duen proiektua da, eta hezkuntzan ere gauza bera defendatzen du: elkarrekin eta elkarrengandik ikastea guztion bizitzako esperientziak partekatuz. Garcesentzat hezkuntza gonbidapen bat da, elkarrekin ikasteko arriskua hartzeko gonbita, egungo garaietako mendekotasunei aurre eginez. Aprendizen eskola aurkezten du hori gauzatzeko leku modura, denok aprendizak bihurtzen garen tokia. Eta elkartze eta partekatze horretan, 'osagai onekin' oraina ulertzeko eta etorkizuna irudikatzeko gai izango garela uste du.

 
 
Marina Garces: “Oraina ulergaitza bihurtzen denean, etorkizunak existitzeari uzten dio; eta uste dut hori ari dela gertatzen gaur egun geletan”

Zure azken liburuan, Escuela de aprendices (Aprendizen eskola), hezkuntza elkarbizitza tailer modura definitzen duzu, askotariko bizimoldeak entseatzen ditugun tailer gisa. Eta tailer horren oinarrietako bat ikuspuntuaren lanketa dela diozu. Zer esan nahi duzu horrekin?

Ikuspegi bakar bat ez dagoela esan nahi du horrek. Horregatik ez dago eredu bakar bat, horregatik ez dago irakasle bakar bat, horregatik ez dago hezitzaile bakar bat, horregatik ez dago legegile bakar bat.

Horrez gain, hezkuntza ez da nola hezi galderari erantzutea, zeren kasu horretan programatzeaz, ereduak egiteaz, legeak egiteaz eta abar arduratzen direnek galdetzen eta erantzuten dute. Aitzitik, hezkuntza aprendizen bizitzako ibilbide, jokabide eta desio anitzak biltzen dituen ikuspuntua da, eta horiek denak modu askotarikoan, kolektiboan edota, askotan, konbinatu gabean osatu behar izaten dira. Eredu baten xedea bateratzea da, eta aprendizen eskolak, berriz, etengabe osatzen aritzera gonbidatzen du. Hau da, ikuspuntuak sortzen eta konbinatzen —eta behar denean konbinazioak hausten— aritzera.

Orduan, hezkuntzako galdera gakoa niretzat ez da nola hezi, baizik eta nola heziak izatea nahi dugun.

Nola definitzen dituzu aprendizak? Zer dira zuretzat?

Aprendiza niretzat ez da hezkuntza ekintzaren objektua. Ez litzateke pentsatu behar zer egin haiek ikas dezaten, nola egin haiek trebatu daitezen, nola egin haiek ezagutza eta konpetentzia jakin batzuk har ditzaten. Gu denok gara aprendizak, denon artean osatzen dugulako subjektu kolektiboa.

Aprendizak denok gara, oraindik izango garena ez garen guztiok, oraindik izango garena izateko bide horretan gaudenok, oraindik azken emaitzara iritsi ez garen guztiok, oraindik zer jakingo dugun edo jakiten joango garen ez dakigunok. Ez jakite hori ez da ezjakintasuna, baizik eta ikasketa esperientzia baten aurreko ausardia. Eta hortik, oraindik horretatik, iragate horretatik, jakin-min horretatik sortzen ditugu besteekiko erlazioak eta beste leku, pertsona, ezagutza, praktika, makina eta presentziekiko konpromisoak; azken batean, gizartearekiko konpromisoak, gizartea osatzen duten elementu guztiekiko konpromisoak.

Hortaz, aprendiza edo aprendizak ez dira sistema bateko norbanakoak, ez dira makina bateko pieza bat, ez dira muntaketa-kate bateko produktu bat; baizik eta leku, pertsona, behar eta komunitateen sare bateko elementuak gara. Eta sare hori harreman bikoitz batetik sortzen, hornitzen eta ikusten da: gonbidapena eta osaketa. Elkarrengandik eta elkarrekin ikasteko aukera ematen duten harreman-sareak sortzera gonbidatzea eta horiek osatzeko bitartekoak sortzea da.

 

Nola bihurtzen dira aprendizak subjektu kolektibo?

Elkarren artean topo eginez, elkarrekin osatuz eta topaketa horretan elkarrekin eta elkarrengandik ikasten dutela onartuz eta jakinez. Elkarrekin eta elkarrengandik; ikasketa baten inguruan hainbat modutara egoteko aukera sortzen dute bi deklinazio horiek.

Horrek ez du esan nahi aprendizak ezjakitasun maila berean daudenak elkarrekin ikasten aritzea denik. Hori da gaur egungo korronte pedagogiko batzuek sortu duten fikzioa; ikasketa autoikasketa soilik dela esaten digute. Kasu honetan, ikasleak elkarrekin Interneten informazioa bilatzen aritzen dira eta norbaitek horretan laguntzen die, bilaketa horren laguntzaile soil bihurtuz eta bere jakituria guztia lagaz, ezkutatuz edo ahaztuz. Berdintasun pedagogiko horren fikzioak hustu egiten du, nire ustez.

Beraz, ez dut bultzatzen elkarrekin informatzen diren ezjakinen autohezkuntzaren ideia, baizik eta bitarteko baten osaketa, non ezagutzak, praktikak, jakinduria eta ezjakintasunak ikasketaren praktika horretan batuko gaituzten elementuak izango diren. Horrek desberdinak direnak berdindu egiten ditu. Hau da, jakinduriaren, ezagutzen eta adinen desberdintasunetik eta desberdintasunean denok aprendizak bihurtzen gara eta bizitzako ibilbide horiek osatzen dute aprendizen arteko topaketa eta aliantza. Eta orduan bai galdetu dezakegula nork ikasten duen norengandik, nork ikasten duen norekin, eta horrela ikasteko gonbidapena egin.

Hortik abiatzen bagara, hau da, hezkuntza ikuspuntu pluralen lanketa gisa ulertzen baldin badugu, ikasketarekiko erlazioaren osaketa gisa ulertzen baldin badugu eta elkarrekin eta elkarrengandik ikasten dutenen arteko osaketa gisa ulertzen baldin badugu, hezkuntzaren ekintzara oso modu desberdinean gerturatzen gara, nire ustez.

 

Zein ikuspegirekin gerturatzen zara, orduan, hezkuntzara?

Hiru dimentsio ikusten dizkiot. Bata, hezkuntza arteen eta egiteko moduen multzo gisa ulertzen dut. Bigarrena, ikaskuntza gonbidapen bat bezala ulertzen dut. Eta hirugarrenik, hezkuntza honen azken zentzua burujabetzea edo emantzipazioa dela ulertzen dut.

 

Nola garatzen da ikaskuntza, arteen edo egiteko moduen multzo gisa ulertzen baldin bada hezkuntza?

Michel De Certeau-ren espresioa da arteen edo egiteko moduen multzoa dela hezkuntza, eta ez teoria edo lanbide bat bakarrik. Arteak edo egiteko moduak oso era interesgarrian definitzen ditu Desertok: “Denen arteko praktikak eta eragiketak dira —beraz, beti elementu partekatua da—; eremu bat mugatzen dutenak —ez dira arbitrarioak, ez da edozein modutara egiten den edozer gauza—, kasu honetan Hezkuntza eremua; eta pasibotasunera eta diziplinara kondenatuta egongo liratekeen pertsonen eguneroko sormenetik sortzen dira —beraz, ez da gutxi batzuen ezagutzaren monopoliotik ezartzen den teoria, baizik eta praktika horiei lotutako jakintzen egunerokotasun bat dago—. Hau da, De Certeau-rentzat arteak eta egiteko moduak normalean hezitzailearen objektu diren ikasle horiek dituzten ezagutzen eta praktiken aberastasuna da. Ikuspuntuari buelta ematen dio: ezagutzak hor daude, eguneroko praktika horietan, normalean pasibotasunera eta diziplinara kondenatuta dauden pertsona horietan, eta ezagutza horiek ikusteko eta hartzeko prest egotea da hezkuntzaren zeregina. Partekatzen ditugun ikasketen bitartez existentziari forma eta zentzua ematea da, azken finean.

 

Hezkuntza gonbidapen bat bezala ulertzen duzu.

Bai, hala da. Tailerrean gertatzen den hori gonbidapen gisa ulertzen dut. Ikaskuntza transmisio gisa ulertu dezakegu, transmisio elementuak dituelako; heziketa gisa ulertu dezakegu, heziketa elementuak dituelako; formakuntza gisa ere bai, formazio elementuak dituelako; baina dimentsio horiek guztiak garatzeko ikasteko gonbidapen bat behar da. Hau da, ikaskuntzako momentu gisa baliagarriak dira formazioa, eskolatzea, transmisioa, errepikapena, ariketak... baina benetan hezigarriak dira baldin eta gonbidapen bat baldin badago.

 

Gonbidapena zertara?

Gilles Deleuze frantziar filosofoaren hitzak hartuta, “egin nirekin” da gonbidapena. Igeriketako irakaslearen adibidea jartzen du Deleuzek: igeriketako irakasle ona ez da urertzean “egin horrela” edo “egin nik bezala” dioena, baizik eta ikasten ari denarekin batera uretan sartu eta “egin nirekin”, “etor zaitez nirekin”, “egin igerian nirekin” dioena. Irakasle horrekin ikasten da igerian, ez urertzean dagoenarekin.

Irudi horrek askotarako balio du eta nik hezkuntzari egiten diodan kritikarako baliagarria den irudia da: hezkuntza ez da errepikatu eta aplikatu behar den eredu bakar bat. Igeriketa irakasle batek ezin du eredu bat izan, ikasten ari denarekin batera igerian egiten duen gorputz bat izan behar du.

Izateko gonbidapen bat da, zeren norbaitek elkarrekin zerbait ikastera gonbidatzen bagaitu, izatera gonbidatzen gaitu.

 

Aprendizen eskolak ikuspuntua lantzen du, bere tailerrean ezagutzak elkartzen dira, ikaskuntza gonbidapen gisa ulertzen da, eta azkenik, azken zentzua burujabetzea lortzea dela diozu. Burujabetzea modu askotara uler daiteke gaur egun. Zuk zer zentzutan ulertzen duzu? Zer burujabetzeaz ari zara?

Nik uste dut burujabetze hori ez dela formazioaren azken produktua eta ezta ere bere garaiko ezagutzak lortuta, pilatuta eta hartuta bere askatasunaz gozatu dezakeen subjektuaren eraketa-bideko azken produktua —hori gaur egungo subjektu burujabe modernoa litzateke—. Emantzipazioa besteen gonbidapena jaso eta hartu dezakegunean eratzen den ikuspuntua da.

Norbere kabuz pentsatzea bai —zentzu horretan burujabetzearen gutxieneko definizioa hori baita—, baina besteekin. Nork bere kasara pentsatzea, baina besteekin. Eta zertaz pentsatu? Gure garaiko arazo komunez. Mundu komun horretan sartzeko aukera horrek definitzen du aprendizen eskolako burujabetzea beste burujabetzeen aurrean —ezagutzaren metaketatik eta eraketatik sortutako subjetuaren askatasun garbia eta posesiboa—.

 

Gure garaiko arazo komunak aipatu dituzu. Nola sartzen duzu hezkuntzaren definizio eta ikuspuntu hori gaur egungo gizartean? Zer ekarpen egin dezake aprendizen eskolak?

Uste dut une honetan —eta behin eta berriz esaten da hau— edozein eginkizunek mehatxu edo itzal bati egin behar diola aurre: etorkizunik ezari. Lehen zera esaten zen: aurretik ez dela gaur egungoa baino garai ziurgabeagorik gogoratzen—belaunaldi batzuek behintzat—. Ziurgabe adjektiboak, ordea, ez du egoera objektibo bat definitzen, baizik eta nola bizi dugun egoera bat espero dugunari, egin dezakegunari, ulertu dezakegunari eta gertatzen denari dagokionez. Hor agertzen da ziurgabetasuna: ez dut ulertzen etorkizuna egiteko, esku hartzeko eta irudikatzeko adina.

Ikaskuntza etorkizuneko egitekoa da. Ez ditu lan irteerak, etorkizuneko irteerak edo iruditeriak bermatu behar, ez da aseguru-etxe bat, ez digu ez bermatzen ez hitzematen, baina oraina irakurtzeko —ez dakit dena ulertzeko aukera, baina irakurtzeko behintzat bai—eta etorkizuna irudikatzeko aukera eta bidea eman behar digu. Etorkizuna ez-etorkizuna da, egiaz etorkizuna ez da existitzen, badakigu, etorkizuna gure orainaren itzala da, hor luzatzen dira gure pausoen itzalak. Baina oraina ulergaitza bihurtzen denean, etorkizunak existitzeari uzten dio. Eta uste dut hori ari dela gertatzen gaur egun geletan.

Albistegietan atera den berria da 13 urterekin nerabeek eskolarekin edo institutuarekin duten harremana ulertzeari uzten diotela. Ez nerabeak direlako eta burua beste gauzez beteta dutelako, baizik eta ez dutelako ulertzen zer egiten duten han. Ikasle askoren sentsazioa da ikasten dutenak ez diela balio ezertarako. Ez soilik ikasketekin ezin dutelako lan profesionalik aurkitu, baizik eta orokorrean eskoletan eta unibertsitatean ikasten dutenak “ez diela ezer esaten” sentitzen dute. “Ez die ezer esaten” ez dielako balio bizi garen munduari hitz egin arazteko eta harekin solasteko. Bizi eta biziraun behar dugun errealitatea are irakurgaitzagoa egiten du. Hezkuntza sistemak eta akademiak orokorrean kolaboratu egiten dute, beraz, analfabetismo ilustratu batekin, eta analfabetismo horren kontra ez da egiten formazio gehiagorekin, baizik eta ezagutza sendoago batekin.

 

Nola lortu daiteke ikasketek zentzua izatea eta ezagutza sendoagoa izatea?

Nik uste dut hori denoi gertatzen zaigula. Nik ere askotan ez dut ulertzen zer egiten dudan orokorrean irakasle lanetan ari naizenean edo guraso bezala, eta ezta auzoan, hainbat taldetan edo proiektutan aurrera eramaten dugun elkarbizitzako zeregin hezitzailean. 

Niretzat burujabetzearen lana horrekin erlazionatzea da. Hau da, ez ahalmen aldetik subjektu indartsuak eta libreak sortzea eta ezagutzak dituztenak, baizik eta gure garaiarekin dugun harremana mehatxatzen duen ulertezinatasunarekin erlazionatzeko gai izatea.

Horregatik, irakurtzen ikastea da aprendizen eskolak egiten duen proposamen berria. Badakigu alfabetatzeak emakumeen, beheko klasearen eta jauntxoen monopolioan zegoen ezagutzatik baztertuak izan zirenen emantzipazioa ekarri zuela. Gaur egun ez dagokigu hizkiak irakurtzen ikastea —hori erakusten digute—, baizik eta gure garaia ulertzeko ariketa libre bat egitea behin eta berriz. Gertatzen zaiguna ulertzen hasten bagara, nahi duguna irudikatzeko gai izan gaitezke, zer ez dugun errepikatzerik nahi —pandemiaren ondorengo egoeran, adibidez— eta orduan bai egongo dela etorkizuna. Uste dut hainbat modu izan ditzakegula hona ekarri gaituen mundu hau ez dugula errepikatzerik nahi esateko. Baina horretarako orainaren gakoak irakurri behar dira, beste etorkizun batzuk irudikatu, eta eztabaidatu eta borrokatu. Eta hori irakurtzen ikasiz eta “osagai onak” edukiz lortuko dugu.

 

Zein dira “osagai onak” diozun horiek? Zein lirateke etorkizuneko jakintzak?

Konplexutasuna, abiadura eta ziurgabetasuna menderatu nahi baldin baditugu, adituen eta teknologiaren eskuetan jarri beharko dugu, haiek egiten dituzten ereduetan, prospektiba analisietan, aholkularitzetan, formazioetan, ebaluazioetan, errubriketan, power point-etan, eta azkenik, sineskortasunez jarraitu ahal izango ditugun aginduetan. Mendekotasun kognitibo honen aurrean, eraginkorrena “osagai onak” prestatzea eta partekatzea da. Nire ustez horrek izan beharko luke hezkuntza on baterako agindu bakarra; eta are gehiago, orokorrean bizitza osorako agindu bakarra izan beharko lukeela esatera ausartuko nintzateke.

“Osagai onak” aginduak ez du sineskortasunik onartzen: osagaiak probatu egin behar dira. Tranpei eta engainuei aurka egiten diete. Plater baten lehengaia txarra baldin bada, berdin du sukaldariak konplexutasun gastronomikoz mozorrotzea. Norbaiten gaitasun linguistikoa eskasa baldin bada, ez du axola zer titulu edo arrakasta lortzen duen edo zein aditu-mintzaira erabiltzen duen, bere ezintasuna disimulatu baino ez du egingo. Bi soinuren edo bi koloreren arteko erlazioa ez baldin badugu antzematen sentikortasun aske batekin, mugikorrean eduki ditzakegun musika zerrendak edo ikus-entzunezkoak zarata baino ez dira izango. Ordenagailu bat matxuratzen denean hura itzali eta berriro pizten besterik ez baldin badakigu, inoiz ez dugu arkatzik hartuko edo inoiz ez zaigu bururatuko ohar bat bidaltzea. Planetako edozein lekutan egonda haizeak nondik jotzen duen ez baldin badakigu, berdin du zer-nolako planeta-kontzientzia daukagun, ez baikara ohartuko sua edo ekaitza datorrenik. Inoiz ez baldin badiogu elkarri begietara begiratu, berdin du kudeaketa emozionaleko eta taldeen zuzendaritzako ikastaroak egin izana; ezingo dugu inoiz inorekin erlazionatu.

Gauza bera gertatzen da ikaskuntzako erreminta eta bitartekoekin. COVID-19aren pandemiarekin eta ikastetxeen itxierarekin ikusi dugu. Benetan eskolak ixtearen arazorik nagusiena zer da, biztanleriaren zati handi batek ez daukala Internetera konektagarritasunik? Telebista publikoa, irrati publikoak, aire libreko espazioa, liburuz betetako liburutegiak itxita, posta zerbitzua eta etxez etxeko banaketa funtzionamenduan... dituzten herrialdeetan, ez al da posible hezkuntza modu koordinatuan eta kalitatezkoan irudikatzea eta antolatzea jada badauden elementu horietatik abiatuta? Zein iruditerik eta interesek egiten dute hori pentsaezina izatea eta indar guztiak egoera gehiago konplikatzera bideratzea ezinezkoa den konektagarritasuna bilatu nahian edo hori ezer ez egiteko aitzakia bihurtuz?

Etorkizuna oinarrian dago; bihar abiapuntuan dago. “Osagai onak” denon eskura daude, baldin eta identifikatzen, lantzen eta partekatzen baditugu. Hori da aprendizen arteko aliantzan aurrez aurre kokatzera ausartzen diren hezitzaileen zeregin nagusia: munduko esperientziak esnatuko dituzten oinarrizko edukiak prestatzea eta horiek partekatzera gonbidatzea. Lehen aipatu dugun moduan: “Ez egin ni bezala, egin nirekin”.