Heriotza, bizitzaren oihartzuna

2021-09-13

Nola hitz egin haur eta nerabeekin heriotzari buruz? Jaiotzen garenean ziur dugun gertaera bakarra da noizbait hil egingo garela, eta hala ere, faktore ezberdinak tarteko, hitz egiteko gai zaila izaten jarraitzen du gurean. Are gehiago haur eta gazteekin. Iñaki Peña medikua, Patxi Izagirre psikologoa eta haren ibilbidearekin bat egin duen alaba Ane Izagirreren ahotsak bildu ditugu. Hiru adituek argi dute heriotzaz hitz egitea zein garrantzitsua den, egiatik eta naturaltasunez. COVID-19ak eragindako pandemiak lehen lerroan jarri du gaia. Pandemia medio, gaiari behingoz seriotasunez helduko zaionaren esperantza dute; tabu izateari utzi eta normalizatu.

 
 
Heriotza,  bizitzaren  oihartzuna

H

ogei urte inguru daramatzate heriotzaren gaia lantzen Iñaki Peña medikuak eta Patxi Izagirre psikologoak haur, nerabe zein helduekin. Gure jendartean heriotzari buruz hitz egiteak eragiten duen beldurragatik, ezkutuko gaia dela aitortu dute biek, baina, era berean, hitz egin beharraren garrantzia azpimarratu dute, baita etxeko txikienekin ere. Heriotza bizitzaren zati garrantzitsu bat dela dio Izagirrek, ziurtasun bat, egia absolutu bat eta beraz, sexualitateaz edo beste baloreez hitz egiten den bezalaxe hitz egin beharko litzateke. “Zergatik hitz egin heriotzaz? Gure gizartea frustrazioen eta ezintasunen aurrean prestatzeko. Ez dezagun egin euforia amaigabean eta zoriontasunaren tiranian bizi den gizarte bat”.

 

Behin eta berriro errepikatu dituzte adituek egia, zintzotasuna eta naturaltasuna hitzak. “Haurrekin ere, helduekin bezala, euren jakinmina ase arte hitz egin behar da, aldez aurretik mugarik izan gabe: hasi dakizun moduan azaltzen eta eskatzen dizuna eman”, dio Peñak. Egoera hori “egia jasangarria" bezala definitzen du Izagirrek: “Zer da egia jasangarria? Haurrak noraino galdetzen digun, zer jakin nahi duen, hor egon behar dugu guk ere entzuten. Ez bakarrik zer esan behar diogun pentsatzen, baizik eta zer entzuteko prest dagoen ikusiz. Ez da magia eta ez da arte bat, komunikazioaren tresna bat da, entzute aktiboa da, bestearekiko ongi kokatzen jakitea. Zoritxarrez, gehienetan gezurra erabiltzen da umeekin gai honi buruz hitz egitean”. 

 

Heriotza atzeraezina den gertaera bat da eta horren aurrean poliki baina gezurrik gabe jokatu behar dugula diote adituek. “Noiz hezten ditugu gure seme-alabak edo ikasleak gehiago, hezi nahi ditugunean edo hezten ari garela konturatzen ez garen momentuetan? Azken une horietan; eta hor dago egia. Egia dago gure ereduan, gure portaeran, gure egian. Hori da praktikatu behar duguna. Nola esan? Gure egia partekatuz”. Alabaina, beldurra sartzen da egia erabiltzeko garaian eta helduak azkarregi joaten gara erantzun transpertsonalak ematera, “zerura joan da, ez dakit non dago...” bezalakoak erabilita. “Egia gordina ekiditen dugu horrela, maite dugun pertsona hil egin dela, zoritxarrez ez dugula berriro ikusiko eta triste gaudela. Esandako horri ez badiogu eusten, gero konfusioa sortzen da haurrarengan. Adinaren arabera gehiago edo gutxiago ulertzen dute irrebertsibilitateaz, baina egia kontuan hartu behar dugu beti —adierazi du Izagirrek—. Asko kostatzen zaigu ‘hil egin da’ esatea”.

 

Dena ez da hitza. Hori dio Ane Izagirrek, “umeari esaten zaiona ondo dago, baina helduak hitz egin gabe erakusten dion horri erreparatzea ere garrantzitsua da, hau da, metahizkuntzari kasu egitea. Ahozko komunikazioa eta ahozkoa ez dena erabiltzen ditugu: hitzik erabili gabe, agian, momentu askotan gehiago transmiti dezakegu”.

 

Nola txertatu eskoletan?

Elkarrizketatuek argi dute eskoletan txertatu beharreko gai bat dela heriotzarena. Nola? Erantzun bakar bat ez dago eta ez dakite zehatz- mehatz galdera horri erantzuten, baina bideari duela hogei urte ekin zioten, nolabait, tokian tokiko beharrei erantzunez. Gaur egungo pandemiarekin bide horri "behingoz seriotasunez" heldu behar zaiola diote: “Nik ez dakit ikasgai bat izan behar duen, Natur Zientzietan sartu behar den edo Gizarten, baina curriculumean txertatu behar da gai hau. Heriotzaren gaia eskoletan lantzen hasi ginenean, gai hau jorratzeko beharra ezinbestekoa zenean izaten zen gehienetan: ‘Zer egin Patxi, eta nola?’ Urteak daramatzagu prebentzioaren beharraz hitz egiten, ‘goazen heriotza modu didaktikoan lantzera, goazen egoerei aurreratzera’… eta iruditzen zait jada iritsi dela momentua, honi heldu egin behar diogula eta modu profesionalean heldu ere, doitasunarekin. Sentsibilizazioaren fasea jada pasata dago, orain ekin egin behar diogu, tinko, protokolo jakinekin eta zilegitasuna lortuz”. Orain arte, nagusiki ekimen pribatuen arabera garatu izan dira ekimen ezberdinak ikastetxeetan urte luze hauetan, gaia jorratzen duten elkarte edo aditu bakanekin. Baina, Patxi Izagirrek gaia jorratzeko egitura formal baten gabezia nabarmentzen du, eta saiatu direnean, adibidez Berritzeguneetara jotzen, aitortu du ez direla babestuak sentitu. "Ondorioz, irakasleak eta hezkuntza komunitateak askotan sentitzen dira ondo egiten ari diren ala ez jakin ezinda. Egoera bat sortzen bada, 'zer egin?' galderaren aurrean, badaezpada ere, ikastetxe askotan ez da ezer egiten”. Izagirreren aburuz, ez da tokian tokiko irakasleen esku uzteko gai bat, hezitzaileei gehiegi eskatzea litzateke hori, psikologoaren aburuz, guztiari buruz jakitea eskatzen zaiela dio. Heriotza kasu bat gertu jazotzen den egoera bat iristen denean, gaiari heldu nahi dioten irakasleak egon badauden arren, nora jo jakin gabe ikusten ditu: “Zeri heldu behar diote? Nolabaiteko gida bat, protokolo bat, nolabaiteko helduleku bat behar dute, eta orain arte behintzat ez dute halakorik izan. Are gehiago, ez dute izan babes instituzionalik. Irakasle bakoitzaren sentsibilitatearen araberako lana izan da eta ezin du horrela izaten jarraitu”.

 

Psikologoak hurrengo belaunaldiengan esperantza du heriotzaren gaia gizarteratu eta normalizatzeari dagokionez, COVID-19aren ondorengo belaunaldiak izango direlako, eta horrek mugarri bat ekarriko duela irizten dio, nahiz eta oraindik ez dugun ikusi. Haatik, ez du ziurtasun bera adierazten instituzioen esku-hartzeei dagokienez, ez daki zerbait egitera iritsiko ote diren, nahiz eta presio sozial handia izango dutela argi duen. Azken aldarri bat egiten du: “Garrantzi bera eman behar zaie gaitz psikologikoei eta fisikoei. Bigarren horiei arreta handia jartzen zaie eta gaitz psikologikoei, berriz, ez zaie begiratzen”.

 

Ane Izagirrek haur eta gaztetetxoekin gaia eskoletan txertatzeko,  formakuntza eta hitzaldiez gain, beste bide bat irekitzeko premia ikusten du: “Interesgarria izango litzateke berdinen arteko esparru batzuk sortzea: adibidez, DBH4-ko ikasleak gai honi buruz hitz egitea DBH1 edo 2-ko ikasleekin. Azkenean, norberagandik gertu dagoen pertsona bat izanik agian errazago ireki daitezke kideak eta errazago ulertuko dute elkar, era berean. Lehenik, noski, DBH4-koei formakuntza bat edo pauta batzuk eman beharko zaizkie, hau da, argitu zein den helburua eta nola hitz egin gai honen inguruan maila txikiagoetakoekin”.

 

Iñaki Peñak eskarmentua du eskola-eremuan heriotzaren gaia jorratzen. Zarauzko Komunitate Errukitsuaren parte da, eta bertan heriotzari buruz hitz egite dute. Haien lan ildoa, batetik Death Kafeak antolatzea da, hau da, heriotzari buruz hitz egiteko espazioak eskaintzea, eta bestetik, esku artean duten beste helburu nagusietakoen artean eskoletan gaia jorratzea da, nahiz eta bide horretan urteak daramatzaten. “Komunitatea martxan ipini baino lehen, jadanik hasiak ginen Zarauzko Ikastolako hiru guraso gai honen inguruan lanean. Duela lau urte hasi ginen gurasoei eta irakasleei begirako zine forum batekin eta, egia esan, oso ongi atera zen. Iaz, pandemia hasi baino lehen, ikasturte oso batez Aingeru Oiartzabal psikologoa izan genuen La Sallen eta Antonianoetan gai hau lantzen, ia-ia ikasgai baten modura: ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin. Hezkuntza programen barruan sartuta zegoen ekimena, Udalak onartuta”. Esperientziarekin oso pozik geratu baziren ere, pandemiak dena geldiarazi zuen ikasturte honi begira, eta horregatik animatu ziren haiek zerbait prestatzera. Otu zitzaiena aipatutako zine foruma izan zen DBH3 eta LH4-ko ikasleekin: pelikula ikusi, ikasleei galdetegi bat pasa eta gaiaz hitz egin. Txikitxoentzako Coco filma jarri zuten eta nerabeentzako Monsieur Lazhar. Esperientzia oso aberasgarriak izan zirela dio, LHkoekin dena espontaneoagoa suertatu zelarik, eta nerabeekin, berriz, isiltasun handiak eta beldurra sumatu zituztela nabarmentzen du. Zarauzkoak bezalako esperientziak zabaltzen ari direla jakin arren, tokian tokiko iniziatibak direla dio, eta oraindik ere gehien bat momentuan momentuko erantzunak ematen direla ohartarazi du: ”Zerbait larria gertatzen denean soilik jotzen dute psikologoengana, norbaiten aitak istripua izan duenean edo genero biolentzia dagoenean, adibidez. Orduan aktibatzen dira alarma guztiak. Eta hori ongi dago, baina gaia aldez aurretik landuta badago, modu naturalean gertatzen denean, gertaturikoa jada ez da hain harrigarria. Gaia aurretik jorratzeak ikaslea bakarrik ez sentitzen lagunduko du, hitz egiteko eta entzuna izateko baldintzak erraztuko dira. Aurrez lantzen bada gero errazagoa da dena”.

  

Baina heriotzari buruz hitz egitean ere, dena ez da tristura, eta batez ere txikienekin adituak beti saiatzen dira azpimarratzen baietz, norbait hiltzen zaigunean momentu tristeak eta tragikoak bizitzen direla baina, era berean, heriotza txanpon baten alde bat dela eta besteari ere erreparatu behar diogula, “honakoa da txanponaren beste aldea: 'ze ongi pertsona hori ezagutu izana!’. Bizi izan da 3, 7, 17 edo 79 urte, baina bitartean ezagutu ahal izan dugu”.

 

Hizketagaia jartzeko euskarriak

Urteak aurrera joan ahala, gure hizkuntzan, euskaraz, bizitzaren amaierari buruzko gero eta material gehiago sortu da, pelikulak direla, ipuinak, abestiak… Eta adituek, aho batez, zoriontzeko zerbait dela onartzen dute. “Zorionez gero eta material gehiago dago haurrekin eta nerabeekin heriotzari buruz hitz egiteko; ordubeteko film batekin hamaika tailerrekin baino gehiago lortzen da, mezuak errazago iristen direlako, pertsonaia edo musika batekin oroitzen zarelako…” aipatu du Iñaki Peñak. Lan horiez gain, pandemiaren ondorioz, gauza berriren bat egin ei da Osakidetzan eta zerbait euskaratu dute, baina, hala ere, adituaren irudiko, hizkuntza gaietan pixka bat atzean goaz. Han hemenka hainbat elkartek egin duten lan izugarria balioetsi du Peñak, eta bereziki Bideginek egindakoa nabarmendu du, eta jakinarazi du webgunean bibliografia ugaria dutela eskuragarri.

 

Ane Izagirreren ustez, irakasleentzako eta gurasoentzako baliagarri diren euskarri horiek gaiari bidea irekitzeko onuragarriak dira, “pizgarri moduan baliogarriak dira, gaia jorratzen hasteko. Pelikulak, liburuak... heriotzaren gaia jorratzen duen abesti bat ere izan daiteke, edota nahiz eta zuzenean heriotzaz aritu ez, beste galera mota bati buruzko kantuak baliagarriak izan daitezke”. Emozio kolektiboan murgiltze hori lagungarria dela dio, azken finean, lagunekin edo ingurukoekin ekintza bat egitea, abestea, adibidez; denek batera egitea  eta modu aktiboan parte hartzea lagungarria dela dio.Patxi Izagirrek dio, ildo beretik jarraituz, abesti edo dantza bat erabilita bete-betean ematen dela emozio batekin eta pizgarri emozional moduan, interbentzio lanetan, esaterako ipuin bat baino askoz ere eraginkorragoa eta zuzenagoa izaten dela.

 

Kasuistika eta adina

Heriotza heriotza da, horretan ez dago inongo alderik. Alabaina, heriotza guztiak ez dira berdinak eta aurrean dugun pertsonaren arabera, ezberdina izango da erabiliko dugun hiztegia edo modua. Heriotza motari dagokionez, bi ardatz bereizi beharko lirateke: bat-batekoa izan den edo ez. Lehenengo kasuan aurkituko lirateke istripu bidezko heriotzak, bere buruaz beste egitea, heriotza perinatal bat… Eta bigarren multzoan gaixotasun terminal edo paliatiboak leudeke, edo aitona- amonen bizitzak itzaltzen joatea, etabar. “Ezberdina da haurrak prozesua ikusi izatea —Izagirreren aburuz—, bera ere prozesu horren parte sentitzeko aukera baitago, gertuko pertsonaren higadura eta bilakaera ikusiz joango baita. Kasu horietan aldez aurretik landu daiteke gaia haurrarekin, eta agur bat egin diezaiokegu maite dugun pertsonari“.

 

Adinaren faktorea oso kontuan izan beharrekoa da, Izagirreren arabera: “Adin kognitiboa kontuan izan behar dugu: alegia, zer esaten diogun eta zer ulertzen duen. Hezkuntzan gabiltzanok argi daukagu umeak ez direla tontoak, konturatu egiten direla gauzetaz, nahiz eta gero, batzuetan, ez dakiten hori guztia adierazten. Bistan da hitzez espresatzen ez dutena ekintzez egiten dutela; beren portaeran hainbat adierazle egon ohi dira une horretan non dauden jakin ahal izateko, samina nola kudeatzen ari diren ikusteko… Adin kognitibo bakoitzean zein hizkuntza mota erabili, noraino eta zein elementu kontuan hartu faktore garrantzitsuak dira”. Komunikazio egoki bat sortzearen beharra azpimaratzen du psikologoak eta ohartarazi du gehienetan arazoa helduaren beldurretan dagoela. “Noraino sentitzen da irakaslea edo gurasoa gaiari segurtasunarekin eusteko? Ez da bakarrik tresna, protokolo edo dinamika batzuk izatea, baizik eta nola sentizen den horrekin. Hor daude nolabait azpiegitura eta egin beharreko formazio lanak”. Hala ere, adinak adin, hasierako printzipioari eusten dio, adina kontuan hartu bai, baina beti ere argi hitz eginez: “Ipuinik gabe… Ongi dago ipuinez baliatzea, edo pelikulez, edo marrazki bizidunak erabiltzea konparaketak egiteko, oso baliagarriak dira, bai, baina ez dugu istorio arrarorik asmatu behar". 

 

Gakoa deserosoak izan daitezkeen galdera batzuetarako prest egotea da: "Egia da batzuek agian galdera oso esistentzialak egiten dizkizutela, misterio bat direnak. Baina badaude batzuk zuzenean, ‘nondik gatoz?’, ‘nik ahizpa nagusi bat daukat, beraz, ni jaio baino lehenago non nengoen?’ edo antzeko galderak egingo dizkigutenak, eta baita noski, bukaerari loturiko ohiko galderak egingo dizkigutenak ere: ‘Aitona hil eta gero nora joan da? Non dago? Desagertzen da eta kito?’. Galdera horiek guztiak gure zibilizazioak historian zehar erlijioaren bitartez saiatu dira erantzuten, normalak dira”, dio Peñak. Arazoa etor liteke, medikuaren aburuz, haur txikienek kategoria batzuk ulertzen ez dituztenean: hau da, erraz ulertuko du pertsona zahar bat hiltzen bada, baina indarkeria egon daitekela, beharbada, ez. Orokorrean, Peñaren ustez, errazagoa da amonaren heriotza azaltzea, galera perinatal bat esplikatzea baino. Zailtasuna, ordea, medikuaren iritziko, helduarengan dago bereziki, eta ez hainbeste haurrarengan: "Helduak esan dezake, beno, ez duzu ezagutu, ez duzu harremanik eduki, edukiko dugu beste ume bat...’ haurrerantzat, ordea, egoera bestelakoa da: ‘nire ahizpa edo anaia jaio behar zen eta ez da jaio, eta non dago?’ Haientzako galera bat da argi eta garbi, zain zeudelako. Helduontzako zailagoa dela uste dut”.  

 

Dolua eta bidelaguntza

Hau guztia eskoletan landu behar da bai, baina, adituen arabera, etxean hasi behar da gaiari buruz hitz egiten, garai batean bizitzen eta ikusten zen bezala. “Ez dira hainbeste urte gure etxeetan eta baserrietan txikitatik normaltasunez bizitzen genuela heriotzaren gaia”, dio Peñak. Are gehiago, eskolen eta familien gaia ez ezik, gizarte osoak arduratu beharko luke heriotzaz: “Gai hau denoi dagokigu. Ez da erizain, sendagile edo psikologoen kontua. Doluen kasuen
% 80an lagun on bat hautatzen dugu, profesionalik gabe”.

 

Dolua heriotzarekin batera eskutik helduta datorren egoera da. Heriotza nola gertatu den garrantzitsua izango da doluaren inguruan aurretiko lan bat egin ahal izateko. Gertuko pertsona gaixotasun baten ondorioz edo zahartzaroaren eraginez hil baldin bada, aurretiko lan bat egin daiteke eta kasu horietan doluaren akonpainamendua modu inklusiboan eta parte-hartzailean egin behar dela dio Patxi Izagirrek: “Etxera edo ospitalera bisitak egin ditzakete haurrak, elkarrizketak izan, oparitxoak egin, argazkiak eraman ospitalera...  haurrari informazioa emanez eta ez ukatuz prestatu dezakegu egoera. Akonpainamendu hori egiten bada aurretik, askoz errazagoa egingo zaigu, bai haurrei eta nerabeei, zein helduei, agur hori esker onez eta gairik zintzilik utzi gabe egitea ondoren”.

 

Bat-bateko heriotzak direnean, ordea, gertaera traumatikoak izaten dira eta egoera horietan helduak ere traumatizatuak egoten garela kontuan hartu beharreko gakoa da, Izagirren ustez. Momentu horietan sare bat izatea garrantzitsua da, gertu ditugun horiek izatea garrantzitsua da, bai helduok babesteko eta baita txikiak ere. “Kasu hauetan informazioa ematerakoan ez dakigu noraino izan behar garen gu zuzenean informazioa ematen dugun bakarrak. Eta ezin dugu, inolaz ere, guretzat traumatikoa den gertaera baten aurrean haurrei kontrako mezurik eman, 'lasai, ez da ezer gertatzen!'; bai gertatzen da”. Horrelako egoeretan, Ane Izagirrek gehitu du garrantzitsua izango litzatekeela haur eta gazte horiei haien espazioa uztea, euren errelatoa eraiki dezaten: “Nahi gabe bada ere, helduak inposatu egiten du horrelako egoeretan eta bere errelatoa kontatzen du, haurrari berea kontatzen utzi gabe”.

Iñaki Peñaren hitzetan, doluaren akonpainamenduaren gakoa presentzia eta prestasuna dira: “Batzuetan teknologia berriak baliatu ditzakegu bidelaguntza behar duen pertsonari mezuak bidaltzeko edo deitzeko, baina, lantzean behin, aurrez aurreko bat suertatu daiteke terraza batean zerbait hartuz edo mendira joanez”.

 

Pandemiak heriotza traumatiko eta agurrik gabeko bukaera asko utzi ditu. Gertaera horiek zerbait erakutsi beharko ligukete, Patxi Izagirreren iritziz: “Oso egokia izan daiteke ikastetxeetan heriotzaren txoko bat sortzea eta bertan gure errelatoak sortzea, gutunen bidez, gauzak eramanez, zerbait kontatuz, argazki bat jarriz... Txoko horretan heriotzari leku bat eta ahots bat eskainiko genizkioke. Antzuolako eskolan egin zuten hori duela jada urte batzuk, aitzindariak dira honetan”.

 

Alarma gorria suizidioekin

Hiru adituek kezka berezia jarri nahi izan dute gai zehatz baten inguruan: suizidioa. Eta bereziki fokua nerabeengan jarri dute. Heriotza tabu bat izan bada azken urte hauetan, suizidioa tabuetan tabuena dela diote. Ane Izagirre Psikologiako gradu amaierako lana gai zehatz horri buruz egiten ari da eta izututa dago errealitateak eskaintzen dizkion datuekin. DBHko azken urteetan, Batxilergoan eta unibertsitate urteetan gertatzen dira suizidio kasu gehien, eta ez da mintzo helburua betetzen duten saiakerez bakarrik, ahaleginak ere ikaragarri direla dio. Izagirreren ustetan “saiakera horiek egiteak, gero bikoiztu edo hirukoiztu egiten du denbora batera berriro suizidatu nahi izatea. Ondorioz, nerabezaroan prebentzioa lantzea erabakigarria da". Oso estigmatizatuta dagoen gai bat da, ezkutatu egiten dela dio Ane Izagirrek: "Pertsona askok bere buruaz beste egiten du eta gero ingurukoek istripu bat izan zela esaten dute”. Gaia mahai gainean jartze hutsak beldurra ematen digula gaineratu du Patxi Izagirrek, baina gaiari buruz hitz egiteak berak pertsona askoren bizitzak salbatu ditzakeela uste du.

 

Estigmatizatutako gaia izateaz gain, badago suizidioari buruz beste uste bat jendartean: gaiaz hitz egiteak dei-efektua sortzen duela, hau da, honen inguruko artikulu bat argitaratzeak, hedabideetan hitz egiteak edota gazteekin hitz egiteak berak eragin dezakeela pertsona gehiagok haien buruaz beste egin nahi izatea. Hiru adituak ez daude batere ados sinesmen horrekin eta guztiz aurkakoa pentsatzen dute, hain zuzen ere dei- efektua baino prebentzioaren deia egiten duela suizidioaz hitz egiteak. “Harrituta nago nola dagoen zabalduta suizidioaz hitz egiea zerbait txarra denaren sinesmena, guztiz kontrakoa denean”, azaldu du Ane Izagirrek. Patxi Izagirrek argi du gaiari seriotasunez heldu behar zaiola, are gehiago gaur egun, bere esanetan osasun mentalari kasurik egiten ez diogun honetan: “Osasun mentalari egiten al diogu kasu? Ala kasu egiten diogu jada patologia bat sortu denean? Suizidioei egiten al diegu kasu? Eta horrelako saiakera bat dagoenean psikofarmakoekin nahikoa da?" Berak argi dauka erantzuna: "Ez! Baina horrela sortzen dugu narratiba; zer gertatu zaigun, zein estigma dagoen, zein laguntza jasotzen dugun, guztia eduki behar da kontuan”.

 

Iñaki Peñaren ustez, nerabeek euren artean oso presente duten gai bat da suizidioarena eta haiekin landu beharra dagoen zerbait da, urgentea, presazkoa. “Nahiz eta zaila izan, errealitatea oso bortitza da, baina aldi berean, oso ohikoa da, eta orain pandemia dela eta okerrera egin duena". Jazarpena aipatu du eragileetako baten gisa: "Bullyinga beti egon da, baina gaur egungo krudeltasunarekin are larriagoa bihurtu da egoera”. Gai honetan ere badira lanean diharduten elkarteak, Biziraun da horietako bat. Baina hedabideetan, etxeetan eta eskoletan jorratu beharreko esparrua dela ohartarazten dute adituek.