Mutilen zaurgarritasuna, ahulduntzea eta desboteretzea helburu

2021-04-29

Urteak dira hezkuntza-komunitatean hezkidetza lantzen ari dela Ibai Fresnedo sexu-hezitzailea, baina berdintasun errealaren bidean beharrezko ikusten du mutilak inplikatzea eta horiekin lanketa espezifikoak egitea, beren maskulinitatea eta mutilek genero-desberdintasunekiko duten ardura lantzeko.

 

 
 
Mutilen zaurgarritasuna, ahulduntzea eta  desboteretzea helburu

Nahiko Programa EMAKUNDEren berdintasunerako, errespeturako eta indarkeria ezarako hezkidetza-programa da. Giza eskubideak oinarritzat hartuta, genero-rolen azterketa kritikoa sustatzen du, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko helburuz. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan inplementatzen da, non irakasleek programaren material didaktikoari buruzko ezagutza eskuratzen duten eta ikasleekin praktikan jartzen duten. Familiekin ere lanketa zehatzak egiten dira.

 

Pasa den martxoaren 11an, Nahiko Programatik urtero irakasleei zuzendutako formazio jardunaldietan parte hartu zuen Ibai Fresnedo sexu-hezitzaileak, hain zuzen, "Ikasle mutil berdinzaleak hezteko erronka" deituriko hitzaldia eskainiz.

 

Baina ezerren aurretik, zein da egungo egoera eskoletan? Azken urteotan edukien berrikuspenean eta materialen ekoizpenean urrats handiak eman dituztela dio Fresnedok, baita hezkidetza programa zehatzen garapenean ere. Beraz, nabaria da begirada aldaketa bat egon dela, hau da, betaurreko moreen kontzeptua aise ulertu duela hezkuntza-komunitateak. “Baina programez eta irakasle kontzientziatuez harago, hezkidetza curriculumean integralki txertatzea falta zaigu. Alegia, hezkuntzan hezkidetzaren marko sendoago baten beharra dugu eta horren bueltako plan iraunkor eta pretentziosoago bat”. 

 

Ikastetxe asko eta askotan hezkidetza arduradunak egon badaude, baina beren lana oso baliabide eskasekin eraman behar dute aurrera, Fresnedok egiten duen erretratuaren arabera; ordu gutxirekin, formaziorako aukera gutxiekin... eta gehienak emakumeak, gainera! “Arazoa ez da oraindik ez dugula lortu ikasle mutilak hezkidetzara erakartzea, baizik eta irakasle gizonak eta familietako edota sare afektiboetako gizonak ez direla behar adina inplikatzen. Horretan dugu lanik handiena, hau da, hezkuntza-komunitatearen parte diren mutil eta gizonengan fokua jartzean. Erronka nagusietako bat dela esango nuke”, dio sexu-hezitzaileak.  Fresnedoren esanetan, ezin gara soilik diskriminazioa pairatzen duen horrengan edo horiengan zentratu. Gakoa desoreka horren arduradunarengan arreta jartzea litzateke. Hau da, generoen arteko botere harremanak iraunarazteko balio duen maskulinitate eredua aztergai eta zalantzan jartzea ezinbestekoa da. Beraz, fokua gizonengan jarri ezean, ez dugu lortuko eskola mistoaren eredutik eskola hezkidetzailearen eredura igarotzea. Bestetik, justizia sozialaren inguruan egiten ditugun hausnarketa eta lanketa pedagogiko guztietan botereari buruzko irakurketa iraunkorrak oso presente egon beharko lukeela dio. Hain zuzen boterearen ulerkeran, banaketan, erabileran eta horren trasmisioan zein birsortzean azpimarra jarriz.

 

Egun, oso ohikoa omen da ikasleen eta irakasleen artean "denok berdinak gara" edo "denok anitzak gara" bezalako leloak entzutea. Baina, hala da? Ez al gara iruditeria kolektibo faltsu bat eraikitzen ari? Alegia, errealitatearekin talka egiten duen iruditeria polit, eztitu eta ideala trasmititu nahian ote gabiltza? Baina horrek, lelo arranditsuez harago, ba al garamatza inora?

 

Berdintasunari eta aniztasunari dagokionez, eskubide berdintsuak dituzten pertsona anitzak aitortu beharko genituzkeela argi du Fresnedok. Baina eskubideen haritik tiraka, horiek denontzat berdinak izan behar badira ere, “desoreka eta diskriminazioa dagoen bitartean, ez genizkieke betebehar berdintsuak eskatu behar neska-mutilei. Uste baitut errealitate bakoitzaren araberako betebeharrak definitu behar ditugula. Eta kasu honetan, gizonok abiapuntu pribilegiatu batean kokatzen garen heinean, gure betebeharrak eta ardurak mahai gainean jarri beharko genituzke eta horietan zentratu emakumeen eskubideak betetzeko”.

 

Bestetik, aniztasunaren kontzeptuaren inguruan hausnartu beharra ikusten du adituak, hainbat galdera sortzen zaizkio Fresnedori hitzetik hortzera darabilgun kontzeptu horri buruz: “Zertaz ari gara aniztasuna aipatzen dugun bakoitzean? Nor kokatzen ditugu aniztasun horren baitan? Normalak direnak ala arraroak, subalternoak edota araua betetzen ez dutenak soilik? Gero, posible da normaltasunaren eta homogeneizazioaren ikuspegitik aniztasuna baloratzea eta goraipatzea? Ez, hori kontraesankorra da. Alegia, hezkuntza sistemaren erretorika estetikoan oinarrituriko beste ilusio bat". Horrexegatik da hain garrantzitsua boterearen afera hezkuntzara ekartzea. “Eta maskulinitateak inplizituki dakarren botereaz harago, eskolak egun inplizituki erreproduzitzen duen botereaz ere hitz egitea, zergatik ez”.

 

Maskulinitatea eskolan: arauak, gorputzak, harremanak eta 

jazarpena

“Nondik ari gara eskolan maskulinitateak gogoetatzen? Maskulinitate horiek berriak al dira? Maskulinitate horiek mutilen jabetza esklusiboa dira? Edo beste modu batera galdetuta, emakumeek eta feminismoek historikoki feminitate berrietan edo zaharretan jarri al dute arreta ala emakume kategorian eta horren zapalkuntza egoeran?“ Gogoetarako galdera asko pausatu ditu adituak, benetako hausnarketa egin ahal izateko. Fresnedok argi du eskolan ez direla maskulinitate ereduak zalantzan jartzen eta gaia jorratuz gero, ustezko "maskulinitate berrien" iruditeria nahigabe elikatzen ari direla iruditzen zaio. Baina, egun, ez dago maskulinitate berririk, Fresnedoren aburuz, berritzat jotzen diren eredu horiek beti egon baitira oso presente historian zehar. Akaso parekidetasunarekiko eta feminismoarekiko enpatia eta konpromisoa duten gizonak daude, baina ez maskulinitate berririk. Beraz, horren guztiaren fokua ez litzateke maskulinitate "erosoetan" egon behar Fresnedoren ustez, maskulinitate toxiko, tradizional eta "deserosoetan" baizik, horiek baitira tamalez gaur egun hezkuntza sistemak bultzatzen dituenak.

 

Pixkat harago hausnartuta, maskulinitatea soilik hizpide izateak jarrera misogino eta sexistak dakartzala dio: “Emakumeek ez al dute maskulinitatea gorpuzteko aukerarik? Zergatik ez diegu 'feminitate berriak' kontzeptua gizonekin egiten ditugun lanketei egotzi? Ez al gara ari (berriz ere) mutilen artean feminitatearen ukazioa sustatzen eta maskulinitatearen jabetza esklusiboa bultzatzen? Horrexegatik, eta neska-mutilen artean simetrikoak, paraleloak eta osagarriak diren lanketak diseinatu nahian gabiltzanean, nesken indarra, ahalduntzea eta boteretzea sustatzea dagokigun heinean, zentzuduna litzateke mutilen zaurgarritasuna, ahulduntzea eta desboteretzea planteatzea”.

Horrek guztiak, nahitaez, maskulinitatea eskola-testuinguruetan nola artikulatzen den aztertzera garamatza eta maskulinitatearen artikulazio horio hiru ardatz kontuan harturik landuko litzateke:

- Esleipen soziala: nola lantzen du hezkuntza sistemak mutilen genero sozializazioa? Zein estereotipo eta mandatu sozialetan oinarriturik? Zein egituren bitartez indartzen ditu maskulinitate tradizionalaren zutabe nagusiak?

- Komunitatearen aitortza: nola laguntzen dugu hezkuntza komunitateko kideok mutilen genero sozializazio horretan? Curriculum esplizituaz harago zein da curriculum errealean ere curriculum ezkutuak duen ardura gai honi dagokionez?

- Jardun pertsonala: nola artikulatzen dute mutilek maskulinitatea eskolaren testuinguruan? Zein dira horren bueltan dituzten erresistentziak? Nola negoziatzen dute euren maskulinitatea? Nola bizi dute sozializazio mota hori? Zein da horrek neskengan duen eragina? Eta mutilengan?

 

Baina nola gauzatzen dira maskulinitatearen praktika arautzaileak eskolan?

 

Mutilek mutil eredu zehatz batean erlazionatzen, jarduten eta pentsatzen ikasteko duten prozesuan, maskulinitatearen autoerregulazioaren eta praktika normalizatzaileen zeregina funtsezkoa dela uste du Fresnedok. Hauek, maskulinitate "normal" edo desiragarri baten kontzeptua dutenez, maskulinitate (heteroarautu) hori sozialki onargarriak diren formetan erakusten eta irudikatzen ikasten omen dute. Ildo horretan, mutilen artean botere- harremanak daudela azpimarratu behar da, eta, beraz, eskolan bereziki, arreta berezia jarri beharko da mutilen bizipen eta harreman sozialetan maskulinitateen hierarkiak duen eraginean, adituaren arabera. Hortaz, aztertu behar da nola jarduten duten faktore soziokulturalek, ekonomikoek eta pedagogikoek, mutilek beren maskulinitateak irudikatzeko dituzten moduetan.

 

Gorputza eta maskulinitatea

Fresnedroren hitzetan, praktika arautzaileak, gorputzari loturiko dimentsioetan gertatzen dira gehienbat, gorputza bera maskulinitatearen praktiken eta eraikuntzen normalizaziorako bitartekoa baita.

 

“Gaur egun, mutilek gorputz 'normal’ maskulinoari buruz dituzten ideiak gihar-masarekin, zakilaren tamainarekin edota ibiltzeko zein hitz egiteko moduekin lotzen dituzte. Ondorioz, maskulinitate arautzaileetatik at kokatzen diren maskulinitateak eta horien gorpuzkerak baztertuak daude. Hori dela eta, mutil askok, biziraupenerako teknikak erabili behar dituzte, esaterako, oharkabean pasatzen saiatzea edo beren barne- erresistentzia emozionala indartzea. Gorputz-espektatiba maskulino arautzaileetatik at kokatzen diren gorputzak, gorputz 'ez baliozkotzat’ hartzen dira, edo gorputz-ekintza jakin batzuengatik, keinuengatik, posturengatik edo ahots-tonuengatik feminizatutako maskulinitatetzat ere hartzen dira, femeninotzat edo homosexualtzat hartuz”.

 

Berdinen arteko harremanak eta maskulinitatea

Eskoletan, berdinen arteko harremanetan maskulinitateen hierarkia negoziatzen eta ezartzen dela jakin omen da; horregatik, interesgarria izango litzateke berdinen talde batean sartzeko edota baztertzeko irizpideak zein diren aztertzea, ikusteko zein punturarte zehazten diren irizpide horiek maskulinitatea oinarri hartuta, Fresnedoren aburuz.

 

Funtsezkoa da mutilek laguntasunaren mugak definitzeko eta negoziatzeko erabiltzen dituzten generoaren araberako sailkapenei arreta jartzea. Maiz, mutilek berdinen talde batzuetako kide izateko eskubidea "irabazten" dutelako edo ukatzen zaielako beren maskulinitatearen arabera. Izan ere, maskulinitate arautzaileak laguntasun-mota jakin batzuk ezartzeko mugak eta aukerak definitzen dituelako.

 

Analisi horren baitan, laguntasunaren eta "kidegoaren" arteko aldea bera eta interpretazio homofoboek mutilen arteko intimitate-mailan duten eragina ere sartuko lirateke, hezitzailearen hitzetan. Batez ere, laguntasunak intimitate afektibo, emozional eta finean, sexuala eskatzen duelako. Aldiz, kidegoa elkar ulertzean, interes komunetan, uniformetasunean, leialtasunean eta babesaren diskurtsoan oinarritzen da. Ondorioz, kidegotzak, gizonen arteko lotura homosoziala indartzen du; laguntasunaren baitako behar sexuala ukatuz eta "homosexualitatearen mamua" iraunaraziz. “Eta horrek ere, beste egoera bat aztertzera garamatza, mutilek neskekin eraikitzen duten laguntasuna eta horren atzean dagoen beharra: beste mutilekiko harremanen intimitaterik eza orekatzea”.

 

Eskola-jazarpena eta 

maskulinitatea

Beharrezkoa da gai hau ere genero ikuspegitik interpretatzea, jazarpena, berez, maskulinitatearen erritual edo praktika normalizatzaile gisa agertzen delako, eta ondorioz hori bera eskola-bizipenetan legitimatzen delako.

 

Gainera, maskulinitatearen aniztasunari dagokionez, "mutil normalen" portaera-arau edota erregulazioekin bat ez datozen mutilak jazarpen-jomuga bihurtzen dira. Eta zer esanik ez neskek zentzu horretan ere bizi duten presio eta jazarpen mailari buruz.

 

Baina hemen interesgarria da ikustea maskulinitatearen ondoriozko jazarpen-estrategiek mutil batzuk baztertzen dituztela, eta nola horiek ere jazarpen-estrategiak erabiltzen dituzten jazarpen gehiago ez jasateko edo mutilen hierarkian gora egiteko erritu gisa.

 

Erronka nagusiak

Topiko hutsa bada ere, erronka nagusietako bat helduongan arreta jartzea litzateke Fresnedoren ustez. “Kontua ez da soilik gure haur eta gaztetxoak parekidetasunean heztea, baizik eta zein den horretan guztian helduok dugun ardura. Eta gure ardura haur eta gazteak heztea bada, zein diren trasmititzen ditugun ereduak”. 

Horrekin lotuta, helduak orokorrean aipatzen baditu ere, argi dago erronka nagusietako bat gizon irakasleen eta familietako gizonen presentzia areagotzea dela. Kontua ez baita soilik eskolara haurren bila goazen ala ez, edo harrikoa egiten dugun ala ez; kontua da ikustea zein den sozialki (eta generoari dagokionez) gure abiapuntua eta aztertzea nola erreproduzitzen dugun patriarkatuak gutaz espero duena. Gero, guraso bezala, nola gorpuzten dugun maskulinitatea eta ea honen bertsio toxikoak eta tradizionalak nola eragiten duen gure gurasotasunean. 

 

“Eskola-eremuan zentratuz, erronka nagusiena hezkuntzan generoaren izaera arautzailea argitara ekartzen hastea da, errotik eta sakonean. Bai eta, arestian aipatu bezala, hezitzaileen partetik autoritatearen birplanteamendua egitea ere. Argi dugulako hezkuntza bera prozesu kognitiboak abiatzeko tresna paregabea dela, baina, batez ere, prozesu afektiboak eta emozionalak abiatzeko biderik eraginkorrena dela”. Horregatik da hain garrantzitsua eskolaren izaera maskulinoa ere aztertzea “eta irakasleen eta ikasleen arteko harremanetan trasmititzen ari garena zalantzan jartzea. Hortaz, ikuspegi kritiko, kokatu eta integralaren beharra”.

 

Azken erronka bezala, mutilek mutil izate hutsagatik dituzten abantaila eta pribilegioen etengabeko errebisio sakona egitea aipatzen du Fresnedok: “sozialak, familiarrak, sexualak… Baina batez ere, mutilek, kolektiboki, beste mutilen jarrerak kritikatzeko eta salatzeko tresnak eskuratzea ahalbidetu beharko genuke”.