Ikasturte osoko hiru formazio eskainiko ditu Hik Hasik datorren kurtsoan

2021-04-13

Haur Hezkuntzako profesionalen prestakuntzan sakontzeko 0-6 etapako aditu tituluaren bederatzigarren promozioko matrikulazioa zabalik dago dagoeneko (ekainaren 14a arte). Datozen asteetan zabalduko ditugu Psikomotrizitate erlazionala (Mapi Urrestirekin) eta Jirafaren hizkuntza Komunikazio Ez Bortitzeko ikastaroa (Nerea Mendizabal).

 
 
Ikasturte osoko hiru formazio eskainiko ditu Hik Hasik datorren kurtsoan

0-6 etapako aditu titulua bi urteko formazioa da, eta Haur Hezkuntzako profesionalen prestakuntzan sakontzera bideratua dago, haur txikiekin lanean ari diren edo lan egin nahi duten hezitzaile eta profesionalei zuzendua. Bi ardatz ditu formazioak: zaintza, batetik, eta pedagogia eraldatzaileak, bestetik.

Bi ikasturteak edota soilik lehen edo bigarren ikasturtea egiteko aukera dago zabalik. Hiru titulazioa eskaintzen baitira.

-0-6 etapako aditu titulua, zaintzako eta pedagogia eraldatzaileetako espezialitateetan

- 0-6 etapako aditu titulua, zaintzako espezialitatean

- 0-6 etapako aditu titulua, pedagogia eraldatzaileetako espezialitatean 

Alvaro Beñaran da formazio pertsonaleko arduraduna eta Kristina Goñi pedagogia eraldatzaileen ikasturteko koordinatzaile pedagogikoa. Ikaslerro bakoitzean, gaian adituak diren Euskal Herriko nahiz kanpoko adituek emango dituzte saioak, hala nola, Pikler Loczy institutua, Reggio Emiliako eskolak, Kataluniako Bressol eskolak, Aiurri Montessori eskola…) eta zentroetarako formazio-bisitekin osatuko da ikastaroa (Elizondoko haur-eskola, Geroa Waldorf…)

IZENA EMATEKO

Psikomotrizitate erlazionala

Mapi Urrestik gidatuko du aurten ere  psikomotrizitate erlazionaleko ikastaroa. Urresti psikologoa, sexologoa eta harreman psikomotrizista da. 15 urteko esperientzia du familiekin, irakasleekin nahiz hezkuntzako profesionalekin lanean, eta bera ere aurrez irakasle izana da Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Unibertsitatean. Bere jardunean haurra eta helduaren arteko harremanean jartzen du arreta.

 

Jirafaren hizkuntza

Nerea Mendizabalek Komunikazio Ez Bortitzaren tresnak (Marshall Rosenberg-ek sortu zuen eredua) ezagutaraziko dizkie irakasleei, bizitzarako baliagarria izango den tresna paregabea eskaintzen baitu KEBk. Erlazio trebetasunak indartzeko programa honen bidez, irakasleak norberarekin, ikasleekin eta eskola komunitateko gainontzeko pertsonekin erlazionatzeko abileziak lantzeaz gain, ikasleekin batera ikasten eta praktikatzen joateko proposamenak izango ditu, gelako dinamikatan txertatzeko.