Haurren defentsan, korrontearen kontra

2021-01-26

Haurren eta nerabeen erabateko konfinamenduan adin txikikoen beharrak eta eskubideak ez zirela errespetatzen ikusirik, haiek tarte batez kalera ateratzeko aldarrikapenetik sortu zen Haurrak Ere Bai familia sarea. Haurrak eta nerabeak aintzat hartzeko, artatzeko eta zaintzeko kultura sortzea du sareak helburu nagusi, eta bertako kide eta eragile dira Maider Aizpurua, Oihana Torrealdea eta Maitane Salmeron.

 
 
Haurren defentsan, korrontearen kontra

Eta egon ginen etxean sartuak, egunak eta asteak… eta badirudi, agian, ia beste bizitza bat zela… Gehienok geure biografietan mugarri gisa kontatuko dugu 2020ko martxoan bizi izandako konfinamendua. Baina itxialdia inork pairatu badu, horiek haurrak eta nerabeak izan dira, bederen Hego Euskal Herrian, eta euren esperientziaren errelatoa egitean kontatu ahal izango dute haiek 42 egunez eduki zituztela  alarma-egoeran etxetik atera gabe, ezertara ateratzeko aukerarik gabe, eta helduak lanera, erosketak egitera edo, sikiera, zaborra ateratzera irten zitezkeenean ere, eurak etxean eduki zituztela 1.008 ordu.

 

Maider Aizpuruak berehala ikusi zuen erabaki hura haur eta nerabeekiko bidegabea zela. Balkoirik gabe Irungo pisu batean bizi zen bi semeekin eta bikotekidearekin, eta etxeko egoera pertsonalak hasieratik garbi ikusarazi zion koronabirusaren pandemiari aurre egiteko hartu ziren neurriek ez zutela haurtzaroa errespetatzen: “Ezin nuen ulertu haurrekin hala jokatzea, bigarren mailako hiritartzat kontsideratu zituzten eta euren garapenari loturiko premiak ez ziren kontuan hartu neurri hain gogorrak ezartzean”. Etxean ixteaz gainera, koronabirusaren eroale gisara haurrei buruz hasiera batean zabaldu ziren mezu gogor haiek guztiek biziki kezkatu zuten Aizpurua: “Haurrak kutsatzaile nagusiak zirela esaten zen etengabe komunikabideetatik, eta lehendik ere bigarren mailako hiritartzat hartuak baziren, COVID- 19aren ondorioz are tratu okerragoa jasan zuten”. Mina eta haserrea batu zitzaizkion bizitzen ari ziren esperientzia gogorrari, “haurrek ez zuten ulertzen zergatik ezin zuten kalera atera, eta inguruan ondorio latzak ikusten ari ginen”. Eta samin eta amorrazio hori onbideratzea erabaki zuen, zerbait egitea. Gurasoa izateaz gainera hezitzailea da Maider Aizpurua, Pedagogia Berdeetan formatua Heike Freirerekin, eta ordurako Freireren inguruan bazen COVID-19aren testuinguruan haurtzaroaren eskubideak babesteko sentsibilizaziorako whatsapp talde bat sortua, eta bertan zegoen Aizpurua. Eta handik abiaturik, eta inguruko hainbat gurasorekin bere kezka partekatu ostean, Haurrak Ere Bai familien sarea abian jarri zuten, konfinamenduaren bigarren astearen bueltan.

 

Aizpuruak eta haurtzaroarekin sentsibilizazioa zuten beste bizpahiru ama eta hezitzailek manifestu bat idatzi zuten lehenik eta sinadura bilketari ekin zioten segidan. Honela definitu zuten abian jarri zuten mugimenduaren helburu orokorra: “Haur eta nerabeen zaintza eta ongizate fisiko, mental eta soziala bermatzea, haien garapenerako beharrei erantzunez, eta herritar bezala dituzten eskubideak babesteko eta babeserako kultura sustatuz”. Ondotik, helburu zehatz gisara, honako puntu hauek nabarmentzen ditu manifestuak: "Haurrak eta nerabeak aintzat hartzeko, artatzeko eta zaintzeko kultura sortzea; 1989ko Haurren Eskubideen Konbentzioa betetzen dela bermatzea eta horren alde lan egitea; natura eskuragarri izateko eskubidea babestea: naturan egotea eta bertan jolastea funtsezkoa da haurren eta nerabeen ongizaterako; gizakiaren hezkuntza eta heldutasuna errespetatzen dituen hezkuntza eskubidea defendatzen dugu: ikastearen zentzua 'zentzuk ikasteko'aukera da". Gaur egun 2.800 atxikimendutik gora jaso ditu adierazpenak. 

 

Oihana Torrealdea da sinatzaileetako bat, eta sareko lehen partaideetako bat. Torrealdea Gizaburuagan bizi da, hiru seme-alabaren ama da eta irakaslea. Hark ere hasieratik kritiko begiratzen zien haurrak inolako irteerarik gabe hainbeste denboran etxean mantentzeko neurriei: “Ez nuen ulertzen zergatik haurrek ezin zuten batere atera kalera”. Eta etxeko arduratik haratago, kontzientzia kolektiboak eraman zuen bere haserrea kanporatzera: Umeak etxean preso, Haurrak SOS aldarriarekin kartel bat eskegi zuen balkoian eta sare sozialetan zabaldu zuen argazkia: “Irakaskuntzan hasi aurretik gizarte hezitzailea izan nintzen, eta izen eta abizenekin gogoratzen nituen oso baldintza txarretan bizi diren haurrak, eta haien babesleku izan zitezkekeen guneak, eskola, jantokia, gaztelekua… itxita edukitzeak zer- nolako eragina izango zuen pentsatuta, oso minduta sentitzen nintzen”. Begirada horrek Haurrak Ere Bairekin bat egitera eraman zuen, eta bertan haurtzaroarekin sentsibilizatua zegoen jendea aurkitu zuen.

 

Haietako bat da Maitane Salmeron donostiarra, bi haurren gurasoa eta piano irakaslea kontserbatorioan. Aizpuruak eta Torrealdeak bezala, argi ikusten zuen pandemia kontrolatzeko hartutako erabakiak ez zirela onargarriak haurren premia eta eskubideei begira, eta neurriekin konformatu ezinak eta sentitzen zuen inpotentziak eraman zuten Haurrak Ere Bairekin harremanetan jartzera: “Aldez aurretik haurtzaroaren inguruko sentsibilitatea baneukan, baina pandemiak argiago erakutsi dit haurrak ez direla errespetatzen gure gizartean. Helduek bezala, haurrek eta nerabeek ere tarte batez kalera ateratzeko modua izan behar zutela ikusten nuen, oinarrizko eskubideak eta premiak asetzeko beharra zutela ikusten nuen eta ama eta irakasle gisa sekulako inpotentziarekin bizi izan nuen konfinamendua”.

 

Ezintasun horrek egoeraz asko hausnartzera eraman zuen eta baita informatzera ere: “Iturrietara jotzera edo beste herrialde batzuetan egoera nola kudeatzen ari ziren ikustera, ezin bainuen sinistu haurrak hain kutsakorrak izan zitezkeenik. Ez zitzaidan bidezkoa iruditzen agintariak haurrekin egiten ari zirena, eta zerbait egin beharra neukan”.

 

Argia, zurrunbiloaren erdian

Gaur ebidentzia zientifikoak berresten du haurrak ez daudela gaitz honen jomugan, koronabirusa ez dela gaixotasun pediatriko bat eta are gutxiago direla haurrak birus honen eroale nagusiak; ikerketek berresten dute eskolak ixtea ez zela beharrezkoa epidemia kontrolatzeko eta are gutxiago haurrak hainbeste egunez etxetik atera gabe edukitzea. Martxoan, ordea, zaila zen datuen, informazioen, zalantzen eta beldurren korrontearen aurka igeri egitea, eta  haurrak kalera atera behar zutela defendatzea bera, Torrealdeak azaldu duenez, nekeza izan zitekeen hainbat testuingurutan: “Hasieran iritzia ematea berea oso gogorra zen, haurrak tarte batez kalera ateratzea eskatzen genuen baina hasiera hartan umeak etsai bihurtu genituen”.

 

Manifestuaren ondotik, eta sare sozialen bidez batez ere, Euskal Herri luze zabaleko familia asko batu ziren Haurrak Ere Baira, eta lan-taldeak antolatu zituzten handik eta hemendik jasotzen ari ziren lanerako gogoa eta indarra bideratzeko, hala nola, hezkuntza-batzordea, haur prebentziokoa, komunikaziokoa eta osasun taldea sortu zituzten. Garaian garaian, batzorde batek edo besteak hartu du lan eta pisu handiagoa eta egun, sostengu-taldea antolatu dute beren denbora eskaintzeko prest dagoen jendeak esku bat bota dezan. 

 

Hezkuntza-batzordearen egiteko garrantzitsuetako bat eskolara itzulera osasuntsu eta errespetuzko bat pentsatzea eta diseinatzea izan zen udan, eta bertan buru-belarri egin zuen lan Salmeronek, izan ere familien sarean, “askatasun eta errespetu osoz hitz egiteko aukera” zegoela sentitu zuen, “eta horrek asko erakarri ninduen. 2020/2021 ikasturterako proposamenak eskatzen zuen haurrak eta nerabek “emozionalki lagunduak izatea eta ikastetxe barruan zaintza eta babesa kalitatezkoa eta gertukoa izatea, ikasleeia gertutasunez, afektuz, begiradaz eta entzuteaz laguntzea”, eta dokumentuak onartezintzat jotzen zuen ikastetxeetan 1,5 metroko distantzia soziala ezartzea. Musukoak derrigorrez erabili beharra eta "familiak ikastetxeko bizitzatik kanporatzea”.

 

Eta ireki zituzten eskolak. Ipar Euskal Herrian maiatzean, Hegoaldean irailean. 

 

Eta protokolo zorrotzak ezarri ziren ezarri, eta araudi horiekin ez dago ados Haurrak Ere Bai sarea: “COVID- 19a kutsatzea ekiditea bilatzen du protokoloak, baina haurren osasun integrala, haurren eskubideak eta premiak kontuan izan gabe”, Torrealdearen aburuz. Hala ere, behin protokoloak ezarrita, berauek ezartzeko moduaz hausnartu beharra ikusten du kolektiboak. “Moduak eta moduak daude, protokoloa bete dezakezu modu militarrean ala gizatiarrean”. Arautegia nola ezartzen den desberdintasun asko ikusi dituzte herririk herri, eta horren aurrean haurren osasuna fisikotik haratago, modu osoan zaindu beharraren inguruko sentsibilizazio eta kontzientziazio lana ari da egiten plataforma. 

 

Itxialdiaren ondotik, une-mugarria izan zen eskolen irekiera familia-sareentzat, testigantza gogorrak jaso zituzten hainbat herritatik. “Ondorio psikologiko nabarmenak agertu dira”, kontatu du Aizpuruak: “Beldurra eta antsietatea zabaldu da haur eta nerabe askorengan; garapenean erregresioak ikusi digutu; txupeetara itzuli dira utziak zituztenak; bakarrik lo egiten zutenak ezinean ibili dira; seme-alaba bakarrek lagun-imaginarioak sortu dituzte… Haurrak ongi egon direla esaten dugu, baina ondorioak hor daude, eta ikerketa askok esaten dute gauza bera”.

 

Itzulerak, hain zorrotzak diren protokolo horiek, eta batik bat maskara derrigorrez eraman beharrak, guraso askoren ezinegona piztu du, eta horrek, tokian toki, su txiki asko piztea eragin du, hau da, guraso talde ugari aktibatzea. Horietako askok Haurrak Ere Bai izan dute erreferentzia, eta guztien arteko elkarlana eta ezagutza bideratzeko, Su Txikien Sarea sortu dute. “Guretzat ohorea da eta ardura —azaldu du Torrealdeak—. Polita da, nahiz eta egoera gogor bat egon abiapuntuan komunitatearen zentzua berreskuratzen ari garela ikustea, taldean eta sarean lan egitea egoerari buelta emateko eta haurtzaroa behar den lekuan jartzeko”. Poz handia ematen dio Aizpuruari ere “haurren eskubideen alde pausoak ematen” ari direla ikusteak. 

 

Zuhurtzia eta haurren eskubideen artean oreka bilatzen du uneoro mugimenduak. Pandemia baten erdian gaudela jakinik, eta gaixotasunaren zabalpena kontuan izanik, haurren behar espezifikoak onartzea eta eskubideak bermatzea zaintzen dute bertako partaideek. Ebidentzia zientifikoan oinarritzen dira horretarako. Informazioa eta errespetua dira Haurrak Ere Baiko hiru solaskideek errepikatzen dituzten hitz gakoak. Badakite gai zaila dela eskuartean dutena, mingarria askorentzat, eta bateko zein besteko iritziak errespetatuz josten dute sarea eta kaleratzen dituzte iritzi guztiak.

 

Une honetan daukaten erronka nagusia maskaren ingurukoa da. Derrigortasunaren aurrean, erdi-gardenak hobeto dioen dokumentua zabaldu dute sare sozialen bidez. Maskara erabiltzea umeen osasun integrala garatzeko oztopo bat dela uste du sareak, eta helburua musukoaren erabilpena derrigorrezkoa ez izatea lortzea bada ere, “hori errealitate izan arte”, gaur egungo protokoloak “gizatiarragoak egiteko eta osasunaren zaintza modu integralean bermatzeko” alternatiba gisa proposatu dituzte erdi gardenak diren musukoak. Une honetako egiteko nagusia protokoloak samurtzera bideratzen ari dira sarekideak. Eta badute esperantza, eskola-eremuetan irailetik hona izan den kutsatze-tasa txikia ikusita, urtarriletik aurrera, neurriak lasaituko dituztela, bereziki 12 urte bitarteko haurren kasuan. "Orain egoera hobean gaude, gutxienez neurri berrietan haurrak ez dira aipatu ere egiten", dio Torrealdeak.

 

Elkarrekin igeri egitearen onurak

Hiru gurasoei Haurrak Ere Baik zer eman eta zer kendu dien galdetuta, oso antzekoak dira erantzunak: Kendu denbora kendu die hiruei, baina gustura eskainitako denbora izan da hezkuntza, komunikazio eta sostengu-taldeetan igarotako denbora, “oso emakume militanteak gara, eta barnetatik ateratzen zaigu egiten duguna”, azaldu du Aizpuruak. “Barrutik ateratzen zait eta niretzat plazer bat da kolaboratzea“, esan du Salmeronek. Asko baita sareak bueltan eman diena. “Energia eta haizea ematen dit Haurrak Ere Bain aritzeak, eta asko ikasi dut, iritzia askatasunean ematen baina errespetua asko zainduz; azken batean, ahaldundu egin naiz”. Salmeronen antzeko hitzak erabili ditu Torrealdeak jasotakoa azaltzeko: “Ni ahaldundu egin naiz Haurrak ere Baiko lanarekin. Bertan dauden  pertsonekin egoteak asko irakatsi dit haurtzaroaz hausnartzen, bestearekiko errespetutsuagoa izaten  eta orain hobeto identifikatzen ditut haurtzaroaren kontrako erasoak”. Ez haserrererik ez saminik ez da ageri hiruon hitzetan, esker onekoak baizik. “Nire bizitzan oso garrantzitsua izan da Haurrak Ere bai, etxean geundenean bakarrrik ez geundela sentitzea oso garrantzitsua izan zen, sosteguna sentitu nuen eta oreka emozionala eman zidan”, esan du Aizpuruak. 

 

Lana ez da erraza izan. Hasierako zurrunbiloan korrontearen kontra aritzeaz gainera, elkartzea oso zail bihurtu den garai hauetan online, ordenagailu nahiz whatsapp bidez egin dute komunikazioa, hasiera hartan elkar ezagutu gabe. Gerora adiskide minak egin dira talde eragileko guraso asko. “Haurtzaroarekiko sentsibilizazioak batzen gaitu eta, aurrez aurre elkar ezagutu ez arren, harreman estua egin dugu”, azaldu du Aizpuruak sarearen baitako komunikazio taldeari buruz.

 

Eta pandemia igaroko bada ere, lanean jarraituko dutela argi dute Haurrak Ere Baiko kideek, “ikusten ari gara datuen bidez, gaixotasun hau ez dela pediatrikoa, baina arazoa da ikerketa horiek ez direla agertzen komunikabideetan edo oso azaletik agertzen direla. Osasunari eta medikuntzari loturiko mundu mailako aldizkarietan frogatutzat eman da haurrak ez direla gaixotzen apenas eta oso gutxi kutsatzen direla. Sentsibilizazio lan handia egin beharko dugu oraindik, haurrak eskubide osoko herritarrak direla onartu eta gisa horretan tratatu arte”, azaldu du Salmeronek. “Ez dut uste Haurrak Ere Bai utziko dugunik —dio Aizpuruak—, harro eta eskertuta gaude Haurrak Ere Bain parte hartzen duten guztiekin”.

 

Eta kontatuko diete seme-alabei haztean, egon ginela etxean sartuak, egunak eta asteak, eta euren amek ahotsa altxatu zutela haur eta nerabe denen defentsan, korrontearen kontra.