Larraitz Esnaola Illarreta: “Esperimentazioak mundua deskubritzeko aukera ematen dio umeari”

2021-01-12

Reggio Emiliako eskoletan inspiraturik,  ''Esperimentazioan sakonduz biziberritu' liburua   idatzi du Esnaolak Alexander Barandiaranekin batera eta Hik Hasik argitaratu du.

 
 
Larraitz Esnaola Illarreta: “Esperimentazioak mundua deskubritzeko aukera ematen dio umeari”

HUHEZIren Hazitegi ikergunearen barruan egin duzue liburu hau Alexander Barandiaranek eta zuk. Nola sortu da, zehazki, liburu hau?

2017-2018 ikasturtean hasi zen dena. Hik Hasik bidaia pedagogiko bat antolatu zuen Reggio Emiliara. Bai Alexanderrek eta baita nik ere bidaia hartan parte hartu genuen. Reggio Emilia ezagutzeko bidaia ederra izan zen hura, eta bertan ikusitakoak, sentitutakoak, bizitakoak… proiektu honi atetxo bat irekitzeko balio izan zuela esango nuke. Garai hartan, ni, master bat egiten hasi berria nintzen HUHEZIn eta beka batzuen berri eduki nuen, horietako batek “Haur Hezkuntzan berrikuntza: materiala espazioan” zuen izena eta zuzendaria Alexander Barandiaran izango zen. Beka eskuratu eta orduantxe hasi ginen elkarrekin, materialen munduan murgiltzen eta sakontzen. Eta hurrengo ikasturtean, proiektuari berari forma eman genion, eskaintza desberdinak ezagutuz, sortuz, material anitzei atea irekiz, espazio desberdinak identifikatuz, helduaren rolaren inguruan hausnartuz… Nire master bukaerako lana ildo beretik bideratu nuen, helburu orokorra honakoa izan zelarik: Haur Hezkuntzako espazioaren, materialaren eta irakaslearen funtzioaren inguruan hausnartzea, esperimentazioan sakontzea eta horrekin lotutako proposamen berritzaile bat diseinatzea, praktikan jartzea eta ebaluatzea. Eta hortik, Esperimentazioan sakonduz, biziberritu liburuari forma ematen hasi ginen.

 

Zer ematen die haurrei esperimentazioak?

Esperimentazioak mundua deskubritzeko aukera ematen dio umeari, bizitzarako behar duena deskubritzen hasten da, besteak beste, egoera desberdinen aurrean kokatuz, erabakiak hartuz, erreakzio anitzak sentituz eta biziz eta beste kideekin harremanetan jarriz.

 

Haur bat makila batekin zarata egiten ari denean, edo izotzarekin, hurrekin, frutarekin… “jolasean” ari denean, ez da ari beraz, denbora galtzen?

Umea inoiz ez da ari denbora galtzen. Umea etengabe ari da esploratzen, bizitzarako ikasten, bai eskolan, bai kalean, bai etxean, bai igerilekuan, bai mendian, bai okindegian… Umeak etengabe esperimentatzen du berezkoa duelako eta horrela ikasten duelako bizitzeko behar duen hori.

 

Helduak ez dio ezer erakutsi behar umeari baina horrek ez du esan nahi heldua umearen garapenetik guztiz baztertu edo aldendu behar denik. Helduak bidelagun rola hartu behar du, umeak bere garapen prozesuan alboan behar du heldua. Ez zer egin behar duen esaten, baizik eta umearen garapena osasuntsua eta aberatsa izan dadin bidelagun rola hartzen eta, ildo beretik, beharrezkoa denean mugak jartzen.

 

Liburuan aipatzen diren proposamenak, proposamen zehatzak dira eta zentzu batekin sortuak izan dira, hau da, umeak eskaintza bakoitzean zer deskubritu dezakeen galdetu diogu geure buruari eta horretarako proposamen zehatzak sortzearen alde egin dugu. Hala ere, jakina da proposamen zehatzak sortzeaz aparte, umeak bere egunerokoan esperimentatzeko joera edukiko duela eta helduak bidelagun papera hartuko badu, bere erantzuna umearen beharren arabera egokitu beharko du. Heldu betaurreko zurrunak kendu eta esperimentaziorako aukera anitzak ikusteko betaurrekoak janztean egon daiteke gakoa. Betiere helburu zehatzak buruan edukiz, esaterako gure buruei galdera hauen antzerakoak eginez: zer deskubritu dezake umeak makilekin? Eta izotzarekin? Eta hurrekin? Eta frutarekin? Eta horien nahasketarekin?... Nola antolatuko dugu espazioa? Nola behatuko dugu?... Horren arabera, proposamenaren berri eman diezaiokegu umeari edo besterik gabe berak ikusteko moduan jarriko dugu eta umearen interesa piztuz gero, esperimentatzeari ekingo dio.

 

Esperimentaziorako proposamenak bildu dituzue liburuan. Zer-nolako materialekin esperimentatzea gomendatzen diezue haurrei?

Gomendioa umeei baino helduei egingo nieke, izan ere, umeek ez baitute gomendiorik behar, berez aukera emanez gero interesa piztu dien horrekin esperimentatuko baitute, beraien senak hala eskatuta. Beraz, nire gomendioa helduentzako litzateke: batetik, esperimentatu material desberdinarekin! Ireki atea materialari, askotariko material horri, material desegituratuari, egunerokoan etxean duzuen materialari, bota behar duzuen horri, egunerokoan erabiltzen duzuen materialari… Bigarrenik, lehenengo esperimentatu zuek! Ukitu materiala, nahastu, sortu, bizi, sentitu… eta, zuek esperimentatu ondoren, orduan bai helburu zehatzarekin egin eskaintza umeei. Kasu horretan, errazagoa egingo zaizue umeak proposamenarekin zer aurkitu dezakeen eta zer prozesu gerta daitezkeen aurreikustea. Hala ere, kontuan eduki gauza bat dela guk aurreikusi duguna eta beste bat umeak berak esperimentatzen duenean gertatzen dena.

 

Haurrak material desberdinekin esperimentatzen hasteko, zer eduki behar da kontuan? Talde handian egin daiteke, ala txikian edo banaka egitea komeni da? Gela barruan ala kanpoan?

Esperimentaziorako proposamenak eskaintzen hasteko lehenengo inguruaren, taldearen, aukeren… inguruko azterketa bat egin beharko dugu. Ondoren, horren arabera eta umeen beharrak kontuan hartuz, eskaintza bat edo beste diseinatzeari ekin beharko genioke, galdera hau buruan edukiz: zer aurkitu dezake umeak proposamenarekin eta zer prozesu gerta daitezke? Hori horrela, proposamenari zentzu bat emanez, umeari esperimentaziorako ateak irekiko dizkiogu.

 

Proposamenak askotarikoak izan daitezke eta guk, liburuan lau multzotan sailkatu ditugu: batetik, “Lurreratzen, materiala bere horretan ezagutzen” multzoa. Bigarrenik, “Bizitasun, manipulazioa aberastasun” izeneko multzoa. Hirugarrenik, “Soiltasunetik bat egitera” izeneko multzoa. Eta laugarrenik, “Gorputza mugituz espaziora zabaldu” multzoa. Multzo bakoitzak badu bere zentzua eta eskaintza aldetik ere ikusiko dugu batzuek akaso talde handian egiteko aukerak eman ditzaketela eta beste batzuk akaso, egokiagoak izango direla talde txikiagotan aurrera eramateko.

 

Gisa honetako proposamenak Haur Hezkuntzarekin lotzen ditugu, baina esperimentazioak haur nagusiagoei zer ekarpen egin diezaieke?

Esperimentazioak haur nagusiagoei ez ezik helduoi ere ekarpen handiak eta ederrak egiten dizkigu. Benetan ederra da esperimentatzeko tarte bat hartzea, materiala ukitu, nahastu, elkarrekintzan jarri, bat bestearen barruan sartu… espero gabeko erreakzioak sortzen dira maiz edo espero gabeko bizipenak bizitzen ditugu. Horregatik diot ederra litzatekeela umeei esperimentatzeko proposamena eskaini aurretik, helduak berak esperimentatzeko tartea hartzea.

 

Kontuan eduki behar dena honakoa da: esperimentazioa ez dela berdina izango bi urteko ume baten kasuan, bost urteko ume baten kasuan edo bederatzi urteko gaztetxo baten kasuan. Esperimentaziorako proposamenak kasu horretan egokitu egin beharko ditugu eta egokitzeko ardura hori helduaren rolaren barruan sartuko da.

 

Zer ekarpen egin diezaieke, beraz, esperimentazioak haur nagusiagoei?

ada, adibidez, mundua beraien bizipenetatik eraikitzen jarraitzeko aukera, beraien aurkikuntza propioak egiten jarraitzeko aukera, besteak beste, loturak eginez, sentsazioei erreparatuz, nahasketa desberdinak eginez, etab. Ildo beretik, egindako aurkikuntzen inguruko informazioa bilatzeko aukera edukiko dute, beraien garuna horretarako prestatzen joango delako eta beraz, esperimentaziotik jaso dutena kontrastatzeko interesa sor diezaiekegulako. Kasu horretan, helduaren rola, bidelagun papera hartzea eta haientzako interesgarria izan daitezkeen proposamenak, eskaintzak, aukerak, baliabideak… eskaintzea izan beharko da.

 

Era berean, gurasoek etxean seme-alabekin erabiltzeko moduko liburua da, ezta?

Bai noski, oso ederra eta aberasgarria litzake etxeetan esperimentaziorako tarteak hartzea eta liburuko ideiak eskoletan ez ezik etxeetan ere kontuan edukitzea. Horregatik diogu bakoitzak bere egoerara, aukeretara… egokitu beharreko liburua dela, eskolara, etxera, mendira, igerilekura, plazara...

Kontuan eduki behar dugu umeei esperimentatzeko gonbita egin diezaiekegula, baina haien erabakia izan behar dela parte hartzea edo ez. Hor sartuko da berriro helduaren rola, hau da, nola antolatuko dut materiala, espazioa… umearentzat interesgarria izateko?