COVID-19arekin BIZItzen ikasten

2020-10-23

Koronabirusari aurre egiteko eskura daukagun prebentzio-neurri garrantzitsua geure buruak banako eta talde gisa babestea da. Ezarritako neurriez gain, elikadura, ariketa fisikoa eta emozioak zaintzeak lagun gaitzake, helduak eta gure haurrak, osasuntsu egoten.

 
 
COVID-19arekin BIZItzen ikasten

 

Zain bezala gaude. Noiz etorriko esperoan. Aiduru. Etortzean, ahalik eta arinen pasatzea espero dugu, eta, batik bat, inguruan izan ditzakegun adineko pertsonak nahiz arrisku taldeetakoak ez kutsatzea. Ari gara koronabirusarekin bizitzen ikasten, eta koronabirusarekin bizitzen ikastea, neurri batean, ziurgabetasunarekin bizitzen ikastea da. Gaur haurrak eskolan daude; bihar, ezin jakin. Gaur ongi gaude; bihar… Ziurgabetasunera egokitzen ari gara, egokitu badaiteke inor, ziurgabetasunera. Baina koronabirusa ez da besoak gurutzatuta harrapatu behar gaituen gaitza, hori ikasi dugu, bederen, martxotik hona; kontrara, giza talde bezala erantzun dakiokeen gaitza da COVID-19a. Hortaz, zer egin genezake koronabirusetik prebenitzeko? Zer dago gure esku?

 

Egoerari tamaina hartzea bera urrats garrantzitsua izan da koronabirusetik babesteko. Hasteko, hobeto ezagutzen dugu —uler bedi, osasungintzako profesionalek hobeto ezagutzen dute—COVID-19a eta bere portaera: koronabirusa gaitz arina da kasu gehienetan. % 50 inguruk sintomarik gabe pasatzen du, % 40 inguruk sintoma oso arinekin, eta % 10ak bakarrik ditu sintoma larriak. “Kontua da —nabarmendu du Felix Zubia Donostia ospitaleko Zainketa Intentsiboen Unitateko medikuak— , hain kutsakorra izanik, kasu larriak ugaldu egiten direla, heriotzak eraginez, eta osasun sistema gainezka jarriz”. Hori izan zen martxo, apiril eta maiatzean bizi izan genuena. Baina aurreikusi ote liteke zein kasu izan litekeen arina eta zein larria?, galdetu diogu ZIUko medikuari: “Ez dakigu garbi nork garatuko duen gaixotasun larria. Adinekoek arrisku handiagoa dute, obesitatea dutenek, eta bestelako gaixotasun batzuk dituztenek ere bai: tentsio altua, loaren apnea, zirkulazio arazoak, biriketako arazoak… Badakigu birusa proteina bat erabiliz sartzen dela zeluletara, eta gaitz horiek dituzten pertsonek proteina hori maila altuagoan dutela”. Hala ere, badira pertsona osasuntsu, nahiko gazteak, kasu larriak jasan dituztenak. Hori  ikertzen ari dira, eta medikuak azaldu duenez, lehen aztarnek diote immunitatearen, defentsen eragina litzatekeela: “Pertsona horiek immunitatearen arazo bat izango lukete, birusen aurka lan egitea galaraziko liokeena. Arazo horien jatorria ez dugu ondo ezagutzen, baina herentziazkoa izan liteke askotan, kontra egiteko zaila”.

 

Haurrak: kasu arinak,
neurri zorrotzenak

Zazpi hilabete daramatzagu koronabirusarekin eta koronabirusaren aurka bizitzen. Zubiak, osasungintzako ehunka profesionalek bezala, lehen lerrotik bizi izan du pandemia. Eta hainbat irakaspen atera dituzte esperientzia lazgarri honetatik. “Birus hau berria da, ezezaguna, eta esperientziaz ikasten ari gara, askotan pauso okerrak emanaz ere bai”. Hasiera hartan fokua haurrengan hainbeste ezartze hori izan da hutsetako bat;  martxoan uste zen, edo bederen hala zabaldu zen komunikabideetan, haurrak beste giza taldeak baino birus-eroalegoak zirela, baina gerora ebidentziek erakutsi dute ez dela hala; denborak erakutsi du, baita ere, haurrengan ez duela eragin latzegia COVID-19ak, eta haur gehienek sintoma gabe pasatzen dutela gaixoaldia. Hala ere, eurak izan dira neurri zorrotzenak pairatu dituztenak, eskolak eta jolastokiak eurei itxi zitzaizkien lehendabizi, eta helduak lanera eta erosketak egitera irten zitezkeen bitartean, konfinaturik luzeen egin zutenak izan ziren. Zubiaren aburuz, haurrekiko eta helduekiko harturiko erabakiak ez dira orekatuak izan: “Lehen unetan beste birusekin izandako neurriak aplikatu ziren, eta eskolak ixtea erabaki zen, haurrak birusa hedatzeko gaitasun handia zutela uste zelako. Hor burugabekeria batzuk ere egin ziren, eskolak itxi zituzten egunean pintxo potea izan zen, adibidez. Edo haurrak etxean itxita denbora gehiegiz mantendu ziren, helduak kalean genbiltzan bitartean. Ondoren ikusi da haurrek  ez dutela gaixotasun larririk garatzen, eta euren kutsakortasuna ere ez dela helduena baino handiagoa”.

 

Sei hilabete itxoin behar izan dituzte, kasu gehienetan, ikastetxeetara itzultzeko. Eta itzuli ere arau zorrotzekin itzuli dira, maskarak, distantziak, tenperatura-hartzeak, gauzak ezin partekatuta, burbuilak… Hezkuntza-komunitatea birusaren hedapena saihesteko egiten ari den ahaleginak errespetua merezi duela uste du Zubiak: “Ikusi da eskolen eragina ere ez dela uste zen bezainbestekoa. Ikasturtea hasi da, eta neurri zorrotzekin. Estres handiarekin, bai irakasle, ikasle eta gurasoentzat, eta aitortza osoa merezi dute”. Momentuz, medikuak zehaztu duenez, ez da kasuen gorakadarik izan ikasturte hasierarekin, eta haurretik haurretara kutsatutako kasuak oso bakanak izan dira. Ikusi da, baita ere, kasurik gehienak irakasleek beste nonbait hartuak izan direla, “edo haurrek beste tokietan, eskoletan baino askoz gehiago”. Medikuak nabarmentzen du gizarte osoaren ahaleginarekin batera joan behar duela hezkuntza-komunitatea egiten ari den lana, “ikastetxeak ez dira irla, jendarte batean dauzkagun pertsona taldeak baizik. Eta eskolak babesteko neurririk onena haietatik kanpo egiten dugunean dagoela, egunerokoan. Egunerokoan neurriak ondo betetzen baditugu, eta kalean kutsatzeko arriskua baxua bada, eskoletara kasu gutxiago iritsiko dira, eta bertako arriskua ere asko jaitsiko da. Eskoletako neurri zorrotzak alferrikakoak dira, gero kalean beste era batetara bagabiltza”.  

 

Ikastetxeetan ezarritako neurri zorrotzetatik aparte,  eta COVID-19az ikasitakoa mahai gainean jarrita, norbanako bezala, zer egin dezakegu guraso edo komunitateko kide bezala, koronabirusa prebenitzeko?, galdetu diogu medikuari:  “Behin aurrekoa esanda, osasun egoera ona izateak beti lagunduko digu, gizentasunari kontra eginez, elikadura zainduz, estresa baztertuz eta ariketa fisikoa eginez. Ez dira formula magikoak baina, eta herentziaren eta genetikaren eragina ezin dugu ahaztu”. Horra bada, gure osasunaren mesedetan, zaindu ditzakegun hainbat alderdi: elikadura, estresa eta ariketa fisikoa egitea, “ondo zaindu behar ditugu, gure esku daudelako”. Hala ere, neurri horien eragina “mugatua” dela adierazi du medikuak, “nahiz eta beti izango diren lagungarri”.

 

Gaitz infekziosoen aurrean immunitate-sistema indartsu izateak ere laguntzen du, eta zehazki COVID-19aren kasuan ikusi da gazte eta osasuntsu zeuden kasuetan gaixoaldi larriak jasan dituztenean, eskuarki, immunitatearen arazo bat izango luketela pertsona horiek, ikerketen lehen aztarnen arabera, birusen aurka lan egitea galaraziko liekeen arazoa. Izan ere, immunitate-sistemaren egiteko nagusia kanpoko birusei aurre egitea da. Eta immunitatea indartzeko bideak badaude egon, elikadura esate baterako, baina beste behin, medikuaren arabera, oraindik ez dago “hain garbi” honek koronabirusaren aurka egin lezakeenik: “Immunitate-sistema infekzio eta bestelako egoera arriskutsuetatik babesten gaituen sistema bat da. Immunitate-sistemak bi atal ditu, bata naturala edo orokorra deitua, bestea berezitua edo espezifikoa. Immunitate naturala edozein arriskuren aurka lan egiten duen lehen lerroa da, azkarrena, birusa edo bakterioa gorputzera iritsi orduko. Arrisku guztiei aurka egiten die, baina indar mugatua du. Honekin batera immunitate berezitua hasten da martxan, linfozitoek gidatua, egun batzuk behar dituena. Sartu den bakterio edo birus horren aurka bereziturik lan egiten dute, antigorputzak sortuz, eta linfozito 'hiltzaile' berezi batzuk. 5-7 egun behar dira hasteko, eta 15 egunetara daude indartsuen. Behin gaitza pasata, batzuk gorputzean irauten dute, eta berriz ere mikroorganismo bat badator, honen aurka lan egiteko berehalako gaitasuna izango luke”. Zubiaren arabera, immunitatean faktore askok eragiten dute. “Batzuk berezkoak dira, genetikoak, aldaera ezberdinek erantzun ezberdinak eragiten dituztelako. Hori konpontzea ezinezkoa da, gure ezaugarri bat delako, altuera edo ilearen kolorea bezalakoa”. Beste faktore batzuk ere eragiten dute, ariketa fisikoa egitea, elikadura, estresa… “baina horien eragina mugatua da”.

Ezarri diren neurrien artean maskararen erabilera ere “beti lagungarria” dela nabarmendu du Zubiak. Hego Euskal Herrian 6 urtetik gorako haurrek derrigor erabili behar dute maskara —Nafarroako ikastetxeetan 3 urtetik aurrera leku komunetan derrigorrez erabili behar dute—, baina Ipar Euskal Herrian 11 urtean ezarri dute langa. Gakoa, Zubiarentzat, maskara ongi erabiltzean dago: “Kontua da zenbat urtetatik aurrera eraman dezakeen haur batek maskara ondo, etengabe kendu, ukitu edo mugitu gabe. Maskara eranzten badugu, ukitu, busti edo hautsi, bere eraginkortasuna galduko luke. Aditu batzuk 6 urtetan jarri dute muga, Lehen Hezkuntzan, beste batzuk Bigarren Hezkuntzan”.

 

Eskola-atari askotako hausnarketagia da musukoaren erabilera, haurrek egun osoan jantzi beharra izateaz kexu dira guraso batzuk, arnasketa zailtzen duelako edo lagunen aurpegiak ikusi ezin dituztelako, ondoeza eragin dezake haur batzuentzako. Horri erantsi behar zaio, gainera, lagunen arteko distantziak mantendu beharra, gauzak partekatu ezina, lagunak ukitu ezina… estresa eta ezinegona sor dezakete babes-neurri behar luketenek haurrengan eta euren familiengan, eta nola ez, irakasleengan. Protokolo bidez ezarri diren babes-arauetatik etor litekeen estres horri neurria jartzea hobesten du medikuak, hori ere koronabirusaren prebentzio izan baitaiteke.  “Egia da haur eta gurasoentzat, irakasleentzat bezala, egoera estua dela, estresa eragin lezakeena, eta estutasun hori murrizteak beti lagunduko digula. Ez dira gaitzaren aurkako formula magikoa, baina egoera hobeto eramaten lagunduko digutela”. Sor litekeen estres hori konpentsatzea baliozko jotzen du medikuak: “Egin beraz familian jarduera eta ekintzak, eremu irekietan ahal dela, ariketa fisikoa eginez, eta elkar goxatuz”.  

 

Beldurretik erantzukizunera

Estresarekin batera, beldurra pasa diegu, kasu askotan, haurrei. Eta estresak bezala, beldurrak ere gure osasun-egoeran eragiten duela dio Zubiak, baina zehaztu du, batik bat, bizipenetan eragiten duela, “birusari aurka egiteko gaitasun zuzenean baino”. Beldurrak ez dio batere mesederik egiten gure osasunari, eta are gutxiago koronabirusaren prebentzioari. Gaitzaren inguruko informazioa beldurretik eta alarmatik ez eta erantzukizunetik eta arduratik eman behar dela uste du ZIUko medikuak: “Koronabirusaren pandemian informazioa modu desegokian eman da. Egoera larria da, baina etengabeko informazioak, askotan sentsazionalistak, ez du inongo onik egiten. Horren aurka, heziketa egokia eman behar diegu, arriskua gizartean dagoela ikusaraziz, elkar zaindu beharra daukagula, eta guk hartzen ditugun babes neurriak denontzat onak direla ikusaraziz”.

 

Elikadura, estresa eta ariketa fisikoa sustatzearekin batera, eta  familian jarduerak eta ekintzak eremu irekietan egiteaz gainera, eta elkar goxatzearekin batera, familiek baditugu geure eskura gure eta gure seme-alaben osasuna zaintzeko hainbat gako. Ebidentziak eskuetan, hiru gako nabarmentzen ditu Felix Zubia medikuak: batetik, eta batez ere, bizi dugun garai hau elkar zaintzearen beharra irakasteko oso egokia dela azpimarratzen du: “Denok gara ahulak, denok dugu elkar zaintzeko premia, indartsuenak ere besteen beharra dauka. Irakaspen hau zuzenean bizitzen ari gara, eta gure seme-alabei erakutsi behar diegu”. Horrekin batera, koronabirusa “jendarte baten gaitza” dela azpimarratu du: “Ez da banakako gaitza, eta denon artean kontra egin behar diogu. Geurekoikeria da koronabirusaren lagunik handiena”. Bigarren gakoa, osasun-neurrien irakaspenean ikusten du Donostia ospitaleko medikuak: “Eskuen garbitasuna, distantziak eta babes neurrien garrantzia. Babes neurriak ez dira nire burua babesteko neurriak, elkar babesteko neurriak baizik, eskuzabaltasun neurriak dira. Errua, kulpa alboratu, eta ardura erakusteko oso momentu egokia da”. Hirugarrenik, ohitura osasuntsuak hartzearen garrantzia nabarmentzen du, “birusaren aurka baino gehiago, bizi guztirako lagungarri izango ditugulako: ariketa fisikoa egitea, estresa kanporatzea, elikadura egokia izatea, ingurugiroa zaintzea… baina berriz diot, talde moduan askoz gehiago, geurekoikeriaz baino”.

 

Taldean dago, Donostia ospitaleko Unitate Intentsiboko medikuaren aburuz, koronabirusari aurre egiteko giltza: “Gogorarazi nahi nuke epidemia edo pandemia baten aurrean talde moduan emandako erantzuna dela garrantzitsuena, eskuzabaltasunez, elkar babesteko neurriak behar ditugula, geure burua bakarrik babestean pentsatzea baino. Musukoa erabiltzea, distantzia mantentzea, leku itxietan jende multzo handiak ez elkartzea, eta bestelako neurriak, denon onerako hartutako neurriak dira, elkar babestekoak. Guraso naizenez, haurrei elkartasuna eta ardura erakusteko une egokia dela uste dut, gure ingurua hobetzeko balioko diguna, arlo guztietan”.

 

 

Libe Garmendia, dietista-nutrizionista

 “ZEIN OSASUN EGOERAK LAGUNDUKO
LIGUKEEN PENTSATU BEHAR DUGU”

 

Elikadurak lagundu al dezake gure gorputza sendotu eta gaixotasunei aurre egiten?

Bai, lagundu dezake. Immunitate-sistemaren funtzio nagusienetako bat birusei, bakteriei eta beste patogenoei aurre egitea da. Elikadura egokia jarraitzeak immunitate-sistema indartsu mantentzen laguntzen digu, eta horregatik, oso garrantzitsua da elikadura osasuntsua jarraitzea.

 

Esan liteke, COVID-19aren aurrean elikadura osasuntsua prebentzio-neurri izan litekeela?

Elikadura osasuntsua jarraitzeak ez digu COVID-19az prebenitzen lagunduko, baina gaixotasunari indartsuago aurre egiteko aukera gehiago izango dugu, immunitate-sistema indartsuago daukagulako. Beste modu batera esanda, elikadura ez osasungarria jarraitzen dutenen kasuan gaixotasunari aurre egitea gehiago kosta dakieke.Hala ere, elikaduraz gain, badira beste faktore batzuk immunitate sistemari modu negatiboan eragiten diotenak; deskantsu falta, estresa, hesteetako mikrobiotaren disbiosia, sedentarismoa, alkohola, tabakoa, pisu osasuntsuan ez mantentzea…

Azken datuen arabera, obesitatea duten pertsonek COVID-19a modu larriagoan garatu dezakete eta tratamenduari okerrago erantzun. Zehazki, ikerketek diote, obesitatea arrisku-faktorea dela ospitaleratzeko, ZIUn ingresatzeko eta ondorio larriagoak izateko.

Zer-nolako elikagaiek lagunduko ligukete gure gorputza eta sistema sendotzen? Zein elikagai saihestu beharko genituzke?

Haur txikienen kasuan, ama esnea da immunitate-sistema sendotzen laguntzen duen elikagai nagusia. Ama esneak dituen osagai ezberdinek haurraren beharrei erantzuteko modu sinbiotikoan lan egiten baitute.

 

Zein elikagaik lagunduko liguketen baino gehiago, zein osasun eta nutrizio egoerak lagundu diezaguketen pentsatu behar dugu. Te berdea edo zuria, kurkuma eta piperbeltz espeziak, baratzuria, brokolia… Elikagai horiek gure immunitate-sistema indartzen lagundu diezagukete maila apalean. Hala ere, elikadura maila orokorragoan ikusten saiatu behar gara. Elikagai konkretuei begiratu beharrean, elikagaien taldeei begiratu behar diegu. Modu orokorrean esanda, gutxienez bost pieza fruta eta barazki kontsumitzea komeni da, horiek kolore ezberdinetakoak aukeratzen baditugu, antioxidatzaile ezberdin gehiago lortuko ditugu. Aukeratzen ditugun zerealak (arroza, pasta, ogia) integralak badira hobe eta lekaleak, fruitu lehorrak eta haziak kantitate egokian kontsumitzea gomendatzen da. Animalia jatorriko proteinei dagokienez, batez ere haragi gorriak eta prozesatuak ekiditea komeni da.

Bestetik, gure immunitate-sistema indartsu egoteko, elikagai batzuk saihestea edota ahalik eta gutxien kontsumitzea gomendatzen da. Talde horretan sartzen dira oso prozesatuak diren elikagaiak (opilak, hestebeteak, freskagarriak, litxarreriak…) eta alkohola. Horien kontsumo altua sistema kardiobaskularraren-tzat kaltegarria izateaz gain, heste mikrobiotarentzat ere kaltegarria da. Izan ere, elikadurak, eta gure bizi ohiturek, gure mikrobiota alda dezakete. Hau da, bakterioen espezieen arteko proportzioak alda daitezke, eta honek gure hesteetako mikrobiotaren disbiosia eragin dezake, infekzioak izateko arriskua handituz.

Bestalde, hainbat bitamina eta mineralek gure immunitate-sistemaren funtzionamenduan parte hartzen dute; kobrea, burdina, selenioa, zinka, A, B6, B12, C eta D bitaminak. Gehienetan horien beharrak asetzeko suplementazioaren beharrik ez da izaten. Gainera, kontu handiz ibili behar gara, bitamina eta mineralak kantitate altuetan hartzean, horien absortzioa gutxitu eta efektu guztiz kontrakoa lortu baikenezake.

 

Karmelo Bizkarra, mediku higienista

“OSASUNAREN ALDE JOAN BEHAR DUGU EZ GAITZAREN KONTRA”

 

 

Zuhaizpe osasun-etxeko zuzendari eta mediku higienista Karmelo Bizkarrarentzat COVID-19aren krisiak agerian jarri du bizimodu aldaketa bat behar dugula. Berak erroetara begiratzen du gaitzen aurrean, gaixotasunaren erroetara eta gure erroetara, arbasoek osasuna indartzeko —"osasuna sortzeko" dio berak—baliatzen zituzten bost gakoak aldarrikatzen ditu prebentzio-neurri gisa: elikadura, natura, arnasketa kontzientea, emozioen adierazpena eta mugimenduaren eta atsedenaren arteko oreka. "Une honetan inoiz baino beharrezkoagoa da osasunaren alde egitea", dio medikuak, eta, horretarako, paradigma aldatu behar dela uste du: "Ez da gauza bera gaixotasunaren sintomak tratatzea, edo osasunaren errora joatea. Horretarako, konpromiso pertsonal bat behar da, ez botika bat. Norbera arduratu behar da bere osasunaz. Osasunaren alde joan behar dugu; ez gaitzaren kontra. Ezin gara mikrobio ehiztariak izan, mikrobioak bizitzaren parte direlako".

 

Haurren emozioetan arreta berezia jartzeko deia egiten du une hauetan, koronabirusetik babesteko ezarri diren neurriek, hala nola, maskarek eta distantziek, ez baitute haurren berezko borondatearekin bat egiten: "Une honetan ez gara uzten ari umeei ume izaten, berezkoa duten bat-batekotasuna adierazten uzten, eta horrek ondorioak izango ditu. Nire ustez, oso kezkagarria da haurrek irakasleen eta lagunen irribarreak ez ikustea, elkarren artean aurpegiak ez ikustea, elkar ez ukitzea, ez besarkatzea… Ukimena da jaiotzean garatzen dugun lehen zentzumena. Haur jaio berriarentzat janaria eta ukimena parekoak dira. Kontaktua ezinbestekoa da gizakiontzat eta, are gehiago, umeentzat". Halaber, hausnarketarako ohartarazpen bat egiten du, maskararen erabilera dela-eta: “Mediku gisa ulertzen dut musukoak ospitaleko ingurunean erabiltzea, kirofanoan edo unitate infektokutsakorretan, eta baita gaixo dauden pertsonek erabiltzea ere. Baina heziketa-guneetan erabiltzea ez zait egokia iruditzen, are gehiago, kutsatze-moduen eta bektoreen inguruan zalantzak argitasunak baino gehiago direnean. Derrigorrez, musukoarekin ahotik arnastuko dute haurrek, eta sudurretik arnastean, orri-fluxu gisa sartu beharrean fluxu zurrunbilotsuan sartuko da airea eta horrek, ondorioz, aire gutxiago arnastea esan nahi du, eta beraz, oxigeno gutxiago. Oxigeno gutxiagok argitasun mental gutxiago eta kontzientzia gutxiago esan nahi du”.

 

OMEk ohartarazten du 6 urtetik 11 urtera bitartean, maskara ezarri hala ez erabakitzeko, kontuan eduki behar dela musukoak ikaskuntza-prozesuan eta garapen psikosozialean izan ditzakeen eraginak. OMEk eta UNICEFek 12 urtetik aurrera gomendatzen dute maskara erabiltzea.

 

Osasuna sortzeko bost gako

Elikadura zaintzea
Bizkarraren aburuz, elikadura txiki-txikitatik zaintzea beharrezkoa da. "Frutak eta barazkiak jan behar ditugu, lurra eta eguzkiaren energiaz beteta daudelako. Kolorea jan behar dugu, antioxidatzaileak hor daudelako". Bizkarrak "barra koderik ez duten elikagaiak" gomendatzen ditu.

Naturarekin kontaktuan
"Gu ere lurra, ura, airea eta argia gara, eta inportantea da elementu horiekin kontaktua izatea. Lurrean oinutsik ibili, hondartzan jolastu, basoan ibili, arnastu, ura edan eta urarekin jolastu, bainatu, eguzkia hartu. D bitamina jasotzen dugu eguzkiaren bidez".

Arnasketa kontzientea
"Egunero une bat hartu beharko genuke arnasketa kontzientea egiteko. Mendira atera gaitezke arnastera, airearen energia jasotzera. Arnasa lasai hartzen badugu gure emozioak ere baretzen dira. Eta burua ere lasaitu egiten da".

Emozioen adierazpena
"Beldurrak, amorruak, tristurak, pozak… Eskolak adierazpen emozionala lantzeko ere izan behar luke, eta haurrari bere gaitasunak garatzen laguntzeko. Hitzez adierazten ez duguna, beste modu batzuetan adierazten dugu, okerrenean gaixotasunaren bidez.
Bizi ditugun garai arraro hauetan, haurrek, belakiak bailirain, helduen beldurrak xurgatu dituzte, eta beldurrak, besteak beste, eragin okerra du immunitate-sisteman. Ostera, haurrek konfiantza sentitzen badute, beraiek ere konfiantzaz bizi dira. Une honetan kanpoan dagoen beldurra sentitzen ari dira”. Bizkarraren aburuz, orain bizi ditzaketen emozio zailak ongi kudeatu ezean, “epe motzean” osasun-arazoak ekar ditzake: asma, dermatitisa, digestio-arazoak… “Gaixotasunak eta emozioak estuki lotuta daude. Beldurrak eragin zuzena dauka immunitate-sisteman: kortisol eta adrenalina tasak igotzen dira, eta linfozitoak eta antigorputzak murrizten dira. Dena den, haurrek euren gorputza erregulatzeko gaitasun handia daukate eta babesten baditugu, inkontzientea den euren barne jakinduria hori berez aktibatzen da. Gure gorputzak berez osatzeko gaitasuna dauka trabarik jartzen ez diogunean, eta umeengan bereziki eraginkorra da hori. Osatzea, askotan, trabak kentzea da”.

Mugimenduaren eta atsedenaren arteko oreka
"Mugimendua, ekintza, kirola, dantza behar dugu, baina baita atsedena, lasaitasuna, loa. Egunean zehar prozesatu ez duguna, gauean prozesatzen dugu, askotan ametsen bidez. Pentsamenduei ere atseden ematen ikasi behar dugu".