Sei hilabetez eskolara joan gabe, hainbat ikaslek euskararekin ez dute batere harremanik izan. Zer egin daiteke irailean?

2020-09-21
 
 

IÑAKI EIZMENDI

Euskararen erabileran eta transmisioan aditua

ARRATE GISASOLA

Euskararen erabileran eta transmisioan aditua

 

Denok dugu argi ikasturte hasiera berrian ikastetxeetan euskararen erabileraren gaia erronka handia izango dela. Hainbat ikastetxeren testuinguruetan, martxotik irailera, ikasleek euskara entzuteko eta erabiltzeko aukera gutxi izan dute: gurasoek ez dakitelako, inguruan presentzia txikia duelako, eskura egon daitezkeen baliabideak ez direlako erabiltzen (telebista, musika…) eta abar.


Horren eragina edo ondorioa hainbat modutara agertu daiteke. Besteak beste:
- Lortutako gaitasunean atzera egitea, bereziki erabiltzeko gaitasunari dagokionez.
- Kideekin euskaraz aritzeko zailtasun handiagoa izatea, eskolaz kanpo beraien arteko harremanak erdaraz finkatu direlako.
- Euskara erabiltzeko gogo gutxi izatea eta jarreretan eragina izatea, ahalegin bat eskatzen dielako eta denbora tarte luze batean erabili gabe egon direlako.


Ikasturte hasiera honetan ikasleek egokitzapen bat egin beharko dute etenaldi luzearen eta egoera honetan agertutako arau berrien ondorioz. Egokitzapen horretan emozioak eta harremanak landu beharko dira, eta horrekin guztiarekin lotuta euskararen erabileraren eta euskararekiko jarreren gaia zaintzea ere oinarrizkoa izango da. Zailtasunak zailtasun, egoera berriak hizkuntza ohitura aldaketak sortzeko aukera ere badira; beraz, euskaraz egin esatetik euskaraz egiten laguntzera pasatzeko aukera baten aurrean aurki gaitezke.


Erronka horri begirako proposamen batzuk egiten dizkizuegu. Hainbat irakaslerentzat ezagunak dira, baina ikasturte hasiera honetan ondo zaintzea eta ahalik eta arlo gehienak garatzea garrantzitsua izango da.

Irakasle guztiok koordinatuta eta antzeko jokabidearekin: izan gaitezen hezitzaile berritsuak
Banakoekin elkarrizketa asko sortzea eta beraien arteko elkarrizketetan eragitea proposatzen dizuegu. Erabilerarekiko jarrera oso aktiboa izan behar genuke irakasleok.


Komeni da ikasleek jakitea euskara erabiltzea nahi dugula eta ahalegina eskatuko diegula. Euskara ondo ikasteko ezinbestekoa da erabiltzea eta horretan laguntzea gure ardura denez ahalegin hori eskatuko diegu. Mezuak eta tonua ondo zaintzea komeni da, baina ahalegin eskaerak esplizitua eta argia izan behar du.


Horrekin batera ikasle eta irakasleen arteko harremanak sendotuz laguntza eskaini diezaiekegu: banakoekin elkarrizketa asko sortu eta beraien arteko elkarrizketetan eragin.
- Irakasleokin duten harremanak izan behar luke lehendabiziko arnasgunea. Egoera formalak eta ez formalak erabil ditzakegu elkarrizketak sortzeko.
- Ikasgelan edo ikasgelatik kanpo beraien elkarrizketetan parte hartzea garrantzitsua da. Gure jarrera aktiboa bada ziur hainbat egoera sortuko direla elkarrizketetan eragiteko. Horretan ari garenean argi adierazi euskaraz egitea nahi dugula eta laguntzeko prest gaudela.


Oinarrizko estrategia da. Beste proposamenen eragina askoz handiagoa izango da hezitzaile berritsuen jarrera hartzen badugu eta irakasle guztiok berdintsu jokatzen badugu.


Guraso berritsuei buruzko azalpen eta adibide gehiago ondoko gida honetan aurkitu ditzakezue: http://www.emangiltza.eus/e-liburuak/Gu_Bai_Hezitzaile_Berritsuak/mobile/index.html

Eskaini gune edo jarduera babestuak
Euskara asko erabiltzen lagundu nahi diegunez, gune babestuak eskaintzeak hori erraztuko digu. Jarduera ludikoak izan daitezke edo arloarekin lotutakoak. Baina guztiek ezaugarri komun bat dute: jarduera aurrera eramateko euskara erabiltzea ezinbestekoa izatea.


Adibidez, “Arkatza erdira” dinamika kooperatiboan, ezer idatzi aurretik ikasleen artean zer idatziko duten adostu behar dute. Egoera horretan hizkuntza erabiltzea ezinbestekoa da. Edo Haur Hezkuntzan, adibidez, txokoei begirako jarduerak proposatzen badizkiegu, horietan hizkuntza errutina batzuk txertatzen baditugu eta zenbait saiotan beraiekin arituz horiek barneratzen laguntzen badiegu, askoz errazagoa izango da jarduera horietan euskara finkatzea.


Kontuan izan:
- Hainbat ikasleri elkarri euskaraz egitea zaila baino gehiago arraroa egiten zaie. Beraien arteko harremana erdaraz finkatuta dago.
- Eskola-orduetan euskaraz egiteko eskatzea ez da nahikoa, eta taldetxoetan hizketan aritzeko egoerak sortzeak ere ez du bermatzen euskaraz aritzea. Jardueraren ezaugarrietan bertan sartzea komeni zaigu euskaraz aritzearen helburua eta beharra.
- Zenbat eta arlo gehiagotan eta maiztasun handiagoarekin egin, orduan eta errazago eta erosoago egingo dute. Aldiz, zenbat eta gutxiago egin, orduan eta zailagoa izango da beraien artean euskaraz egitea.


Honetan ere irakasleen jokabidea funtsezkoa da:
- Hezitzaile berritsuak proposatzen dizuegu. Jardueran ari diren tartea baliatu behar genuke taldez talde ibiltzeko, elkarrizketak sortzeko, laguntzeko, ahalegina eskatzeko eta errefortzu positiboak emateko.


Ezaugarri horiek dituzten hainbat jarduera aurkitu ditzakezue ondoko gune honetan: www.ebete.eus/hezitzaile-berritsuak

Ahozkoari eta girotze lanari inoiz baino leku handiagoa eman, bereziki lehen asteetan
Iraileko lehen asteetan ikastetxea euskararentzat arnasgune bat izan dadin ahalegin berezia egin dezakegu. Ohiko dinamikari baino gehiago, talde izaera lantzeari eta etenaldi luzearen ondoren eskolako dinamikara egokitzeari helduko zaio hainbat ikastetxetan, eta hor ahozkotasuna eta euskararen erabilera zaindu ditzakegu. Egokitzapen horretan euskararen erabilerak ardatz nagusietako bat izan behar du.
Besteak beste:
- Hizkuntza-jolasak antolatu ditzakegu, hizkuntza-errutinak dituzten dinamikak, ginkanak edo bestelakoak.
- Abestu eta euskarazko musika jarri dezakegu.
- Mahai-inguruak antolatu ditzakegu eta horietan euskaraz egin dezaten neurri batzuk hartu: hitza hartzeko euskarri bat elkarri pasa beharra, moderatzaileak jartzea eta abar.
- Atseden-tarteak girotu ditzakegu eta jarduera dinamizatuak antolatu: hizkuntza errutinak dituzten kirol-jolasak, mahai-jokoak eta abar.
- …
Modu honetako hizkuntza-murgiltze ahaleginak hainbat ikastetxetan egiten dira lehendik ere. Baina egiten ez diren lekuetan ere ideiak eta erreferentziak aurkitzea erraza da: zer egiten da euskararen astean? Zer Korrikaren edo Euskaraldiaren inguruan? Horietatik baliagarriak zein diren ikusi eta iraileko lehen asteetan egiteko egokitu daitezke.

Motibazioa oinarri duten jarduerak ere lagungarriak izan daitezke
Motibazioa oinarri duten jardueren bidez bi helburu lor daitezke:
- Ikasleek denbora tarte batean euskara gehiago erabiltzeko ahalegin kontzientea egitea eta gustura aritzea.
- Ikasleekin hizkuntzak ikasteari buruz eta euskararen erabilera buruz hausnartzea.

Ikasturte hasiera une oso egokia izan daiteke euskara gehiago erabiltzera begirako jarduerak sortzeko: botila urez betetzea, sugea, Argitxo… Baina oso argi izan:
- Jarduera horiekin ez ditugu hizkuntza-ohiturak aldatuko.
- Ongi erabiltzen direnean ondorio oso positiboak izan ditzakete, bereziki jarreretan.


Irakasle taldea hezitzaile berritsu moduan ari bada, ahozkoa lantzeko egoera babestuak sortzen badira eta girotze lana egiten ari bagara, modu honetako jarduerak txertatzea oso baliagarria izan daiteke: euskara gehiago erabiltzeko benetako ahalegina egiten badute eta horri errefortzu positiboak ematen badizkiogu, erabilerari begirako giro egoki bat sortzen lagunduko digu ikastetxean.


Horretaz gain, hausnarketak ere egin ditzakegu ikasleekin: eleaniztasunari buruz, hizkuntzekin dugun harremanari buruz, euskararen erabilerari buruz eta abar. Horri begirako jarduera asko sortu dira azken urteetan. Adibidez: Tribuaren Berbak ETBko programan oinarritutako sekuentzia didaktikoak http://klasikoa.eimakatalogoa.eus/20962/tribuarenberbak/lan-koadernoak.html

Errefortzu-programak eskaintzeko aukera izanez gero, askoz hobe
Etxealdian eta udako opor garaian zenbait ikastetxe eta udalerritan euskara errefortzu-programak eskaini dira. Online bidezko programak izan dira eta haur eta nerabeekin, gehienetan taldetxoetan, mintzapraktika saio ludikoak egin dira. Modu horretan euskara erabiltzeko aukera izan dute bestela edukiko ez zuten hainbatek.


Iraila ere oso garai egokia izan daiteke modu horretako programak eskaintzeko:
Eskolak goizez soilik izaten dira eta ez dute eskola orduz kanpoko jarduerarik. Beraz, arratsaldetan eta astean bi aldiz edo, mintzapraktika saioak egin daitezke.
- Eskolara joateko aukera baldin badute, online bidez programa osagarri bat eskaintzea aproposa izan daiteke. Etxealdi garaian hori zalantzan jarri izan da lehendik ere guztia online egiten ari zirelako, baina irailean ez bada horrelako egoerarik ematen, une egokia izan daiteke.
- Etxealdiaren eta oporren ondoren euskarara gerturatzeko eta erabiltzeko gaitasuna berreskuratzeko tresna oso ona izan daiteke. Modu honetako jarduera bat antolatu nahi bada, herriko eragileekin elkarlana bilatzea izan daiteke bide bat.

Familiei ere azaldu beraien ardura eta eskaini baliabideak
Irakasleon ardura da ikasleei euskara gaitasun on bat garatzen laguntzea, baina ez da soilik irakasleon ardura: gizarte osoaren ardura ere bada, baina bereziki familien ardura. Beraiei komeni zaie seme-alabek euskara ere ondo bereganatzea: ikasketak aurrera ondo eramateko beharrezkoa da eta gizarteratze bidean seme-alabei abantaila asko eskaintzen dizkie (sozialak, kulturalak, laboralak…).

Guraso askok hori oso argi dute, baina agian oraindik kosta egiten zaigu hori argi azaltzea. Beraz, gurasoei ardura hori har dezaten ere eskatzea proposatzen dizuegu, baina hori egin dezaten laguntza ere eskaini behar genieke: familiek euskararekiko jarrera aktiboa izan dezaten nahi dugu, baina hori lortzera begira mezu egokiak ematea lortu behar dugu bai eleaniztasunari buruz, bai euskaraz ikasteari buruz eta baita euskararen erabilerari buruz ere. Are gehiago, norabide horretan lagundu diezaguten tresnak emango bagenizkie, askoz hobe.

Bide horretan guraso elkarteen laguntza izan dezakegu eta ikastetxe batzuetan gurasoen Euskara Batzordeen laguntza ere bai. Baina horien babesa ez dugunean ere, gutxienez guraso bilerak erabil ditzakegu hori transmititzeko. Horri begira ondorengo gune honetan hainbat proposamen aurkitu ditzakezue: www.guraso-berritsuak.eus

Eskola orduz kanpoko jardueretan, euskarazkoak sustatu
Ikastetxeetan garrantzia handia eman behar litzaieke eskola-orduz kanpoko jarduerei: bai ikastetxeetatik antolatzen direnei baina baita udal, elkarte edo klubek antolatzen dituztenei ere.
Jarduera horiek taldeka egiten dira, epe ertain edo luzekoak izaten dira eta dinamizatuak dira. Euskara zaindu eta sustatzen denean, eragin handia izan dezake parte-hartzaileen hizkuntzagaitasun, jarrera eta ohiturei begira. Baina, era berean, jarduera horietan ez denean euskara zaintzen, eragin handia izaten du beste norabidean.

Norabidea eskola-orduz kanpoko jarduerak ere D eredukoak izatea da:
- Zaindu eskolatik eskaintzen diren jardueretan euskara zaintzen dela eta erabilera sustatzen dela.
- Eskolatik kanpoko jarduerei begira euskarazkoetan izen-ematea sustatu: familiei horren garrantzia adieraziz eta inguruan zein aukera dituzten helaraziz.
- Udal, elkarte eta klubei elkarlana eskaini eta ardura eskatu.