LAB, ELA, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek greba deitu dute hilaren 15erako

2020-09-10

"Aurrez aurreko itzulera segurua bermatzeko neurri eraginkorrak" planifikatu eta baliabideak jarri ditzala eskatu diote Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. Gaur  mobilizazioak egingo dituzte hezkuntza-delegaritzen atarian, hiru hiriburuetan.

 
 
LAB, ELA, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek greba deitu dute hilaren 15erako

Deialdi bateratua egin du gehiengo sindikalak datorren astearterako. LAB, ELA, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek greba deitu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hezkuntzako aurrez aurreko itzulera “seguru eta adostua” eskatzeko. Datorren astearterako, hilak 15, egin dute deialdia, eta grebaz gain, hainbat protesta iragarri dute. Gaur bertan, hilak 10, mobilizazioak egingo dituzte hezkuntza-delegaritzen atarian, hiru hiriburuetan.

 

Sindikatuek adierazi dute “behar pedagogikoari erantzungo dion” aurrez aurreko ikasturtearen aldekoak direla, “bereziki zaurgarriak” diren ikasleak babesteko, baina horretarako “segurtasun bermeak” behar direla adierazi dute. “Egoera epidemiologiko kezkagarrian gaude, eta ezinbestekoa da aurrez aurreko itzulera segurua bermatzeko neurri eraginkorrak planifikatzea eta hori posible izateko baliabideak jartzea”.

 

Hainbat eskaera zehatz egin dituzte sindikatuek. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eta patronalek interlokuzioa abia dezatela exijitu dute, “plangintza elkarbanatzeko, negoziatzeko eta adosteko”. Lanpostu guztietako ordezkapenak lehen egunetik betetzea “funtsezkoa” dela nabarmendu dute, eta ratioei dagokienez, hamar-hamabost ikasleko taldeak osatzea lehenetsi dute, segurtasun-berme gisa.

 

Segurtasun neurriak hartzearen garrantzia azpimarratuta, garbiketarako eta jangelako langileen ratioak egokitzea eta metrajea zehaztea ere galdegin dute, baita jangela zerbitzua ikasle guztientzat bermatzeko eskatu ere. Gainera, eskola garraioan ere segurtasuna bermatu behar dela azaldu dute. Osasun krisiak  hainbat arrakala mahai gainean jarri zituen, hala nola, pedagogikoa, teknologikoa, soziala, euskarari dagokiona… eta arrakala horiek onbideratzeko neurriak ezartzea ere exijitu dute, curriculuma egokitzearekin batera.

 

Sindikatuek ekainean eskatu zioten Hezkuntza Sailari “oinarrizko aldarrikapen komunak” betetzea eta ikasturte hasierako plangintza eta irizpide orokorrak eragileekin eta sindikatuekin negoziatzea. Eskaera haiek “erantzunik ez” zutela izan salatu dute sindikatuek, eta esan dute Hezkuntza Sailak “jarrera berberarekin” segitzen duela ikasturte berriaren atarian.