COVID-19aren krisia hezkuntza hobetzeko balia dezagun, formazioa antolatu du Hik Hasik

2020-05-05

Hiru mintegi egingo ditugu maiatzean eta ekainean. Aurrenekoa krisiak lehen planora ekarri dituen balioez hausnartzeko: zaintzaz, Nora Salbotxekin; askatasunaz, Ane Ablanedorekin; eta naturaren garrantziaz, Heike Freirerekin. Bigarren mintegian metodologiaz eta baliabideez hausnartuko dugu: etxerako lanez, Joxe Amiamarekin; ebaluazio hezigarriaz, Irene Lopez-Goñirekin eta IKTen alderdi gizatiarraz, Amaia Arroyo-Sagastarekin. Hirugarren mintegian familia eta eskola aztertuko ditugu Nerea Mendizabalekin; pedagogia sistemikoaren ikuspegitik, Aitziber Esnaola eta Larraitz Mendizabalekin eta Alvaro Beñaranekin. Mintegi osoa beharrean, ikastaroak era soltean ere egin daitezke. Guztiak online izango dira, eta matrikulazioa zabalik dago hik hasi-ren webgunean

Mintegiaren egitura honakoa izango da: Hiru ikastaro ditu, ikastaro bakoitza era soltean egin liteke. Matrikulatutako ikasleek irakaslearen bi bideo jasoko dituzte, berariaz egitasmo honetarako prestatuak, eta beste bizpahiru testu egokierarako hautatuak. Ikasleek euren erritmoaren arabera ikusi eta irakurri ahal izango dituzte bideo eta testuak, eta ostegunetan, 15:00etatik 16:20etara zuzenekoa egingo da Zoom bidez irakaslearekin, bertan, irakaslearen hitzaldi labur bat eta ikasleen galderei erantzungo zaie. Ikasleek galderak eta hausnarketak zuzenekoaren aurretik bidaltzeko aukera izango dute. Mintegiak urgentzia bati erantzuten dio, eta gelditzeko eta pausatzeko hausnarketak, batetik, eta gako eta praktika onak eskainiko ditu.

 
 
COVID-19aren krisia hezkuntza hobetzeko balia dezagun, formazioa antolatu du Hik Hasik

Nolako eskolara itzuliko dira haurrak eta hezitzaileak? Zein baldintzatan? COVID-19aren krisia eskola hobetzeko baliatuko dugu ala atzerapausoak emateko? Osasun krisiarekin hezkuntza ataka estuan jarri da, egun batetik bestera eskolak itxi, eta eskolako lana birmoldatu beharra izan dute irakasleek eta familiek. Ondo ari al gara? Balio pedagogikoei eusten ari al gara? Onlinea ongi baliatzen ari al gara? Hausnarketarako ez ezik, praktikak hobetzeko baliabideak eskaintzeko asmoz urgentziazko formazioa abiatu du egitasmo pedagogiko honek: hik hasi laborategia, eta COVID-19aren ondorengo eskola pentsatzeko ez ezik gauzatzen hasteko.

 

Formazioa hiru mintegik osatuko dute, eta mintegi bakoitzaren barruan hiru ikastaro eskainiko ditugu. Guztiak online, eta COVID-19aren testuinguruan irakasle bakoitzak HIK HASIrentzat prestaturiko bideoez, hautaturiko testuez eta ikasleekin zuzeneko solasaldiz osatuak (bideoak eta testuak aurrez bidaliko zaizkie ikasleei, euren erritmora ikusi eta irakurri ahal izateko). Ikastaro bakoitzean era soltean matrikula daiteke.

 

Lehen mintegia maiatzaren 11n abiatuko dugu, Nora Salbotx Amaiurko herri eskolako zuzendari eta maistra eta hezitzaileen formakuntzan adituarekin (zuzeneko solasaldia maiatzaren 14an izango da, 15:00etik 16:20etara). Salbotx zaintzaren garrantziaz mintzatuko da, apirilaren 25an Hik Hasiren youtubeko kanalean eskaini zuen hitzaldiaren haritik. Ondoren, Ane Ablanedo NUPeko eta Baionako Unibertsitateko irakasleak askatasunaz gogoeta pausatuko du (zuzenekoa maiatzaren 21an izango da, 15:00etatik 16:20etara). Lehen mintegia Heike Freire pedagogia berdeetan aditua den irakasleak itxiko du, maiatzaren 28an, naturaren garrantziaz hausnartzeko, eta praktikara eramateko metodologia ere azalduko du (zuzeneko solasaldia maiatzaren 28an 15:00etatik 16:20etara).

Bigarren mintegian metodologiaz eta baliabideez hausnartuko dugu. IKTen erabilpen egokia egiten ari gara ala ez? Zein etxerako lan dira aproposak eta zein ez? Nola ebaluatu? Gogoetetatik harago, praktika hobetzeko gakoak azalduko dituzte HUHEZIko Amaia Arroyo-Sagastak, EHUko Joxe Amiamak eta NIEko Irene Lopez-Goñik, hurrenez hurren.

Hirugarren mintegian familia eta eskola izango ditugu ardatz, bi sistemek birkokatu beharra izan baitute krisiaren ondorioz. Nerea Mendizabalek emozioak ere kontuan izango dituen eskola (eta etxea) proposatuko ditu; Alvaro Beñaranek helduaren rolaz gogoeta egingo du, eta berau sendotzeko zer egin dezakegun mahai gainean jarriko du; hirugarren mintegia ixteko, pedagogia sistemikoaren ikuspuntutik egoeraz hausnartzeko eta birkokatzeko ekarpena egingo dute Aitziber Esnaolak eta Larraitz Mendizabalek.

Matrikulazioa dagoeneko zabalik dago. Ikastaro bakoitzaren prezioa, harpideentzat, 25 eurokoa izango da, eta prezio arrunta 30 euro. Mintegi osoarena 65 euro harpideentzat eta 70 besteentzat. Mintegi osoa egiten dutenek, ziurtagiria jasoko dute.

Egituraz zehaztasunak:

Krisiak eragin duen aldaketa baliatu eta eskola hobetzeko, urgentziaz sortu dugun laborategiko lehen mintegia maiatzaren 11tik 28ra egingo dugu, eta krisiak indar handiagoz nabarmendu dituen balio hezigarrien inguruan hausnartuko dugu Nora Salbotxekin, Ane Ablanedorekin eta Heike Freirekin.

· "Zaintza hezitzailea da" ikastaroa, maiatzaren 11n abiatuko dugu. Egun horretan Salbotxek egitasmo honetarako berariaz prestaturiko bideoak eta hautaturiko testuak bidaliko dizkiegu matrikulatuei, eta maiatzaren 14an, ostegunez, 15:00etatik 16:20etara zuzeneko solasaldia egingo du ikasleekin, Zoom bidez. (Zuzenekoaren bezpera arte, 13a arte, matrikulatzeko aukera egongo da, eta 11tik aurrera matrikulatuek matrikulatutako egunean jasoko dituzte bideoak eta testuak)

· "COVID-19aren ondorengo askatasunaren pedagogiaz" ikastaroa maiatzaren 14tik 21era egingo dugu Ane Ablanedorekin. 14an bidaliko ditugu testu eta bideoak, eta zuzenekoa 24an egingo dugu, 15:00etatik 16:20etara. (13a arte egongo da matrikulatzeko aukera)

· "Naturan heztearen garrantziaz" ikastaroa maiatzaren 21ean abiatuko dugu eta Heike Freireren zuzenekoa maiatzaren 28an izango da, 15:00etatik 16:20etara. (27a arte egongo da matrikulatzeko aukera).

 

Beste bi mintegiek ere egitura berbera izango dute, bideo, testu eta Zoom bidezko zuzenekoarekin.

 

Parte-hartzaileek aurrez bidalil ahal izango dizkiete galderak eta hausnarketak emaileei, zuzenekoa emankorragoa izan dadin.