Kristina Goñi: “Krisi honetatik aterako bagina gizartearen baloreak aldaturik eta gizarteak zaintzaren garrantzia ikusiko balu, ikasketa handia izango litzateke”

2020-04-29

Kristina Goñi Elizondoko Baztan haur-eskolako zuzendaria da. Duela zazpi urte 0-6 etapako formakuntza egin zuen, tituluaren lehen promozioan. Orain aditu-tituluaren bigarren ikasturtearen koordinazioa hartu du, eta prestakuntza indarturik abiatuko da irailean. Loris Malaguzzi, Maria Montessori, Rebecca eta Mauricio Wild, Rudolf Steiner (Waldorf pedagogia) eta Heike Freire autoreen ekarpenak landuko dituzte eta Kataluniako nahiz Euskal Herriko esperientzia interesgarriak ezagutzeko parada izango dute, Alvaro Beñaranek eskainiko duen formakuntza pertsonalarekin batera.

 
 
Kristina Goñi: “Krisi honetatik aterako bagina gizartearen baloreak aldaturik eta gizarteak zaintzaren garrantzia ikusiko balu, ikasketa handia izango litzateke”

COVID-19ak utzi duen eszenatokia dela-eta ziurgabetasun-garaiak bizi ditugu hezkuntzan, eta biziko ditugu denbora pixka batean. Printzipio pedagogikoak argi izateak lagunduko dio hezitzaile bakoitzari egoera honi aurre egiten, ezta?

Bai, dudarik gabe. Konfinamendu honetan ikusi dut jendea arras galduta dagoela. Denontzako arras gogorra izan da, baina hemendik zerbait ikasi behar dugu. Krisi hau eraldatu behar dugu; bai, krisi batean gaude, egia da, baina krisi guztietan aldaketak izaten dira, eta izugarrizko aldaketak ari gara ikusten. Aldaketa guztietan arriskuak eta aukerak daude. Nik errango nuke oztopo edo arazo gisa ikus daitekeena, aukera bilakatu behar dugula. Zertarako? Gozatzeko, hausnartzeko, partekatzeko eta ikasteko. Orain da garaia gure eskola nola dagoen aztertzeko; zer eskola mota nahiko genukeen pentsatzeko unea da. Gure hezteko moduak egokienak dira?  Haurrari begiratzeko moduak aztertzeko momentua da, egokienak dira? Ez? Bai? Zer hobetu dezakegu gure pedagogian? Gure egunerokotasunean?

 

Printzipio pedagogikoak edukitzea oso garrantzitsua da. Baina niretzako garrantzitsuena da gu, hezitzaileok, nola gauden. Ongi egoten bagara, haurrekin ongi egongo gara. Konfinamendu honetatik beldurrarekin aterako gara, baina beldur horiekin lanketa pertsonal bat egin behar dugu. Lehenik onartu beldur horiek, sentitu beldur horiek eta, ondoren, landu. Berriro diot, hezitzaileok ongi bagaude, haurrekin ongi egonen gara. Bertzela, pedagogia beltza transmitituko diegu, gure beldurra transmitituko diegu. Eta hori ez da gure helburua, gurea umeei ongizatea eskaintzea da. Horregatik, niretzako garrantzitsua da nondik abiatzen garen eta nora goazen argi izatea.

 

Hezitzaile bezala garrantzitsua iruditzen zait haurtzaroaz dugun irudia. Zer da guretzako haurtzaroa? Zer irudi daukagu haurraz? Zer da guretzako haurra? Zer da guretzako eskola? Ondoren, eskola bakoitzak bere pedagogia eraikiko du, bere helburu orokorrak izango ditu, eta bere zutabe metodologikoak izango ditu, horren guztiaren koherentzia erakutsi behar du. Bakoitzak pedagogia hau barneratua badu, aise errazagoa izango du hemendik ateratzea, eta baita segurtasuna sentitzea eta haurrei segurtasun hori transmititzea, euren bidelagunak izanez. Printzipio pedagogikoak edukitzea eta barneratzea oinarrizkoa da gure haurrak hezteko.

 

Etengabeko formazioa oso garrantzitsua da hezkuntzan. 0-6 etapako hezitzaileek formazio-egarri handia erakusten dute. Zergatik uste duzu hain garrantzitsua dela formazioa etapa honetan?

Lehendabiziko gauza errango nuke, niretzako etengabeko formakuntza garrantzitsua dela bizitzako arlo guztietan. Gure etapara etorrita, 0-6 etapa, oso garrantzitsua da hezitzaileak ondo prestatuta egotea. Zergatik? Haurtzaroa, niretzako, harribitxi bat delako, ongi zaindu, maitatu eta errespetatu behar dena. Haurtzaroa, gure etapa hau, hezkuntzako oinarria da. Beraz garrantzitsu-garrantzitsua da haurraren bidelagunak izango garenak ondo formatuak egotea, haurrak hoberena merezi dutelako. Hezitzaile prestatu eta formatua haurrentzako opari onena dela iruditzen zait.

 

 

Pertsonaren garapenean 0-6 etapa funtsezkoa da. Beraz, etapa horretako hezitzaileen lana biziki inportantea da, ezta?

Hezitzaileen lana funtsezkoa da haurrak hezteko, hori argi eduki behar dugu. Bidelagunak izan behar dugu, haurren prozesuak akonpainatu behar ditugu, oztopatu gabe. Haurrari bere bidea egiten utzi behar diogu, mugimendu autonomoa sustatu, gatazkak bideratzen lagundu, espazioak proposatu, materialak eskaini…  Abiapuntua haurra da eta hezitzaileen rola bidelagunak izatea da. Arras garrantzitsua da begiradaren aldaketa; haurrarekiko bidelagunarena begirada izan behar dugu. Oraindik badira batzuk begiradaren aldaketa hau behar dutenak, buruan dutena erakustea eta erakustea baita, eta ez haurrak akonpainatzea. Aise zailagoa da haurrei akonpainatzea bideratzea baino.

 

Hala ere, aski errekonozimendu ba al du etapa horrek, zure ustez?

Desberdinduko nituzke bi zikloak. 0-3 eta 3-6. Ni lehendabiziko zikloan nago eta ez, ez gaude errekonozituak. Bigarren ziklokoek, 3-6 etapan dauden hezitzaileek, errekonozimendu handiagoa daukate. Birus honek ekarri duen krisi egoeran ikusi da zaintzari zer balio gutxi eman zaion administrazioetatik. Ez dakit Erkidegoan, baina hemen Nafarroan, gure zikloa, zainketena, ez da deus baloratu. Oro har, zaintza ez da baloratzen, eta konfinamenduaren kaltetuenak izan dira hain justu zainketa handienak behar dituztenak: haurrak —ezin izan dutelako atera— eta adinekoak —arriskuagatik—. Zainketetan murgiltzen garen pertsonok ez dugu errekonozimendurik gizarte honetan; are gehiago esango nuke, zaintzak ematen ditugunok gutxiago gara gizarte honetan. Eta sinestezina da, zainketa da bizitzaren oinarria eta denok behar dugu.  Zainketa gabe ez gara deus, ez ginateke pertsonak izango. Baina ez gaude baloratuak, eta ikaragarrizko pena da, gizarte bezala. 0-3 etapan lan egiten dugun hezitzaile gehienok izugarrizko ilusioa eta borondatea dauzkagu, haurtzaroa maitatzen dugu. Baina ikusezinak gara gizartearendako.

 

Hain zuzen, krisi honekin are nabarmenago gelditu da zaintzaren garrantzia.

Bai, dudarik gabe. Konfinamendu eta krisi honetatik aterako bagina gizartearen baloreak aldaturik, eta zainketen munduan murgiltzen garenok baloratuko bagintu, ikasketa handia izango litzateke. Baloratu egin behar da zaintza, oinarrizkoa da bizitzari eusteko.

 

Zuk zeuk egin zenuen 0-6 etapako aditu-tituluko formazioa, bere lehen promozioan. Ondoren zure praktikarako zer ekarpen eskaini zizun?

Niretzako plazer hutsa izan zen formakuntza hori egitea. Lehendabiziko promozioan egon ginenak bi pedagogia ikusi genituen: [Emmi] Pikler eta [Loris] Malaguzzi, eta, ondoren, Alvarorekin [Beñaran] formakuntza pertsonala egin genuen. Nik autoreak ezagutzen nituen lehendik ere,  baina emaileen ezagutza eta esperientzia berriak ezagutzea niretzat arras garrantzitsua izan zen. Autoreez gain, Kataluniako hainbat esperientzia ezagutzea oso aberasgarria izan zen. Hala ere, garrantzitsuena osatu genuen taldea izan zen: pertsonak, historiak, bizipenak, esperientziak, harremanak… familia bat osatu genuen.

 

Bertze ekarpen handi bat Alvaro Beñaranekin egindako formakuntza izan zen. Sorpresa ikaragarria izan zen hezitzaileon autoezagutza lantzea; berarekin eta taldekideekin aunitz ikasi nuen.  

 

Eta nola ez, akitzeko aipatu nahiko nuke, ekarpen ikaragarria izan baita nire bizitzan, Joxemariren [Auzmendi] zaintza. Nola zaintzen gintuen! Gure zaindaria izan zen.  Niretzako hezitzaile batek izan behar dituen balore guzti-guztiak berak zituen. Aunitz ikasi nuen berarekin, eta bere ilusioarekin jarraitu nahi dut. Bihotz-bihotzetik esker mila Joxe Mari!

 

Datorren ikasturtean eraberriturik dator formazioa, eta zeu izango zara bigarren urteko koordinatzailea. Ikasturtean jorratuko dituzuen autoreen artetik, zer nabarmenduko zenuke?

Autore guztiak dira arras berritzaileak. Denek haurra kokatzen dute bere prozesuaren protagonista eta bat egiten dute honako puntu hauetan: haurren irudian, hezitzaileen rolean, ingurunearen garrantzian, naturaren garrantzian, autonomian eta askatasunari ematen zioten garrantzian.

 

Malaguzzi entzutearen pedagogian murgildu zen eta Reggio Emiliako eskolak sortu zituen. Hasmentan esan dudan bezala, bere pedagogiaren oinarrian haurraren irudiari izugarrizko garrantzia ematen zion. Baita Rebecca eta Mauricio Wildek, Rudolf Steinerrek, Heike Freirek eta Maria Montessorik ere bat egiten dute irudi horrekin. Haurraren interesetik abiatzen dira. Malaguzzik zioen haurrek 100 hizkuntzan badituztela, baina guk 99 ebasten dizkiegula. Horrez gain, eskolaren irudia ere esanguratsua da: eskola irekiak, gardenak, hurbilak, goxoak, harriduran oinarrituak ziren Malaguzziren eskolak. Espazioa hirugarren hezitzailea dela zioen; bikote hezitzailearen garrantzia azpimarratzen zuen eta, era berean, talde txikiaren garrantzia;  tailerra eta proposamenak; dokumentazioaren eta behaketaren garrantzia;  entzutearen garrantzia; familien eta herriaren parte-hartzea nabarmentzen zituen, eta modu orokorrean esanda, sormena, estetika eta erronkak aipatuko nituzke.

 

Mauricio eta Rebeca Wildek Wild pedagogia sortu zuten, hezkuntza aktiboa. Oinarrian, nik errango nuke, bizitza dagoela beraiendako, bizi-prozesuak errespetatzen dituen hezkuntzan sinesten baitzuten. Abiapuntuan haurraren beharrak dituen pedagogia da, haurra errespetatzea haren beharrak asetzea da. Malaguzziren pedagogian bezala, hezitzaileak bidelagunak dira, zuzentzen ez duen pedagogia bat da, barne curriculumari garrantzia handia ematen diona. Nabarmenduko nituzke, baita ere, giroaren garrantzia, prestatuak dira, naturako elementuekin hornituak.

 

Rudolf Steinerri dagokionez, helburu nagusiena pertsonak askatasunean heztea zuen. Hezitzaileen autoheziketari eta autoezagutzari garrantzi handia ematen zien.

Steinerrek antroposofia sortu zuen, eta horretan oinarritu zuen praktika, beraz, oinarri filosofiko gisa ulertu daiteke, alderdi espiritualean indarra jarriz; horrek aldeko nahiz kontrako posturak sorrarazi ditu. Steinerren pedagogiatik honako ideia hauek nabarmenduko nituzke: bizitzarako eskola pentsatu eta gauzatu zuen; haurrek esperientziaren bidez ikasten dutela zioen; etxeko giroa zaintzen zuen; material naturalak lehenesten zituen; jolasari garrantzi handia ematen zion; hezkuntza integrala da, eta prozesuak garrantzia handia du; konfiantzazko harremanak ereiten ditu eta alor artistikoa sustatzen.

 

Heike Freire ere aipatu nahi dut. Udako topaketetan egongo da, eta niretzako autore eta pertsona zoragarria da —une honetan berarekin formakuntza bat egiten ari naiz—. Naturak hezkuntzan duen garrantziaz hitz egiten digu Heikek. Bizitzaz betetako eskolak dira Heikek aurkezten dituenak, bizitza erdigunean jarriko lukeen hezkuntza proposatzen du. Heztea, Heikerentzako, garapen pertsonala naturarekin interakzioan ulertzea eta akonpainatzea da. Naturaren garrantzia defendatzen du: naturak hezten gaitu. Gaur egun naturari bizkarra ematen diogu, baina naturarekin kontaktua berreskuratu behar dugu. Berak erraten du naturarekiko kontaktuak onura handiak dituela, osasun fisiko eta mentalean, haurren garapenean, sormenean, autonomian eta niaren eraikuntzan; konfiantzan hezteko; gure sen naturalarekin konektatzeko; segurtasunean; ongizatean…  lurrera itzuli behar gara.

 

Azkenik, Maria Montessori, formakuntzan ikusiko dugun oinarrizko beste autore bat. 30 urte behatzen aritu eta gero bere pedagogia sortu zuen. Haurra subjektu aktibo gisa ikusten zuen, gai den haurra. Montessorik material berezia sortu zuen haurren interesetik abiatuz, haurraren autonomiari garrantzia handia emanaz. Oinarri gisa aipatuko nituzke haurra, heldua eta prestatutako ingurunea. Heldua gidari gisa ikusten zuen; prestatutako ingurune ordenatu eta estetikoki sinplea proposatzen zuen, eta helduaren egitekoa behaketa eta haurrari proposamenak aurkeztea izango da. Haurtzaroaren oinarrizko lau area finkatu zituen: bizitza praktikoa, oinarrizkoena; sentsoriala; hizkuntza eta matematika, lau urtetik aitzin. Eta garrantzi handia eman zion edukiari.

 

Autore guztiak arras interesgarriak dira, eta oso lagungarriak. Gure hezteko moduan hausnarketak egiteko oso garrantzitsuak dira. Autore hauen ekarpenak beti dira arras garrantzitsuak, beti, baina bizitzen ari garen momentu honetan are gehiago.  

 

Praktika zehatzak eta bisitak ere ikusiko dituzue. Zer garrantzia dauka praktika onak bertatik bertara ezagutzeak norbere lana hobetzeko?

Niretzako teoria eta praktika uztartzeko funtsezkoak dira bisitak. Entzuten dugu eta ikasten dugu... Baina, batzuetan, ez badugu ikusten, ez badugu sentitzen, ez dugu bizitzen eta kokatzen nola den pedagogia hori, ez dugu kokatzen geure burua. Niretzako bisitak aukera paregabea dira insitu formatzeko, eta bertze esperientziatik hausnartzeko. Taldea sendatzeko eta harremanak sendotzeko garrantzitsuak dira, pedagogia gorpuzteko eta zentzua emateko arras garrantzitsua da beste espazioak eta esperientziak ezagutzea, bakoitzaren lana eraldatzeko.

 

Taldeko giroa bereziki inportantea da formazio honetan, zeuk ere aipatu duzu lehendabiziko promozio hartatik asko balioesten duzula sortu zen giroa. Formatzaileekin ez eze, ikaskideekin ere asko ikas liteke, ezta?

Formazio honen ezaugarri bat da. Hala formakuntzan nola gure eskoletan eta  bizitzan  giro goxo batean egoteak ez du preziorik. Denekin eta denengandik ikasten dugu. Talde hezitzailearen garrantzia aipatu nahiko nuke, denok pedagogian sinestea eta bide beretik joatea. Talde egonkorra sortzea, eta mantentzea oso garrantzitsua iruditzen zait, gure portaerak zaintzea eta bakoitzak lan pertsonala egitea oso garrantzitsua da. Guk dugu giltza, gure esku dago.