Miren Basaras, EHUko mikrobiologia irakaslea: “Orain irteera nola egin pentsatu behar da, neurriak aztertu behar dira, baliabideak jarri eta pedagogia egin beharko da, ezingo baitugu lehengo bizitzarekin eta ohiturekin jarraitu”

2020-04-20

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak apirilaren 27an haurrek “era mugatuan” kalera ateratzeko aukera izango dutela iragarri zuen apirilaren 18an. Miren Basaras EHUko Medikuntza fakultateko immunologia, mikrobiologia eta parasitologia saileko irakasleak ere data horietan ikusten du egoki umeak modu ordenatuan kalera irteten hastea, “baldin eta birusaren hedapen-datuek beherazko joerari eusten badiote; lehenago ez”. Baina Mikrobiologia irakaslearen aburuz, kontua ez da irtetea bakarrik, kontua da nola irten eta neurri horiek ongi aztertu eta ezagutarazi behar direla: “Egoera larria da, eta guztiok erantzukizunez jokatzea ezinbestekoa izango da birusaren hedapena kontrolatzen jarraitzeko; bestela, kalterako izango da”.

 
 
Miren Basaras, EHUko mikrobiologia irakaslea: “Orain irteera nola egin pentsatu behar da, neurriak aztertu behar dira, baliabideak jarri eta pedagogia egin beharko da, ezingo baitugu lehengo bizitzarekin eta ohiturekin jarraitu”

 

Pedro Sanchezek iragarri du apirilaren 27an umeek, era mugatuan bada ere, kalera ateratzeko aukera izango dutela («Arintze txiki bat besterik ez da; araubide orokorra konfinamendua da oraindik», adierazi zuen). Oraindik zehaztasun gutxi ezagutzen dira, baina datuei begiratuta eta ikuspegi zientifikotik, nola baloratzen duzu erabakia? Modu seguruan egiteko modua ikusten duzu?

 

Oso berri ona da, baina gogoratu behar dugu konfinamenduan gaudela eta, beraz, alderdi zientifikotik horrek esan nahi du birusak gure artean jarraitzen duela eta bere transmisioa oraingoz modu errazean egiten duela. Beraz, ume horiek, kalera ateratzean, babes neurriak hartu beharko lituztekete, beste edozein pertsonak hartzen dituen moduan: urruntze fisikoa (2 metrokoa), eskuen higienea (azaldu egin behar zaie umeei nola egin) eta ahal den neurrian maskarilak erabiltzea.

 

 

Birusa kontrolatzeko Hego Euskal Herrian apirilaren 26ra bitartean ezarri den konfinamendu zorrotz honek, irizpide zientifikoei erantzuten die, ala irizpide politikoak dira? Izan ere, beste herrialde batzuetan haurrek hasieratik izan dute ordubetez kalera ateratzeko aukera eta baita helduek ere, ariketa fisikoa egitera; hemen zergatik ez?

Ez, neurriak zientifikoak dira. Hemen transmisio-kopurua oso handia da. Otsailaren bukaeratik hona, birusa oso erraz eta arin ari da transmititzen komunitatean. Hori kontrolatu ahal izateko neurri gisa ezarri da konfinamendua, hau da, ahalik eta gehien etxean egotea, eta irteten garen kasuetan, urruntze sozial bat mantenduz irtetea. Birusa berria da eta bere transmisioa kontrolatu ahal izateko, zientifikoki onartua dago konfinamendua dela neurri aproposena.

 

Beste herrialde batzuetan zer ikusi dugu? Kasu batzuetan umeek, hasieratik, kalera irteteko aukera izan dute, eta beste batzuetan, konfinamendu baten ondoren, irteten hasi dira. Danimarkan, esate baterako, neurriak lasatu dituzte. Baina herrialde horietan transmisio-kopurua ez da hemen bezain altua izan, horregatik hartu ahal izan dute neurri lasaiago hori eta atera ahal izan dira haurrak kalera. Gure kasuan gauzak bestela dira: hemen birusa edonon dago, eta neurriak ikuspegi horretatik aztertu eta ezartzea garrantzitsua da. Birusaren hedapena zer-nolakoa den kontuan edukitzea garrantzitsua da, horren arabera neurri zorrotzagoak edo arinagoak har daitezke.

 

Italian oso zorrotzak dira neurriak, eta datuak hobetuz joan direnean, eta lurraldearen eta transmisio-kopuruaren arabera, neurriak lasaitzen joan dira; Ingalaterran alderantziaz, hasieratik hona neurriak zorroztu egin dira; Alemanian ere zorrotzak dira… transmisio-mekanismoa azkarra edo altua izan den kasuetan, neurri zorrotzagoak ezarri dituzte.

 

Datuei erreparatuta, noiz esango zenuke umeak modu ordenatuan kalera ateratzeak ez lukeela transmisioa areagotuko?

Oraingo egoeran ikusten ari garena da positiboen maila jaisten ari dela. Horrek zer esan nahi du? Egiten ari garen konfinamendua emaitza onak ematen ari dela, eta hori oso garrantzitsua da. Datuek erakusten dute hilabete osoa etxean egoteak balio izan duela: emaitzak hobetu ditu. Baina, hala eta guztiz ere, oraindik positibo asko daude. Duela hilabete baino askoz egoera hobean gaude, baina hala eta guztiz ere, oraindik kasu asko daude eta horrek esan nahi du birusa oraindik gure artean modu erosoan dagoela, transmititzeko modu eroso batean. Une honetan bertan [apirilaren 17an] jende gehiago kalera ateratzea, nire ustez, ez litzateke neurri egokia izango. Aste eta erdi itxoitea neurri aproposa litzateke [apirilaren27a arte]. Datuei erreparatzea garrantzitsua da, eta haien eboluzioa kontuan izan behar da; beraz, positiboen beherazko joera honi eusten bazaio eta sendatuen kopurua igoz badoa, aste eta erdi barru bai, aukera seguruagoa dela esango nuke, ikuspegi zientifikotik.

 

Kontuan izan behar dugu, gero eta jende gehiago kalean egon, orduan eta erraztasun handiagoa izango duela birusak transmititu eta kutsatu ahal izateko, nahiz eta denok maskarilekin irten. Hori beste puntu bat da: irteten garenean, nola irtengo gara?

 

Langileak irteten dira. Langileak bai eta umeak hilabete osoz etxean edukitzea, hori bai izan da erabaki politikoa.

Bai politikoa da, hemen alde batetik lehentasuna eman zaio osasunari baina baita ekonomiari ere, eta onartu da langileak lanera joatea ekonomia arintzeko. Baina langileak neurri berezi batzuekin atera beharko lirateke, maskarilak eta eskularruak jantzita eta pertsonen artean bi metroko distantzia bermatuta.

 

Umeak kalera atera behar dira haiek daukaten beharrizan mental edo emozionalagatik. Umeak gehienetan ez dira gaixotzen birus honekin, hori ikusten ari gara datuetan, baina kutsatzen dira, sintomarik gabe bada ere. Ondorioz, birusa transmititu dezakete; hortaz kontziente izan behar dugu haurrak kalera ateratzeko momentuan. Era berean, adineko pertsonengan ere pentsatu behar dugu. Umeak kalera aterata ere, adinekoek denbora batean etxean jarraitu beharko dute.

 

Nola irtengo garen aipatu duzu. Maskarilak, pertsonen arteko distantzia… Denbora batean horretara ohitu egin beharko dugu, ezta?

Bai, denbora luze batean ohitura hori hartu beharko dugu. Batez ere distantzia fisiko horretara ohitu beharko dugu. Ikerketa batzuek diote, esate baterako Harvardeko ikertzaile batzuek Science aldizkarian argitaratu berri duten txosten batek, 2022. urtera arte distantzia sozial horrekin bizitzera ohitu beharko dugula, COVID-19aren transmisioa gainditzeko.

 

Heziketa-lana egin behar dugu, oso garrantzitsua da jendeak ulertzea honek guztiak dakarren erantzukizuna. Irten aurretik egin behar dugu lan hau, baina irteten garenean ere heziketa-lana egiten jarraitu beharko dugu, ezingo baitugu lehengo bizitzarekin eta ohiturekin jarraitu. Ezingo dugu denok batera egon, esate baterako, eta horretara mentalizatu egin behar dugu, ez dago beste aukerarik.

 

Umeen kasuan, irten eta berehala ezingo dute elkarrekin jolasten hasi, eta horretara hezi egin beharko ditugu, horretara ohitzea oso zaila izango baita. Ume bati lagun minarekin ezingo duela jolastu esatea zaila izango da; “ezin duzu bere ondoan egon; ezin diozu besarkada bat edo musurik eman…” zaila izango da.

 

Hau ikusita, pentsatu egin beharko dugu baita eskolaren inguruan ere, nola bueltatuko dira umeak eskolara? Zein baldintzatan? Danimarkan, esate baterako, umeak hasi dira eskolara joaten, baina distantziamendu fisiko hori mantendu egin beharko dute, beraz, gela bakoitzean oso ume gutxi sartu ahal izango dituzte, neurri hori mantendu beharrekoa baita birusa kontrolatu nahi bada.

Horrekin batera, haurrei erakutsi behar zaie eskuak sarritan garbitu behar direla.

 

Momentu honetan gure ikastetxe gehienek dauzkaten ratioekin, gela batean esate baterako 25 ume edukita, horien guztien artean ezingo da gela batean bi metroko distantziarik bermatu…

Haurren arteko distantzia ahalbidetu egin beharko da, horrekin bizi ahal izateko. Argi eta garbi dago birusa gure artean geldituko dela momentuz, beraz, neurri zorrotzak hartzen jarraitu beharko dugu. Populazioaren gehiengo handi bat immunizatuta egon arte, birusak izurrite bortitzak eragin ahal izango ditu.

 

Osasunaren Mundu Erakundeak esan du, dagoeneko, konfinamendu egoeratik atera ahal izango dugula soilik neurri batzuk betetzen baditugu: neurri batek komunitateari egiten dio erreferentzia, herritar guztiak zer arrisku dugun kontziente baldin bagara, arriskuaren aurrean konprometituak eta heziak baldin bagaude eta arduraz jokatzeko prest baldin bagaude, jokabide horiek jarraituz soilik aterako gara konfinamendutik, OMEren arabera. Egoeraz kontziente izan behar dugu herritar guztiak. [Honakoak dira OMEk konfinamendu neurriak arintzeko ezarri dituen beste bost baldintzak: birusaren transmisioa kontrolatuta izatea; osasun sistema epidemiari aurre egiteko prestatua egotea; zentro soziosanitarioetan infekzioak kontrolatuta edukitzea; landiegietan prebentzio-neurriak ezarrita egotea eta atzerritik datozen pertsonen kontrola bermatuta egotea].

 

 

Haurren irteeraz, eta oro har pertsona guztienaz, Madrilek eman beharko ditu argibideak. Baina irteera hori antolatua eta segurua izan dadin, tokian tokiko administrazioek ere neurriak pentsatu beharko dituzte, ezta?

Bai. Kontua ez da irteera pentsatzea bakarrik. Pentsatu behar da, baita ere, zelan kontrolatuko den irteera hori. Pentsatu behar da zein neurri hartuko diren, maskarillak eraman behar dituzte? Maskarillak eman behar zaizkie? Nola zainduko da urruntze soziala? Orain irteera nola egin pentsatu behar da, neurriak aztertu behar dira, eta neurri horiek betetzeko baliabideak jarri beharko dira eta pedaogia egini beharko da, ezingo baitugu lehengo bizitzarekin eta ohiturekin jarraitu. Argi eduki behar dugu lehengo bizitzara bueltatzea asko kostako zaigula, denbora asko beharko dugula.

Adinekoak aipatu dituzu lehentxeago, haien kasuan konfinamendua, segur aski, gehiago luzatu beharko dela esan duzu. Haatik, langile asko lanera itzuli dira eta eskolak itxita daudenez, familia asko seme-alabak aitona-amonekin utzi beharrean gertatu dira, beraz, ez dira ari adinekoen isolamendua bermatzen. Nola kudeatu daiteke egoera hori?

Hasieratik esan zen umeak aitona-amonekin gelditzea ez dela bide seguruena eta aproposena, hori argi dago. Aitona-amonek bakarrik egon behar dute; isolatuta egon behar dute, arrisku talde garrantzitsua dira. Ezin badute euren burua zaindu, orduan bai, norbaitekin egon behar dute; baina, ahal den neurrian, eurek bakarrik egon behar dute, beraz, umeak eurengana eramatea ez da aproposa.

 

[Administrazioek] esan zuten neurriak hartuko zituztela gurasoek etxetik lan egin ahal izateko… Beraz, hartu behar ziren neurriak ez dira hartu. Neurri garrantzitsua da ume horiek etxean egon behar badute guraso batekin egotea, eta ez aitona-amonekin. Ahalbidetu egin behar dira baldintzak, aitona-amonekin gelditzea ez da aukera ona.

 

Espainian erabakiak oso zentralak ari dira izaten. Frantziako Estatuan, ordea, lurralde bakoitzaren egoeraren arabera hartu dituzte neurriak, zorrotzagoak dira kutsatu-tasa handiagoak dituzten eremuetan, edo dentsitate handiagokoetan, esate baterako. Hegoa Euskal Herrian, aurrerantzean, hori egitea aproposa litzateke?

Transmisio-maila zein den ikusita neurri desberdinak hartzea posible litzateke. Baina orain arte Madrilek esaten zuena egin behar zen eta jarraitzen dugu egoera horretan. Badakit erkidego ezberdinek eskatu diotela Madrilgo Gobernuari bakoitzak bere eremuko transmisio-mailak nolakoak diren aztertuta neurriak kudeatzea, baina Madrilek ezezkoa esan du. Horrez gain, esanguratsua iruditzen zait Madrilek hartu duen ikuspuntua: Pedro Sanchez beti gudaz ari da hitz egiten; eta hau ez da guda bat; hori argi izan behar dugu, hau osasun krisi bat da eta osasun krisi baten arabera kudeatu behar da, lehentasuna osasungintzako profesionalek eta zientzialariek izan behar dute. Ez guda batean lehen planoan egongo liratekenek. Harrigarria egiten zait Madrilen datuak emateko agerraldia egiten dutenean militarrak agertzea. Hau ez da guda bat bezala kudeatu behar, osasun krisi gisa kudeatu behar da, eta osasun-langileen irizpideak izan behar dira lehenengoak eta lehen planoan agertu behar direnak.

Argazkia: EHU