“Isolamenduak ez du esan nahi nerabeak besteekiko harremanak eten behar dituenik, kanalak dira aldatzen direnak”

2020-04-02

Konfinamenduak haur txikienengan zer-nolako eragina izan dezakeen aztertu genuen Alvaro Beñaranekin, eta orain, haur handiagoekin 8 urtetik nerabezaroa bitarteko haurrekin salbuespen-egoera hau bizitzeko hainbat gako eman dizkigu Josune Martirena haurren prebentzioan eta helduen psikoterapian espezialista den psikologoak.

 
 
“Isolamenduak ez du esan nahi nerabeak besteekiko harremanak eten behar dituenik, kanalak dira aldatzen direnak”

Nerabeak etxeko parte sentitzea eta, era berean, bere kideekin erlazionatzeko bideak irekita mantentzea garrantzitsutzat jotzen du psikologoak. Era berean, haur eta nerabeen ongizateaz arduratuko diren helduek, batez ere gurasoek baina baita irakasleek ere, lehenik euren buruarekiko filtroa ezartzea eta geldialdi bat egitea proposatzen du. “Egoera zailenetan espero ez ditugun baliabideak sortzen zaizkigu, baina horretarako klik egin beharra daukagu: lehengo erreferentziak askatu egin behar ditugu, egoera berri honetan erreferentzia berriak behar baititugu, eta erreferentzia horiek ez daude kanpoan, norberaren barruan daude, baina kontuz! haur eta nerabeengan ez, helduaren barruan daude tresna horiek”.

 

Une honetako irakasleen egiteko zailari dagokionez, hezitzaileek euren ikasleen egoeraren berri izatea ezinbestekotzat jotzen du, haien beharren arabera, erantzun bat edo beste eman ahal izateko. Ongizatea bermatzea beharrezkoa baita ikasi ahal izateko: “Arreta ikasmaterian jartzeaz gain, garrantzitsua da adin txikiagoetan bezala, 8 urtetik aurrera ere haurren eta nerabeen ongizateari ere erreparatzea, zer moduz dauden, nola dauden galdetu behar zaie, itxialdia nola daramaten ikusi.... Aurrena pertsonak gara eta ikasle-irakasle gisa ere pertsona moduan erlazionatzen gara”.

Itxialdi honek, mugimenduak eta harremanak guztiz mugatuak edukitzeak haur txikiengan zer-nolako eragina izan dezakeen aztertu dugu Alvaro Beñaranekin. Ume handiagoek ere, 8 urtetik nerabezarora bitartekoek ere harreman eta mugimendu premia handia dute. Adinaren edo etaparen arabera, nola eragingo die konfinamenduak ume txiki eta handiagoei emozioetan nola garapenean?

Mugimendua eta emozioak oso lotuta doaz: poza eta alaitasuna mugimendu librearekin daude lotuta, eta horrek guztiongan du eragina, haur txiki, handiago eta pertsona helduetan. Mugimenduarekin batera tentsioa askatzen baita eta gorputza zabaldu egiten da, plazer sentsazioa esperimentatuz. Haserrea, berriz, askatu gabeko uzkurdurak sortzen du. Bihotzaren mugimendua uzkurtze eta zabaltze etengabea da. Mugimendu hori bera dago gorputzeko zelula guztietan, eta gorputz osasuntsu batek ongi egoteko biak behar ditu. Uzkurdurak akziorako sortzen dira eta zabaltzeak atsedenerako. Akzioaren bitartez ikasi eta sortzen dugu eta atsedenarekin ikasitakoa barneratu egingo dugu. Beraz, egoera normaletan, egunez aktibo egoteak, gauean haztea dakar.

Itxialdi honetan haurrak ez badira behar adinako mugimendua egiten ari, gihar eta hazte prozesuan-eragina izan lezake. Haur txikienek, 3-5 urtekoek, oraindik patroi neurologikoak ezegonkorrak dituztenez, azken eskurapenetan atzera egin dezakete: hasieran errazago eror daitezke, edo torpexeago mugitu... Mugimendua behar-beharrezkoa dutenez, konfinamendu-egoera honetan ere, etxean ahal den mugimendu gehiena ahalbidetu behar zaie haurrei: ohean edo sofa gainean salto egiteko aukera eman; korridorean lasterketak egiteko aukera; eskaileretan gora eta behera ibil daitezela; material bigunekin borroka-jolasak; dantza... Dena den, ohiko egoerara eta ohiko mugimenduetara itzultzean, berreskuratu ahal izanen dute.

7-8 urtetik aurrera, mugimenduaz gain, berdinekin erlazionatzeak garrantzia handia du. Eta zer esanik ez nerabeen kasuan. Nerabeek batez ere garai honetan taldea behar dute. Zergatik? Gurasoenetik independizatzen ari direlako, eta beraien kideetara jotzen dutelako zerbaiten parte sentitzeko; lehen familiako parte ziren eta orain taldeko parte dira.

Sozializatzeko behar hori oso handia da nerabezaroan, eta egoera honetan, ezin zaizkie mugak jarri erlazionatzeko erabiltzen dituzten bideei, sare sozialei eta bideo-jokoei. Isolamenduak ez du esan nahi nerabeak besteekiko harremanak eten behar dituenik, kanalak dira aldatzen direnak.

Kontakturik ez badago ere, harremanak bultzatu behar ditugu, beraz, nerabeen artean?

Isolamendu egoeran gaude bai, baina konektatuta segi dezakegu, eta zer esanik ez nerabeek. Horregatik diot sare sozialekin eta pantailekin malguagoak izan behar dugula. Kontuan izan behar dugu, normalki, nerabeak taldean ibiltzen direla bideo-jokoetan. Izan ere, nerabeak ez dira eseri eta bat-batean hizketan jartzen, nerabeak zerbaiten bueltan erlazionatzen dira, ekintza baten bueltan edo musikaren bueltan… Besterik gabe, pantailaren aurrean jarri eta sare sozialetan ez dute hitz egingo, errazago izango zaie bideo-jokoak erabiliz besteekin erlazionatzea.

Haur txikiagoen kasuan ere, kontaktua eta harremanak oso garrantzitsuak dira, eta une honetan mugatuta dauzkatenez, galerak bizi ditzakete. Horren eragina ahal den samurrena izan dadin saiatu beharko genuke, esate baterako, lagun edo familiakoekin bideo-deiak egiten, eta haiekin gogoratuta elkarrekin konpartitzen dituzten jolasen errepikapenak egiten, haientzako marrazkiak egiten; haiekin gogoratuta kantuak edo dantzak sortzen... Ez dugu ahaztu behar 6-7 urte bitartean haurrak fantasian sartzeko erraztasun handia dutela eta, irudimenaren bidez, falta dituzten horiekin harremanetan erraz sar daitezkeela.

Sare sozialak aipatu dituzu, nerabeak une honetan erlazionatzeko kanal gisa. Urte osoa pasa dugu, ordea, nerabeei pantailen aurrean mugak jartzen.

Salbuespen egoera batean gaude. Hala ere, jar ditzagun errutinak eta pantailekin ibiltzeko orduak, garrantzitsua da; haurra edo nerabea ez dadila egun osoa pijaman egon, pijama botata egoteko arropa da; pijama erantzi, norbere burua txukundu, aktibitaterako arropa erosoa jantzi, gosaldu eta jar dadila eskolako lanetan. Errutina batzuk mantentzea garrantzitsua da. Behin lan horiek bukatuta, otorduak eginda, denok etxeko garbitasunean eta lanetan parte hartzea garrantzitsua da eta ondoren bai, interesgarria da arratsaldean tarte bat hartzea lagunekin egoteko.

Esan dugun bezala, nerabeak gurasoengandik urruntzeko mugimendua egiten ari dira, eta nola urruntzen dira? oposizioaren bitartez. Gurasoek zerbait agintzen badiote, eta nerabeak esaten badie “ez dut nahi, ez dut gogorik” eta gurasoek ikusten badute bide horretatik gatazka datorrela, ez du merezi bide horri eusteak, ez behintzat momentu horretan. Nerabea lasaiago dagoenean eta hizketarako jarrera bat azaltzen duenean helduko diogu gaiari. Ikusten badugu momentu horretan gatazka areagotzeko arriskua dagoela, ez du merezi horretan sartzeak.

Helduak frontoiarena egin behar du nerabearen aurrean. Heldua nerabearen pare jartzen baldin bada, “ba bai egin behar duzu”, “ba, ez”, “ba bai”… tenis partida bat bezala, egoera hori goraka eskalatzen joango da, eta intentsitatea igotzen joango da, eta giroa oso zaila bihurtuko da. Ez da komeni horretan sartzea. Gurasoak frontoiarena egin behar du. Nerabeak botatzen badu, ez erantzun, errebotatzen utzi eta beste momentu batzuk bilatu nerabearekin hitz egiteko.

Horrez gain, eta momentu honetan bereziki, senti dadila etxeko parte, etxeko eginkizunetako parte. Agian erosketak egitera, edo zaborra ateratzera edo txakurra baldin badugu hura ateratzeko lana berak hartu dezake. Taldean ekarpena egitea garrantzitsua da nerabearentzat, baina familiako besteontzat ere bai.

Egoera hau zaila da denontzako. Helduok ikusiko dugu zer baliabide ditugun harremanetarako eta itxialdi honetan aurrera egiteko, baina nerabeak baliabide horiek ikasi egin behar ditu. Teorian helduok baditugu baliabideak —eta teorian hori azpimarratu egin nahi dut, batzuetan ikusten baitugu baliabideak falta zaizkigula—. Nerabeari ezin diogu eskatu helduak ez daukana, nerabea ikaste-prozesuan baitago.

Zuk esan duzun bezala, denontzako da egoera zaila. Nola kudeatu, une zail hauetan, gurasoaren betebeharrak eta nerabearen beharrak?

Orain arte, oro har, errazagoa genuen denok gure frustrazioak kudeatzea. “Hemen frustrazioak bizi baditut, kanpora noa, lagunengana edo kirola egitera edo dena delakoa egitera”. Orain ez daukagu kanpora joaterik gure frustrazioak kudeatzeko; zer gelditzen zaigu? Barrura egitea. Eta barruan zer daude? Baliabideak. Egoera zailenetan espero ez ditugun baliabideak sortzen zaizkigu, baina horretarako klik egin beharra daukagu: lehengo erreferentziak askatu egin behar ditugu, egoera berri honetan erreferentzia berriak behar baititugu, eta erreferentzia horiek ez daude kanpoan, norberaren barruan daude, baina kontuz! haur eta nerabeengan ez, helduaren barruan daude tresna horiek.

Helduak bere baliabideak aurkitzeko, ordea, ez da une erraza, beldurrak, antsietatea, kezka handiak ditugu… Exijentzia handiko momentua da gurasoentzat.

Bai, eta gainera, inor ez gara libratzen hortik, aldatzen dena intentsitatea izan daiteke. Batzuk birusarekin daude beldurtuta, beste batzuk lan-egoerarekin, edo ekonomikoki gerta daitekeenarekin daude kezkatuta, inoiz pasa ez dugun krisi bat ari baikara bizitzen. Egoera guztiz berria da denontzat eta ziurgabetasun horrek arlo askotan eragiten digu. Gelditu eta barrura begiratzeko tartea hartu behar dugu, norberak bere buruari galde diezaiola, “daukadan beldur hau, daukadan antsietate hau zerekin lotua dagoen jabetzen naiz?”. Garrantzitsua da norbere buruarekin hitz egiteko gelditzea. Antsietatea hemen egon nahi ez izatea da, “pasa dadila hau guztia lehenbailehen” eta jarrera horretatik atera ezinda gelditzea. Jarrera horrekin oso zaila da momentu hau bizitzea eta momentu honetan gertatzen diren egoerak txukun samar kudeatzea zailagoa izango da.

Irakasleentzat ere momentu exijentea da. Egun batetik bestera egiteko modu guztia aldatu zaie. Irakasle batzuk lan handia egiten ari dira nerabeek materia gal ez dezaten, beste batzuk arduratuta daude umeak zainduak senti daitezen…

Ez dakit zer-nolako feed-backa jasotzen ari diren irakasleak familiengandik. Inportantea da jakitea zein diren familien beharrak une honetan, bere ikasleen beharrak zein diren jakitea beharrezkoa da, horren arabera, estrategia bat edo bestea jarri beharko litzatekeelako martxan. Egoera oso desberdinak daude etxeetan, esate baterako, guraso erdaldunak dituzten umeen kasuan, adibidez, familia horrek ezin die lagundu… eta nahiz eta hizkuntza jakin, ez dira azalpenak emateko gai, edo gai batzuk orain beste modu batera irakasten dituzte… Familien aldetik gabeziak egon daitezke, eta ikasle bakoitzak materia horren jarraipena egin ahal izateko erraztasunak edo zailtasunak izan ditzake. Egoera aldatu den neurrian, guztiz beharrezkoa da beste antolaketa bat. Kanalak ere aldatu egin beharko dira, esate baterako, irakaslearen azalpenak pantaila bidez jaso ditzakete, baldin eta ume guztiek Internet dutela ziurtatuta, kasu horretan, familiatik laguntza jaso ezin duten umeei asko lagunduko die irakasleak.

Dena den, arreta ikasmaterian jartzeaz gain, garrantzitsua da adin txikiagoetan bezala, 8 urtetik aurrera ere haurren eta nerabeen ongizateari ere erreparatzea, zer moduz dauden, nola dauden galdetu behar zaie, itxialdia nola daramaten ikusi.... Aurrena pertsonak gara eta ikasle-irakasle gisa ere pertsona moduan erlazionatzen gara.

Irakaslearentzat inportantea da jakitea ikasleen egoera zein den, nola dauden, nola daramaten itxialdia, zer burutazio sortzen ari zaizkien egoera honen inguruan, fisikoki, emozionalki… alderdi guztietatik nola dauden jakiten badute, errazagoa izango zaie ikasleei erantzutea, zer mezu entzuteko beharra duten jakin behar dute. Feed-backa jaso behar dute, euren ikasleen egoera zein den jakin behar dute, baina horretarako galderak egitea beharrezkoa da.

Nolanahi ere, esaten ari garen gisan, gaztetxoak irakaslearekin bere egoera partekatzeko errazago izango du aurrez etxean bere egoeraz hitz egiteko aukera izan baldin badu. Hotz-hotzean ez da hasiko irakaslearekin bere ongizateari buruz hitz egiten; familian horri buruz hitz egitea oso inportantea da, eta horrela, gainera, askoz errazago izango zaio irakasleari erantzutea, eta era berean, irakasleak hobeto erantzungo die ikasleen premiei egoera berri honetan.

Koordenadak erabat aldatu dira eta espazioak ere bai. Etxeko espazioa ez da ikasteko espazioa, ikasgelako espazio guztiak ikastera bideratuak daude, baina etxean bestelako estimulu asko daude, pantailak daude, jolasak daude… horregatik oso inportantea da errutinak ezartzea, malgutasunarekin eta poliki-poliki joan gehiago eskatzen. Bestela, oso gatazkatsua bilaka liteke seme-alaba nerabeekin harremana itxialdian zehar. Ez gaude exijitzeko moduan, beraz, pauta batzuk edukitzeak lagunduko digu guztioi, norantz joateak lagun dezakeen jakin behar dugu.

Une honetan, eskolaren eta familiaren arteko harremana inoiz baino garrantzitsuagoa da, beraz?

Seme-alaben eskolako martxan, gurasoei inoiz baino aktiboago egotea eskatzen die egoera honek. Eskolatik proposatzen diren gauza desberdinen jarraipena eramatea dagokie. Batzuentzako estres-iturri ere izan daiteke, moldatzeko zailtasunak sortuz. Exijitu ezin zaio inori egin egoera honetan, ahal dena egitea da egin dezakeguna. Zentzu horretan, eta lehen esan bezala, eguna antolatzeak, errutinak lagun dezake, egunari forma ematen diote segurtasun sentimendua sortuz. Eskolako errutinek lagundu dezakete etxean, txikienen kasuan, 7 urtera arte ikastea mugimenduarekin eta esperimentatzearekin dago lotuta. Beraz, etxean espazio desberdinetan, aktibitateak sailka daitezke: sukalde txokoa, garbiketarena, eraikuntza, margotzekoa, denda, dantza, musika, ipunena, jolas librea ... 7-8 urtetik aurrera denbora gehiago eman dezakete aktibitate batean geldirik. Ondoren nolabaiteko mugimendua ere beharko dute.

Zenbateraino hartu behar dugu egoera hau salbuespen-egoera bezala, eta zenbateraino momentuan dugun bizitza gisa?

Garbi eduki behar dugu salbuespen-egoera bat dela; horrela ez gara geldituko, seguru. Baina ez dakigu zenbat denbora iraungo duen, iraun dezake hilabete, bi hilabete edo hiru. Beraz, nahiz eta jakin salbuespen-egoera bat dela eta hau aldatuko dela, egunez egun joatea komeni zaigu. Egun bakoitzean errutinak jarri eta errutinak horiek bete, baina zaindu jarrera, “ez dut hemen egon nahi, ea hau bukatzen den” horretan baldin bagaude, itxialdia oso gogorra egingo zaigu. Ezin dugu perspektiba galdu: salbuespen-egoeran gaude, baina bukaerari begira, zain jarri gabe, egunez egunekoari begiratu behar diogu. Egunean egunekoari begira jartzen zaren neurrian zure antolaketa desberdina da, beste modu batera kokatzen zara eta arnasten hasten zara, ze hori ere oso garrantzitsua da: arnasa hartu behar dugu. Antsietate-egoera batean gaudenean, arnasketa izugarri azkartzen da, eta azkartze horrek berak antsietatea areagotzen du. Arnas hori luzeagoa izateko, gelditzea komeni da, buru eta gorputz gelditzea. Izan ere, nahiz eta etxean itxialdian egon eta asko ez mugitu, burua abiada bizian baldin badabil, gorputz hori ez dago geldirik, topera dago. Buruak zer pentsamendu dituen eta zer irudi sortzen dituen, horren arabera gorputzak era batera edo bestera erreakzionatzen du, gorputzak ez baitu bereizten zer den benetan errealitatean gertatzen ari dena edo zer den pertsona hori bere pentsamenduan sortzen ari dena. Hori gelditzea oso garrantzitsua da, gorputzak berdin-berdin sufri dezake errealitateagatik nola fantasiagatik.

Haurren kasuan, berdin: umeek eta nerabeek jakin behar dute egoera hau denbora baterako dela eta eskolara bueltatuko direla berriz ere. Bitartean irakasleaz nola gelakideez hitz egitea, interesantea da. Txikienen kasuan, elkarri marrazki, eskulan eta eskutitzak bidal diezazkiekete argazki bidez edo beste moduren batera. Nerabeen kasuan esan dugu, tarte bat eman teknologien bidez elkarrekin egoteko.

Adin honetako haur eta nerabeek, dagoeneko informazioa ulertzen dute, eta etengabeko informazio-emari honek eurei ere sor diezaieke antsietatea, ezta?

Aurre-nerabezaroan eta nerabezaroan daudenei gaur eguneko egoeraz hitz egiteko eta filtro-lana egiteko, aurrena helduak egin behar du filtro-lana bere buruarekin. Hau da, zenbateraino gaude edozein informaziori ateak zabalduta? Ze iturritatik ari naiz jasotzen informazioa? Informazio horrekin nola sentitzen naiz, lasaiago edo gehiago kezkatzen naiz? Kezkaren eta lasaitzearen arteko oreka ez bada mantentzen, helduak zail izango du seme-alaben edo ikasleen informazioa kontrastatzea. Jakina garrantzitsua dela filtro hori jartzea, baina lehendabizi helduak jakin behar du bere buruari jartzen ari zaion ala ez, bestela gaztetxoei ez die jarriko. Helduak bere buruarekin egiten duen lan horretatik aterako ditu baliabideak bere seme-alabei eta ikasleei lagundu ahal izateko.

Birusa egon daitekeen lekuak garbitzea komenigarria den bezala, buruko garbitasuna egitea ere komeni da: telebista, whatsappa edo sare sozialetako informazio andana ekiditea inportantea da. Iturri fidagarrietara jo, norberari konfiantza ematen dion iturrira.

Haurrei egoeraren berri emateko garaian, txikienei gauza ipuin moduan kontatzeak ulermena errazten die. 8 urtetik aurrera azalpen luzeagoak uler ditzakete.

Krisiak aukera bezala ikusi behar direla esaten da, hau ere hala izan liteke, bai norbere buruarekiko eta baita haurrekiko harremanean ere, ezta?

Hasiera batean krisi guztiak oso-oso-oso-oso deserosoak dira, kezkagarriak dira eta beldurgarriak dira, eta pertsona batzuentzat beldurgarriak baino askoz gehiago dira krisiak. Bizitzan zehar aurrez izan ditugun krisi-esperientziak nola bizi izan ditugun, orain era batera edo bestera hartuko dugu egoera: iraganeko krisietatik indartuta atera baldin bagara, oraingo honetan konfiantza izango dugu zerbait ikasiko dugula. Baina aurreko krisialdietatik atera dugun ondorioa kontrakoa izan baldin bada, krisiek ez dutela ezer onik ondorioztatu baldin badugu, orain pentsamendu positibo bat edukitzea, hemendik indartuta aterako garela pentsatzea oso zaila izango da. Nolanahi dela ere krisia denontzako batera ari da izaten eta agintari guztien ahotan dabilen esaldia da, krisi honetatik elkarrekin aterako garela. Norbera bere kabuz ezinean badabil, besteei laguntza eskatzeko garaia da.

Psikologoa zaren aldetik, azken gomendiorik?

Egoera honetan antsietatera jotzeko hainbat arrazoi egon daitezke, ezjakintasuna eta ziurgabetasuna dira nagusi. Jarraibide batzuk eman dizkigute eta horiek betetzen saiatzen ari garenean, biharamunean edo bi egunetara aginduak aldatzen ari dira. Honek deskontrol sentsazioa areagotzen du eta zenbaitzuk horren kudeaketa zaila dute. Era berean aitona-amonak edo hurbileko jende heldua kutsatuko ote den kezka eduki dezakegu. Hala gabiltzala, kutsatuen zerrenda jende ezagunera iristen ari bada, kezka beldur bihur daiteke eta ordura arte nolabaiteko kontrola izaten saiatu bagara ere, beldurra kontrolatzea zailagoa izan daiteke. Nola kudeatu? Honek intentsitate handia hartu aurretik, hitzetan jartzea komeni da. Norbaitekin komunikazio eraginkor bat edukitzea garrantzitsua da; hau da, hitz egiteko beharra duenak, entzule aktibo bat edukitzea komeni da, ideiak ordenatzen eta beldur maila jaisten lagunduko diona. Zertaz hitz egin? Bere beldur iturria den hori identifikatua badauka, hitzak jarri; aldiz, eta oraindik erabat identifikatu gabe baldin badauka, hitz eginez identifikatzen saiatu. Ondoren, kezka edo beldur horren aurrean eragiteko bere esku zer neurri egon daitekeen eta neurri horiek hartzen ari ote den begiratu... Hori guztia entzungo duenik ez badaukagu, galdera horiek nork bere buruari egin eta erantzunak idazteak lagun dezake lasaitze prozesuan. Birusaz kutsatzea baldin bada kezka, arrisku taldekoa ez bada, arin pasako dela jakitea ere garrantzitsua da.