Carmen Ferro, emagina: “Emakumea ahaldundu egin da, eta horrek aldaketa ikaragarria ekarri du"

2020-03-04

Ia 40 urte daramatza emagin-lanetan Carmen Ferrok, horietarik gehienak Villabonako anbulatorioan. Nondik erditzen zen ez jakitetik, emakume ahaldunduei euren haurdunaldi, erditze eta erditze ostean ez eze, bizitzako ziklo guztian laguntzen die emaginak. Edoskitzeari eskaini dio gehien: ehunka edoskitze aurrera ateratzen lagundu du; halaxe, edoskitzeak eman dio berari ere gehien. 

 
 
Carmen Ferro, emagina: “Emakumea ahaldundu egin da, eta horrek aldaketa ikaragarria ekarri du"

Berriz jaioz gero, emagin izango litzateke, ostera ere, Carmen Ferro (Bartzelona, 1958). Bizi du bere ogibidea. Pasioz mintzo da erditzean emakumeek duten indarraz, aitak ahaldundurik ikusteaz... eta pasio hori transmititzen die erditzeko  prestakuntzetan bikoteei. Baina badaki noiz isildu, eta begiradarekin nola lagundu, bularrarekin ezinean ari diren ama berriei, esate baterako. Badu dohain hori.

80ko hamarkadan hasi zen emagin-lanetan Bartzelonako herri txiki batean, erditzeak egiten. 1985ean etorri zen Villabonako anbulatorioko kontsultara, eta erditzeak artatzen jarraitu zuen senarrari (Juan Ramon Izagirre ginekologoa) lagunduz, Tolosako Asuncion klinikan erditzeak egiten baitziren orduan. Orain etxeko erditzeetan laguntzen du, konfiantzan eskatzen diotenean. 40 urteotan ikaragarrizko bilakaera bizi izan du bere lanean. “Guztia hoberako” aldatu dela dio. Aita erditzeetan sartu ere ez zen egiten Carmen Ferro emagin-lanetan hasi zenean, orain aldiz, beraiek informatu eta ahalduntzea da bere egitekoetako bat, erditzean inplikatzen diren aitak hazieran gehiago inplikatzen direla ikusten baitu. Bikote ereduak ere aldatu dira, gizartea bera, “ez da lehen bezain matxista, nahiz eta oraindik asko dagoen egiteko”.

Ia 40 urte daramatzazu emagin-lanetan: zurekin jaio ziren neska asko gaur egun ama izaten ari dira. Zer aldatu da, ordutik hona, haurdunaldiko eta erditze osteko jarraipenean?
Gai hauekiko, zorionez, guztia aldatu da erabat. Ikasketak amaitu nituenean baziren nondik erditzen den ez zekiten emakumeak; nik hori ikusi dut: haurdun egon eta ez jakin nondik erditzen den. Gaur egun informazioa asko ugaritu da. Hona taldeetara etortzen diren emakume gehienak unibertsitate ikasketak dituzte. Emakumea ahaldundu egin da, eta horrek aldaketa ikaragarria ekarri du. Gizartea bera aldatu da.

Gizonen kasuan, lehenengo erditze haietan aitak kanpoan gelditzen ziren, hautsontzi handi batzuen ondoan. Irten eta esaten genien, “neska bat izan da, edo mutila”, orduan ez baitzen jakiten. Gaur egun erditzeetan ez ezik, haurdunaldian zehar bikotea etortzen da [kontsultara]. Lehen emakume asko euren amarekin etortzen ziren.

Eta haurdunaldia eta erditzea aldatu bada, zer esanik ez haziera! Haurra gainean eramatea… dena aldatu da  emakumeen ahalduntzearekin batera, aiten parte hartzearengatik, neurri handi batean. Eta gizartea ez da lehen bezain matxista, nahiz eta oraindik asko dagoen egiteko.

Nolako jarraipena egiten zitzaion lehen haurdunaldiari; nola prestatzen zen guraso izatear zegoen bikotea?
Bartzelonako herri bateko emagina izan nintzen lanean hasi eta lehenengo urteetan, 80etan. Astean bitan pasatzen nituen haurdunaldiko kontrolak eta kartilla betetzen nien,  haurdunei, baina konplikazioaren bat baldin bazuten soilik joaten ziren haurdunaldi osoan ginekologoarenera, bestela ez. Zerbait baldin bazuten familiako medikuarenera joaten ziren.

Gaur egun, ekografiez gain, pisuaren kontrola eta bestelako kontrola hilabeterokoa izan ohi da; beste muturrera joan gara?
Haurrekin ere antzeko zerbait gertatu da: lehen haurra katarroren bat edo zerbait zeukanean eramaten zen pediatrarenera. Haurdunaldiaren kontrolarekin haur osasuntsuaren kontrolarekin gertatu den gauza bera pasa da, ia-ia obsesio bihurtu da, eta jende gehienarentzat askotxo da. Partikularki, egia da, kontrol horiek egingo ez balira gauza batzuk ez liratekeela aurkituko, baina oro har gehiegizkoak dira. Hala ere, jendea gustura dago. Hobeto darama haurdunaldiko kontrola ondorengo pediatriako kontrola baino, askotan kontrola ez eta azterketa baitirudi, ea zeinen ama ona zaren; konplexua da.

Emaginaren lana aldatu da, eta hobetu dira erditzea, erditze aurreko eta osteko arreta; baina zergatik sentitzen dute askok, oraindik ere, pediatrarenean azterketa pasatu behar balute bezala, zergatik ez da aldatu hori?
Nik uste dut hori ere hobetuko dela. Pediatren belaunaldi berriek —eta, batez ere, pediatren formatzaileek—edoskitzean konfiantza gehiago hartzearekin batera, eta edoskitzeak nola funtzionatzen duen ondo ezagutzearekin batera, gauzek aldatu behar dute. Baina pediatra askori, oraindik ere, 50 pertzentilean 100 jartzea gustatuko litzaieke, baina ez, 50 jartzen du; eta horrek esan nahi du 50 haur daudela goitik eta beste 50, behetik.

Gaur egun nola etortzen dira andreak erditze aurreko ikastarora?
Haurdunaldiko seigarren hilabetean etortzen dira, gutxi gorabehera. Askotan lehen haurraren esperoan diren emakumeak izan ohi dira. Informazio-espektatibekin, beldurrak kentzeko gogoz eta ilusioz etorri ohi dira. Hori bai, garai batekoen aldean ikaragarrizko informazioarekin etorri ohi dira, horretan diferentzia handia dago. Bikotea etortzen denean, gizonak informazio askoz gehiago jasotzen du, emakumeak dagoeneko eduki ohi du  fisiologiari eta anatomiari buruzko informazioa, baina jakintza hori askotan ez da egoten bideratua euren gorputzari erditzen laguntzeko, mesede egin diezaion eta ez oztopo.

Beldurren gaia asko lantzen duzu bikoteak prestatzen dituzunean, eta erditze-mina zer-nolakoa den ere asko sakontzen duzu. Zein da zure misioa bikote bat prestatzeko garaian? Batzuek esango dizute ahalik eta min gutxien jasan nahi dutela...
Erditzeko prestaketara etortzen diren lehen egunean emakume askok esaten didate erditze azkarra eta minik gabea nahi dutela, eta niretzat gauza ederra da ikustea azkeneko egunerako nola egin duten prozesuaren ulermena eta nola aldatu duten minarekiko ikuspegia. Bart gauean bertan, emakume bat erditu zait: lehen erditzea zuen eta epiduralik gabe eta punturik gabe erditu da; baina hona etorri zen lehen egunean minik gabeko erditze azkar bat nahi zuela esaten zuen. Aldaketa hori bizitzea niretzat benetan ederra da. Zer gertatu behar da? Emakumeak ulertu egin behar du nolakoa den erditze-prozesua, ongi ezagutu, eta zer gertatuko den jakinda, erabakiak hartzeko gai izango da.

Guraso izaten laguntzeko formazioa egin nuenean, erditze-prozesua oso ongi ezagutzeak eta bisualizatzeak garrantzia handia dutela irakatsi zidaten. Esperientzia hark erabat definitu zuen nire lan egiteko modua: erditze-prozesua ezagutzea, ondo ulertzea eta berau bisualizatzea oso garrantzitsutzat jotzen dut, eta naturaren mesedetan geure gorputzari bide uztea ere funtsezkotzat jotzen dut.

Horrez gain, niretzat inportantea da erditzerako prestatzen ari den bikotearen barruan gertatzen dena: bikotekideek bat egiten dutenean eta elkar ulertzen dutenean erditzearen mesedetan balia dezakete indar hori, eta indar hori elikatu egin daiteke. Haurdunaldia maitemintze garaia da, oxitozina oso altu dagoen garaia baita, eta ikaragarrizko taldea osa dezakete bikotekideek.

Esan al daiteke erditzerako prestatzen den aitak gero hazieran gehiago inplikatzen direla?
Nik uste dut aita bat erditzerako prestatzen denean eta erditzea ulertzen duenean, prozesuan barneratu egiten dela. Gakoa zein den? Hau, hasieratik bukaerara, bikotearen kontu bat dela ulertzea.

Erditze ikastaroko lehen egunean orangutan baten erditzeko bideo bat jartzen diet bikoteei, eta emakume baten erditzekoa, ondotik. Biak oso antzekoak dira prozesu fisikoari dagokionez. Bikoteari esaten diot prozesua ulertu egin behar dutela, baina gakoa alderdi emozionalean dagoela azaltzen diet. Diferentzia alderdi emozionalean markatu behar dugu eta hori da, prestakuntzan zehar, indartu eta elikatu behar duguna. Hor dago gakoa. Hor dago diferentzia. Orangutana bakarrik erditzen da, eta gu familia bat gara.

Alderdi emozionala lantzen eta indartzen baldin badugu, kemen hori gero azaleratu egingo da, prozesuaren onerako. Gizonek erditze-prozesua ulertzen dutenean, masaje perineala egiten dutenean, prozesuaz jabetzen direnean... inplikatuago daude, eta erditzearen parte sentitzen dira. Gero galdetzen diet ea nola sentitu diren erditzean eta horixe izaten da erantzuna, parte sentitu direla, nahiz eta ezer ez egin. Hor dago guztiaren gakoa. Zu erditzearen parte sentitzen baldin bazara, eta zure neskak zure besarkada emozional hori jaso baldin badu, txintik esan gabe, indar horrek prozesuari asko laguntzen dio.

Gizonei buruz ari gara hizketan, baina aipatu dugun aldaketa honen baitan, bi emakumez osaturiko bikote asko ikusiko zenituen...
Bai, eta esan dudan guztiak balio du horretarako. Biak prestatzen direnean, biak inplikatzen dira.

Eta zer gertatzen da erditzea idealizatzen dugunean? Esate baterako, gertatu ohi da erditze naturala izan nahi, baina gero emakumeak ez jakitea zer egin bere gorputzaren indar horren mesedetan... eta ez da betetzen idealizatutako erditzea...
Idealizazioen gaia asko lantzen dugu prestakuntzan zehar, eta ez soilik erditzearen kasuan, epiduralaren kasuan edo zesarea bidezko erditzearen kasuan,— neure esperientzia propioagatik [zesarea bidez jaio ziren bere lau seme-alabak]—, baita edoskitzeari loturiko idealizazioak ere. Amatasunari loturiko idealizazio asko saltzen dizkigute, eta komeni da gai hauen inguruko informazioa edukitzea.

Erditzearen kasura etorrita, benetan garrantzia daukan helburu bakarra emakumea eta haurra osasuntsu egotea da. Ipar hori okertzen baldin bada, beste guztiak ez du batere axola, eta inor ez da oroitu ere egingo. Beraz, erditze-prozesuaren mesedetan lan egiteko prestatuko gara, gustatuko litzaigukeen erditzetik ahalik eta gertuen iristeko. Baina argi izan behar dugu gauza bat dela gustatuko litzaigukeena eta bestea, eskuetan daukaguna. Esate baterako, niretzat garrantzitsua da papera zuria izatea, baina eskuetan ditudan hiru orrietatik bat bera ere ez da zuri-zuria: zein aukeratuko dut? Nahiko nukeena ez daukadanez horretan gastatuko ditudan energia guztiak alferrik galduak izango dira, beraz, hobe pentsamendua zabaltzea, aukera guztiei ateak zabaltzea. Bizitzan arriskuak daude, eta hemen arrisku onargarria duten gauzekin jokatzen dugu, baina garrantzia duen helburu bakarra badakigu zein den, eta agian hara iristeko bidea ideala izango da, baina momenturen batean okertu egiten bazait bidea, bidezidor bat hartu beharko dut helburura iristeko. Ez baldin badaukat eskura gustatuko litzaidakeena, dauzkadan aukeren artean onena dena hartuko dut. Hiru orrien artean zuri gehien duena hartuko dut. Eta hau zesarea bidezko erditze baten aurrean, forzeps-en kasuan, edoskitzean, hazieran... eremu askotan buruan izan behar dugun premisa da. Ireki ateak, eta kontuan izan bizitzeak arriskuak dituela eta arrisku horiekin jokatu behar dugula.

Nola eragiten du erditzearen esperientziak erditze-ostean eta hazieran? Erditze on bat izateak edo erditze traumatiko bat bizitzeak ondoriorik uzten du?
Erditze bat ez da inoiz larrosazko bide bat, beti daude momentu zailak. Hortaz, bukaeran benetan inporta duena esperientzia asebetegarri bat bizitzea da. Jendeak esaten du haurra besoetan hartzean erditzeko minak ahaztu egiten direla, baina nik ez dut uste ahazten direnik, baizik eta guztiak merezi izan duela sentiarazten dizu haurra besoetan izateak. Guztiak zentzua hartzen du, momentu oso gogorrak egon diren arren. Baina ez bada hala gertatzen, erditzea hain gogorra izan bada ezen erditze osteko egunetan arrasto sakon negatiboa sentitzen baduzu, min horrek eragin egingo dizu.
 
Seme-alabekiko korapiloa, familiako zuhaitzaren sustraitzea, haurren jaiotzarekin gertatzen da, hortaz, erditzearen esperientzia oso negatiboa izan baldin bada, amaren lehenengo helburua bizirautea izango da, neuk biziraun behar dut lehendabizi, eta hasiera batean, jaioberriaz maitemintzea eta sustraitzea gehiago kostako zait bizirauten nahikoa lan badudalako. Batzuetan, esperientzia negatibo hori gainditzeko lan handia egin behar izaten da, eta laguntza psikologikoa ere behar izaten da.

Aipatu duzun une horretan, haurra jaiotzean eta besoetan hartzean, esan izan zaigu bat-batean maitemindu egingo garela berarekin, baina ez da beti horrela izaten.
Kasu batzuetan erditzean maitasun-leherketa handi bat gertatzen da, eta momentu hori probestu egin behar da, bizitzan une gutxitan gertatzen baitira horrelako leherketak. Baina beste askotan ez da gertatzen leherketa hori. Zorionez, hau ez da lasterketa bat, ibilaldi bat da. Erditze osteko kasu batzuetan bizirautea bera zail da, eta emakume batzuek ezin dituzte begiak zabaldu ere egin, ezta irribarrerik egin, ez hunkitu... hor beheran baitaude, eta nahikoa lan badute bizirautearekin. Horrelako momentuetan beste batzuk arduratu behar dira haur jaioberriaz, bikotekidea izan daiteke, eta ama dedika dadila, bizirautera. Haurrak berak egingo du amagan lekua, harremanarekin, azalarekin, egunekin, berak egingo du bere lekua ongi. Erditzean maitasun-leherketa bat ateratzea ederra da, baina ez bada leherketa hori gertatzen, ez arduratu, maiteminduko zarete denbora gehixeagorekin. Kontua da honi buruz ere hitz egin behar dela,  haurra izan duten hiru lagunek esaten badizute leherketa bat gertatzen dela eta zu ez bazara maitasunez lehertu, gaizki pasa dezakezu, "zer da hau? Zein dau, ezagutzen ez dudan hau?", galdetuz zeure buruari.

Ehunka emakume artatuko zenituen euren erditze-osteetan. Puntuak errebisatzeaz gain, emozionalki lagundu beharko zenien askori. Nola aurkitzen dituzu emakumeak erditze-ostean?
Ehunka edo milaka emakume artatuko nituen: denetik ikusi dut. Oso ondo irakatsi zidaten entzun eta sentitu egin behar dudala, emakume horien azalean jarri behar dudala. Enpatiatik askoz gehiago ulertzen duzu aurrean daukazun emakumearen egoera. Emakume batzuek egunero denbora batez kontsultara etortzeko beharra daukate, egun askotan zehar edo egun gutxi batzuetan zehar. Eta badaude bikain sentitzen diren andreak, eta etortzeko beharrik ez daukatenak. Eta emakume bera, haur desberdinekin eta momentu bakoitzean desberdin sentitu daiteke, kasu bakoitza bakana da, haur bakoitza eta esperientzia bakoitza bakana baita. Oso ondo irakatsi zidaten bi belarri eta aho bakarra ditudala.

Entzutea dela zure lana diozu, konfesore baten pare?
Hemen gauza asko ateratzen dira. Kontsulta honetan jorratzen ditugun gaiak sexualitatearekin lotuak daude, maitasunarekin, haurrekin, bizitzako espektatibekin, ilusioekin, tentsio emozional handiko gauzekin.... uste dut gauza asko atera daitezkeen leku bat dela. Horregatik ere ordaintzen digute, ez zitologiak egiteagatik soilik.

Gizarte bezala, ustez, asko egin dugu aurrera. Baina, oraindik ere, emakume askok ez daukate amatasunari buruzko gauzak partekatzeko espaziorik, gai asko ez dituzte lagun artean ere partekatzen. Ordea, emagina ez da ez laguna, ez ama, ezta irakaslea ere. Eta hori zorte handi bat da emozioak atera ahal izateko; hemen, esan eta juzkurik entzun gabe atera daiteke emakumea.

Hemen hitz egin eta hemendik gutxi aterako den gai bat abortua izango da.
Abortuaz gero eta modu irekiagoan hitz egiten dela uste dut, eta erruduntasun gutxiagorekin. Emaginok asko normalizatzen dugu gai hau, eta pisua kentzen diogu. Abortatu nahi duten emakumeak haurdunaldiko hormonekin etortzen dira kontsultara, bakoitza bere historialarekin eta bere motxilarekin, eta batzuetan negarrak edo bihotzeko minak ere ikusten ditugu.

Kasuistika oso zabala da: adin, eta aukera guztietako emakumeak etortzen dira, ezkonduak, ezkongabeak, era guztietakoak. Hala ere, lan handia dugu erruduntasuna gainetik kentzen.

Gazteen kasuan, Gaztekidetzako programa pilotu batean ari gara parte hartzen. 15 urteko nerabeak etortzen dira, gela osoa, neska zein mutil, eta emaginaren zerbitzu-kartera zein den azaltzen diet. 14 urterekin pediatrarenetik ateratzen direnean hona etor daitezke hitzordua eskatuta, eta lehentasuna izango dute. Proiektu honekin hasi nintzenean 16 urtekoak adin nagusi ziren osasun aldetik, eta abortatu nahiz pilulak har zitzaketen, euren gorputzaren kargu egiteko adina 16 urtetan ezarria baitzen. Baina orain 14 urterekin hona etor daitezke eta hitz egin dezakegu, baina zerbait egin behar bada euren tutorearekin hitz egin behar dugu. Hitz egitera euren kabuz etor daitezke, tutorerik gabe, eta askotan hitz egite hutsarekin gauza asko kopontzen dira. Zertara etortzen diren? Bada, gorputza arraro hazten zaiela, azkuraren bat dutela, sexu harremanak izan dituztela eta kondoia hautsi zaiela edo ez dutela erabili, sexu bidezko gaixotasunen bat dutelako edo izan dezaketelako beldur direlako...

Gero eta gehiago esaten da, adin hauetan batez ere, gutxiegi hitz egiten zaiela sexualitateaz eta pornoa ari dela bihurtzen gazteen sexu-hezitzaile...
Asko arduratzen nau gai horrek. Niri zehazki ez didate zuzenean pornoaz hitz egiten baina ikusten dut zuk diozun bezala dela. Eta argitu behar da, pornoa ezin da izan sexu-hezitzaile, gaizki-hezitzaile baizik. Pornoa guztiz matxista da. Belaunaldi bateko emakumeak ikaragarri ahaldundu dira, baina hurrengo belaunaldikoei ikaragarrizko kaltea ari zaie egiten pornoa. Gauzak aldatu egin behar ditugu, ze egia da gazteek inormazioa behar dutela eta morboa eta exitazioa ematen diela pornoak, baina emakumeekiko guztiz jazartzailea da, eta, gutxienez eta izatekotan, beste era bateko pornoa behar dugu.

Hel diezaiogun edoskitzeari. Edoskitzearekin maiteminduta zaudela esaten duzu. Egia da edoskitzea asko zabaldu dela, baina, haurdun dagoen emakume askok esaten dute, oraindik ere “bularra emango diot, ahal badut”: ez daukagu oso garbi gure gorputza zertarako gai den, ezta?
Emakumeak haurdunaldiko proban positiboa ikusi eta berehala etortzen direnean kontsultara, haurdunaldiko liburuxka betetzen dugu, eta erantzun behar diote honako galdera honi: “Zer nolako edoskitzea nahi duzu?”. Normalki erantzuten didate ahal izanez gero bularra emango diotela, eta nik erantzuten diet “bai, badezakezu”. Batzuetan arazoak egoten dira, baina baita soluzioak ere. "Segur aski, nahi izanez gero, eta informatuz gero eta arazoak konpontzera etortzen baldin bazara, ahal izango duzu”, “hortaz bai,” erantzuten didate. Baina “ahal izanez gero” hori ia guztiek erantzuten didate. Gai honetan ere emakumeak ahaldundu egin behar du.

Orain ama izaten ari den belaunaldiko emakume gehienek ez dute bularrik hartu eta faktore horrek eragiten du. Hasteko iruditeriagatik: haurdunaldian zehar ohikoa da norbere amak, izebak edo amaginarrebak biberoiak eta txupeteak oparitzea, ama haientzako horietxek izan baitziren soluzio. Beraz, amak beretzat onena izan zena ematen dio alabari, ez edoskitzearen kontra dagoelako, baizik eta berari onena biberoia zela sinetsarazi ziotelako. Hori da kulturalki dakarkiguna, eta aldatzea asko kostatzen denez eragin egiten die bularra eman nahi duten amei.

Emakume askok uzten diote bularra emateari bidean izaten dituzten arazoak konpondu ezinda.
Nik uste dut bularra eman nahi eta uzten duten askok babes nahikorik ez dutelako uzten dutela. Ez badaukazu babesik bizirik irautea bera lan nekeza bihurtzen da erditze-ostean. Irtenbide ona da beste aukera batzuk hartzea.

Nik asko eskaini diot edoskitzeari, asko lagundu dezakedala ikusi dudalako. Lehengo batean bulego batera joan nintzen eta hango langileak esan zidan asko gogoratzen zela nik haur jaioberriarekin ohean arropa gabe sartzeko aholkatu izanaz, ikaragarri lagundu omen nion, “asko oroitzen naiz zurekin”, esan zidan. Ni ez nintzen berarekin oroitu ere egiten. “Ez iezazkidazu eskerrak eman, gainean daramatzat”, esan nion. Arazo larriak izan dituzten emakumeekin ordea bai,  asko oroitzen naiz.

Zenbat edoskitze atera  ote dituzu aurrera?
Urtean 150 inguru laguntzen ditut. Emakume bakoitza gutxienez behin, bitan edo hirutan etortzen da. Edoskitzea izan ohi da erditze ostean kontsultara etortzeko lehen arrazoia. Batzuetan punturen bat ikusi behar izaten da, baina gai nagusiena edoskitzea da. Emakume batzuek sarri etorri behar izaten dute, egunero bi orduz hemen egoten dira, gauzak onbideratu arte eta etxean lasai bularra emateko gai sentitu arte. Nik kontsulta pasatzen dudan bitartean ondoko gelan egoten dira bi edo hiru bikote, hemen guztia errazago egiten zaielako.

Bularra eman nahi eta ezin izan duten emakume batzuek frustrazio handiz bizi izan dute esperientzia, behin eta berriz entzuten baitugu amagandiko esnea dela onena.
Bularra eman nahi ez dionak edo ezin duenak —izan medikazio batengatik edo dena delakoarengatik— badirudi gizartearen aurrean barkamena eskatu behar duela, edo bere bizitzaren gaineko esplikazioak eman behar dituela. Niretzat hau oso garrantzitsua da: gai hau normalizatu egin behar da. Nik lehenengo momentutik esaten diet emakumeei, eurek erabakitzen dutena beti dela erabaki onena, hautu hori inork ez baitu beraiek bezainbeste pentsatu. Gizarteak, lagunek, modek... min egin dezakete, eta sufritzen ari den emakume bat egon daiteke, asko zaindu behar dena.

Amagandiko edoskitzea laguntzeko hilean egiten dituzun bi saioetan emakumeen arteko ahizpatasuna izaten da nagusi... bularra emateko zailtasunak, nekea, plazera, edota ilobari bularra eman izan diotenen kasuak, aitak eradoskitzen saiatzea mastitisekin laguntzeko... errealitatea ikusten da hemen?
Bi edo hiru umeri bularra ematen dieten amak... hemen lasai hitz egiten du bakoitzak bere esperientziaz. Edoskitze-talde horiek dira nire lanaren alderdirik ederrena, oso gustura sentitzen naiz bertan. Lasai sentitzen direnean egiatik hitz egiten dute emakumeek, bakoitzak bere egia eta bere errealitatea okaztatzen ditu eta indarberriturik ateratzen dira taldearen esperientziatik, beste emakumeen babesarekin. Hona taldera etortzen zen ama bat psikologoa da eta esaten zidan taldeko terapia bat zela hau erabat. Berez ez da terapia moduan planteatzen, edoskitzea normalizatzeko babes talde bezala baizik, baina talde-terapia bezala eragiten du.

Edoskitze-taldera etortzen ziren emakume batzuk, ikaragarri ahaldundu ziren eta euren arteko guraso taldea osatu zuten, hazieraz hitz egiteko oso garrantzitsua baita taldearen babesa.

Tribuaren funtzioa ere betetzen du batzuetan talde horrek. Bakarrik gaude gu eta gure bikotekidea —bikotekidea dagoen kasuetan— haurrarekin etxean. Askorentzako ez da erraza.
Horrek markatzen du normaltasun edo anormaltasun guztia. Horregatik da hain garrantzitsua lotura sendoak eraikitzea familia osatuko duen bikoteak. Horregatik funtsezkoa da bikotearekin lan egitea. Lehen, baserrietan eta masietan etxeak oso handiak zirenez, gurasoez gain, aitona-amonak, izeba-osabaren bat, ilobak, lehengusuak... jende asko zegoen, bakoitzak gauza bat esaten zuen... taldea handiagoa zen, onerako eta txarrerako. Orain, zu edo zure bikotekidea bakarrik zaudete, haur batekin, edo bi edo hirurekin. Horrek badu abantailarik, baina desabantailak ere bai, asko.

Bi bakarrik izanda, ezinbestekoa da elkarrekin bat egitea, bikotekidea prozesuaren parte sentitzea haurra jaio aurretik ere, kolaboratzea, haurrarekin futbolean jokatzeko espektatibetatik harago, hura zaintzeko eta parte izateko espektatibak eraikitzea. Aitarengan, bere buruari sentitzen uzten dionean eta haurrak irribarre egin diolako, lerdea dariola, hunkitzen denean, benetako aldaketa ematen du eta zaintzaile bihurtzen da.
 
Haurdunaldiaz —eta horren eteteaz—, erditzeaz eta erditze-osteaz hitz egin dugu, baina emaginaren kontsultara euren bizitzako ziklo osoan etorriko dira emakumeak. Zer harreman dute emakumeek euren menstruazioarekin?
Zentzu horretan ere gauzak aldatzen ari dira: lehen emakumeek hilekoaren min handiagoak izaten zituzten, orain askoz gutxiago. Lehen dispauremia asko ikusten nituen, sexu-harremanetan mina izaten zuten ehun emakumetik 80k, hori orain ez dut ia ikusi ere egiten, soilik emakume perimenopausiken kasuan, lehortasunagatik. Aldaketa hori ez da fisiologikoa, aldaketa gizarte aldaketa da, zainketa kontua da, bikote harreman kontua da. Lehen haurdunaldi garaian emakume askok goitika egiten zuten etengabe, orain ez da ikusten halakorik.

Duela 20 urteko emakumeek pilula asko hartzen zituzten menopausian, besteak beste, sofoko edo beroaldiei aurre egiteko. Orain zer moduz daramagu hilekoaren osteko etapa?
Hilekoa joan eta bi urtera klimaterioa bizi du emakumeak, eta behin betikoz hilekoa joan denetik urtebetera menopausian sartzen da, a posteriori ezartzen den data da.

Duela 20 bat urte menopausia guztiak hormonalki tratatzen ziren, baina bularreko minbizia ugaldu egin zen, eta masiboki emateari utzi zitzaion. Orain bizi kalitate txarra duten emakumeei soilik ematen zaizkie pilulak, eta horiek oso emakume gutxi dira, alderdi honetatik ere gauzak asko hobetu baitira. Lehen sofoko asko ikusten genituen, oso esageratua zen, eta 15 urterako tratamenduak ezartzen ziren. Orain, tratamenduak, ezartzen diren kasu bakan horietan, askoz kontrolatuagoak eta denbora epe laburrekoak izaten dira.

Lehendabizi pilulak haurdun ez gelditzeko; gero, kasu askotan, haurdun gelditu ezinik pastillak hartzen dira, eta menopausian ere oraintxu arte pastillak hartzen ziren. Emakumeak gure ziko osoan pastillak hartzen aritu gaitezke.
Farmazeutika oso boteretsua delako. Orain menopausian dauden emakumeen % 95ek ez dute inolako tratamendurik hartzen, eta hartzen dituztenak sojatik eratorriak eta naturalak izan ohi dira. Ikuspegia aldatu dugu: emakumeak kirola egin dezan saiatzen gara, ez dadin gizendu, hobeto jan dezan, gustatzen zaizkion gauzetan apunta dadin eta berarentzat denbora hartzea gomendatzen diogu.Menopausian errezetatzen ziren pilulek bularreko minbiziarekin lotura zutela ikusi izana garrantzitsua izan zen, erabat moztu baitzen pilulen bidea. Hainbeste hormona ematea ikaragarria zen!

Antisorgailuen kasuan, oraindik ere hormona bidezko pastillak asko erabiltzen dira. Zer-nolako antisorgailuak gomendatzen dituzue?
Ez dago antisorgailu onik. Bat ona agertzen den egunean beste guztiak desagertuko direlako; denak dira txarrak. Momentu bakoitzen hain txarra ez den hori bilatu behar da.

Duela gutxi amona izan zara, lehendabizikoz. Nola daramazu titulu berria?
Oso ondo. Bizitzak bueltan ematen dizun opari bat da zure alaba edo semea hazi eta euren seme-alabaz maitemindurik ikustea.

Berriro jaioko banintz, ostera ere emagin izango nintzateke, asko eman didalako. Osasungintzako langilea naiz, baina bizitzarekin egiten dut lan.