BENITO LERTXUNDI: “Ezagutzea besteen bideetan ibiltzea da eta hor arrotza zara beti; jakitea, berriz, zeure bideari eustea da”

2019-12-17

Abesten ez, baizik eta ipuin bat kontatzen entzuten da Benito Lertxundi bere azken lanean: ‘Zuhaitzak landatzen zituen gizona’. Ipuin xume bezain sakona, hortik abiatuta bizitzaz eta gauza askotaz hitz egiteko aukera zabaltzen duen horietakoa. Horretantxe aritu da elkarrizketa honetan, bizitzaz, zoriontasunaz, askatasunaz, heziketaz, eskolaz eta kulturaz hausnartzen, besteak beste. Kantaria ez ezik, pentsalaria ere badela erakusten du. Kantagintzako ibilbideaz gain, bizitzan egindako ibilia baitu, bere bizipenekin, esperientziekin eta eskarmentuekin. Horrek ematen dion ikuspegiarekin mintzo da, bizitzako unerik onenean dagoela dioelarik. Behin eta berriro aldarrikatzen duen adimen askatasunak eraman du horra, bizitzan lagungarri zaizkion gauzei helduz eta oztopatzen diotenak baztertuz. Uneoro berak antzemanez, bere adimena entrenatuz, bere bide propioa eginez. Horixe da haurrentzat eta gainerakoentzat ere nahi duena.

 

 
 
BENITO LERTXUNDI: “Ezagutzea besteen bideetan ibiltzea da eta hor arrotza zara beti; jakitea, berriz, zeure bideari eustea da”

‘Zuhaitzak landatzen zituen gizona’ ipuin musikatua kaleratu duzu. Duela 26 urte argitaratu zenuen eta orain berriro. Zer dela-eta?

Madrildik hona etortzen zen nire jarraitzaile bati –badakizu, gauza arraroak gertatzen dira– nonbait gustatu egiten zitzaion nire errezitatzeko modua. Argitaletxe bat zeukan eta ea ipuin honen kontakizuna euskaraz egingo nuen galdetu zidan. Ordurako hizkuntza askotan eginak zeuden bertsioak. Hala, Aitor Aranak euskaratu eta nik errezitatu nuen. Kontua da ez dakidala zer gertatu zen disko horrekin. Ez zerurako eta ez infernurako gelditu zen, linboan. Elkar diskoetxean eta abar galdetzen nuen, baina inork ez zidan fundamentuzko erantzunik ematen. Jendeak galdetu egiten zidan eta nik ez nuen erantzun zehatzik. Niri pena ematen zidan, oso disko polita baita. Alaba txikitxoa zenean beti gustatzen zitzaion ipuin bat kontatzea eta nik asmatu egiten nizkion. Gau batean ipuin hau jartzea bururatu zitzaidan, apal-apal gelan, eta izugarri gustatu zitzaion, funtzionatu egin zuen. Badauka halako giro liriko bat, gautiarra... Halako zor edo frustrazio bat sentitzen nuen eta disko hau berreskuratu nahi nuen. Eta hemen da, kalean berriro.

Ipuin sakona da. Artzain xume baten historia kontatzen du, baina xumetasun horretatik hainbat balio eta mezu transmititzen ditu.

Emaztea eta semea galdu zituen artzain bat da, Proventzako Alpeetan bakarrik bizi dena, toki lehor batean, arditxo batzuekin eta bere txakur leialarekin. Egun batean, egiteko beste ezer hobeagorik ez zuela-eta, egunero ehun ezkur landatzeari ekin zion. Urteen poderioz idorra zen leku hura baso eder batean bilakatu zen. Lehen lehorra zen lekuan ura agertu zen, hango jendarte tristea alaiagoa bihurtu zen eta jende gaztea bertaratu zen bizitzera, bisitariak ugaritu ziren handik eta hemendik... Denek pentsatu zuten naturaren kapritxo bat izan zela gune berri horren sorrera. Artzaina isil-isilik gelditu zen, ez zuen inongo interesik bere burua agertzeko. Bere obrak ekarri zuen jendea eta berak ez zeukan hitz egin beharrik. Berak egindako obra mintzatzen zen, eta gainera, eraginkorra zen, gauzak aldatu zituelako. Aldaketa lortu zuen, xume-xume, inongo erronka handirik gabe, bere eguneroko bizimodutik, egunez egun. Eta horrela, bere buruari eta inguruari laguntzea lortu zuen, denei laguntzea, gizarteari ere bai. Espiritu sortzaile edo onbera hori du.

“Bazekien isilik egoten, bai baitzekien gauzak baloratzen”, kontatzen da ipuinean. Batzuetan gauzak baloratzea isilik egotea da?

Bai, ez zuen “hara, begira zer egin duen!” esateko behar hori, ez zuen ohore hori behar. Berak ekintza horren nolabaiteko uzta maite zuen. Hori da eman duena eta horrekin oso ordaindua sentitzen da. Jakintsuak, edo nik jakintsutzat dauzkatenak, jeneralean isilik geratzen dira. Ez dira  disputetan sartzen, ez bada berehala tratatu beharreko gauza material bat. Isilik geratzen dira, artzaina bezala.

Artzainak lurrean uzteko moduko aztarna uzten duela aipatzen da ipuinean.

Bai, aztarnak mota askotakoak izan daitezke. Jaioz geroztik fisikoki denok hazten gara oker handirik gabe. Baina barnetik ez. Barnetik halako garapen bat izateko, espiritualki hazteko, dogmak frenua dira, ez dute hazten uzten. Hazten joateko aske izan behar da. Aske denak bere adimena baduela esan nahi du eta adimen horrek elikatzen duela, adimen horrek ohartarazten duela guztiaz.

“Beste edonork baino askoz gehiago daki, zoriontsu izateko modu zoragarria aurkitu baitu”. Zer da zoriontsu izatea? Zer da zoriontasuna?

Artzainaren kasuan, ez da ikusten zoriontasunaren bila ibili denik. Bere sentsibilitatearekin kunplitu besterik ez du egin. “Leku honek hau beharko luke” ikusi du eta bere neurrian egiten hasten da. Ez du kontabilitaterik eramaten, bakar-bakarrik egunean ehun ezkur jarriko dituela. Ez du beste ezer kontatzen. Azkenean, bizitzeko modu bat da, munduan egoteko modu bat.

Ustezko zoriontasunaren bila hasten denak gauza bat du errealitatean: zorigaitza. Ez du zoriona ezagutzen, baina pentsatzen du badela, bere ustetan badira zoriontsu diren batzuk, eta eredu hori nahi luke beretzat. Zoriona nahi du zorigaitza duelako.

Orduan, zeri heldu behar dio benetan ikerlari serioa baldin bada? Ez dagoenari ala dagoenari? Ikerlari serioak beti helduko dio dagoenari. Horrela, zorigaitzekoa dela ikusiko du, eta zorigaitza zerekin egina dagoen ikusi beharko du. Aurkikuntza horretan atzeranzko bidea egiten joaten da. Ongi egiten baldin badu bidea, beti aurkituko da mamuekin eta mamu horien egilea bera da. Mamu horiei aurpegia ikustea nahikoa du desagertu daitezen. Ez baitira egiazkoak, gezurrezkoak baizik. Norbere fantasiatik sortutako errezelo batzuk baino ez dira. Orduan, horiek uxatu egiten dira eta uxatzen direnean zer gertatzen da? Ongi gaudela, egoera bare bat agertzen dela. Deabrua kanpora joan da eta ongi gaude jada. Eta ongi baldin bazaude, zeren bila hasi behar duzu?

Esan nahi nukeena da hemen erabiltzen den zoriontasuna alaitasunarekin, ongizatearekin, pozez egotearekin lotuta dagoela pixka bat, besteen aitorpenarekin hornitua egotearekin, egoa handitzearekin, zeinen ongi nabilen adieraztearekin, festarekin. Noski, zoriontasun hori oso erraz amildu daiteke. Pertsona bat zoriontsu egitea ez da zaila metodoa antolatzen baldin baduzu. Esate baterako, goraipatu, goraipatu eta goraipatu. Goraipatu eta goraipatu. Pozik bidaliko duzu. Baina ixkina hartan beste norbaitekin topo egingo du agian eta hark justu kontrakoa adieraziko dio. Eta hegan joan dena brast eroriko da. Ez baita egia, eta egia ez den guztia segituan erortzen da. Zure ilusioak bakar-bakarrik mantentzen du zoriontasun hori. Ilusioaren sukarra da azkenean.

Egoera ona berez ez da “oso ongi nago” edo “oso gaizki nago”. Egoera ona barea da. Egoera barea ongi izatea da, trankil, iraunkorra, eta hori lortzen da gauzak ulertzetik, zorigaitza bera ere erlatibizatuz.

Sormena da, zoriontasuna bezalaxe, asko erabiltzen den hitz bat hezkuntzan, kulturan eta abar. Zer da zuretzat sormena? 

Sormena emozioak sortzea da, bat-batean gauza bat egin eta hori esateko gaitasun artistikoa. Sormena mundu emotiboa ukitzea da.

Baina adi, mundu emotiboa manipulatua egon daiteke, eta oso erraza da hori egitea. Hartzen duzu trapu bat, kolore batzuk jartzen dizkiozu eta galdetzen duzu “zer da hau?”. Trapu bat. Baina trapu horri edukia ematen baldin badiozu, trapu honek hau, hori edo hura esan nahi du, trapu honek gu ordezkatzen gaitu, edo gure ez dakit zer ordezkatzen du, beti Gu horrekin lotzen bada, edukia ematen diozu. Eta benetan edukiaren jabe zarenean, kontzientzia emotibo bat daukazu eta trapua ikusten duzunean hunkitu egingo zara, trapua ez baizik eta zure ikurra delako. Trapu horrek pertsona bat emozionatuko du harekin eta haren historiarekin identifikatuta sentitzen denean. Orduan, kontzientzia mota hori, hunkitzea, baldintzatuta dago.

Batzuetan oraintxe esan dudan hori gertatzen da, eta beste batzuetan agian gauza abstraktuago bat, norbaiten kontzientzian hain identifikatuta ez dagoena, zerbait arkaikoa, zerbait atabikoa, gauza batekin edo beste batekin ukituta geratzen da pertsona bat. Ez dakigu zer den, baina hunkitu du, mugitu du, ez du axolagabe utzi. Hori da sormenaren gaitasuna: nik gauza bat egin dut, zeinak zuri inpresio bat egin dizun. Inpresioak ez du nahitaez besarkatzeko gogoa izan behar, arbuioa ere izan daiteke.

Nor izan daiteke sortzailea? Ezaugarri jakin batzuk izan behar ditu sortzaileak?

Sortu, denok sortzen dugu. Kontua da izakiok, jaioz geroztik, beti saldu behar diogula zerbait norbaiti. Hemen inor ez da haizearekin bizi. Bestearentzat balio duen zerbait egin behar dugu. Bat zapatak egiten hasiko da, beste bat ez dakit zer egiten, bestea beste zerbait, eta batzuk ni bezala kantuak egiten hasten dira. Gizarteko harremanetan horrela da, sare hori dago eta zerbait egin behar dugu. 

Gertatzen dena da sorkuntza batzuk beste batzuk baino bedeinkatuagoak daudela. Batzuei beste batzuei baino balio handiagoa ematen zaie, sakratuak ikusten dira. Nire kasuan, nik egiten dudana ez litzateke ezer zuentzako elikadura espirituala ez balitz. Zortea dut egiten dudan hori elikadura bat delako zuentzako, elikadura espiritual bat. Horrek aparteko balioa ematen dio egindako lanari. Zeren espiritua emozioekin, mundu psikologikoarekin... erlazionatuta dago eta espiritua ukitzen duzunean beste balio bat hartzen du. Sorkuntza batzuk ongi egote psikologiko batekin erlazionatuta daude eta horrek beste balio bat hartzen du. Zapata batzuk erosten dituzunean, gustura egon zaitezke eta baloratzen duzu, baina lurrean gelditzen dira. Hor badago halako sailkapen bat. Balore kontua da. “Zu oso inportantea zara niretzat” esaten didate askotan, eta alde horretatik, badirudi zapatariak baino ekarpen handiago egin dudala horren bizitzan. Baina sortu, denok sortzen dugu.

Haurrek ere bai, haurrek ere sortzeko gaitasuna dute eta haien sormena bultzatu behar dela esaten da. Hala al da? Bultzatu egin behar da, utzi egin behar zaie, erakutsi egin behar zaie...?

Utzi egin behar zaie. Zeren azkenean, umeei bideak erakusten hasten baldin bazara, nolabait baldintzatzen ari zara, pixkanaka edo kolpera, ez dakit, baina inportantea zuk esaten diezuna dela sentituko dute eta ez beraiei aterako zaiena. Orduan, haiena abortatu egiten dute zureari heltzeko, zu autoritate moduan ikusten baitzaituzte. “Horrek asko daki eta nik ez”, “nor naiz ni horri kontra egiteko?”, pentsatzen dute. Eta orduan, helduaren bidetik jarraitzen dute. Ez gara konturatzen besteen eskutik helduta doazela, elbarri batzuk direla. Kanpora esku horiek! Askatu esku horietatik! Ni etorri naiz mundu honetara ene motxilarekin, ene ekipamenduarekin eta hori jarriko dut praktikan. Hori da erreakzioa, askatasunaren eztanda. Hori egiten duena, barnetik hori sentitu duena salbatuta dago. Bestea ez, bestea alienazio batean egongo da beti, besteen eskuetan, ez da sentitzen gai bere kabuz ezer egiteko. Dena galdetu egin behar du: Nola da hau? Nola da hori? Zer diozu honetaz? Hemendik nora goaz... Hori gaixorik dago.

Zer egin daiteke, orduan, umea ez gaixotzeko eta umeak berak bere bidea egiteko?

Batek edo bestek salatu edo kritikatuko nau, ez dute ondo ikusiko nire jarrera eta abar, baina nik nire alaba ez dut hezi. Txikia zelarik, 2 edo 3 urterekin, esan nion “zeure burua hezi behar duzu, hor ikusi nahi zaitut, txiki-txikitatik hasita”. Begira-begira gelditu zen. Noski, ikastolara joaten zen eta ikastolan hezten ari ziren, eta bere gurasoa, berriz, ez zuela heziko esanez: “Nik ez zaitut nire berdina egin nahi. Gainera, ez nuke lortuko. Fotokopia txar bat baino ez zinateke izango. Zu zeu izan behar duzu, zeuk ikasi behar duzu gauzei antzematen, jarri zeure adimena martxan”. Kasu hartan zeure burua-edo esango nion, baina adimena esan nahi nuen.

Batek baino gehiagok esango du zein guraso mota naizen, zein arduragabea. Eta ez, hain zuzen ere erantzukizunak bultzatzen nau horretara. Nik ez diot dena egina eman nahi inori ere. Detaile baten bat edo beste eman nezake nire esperientziatik eta abar, baina gauza horiek besterentzen hasten garenean besterendu ezin direnean... Inorendu ezinak dira. Ikasi, norberak bakarrik ikasten du, besteena informazioa baino ez da, ezaguera. Oso desberdinak dira jakitea eta ezagutzea, ikasketa eta ezaguera. Ikasketa norberak bakar-bakarrik egin dezake. Norbaitek zerbait askotan errepikatu baldin badio ere –hasteko, errepikatu dion hori auskalo nondik datorren, kontuz–, behin ere ez da izango nahiko sendoa ikasitzat hartzeko. Beti izango da informazioa, beti izango da erudizioa; “ezagutzen dut, irakurri dut, asko ibili naiz han eta hemen eta ezagutzen ditut gauzak...” Bai, ezagutzen dituzu, baina jakin ez.

Nik alabari esan nion berak antzeman behar ziela gauzei, berari bizitzera laguntzera datozen gauzei. Hau zertara dator? Bizitzen laguntzen dit ala oztopatzen dit? Oztopatzen baldin badizu, ez heldu hari. Bizitzen laguntzen dizunari heldu. Eta hori zuk antzeman behar diozu, inork esan gabe.

Orduan, noiz esku hartu behar du helduak? Noiz egin beharko luke zerbait? Inoiz ez?

Hor unea dago. Unea arriskutsua baldin bada, hau da, arriskuan baldin badago, nik nire alaba arriskuan ikusten baldin badut, argi gorria pizten zait eta orduan parte hartzen dut. Baina beti esango diot “adi!, ongi begiratu, hau ez dut uste onura izango denik zuretzat, baina zuk ikusi onura den ala ez”. Hortik aurrera ni nor naiz ezer gehiago esateko norbaiti? Bere adimen partikularra duen pertsona bati? Edonola ere, batzuetan argi gorria pizten da. Horrek esan nahi du erne egon behar duzula.

Hemen denok gaude guztiarekin harremanetan eta bakoitzak antzeman behar dio noraino bai eta noraino ez. Ez agindu diotelako, berak antzeman diolako baizik. Berak agintzen du bere buruarekin, ez besteek. Gizaki batek, txiki-txikitatik, bere buruaren agintearen sentimendu hori loratzen joan behar du. Orduan aterako da pertsona bat independentea, bere kabuz ibiltzen dakiena, eta gainera, seguraski bizkorra izango da bizkortu delako.

Nola ikusten duzu hezitzaileen edo irakasleen eginkizuna? Nolakoa izan beharko luke hezitzaileak umeen ibilbidean lagungarri izateko zure iritziz?

Hasteko, egin behar duena da hezitzaile ez izan. Adi egon. Zentinela bat bezala adi-adi egon, sentsibilitate handiarekin adi egon. Ume bat esperimentatzen ari baldin bada eta bere adimenari jarraituz okerbide bat hartu duela eta deskuidatu egin dela konturatzen baldin bagara, hor argi gorria piztu eta adierazi. Haurrak ulertuko du eta zuzenduko du. Ez diozu dogma bat eman, ez, arrisku baten seinalea eman diozu. Arriskutik libratzeko modua eman diozu. Errepikatu egin nahi duela inozoa delako? Beno, ba eroriko da eta orduan erortze horrek nolabait erakutsiko dio, kasu egin ez badu. Azkenean, heziketan erorketak ere onuragarriak izan litezke; erori da, erortze horrek esperientzia bat eman dio, “hau ez dut egin behar gehiago”. Ez da erori gabe geratzen besteek hortik behin ere ez pasatzeko esan diotelako eta hesi bat jarri diotelako. Ez, hesirik ez jarri.

Irakasleak zentinela bat izan beharko luke, begira dagoena, baina begira bokazioz eta arretaz, grina horrekin. Hori izango litzateke begirale ona. Irakasleak bakar-bakarrik bideratu egin dezake norbait gauza batera edo bestera. Irakasleak informazioa ematen die eta jakin beraiek egin behar dute, umeek. Egitekotan haurrari ateratzen zaion arrastoa edo joera indartu behar du irakasleak. Pixka bat animatu haurra ateratzen zaionera, sakondu. Eta ez zikiratu berari ateratzen zaiona.

Nik erakutsi behar baldin badiot ume bati “hau” nola deitzen den, “hau txirrindua da” esango diot eta berak izen hori erabiliko du besteei adierazteko txirrindu hori nahi duela edo behar duela. Deitura bat ikasi du. Lehen ere bazekien zer zen, bazekien ibiltzeko gauza bat zela, baina ez zekien nola deitzen zen. Orain izen bat daki eta izen hori irakasleak eman dio.

Beste kontu bat da esatea “ibili nahi baldin baduzu, hankak mugitu behar dituzu”. Zer erakutsi diozu? Erakutsi ez, hori norberak ikasten ahal du lasai asko. Baina norbaitek esan zain baldin badago hanka horiek mugitzeko, esan nahi du nahiko elbarria dela, beti besteek esan zain dagoela, besteen eskuetan dagoela. Metafora moduan ari naiz erabiltzen hori. Hankengatik esaten duguna buruagatik ere esan dezakegu, gauza bera da. Burua paralizatuta baldin badago pentsatzen duelako berak ez dakizkiela gauzak, irakasleak esan behar diola dena, 

horretarako prestatzen baldin bada, orduan irakasleak esan dionaren berri jakingo du bakar-bakarrik. Zer daki? Izen batzuk aipatzen, baina oso murriztua dago. Aldiz, konturatzen baldin bada berak baduela hori baino askoz gauza ahaltsuagoa, bere adimena, orduan erabiltzen hasiko da eta bigarren mailan utziko du irakasleak dioena.

Haurrak bere adimena entrenatzea da gakoa eta horretan lagundu behar dio hezitzaileak, beraz.

Azkenean, irakaslearen egitekoa umearen indarra sustatzea da, umearen energia eta gaitasunak indartzea eta ariketak eginaraztea. Proba bat irabazteko bezala entrenatu egin behar du, egunero lana egin, irakasleak esatearekin ez du irabaziko. Ea nola egiten duen lana, nola hornitzen dituen bere gorputza, bere burua eta bere gauzak behar duen lekuan lehiakorra izan dadin, ezer egin gabe ez baitu irabaziko.

Umeekin nik uste hori dela; satisfaziorik ez eman behin ere, beste galdera bat egin bueltan: “Ikusi al duzu hori nola egiten den, horrek nola egiten duen, zer egiten den...? Hark nola aurkitu du hori? Bila ibilita. Ibili zu ere bila”.

Haurrek zerbaiten aurrean galdera bat egiten dute eta segituan erantzuna ematen diegu. Kito, ez diozu ibilbiderik utzi. Satisfazioa eman diozu eta jada ez da gehiago kezkatuko horrekin. ‘Kito, badakit’, pentsatuko du. Eta ez daki. Informazioa badauka eta badakiela pentsatuko du, baina edukirik ez du. Aldiz, ume batek galdera bat egiten dizunean beste galdera batekin erantzuten baldin badiozu, ez diozu satisfaziorik eman, harritu egingo da eta berak hasi beharko du bere kabuz, bakarrik dagoela pentsatuko du eta berak bilatu behar duela erantzuna, bestela inork ez diola lagunduko. Horrekin motorra aktibatu diozu. Sentsibilitate hori beharko luke irakasle batek. Behin ere ez esan gauzak argi eta garbi, ez, aurkituko du berak mugitzen bada. Bestela, umezurtz geldituko da.

Etengabeko entrenamendua behar du haurrak adimena garatzeko. Mugitu egin behar du, mugitu. Izadian, muskulatura geldirik dagoenean, akitu egiten da eta martxan baldin badabil bizkortu egiten da. Orduan, esan nahi nukeena da, gure adimena, gure burua eta gure gauza guztiak aritu egiten direla, baina aritu ez dogmapean, baizik eta askatasunean aritu. Eta orduan ikusten dituzu gauzak etiketarik gabe, ez daukate adjektiborik, ez daukate bedeinkaziorik eta kondenarik ere ez, hor daude, horiek antzeman behar dira, zer zerikusi daukaten zurekin, zer daukaten zuretzat, zer balio duten... Umeak berak aurkitu dezala hori.

Hori dena posible izateko, nola antolatuko zenuke eskola edo hezkuntza sistema?

Ez dugu sistema egin beharrik. Zergatik egin behar duzu sistema bat? Dena da sistema. Askatasunak ez du posible sistema, ez du sinesten sistemarekin, ezinezkoa da, ez dago sistemarik askatasunarentzat. Sistemak azkenean mugak dira, hesiak dira.

Gaur egungo eskolak gizarte eredua zerbitzatzeko moduko hiritarrak eta parte-hartzaileak sortzen ditu. Hori da gaurko eskola, hori egiten du. Gaur egungo eskoletako irakasleak sistemaren zerbitzariak dira eta behartuta daude irakasten dutena irakastera. Behartuta daude eta hori da transmititzen dutena. Sistema horrek militantzia sortzeko balio du, hau da, zerbitzurako prestatzen du jendea. Baina ez du balio pertsona askeak sortzeko. Askatasun hori besterendu ezina da: zeu egiten zara aske, hor ez dago metodorik, zeu egiten zara aske zeure adimenarekin, gauzak pentsatzeko, ikusteko eta arreta jartzeko moduarekin begiratzen dituzunean gauzak.

Ez da erraza heziketa edo hezkuntza diseinatzea. Haurraren garapenerako beti da garrantzitsua adimena. Eta adimenak esan nahi du adi egotea, ez lozorroan, adi dagoen adimena beti egongo da gauzak igartzen edo igarri bidean. Beraz, eskolak behin ere ez lituzke gauzak “honela, horrela eta hala” erakutsi behar. Orain, ofizio jakin bat ikasi nahi baldin badute, gauza bat nola maneiatzen den erakutsi nahi baldin bazaie, orduan beste kontu bat da; espezializazioa baldin badago, hor pautak asmatuak daude eta pauta gutxi batzuk eman daitezke. Baina umetan batere ez. Umetako garaian segituan hastea hau eta hori markatzen, otoitzak ikasten, katekesia ikasten... hori benetako bekatua da. Bekatu asko egiten dira gauzak ontzat hartuta, oso zibikoak eta edukazio onekoak direlakoan. Tontakeriak dira, aberrazio ikaragarriak. Ez da hezi behar, sentsibilitateak bakarrik salba lezake mundua, ez informazio korronte batek.

Zein sentsibilitatez ari zara? Nondik dator sentsibilitate hori?

Jakinduriatik, askatasunaren jakinduriatik. Gauzak datozen bezala antzematen dituzunean lortzen duzu sentsibilitate hori. Azken finean, aurkitzen dituzun gauzak zeureak direlako, zeureak bezalakoak direlako, zeu zaren bezalakoak direlako, natura berbera dutelako. Orduan, segituan besarkatzen dituzu, segituan adiskidetzen zara. Bere xumetasunean agertzen zaizkizu gauzak, dauden moduan, oso modu xumean. Xumea esaten dudanean ez dut esan nahi sinplea, xumea esan nahi dut, zeren xumea baino ezer sakonagorik ez da. Sinplea erdipurdikoa da. 

Gauzen bila zabiltzanean, kontzeptualki, hau nahi nuke, hura nahi nuke, bestea nahi nuke... abiadan hasten zara. Bilaketa horretan zabiltzanean zeure buruari egiten diozun espetxe batean sartzen zara, eta ez duzu behin ere aurkituko. Zenbat eta ahalegin handiagoa egin bilaketan, orduan eta gehiago urruntzen da nahiko zenukeen hori. Gauzek bilatu gabe aurkitu egiten zaituzte. Baina noiz aurkitzen gaituzte? Baldintza egokietan gaudenean, William Blakek esango lukeen bezala, pertzepzioaren ateak garbiak ditugunean: “gure pertzepzioaren ateak garbiak balira, garbiak baleude, guztia den bezalaxe agertuko litzateke”. Bila hasten bazara, uxatu egiten dituzu, zikina baita bilaketa. Baldintza egokietan zaudenean, aldiz, etorri egiten zaizkizu.

Zerk zikintzen ditu pertzepzioaren ateak?

Zikintzen ditu printzipiozko edukazioak, printzipiozko militantziak, printzipiozko presondegiak... zeure buruari egin dizkiozun presondegi horiek. Ataka batean zaude, jada ez duzu inondik ere kontakturik izaterik oro den aberastasun horrekin. Oro antzeman egin behar da aurrena, eta nork antzematen du? Libre dagoenak. Bere kabuz begiratzen dakienak antzematen du oro, eta orduan, oro hor dago eta gauza guztiak etorri egiten dira. Zuk egon behar duzu ate irekiekin, ate garbiekin. Ateak ireki eta garbitzen direnean, denak hor daude, gauzak diren bezala. Inongo edukirik eman gabe, inongo bedeinkaziorik eta kondenarik eman gabe, gauzak diren bezala dira. 

Euskal kulturaren transmisioaren inguruan kezka dago azkenaldian. Zu ere kezkatuta al zaude?

Guk, kontzeptualki, gure Gua daukagu eta Gu horretan geurea transmititu behar dugu. Batzuetan ez da ondo egiten, memoria galtzen da eta pixkanaka Gu hori izateari uzten dio, beste zerbaitetan bilakatzeko. Baina horren kontzientzia dutenak saiatzen dira edo saiatu beharko lukete transmisio hori egiten –hobeto edo okerrago, hori gero ikusi beharrekoa da–.

Kontua da gero baino gero gaizkiago egiten dela Gu horren kontzientzia gero eta txikiagoa delako. Bertako batzuk –batzuk lotsagatik, beste batzuk beldurragatik– ez dute Gu hori ongi transmititzen, ez dute beste Gu hori ongi salatzen, ez dira ongi heltzen –politikaz ari naiz–, eta horren baitan gauza asko sartzen dira.

Hori ona da? Txarra da? Hortik atera liteke? Batek pentsa lezake “nik ez dut Gu hori izan nahi, ez hemengo ez hango”. Baina beti eraman beharko ditu poltsikoan Guren dokumentuak. Hortik ez da inor libratzen. “Ez, ni ez naiz inongoa, ni ez naiz ezer, ni naiz ni” esan dezake batek. Bai, baina erakutsidazu poltsikoan daramazuna. Hori erakustera behartuta zaude, eta, lasai esaten duzu? Ez duzu problemarik hori esateko?

Hemen ez dira gauza horiek esaten, eta alde horretatik horrekin oso haserre nago herri honetan. Oso zaila egiten zait gaur egun transmisioaren beharraz eta ez dakit zertaz aritzea eta hain zurbila eta hain eskasa izatea. Ez dut maite hori. Esan nahi nukena da, pertsonak duintasunez esan behar duela “nirea gaitz bezala ikusten baduzu, begira zenbaterainoko gaitza den zurea”. Lasai ederrean esan behar dugu hori. Sumendi hori norberari atera behar zaio.

Eta sumendia apaldua ikusten duzu.

Apaldua, lotsatua, zimurtua, uzkurtua, eskastua eta abar. Ni horrek haserretzen nau. Nola ez daukan letxe txar gehiago herri honek. Beti egon dira jenio biziak, baina gaizki bideratuak, arrazoibiderik gabe, kontatzen jakin gabe, errelatorik gabe. Oraintxe esan dudan hori, poltsikoko dokumentuarena, oso xumea da eta xumetasun hori oso indartsua da, oso ahaltsua.

Orduan, transmisioa ezin da ondo egin ez delako apenas ezer egiten ongi alde horretatik. Hori ere ulertu egin beharko luke bakoitzak. Nik gauza hauek modu batera edo bestera esaten ditut han-hemenka, baina batzuk martziano bezala hartzen naute, eta beste batzuei belarrian min egiten die, beharbada ez daudelako horretan edo beste Gu horretan ere eroso daudelako soldata ona kobratzen.

Ez dakit nazionalismoak gaiztoak diren edo ez, baina kontzeptualki Gu bat egina dago eta hor bizitzen gara. Gu horretan bakoitzak bere modura hartuko ditu gauzak: batzuk soldaduska egiten egongo dira, beste batzuk beste zerbait, beste batzuk beren kabuz ibili nahiko dute... Ni naiz horietako bat. Nik nire kabuz ibili nahi dut. Nire baitan ez dit inork eskua sartuko. Sartu izan didate, ni ere natorren tokitik nator, baina ohartu nintzen. Kultura hori norberak jorratu behar du.

Eskola arloan kultur transmisioa lantzeko hainbat proiektu egiten ari dira, besteak beste, euskal musikaren transmisioa lantzeko. Zer iruditzen zaizu?

Transmisiorik onena euskal musikariei beren kontzertuak egiten laguntzea izango litzateke. Lagundu iezaiezu eta orduan jendeak ikusiko ditu eta sentituko ditu. Eta horrekin tradizio bat egingo duzu. Eskoletan proiektuak egin eta gero kontzertuak egiteko trabak jartzen bazaizkie handik eta hemendik, alferrik da. Oso gauza lanbrotsua da eta nik ez dakit zenbateraino dauden itxurak egiten edo egiazki gauzak nahi dituzten. Ez dut sinesten gaur egun daukagun burokrazian.

Burokrazia kultura mota bat da, izateko era bat. Burokrazia jartzen denean administrazioan, mentalitate burokrata horretatik gauza onik ezin da espero. Eta gaurkoa administrazio burokratiko bat da, ez besterik, ez da politikoa. Ez dago politika usainik. Konplexuz betetako herri xume bat gara.

Zer egin dezakegu konplexu horiek kentzeko?

Horri buelta emateko muskulatura behar da. Muskulaturarik ez baldin badaukazu, ezin duzu ezer egin, hondamendia ikusi baino ez. Muskulatura handia edukitzeak esan nahi du jende emantzipatu asko egotea, batek eta besteak esaten dutenaren aurrean “eta niri zer?” esaten duen jendea. Jendeak desobedientea izan behar du. Noski, desobedientziak maila asko ditu; jende gutxi baldin bada desobedientea, hau da, muskulatura txikia badaukazu, ezin duzu ezer egin, bakar-bakarrik agintzen dizutena kunplitu, bestela kartzelara eramango zaituzte. Baina jendea asko baldin bada desobedientea, muskulatura sendoa lortuko da. Eta zer egiten da milioi bat emantzipaturekin? Kolaboratzen ez dutenekin? Parte hartzen ez dutenekin? Ukatzen dutenekin? Hori oso ahaltsua da.

Ipuineko artzainak dio bere bizitzako lanik garrantzitsuenari ekin ziola ezkurrak jartzen hasi zenean. Zuk zeure bizitzako lanik garrantzitsuena egina daukazu, egiteke...?

Nire lanik garrantzitsuena izan da eta da, ezinbestean, nire buruarekin gauzei igartzea, horrek bakarrik ematen didalako bizkortasuna bizitzan, horrek bakarrik laguntzen didalako ezerk baino gehiago bizitzan, horrek baino hobeto ez nauelako ezerk eramaten gauero ohatzera. Hori da saririk hoberena. Ez dago sari hobeagorik. 

Niri bizitzen gehien laguntzen didan ariketa hori saria da niretzat. Azkenean gimnasia mental bat da eta hortik jasotzen duzuna da saririk handiena.

Nik urte asko dauzkat jada, baina beti esaten dut urrezko aroan bizi naizela. Niri esango balidate “begira, makiltxo magiko bat daukat, eska ezazu nahi duzuna eta emango dizut. Nahi duzu 20 urtera joan?”. “Ez, ez, emaiozu besteren bati, niri ez”. Nik ez dut nahi ez 20, ez 30, ez 40 eta ez 15. Nik orain nahi dut. Orain oso ongi nago, inoiz ez naiz egon hain ongi. Nik ere badut nire iragana eta badakit ikusten nondik ibili naizen, nola, zer errezelo, zer konplexu eta zer gauza izan ditudan eta abar. Eta orain oso ongi nago.