Zergatik janzten ditugu neskak arrosez eta mutilak urdinez?

2019-12-12

Nesken arropetan agertzen diren irudiek —bihotzek, loreek...— eta mezuek —princess, cute, guapa...— nola mutilen jantzietan agertzen direnek —dinosaurioak, baloiak... edo wild, adventure, clever — estereotipoak bultzatzen dituzte, eta diskriminazioa sustatzen, haurrak, neska ala mutil izan, zaletasun eta jarrera batzuekin lotzen baitituzte.

 
 
Zergatik janzten ditugu neskak arrosez eta mutilak urdinez?

Hona hemen ariketa erraz bat zure seme-alaben artean sexismoa /diskriminazioa bultzatzen ari zaren ala ez antzemateko: alabaren (alaben) kaxoiko arropek zer kolore dituzte? Zenbat bihotz, lore, txori, ortzadar, adarbakar, izar, dinosaurio, auto, hegazkin, superheroi, baloi, agertzen dira? Zer-nolako mezuak dituzte elastikoek, zenbat princess, sweet, dream, love, heroe, brave, wild, explore, adventure...? Orain ireki semearen (semeen) kaxoia: zenbat bihotz, lore, txori, ortzadar...

Eta batek esango du, “arropa besterik ez da!” edo, “haurrak ez daki irakurtzen! ”Edo berari gustatzen zaio arrosa!” Baina nork aukeratzen eta erosten du haurren arropa? Aukeratzen duen hori kontziente al da neskak bihotzez, princess, sweet-ez janzten ditugunean, eta mutilak wild, adventure izendatzen ditugunean zer-nola ari garen bereizkerian erortzen eta bata zein bestea estereotipo batzuekin lotzen? Izan ere, haurrek eurek agian ez dakite ingelesezko mezua irakurtzen, baina haur handiagoek bai, bizilagunak bai... eta estereotipoekin lotuz sozializatzen ditugu.

Beste ariketa erraz bat: seme nagusiaren (lehengusu/bizilagun/ lagun nagusiaren) arropa janzten al diozu alabari? Eta alderantziz, alaba nagusiaren (lehengusu/bizilagun /lagun) arropa jartzen al diozu semeari? Zergatik ez?

Bereizkeria honen jatorriaz galdetu diogu HUHEZIko irakasle Amelia Barquini; zergatik aukeratzen ditugu kolore eta mezu jakin batzuk dituzten arropak neskentzat eta beste mezu eta kolore batzuk dituztenak mutilentzat? “Nik esango nuke ikuspegi bitarra oso errotuta daukagula, eta ez dugu beste aukerarik ikusten, eta gainera, ez dugu ikusten sistema bitarrean bizi garenik ere, bertan jaio eta hazi gara eta ikustezina egiten zaigu, arrainari ura bezala”

Beste eremu batzuetan emakume eta gizonen eta are nesken eta mutilen arteko aukera eta eskubideen arteko arrakala txikitzea lortu bada ere, Barquinen arabera gorputza aurkezteko moduan ez dugu aurrera egin gizarte bezala. “Nik uste dut feminismotik espero genuela denboraren poderioz askatasun gehiago izango genuela gauza askotan, besteak beste, gure gorputza aurkezteko moduan, gure janzteko moduan, orrazteko moduan, baina espektatibak ez dira bete, esparru horretan ez dugu askatasuna irabazi, baizik eta modu bitar horrek indarra hartu du”.

Mundua, bi korridoretan

Denda handietan bi korridore handi egon ohi dira, bata mutilentzako eta bestea neskentzako. Urdina da nagusi lehenengo korridorean; arrosa, bigarrenean. Sweet, heart, love edota guapa como mamá gisako mezuak ikus daitezke, gehientsuenak edertasunarekin, maitasunarekin edo gozotasunarekin loturiko mezuak; eta mutilenean brave, wild, adventure edo inteligente como papá gisakoak, esploratzera animatzen dituztenak.

Barquinek oraindik ere presio handia ikusten du gure gizartean neskak nesken bidetik eta mutilak mutilenetik joanarazteko: “Bidetik apur bat ateratzen baldin bazara eta zure umea ez badoa espero den bezala jantzita eta orraztuta, hainbat ahots entzungo dituzu hori desegokia dela esango dizutenak. Zure familia, zure bikotekidea, lagunartea... izan daiteke. Iruzkin zuzenak edo zeharkakoak izan daitezke, familia batzuetan zuzenean arropa arrosak debekatu egingo dizkiete mutilei, neskenak direlako; beste batzuetan, beste kolore batzuk janztera gonbidatuko dituzte semeak. Generoaren poliziak bazter guztietan daude”.

HUHEZIko irakaslearen aburuz, familien artean kontzientziazio-maila desberdina dago haurrengan ereiten dugun genero-estereotipatzearen inguruan. Gehiengoa oraindik ez dela kontziente iruditzen zaio: “Semeak eta alabak berdin hezten dituztela entzuten diet guraso askori, baina neska sandalia finekin eta zikintzea nahi ez dugun soinekoarekin eta semea futbol ekipazioarekin bidaltzen ditugunean eskolara, ez gara ari, inondik ere, berdin hezten, haurrek eurek barneratzen dutena ez da gauza bera, aukerak ez dira berdinak eta jendearen begirada ere ez”. Badira genero-kontzientziazio gehixeago dutenak, baina oraindik bidetik ateratzen ez direnak: “Beren burua feministatzat duten familia batzuk, igual irekiagoak izan daitezke, baina umea janzkerari eta orrazkerari begira bidetik ateratzen bada, kezkatu egiten gara: esaten dugu ez dugula nahi umeak sufritzea, orduan betiko bidetik joan dadin bideratzen saiatzen gara, ‘sufritu ez dezan’”. “Ausartak” direnak, eta seme-alabek eurek nahi duten bidetik joan daitezen akonpainatzen dutenak, salbuespentzat ditu: “Semeak eskolara gonarekin joan nahi duelako aitak ere gona bat janzten badu albistegietan ateratzen da, oraindik ere salbuespen erabatekoa dira”. Eta erdi txantxan erdi serio gehitzen du, “ez dago debekatua, ez da ilegala; baina gaur eta hemen mutilek ezin dute gona bat jantzita kalera atera. Hori da gure gizartean mutilek daukaten askatasuna”.

Badira gurasoak kontzientzia daukatenak eta seme-alabei aukera berdinak eman nahi dizkietenak, baina, zer gertatzen da, esate baterako, familia horietako alabak eurak direnean arrosa eta printzesak eskatzen dituztenak,eta, aldiz, semeak futbol ekipazioa nahi dutenak eta arrosa ukatzen dutenak? “Bi gauza izan behar ditugu kontuan —dio Barquinek—. Batetik, gurasoak ez garela sozializazio-eragile bakarrak. Umeak telebista ikusten badu, nahikoa da estereotipo sexistak barneratzeko. Zer ikusten dute? Txikitatik La patrulla canina-n ere sei txarkutxoren artean bakarra dago emea dena eta arrosaz jantzia dago. Bestetik, gurasook ere geure buruari begiratu beharko genioke: helduok ere oso bitartuak gaude hainbat gauzatan, eta janzkerari eta orrazkerari dagokienez ere bai. Gure gorputzak aurkezteko modu askeagoak eskaini nahi dizkiogu haurrari, baina helduok ez ditugu aukera horiek baliatzen, eta bitartatasunean mantentzen gara. Haurrak ikusten duen eredua jasotzen du”.

Nola eragiten die arropak haurrei?

Zer ari gatzaizkio transmititzen neska bati printzesaz, bihotzez, izarrez edo guapa gisako mezudun arropaz betetzen dizkiogunean kaxoiak? Eta mutilari zer eskatzen diogu heroe, clever, wild, brave ezartzen diogunean paparrean? “Haurrak estetikoki eta bibentzialki prestatzen ari gara dagokien horretarako —argi du irakasleak—. Neskei bihotzdun arropak ematen dizkiegunean maitasuna euren bizitzetako ardatza izan behar dela esan nahi diegu? Ez bada hala, pentsa dezagun zer janzten diegun”. 

Nola neskei, hala mutilei: arropek bultzatzen duten sexismoak ez baitie soilik neskei eragiten. “Gure gorputzak aurkezteko moduari dagokionez ez da soilik neskak eta emakumeok ez dugula askatasuna irabazi: galdu egin dugu eta, aldi berean, mutilak galtzen ari dira. Mutilek gero eta mezu eta presio gehiago jasotzen dituzte maskulinoak izan daitezen”. Zigortuagoak daude mutilak generoaren bidetik ateratzen direnean: “Maskulinitatea oso puñeteroa da, eta ezaugarri hori mantentzeak etengabeko ahalegina eskatzen du. Eskolan entzun dezakezun hitzik gogorrena, mutila baldin bazara, “marikoia” da. Mutilek marikoia ez entzuteko, hamaika gauza egin behar dituzte gogoz kontra, eta gustuko beste hamaika egiteari utzi behar diote. Kimatzea da; afektuen kimatzea, adierazpideen kimatzea... eta arroparekin ere gauza bera gertatzen da”.

Horren erakusle da, irakaslearen aburuz, futbolak arropetan ere hartu duen indarra: “Futbola lekua irabazten joan da, maskulinitate tradizionalerako erreminta nagusietako bat da futbola, eta bere boterea igotzen eta leku berriak kolonizatzen jarraitzen du”. Harrigarria zaio 20 urteko mutilak unibertsitatera futbol ekipazioarekin jantzita etortzea. “Hori duela 10 urte ez zen gertatzen, ‘partidua daukazu gaur?’, galdetzen nien hasieran, eta oso modu arraroan begiratzen ninduten. Futboleko ekipazioa da mutil askorentzako kaleko arropa”. Kirol horrek halako indarra hartu du estetikan ezen futbolarien gisara, gorputz gihartsuak eta ilerik gabeak balioesten dira gaur, lehen ez bezala: “Edertasunaren industriari gizonak depilatzea interesatzen zaio, orain mutil depilatuak ederragoak direla sinetsi dugu; zer ari gara egiten mutilekin? Egonezin bat ari gara ereiten”.

Arropa batzuekin edo besteekin doazenean, umeek dituzten feed-back-ak desberdinak izaten dira. 6 urteko neskato batek etxetik hasita aitona-amonen, bizilagunen, dendariaren, irakaslearen, jantokiko begiralearen, izeba-osaben edo liburuzainaren ahotik jasoko dituen mezuak desberdinak izango dira futbol ekipazioz edo parpailazko soinekoz jantzita badoa, edo estetiko deigarria ez den txandal, maila edo galtza neutroez badoa. “Etxetik ateratzen direnetik, neska batzuek hamaika balorazio positibo jasotzen dituzte euren itxura ederrari buruz. Eta horrek noski daukala eragina! Nola ez du soineko hori maiteko zortzi feed back positibo jaso baldin baditu egunean zehar, amonaren, aitonaren, bizilagunaren, jantokiko begiralearen edota irakaslearen ahotik?”. Barquinek ohartarazten du hori ez dugula mutilekin egiten, soilik neskekin baizik. “Segun nola janzten dugun, nolako oinetakoekin bidaltzen dugun eta nola orrazten dugun, etxetik mundura programa konkretu batzuetara bidaltzen ditugu egunero, eta batzuen programa da ‘ze politak dauden’ jasotzea egunero. Beste batzuen programan ez dago hori”. Adventure, have fun, enjoy, wild dioten elastikoek ekintzara, esploratzera eta abenturara gonbidatzen dute. “Etxetik ari gara hori bultzatzen, kasu askotan modu inkontzientean. Horrek halabeharrez eragiten du: gure gorputzak eta gure jarrerak nolakoak izan behar diren  markatzen duten mezuak etengabe jasotzen ditugu leku guztietatik; mutilek ere bai”.

Nola gainditu sexismoa?

Sexuen arteko diskriminazioaren oinarrian estereotipoak daude, eta neskentzako eta mutilentzako bideraturiko arropek estereotipoak bultza ditzaketela ikustea, kontzientzia hartzea, sexismoa gainditzen hasteko gako bat da Barquinentzat. Zentzu honetan Euskal Herrian bertan eta nazioartean egin dira marka eta saltoki handien kontrako protestak euren arropek bultzatzen zuten diskrimanazioa salatzeko. Hala nola, Hipercor kateak “bonita como mamá”  arrosa koloreko bodiak eta “inteligente como papá” zioten bodi urdinak erretiratu behar izan zituen; 2015ean Zarak Pretty and Perfect zioten bodi arrosak kendu zituen eta Cool and Clever zioten urdinak...

Kontzientzia hartu ondotik, beste gako bat bi korridoreak desegin eta bidea zabaltzea litzateke: “Ez dut uste soinekoak eta gonak baztertu egin behar ditugunik, ezta erdiko bidera, unisexera, etorri behar dugunik ere. Kontua da kontzientzia hartzea alabari soineko bat janzten diogunean zer daukagun guk buruan, señorita bat bezala portatzea nahi dugu? Soineko batzuk garbitzeak eta lisatzeak lan handia du, eta horiek janztean ez zikintzeko, ez igotzeko, ez mugitzeko esaten badiogu jarrera bat barneratzeko mezuak bidaltzen dizkiogu”.

Unisex motako arropak egoki ikusten ditu Barquinek diskriminazioa gainditzeko; “ondo daude, baina Unisex aukera bat da, hortik aparte dago beste guztia: beste guztia bientzat; bestela bidea zurrunago izango da erditik joaten bagara". Orain arte “femeninoa” izan dena eta “maskulinoa” izan dena irekitzea da gakoa, denentzako, kontua ez da  bientzat bidea murriztea”.

Hiru premisa ardatz harturik

Haurrentzako arropak aukeratzeko garaian hiru premisa kontuan hartzea proposatzen du irakasleak: erosotasuna, tenperatura eta mugikortasuna. “Segun zer oinetako eramaten dituzun eskolara, gauza batzuk hobeto egin ahal izango dituzu eta beste batzuk ez. Erosoak ez diren arropak edo mugikortasuna bermatzen ez dietenekin aukerak eta ateak ixten dizkiegu”.

Eta hotz-beroa, mugikortasuna eta erosotasunarekin batera, arropak berez estetikari eta edertasunari loturik duen ezaugarriari eustearen aldekoa da Barquin, edertasunari kontzesio bat egitearen aldekoa: “Edertasunari eta estetikari begira ongi sentitzea ere bada arroparen funtzio bat, gauza batzuk gehiago gustatzen zaizkigu besteak baino, edo hobeto gelditzen zaizkigula sentitzen dugu. Haurren kasuan, autonomia, hotz-beroa, mugikortasuna eta erosotasuna bermaturik baldin badaude, ez nioke estetikari bizkarra emango”. Orain, zehaztu egiten du: “Edertasunari ez diogu uko egin behar, baina ederra eta polita zer den begiratu behar dugu, haurrentzat eta guretzat oso desberdina izan baitaiteke. Zergatik dauzkagu hezitzaileon gustuak hain bitartuta eta umeari eskaintzen dioguna dago lotuta genero batekin?”.


 

Arrosa eta urdina, kultura eta garaiaren araberakoa

Gaur eta hemen kolore urdina mutilei eta arrosa neskei esleitzen badizkiegu ere,kolore horiek generoekin duten lotura oso berria da. Duela mende bat, esate baterako, haurrak alderantziz janztea gomendatzen zuen The Sunday Sentinel berripaperak The Guardian-ek kontatzen duenaren arabera: “Konbentzioak jarraitu nahi badira, neskak urdinez eta mutilak arrosez jantziko dira”.

Belgika, Suitza eta Alemaniako umezurztegietan, bestetik, tradizioz neskak urdinez jantzi izan dituzte eta mutilak arrosez, eta 70eko hamarkada arte Alemanian, esate baterako, ez zen aldaketa egonkortu.

Mendebaldeko gizartean 80ko hamarkadan estandarizatu dira kolore urdineko arropak mutilentzako bezala eta neskentzako arrosa kolorekoak, baina Mendebaldetik harago bereizkeria horrek ez du lekurik. Txinan eta Egipton esate baterako, horia eguzkiarekin lotzen da eta zoriontasunarekin eta nobelaziarekin eta beraz, leku handia du haurren arropetan.

Psikologiaren esparruan aztertu izan da koloreen gaia. Koloreen Psikologia deitzen zaio eremu horri eta alor horretan egin izan diren inkesten arabera, urdina, berdea eta gorria dira bai emakume zein gizonei gehien gustatzen zaizkien koloreak.