JAUME FUNES: "Nerabezaroa galdera lotsagabeak egiteko aroa da, eta helduon ideologia zalantzan jartzekoa"

2019-09-12

Nerabea bizitza ahalik eta intentsitate handienarekin dastatu nahi duen pertsona da; nerabezaroa dibertsioarekin eta plazerarekin lotzen duena. Beraz, psikologoak gurasoei ohartarazten die nerabezaroa arazoekin eta nahigabearekin lotzeko tranpan ez erortzeko: “nerabeek, oro har, bizitza zoriontsua izaten dute”.

 
 
JAUME FUNES: "Nerabezaroa galdera  lotsagabeak egiteko aroa da, eta helduon ideologia zalantzan jartzekoa"

Psikologoa, hezitzailea eta kazetaria da Jaume Funes (Calatayud, 1947). Bere bizitzako parterik handiena nerabeekin lanean pasa du, eskoletan, kalean nahiz espazio terapeutikoetan. Liburu eta artikulu andana idatzi du gaiaren inguruan. Quiéreme cuando menos me lo merezca... porque es cuando más lo necesito da argitaratu duen azkena. Hain zuzen ere, liburu hori oinarri hartuta mintzatu zen Jolas eta Ekin elkarteak “SORTU eta HAZI. Hezkuntza Kritikoa eta Gazte Parte-Hartzea” izenburupean joan den martxoan antolatu zuen jardunaldian. Aukera aprobetxatu zuen HAZI HEZI-k elkarrizketa egiteko. 

Nerabezaroa gauza berria da, eta aldatuz doa, gainera. Zein dira orain eta hemen nerabezaroaren ezaugarri nagusiak?

Bi indar motak bat egiten dute nerabezaroan, eta haurtzaroaren amaieran gozo bizi den umeari bete-betean eragiten diote. 11 urte ingururekin gertatu ohi da klik hori. Alde batetik, pubertaro biologikoa dago: aldaketa fisiologikoen garaia da, eta horrek esan nahi du gure haurrak hazten ari direla. Beste alde batetik, berriz, bizitzako aro berri batean sartzeko inguruneak egiten duen presioa dago. Horrek haurraren bizitza utzi eta nerabezaroan sartzera darama umea: gauza berriak egitera, esperientzia anitzak probatzera, esperimentatzera, zertarako den gai erakustera, pentsatzen duen hori adieraztera…

Lau ezaugarri nagusi aipatuko nituzke nerabea definitzeko: bat, helduekin konfrontazioa bilatzea; bi, beste ezeren aurretik berdinen arteko solidaritatea ezartzea; hiru, aurreikusi ezin diren egoera emozionalak bizitzeko nahia; eta lau, esperimentatzeko, deskubritzeko beharra. Edonola ere, nerabe bakoitzaren testuinguru sozioekonomikoak esango du zer-nolako nerabe mota izan daitekeen bakoitza. Nerabezaro mota guztiak ez daude mundu guztiaren esku. Hiri eta auzo guztietan ezin da nerabe modu berean izan. 

Nerabezaroa asmakizun sozial berria izateak nola eragiten die gurasoei eta nola seme-alaben heziketari?

Dagoeneko nerabezaroa bizi izan duten gurasoak ditugu eta guraso horiek seme-alaba nerabeak dituzte. Beraz, ez da orain dela 20 urte inguru bezala. Garai hartako gurasoek ez zuten nerabezarorik bizi izan, eta, beraz, haien-tzat askoz ere bitxiagoa eta arraroagoa zen nerabezaroa. Baina dagoeneko badaramatzagu bizpahiru hamarraldi nerabezaroarekin. Baina, oraingo gurasoek ere larritasun handiz bizi dute aro hori: “Nola heziko dut nik orain nire seme-alaba? Zer egingo dugu berarekin?”. Sarri, guraso horiek euren umeei eurek bizi izan zutenaz bestelako haziera eta heziketa eman diete, baina bat-batean, seme-alabak nerabezarora iristen direnean erremintarik gabe geratzen dira: “Eta, orain zer?”. Guraso horiek bere garaian jada nerabe izan ziren eta euren gurasoei buru-hauste bat baino gehiago eragin zieten, baina zaila egiten zaie onartzea, definizioz, nerabezaroa aurreko guztia zalantzan jartzeko etapa bat dela; eta, gainera, une honetan eurentzat ezezagunak diren hainbat errealitate berri daudela nerabezaroari eragiten diotenak, eta errealitate horiei euren seme-alabekin batera egin beharko dietela aurre. 

Helduak, baina, haurtzaroan bezalaxe, ezinbesteko pieza izaten jarraitzen du nerabezaroan ere.

Bai, eta hori oso argi izan behar dugu. Aldaketa pertsonal eta sozial handiko aroa izan ohi da nerabezaroa, eta etapa horretan ere helduok hil ala bizikoak gara nerabearentzat. Etorkizunerako balioko dioten gaitasunak eskuratu beharko ditu nerabeak, esperientzia aberasgarriak bizi beharko ditu, harreman sozial anitzak izan beharko ditu, eta bere buruarekin seguru sentitzea lortu beharko du, beti ere, helduen laguntzarekin. 

18 urterekin nerabezaroa amaitutzat ematen da ikuspegi psikologikotik eta emozionaletik begiratuz gero. Baina nerabezaro garaian gazteak ezin izan badu autonomia ikasi eta praktikatu, eta ardurak hartzen hasteko aro bat ez bada izan, gerta liteke nerabe izaera mugagabe luzatzea.

Arriskuak eta gatazkak kudeatzen ikastea, nerabeen heziketari loturiko bi alderdi garrantzitsu dira.

Batetik, gurasoek estutasun handiz bizi ohi dute euren seme-alabak “arriskuan” ikustea, eta hori kudeatzen ikastea oso garrantzitsua da. Bestetik, berriz, gatazken gaia dago, errietena, sesioena, liskarrena… gurasoak ohartu behar baitu nerabeak helduaren kontra egin beharra daukala bere identitatea eraikitzeko. Eta bi ezaugarri horien erdian, guraso asko euren seme-alaben nerabezaroa pasatzeko zain egon ohi dira. Sarri, nerabe idealaren ideia buruan dutela. Izan ere, nerabe on bat eskolara joaten da; nota onargarriak ateratzen ditu; gauzaren bat edo beste probatzen du, baina ez gehiegi; dibertitzen da, baina neurrian… Arazoak sortzen dira, ordea, nerabeak marko horretatik ateratzen direnean. Baina helduok jakin behar dugu geroz eta aldakorragoa den gizarte hau ezagutuko badute gizarte hori bizi behar dutela, eta horrek esperientziak edukitzea, gauza berriak probatzea, lagunartean ibiltzea… esan nahi duela.

Hala ere, gatazkak eta arazoak ez genituzke parean jarri behar ezta?

Ez, inola ere ez. Argi eduki behar dugu, bai familia giroan, eta baita institutuan ere, nerabezaroaz hitz egitea gatazkaz hitz egitea dela. Baina akatsa litzateke gatazkak arazoekin nahastea. Nerabeekin elkarbizi bagara saihestezina da gatazkak edukitzea. Baina gataz-kak edukitzeak ez du esan nahi gauza guztiengatik borrokan aritu behar dugunik. Nerabearentzat premiazkoa da etengabe helduek egindako edozein proposamen zalantzan jartzea, eta, beharrezkoa bada, eraikitzen ari den bere identitate berria agerian jarriko duen konfrontazio bat asmatzea. 

Nerabeek konfrontazioaren bidez ziurtatzen dute euren burua eta eraikitzen dute euren identitatea. Hortaz, eurentzat hil ala bizikoa da konfrontazioa. Baina helduontzat, teorian behintzat, ez. Beraz, aukeratu egin dezakegu egunerokoan zerekin merezi duen borrokan ibiltzea eta zerekin ez. Ongi erreparatzen badugu, konturatuko gara “borroka” asko objektiboki oso inportanteak ez diren zioengatik eduki ohi ditugula. Eta, benetan, garrantzitsua da zein gatazkak merezi duen erabakitzea, eta eztabaida txikiak ekiditea, baldin eta ez badugu galdu nahi gure eragiteko gaitasuna garrantzitsuak diren zailtasunen aurrean.

Eta zein lirateke ekidin behar ez genituzkeen gatazka mota horiek?  

Euren mugak nahiz gizartearenak zein diren jakiten lagunduko dieten gataz-ka mota horiek ez genituzke saihestu behar, ahal dela behintzat. Kontua ez da edozein enfrentamendu ekiditea. Guri gustatu ez arren, nerabeek behar dituzte. Balio, etika eta irizpide batzuk dituzten helduekin harremanean daudenean sortu ohi dira gatazka mota horiek. Eta hori ezin dugu saihestu. Gakoa da, erabakitzea eta aukeratzea zenbat eta zein gatazkari eman bidea. 

Taldeak ere sekulako garrantzia har-tzen du nerabezaroan, ezta? 

Ez dago nerabezarorik talderik gabe. Eta nerabeez arduratzeak nerabe horiek parte hartzen duten taldeez ere arduratzea esan nahi du, bestelako bizitza-estiloak ezagutzea, eta gure seme-alabak beroietan parte hartu nahi izateko zer duten erakargarri konturatzea. Nerabeek euren burua definitzen eta ziurtatzen dute berdinkideekin harremanean daudelarik. 

Beraz, nerabeak hezten ari garenean, jakin behar dugu nerabe batek taldeak dioena inguruko heldu batek dioenaren aurretik jarriko duela. Beraz, nerabearengan nolabaiteko eraginen bat izan nahi badugu, pentsatu beharko dugu bera kide den taldeetan nola eragin dezakegun.  

Nerabeak taldea bilatzen du, pentsatzen duelako bere inguruko helduek ezin dutela ulertu. Zenbat aldiz entzuten dugu “zuk ez didazu ulertzen” ditxosozko esaldia? Konbentzituta daude euren antzeko bizipenak dituztenek bakarrik uler ditzaketela. Horregatik bilatzen dute berdinkideen konpainia. 

Nerabearentzat taldeak onartzea edo baztertzea hil ala biziko afera da. Beraz, ezin dugu taldearen aurka egin. Ezin dugu taldea ezabatu. Egin dezakeguna da taldeak ematen duena konpentsatzeko lan egin, edota talde horiek ahalik eta anitzenak izan daitezen ahalbidetu.

Eta, zer egin daiteke talde aniztasuna bermatzeko?

Batetik, guraso gisara, saiatu behar dugu euren lagunen bizitzekin interesa agertzen eta nolakoak diren jakiten. Bestetik, garrantzitsua da era askotako harremanak ahalbidetuko dizkien jarduerak bultzatzea. Eta, azkenik, gomendagarria litzateke taldeak nerabearengan izan dezakeen eragina konpentsatzen saiatzea. Azken helburua izango baita nerabea konturatzea talde bateko kidea izateak ez duela esan nahi norbere izaera osoa albo batera uztea, ezta beti taldeak nahi duena egitea ere. Edozein gauza gertatzen delarik ere, nerabeak konturatu behar du inguruan eskura dauden heldu positiboak dituela.  

Bestalde, lehen aldien garaia izan ohi da nerabezaroa…

Bai, eta normalki etengabe plazera bilatzen dute. Nerabea, beste ezeren aurretik bizizale bat da, bizitza inten-tsitatearekin bizi nahi duen pertsona bat. Deskubritzen ari den bizitza bizi nahi du, “topera” egin nahi du, eta berak bizi nahi duen bizitza hori inortxok konplikatu ez diezaion saiatuko da. 

Beraz, helduok ere ez dugu erori behar nerabezaroa beti nahigabearekin eta arazoekin lotzeko tranpan. Nerabeek, oro har, bizitza zoriontsua izaten dute. Ahalik eta gehien bizi nahi dute, segundorik ere galdu gabe, zeren nerabezaroa dibertitzearekin, ondo pasatzearekin eta plazerarekin lotzen dute, —nahiz eta bakoitzak bere erara ulertzen dituen kontzeptu horiek—, eta badakite aro hori bukatu egingo zaiela luze baino lehen.

Ez da ona haurtzaroko ziurtasunetatik helduaroko kontserbadurismora igarotzea nerabezaro ikertzaile bat pasa gabe. Nerabeak esploratzaile aktiboak dira, mundu ezezagunak aurkitu nahi izaten dituzte. Ia bat-batean, inguruko errealitatea ezezaguna zaiela konturatzen dira, eta aldi berean erakargarria dela, alegia, gauza ezezagunek izan ohi duten erakargarritasun osoa duela.

Behin baino gehiagotan errepikatu izan duzu nerabezaroarekin loturiko arazorik ez dela existitzen, baizik eta helduok garela nerabeekin problemak ditugunak.

Gure seme-alabak hazi egiten dira eta nahastuta uzten gaituzte, jokoz kanpo. Eta, nahasmen horretan, gure erreakzioa konfort eremutik mugitu duten helduarena izan ohi da. Samurrena da pentsatzea nerabeak drogatu egiten direla, baina oso erraz ahazten dugu helduok zer egiten dugun: erre, edan, pastillak hartu… Helduok gara beti “normalak” eta eurak —nerabeak— “arraroak”. 

Askotan, ordea, nerabeek ematen dizkiguten argudioak guretzat berriak izan ohi dira eta gure mundua ordenatzeko erabilitako “arrazoi” guztiak hankaz gora jartzen dizkigute. Helduon logikak gauzak zeuden horretan mantentzeko joera du. “Aldatzeko arrazoirik ez badago, jarrai dezala denak zegoen bezala”, esan ohi dugu. Nerabeen logika, aldiz, justu kontrakoa da. “Ez badago gauzak lehengo modu berean egiten jarraitzeko arrazoirik, zergatik ez ditugu aldatzen?”, esaten dute haiek. 

Nerabezaroa galdera lotsagabeak egiteko aroa da, eta helduon aldamio ideologiko guztiak zalantzan jartzekoa. Nerabeen bizi-momentu horrek geure buruarekin zintzoak izatera eta gure inkoherentziaren kontzientzia hartzera derrigortzen gaitu.

Helduok ohartzen al gara nerabeen-tzat probatze, bizitze, esperimentatze horrek duen garrantziaz? 

Nerabe izateko modu anitz daude, eta modu diferente horiek probatzeko eta esperimentatzeko premia daukate nerabeek, horrela soilik jakingo baitute euren nerabe izateko modua zein den. 

Eta horren adibiderik onena Bigarren Hezkuntzako eskolan daukagu. Gela bakoitzean herriko edo auzoko nerabe-talde anitzak edukitzea litzateke hezteko modurik zentzuzkoena. Gazteen zentro batek funtzionatuko du, baldin eta nerabeek leku hori elkarrekin egoteko erabiltzen badute. Nerabe izateko modu anitzekin erlazionatzeak gazteari aukera ematen dio batetik eta bestetik probatzeko, eta batekoa edo bestekoa izateak zer esan nahi duen bere azalean bizitzeko, eta horretatik guztitik abiatuta, berak berea aukera-tzeko. 

Nerabezaro garaian benetako heziketa-subjektua taldea baldin bada, hezteko modurik positiboena da talde horiek anitzak izatea, eta gazteei batetik bestera pasatzeko aukera ematea. Era bateko edo besteko gazteak izango dira, euren eskura jartzen ditugun nerabe izateko moduen eta horiek eskaintzen dieten aniztasunaren eta aberastasunaren arabera. Finean, izaten uzten diegun bezalakoak izango dira. 

Identitatearen eraikuntza garaia ere bada nerabezaroa. Hori diote behin-tzat nerabeei buruzko liburu gehienek… 

Nerabezaro garaia hainbat galderari erantzuteko aroa da: Nor naiz ni? Zeinen antzekoa naiz? Nolakoa izatea gustatuko litzaidake? Zer egingo dut nire bizitzarekin?… eta antzekoak. 

Hori autoestimuarekin eta autoezagutzarekin dago lotuta: Nola ikusten naute besteek? Nolakoa naizela uste dute?... eta antzeko galderak ere egin ohi dituzte nerabeek, eta horretatik guztitik ondorio bat ateratzen dute: nerabezaroa dela pertsona bakoitzak nolakoa izan nahi duen erabakitzen duen aroa. 

Gaur egun asko eztabaidatzen da nerabeek euren identitatea eraikitzeko duten zailtasunen inguruan, eta iritzi publikoan dago eztabaida hori. Kontu handia izan behar dugu, ordea, irakurketa sozialekin, eta bereziki nerabeen identitateari loturikoekin. Izan ere, gaur egungo nerabeak krisian dagoen gizarte batean dira nerabe, eta krisian dauden gizarteak izan ohi dira nerabeen moduan jokatzen dutenak. Dena hain azkar aldatzen den ingurunean, gertatzen denaren inguruko azalpenak argiak ez direnean, dena nahasia den garaian… bilatzen dutena identitate seguru bat besterik ez da: zer den zuzena eta zer ez jakin nahi izaten dute, dogma politiko edo erlijiosoak behar izaten dituzte helduleku gisa, edota banderaren bat, lagunen eta arerioen ezagutza zehatza, etab. 

Kontuz ibili behar dugu horrekin. Ezin ditugu nerabeen bizkar utzi helduon gizarteko zailtasunak. Kontrara, euren testuinguruan eta bizi-momentuan tokatu zaien ziurgabetasun mul-tzoaren baitan eraikitzen lagundu behar diegu. Batetik, konturatu behar dute identitate asko dituztela aldi berean. Alegia, era askotara definitu daitezkeela. Bigarrenik, kontziente izan behar dute euren identitatea aldatzen joango dela. Azkenik, identitatea eta pertenentzia nahastea ekidin behar dute, alegia, ezin dute “gure aldekoak” eta “bestekoak” dikotomiaren arabera funtzionatu.

Jakinik gaur egun norbere identitatearen parte handi bat digitalki eraikitzen dela, zer-nolako eragina izan dute nerabeengan bizitza digitalak eta sare sozial birtualek?

Gaur egun ezin da nerabe izan smartphone-a erabili gabe. Nerabezarora iristen dira, institutuan hasten dira eta mugikorra eskatzen dute. Kontua da, ordea, hori dela errealitatea eta horri ezin diogula ihes egin. Hala ere, gure seme-alaba pantailaren mendeko izango den edo ez ardura-
tzen hasi aurretik, gure nerabeen bizi-tzan pantailaz haratagoko errealitateak existitzen direla bermatu behar genuke, eta pantailak erabiltzen dituzten kasuetan ere, pantaila horiek mundu anitzekin konektatzeko balio ote dien erreparatu behar genuke.

Smartphonek iraultza ekarri dute, eta nerabeei berariaz eragin die. Zergatik? Euren desio nagusiari erantzuteko aukera eman dielako. Eta zein da euren desio nagusia? Etengabe berdinkideekin komunikatuta egotea, alegia, nerabezaroa online bizitzea. Baina garai batean ere antzekoa gertatzen zen: nerabeak euren lagunekin kalean ibili ostean etxera iristen ziren eta zer zen egiten zuten lehen gauza? Telefonoa hartu eta euren lagunei hots egin. Zergatik? Bada, nerabea elkarrizketa behar handia duen subjektua delako. Errealitate horri online logika erantsiz gero, uneoro lagunekin konektatuta egon daiteke nerabea. 

Baina askotan ez al du horrek bere intimitatea eta pribatutasuna publikoki erakustera eramaten nerabea?

Bai, baina helduok ere horixe egiten dugu askotan. Gaur egungo gurasoak kezkatua etortzen zaizkidanean beti gauza bera galdetzen diet: “Gazte garaian zenbat aldiz joaten zinen armairutik ispilura, arropaz aldatu, eta berriz ere ispilura, kalera irten aurretik?”. Bada, orain nerabeei ispiluek hitz egiten diete. Argazki bat jar dezakete Instagramen, eta 5 like dituztenean jada kalera ateratzeko moduan daude. Zergatik? Bada, norbaitzuek bere irudia onetsi dutelako. Gakoa ez baita norberak zer izan nahi duen soilik, baita besteek norbera nolakoa izatea nahi duten ere. 

Horregatik diot identitatearen eraikuntza horretarako gazteak hezi egin behar direla. Nerabeak sare sozialetan jarri duen argazki horrekin gurasoa sentitzen da interpelatua, baina ez gaztea bera. Hari berdin zaio gurasoak zer esaten dion. Argumenta diezaioke urte batzuk geroago lan bila hasten denean sare sozialetan utzi duen arrasto digital horrek eragin diezaiokeela, edota beste hamaika arrazoi eman ditzake helduak. Gazteak, ordea, bere kabuz deskubritu behar du zer den intimitatea babestea, zer nahi 

duen besteek berataz jakitea, zer den pribatutasuna… Eta hori ikaskuntza prozesu bat da. Baina alferrik da kanpotik esplikazioak ematea, norberak bizi behar duen zerbait da. 

Errealitate horren aurrean ezin ditugu nerabeak alarmismoz hezi. Ezin dizkiegu ertzainak bidali Internetek dituen arriskuez ohartaraztera. Baina helduon egitekoa da sarean “izateak” zer esan nahi duen esplikatzea, eta horren guztiaren inguruko kontzientzia har dezaten laguntzea. Eta hori geroz eta gaitzagoa da, errealitatea ere geroz eta konplexuagoa delako. 

Nerabeek ainguraketa on bat eduki-tzearen garrantziaz hitz egiten duzu Quiéreme cuando menos me lo merezca… porque es cuando más lo necesito liburuan, oinarri sendo bat izatearen inportantziaz. Nola eraiki daiteke, ordea, oinarri hori geroz eta ziurgabeagoa, geroz eta likidoagoa, geroz eta arinagoa… den gizarte batean?

Akaso ainguraketa definitibo batez baino gehiago hitz egin beharko da bata bestearen atzetik eraikiko diren testuinguru seguruez. Horrela lortuko baitute nerabeek gizarteak eragin diezaieken etengabeko ziurgabetasunari aurre egitea. Eta, nola lortzen da hori? Segurtasunak, lehenik eta behin, zerikusia du norberak bere burua ezagutzearekin. Hau da, pertsona gisara behar beste ziurra sentitzea norberarekin. Horrek esan nahi du, batetik, norbere burua ezagutzea; baina, bestetik, ingurukoek onartua eta maitatua izatea ere beharrezkoa da; eta, azkenik, esan nahi du eguneroko zoriontasunari zentzua bilatzea. 

Nerabeak asmatu behar luke bere bizitzan aldaketak jazo arren, bere izate guztia albo batera utzi behar ez izaten. Eta horrekin guztiarekin batera, beharrezkoa da harreman sare egonkor bat edukitzea. Alegia, nerabeak sentitu behar du zerbait handiagoaren parte dela. Hala, gero ingurunez alda daitekeen arren, eta beste leku batera bizitzera joan, gai izango da seguru sentiaraziko duten harreman afektiboak eraikitzeko. Izan ere, gizarte honetako benetako arazoa babesgabetasuna da, hau da, inori ez zatzaizkiola inporta jakitea. Eta hori da benetan nerabe bat hondatu dezakeena.

Nerabeak ez dira nerabe jaiotzen, nerabezarora iritsi egiten dira.

Eta nerabezarora iristen direnerako gurasoek 12 urte daramatzate eurekin. Egia da, lehen begi kolpean, nerabezaroak aurretik bizi izandako guztiarekin haustea dakarrela. Eta askotan ematen du aurretik gurasoek egindako guztiak ez duela ezertarako balio, baina egiatan, nerabezaroan benetako arazoak dituzten gazte gehienak bizitza osoan “abandonatuta” egon direnak izan ohi dira. Nerabezarora iritsi eta bati baino gehiagori zera entzuten zaio: “Ezin diot nire semeari hitz bat bera ere esan”, eta nik diot: “Ja… eta lehen nolako hartu-emana zenuen berarekin?”. Heziketari dagokionez, nerabezaroa standby moduko bat da, baina parentesi moduko horretatik irteten direnean, aurrez egindako guztia berreskuratzen dute gazteek. Beraz, inportantea da haurtzarotik hasita seme-alaben ondoan egotea, baita nerabezaroan ere. 

Nerabeentzat probatzea, esperimentatzea, euren gorputzetan bizitzea… oso inportantea dela esan dugu. Bada, hori bezain garrantzitsua da euren inguruan heldu ezberdinak dituztela bermatzea. Gaur egungo heziketaren traba handienetako bat da ume gutxi edukitzen ditugula eta dauzkagunak oso berandu izaten ditugula. Gainera, gure jabetzako objektu preziatu bilakatzen ditugu, eta nerabezarora iristen direnean ere gure objektu bailiran mantendu nahi izaten ditugu. Eta ez gara konturatzen aro horretan gehien behar dutena inguruan harreman ona edukiko duten helduak izatea dela. Heldu erreferentzialak, alegia. Beraz, guraso on batek egin dezakeen gauzarik garrantzitsuenetako bat da bere seme-alaben gertuko izango diren konfiantzazko helduen sare bat eraikitzea: osaba edo izeba izan daiteke, tutorea, Gaztelekuko monitorea, gurasoen lagunen bat, lehengusu zaharragoa…

Behin baino gehiagotan esan izan duzu gurasotasunera infantilismo handiarekin iristen garela. Guraso izateko arrazoiak oso ahulak direla, gaur egun. Azal dezakezu ideia hori?

Haurtzaroko eskubideen artean gehien zein urratzen den galdetu didatenetan, erantzun izan dut ume eta nerabe asko dagoela inori inporta ez zaizkionak. Kataluniak adopzioaren inguruko datu oso onak eman izan ditu eta oso harro agertu izan da gizarte gisara jendeaurrean. Baina ni ez nago ikuspegi horrekin ados, datu horiek ez dutelako ezer adierazten. Moda bat eraiki dugu eta moda horren barruan sartu ditugu nik “IKEA haurrak” deitu ditudanak. Altzariak erosten dituzu, merkeak dira, zeuk josten dituzu… eta halako batean konturatzen zara izkina batean loreontzi bat falta dela eta hura ere joan eta erosi egiten duzu. Bada beste horrenbeste gertatzen da umeekin: “Nire bizitzan zerbait falta da” eta ume bat jartzen duzu. Zientziak aurrera egin duen heinean, posible da ume bat edukitzea 60 urterekin edo gehiagorekin. Eta, gauza bat da ama edo aita izateko gaitasuna edukitzea, eta beste gauza bat da zer esan nahi duen guraso izateak. Eta, ama edo aita izateak zure bizitza beste izaki bati betiko lotzea esan nahi du. Horren atzean erabaki bat dago: hemendik aurrera nire bizitza diferentea izango da, zuzenean lotzen delako norbere haurraren haurtzaroa ahalbidetzearekin: “Nik nire haurra zaintzen dut, hazten dut eta hezten dut”. 

Atxikimendu txikiko eta lotura arineko ume horiek, alegia, “IKEA haur” horiek, politak izateari uzten diotenean eta nerabezaroan sartzen direnean, sekulako kataklismoa gertatzen da. “Zergatik sartu nintzen abentura honetan? Eta zergatik aguantatu behar dut orain nik hau?”, hori da askok galdetzen dutena. Izan ere, semeak edo alabak emantzipatu egin nahi du eta nik ez dut onartu nahi bera hazi egin denik. Beraz, ordura artekoa ondo joan ez bada, seme-alaba zaintzeko desira hori eta berarekin egotekoa, segituan desagertzen da. Haurrak izatea ez da eskubide bat; baina haurrek eskubidea dute “gurasoak” edukitzeko.

Seme-alaben zaintza behar gaituzten denbora osorako da, baita nerabezarora iristen direnean ere. Eta helduon bizitza-diseinuak hori oso kontuan izan behar luke. Gaur egun hainbeste goratzen den familia dibertsitateak ezin digu ekarri prekarietate afektiboa, harremanen behin behinekotasuna, etengabeko aldaketa, edota ziurgabetasun sistemikoa.

Komunikazioa aipatu duzu. Zer egin daiteke nerabeekin komunikazioa errazteko? Aholkuren bat eman dezakezu?

Hasteko eta behin, momentu egokia aukeratzea garrantzitsua da. Bigarrenik, ezin ditugu bi galdera baino gehiago egin jarraian, bestela nerabeek komisaldegi batean daudela pentsatuko baitute. Galdetzen jakiteak, gainera, esan nahi du, norberak ere beretik jarri behar duela, helduok ere gure esperientzien eta ideien berri eman beharko dugu besteari berea eskatu aurretik. Horrez gain, kontuan izan behar dugu, nerabeek askotan ingurukoei buruz hitz egiten digutela, baina egiatan euren buruarekin erlazionaturiko kontuez ari direla. Beraz, horretatik ere ondorioak atera ditzakegu. Horrekin batera, nerabeek jakin behar dute egiten dizkiegun galderek euren ongizatearekin eta zoriontasunarekin zerikusia dutela. Eta, ezin diegu inolaz ere ezer leporatu eta ezin ditugu epaitu. Finean, nerabe batekin elkarrizketan ari garenean elkarrekiko konfian-tza eraikitzen ari garela bermatu behar dugu, eta inolaz ere ezin dugu euren konfidentzialtasuna hautsi.

Edozein kasutan, gauza ezberdinen inguruan euren inguruko helduek zer pentsatzen duten jakiteko premia dute nerabeek. Baliteke, hasieran batean kontra egitea, hori delako euren egitekoa. Baina zailtasunak erakusten dituzten nerabeek, normalki “Ez dakit, ez dut erantzun nahi” erako guraso eta irakasleak izan ohi dituzte alboan. Eztabaidatzeko kontrario bat behar dute nerabeek, aztertzeko edo ezeztatzeko iritzi jakin bat. Eta argumentuak eraiki ahal izateko, lehenik garrantzitsua da inguruko helduen argumentuak entzun izana. Era berean, haur eta nerabeek jakin egin behar dute helduok zein balio mota ditugun, eta guretzat zer den ona, zer txarra eta zergatik. Hori bai, balioak eta tradizioa nahastu gabe!

Autonomiari eta ardurari buruz zer esan?

Nerabeak hezteko kontuan izan behar dugun lehen irizpidea horixe da: ezin ditugula hezi pertsona arduratsutzat hartu gabe. Buruan eduki behar dugu nerabeak arduratsu izatera irits daitezkeela eta iritsi behar dutela. Autonomo izateko eta euren bizitzaren inguruko erabakiak hartzeko hezi behar ditugu. Erabakitzeko aukera izan behar dute, eta okertzeko aukera ere bai. Eta horretarako, egiten utzi behar zaie. Nerabezaroa, jada ez da seme-alabak norbere altzoan, babesean eta goxo edukitzeko aroa. 

Bi aukera daude nerabezaroan: norbere zilborretik munduari begira jarrai-tzea, edota norbere ekintzen ardura norbere gain hartu eta aurrera egitea. Horrek esan nahi du nerabeak berak hartzen duen erabaki horrek besteari nola eragiten dion ere kontuan izan behar duela. Alegia, konturatu behar du ez dela unibertsoaren zentroa eta bere zilborretik haratago mundua dagoela, beste pentsatzeko modu batzuk daudela, beste irizpide batzuk, beste kultura batzuk, beste plazer-bide eta sufrimendu batzuk…

Etikaz ari zara?

Ezin diegu nerabeei euren bizitzako zalantzei eta ziurgabetasunei aurre egiten lagundu balioetara jo gabe, edo etika erabili gabe. Porroak erretzeari uztea ez da soilik norbere burua kontrolatzen ikastea, baizik eta zerikusia du plazera ulertzeko moduarekin edota ezinegona kudeatzeko erarekin. Beste adibide bat jartzearren, sare sozialetan aldamenekoa zapal-tzeari uztea ez dago mugekin lotuta, baizik eta zerikusia du aldamenekoa errespetatzearekin eta konturatzearekin “besteak” gabe ez garela inor bizitzan.

Helduon egitekoa da nerabeei pen-tsaraztea eta bizitzako auziak begibistaratzea. Gainontzean, haurtzaroko zoriontasunetik konformismora pasa daitezke zuzenean, inplizituki inguruan nagusitzen diren balioak har ditzateke, edota sozialki nagusitzen dena gailen daiteke haiengan. Beraz, gertatzen zaien hori eta inguruan ikusten dutena zalantzan jartzen eta euren iragazkietatik pasatzen irakatsi behar diegu. 

Etikan hezteak esan nahi du, erakustea zeren arabera garen zoriontsu eta zertan oinarrituz bizi garen pozik. Eta nerabeak berak ere izan behar du aukeraren bat bere bizitza nolakoa izango den erabakitzeko, eta bizitza ikuspegi hori beste batzuekin partekatzeko. Ikusi behar du baduela aukera errealen bat bere ingurua eta gizartea aldatzeko eta hobetzeko.