MARY BURNS: “Uste dut denbora gehiago pasatzen dugula atletekin gaitasunak lantzen irakasleekin baino”

2019-09-11

Euskal Wikilarien kultur elkarteak gonbidatuta etorri zen Euskal Herrira Mary Burns irakasleen formakuntzan eta ikaskuntza-teknologian aditua. Wikimedia eta Hezkuntza Nazioarteko I. konferentzian parte hartu zuen. Bost kontinenteetan lan egin du maistra, instruktore, ebaluatzaile, aholkulari eta beste hainbat zereginetan. 100 argitalpen baino gehiago ditu eginak. Hezkuntza erronka berriak gustuko ditu eta bere pasioa bi adar uztartzean datza: irakasleen formazioa eta teknologia berriak. Horren haritik proposatzen du irakaskuntza sakona lantzea edo hori hartzea erreminta gisa irakasleak formatzeko. Informazioa emateaz gain, esperientzia ematen dielako irakasleei. Burnsen ustez, oso garrantzitsua da irakasleei esperientzia eta praktikak bizitzeko aukera ematea gero haiek ikasleekin gauza bera egin dezaten.

 
 
MARY BURNS: “Uste dut denbora gehiago pasatzen dugula atletekin gaitasunak lantzen irakasleekin baino”

Irakasleak formatzen dituzten formatzaileak prestatzen aritzen zara. Beste modu batera esanda, irakasleak prestatzen dituztenekin, haiek formatzen. Zein da zure lan-arloa edo zer da jorratzen duzuna?

Azken 22 urteotan lanbide garapenean aritu naiz eta horren barruan teknologiaren arloa landu dut irakasleekin batera. Nire lanaren zatirik handiena teknologiaren erabilerari buruzkoa izan da. Eta horixe da nire pasioa: teknologia erabiltzen irakasten diet teknologiarekin zerbait desberdina egin dezaten, teknologiarik gabe egin ezin dutena.

Zer da zehazki zerbait desberdina den hori?

Ikaskuntza sakona sustatzea ikasleen artean. Badakigu ikasleek pentsalari kritikoak izan behar dutela eta modu sakonean ikasi behar dutela uniber-tsitatera heltzeko, lanbide bat lortzeko edo herritar onak izateko. Horretan laguntzea da nire pasiorik handiena.

Ikasleek ikaskuntza sakona landu dezaten, aurretik irakasleek ere hori bera landu eta praktikatu behar dutela defendatzen duzu.

Bai, halaxe da. Irakasleak formatzen dituzten formatzaileekin aritzen naiz eta galdera bat luzatzen diet: ‘Zer egiten duzue zuek ondo-ondo? Zertan duzue esperientzia? Zeinek lagundu dizue esperientzia hori lortzen?’. Eta erantzunak honakoak izan ohi dira: hausnarketaren bitartez, ikerketen bitartez, praktika gidatuen bitartez eta abar ikasten dutela gehien. Horien bitartez lortu dute diren horretan onak izatea eta esperientzia edukitzea.

Hortaz, hurrena beste galdera bat egiten diet: ‘Pentsatu zuekin aritzen diren irakasleengan: nola lagundu diezaiekegu irakasleei euren esperientzia sakontzen? Hitzaldien bitartez, hausnarketaren bitartez, behaketaren bitartez, praktika gidatuen bitartez...’.

Gehienek diote esperientziaren ondorioz ikasi dutela, besteengandik eta gauzak egitetik. Eta baita praktika gidatuetatik ere. Informazioarekin, hitzaldiekin eta behaketarekin ere ikasten dute, baina gutxiago.

Irakasleen prestakuntzan badago zerbait ondo egiten ez duguna. Irakasleei teknologia berrien, hedabideen eta abarren inguruko informazioa ematen diegu, haiek irakaskuntzan erabil dezaten. Baina gero ez dute erabiltzen. Falazea bat daukagu. Bigarren Hezkuntzako eta uniber-tsitateko irakasleek erronka galanta daukate: ikasle batzuk hartu eta aditu bihurtu behar dituzte. Eta irakasle horiek prestatzen dituzten formatzaileek berdin: irakasle horiek aditu bihurtu behar dituzte, eduki digitalak nola funtzionatzen duten irakatsi behar diete, teknologiak nola funtzionatzen duen. Eta hori ez dute hitzaldiek lor-tzen, nahiz eta gehien erabiltzen den formatua izan. Horretarako ikaskun-tza sakona behar da, ez hitzaldiak.

Oraindik ere hitzaldia da informazioa zabaltzeko eta irakasteko gehien erabiltzen den formatua, baina ez dela egokiena diozu. Zergatik?

Mundu osoko hezkuntza sistemetan gehien ikusten dudana da. Irakasleei laguntzeko gehien erabiltzen den formatua da, bai haien ikaskuntza gaitasuna garatzeko eta baita ikasleena ere. Gauza ona dirudi, eta funtzionatzen duena.

Bai, funtzionatzen du, baina zertarako? Hitzaldiak dira irakasleei informazioa emateko eta haien gaitasuna garatzeko baliabide nagusia. Hitzaldien bidez informazioa ematen da, eta pentsatzen dugu horrekin automatikoki ikasten dela; eta ez da hala. Informazioa jasotzea garrantzitsua da, baina hitzaldiek ez dute askotarako balio, ez behintzat jendeari irakasteko haiek ikasten ikasteko. Gu ikerketak egiten aritu gara eta ikusi dugu jendeak gutxi atxikitzen duela hitzaldietatik. Hitzaldiak egokiak dira azaleko ikasketarako. Baina ez sakoneko ikasketarako. Hitzaldiak labezomorroak bezalakoak dira. Labezomorroek bezala bizirauten dute, baina azaleko ikaskuntzan.

Beraz, zera esan nahi dut: irakasleei lagundu nahi baldin badiegu, ezin dugu hitzaldien bitartez egin, hori denbora galtzea da. Irakasleen denbora galtzen ari gara horrela.

Adibide bat jarriko dizuet: futbol jokalaria eta irakaslea. Bi profesional horien artean, nork jasotzen du prestakuntza profesional hobea? Nork jasotzen du laguntza gehien profesional izateko? Futbolariak. Uste dut denbora gehiago pasatzen dugula atletekin gaitasunak lantzen irakasleekin baino. Horregatik diot irakasleekin denbora inbertitu behar dela. Hitzaldiak onak dira, baina irakasleek gehiago behar dute. Eredua jaso ondoren praktikan jarri behar dute. Diseinu berri bat egin, erratu behar badute erratu, eta hori egin dezakete laguntzarekin, prestakuntzarekin eta epe luzera.

Ikaskuntza sakona aipatu duzu. Zer ulertzen duzu kontzeptu horrekin?

Informazio, ideia eta kontzeptu berriak arinagotik geneukan ezagu-tzarekin eta esperientziarekin lotzea da ikaskuntza sakona. Beste hitz batzuetan esanda, ezagutza gure sistema kontzeptualetan integratzea eta ereduak eta printzipioak identifikatzea. Eta era berean, ebaluatzea; hau da, ideia berriak ebaluatzea eta ondorioekin lotzea. Eta baita eztabaida sortzea ere ezagutza berrien inguruan. Beraz, ikaskuntza sakona hori guztia da: erlazionatzea, integratzea, identifikatzea, ebaluatzea, eztabaida-tzea eta aztertzea, besteak beste.

Horrexegatik, nik defendatzen dudana zera da: informazioaz haratago, ikaskuntza sakona eduki digitalaren bitartez. Informazioa edukitzea garrantzitsua da, ez dut hori ukatzen, baina ez da nahikoa. Unibertsitateko irakasleei, derrigorrezko hezkuntzako irakasleei, haien formatzaileei... denei ikaskuntza esperientzia eman behar diegu. Norberaren-tzat aditu izateko baliagarria izan dena eman behar diegu besteei ere: praktika, lankidetza, besteekin ari-tzea, esperientzia bera.

Aipatzen dudan prestakuntza sakona, eduki digitala erabiltzen duen ikaskuntza sakona, baliagarria izan daiteke tresna modura irakasleentzat eta baita gero haien ikasleentzat ere.

Ikaskuntza sakona eduki digitalekin lotzen duzu. Ezinbestean biak lotuta joan behar dute ala posible da eduki digitalik gabeko ikaskuntza sakona?

Bai, noski dela posible. Paper zatitxo batekin ere egin daiteke ikaskuntza sakona. Gauza ez da hardwarea, softwarea edo dena delakoa behar izatea. Nire kide batek esaten zuen moduan, gauza buruarena da, pentsamendu kontua. Ikasteko, erremintarik onena galdera da; galderak egitea, galderak botatzea.

Edonola ere, eduki digitalen kasuan, ondo diseinatzen bada, benetan arreta deitzen du, jendea erakarri egiten du. Joko modura planteatu eta jendea sartu egiten da. Erakargarriak dira eduki digitalak eta horregatik dira egokiak ikaskuntza sakonean erabiltzeko.

Dena dela, argi eduki behar dugu ezin diegula edozein eduki eman heldu zein umeei eta kito. Erakutsi eta lagundu egin behar diegu nola erabili hausnarketarako eta ikasketarako. Zeren askotan pentsatzen dugu teknologia bera erakargarria bada horrek berak erakutsiko diola jendeari, eta ez da hala izaten beti. Batzuetan bai, didaktikoa den teknologiak lortzen du hori. Baina beste batzuetan beste batzuen laguntza behar izaten da helburu zehatzak lortzeko eta hezkuntzaren arloko edukiak ahalik eta ondoen aprobetxatzeko.

Gainera, zenbait kasutan eduki digitalak norberak bakarrik erabil-tzeko modukoak izaten dira, bakarrik egiteko moduko ariketak daude. Baina besteekin hitz eginez, galderak eginez eta abar ikasten da benetan; alegia, osagai sozial hori eta aktibotasun hori landuta.

Garrantzitsua da testuinguru sozial batean irakastea. Baliabide digitalak bisualak dira, mugimendua dute, koloreak, animazioa, eta arreta bereganatzen dute. Baina hori dena testuinguru sozial batean kokatu behar da, hezkuntza testuinguru batean, horrela jendeak hobeto ikasiko baitu.

Ikaskuntza sakonaren adibide bat eman diezagukezu?

Bai, noski. Esate baterako, wikimedian eduki pila bat dago libre Interneten eta baliagarria izan daiteke irakasleei ikaskuntza sakona zer den erakusteko. Adibidez, matematikako irakasleen kontseilu nazionalak egindako ariketa bat azalduko dizuet. Hasierako planteamendua zera da: trianquad izeneko forma geometriko imaginario baterako definizioa sortu behar da.

Orduan, nik hainbat irudi geometrikoren adibideak erakusten ditut baliabide digitalak erabiliz, irudi desberdinak, eta taldean jarrita eztabaidatu eta erabaki behar dute irudi horiek trianquad izan daitezkeen ala ez. Gero eta irudi gehiago ikusi, informazio eta zehaztasun gehiago jasoko dute ariketa egiten ari direnek. Guztira 18 irudi erakusten ditut eta bakoitza trianquad bat den edo ez erabaki behar du taldeak. Adibide guztiak ikusitakoan  talde bakoitzak trianquad-aren definizioa osatu behar du. Talde bakoitzak bere definizioa izango du. Adibidez, talde batek esan dezake: ‘Oraindik ez gaude ados formaren eta definizioaren artean, baina hau izan daiteke: hiruki batez ari gara eta gutxienez erpin bat partekatu behar du inguruan dituen beste formekin’. Beste talde batek esan dezake: ‘Lauki itxura duen forma bat da, hirukiaren erpin bat partekatzen duena’. Beste batek: ‘Gure taldearen arabera lerro bat da, lerro bat erabili dezakegu forma guztiak batzeko, baina lerro horrek bi zatiketa eremu izango ditu, batean lau erpin egongo dira eta bestean hiru’. Horrela, definizioa osatzen da denen artean. Kasu honetan hauxe izango litzateke: bi forma geometriko dira, triangulu bat eta lauki bat, eta erpin bat parteka-tzen dute.

Ariketa txiki hau matematikako irakasleen kontseilu nazionalak diseinatu zuenez, hezkuntzarako tresna didaktikoa da, interaktiboa da eta eduki digitala erabiltzen du. Baina horrek nola sustatzen du ikaskuntza sakona? Zer egiten da ariketa hau egin bitartean? Aurrena norberak bere kabuz pentsatu, identifikatu, eta gero taldean eztabaidatu, iritziak partekatu, kanpoko informazioa erabili agian eta abar. Hau da, azken finean aurretik duten ezagutza informazio berriarekin integratzen dute eta informazioa koeraiki. Ariketa egin bitartean elkarren artean komunikatzen dute, estrategiak ebaluatzen dituzte eta abar. Oinarri-oinarrian arrazonamendu induktiboa erabiltzen dute. Eta normalean, ikastetxeetan, batez ere Matematiketan, ez da irakaskun-tza induktiboa baliatzen, deduktiboa baizik. Ikasleei esaten zaie ‘hau da Pitagorasen teorema’, eta gero 30 adibide ematen zaizkie arau hori baieztatzeko. Hori ikaskuntza deduktiboa da. Baina guk induktiboa egin nahi dugu. Ariketa honetan oharrak ateratzen dituzte (‘hau horrela izan daiteke’, ‘honela ezin daiteke izan’...) eta informazio berria agertu ahala irudien errepikapena ikusten dute. Horrela hasten dira hipotesiak formulatzen, euren hipotesien inguruan hausnartzen, ideia orokor batzuk ateratzen, eta azkenean definizio edo teoria bat ateratzen dute.

Ez da sistema perfektua, denbora eskatzen duelako, baina ariketa honen bitartez ikaskuntza sakona lortzen dute ikasten ari direnek: informazioa daukate, hausnartu egiten dute, lankidetzan aritzen dira, estrategia berriak ebaluatzen dituzte... Eta ariketa egiteko eduki digitalak erabilita erakargarritasuna lortzen da. Horrelako ariketak egin behar dira irakasleekin, gero haiek ikasleekin egiteko.

Ariketa hau hezkuntzarako diseinatuta dago. Baina wikimedian bereziki hezkuntzarako ez den eduki asko dago. Horiek ere erabili daitezke ikaskuntza sakonerako? Nola?

Bai, erabili daitezke, eta nik erabili izan dudan adibide bat jarriko dut. 1964an AEBn egindako iragarki bat jartzen dut pantailan ikusgai eta bi galdera luzatzen ditut: Zer gertatzen da iragarkian? Eta zein da mezua?

Beraz, lehenengo iragarkia ikusi behar da, gero pentsatu eta ondoren iritziak partekatu eta eztabaidatu. Hala, 1964ko txuri-beltzeko iragarki honetan neska bat lore bati petaloak kentzen ikusten da eta zenbatzen hasten da. 1etik 9ra kontatu behar du, baina kontua galtzen du eta ez du ongi zenbatzen. Gero ahots bat en-tzuten da eta gero leherketa nuklear bat. Amaierako mezuaren aurretik beste ahots batek esaten du (Lyndon Johnson presidentegaiaren ahotsa da): bozkatu edo hil egingo zara.

Beraz, iragarkia ikusi eta bakoitzak bere iritzia eman dezake taldean eta gero orokorrean. Talde batek esan dezake: ‘Guk kontrastea ikusi dugu: alde batetik neskatxoak arreta deitzen du eta bestetik izugarrizko leherketa. Horrez gain, AEBko jendeak familia ikusiko luke lehendabizi neska ikusitakoan, eta gurasoek bozkatzen dute. Beraz, gurasoentzako mezu bat dagoela uste dugu: zuek bozkatzen ez baduzue, ez dute etorkizunik izango zuen seme-alabek. Beraz, bozkatu edo ez zara etxetik aterako’.

Beste talde batek beste hausnarketa desberdin bat egin dezake: ‘Guk uste dugu negatibotasuna manipulatzen dela: ez badiozu hautagai honi boz-katzen, hau gertatuko zaizu: bonba nuklearra, hezkuntzarik ez, heriotza, heriotzarik okerrena; bihotzekoak emanda ez, eraso nuklear batek hila’.

Iritzi asko eta desberdinak sor daitezke eta horrek hausnarketan sakontzeko aukera ematen du, ezta?

Hala da, askotariko iritziak atera daitezke. Esate baterako: ‘Gure iritziz mezu paternalista bat dauka: Johnson presidenteak leherketa batetik salbatuko gaitu. Jainkoaren antzekoa da’; ‘Gure ustez diseinatzaileek neska hori Johnsonen kontrakoekin lotzea nahi dute, kontatzen ez dakien ume bat da. Eta Johnson, berriz, erantzukizunez jokatzen duen haurra izango litzateke, kontatzen dakiena, jainkoa balitz bezala’; ‘Guk uste dugu beldurra erabiltzen duela hautagaiaren aldeko botoak lortzeko. Gure emozioetako bat ukitzea lortzen du: beldurra. Kultura guztietan ditugu estereotipoak: heriotzaren inguruan, haurraren inguruan, beldurra ematen duten gauzen inguruan, aitaren eta amaren inguruan... eta horren apologia egiten dute. Nola? Bi alderdi lotuz: bizitza eta heriotza, inozentzia eta gaiztakeria, haurtxo polit hori naturaren inguruan eta gero suntsiketa’.

Iritzi sorta horren ondoren, beste galdera bat luzatu daiteke: 1964ko iragarkia da. Behin bakarrik jarri zuten eta berehala kendu zuten. Iragarki boteretsua da. Zergatik? Zer ari zen gertatzen garai hartan? Gerra hotza, Vietnam, Kennedy presidentea hil zuten 1963an, Kubako misilen krisia 1962an... Horrek guztiak zerikusia izan dezake. Testuinguru historikoa daukagu hori dena ulertzeko. Horregatik, ariketa hau tresna bat izan daiteke Historia ulertzeko. Askotan haurrek ez dute ulertzen historia, ez baitugu konektatzen emozioekin, eta iragarki honek horretarako bidea ematen digu.

Abiapuntua bera da desberdina. Galderak egiten hasten zara ezer azaldu aurretik.

Ariketa honetan Bloom-en taxonomia erabiltzen dut. 1956an sortutako taxonomia da eta esaten du oinarrizko informazioa ikasteko lehenengo ulertu, ikasi eta gogoratu egin behar dela, eta gero joan goi mailako ikasketaraino. Pausoz pauso. Eta ariketa honetan horixe egiten da. Lehenengo garai hartan gertatu zena gogoratzen da, zer gertatzen zen 1964. urte hartan. Horrela ulermena lantzen da. Horrez gain, iragarkia aztertzen da, laburtu, mezua atera eta estrategia batzuk ebaluatu. Hori egiteko pentsamendu kritikoa erabiltzen da, hau da, ikaskuntza sakonari lotutako gaitasun bat. Eta irakasleek hori egin behar dute, horrelako ariketak egin behar dituzte, esperimentatu, gero ikasleekin egiteko.

Proiektu eta esperientzia asko daude. Baina gakoa non dago? Galderak egitean. Erantzunak eman ordez, galderak egitean. Hori egin behar da irakasleekin ere: erantzunak eman ordez galderak egin. Galderak egin behar ditugu hausnarketa bultzatzeko, esploratzeko, ebaluatzeko, eta  horrek bultzatuko ditu pentsatzera, horrekin lortuko dute informazioa kontrolatzea. Eta horretan datza ikaskuntza sakona.

Eduki digitalaren balioa aipatzen duzu. Zein da eduki digitalen alderdirik onena?

Eduki digitalen alderdirik onena atentzioa edo arreta deitzen dutela da, eta teknologia horiek erabiliz, irakasleak ikasleak erakarri eta jokoan sartzen ditu.

Nik badut mezu sinple bat: eduki ona behar dugu, baina edukian eta informazioan zentratzeaz gain, irakasleak eduki digitalen erabileran trebatzea nahi baldin badugu, esperientzian eta prestakuntzan ere arreta jarri behar dugu. Onena nahi baldin badugu, asko saiatu behar dugu, irakasleak ere asko saiatu daitezen ikasleei erakusteko orduan. Horregatik uste dut nik ikaskuntza sakona oso garrantzitsua dela. Guk nahi dugu gure ikasleak prestatuta egotea unibertsitaterako eta lan mundurako, aktiboak izatea, informatuta egotea, erantzukizunez jardutea eta moralki herritar onak izatea. Beraz, horretarako informazioa garrantzitsua dela esango nuke, baina hatarago joan berhar dugu irakasleek esperientzia lor dezaten, beraiek izango baitira gero ikasleekin jardungo dutenak.