ESKOLATU GABEKO HAURRAK. "Eskolan partez etxean"

2019-05-23

Ez da ohikoa, baina badaude eskolatu gabeko haurrak eta gazteak. Adina iritsi eta eskolara joan ez direnak, etxean geratu direnak gurasoekin, eta haiekin hazi eta hezi direnak, haiekin ikasi dutenak. Guraso horietako batzuekin bildu da HAZI HEZI, euren esperientziatik eta bizipenetatik abiatuta, seme-alaba horien ibilbidea ezagutzeko.

 
 
ESKOLATU GABEKO HAURRAK. "Eskolan partez etxean"

 

Ez dira asko, bakan batzuk dira, baina badira euren seme-alabak eskolatik pasa gabe etxean hezteko hautua egin duten gurasoak. Homeschooling gisa ezagutzen dena, alegia. Horietako batzuekin egoteko aukera izan du HAZI HEZIk eta bizitakoa zein bizitzen ari direna kontatu dute gurasoek. Ainize Madariaga eta Asisko Urmeneta Nafarroa Behereko Hozta herrian bizi dira eta hiru alaba dituzte: 11 urteko Gexi, 8 urteko Leixa eta 2 urteko Xara. Une honetan inor ez da eskolara joaten. Marian Santamaria eta Benjamin Barandalla Donostian bizi dira 18 urteko Martinekin eta 13ko Angelarekin. Rakel Durán eta Gotzon Huegunen alaba Haizeak 23 urte ditu, eta Mari Jose Korta eta Manu Eizagirreren Lorea alabak 22. Ohiko gelak, liburuak, ordutegiak eta irakasleak urrun eduki dituzte, baina ikasi, ikasi dute. Beste modu batera.

Lau familia horietatik Marian eta Benjak soilik zuten argi hasieratik umeak ez zituztela eskolatuko. “Benjak hezkuntzan egiten zuen lan eta nik ere bai, haur eskola batean. Haur eskolako mundua oso tristea iruditzen zitzaidan”, dio Marianek. “Berehala konturatu ginen eskolak eskaintzen zituen baldintzek ez zutela asetzen gure bizitza pertsonala”, gehitzen du Benjak. “Orduan gure bizitza per-tsonala asetzen ez badu, zergatik asetuko du gure seme-alabena?, pentsatzen genuen. Gu geure erritmo propioarekin hasi ginen gauzak deskubritzen eta egiten, nahi genuenera dedikatuz. Eta guretzat funtzionatzen zuenez, gure seme-alabentzat ere funtzionatu zezakeela pentsatu genuen”.

Gainerakoek ez zuten horrelako ideiarik hasieran. Mari Josek dio Joxe Ramon Mauduit eta Cristina Aznarrengana joan zela haurdunaldia, erditzea eta edoskitzea presta-tzera, eta han entzun zituela lehen aldiz ez-eskolatzea edo eskolatze berantiarra bezalako kontzeptuak: “Umeak goiztiarren eskolatzen ditugun herrialdea garela entzun nien. Herrialde askotan 6 urtera arte ez dituzte eskolatzen”. Aizarnazabalen bizi ziren eta eskola etxe aldamenean zegoen. Loreak 3 urte bete zituenean eskola probatu nahi zuen eta irailean hasi ziren. “Egokitzapena egiten hasi ginen eta alaba beti nire ondoan zegoen. Hezitzaileei molestatu egiten zien ni gelan egoteak, ez zeuden guri laguntzeko. Egoera desatsegina zen. Hilabete eta erdi pasa ondoren etxera itzultzea erabaki genuen. Ez dit sekula gehiago eskatu eskolara joateko, eta ez da joan”.

Rakelek dio berak hasieran ez zuela zalantzan jarri haurra eskolatzea edo ez zela horretaz pentsatzen jarri. “Nire ilobak eskolara joaten ziren 2 urterekin hasita eta dena perfektua iruditzen zitzaidan. Behin Haizea jaiotakoan, Mauduit eta Aznarren Hazi Heziko haziera taldeetara joaten ginen eta han hasi ginen alabaren-tzat zer zen egokiena hausnartzen, batik bat osasunaren aldetik zer zen onuragarriena berarentzat. Orduan erabaki genuen haur eskolara ez eramatea. Gero, eskolara joateko garaia iritsi zenean, ez geneukan eskolara eramateko gogo handirik. Baina berak joan nahi zuen, inguruan jende guztiak ‘eskolan noiz hasiko zara’ galdetzen ziolako. Hilabete eta erdi pasa genuen eskolan. Ez zen esperientzia ona izan. Gela barruan nengoen guraso bakarra nintzen eta hezitzailearentzat arazo bat nintzen, enbarazu egiten nion. Hilabete eta erdiren ondoren, Haizeak gatazka bat izan zuen beste ume batekin, hezitzaileak gaizki bideratu zuen eta Haizeak esan zidan 15 urterekin itzuliko zela eskolara”. Gurasoek uste zuten geroago, 6-7 urterekin, hasiko zela, baina Haizeak ez zuen aipatu ere egiten eskolara joatearena. Etxean egiten hasitakoarekin hain gustura ikusten zuten, eskolara eramatea baino egokiagoa iruditu zitzaiela etxean jarraitzea.

Gexik ere, 3 urte bete zituenean, eskolara joan nahi zuela esan zien gurasoei, “eta gu ez ginen prest. Ez ginen determinatuak ez baiezkoan ez ezezkoan, bertzerik gabe, bagenekien ez genuela presarik eta bagenuen posibilitatea oraindik etxean gurekin edukitzeko. Baina berak eskatu zigun eta ikastolara joan ginen”, dio Asiskok. Gogoratzen du oso ongi hartu zituztela Lartzabaleko ikastolan: “Pedagogia zinez interesgarria dute eta izaten ahal zen ikastolarik onena. Baina lehen 5-6 egunetan gustura ibili arren, halako batean Gexi blokeatu egin zen, eta ezetz eta ezetz hasi zen, ez zuela joan nahi. Amesgaiztoekin hasi zen eta geure buruari galdegin genion: ‘Zertan ari gara 3 urte dituen ume bat ikastolara eramaten, jakinez guk badugula posibilitatea etxean edukitzeko? Zertan gabiltza 3 urterekin psikologoa behar dela eta ez dakit zer? Lasai, ume honek eskatzen duena ez da ilargia, baizik eta besterik gabe ez dagoela gustura ikastolako eguneroko bizitzan’. Orduan, berriro etxera, eta beranduago ikusiko genuela erabaki genuen”.

Hala, 6 urte zituenean berriro ikastolara joateko gogoa sortu zitzaion Gexiri. Ordurako lagun koadrila bat bazuen eta denak ikastolara joaten ziren. “Beste adin bat zuen eta erran genion hasten baldin bazen ikasturte osoa egon beharko zuela, eta onartu zuen”, dio Ainizek. Hala, ikasturte osoa egon zen, “izugarri ongi, normaltasunean gure ikuspuntutik”. Aldi berean, Leixa ahizpa ere hasi zen 3 urterekin. Ikasturte amaieran, balantzea egin zuten biek; ikastolaren alde onak eta txarrak eta etxean egotearen alde onak eta txarrak. Gexik etxean geratzea erabaki zuen eta Leixak ikastolan jarraitzea. “Gexiren kasuan ez zen ezer txarrik edo traumatikorik gertatu. Ukan zuen bere esperimentua eta hori erabaki zuen”. Leixak, berriz, beste hiru urtez jarraitu zuen ikastolan, eta iaz 1. maila egin ondoren, ikasturte honetan ez joatea erabaki du. “Ez zuen ikastolaren kontra deus, baina etxean hirugarren alaba sortu berria genuen eta sentitzen zuen bera ikastolara bidaltzen genuela eta gainerako lauak etxean geratzen ginela, sortu berri batekin”, dio Asiskok.

Etxean zer eta nola?

Familia hauek heziketa ez delegatzea erabaki zuten, beren gain hartzea. Orduan, nola egin? Zer egin? Asiskok eta Ainizek egoera berean dauden beste bi familia ezagutzen dituzte eta haiekin elkartzen dira. “Haiek aurretik funtzionatzeko manera bat erabakia zuten; ikastolako kahiera berberak erabiliz ikasten dute eta haiek ikusita, gauza berbera egiten hasi ginen. Baina ez zuen funtzionatu. Gexi ez zen moldatzen eta bion artean tentsio handia zegoen, biok pasatzen genuen gaizki, batez ere matematikako liburuarekin. Giroa ez zen ona eta frustrazio sentsazio bat nuen nik. Ez zuen balio heziketa gure gain hartzeak bai berak eta bai nik gaizki pasatzeko. Konturatu nintzen sakon-sakonean nire segurtasunerako ari nintzela kahiera hori ematen, baita gehiegi pentsatu gabe ere, besteek egiten zutela ikusiz eta kopiatuz. Azken batean, errazena bizi izandakoa errepikatzea da, hor segur gaudelako. Edonola ere, besteekin elkartu bai, baina gurean zentratu behar genuela konturatu ginen. Beste material batzuk topatu genituen eta orain, beste kahiera batzuekin eta modu askeagoan oso ongi ari gara”.

Asteko plana egiten dute. Goizero jaiki, gosaldu eta kanpora ateratzen dira zerbait egitera: jolastu, arrautzen bila joan... gorputza mugitu. Eta gero etxean liburuekin lantzen dituzte hainbat gai edo beraien interesetatik sortutako proiektuak egiten dituzte. Naturarekin ere kontaktu handia dute. “Funtsesko ideia da badakigula edo sentitzen dugula beren grinatik abiatuta iritsiko direla nahi duten lekura. Horri ematen diogu garrantzia”, dio Asiskok. Berdinen artean ere izugarri ikasten dutela ohartuta daude. “Etxeko txoko batean ikastolatxo bat muntatu zuten eta Gexik Leixari ematen dizkio eskolak”. Eguneroko bizitzako kontuetan eta gurasoen lanbideko gauzetan parte hartzeari ere garrantzia ematen diote, “zeren eta ikasten ari dira edozein gisaz, edozein egoeratan, edozein momentutan, egun guztiz. Izugarria da”, dio Ainizek. “Diferentzia da eskola-sistema batean ariketa batetik bestera ikusiko dela progresioa. Gure kasuan, ustekabeko momentuetan ‘hara, hori jada barneratu du!’ konturatzen gara”.

Beste hiru familiek Basaurin egin ziren hezkuntzari buruzko jardunaldi ba-tzuetan Miguel Castro Heziketa Sortzaileko hezitzailearen hitzaldia entzun zuten. Hiru alabetako bat eskolatik atera zutela kontatu zuen hitzaldian, eskolan gaizki zegoelako. Horrez gain, eskolatu gabeko umeak zituen Arno Sternen erreferentzia ere eman zuen. Bai Castroren eta bai Sternen umeek nola ikasi zuten azaldu zuen hitzaldian: jolasaren bitartez, ikertuz, jakin-min handiz... ikaskuntza prozesu naturalaz hitz egin zuen eta umeengan konfiantza edukitzearen garrantziaz. “Guk hitzaldi hartan ikusi genuen argia”, dio Gotzonek. “Eskolak ez gintuen asetzen, baina ez genekien esaten zergatik, ez genekien nola adierazi, ez geneukan argudiorik... eta Castrori entzundakoan ikusi genuen bidea: ‘orain badakigu nondik joan eta nola egin’, pentsatu genuen”. Mari Jose ere konbentzitu zuten Castroren hitzek: “Umea lagundu, umearen interesei jarraitu, interesetan lagundu, ez aurreratu umeak egin behar duenari, desikasi, umeek beraiek ikasten dute”. Horrela hasi zen Lorea dantzara joaten, gimnasia erritmikora, euskal dantzetara, liburudendara, amarekin bankura, erosketak egitera, arkitek-toarengana... Benja eta Marianen seme Martinek urarekin, lurrarekin, harriekin... pila bat jolasten eta esperimentatzen zuen. Gurasoak aldamenean zituen zer interes zuen behatzen eta hori garatzeko material egokia eskuratzen zioten. Ez zuten berarekin jolasten, baizik eta jolasa atenditu, baldintza onetan garatzea bermatzeko. Gotzon eta Rakelen alaba Haizea bere kasa etxean egiturak eta maketak egiten aritzen zen.

Ikasketa mota guztietarako hurbilketa plazeraren bidez izan da. “Eta interesa eta plazeari beste bat gehituko nioke nik: esfortzua”, dio Rakelek. “Zeren interesa eta plazerak ez du esan nahi zerbait egitea kostatzen ez denik. Plazera emateak ez du esan nahi gauzak besterik gabe ateratzen direnik, ez. Esfortzua eskatzen du. Kontua da egiten duten ahalegina plazeragatik egiten dutela, eta ez inork derrigortu dituelako”. Beste bi ezaugarri ere azpimarratu dituzte denek: eguneroko bizitzan integra-tzea eta konfiantza ematea, gai direla sinestea: “Konfiantza asko hartu eta eman behar da, batez ere eman”, dio Asiskok.

Eta bai, ikasi dute

Gurasoek ez dakite esaten ziur nola ikasi zuten irakurtzen, idazten edo zenbatzen. Baina bat-batean, egun batean, Angela irakurtzen hasi zela gogoratzen du Marian amak. “Adin bereko lehengusu baten liburuarekin etorri zen eta poliki-poliki irakurtzen hasi zen. Nik ez nuen sekula hori egiten ikusi. Martinek futboleko kromoak trukatzen zituen 6-7 urterekin eta horrekin ikasi zuen. Askotan uste dugu zerbait serioa irakurriz ikasiko dutela, eta ez da beti hala”. Ikasteko modu asko daude, eta Castrok esaten omen zuen gaur egungo gizartean, hainbeste kartel eta hitz daudenean, ume batek irakurtzen ez badu, nahi ez duelako dela. Hala izan arren, bidean zalantzak eta beldurrak izan zituztela gogoratzen du Gotzonek. “Adin beretsuko 12 lehengusu ditu eta 4-5 urterekin irakurtzen hasi ziren. Haizea ez zen liburuetara gerturatu ere egiten. Beste interes batzuk zituen. 9 urterekin ikasi zuen, inolako arazorik gabe. Baina ume guztiek ikaskuntza erritmo bera eramatera ohituta gaude eta gure beldurrak eta presio soziala handiak dira”.

Sozializazioa ez da arazo

Ume hauek, eskolara joan ez arren, sozializatzeko arazorik ez dutela eduki diote guraso guztiek. Gizakiok berez dugun ezaugarri bat da sozializazioarena, eta ez dago eskolari lotua. Gexi, Leixa eta Xara, esate baterako, gurasoez gain, auzokoekin, familiakoekin eta ikastolako umeekin erlazionatzen dira, eta egunero etxetik kanpo ekintzaren bat egiten dute, ez hainbeste sozializatzeko, baizik eta etxetik at beste erreferentzia batzuk ukan ditzaten: astean behin amonarekin frantsesa lantzen dute eta txangoak egiten dituzte, beste egun batean eskolara joaten ez diren familiako haurrekin egoten dira, beste batean zaldian ibiltzera joaten dira, euskal dantzako eta bertsogintzako saioetara, Leixak neska laborari bati laguntzen dio, Gexik gitarra jotzen du...

Sozializazioa ez da arazo izan, baina sarritan lagun taldeetan onartuak izateko oztopoak izan dituzte, desberdinak direlako. “Nik uste dut modu batera edo bestera, beti egongo direla penalizatuta desberdinak direlako. Beraiek ez dute sozializatzeko arazorik, baina besteek ez dituzte onartzen sarritan, eta hor sortzen da arazoa”, Gotzonen ustez. Ainizek onartzen du desberdinak direla, “bada, balia dezagun desberdintasun hori libreago bizitzeko”.

Umeek ez ezik, gurasoek ere bizi izan dute desberdin izate hori. Martin eta Angelaren ama Marianek dio, orain sentitu duela, urteak pasa ondoren, familiaren onarpena, umeak bide onetik doazela ikusitakoan. Horraino iritsi behar izan dutela. “Horrez gain, aitortu behar dut gu Barakaldotik Donostiara etorri ginela bizitzera; herritik hiriko anonimotasunera. Eta horri esker egin izan dugula ibilbide hau; herrian gelditu izan bagina, ezin izango genuen egin familiak, lagunek... pisu handia izango zutelako”. Herri txikiaren presioa Mari Josek ere bizi izan du. Aizarnazabalen bizi ziren Loreak 3 urte egin arte eta gero baserri batera joan ziren. “Herrian oso epaituak izango ginen. Momentu polit asko egon dira, baina haizearen kontra gindoazen sentsazioa ere bai. Jende helduarengandik oso errespetatua sentitu naiz, baina gertuko jendeak, lagunek... distantzia handia jarri didate. Azken batean, desberdintasuna baloratu beharrean, epaitu egiten dute”. Epai horien atzean maiz kezka egoten dela dio Rakelek. “Nire ahizpek ez didate inoiz esan ‘eskolara eraman behar duzu’, baina ez zitzaien ongi iruditzen ez eskolatzea. Eta hori nabaritzen duzu. Baina beno, etxean erditzea edo edoskitzea ere ez zitzaien ongi iruditzen... Edonola ere, kritika horien atzean kezka egoten dela uste dut. Haizearentzat negatiboa izango zela pentsatzen zutelako kritikatzen nindutela esango nuke, ez maltzurkeriaz edo kritikatzeagatik”.

Bizitzan aurrera doaz

Egindako ibilbidearekin gustura daude bai gurasoak eta bai gazteak. Mari Josek dio alabari ondo egin al duten galdetzen dionean, baietz erantzuten diola. Loreak DBHko titulua atera zuen 16 urte ingururekin AEBetako eskola batekin, distantziara, eta hemen baliozkotuta dago. Dantza munduan eta aktore lanetan dabil eta une honetan liburu bat idazten ari da. Haizeak unibertsitatera joan nahi zuen, hori zen bere interesa, eta horretarako egin behar zena egin zuen: 19 urterekin gaitasun azterketa bat egin zuen eta hori gainditu ondoren unibertsitaterako sarrera proba. Orain Musika Konposizioko unibertsitate ikasketak egiten ari da Iruñean. Martin DBH egiten hasi zen, laneko aukerak irekiko zizkiolako. Urtebetean egin zituen lehen bi mailak, gero 3.na egin zuen, eta 4.na ez du bukatu, utzi egin du, “berak benetan nahi dituen gauzak egiteko denborarik ez zaiolako gera-tzen: surfa, argazkilaritza, hegaztien behaketa, parkur eta indioen mundua. Txikitatik egiten ditu indioen arropak eta tresnak, pelikulak ikusi... hori da bere pasioa, eta indioen erreserba batera joateko dirua aurrezten ari da”. Angela arreba zaldian ibiltzera joaten da, izugarri gustatzen zaio, eta astean 3-4 liburu irakurtzen ditu.

Ainize eta Asiskoren alaben kasuan, oraindik eskolako ibilbidea aurrean dute eta ez dute arazorik ikastolara eramateko alabek hala eskatzen badiete. “Orain, eskolatze osoan aldi bat saihesteko aukera izango banu, 11-15 urte bitartekoa litzateke”, dio Ainizek. “Oso garai krudela izaten da, nerabezaro betean, harreman bortitzak... Zernahi gisaz, beren bizia da, ez da gurea eta beraiek erabakiko dute”.

 

LEGE KONTUAK

Ipar Euskal Herrian legala da etxean eskolatzea, baina instituzioei aitortu egin behar zaie. Batetik herriko etxeari. Eta bestetik, Hezkuntza Nazionalari jakinarazi behar zaio gutun baten bitartez. Bueltan gutun bat jasotzen dute gurasoek, Hezkuntza Nazionala jakinaren gainean dela esanez eta guraso gisa euren betebeharrak zein diren eta legedia zein den gogoraraziz. Horrez gain, normalean ikuskaria pasatzen da haurrak ongi daudela bermatzeko. Ez du inolako azterketarik egiten, ez dute eskolan balira bezalako maila akademikorik eskatzen, eskolatzea eta programazioa ez baitira derrigorrezkoak. Ainizek eta Asiskok oraindik ez dute ikuskariaren bisitarik izan, baina normala ikusten dute bisita horiek egitea haurrak ongi daudela ikusteko. Eta azkenik, bada hirugarren kontu bat: umeak eskolatzeagatik diru laguntza publikoa jasotzen dute Frantziako familiek, eta umeak eskolatzen ez dituztenei laguntza hori kendu egiten diete.

Hego Euskal Herrian ez da legala etxean eskolatzea, baina legeak hutsune asko ditu. Espainiako Konstituzioak dio “oinarrizko irakaskuntza derrigorrezkoa eta doakoa” dela, eta baita ere “botere publikoek gurasoei bermatzen diete beren seme-alabek beren usteen araberako formazio erlijiosoa eta morala jasotzeko duten eskubidea”. Hezkuntza lege organikoek, ordea, ez dute aurreikusi haurrak etxean hezteko aukerarik. Ondorioz, jarraipena ez da beti berdina izaten eta sarritan epaileen esku geratzen da erabakia. Marian eta Benjari inoiz ez die inork deitu, eta Gotzon eta Rakeli ere ez. Mari Joseri bai. Hezkuntza Delegaritzatik udaletxera deitu zuten lehendabizi eta beragatik galdetu. “Gizarte laguntzailearekin hitz egin zuten. Hark pertsona arduratsua nintzela esan zien, alkate izan nintzela, udaletxean lanean jardun nintzela eta ez zutela ezer negatiborik esateko. Gero niri deitu zidaten eta esan nien alaba etxean hezteko asmoa nuela”. Ez zuen gaizki hartu deitzea, “abandonatutako umeak edo gurasoak gaizki dituztenak badaudelako”.

 

Albiste gehiago