Oihane Fernandez: “Aldagai psikologikoak indartuz hobetuko ditugu eskola-errendimendua eta eskola-inplikazioa”

2019-05-21

Nerabeen eta gazteen eskola-errendimenduan eta eskola-inplikazioan zer faktorek eragiten duten aztertu du Oihane Fernandez Lasartek, Euskal Herriko Unibertsitateko Psikor ikerketa taldeko ikertzaileak. Ikaslearen babes soziala, adimen emozionala eta autokontzeptua arrakasta akademikoarekin lotuta daudela baieztatu dute emaitzek. Horregatik, garrantzitsua iruditu zaio hiru kontzeptu horietan atentzioa jartzea eta horiek indartzeari begira lan egitea eskola-komunitatea osatzen duten eragile guztiok. Ikerketak argi erakutsi du, halaber, alde nabarmena dagoela mutilen eta nesken artean, adimen emozionalari, autokontzeptuari eta eskola-egoerari dagokienez. Mutilek emaitza hobeak azaldu dituzte aldagai psikologikoetan, eta neskek, berriz, eskola-errendimenduan. Ikerketak emandakoaz luze eta zabal hitz egin du Fernandez Lasartek hik hasirako.

 
 
Oihane Fernandez: “Aldagai psikologikoak indartuz hobetuko ditugu eskola-errendimendua eta eskola-inplikazioa”

 

Sostengu soziala, adimen emozionala eta autokontzeptua ikertu dituzu. Azalduko al dizkiguzu kontzeptu horiek?

Sostengu soziala da ikaslea zaindua, baloratua eta maitatua sentitzea. Pertzepzio subjektiboa da, eta ikaslearen testuinguruarekin erlazioa duten faktoreek eragiten dute. Gure kasuan, irakasleak, familia eta lagunak ikertu ditugu. Sostengu sozialak funtzio askotarikoak ditu; informa-tzailea izan daiteke, orientatzailea, emozionala edota instrumentala, eta aldatzen joaten da bizitzan zehar. Adimen emozionala, berriz, Salovey eta Mayerren definizioari jarraituz, emozioak ulertzeko eta horiek erregulatzen jakiteko gaitasuna da. Eta, hirugarrenik, autokontzeptua da pertsona batek bere buruaz duen pertzepzioa.

Behin hiru kontzeptuak definituta, nola eragiten dute eskola-errendimenduan eta eskola-inplikazioan?

Ikerketa egiteko garaian, egiturazko eredu bat erabili dut, eta zenbait aldagai aztertu ditut eskema horren barnean. Aldagai ugarik eragiten dute ikasleak arrakasta lortzeko bidean; baina, nik hautatu dudan egiturazko ereduan, batetik, sostengu soziala, bestetik, aldagai psikologikoak eta, hirugarrenik, eskola-aldagaiak aztertu ditut. Ikerketako emaitzen arabera, ikusi da sostengu soziala eta aldagai psikologikoak (adimen emozionala eta autokontzeptua) zenbat eta hobeak izan, hobea dela eskola-errendimendua eta eskola-inplikazioa. Beraz, erlazionatuta daudela ikusi da. Horregatik, ebaluazioa egiteko orduan prozesu guztia aztertzean eta prozesuari berari garrantzia ematean oinarritutako ideiak sendotu dira. Garrantzitsua da jakitea ikasleak nolako autokontzeptua duen bere buruaz, nola kudeatzen dituen bere emozioak eta testuinguruarekiko nolako pertzepzioa duen. Horregatik, garrantzitsua da hiru foku horietan atentzioa jartzea eta horiek indartzeari begira lan egitea eskola komunitatea osatzen duten eragile guztiok.

Nola eragiten dute testuinguruko faktoreek? Zer mailatan?

Ikusi da, adibidez, eragin gutxien erakutsi dutenak lagunak izan direla. Literatura zientifikoaren berrikuspen teorikoa eginda, ikusten da lagunak askotan kanpoan egon daitezkeela, ez eskola-testuinguruan. Gainera, adin zail hauetan, lagunen eragina ez da beti positiboa izaten, negatiboa ere izan daiteke. Aldiz, ikusi da familiak eragin positiboa eta handia daukala aldagai psikologikoetan, hau da, autokontzeptuan eta adimen emozionalean. Eta irakasleek eskola-aldagaietan eragiten dute gehien, eskola-errendimenduan eta eskola-inplikazioan, batez ere. Aldagai gehiago ere badaude, baina horiek dira argien atera direnak. Argi izan behar dugu guztiek eragiten dutela aldagai guztietan; baina batzuek eragin handiagoa dute batzuetan, eta besteek, berriz, beste batzuetan. Gero, salbuespen gisa, familiak eskola-aldagai jakin batean duen eragin nabarmena ere badago, eta ikaslearen itxaropen akademikoarekin dauka zerikusia horrek.

Azaldu iezaguzu hori hobeto.

Ikerketan argi ikusi dugu zeinen garrantzitsua den familiaren itxaropen akademikoa ikasketetan aurrera egiteko; hain zuzen ere ikasketekin jarraitzeko eta ikasketak bukatzeko itxaropena edo helburua. Bestalde, ikusi dugu garrantzia handiagoa daukala gurasoen itxaropen akademikoak ikaslearenak berarenak baino. Ikaslearen gurasoek semearen edo alabarengan sinesten badute eta jarraituko duela eta ikasketak bukatuko dituela pentsatzen badute, hori izango da helburu hori lortzeko haren bizitzan motorra. Uste izan da maila sozioekonomiko eta kultural jakin bateko ikasleek erraztasunak izan ditzaketela arlo horretan, eta izan daiteke zentzu batean; baina ikerketan ikusi da familiek lana, esfortzua eta horrelako balioak transmititzen badituzte eta beren semearengan edo alabarengan sinesten badute, garrantzitsuagoa izango dela hori, ikaslearen beraren itxaropen akademikoa baino. Izan ere, adin horietako ikasleek oraindik ez dituzte guztiz garatuta autokontzeptua edota adimen emozionala. Horregatik esaten dut eskola-aldagaietan irakasleek dutela eragin handiena, baina, itxaropen akademikoan, familiak eragin dezake gehien. Garrantzitsua da horren jakitun izatea eta ideia hori transmititzea, horrek arrakasta akademikorako bidean jarriko dituelako ikasleak.

Sexuaren arabera desberdintasunak atzeman dituzue, arrakastaren pertzepzioari lotuta. Gizarteak emaitza desberdinak espero ditu, genero-rolei dagokienez?

Ikerketan ikusi da gizarteak gauza desberdinak espero dituela neskengandik eta mutilengandik. Ikusi da genero-estereotipoek eragina dutela pentsamenduan, sentimenduan eta jarreran. Neskek emaitza hobeak atera dituzte eskolako aldagai guztietan (eskola-inplikazioan, errendimenduan, itxaropenenetan edota irakasleekin eta familiekin dituzten harremanetan, besteak beste). Neskengandik lan eta esfortzu handiagoa egitea espero da, eta hori islatzen da emaitzetan. Aldiz, mutilek emaitza hobeak atera dituzte aldagai psikologikoetan, hau da, autokontzeptuan eta adimen emozionalean. Autokontzeptua maila desberdinetan banatzen dugunean ere, genero-estereotipoak agertzen zaizkigu. Mutilek hobeto ikusten dute beren burua matematikan, adibidez. Era berean, neskek autokontzeptu positibo hori hizkuntzei lotuta hauteman dezakete. Are gehiago, matematikan mutilek duten autokontzeptu positibo hori berezko zerbait bezala dago barneratuta. Izan ere, nahiz eta neskek errendimendu hobea lortu matematikan, mutilek arlo horretan neskek baino autokontzeptu hobea izaten jarraitzen dute, neskek emai-tza hobeak lortzen dituztenean ere. Horrek erakusten du ebidentziek baino eragin handiagoa izaten dutela askotan estereotipoek.

Eta nola eragiten dute genero-estereotipo horiek ikasleen adimen emozionalean?

Adimen emozionalean, ikusi da neskek arreta handiagoa jartzen dietela emozioei. Emakumeak trebeagoak gara emozioei arreta jartzen; baina, teoriek diotenari jarraituz, kalitate handiagoz eta, aldi berean, kantitate handiagoz bizi ditugu. Orduan, kantitate horrek blokeatu egiten gaitu askotan, eta une horrek ez digu uzten emozioa ulertzen eta erregula-tzen. Mutilak, aldiz, ez dira galtzen emozio-kantitate handi horretan, eta unea iristen denean, hobeto uler edo erregula dezakete emozioa. Eta hori guztia genero-estereotipoekin dago lotuta.

Eta zer gertatzen da sostengu sozialarekin?

Genero-estereotipoen eraginez neskek testuinguruko faktoreekiko mendekotasun handiagoa dutela ikusi da. Eskola-parametroetan ere, gehiago espero da neskengandik babestuago, zainduago, maitatuago eta emozionalki garatuago daudelako. Mutilei, berriz, esaten zaie independenteak izan behar dutela, ez dutela erlazio sakonen beharrik, ez dute behar neskek adina zainduak, maitatuak eta babestuak sentitzea. Horren ondorioz, ikusi da mutilak, oro har, segurtasun handiagoarekin hazten direla, eta norberaren eraginkortasunari eta inteligentziari dagozkion faktoreak haiekin lotuta daudela. Genero estereotipoak hor daude, eta ez diote mesederik egiten inori. Konturatu gabe, eskema zaharrak erreproduzitzen jarraitzen dugu, eta lan handia egin behar da oraindik egoera hori normalizatzeari begira.

Ikerketan, nerabezaroa eta gaztaroan zentratu zara. Arrazoi jakin batek eraman zaitu hautu hori egitera?

kerketa-taldean, badugu asmoa aztergaiak aurreko etapetara eta ondorengoetara zabaltzeko, baina kasu honetan nerabezaroa eta gaztaroa hartu ditugu ikergai, adin horietan errazagoa delako ikerketa egitea. Aldagaiak finkatuago daudenez, gai dira beren pertzepzioak hobeto azaltzeko, eta hurbiltasunagatik ere jo dugu adin-tarte horietara. Azken batean, gaztaroari lotutako emaitza asko unibertsitatean dauden gure ikasleengandik jaso ditugu.

Nerabezaroa eta gaztaroa askotariko aldaketen garaiak direla aipatu duzu. Ikasketetarako garai zailenak al dira?

Adin-tarte desberdinetan banatu ditugu nerabezaroa eta gaztaroa: 12-14 urte bitartekoa hasierako nerabezaroa izango litzateke; 15-17 urte bitartekoa, nerabezaroko erdiko etapa; 18-20 urte bitartekoa, nerabezaroko azken etapa; eta 21-40 urte bitartea gaztarotzat hartu dugu. Ikerketaren arabera, batez ere, nerabezaroko erdiko etapa da ikasketetarako garai zailenetakoa, 15 urtetik 17ra bitartekoa, alegia. Kontuan izan behar dugu garai horretan aldaketa asko gertatzen direla arlo guztietan. Handiak dira presio akademikoa eta lehiakortasuna, eta, arlo emozionalean eta autokontzeptuan ere, aldaketa asko bizi dituzte. Euren identitatea eratzeko lanetan, independentzia lortu nahi dute gurasoengandik edo irakasleengandik, baina, aldi berean, haiek behar dituzte. Horregatik, desorekan daude etengabe. Faktore horiek guztiak eta beste zenbait tarteko, ikasleen emaitzek oro har behera egiten dute etapa horretan.

Unibertsitate-garaian berreskuratzen al dute egonkortasuna?

Bai, aldagai guztiak lehengoratzen dira, edota hobera egiten dute, oro har. Baina, garai honi lotuta, espero ez genuen zerbait aurkitu dugu ikerketan. Izan ere, unibertsitate-garaian eskola-inplikazioak behera egiten duela ikusi dugu. Arreta, interes eta motibazio falta agertzen dira aldi honetan. Literatura zientifikoak dio lan-mundura hurbiltzen hasteak sortzen dizkien zailtasunek eta zalantzek eragin diezaieketela horretan. Kontuan izan behar dugu, baita ere, inflazio akademikoan bete-betean sartuta gaudela; gero eta gehiago eskatzen zaie, baina, aldi berean, gero eta zailagoa ikusten dute lanpostu bat aurkitzea. Egiten dutena ez dela nahikoa konturatzen dira askotan, gehiago egin behar dutela, eta gainera, zertarako? Lan prekarioak izateko? Gogorra da egoera hori bizitzea, eta nik uste dut horrek ere eragina badaukala. Ez daukate panorama erraza, eta, beren alde, nik uste zor diegula hori aitortzea.

Bestalde, unibertsitate-garaian, harremanak ere ez dira izaten horren hurbilekoak, eta oso galduta senti-tzen dira batzuk. Hor garrantzitsua da irakasleak ere sostengua eskaintzea; autonomia sustatu, bai, baina sostengua eman ere bai.

Autokontzeptuaren indarra aipatu duzu aldagai psikologiko gisa. Eta ikerketan ondorioztatu duzue adimen emozionalak autokontzeptua behar duela. Azalduko al zeniguke ideia hori?

Adimen emozionala lotuta dago autokontzeptu on batekin. Ikusi duguna da adimen emozionala hobetzen den heinean eta autokontzeptua ere hobetzen bada horrek eragina duela eskola-aldagaietan. Gu ikaslearen barneko adimen emozionalean zentratu gara, eta ez hainbeste besteekiko harremanean. Eta ikerketak erakutsi digu, adimen emozionala hobetzen denean eta aldi berean autokontzeptua hobetzen denean, hobera egiten dutela eskola-errendimenduak eta eskola-inplikazioak. Egiturazko eredu baten aurrean gaude, alegia, eta zaila da une jakin batean bata besteaz bereiztea. Teoriek eta programek erakusten dute adimen emozionala landuz lor daitekeela arrakasta akademikoa, baina ikasleekin adimen emozionala lantzen denean autokontzeptua ere hobetuko dela pentsatzera garama-tza logikak. Ikasleekin emozioak ulertzeko eta kudeatzeko estrategiak lantzen badira, ikaslearen autokon-tzeptuak eta norberaren irudiak hobera egingo dute, eta seguruago sentituko dira. Bata hobetzen denean, bestea ere hobetzen da.

Ikerketan ondorioztatu duzu irakasleak eta familiak funtsezkoak direla arrakastarako. Zergatik?

Bai, argi ikusi da eskola eta familia funtsezkoak direla arrakasta lortzeko. Biak dira garrantzitsuak, arrakasta dakarten alderdi guztietan. Baina, ikerketak emandakoaren arabera, ikusten da nolabaiteko bereizketa bat badagoela eragin horren intentsitateari lotuta. Hau da, irakasleek bereziki eskola-aldagaietan eragiten dute gehien, eta familiaren eragina gehiago antzematen da aldagai psikologikoetan. Baina ez nuke nahi ideia hori gaizki interpretatzerik. Izan ere, intentsitatea markatze horrek ez du esan nahi, adibidez, irakasleek ez dituztela aldagai psikologikoak landu behar. Edota eskola-errendimenduaren eta eskola-inplikazioaren eragina irakasleen gain bakarrik utzi behar dutenik familiek. Ez da hori hemen planteatzen dena. Guztiek guztietan eragiten dute, eta hori ikusarazi nahi dugu. Familiak eragin handiagoa izango du aldagai psikologikoetan; baina, irakasleak ere asertibitatea, enpatia… lantzen baditu ikasleekin, horrek ere ikaslearen aldagai psikologikoetan eragina izatea lortuko du. Irakasle den aldetik, ikasleak gustura eta eskolan inplikatuta egotea ere lortu behar du. Eta irakasleak eragina izango du horretan.

Hezkuntza-arloa hausnarketaz, berrikuntzaz eta aldaketaz beteta dagoen garai hauetan, beharrezkoa ikusten al duzu aldagai psikologikoak ere ikastetxeko proiektuetan sartzea?

Egia da curriculumak izugarrizko pisua daukala Lehen Hezkuntzatik aurrera eta derrigorrezkoa den hezkuntzan. Curriculum-dekretuari jarraitu egin behar zaio, eta hor ditugu, baita ere, Euskal Curriculum osoa, indarrean daukagun Heziberri 2020 dekretua, Lomce legea… Nahiz eta lehen edukiei eta orain gaitasunei garrantzia handiagoa eman, beti daude jarraitu beharreko gaitasun, helburu, eduki eta ebaluazio-irizpide batzuk, eta irakasleok horretan jarri behar izaten dugu gure jardunaren fokua. Horrek berarekin dakar, aldi berean, beste alderdi batzuk ez lantzea, adimen emozionala edota autokontzeptua, esate baterako. Eta jakinda eskola-errendimenduan eta inplikazioan eragina duten alderdiak direla, iruditzen zait jarraibideetan aldaketa bat egin beharko litzatekeela eta aldagai horiek eskolako proiektu eta planetan ere sartu behar liratekeela.

Eskola porrotarekin badu zerikusirik horrek?

Argi dago, berez, adimen kognitibo altuagoa daukanak pribilegio bat izan dezakeela, baina kontuan izan behar dugu ez dela hori arrakasta bermatuko duen alderdi bakarra. Izan ere, hor ditugu lana, esfor-tzua eta emozioa ere, eta, ikaslea emozionalki ondo ez badago edota ez badu autokontzeptu positibo bat, blokeoa egon daiteke hor; eta eskola-porrotera eraman dezake horrek. Horregatik, garrantzitsua da eskola-errendimenduan eta -inplikazioan eragina duten alderdi guztiak kontuan hartzea. Eskolan, tamalez, denbora faltagatik edo daukagun presioarengatik −ikuskatzailea datorrelako edo edukiak eman behar ditugulako, besteak beste−, alderdi bat da lantzen dena, eta aldagai psikologikoen alderdia jorratu gabe geratzen da maiz. Oso garrantzitsua da aldagai horiek lantzea, bizitza guztian funtzionamendu ona izaten lagunduko baitigu horrek, bai eta leku desberdinetara egokitzen eta eskola-porrota desagerrarazten ere.

Garrantzitsua izango da irakasleen prestakuntzan ere alderdi horiek lantzea?

Bai, garrantzitsua da irakasleen prestakuntzan alderdi horiek lantzea. Azken batean, etorkizunean irakasle izango direnek beren burua ondo landuta eta aztertuta izan behar dute. Nik neure burua ondo ezagutzen ez badut, autokontzeptu positibo bat lantzen ez badut, ez banaiz trebea adimen emozionalean eta ez badiot denbora eskaintzen horri, ikasleei ez dizkiet alderdi horrekin lotutako ideiak transmitituko haiekin nagoenean, eta, askotan, ez dugu jakingo zer den nirea eta zer besteena. Eta, askotan, hortik datoz gatazkak, ez bakarrik ikasleekin, baita familiekin ere. Horregatik, oso garrantzitsua da irakasle izango direnek autokontzeptua eta adimen emozionala lantzea, gero familiekin eta beste lankideekin bilera onak egiteko, modu asertiboan eta enpatiaz jokatuz, talkarik eta gatazkarik izan ez dadin, eta izaten badira, modu eraikitzailean kudea daitezen, guztiok ikas dezagun eta guztiontzat aberasgarri izan dadin. Horrela, guztiek noranzko berean lan egin ahal izango dute, eta ikasleari hobeto lagunduko zaio, arrakasta lortzeko bidean.

Aipatu duzu ingurunean ditugun pertsona esanguratsuekin izandako harremanean eratzen dela autokontzeptua. Baina modu positiboan eragiteko ze lanketa gutxi egin dugun helduok oro har, ezta?

Oso lanketa gutxi egin dugu. Ez gara trebatu, ez gara seguru sentitzen, eta, ez garenez seguru sentitzen, ez gara ausartzen. Ezagutzen ez dugun alderdi bat denez, beldurra daukagu, eta askorentzat hobe da ebitatiboa izatea aktiboa izatea baino. Baina erantzukizuna eta ardura irakasleonak ere badira, eta ikasleei eta familiei kalitatea zor diegu, baita geure buruari ere. Horregatik, izugarri garrantzitsua da irakasleen funtzioa; aldagai psikologikoak indartzeko, sostengu emozionala emateko, funtzio informatzailea betetzeko… Eta, eskola-aldagaiei lotuta, halaber, metodologia aktibo eta berritzaileak aplikatzeko, ikasleen motibazioa eta interesa pizten lagunduko duen prestakuntza jasotzeko, harreman onak izaten ikasteko, edota euren irudia eta emozioak kudea-tzen ikasten laguntzeko. Horregatik guztiagatik, gure ikasleekin autokon-tzeptua, askotariko adimenak, adimen emozionala, asertibitatea, enpatia, balioak, aniztasuna, bizikidetza eta horrelako balioak lantzen eta transmititzen saiatzen gara. Pentsamendu kritikoa lantzen dugu gure eskolako jardunean, eta horretarako hausnarketak eta eztabaidak egiten ditugu. Esango nuke gaur egungo irakasle-ikasle arteko paradigma gehiago dela sozio-kritikoa, eta erlazioak ere hurbilagokoak dira gure kasuan, bederen. Ikasleei bidea egiten lagunduko diegun gidariak gara irakasleak, eta bidean topatuko ditugun askotariko elementuak lantzeko eta kudeatzeko prestatuta egon behar dugu.

Albiste gehiago