Uztailaren 1etik 4ra egingo dira Hik Hasi-ren Udako Topaketak, Donostian

2019-04-15

Aurtengo Udako Topaketak bereziak dira Hik Hasi Egitasmo Pedagogikoarentzat. Izan ere, 2019ko uztail hasieran egingo diren Udako Topaketak 20.ak izango dira Hik Hasi-ren ibilbidean. Beraz, 20. urteurrena izango da, eta horrexegatik, topaketak ere bereziak izango dira, irakasleen formazioa ospakizunarekin uztartuko delako aurtengoan.

Bi berrikuntza nagusirekin gatoz:

  1. Hezkuntzaren inguruan hausnartzeko mahai inguruak antolatu dugu uztailaren 1erako, “Hezkuntza errealitate berrietara jauzi” izenburupean.  
  2. Uztailaren 2tik 4ra ohiko topaketak egingo dira, baina ohi baino gehiago izango dira, partaideen eskura ahalik eta aukera zabalena jartzeko.

* Izen-ematea maiatzaren 1ean irekiko da.

 
 
Uztailaren 1etik 4ra egingo dira Hik Hasi-ren Udako Topaketak, Donostian

 

Uztailaren 1ean egingo diren "Hezkuntza errealitate berrietara jauzi" izenburupean egngo diren mahai inguruekin euskal hezkuntzak dituen erronkei begiratu nahi zaie ikuspegi desberdinetatik. Xedea da ohiko mugetatik atera eta balizko errealitate berrietara jauzi egitea. Horretarako, Euskal Herriko nahiz kanpoko pentsalariak, ekintzaileak, aitzindariak... gonbidatu nahi izan ditugu hezkuntzaren inguruko hausnarketak hezitzaileekin nahiz bestelako profesionalekin partekatzera: kulturaren, soziologiaren, ekonomiaren, ekologiaren, filosofiaren, zientziaren... arloko adituak eta arituak izango dira. Hezkuntzaren gaineko gogoeta egiteko bi galdera nagusi planteatuko zaizkie partaideei:

  1. 10-20 urte barru nolako gizartea irudikatzen duzu? Zein izango dira premia nagusiak? Zeri erantzun beharko zaio?
  2. Horretarako zer-nolako hezkuntza-sistema behar da? Nola hezi behar ditugu haur eta gazteak?

Hizlariak banaka aritu beharrean, 3-4ko taldetan banatuko ditugu eta dinamizatzaile batek gidatuta ariko dira. Eta, publikoak ere izango du parte hartzeko aukera. Partaideen artean izango dira, besteak beste, Arkadi Oliveres, Heike Freire, Jon Sarasua, Idurre Eskisabel, David Fernandez, Aritz Otxandiano edota Joseba Azkarraga.

Bestetik, uztailaren 2tik 4ra ohiko topaketak egingo dira. Guztira 35 ikastaro eskainiko dira. Horien artean daude, Montessori pedagogia, espazioak eta materialak Budapesteko Pikler-Lockzy-ko profesionalek aurkeztuta, heziketa berdea eta eskolako jolas-tokia, pedagogikoa sistemikoa, emozioak eta hezkuntza, mugak eta autoestimua, heriotzaren lanketa, mindfulness, informatika jolasmatika, zaharralduntze prozesua, dislexia eskolan, haurrak eta poesia, argiarekin jolasean, antzerki teknikak, jendaurrean ahoz hitz egiten trebatzeko saioa, sormena lantzeko estrategiak, jolas terapia, euskal mitologia, yoga eskolan, garapen pertsonala irakasleentzat, barnekotasunaren lanketa, etab.

 Topaketok goizeko 9:etatik 14:etara eskainiko dira hainbat ikastaro Donostiako EHUn. Arratsaldean, berriz, saio libreak eskainiko dira.

Izen-ematea maiatzaren 1ean irekiko da