Aho-hizkuntza haurretan. Haurra, hitzaren jabe

2018-12-21

Haurrak aho-hizkuntza bere egitea, hitzaren jabe bilakatzea. Hori izango da 0-3 urte artean garatuko duen prozesurik korapilatsuena. Eta, prozesu hori martxan jartzeko moduko indar bakarra dago: haurrak besteekin komunikatzeko duen grina. Helduari dagokio, hitz egiten irakastea baino, hartu-emanerako grin hori sustatzea.

 
 
Aho-hizkuntza haurretan. Haurra, hitzaren jabe

 

Animalia soziala omen da gizakia. Besteen beharra du izateko, bizirauteko. Besteekin harremanetan egoteko premiak bizi du, besteekiko harreman horretan eraikitzen omen bere burua. Eta harremanaren oinarrian, komunikazioa: batak bestea aintzat hartzea, elkarri adieraztea, elkarri entzutea, elkar sentitzea. Horixe behar du jaioberriak ere: bestearekin harremana izan, bestea entzun, bestea sentitu. Jaiotzetik bertatik dakarkigu, beraz, komunikatzeko premia. Horrexegatik, akaso, garatu du gizakiak halako kode sinboliko sofistikatua sentitzen, pentsatzen, bizitzen duen hori besteari adierazteko; besteak sentitzen, pentsatzen, bizitzen duen hori ezagutzeko. Horregatik, akaso, sortu du aho-hizkuntza, horregatik garatu hitz egiteko gaitasuna.

Bestearen premia duen jaioberri horrek, ordea, bide luzea egin beharko du soinu sinbolikoz osaturiko kode sofistikatu hori abileziaz erabiltzeko gai izan arte, eta besteei sentitzen, pentsatzen eta bizitzen duen hori hitzez azaltzeko gaitasuna garatu arte. Hasieran gorpu-tza izango du mintzaera: keinuak, begiradak, ukituak, laztanak, oihuak, negarrak... eta bere premia oinarriz-koenak mintzagai, dela gosea, dela logura, dela egarria, dela bestearen azalaren beharra. Pixkanaka, ordea, inguruan dituen, bere erreferente diren helduen ahozko kode hori interpretatzen hasiko da, zenbait soinu errekonozitzen eta esanahiz janzten, hitzez esaten dioten hori ulertzen. Eta are pixkanakago, bera ere kode hori erabiltzen hasiko da, bere garapenean egingo duen urratsik handienetariko bat, eta esanguratsuenetariko bat, emanez: kode hori barneratzeak aukera emango dio zehaztasunez adierazteko zer behar duen, zer nahi duen, zer sentitzen ari den, eta zehaztasun berdinarekin ulertzeko bere solaskidearen beharrak, nahiak eta bizipenak.

Hala, imintzio eta soinu abstraktuetan oinarrituriko hasierako komunikazio hark askotan helduarengan nahiz haurrarengan sortzen zuen inpotentzia hura, elkar ulertzeko nahia eta ezina, arinduz joango da haurrak aho-hizkuntza bereganatzen duen neurrian. Hasieran narrasa izango da hitzen erabilera hori, soilik oso gertukoek ulertu eta zentzu bat eman diezaioketen hizkuntza. Baina denboraren poderioz gardenagoa bilakatuko da, eta horrek boteretzen lagunduko dio haurrari, ordu arte egin dituen urratsen artean handienetariko bat egingo baitu: oinez ikastean lortu zuen autonomiarekin parez pare, hitz egiten hastean nahi duen hori zehatz adierazteko gai izango da, hain beharrezko eta hain oinarrizko duen besteekiko harremanetan jartze horretan sekulako jauzi kualitatiboa emanez.

Hizkera bere egiteko prozesu hori nola garatzen den, prozesu horretan sor daitezkeen zailtasunak, eta helduok prozesu horretan haurrari egin beharreko akonpainamendu lana izan zuten hizpide hainbat adituk, Hik Hasi egitasmoak urrian zehar Donostian eta Bilbon eginiko Mugimendua eta hizkuntza jardunaldietan. Bertan Xabier Tapia psikologo klinikoak aho-hizkuntza lortzeko bidean 3 etapa nagusi bereizi zituen. Lehenengoa, jaio ondorengo lehen hiru hilabeteetakoa, mimikak, begiradek eta lehen bokalizazioek osaturikoa: “Emozioek osatzen dute haurraren tertulia gai nagusia”. Ondoren, intentziozko komunikazioaren etapa etorriko litzateke. Aldi horretan, haurra mezuak ugaltzen hasten da, jada komunikatzeko intentzio batekin. “8-12 hilabeteen artean sendotzen da eta aldaketa handia adierazten du, haurra askoz ere aktiboagoa azaltzen baitzaigu komunikazioan”.

Azkenik, ahozko komunikazioaren etapa letorke. Hala, 12-15 hilabeteen artean, onomatopeiak eta proto-hitzak hasiko dira agertzen, eta 18 hilabetetik aurrera haurraren hiztegia loratzen hasiko da. 24 hilabetetik aurrera, berriz, esaldiak agertuko dira, hasieran bizpahiru hitzekoak, geroz eta aberatsago bihurtzen joango direnak. “Bigarren urtetik aurrera ahozko hizkuntza bereganatzeko irrika bizian ikusiko ditugu haurrak. Horren abantaila ezerk ez duela berdintzen jabetuta, lehenbailehen bereganatu nahiko dute giza komunikaziorako sortu den asmakizunik harrigarriena: aho-hizkuntza”.

Tapiarekin batera, Mar Corominas logopeda kataluniarra izan zen jardunaldietan hizlari, gertutik ezagutzen baitu haur batek lengoaia bere egiteko bizi duen prozesua, bai logopeda gisa egiten duen lanagatik, bai irakasle gisa urte luzeetan haur txikiekin egindako lana dela medio, bai hiru haurren ama delako. Argigarria izan zen Corominasek bere hitzaldiari emandako izenburua: Komunikazioa, elkarrizketa eta entzutea. Hiru kontzeptu horietan jarri zuen Corominasek fokua. Izan ere, bere esanetan, logopedia kontsultan artatzen dituen guraso askoren kezka izan ohi da haurrak ez duela hitz egiten, edo baldar erabiltzen duela hizkuntza, edo berandu dabilela ustez eman beharreko urratsetan. Baina bere ustez, aho-hizkuntzaren erabilera “izeberg-aren punta” besterik ez da, eta izebergak ur azpian gordetzen duena asko da, eta garrantzitsua. Hiru mailatan bereizten du izeberg hori. Guztiaren oinarrian, lehen mailan, komunikazioa legoke; eta, aurrez esan bezala, komunikazio hori jaiotzetik bertatik hasten da, hasieran hitzezkoa ez bada ere: begirada, keinua, aurpegiaren nahiz gorputzaren espresioak, jarrera, ahotsa... horiek ere komunikazio kodeak baitira, erabat erabilgarriak jaioberri batekin komunikatu nahi den helduarentzat, eta baita jaioberriarentzat berarentzat ere. Hitz egin ez arren, jaioberri bat argi asko adierazteko eta komunikatzeko gai da ez dagoela eroso, negarraren, gorputz-adarren mugimendu bortitzaren edo aurpegikeraren bidez.

Izebergaren mailekin jarraituz, 2. mailan, erdikoan, lengoaia legoke: haurrak hasieran lengoaia ulermen mailan jasoko luke, eta ondoren maila espresiboan erabiltzen hasi. Eta azkenik, azken mailan, izebergaren puntan, aho-hizkuntza legoke, hitz egiteko ekintza. Mailarik ikusgarriena, esperoena, baina aurreko maila ez hain ikusgarri horien beharra duena sostengatzeko, garatzeko. “Komunikazioa, oinarria bera, ondo ezartzen ez bada, gainerakoak ez du aurrera egingo, ezingo da lengoaia ulermen nahiz espresio mailan garatu, ezta aho-hizkuntza eraiki ere”.

Komunikatzeko irrika piztea

Beraz, “zer zentzu du haurra pilota hitza esateko gai izatea, ez bada hitz horrekin ezer komunikatzeko gai? Gure helburua ez da izan behar umeak hitz egitea, hitzak esatea, baizik eta umea elkarrizketa bat mantentzeko gai izatea (hitzezkoa ez bada ere); komunikatzeko gai izatea. Hitz solteek ez dute inolako zentzurik”, dio Corominasek. “Hala ere, oraindik kontsultara asko etortzen zaizkigu esanez ‘ume honi hiztegia falta zaio’, baina zinez ume horri normalean komunikazioa falta zaio, eta komunikazioa landuz lortuko dugu bere baitan hitz egiteko grina, gogoa piztea. Eta horrekin iritsiko da hiztegi aberatsa izatera, eta horrekin lortuko du pilota hitzari zentzua ematea”.

Izan ere, “ezin dugu ezertxo ere atera haur baten ahotik, ezin dugu tiraka pilota hitza atera”, Corominasek dioen moduan, baina bada helduak egin dezakeen zerbait: hitz egitearen engranaje konplexu hori martxan jartzen duen “motorra” piztu. “Hitz egitea ekintza kognitiboa da, erlazionala, pertzeptiboa, soziala... baina guztiaren gainetik, hitz egitea komunikazio ekintza bat da. Eta 0-3 urteko adin tartean bereganatu beharko duen ekintzarik konplexuena da, gaitasun askok egiten baitute bat hitz egiteko ekintza horretan: gaitasun pertzeptiboek, kognitiboek, interpertsonalek, intrapertsonalek, mugimendu gaitasunek, harremanetarako gaitasunek... Eta gauza bakar batek du prozesu hori martxan jartzeko gaitasuna: haurraren komunikatzeko nahiak”. Antzeko ildotik mintzatu zen Tapia ere: “Kode linguistikoa irakatsi, agian irakatsi daiteke, baina komunikatzen ez. Komunika-tzeak ez du zerikusirik irakaskuntzarekin, bai ordea harremanetarako gogoarekin. Eta harremanetarako gogoa piztu eta zirika egin daiteke, baina irakatsi ez. Eta hau da 0-3 adin tartean helduaren erronka handia: komunikatzeko gogoa eta grina piztea haurrengan, gerora komunikatzeko modurik harrigarriena eta eraginkorrena beregana dezaten: aho-hizkuntza alegia, ”.

Zein da helduaren ekarpena?

Gauzak horrela, haurraren ahotik ateratzen den edo ez den horretan baino gehiago, aho-hizkuntzaren gurpila martxan jarriko duen motor hori, hau da, komunikatzeko grina pizteko helduak egin dezakeen horretan jarri zuen arreta batik bat Corominasek bere hitzaldian. Izan ere, “haurrari hitzak tiraka atera ez, baina guk egiten dugun hori bai azter genezakeela. Oso garrantzi-tsua da zer esaten dugun helduok, eta nola esaten dugun. Helduaren ahotsa eta hitz egiteko modua funtsezkoak dira haurrarengan komunikatzeko nahiz besteari entzuteko nahia pizteko, motibatzeko eta zabaltzeko”.

Eta horrekin mahai gainean jarri zuen bere hitzaldiaren izenburuan agerturiko beste gakoetako bat: entzutea. Izan ere, komunikatzea ez baita esatea, adieraztea bakarrik, baita besteak esan edo adierazitako hori jasotzea ere. “Hitz egitea eta entzutea txanpon beraren bi aurpegi dira”. Eta bi aurpegi horiek, parametro berdinen arabera osatzen dira. Corominasen ustez, hizlariak ez badu bestearekin binkulo bat sortzen, ez bada ondo sentitzen, ez badu bestearekin partekatzen, bestearekin komunikatzen, errespetua eta harrera erakusten... oso zaila izango da besteak berari entzutea, eta baita besteari hitz egitea ere. Alegia, zaila izango da elkar komunikatzea.

Entzun ezean ezin komunikatu

Corominasen esanetan, hitz egitea eta entzutea hiru premisatan oinarritzen dira: maitasun esplizitua, binkuloa eta ongizatea: “Gure haurrekin binkuloa sortu behar dugu, elkar lotu, partekatu egin behar dugu eta elkar komunikatu, hitz egin ahal izateko, elkarrizketa bat sortzeko. Haur batek ongi entzuteko eta elkarrizketa bat ongi eramateko gaitasuna garatuko badu, ezinbestean kontziente izan behar dugu zer transmititzen duen gure hitz egiteko moduak, eta haurrekiko gure komunikazioan maitasuna eta presentzia jarri behar ditugu. Maitasuna eta presentzia oso garrantzitsuak dira. Haurrekin egon egin behar da, eta ez hor gaudenaren itxura eman bakarrik. Haurra en-tzun egin behar dugu, eta entzuteko ekintza horrek globala, emozionala eta espresiboa izan behar du”.

Xabier Tapia ere ezinbesteko binkulo horretaz mintzo zen: “Jakin badakigu, eta zientziak ere hala dio, haur txikiek ez dutela hitzen esanahia ulertzen, bai ordea hitzen emozioa, dirdira, bibrazioa; emozioa dela mezua eta esanahia, eta ez hitzaren esanahi propioa. Beraz, zerk bihurtzen ditu ulergarri gure hitzak? Emozioz blaitutako gure tonizidadeak, ahots tonuak, posturek, aurpegikerak, keinuek, begiradek, erritmoak... denak emozioz beteak”.

Ildo beretik dio Corominasek komunikazioa egoera global batean oinarritzen dela, eta keinuek, afektuak, gorputzaren adierazkortasunak, isiltasunak, geldialdiek, erritmoak, melodiak... lagundu egiten dutela adierazten. Komunikazio kodigo horiek ere garrantzitsuak dira beraz, “ez maila afektiboan bakarrik, baita hizkuntza ulertzeko, integratzeko eta adierazteko ere. Hitzekin bakarrik hitz egiten badiogu, haurra ez da sekula hitz egitera iritsiko, ez baita ez nahi bezainbeste ez nahi bezain ondo komunikatuko”.

Haurrak atera behar du sakea

Heldu batek haur bati hitz egiten dionean, Corominasek bi hizkuntza mota bereizten ditu. Batetik hiz-kuntza espresibo eta informatiboa legoke. Ezinbestekoa da helduak hori erabiltzea haurrari gertatzen ari diren gauzak azaltzeko, edo aurre hartu eta zer gertatuko den azaltzeko, segurtasuna emateko haurrari, inguratzen duen munduaren berri emateko, ahozko pentsamendua sortzen nahiz abstraitzen laguntzeko, kontzeptu semantikoak sortzen laguntzeko, ikuspegi fonologikotik... Baina helduak hizkuntza espresibo-informatiboa erabiltzen duenean, berak darama gidaritza, berak hartzen du iniziatiba. Bestetik, elkarrizketa-lengoaia legoke. Eta hemen Corominasen hitzaldiaren izenburuko hirugarren eta azken gakoa: elkarrizketa, elkarrekin komunikatzen ari diren bi pertsonaren artean sortzen den haria. Bada, lengoaia hau erabiltzekotan, hau da, helduaren eta haurraren artean elkarrizketa bat sortuko bada, ekimena beti haurrak hartu behar du, Corominasen esanetan.

“Hartu-emana helduak hasten badu, informatzen ari da. Gutxienez haurrak bi urte egin arte ezingo da esan helduak hasitakoan ere elkarrizketa bat ari direnik mantentzen. Izan ere, 24 hilabeteren bueltan agertzen dira erantzun-jokamoldeak, eta ordurako nahiko ezarrita daude hizkuntzaren oinarriak. Ordu arte, elkarrizketa bat izan nahi badugu haurrarekin, beti berak hasi behar du hartu-emana”.

Horrenbestez, helduak haurraren intentzio komunikatiboa jasotzeko gai izan beharko du, haurrak ez baitio elkarrizketari ezinbestean hitzez emango hasiera, beste kodigo komunikatibo batzuk ere erabil ditzake. Gerta daiteke begirada batekin, edo hatzarekin zerbait seinalatuz hasi nahi izatea elkarriz-keta. Helduak gai izan behar du ulertzeko hatz horrekin seinalatu dion horrekiko interesa ari zaiola adierazten haurra, eta intentzio komunikatibo hori jaso eta haurrari erantzutea dagokio, haurrak hasi nahi izan duen elkarrizketa horri jarraipena emanaz.

Adibide gisa argazki sekuentzia bat jarri zuen Corominasek. Bertan ikus zitekeen mendian pasiera bat ematen ari ziren ama-alabak. Une batean alabak zerbait seinalatzen du hatzarekin, “eta gerta zitekeen amak horri arretarik ez ematea, baina lore bat seinalatzen ari zela ulerturik, bere intentzio komunikatiboari leku bat egin eta haurrari esaten dio ‘bai, lore bat dago hor, goazen lore hori ikustera’. Haurrak lorea aztertzen du, eta desegin egiten dela ohartzen da. Azkenean amak eta haurrak loreari putz egiten diote biek batera eta lorea erabat desegiten da. Interakzio hori guztia ez litzateke gertatuko ama horrek ez balu haurraren intentzio komunikatiboa hartu, ez balio haurrari jakitera eman ulertzen ziola zer adierazi nahi zion. Ez zatekeen elkarrizketa hori sortuko. Elkar ulertuz, binkulo bat sortuz, komunikatuz, modu horretan irits gintezke elkarrizketa-lengoaiara”.

Partida txandaz osatua dago

Ping-pong partida batekin aldera-tzen du Corominasek elkarrizketa hori. Hau da, batetik bestera doa pilota, edo hitza; orain batak eta ondoren besteak. Alegia, txandakatu egiten da pilotaren, edo hitzaren jabetza. Txandarik ezean, ez dago elkarrizketarik, bakarrizketa baizik. Elkarrizketa bat mantentzen ikasteko, txandak daudela, txandak egin behar dituela ikasi behar du haurrak. Eta, ikasiko badu, txandak egiten dakien eta errespetatzen dituen heldu baten eskutik izango da. “Elkarrizketa batean ezinbestean txandak egin behar dira: batek eman egiten du, eta besteak erantzun. Batzuetan pilota lurrera erortzen da, eta lurretik hartu eta berriz jokoan jarri behar da... Umeak txanda-sistema hori deskubritu behar du, eta kalitatea eman behar zaie txanda horiei”.

Horretarako, helduak egoten jakin behar du, pazientzia izan, eta isiltasunari ere leku bat egin, haurrak bere txanda hartzeko aukera bat izan dezan. “Isiltasunak ez digu enbarazu egin behar, isiltasun une horiek urrea dira”. Izan ere, batak hitz egin eta besteak hitza hartu bitartean beti “itxarote-denbora bat” dago, isiltasunak betetzen duena, eta, haurrekin hitz egitean, denbora hori helduak nahi baino gehiago luza daiteke. Eta isiltasunak hartzen duen itxarote-denbora horretan, isiltasunak gugan sortzen duen enbarazu hori medio, helduaren tendentzia izan ohi da hitz egiten hastea, haurraren ahoan hi-tzak jartzea, eta haurrak ustez esan beharko lukeena helduak berak
esatea. “Helduak bota dio pilota haurrari, eta orain helduak itxaron egin behar du, presa gabe, eta, batez ere, doan. Haurrari adierazi behar dio doan dagoela hor, berarekin komunikatzeko nahi hutsagatik, horrek izugarrizko plazera sortzen diolako, eta ez duela ezer espero bueltan. Hori erabat ezinbestekoa da umea elkarrizketa bat manten-tzeko gai izan dadin, eta txanda onak egiten ikas dezan”.

Behin haurrak elkarrizketa bat osatzen duen txanda-sistema hori deskubritu duenean, helduaren egitekoa izango da partida horri kalitatea ematea eta txandak luzatzen joatea. “Nola? Bada bere intentzio komunikatiboa luzatuz, pixkanaka. ‘Gaileta’ esaten badu, guk ‘gaileta bat nahi duzu’ errepikatuko dugu. Hitz gutxi baina nahikoa erabili behar dira, ondo aukeratutako hitzak elkarrizketak aurrera jarrai dezan. Izan ere, berak ‘gaileta’ esan eta nik nire txandan ‘bai, gaileta bat nahi duzu. Bada, begira, goxo-goxoak erosi dizkizut, txokolatedunak, ikusiko duzu nola gustatuko zaizkizun...’ moduko diskurtso bat botatzen badiot, orduan elkarrizketa amaitu da. Gure txanda bakoitzak urrea balio du eta ondo aprobetxatu behar dugu elkarrizketa, partida ahalik eta hoberena izan dadin”.

Eta urrea balio duen txanda hori alferrik galtzeko modurik eraginkorrena haurrari etengabe galderak egitea da, Corominasentzat. Haur eta helduen arteko elkarrizketa bat sortzerakoan, traba nagusia helduak etengabe galderak egitea da. “Nerabeekin ere nabarmen gertatzen da hori. Ez dira egin behar ez galdera irekiak ez itxiak, inoiz ez baitugu erantzunik aurkituko. Ez dira galderak etengabe egin behar, elkarrizketa bat sortu baizik, eta horretarako hor egon behar da, beraien ondoan”. Hala, haurrari eguna zer moduz joan den galdetu beharrean, edo eskolan zer egin duen (“hain dira zabalak galdera horiek, hain luzea eguna!”), haurrari kontatzen hasteko oina jartzea izan daiteke aukera: ‘gaur jolas asko egingo zenuen eskolan’ esatea, adibidez, eta hitzez ez bada ere, haurrak adieraziko du hala izan den edo ez, Corominasen ustez. Edo zer jan duten jakiteko modurik onena izan daiteke helduak berak zer bazkaldu duen kontatzea. Eskolan liskarren bat izan duenaren susmoa izanez gero, berriz, helduak lanean izan duen liskar baten berri eman diezaioke, haurrari bere bizipena ere partekatzeko aukera emanez.

ELKARRIZKETAREN OZTOPO

1.Haurraren txanda ez errespetatzea. Garrantzitsua da haurrari erantzuteko edo elkarrizketa hasteko denbora ematea, isiltasunean zain egoten jakitea, entzuteko prest gaudela adierazten duen jarrera garbiarekin.

2.Hiperestimulazioa. Helduak bezala, haurrak ere hiperestimulazioaren eraginpean daude. “Hiru urterako hainbat hizkuntza ari dira ikasten, pianoa jotzen dute... Eta ez dute entzuteko, elkarriz-keta bat mantzeko denborarik, espaziorik eta patxadarik”, dio Corominasek.

3.Interakzio kopuru handia. Ez da komeni haurrarekin etengabeko interakzioan egotea, edo, hobeto esanda, haurrari etengabe gauzak esaten aritzea. Berriz ere isiltasunaren garrantzia agerian jarri, eta berea esan ondoren helduari itxarotea dagokiola uste du Corominasek, haurrari berea adierazteko tarte bat eskainiz.

4.Interpretazioa. Helduaren joera izan ohi da haurraren eran-tzun edo adierazpen gisa interpretatzea honen keinu edo soinuak, hala ez direnean ere.

5.Haurrari etengabe galderak egitea. Corominasen ustez, hau da haur eta helduen arteko elkarrizketa batean sortzen den oztopo nagusia. Galderen ordez, geuretik kontatzea proposatzen du, haurra interlokutore gisa hartuz eta honekin binkulo bat sortuz, haurrak ere berea kontatzeko espazio bat sortu dela senti dezan.

ELKARRIZKETAREN LAGUN

1.Haurraren espresio-adierazpenak jasotzea. Haurrak zerbait adierazi nahi duela ohartu eta horri erantzuten jakin behar du helduak.

2.Ulertu dugula adierazi. Haurrak ulertua izan dela sentitu behar du elkarrizketa errazteko, eta haurraren lengoaiaren garapenari laguntzeko.  

3.Esanahia eman. Haurrak adierazten duenari, bere espresio-adierazpenari, zentzua eman behar dio helduak. Adibidez, hatzarekin gaileta bat seinalatzen badu, ‘gaileta bat nahi duzu’ esanez.

4.Errepikapena. Aurrekoarekin lotuta, helduak hitzak modu zuzenean erabiliz errepikatu behar du haurra keinuz nahiz hitzez esaten ahalegindu den hori.

5.Denbora eman. Helduak denbora eskaini behar dio erantzuteko, adieraztera gonbidatuz haurra, entzuteko jarrera erakutsiz.

 

HITZ EGITEN 'IKASI' EGITEN AL DUTE HAURREK?
HITZ EGITEN 'IRAKATSI' EGITEN AL DIEGU HAURREI?

Objektu bat hartu eta behin eta berriz errepikatzen du helduak honen izena; edo bere burua seinalatu eta ‘aita’ nahiz ‘ama’ esaten du, ondo ahoskatuz eta poliki-poliki. Horrela dihardu, haurrari objektu horren izena, edo bere deitura irakasteko intentzio edo, behinik behin, esperantza guztiarekin. Hitza haurraren belarrian utzi, honek hartu eta ahotik itzuliko diolakoan bueltan, helduaren esfortzuekiko esker onaren erakusle. Haurrak helduaren irakaspenen arabera ikasiko duelakoan hitz egiten. Azken batean, hori dio uste orokorrak.  

Bada, Corominasek azaldu bezala, zinez hori baino konplexuagoa da hizkuntza barneratzeko eta hi-tzaren jabe bilakatzeko ibilbidea: “Helduok umiltasun pixka bat izan behar dugu eta jakin guk ez diegula haurrei hitz egiten irakasten, ez da hori kontua. Desberdina da norbaiti hitz egiten irakastea, edo norbaitekin hitz egitea. Hitz egiten ikasteko modu bakarra dago: hitz eginez, eta besteak hitz egiten entzunez, elkarrizketaren bidez”.  

Hizkuntza ez da belarritik sartu eta ahotik ateratzen, ez, ez hain sinpleki behintzat. Sartu-aterako ibilbide zuzen batez baino, Corominas kiribil batez mintzo da, etengabe biraka dabilen noria baten antzeko zerbaitez, eta, kiribil horretan, urrats bakoitzak bestea aktiba-tzen, elikatzen du etengabe. Kiribil audio-neurologiko-fonatorioa deitzen dio, eta honek erregulatzen du ama hizkuntzaren integrazioa eta espresioa. Edo, bestela esanda, ama hizkuntzaren ulermena eta mintzamena.

Gauza batean behintzat zuzen dago uste orokorra: kiribila entzumenaren bidez hasten da martxan; entzuteak aktibatzen du, beraz, hizkuntzaren prozesamendua haur batengan. “Kiribila modu honetan hasten da biraka: haur batek entzun egiten du eta auto-entzun egiten da (beti ere, entzutea zerbait aktibo eta borondatezko gisa ulertuta). Hori gertatzen denean, ulertzen hasten da. Eta ulertuz doan heinean, adierazten hasten da. Eta adierazten duenean, autoentzun egiten da, eta entzuten du. Eta en-tzunez eta autoentzunez, ulertzen du... eta horrela etengabeko bira batean”. Kiribil horretan “egosten” da prozesu linguistikoa, Corominasen arabera.

Fetu bat zenetik du haur horrek entzuteko gaitasuna, eta orduan “jada jasotzen zuen amaren hiz-kuntzaren doinua”. Dena dela, kiribil hori ez da martxan jarriko 6-10 hilabete dituen arte, gutxi gorabehera. Ordu arte haurrak eginiko soinuak esplorazio motrizaren ondorio dira, elikadurarekin loturiko mugimenduekin sortuak, baina ez zeuden entzumenarekin, belarriarekin lotuak. Eta, hain zuzen, hori da hizkuntza erregulatzen duen organoa. Behin kiribila martxan jartzen denean, orduan hasiko da haurra ama hizkuntzarekin loturiko soinuak emititzen.

Gainera, haur bakoitzak bere kiribil propioa sortuko du, “pertsonala eta transferiezina”. Eta, entzumenarekin hasten bada biraka, hortaz hitz eginez gurutzatzen du helduak haurraren kiribilera eramango duen atea. Horregatik da hain garrantzitsua, Corominasen esanetan, helduaren hitz egiteko modua nahiz ahotsa, horien arabera leunago edo bortitzagoa izango baita ate horretan emaniko kolpea. Eta haurrari bortitza egiten bazaio bere kiribilean sartzeko ahalegin hori, “atea itxiko du eta ez digu sartzen utziko”.

Entzumena, entzutea, ulertzea

Haurrarentzat prozesu konplexua izango da entzuten duen hori uler-tzea, integratzea eta entzundakoari aho-hizkuntzaren bidez erantzutea. Prozesu horretan, giltzarri izango dira hiru gaitasun. Batetik, entzumen gaitasuna legoke, eta bigarrenik, entzuteko gaitasuna: “Entzumena potentzial organikoaz mintzo zaigu, eta entzutea potentzial horren funtzionalitatea litzateke”. Organikoa den horretan gutxi eragin dezake inork, baina bai entzuteko jarrera bat sustatzean, horretarako grina sortzerakoan. Izan ere, entzutea mundu emozionalarekin dago konektatuta, entzumena ez bezala. Entzumena kontu pasiboa da, etengabean iristen zaizkigu inguruko soinu eta zaratak, guk aukeratu gabe. Entzutea, aldiz, ekintza aktiboa da, norberak borondatez egin beharreko zerbait. Hirugarrenik, entzun den hori ulertzeko gaitasuna legoke: “Kognitiboki nahiz pertzeptiboki entzuteko gaitasunaz ari naiz, hau da, soinuei errepresentazio bat emateaz, hitz bakoitza non hasten den eta non bukatzen den jakiteaz, tarteak nahiz isiltasunak pertzibitzeaz...”, azaltzen du Corominasek.

Haurrak bere entzumen-potentzial guztia gara dezan, eta osoki erabil dezan, hainbat konturi arreta jarri behar zaiela nabarmentzen du Corominasek. Batetik, haurrak bere inguruan soinu, zarata asko ez izatea zaindu behar da, eta ahalegin berezia egin beharko da horretan haur ninien kasuan. Haurrari isiltasuna ere eskaini behar zaio. Bestetik, haurrarekin mintzo denean, helduak entzun aditza ere erabili behar duela nabarmentzen du Corominasek. “Izan ere, tendentzia izan ohi da haurrari ‘ikusi al duzu hori?’ esateko, baina dagokionean ‘entzun al duzu hori?’ erabili behar da, haurrak entzuteko ekintza horretan ere arreta jar dezan”.

Azkenik, ezinbestekoa da haurrarekiko lotura afektiboa zaintzea: hori sortzeko gai baldin bada bakarrik lortuko du helduak haur horrek entzun diezaion: “Horregatik, berriro diot, elkarrizketa beharrezkoa da, txandak egotea, haurrak entzun dezan. Eta hain zuzen horregatik, gure hitz egiteko modua eta ahotsa zaindu behar ditugu”.