'Bidaia bat umezarora'

2018-10-04

* Kultur gomendioak Iñaki Petxarroman kazetariaren eskutik

Askotan esan ohi dut, umeekin aritzeak, zoragarria izateaz gainera —batzuetan amorragarria ere izan liteke, jakina—, lurrera ekartzen nauela; hau da, eguneroko eta etorkizuneko ardura, bilera, gatazka eta erronketatik aldentzen nauela, benetan momentu horretan garrantzitsua denari heltzeko, alegia, umearen une horretako behar edo grinari: “Goazen jolastera!”, “goazen marraztera!”, “goazen irakurtzera”. Umeek badakite zer garrantzitsua den eskaintzen zaion momentu bakoitza, benetan senti-tzen badute eurentzako dela momentu hori, benetan eurentzako.

 
 
'Bidaia bat umezarora'

 

Ohartu izan naiz haurrekin egoteak —tentsio momentuak gorabehera, jakina— hobby baten moduko zerbait ere izan dela niretzat. Une gozagarri eta eder asko igaro ditudala. Eta bitxia egin ohi zait daukadan beste zaletasun handi batekin aurkitu ohi diodan an-tza: hau da, mendiak igotzearekin, eskalatzearekin, aurkitzen diodan parekotasuna. Izan ere, mendi bat igotzen ari zarenean —are eta gehiago zailtasun pixka batekoa bada— hurrengo urrats bakoitzak dauka garrantzia eta horrek eskatzen du mendizalearen uneko arreta guztia. Mendiak eta umeak, biak ditut gozagarri.

Eta literatura, nola ez. Eta ume batekin erlazionatzeak, zentzu askotan, ume bilakatzen gaitu. Eta norbere umezarora eramaten gaitu: orduko oroitzapen eta beldurrak, orduko jakin-min eta sentsazioak. Orduan irakurritako liburuak Fray Perico y su borrico, La vuelta al mundo en 80 días, Viaje al centro de la tierra, Mortadelo y Filemon, Tom Sawyer, Pinocho...—. 

Gurasoak Gaztelako etorkin xumeak izanda, ia irakur-tzeko eta idazteko gai ere ez ziren, baina txikitatik izan nuen liburuetarako joera. Maite nuen liburuetan murgiltzea eta bidaiatzea. Eskolak egingo zuen nire kasuan lanik handiena, gurasoek ezin eta. Eta alabarekin egoera hori zenbat aldatu den jakinekoa da. Baina, bederatzi urte bete dituen honetan, ez dakit inguruan izan gaituenon merituz edo bere joera propioz, baina esan dezakegu gutxienez nik bezainbeste maite dituela liburuak. Eta horrek zenbat betetzen nauen pentsa dezakezue, noski.

Berandu eskolatu genuen alaba. Eta horrek eman zigun aukera txikitatik askoz ere ordu gehiago elkarrekin egoteko. Eta, zer esanik ez, ordu horietako asko ipuinak irakurtzen pasa genituen. Ume txikientzako era guztietako ipuinak: gogoan ditut TEOren abentura ezberdinak, Irrien Lagunak aldizkariko pasarte askotarikoak... 

Horiek xehe-xehe eta behin eta birritan irakurri izan ditugu elkarrekin alabak eta biok. Gauero ipuin bat. Tartean Aizkorri argitaletxearen Animalien ipuin bat gauero liburua. Ipuin klasikoak, bertsio ezberdinetan: Pinotxo, Hiru txerrikumeak, Txano gorritxo, Mari Errauskin, Edurne zuri eta zazpi ipotxak... Zer esanik ez, horiek denak garraiatu izan naute nire haurtzarora, nire beldur eta ametsetara. Eta, helduaroan, jakina, ipuin horiek zeukaten zama sexistaz, arrazistaz eta bortitzez jabetuta, bestelako bertsio batzuen bila ere aritu izan gara. Zorionez, gaur egun badira halako hamaika. Eta horietan, aipagarriak iruditzen zaizkit Bazen bitan bildumakoak. Belen Gaudes eta Pablo Maciasen liburuak (Hansel eta Gretel, Sirenatxoa...) betidaniko ipuinentzako bigarren aukera bat dira, egileek beraiek aitortu dutenez: “Sexismorik gabe, indarkeriarik gabe, desberdintasunik gabe”. Benetan jakin-mina sortzen dute — baita helduei ere— betiko ipuin klasikoen zama hori are eta barneratuago dugulako, segur aski. 

Genero berdintasuna da gure banderetako bat. Eta horri dagozkion materialak eransten joan gara urteen joan etorrian. Neskak eta mutilak, Chrysallis Euskal Herriak sustatu eta Aingeru Mayor eta Susana Monteagudok egindako liburua esku artean izan dugu behin baino gehiagotan. Eta galdera ugari eragin dizkio haurrari ere, nola ez, neroni bezainbeste, kasu batzuetan.

Kultur aniztasuna eta beste urrutiko errealitateen ezagutza txertatzen joan gara liburuz liburu. Horretan aipatuko nuke Afrika kontuan bilduma, kontinente horretako ipuin tradizionalak jasotzen dituena. Horrela ezagutu ditugu —hark eta nik ere, jakina— Armiarma tripontzia; Burdina, perla eta zoriona; Argiago, errege baino; Printzea eta Sikaren maitasuna... Ohartu gara printzeak ere beltz izan daitezkeela, eta printzesak ere, eta lehoiak, elefanteak, gorilak eta krokodiloak daudela, eta oihanak eta sabanak. Munduaren mugak Euskal Herrikoak baino askoz harago daudela, nola ez, beti euskaraz. Euskara baitugu guk mundu aberats eta kultur anitz hau ulertzeko.

Handitzen ari da alaba ere, eta liburuen ezaugarriak ari dira pixkanaka aldatzen. Gustuko du Rene Goscinyren Nikolas Txiki entzutetsua. Euskal Herriko historia laburbiltzen duen Lur eta Ametsen bilduma gogoz irakurri dugu, eta hala ezagutu ditugu Uxue Alberdik eta Unai Elorriagak kontatu dizkiguten gure herriko pasarte esanguratsuenetako batzuk, Patxi Pelaezen ilustrazio ederrez hornituak.

Azken aldian Elkar argitaletxearen Xaguxar bilduman murgiltzen ari da pixkanaka haurra: Esti Vivanco eta Josevinskiren Eireren egunerokoa behin baino gehiagotan irakurri du, eta mahai gainean ditu Nire alabak ez dauka erremediorik, Urrezko orrazia eta beste batzuk. Horiekin batera, oso gustuko ditu Ole Lund Kirkegarden Birgil Txiki, Orla igeljalea eta Sushi Books argitaletxeko bilduma bereko gainerakoak. Bederatzi urte izan arren, 12 urtetik gorako liburuetan ere ari da murgiltzen pixkanaka haurra, bera bakarrik eta inork behartu gabe.

Eta horretarako giltzarri izan da, besteak beste, etxean telebistarik ez egoteko hartutako erabakia. Bideoa bai, izan da. Eta horrek bete du gure alabaren ikus-en-tzunezko kontsumoaren zatirik handiena. Horrek, eta zinemara egin ditugun joan-etorriek. Liburuetan ez bezala, ikus-entzunezko materialen kontsumoa ez da izan horren selektiboa, nire aldetik behintzat. Oro har, zineetan unean unean zeuden filmak ikustera jo izan dugu, lehentasunez euskaraz eman izan dituzten gutxi horietara, nabarmena baita, oraindik ere, alor horretan dagoen hutsunea. Eta zaku horren barruan sartu dira azken urteotako film ospetsuenak: Ballerina, Coco, El viaje de Arlo, Gatos. Un viaje de vuelta a casa, Mi villano favorito, Olentzero, Ice Age 1, 2, 3 eta 4 eta Intensa-mente... Edo aurretik filmatutako beste batzuk: Hirukien abentura amaiezinak, Asterix eta Obelix, Pernando Amezketarra... Horiek guztiek hezi, hazi eta dibertitu gaituzte. Eta alaba handitu den bitartean, neu berriz txikitzeko eta umezarora atzera itzultzeko zortea izan dut.

Albiste gehiago