Euskara ez al da sexista?

2018-09-13

Euskara ez da genero hizkuntza, alegia, oro har, hitzak ez dira femenino/maskulino banaketaren arabera sailkatzen, eta, beraz, luzaroan pentsatu izan da euskara ez dela beste hizkuntza batzuk bezain sexista. hizkuntza eta genero gaiak aztertzen dituzten profesionalek, ordea, argi diote: hizkuntzak ez dira sexistak edo ez sexistak, baizik eta erabilerak dira sexistak, maila txikiagoan edo handiagoan.

 
 
Euskara ez al da sexista?

 

Luzaro pentsatu izan da euskara ez dela hizkuntza sexista, ez behintzat aldamenean dituen beste hizkuntza batzuk bezainbeste. Garai batean rankingak ere egiten ziren, hizkuntzen sailkapena egiteko sexismo-mailaren arabera. Gaztelania oso goran kokatu ohi zen, eta frantsesa ere harengandik ez hain urruti. Euskara, berriz, behealdean, beste hizkun-tza gehienak baino parekideagoa zelakoan. Gaur egun era horretako sailkapenak albo batera utzi dira, hizkuntza- eta genero-gaiak ikertzen dituzten profesionalek dioten moduan, ez daukatelako inolako funts zientifikorik. 

Euskara ez da genero hizkuntza. Hori gauza jakina da. Oro har, substantiboak ez dira sailkatzen femenino/maskulino banaketaren arabera; esan daiteke, beraz, euskarak ez daukala maskulinorik eta femeninorik, eta ondorioz, beste hainbat hizkuntzatan ez bezala, ezin dela maskulinorik erabili adiera orokorrarekin. Euskararen alboko hizkuntza gehienak —erromanikoak, kasu—, genero hizkuntzak dira. Gaztelaniaz, adibidez, niño eta niña bereizten dira, eta niño-k bi esanahi hartzen ditu: espezifikoa (mutikoa esateko) eta orokorra (ume esateko), hau da, los derechos del niño esanez gero, haur guztiei egiten die erreferentzia eta ez mutikoei soilik. 

Sarri, sinetsi izan da genero hizkuntzak sexistagoak zirela generorik ez duten hizkuntzak baino. Euskara da horietako bat, baina badaude beste batzuk ere: ingelesa, suomiera, mongoliera… Uneotan, ordea, auzi horren inguruan adostasun batera heldu dira gaia aztertzen ari diren profesionalak: hizkuntzak ez dira sexistak edo ez sexistak, baizik eta erabilerak dira sexistak, maila txikiagoan edo handiagoan, eta, beraz, baita erabiltzaileak ere.

 

Erabilera ez da inoiz neutroa

Euskara genero hizkuntza ez izan arren, euskaran ere badago generoa. Amelia Barquin Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko irakaslea da genero eta hizkuntza gaiak ikertzen dabilen profesionaletako bat, eta hark dioen eran, edozein hizkuntzatan antzematen dira sexismoaren zantzuak, kontuan izan behar baita, era berean, hizkuntzaren erabilera gizartearen ispilu ere badela. Adibide bat jartzen du irakasleak: “Esate baterako, ijitoa edota neska hitza bai euskaraz eta bai beste hizkuntza batzuetan irainak izan daitezke ijitoak eta emakumeak ez direnentzat. Horrek gure gizarteaz hitz egiten du, zeinetan ijitoek eta emakumeek balio txikiagoa baitaukate payoek eta gizonek baino. Hizkuntzak ez gaitu behartzen hitz horiek horrela erabiltzera, baina erabiltzen baditugu, mundu ikuskera bat transmititzen ariko gara gure hitzen bidez”. 

Hitz batzuk aukeratzen ditu erabiltzaileak eta beste batzuk baztertzen, ideia batzuk azpimarratzen ditu eta beste batzuk ezkutatzen, subjektu batzuei protagonismoa ematen die eta beste batzuk albo batera uzten… Izan ere, hizkuntzen erabilera ez da inoiz neutroa eta erabiltzailearen mundu ikuskera oso bat transmiti dezake. Beraz, Barquinek ondo dioen moduan, euskaraz ari garenean ere maiz agertzen dira sexismoarekin (emakumeak gaitzestea) nahiz androzentrismoarekin (gizona normatzat hartzea) lotura duten erabilerak. “Oraindik gure herrietan behin baino gehiagotan entzuten dira mutilak futbolean jokatzen ari direnean ‘baina zein txarrak zareten, neskak dirudizute’ bezalako esaldiak, edota baita ‘bigarren pisuko bizilaguna eta bere emaztea etorri dira kasu egitera’ bezalakoak ere”. Irakasleak gaineratzen duenez, horrelakoak eta antzekoak nahiko ohikoak izan daitezke kaleko eguneroko hizketaldietan, eta, sarri, oharkabean pasatu ohi dira, gainera. Hain arruntak egiten zaizkigunez ez diegulako arretarik jartzen. 

 

Non aurki daiteke generoa euskaraz?

  • Hitanoan: noka edo toka ari denean, hiztunak solaskidearen generoa kontuan hartuta, aditz marka bat edo beste hartzen du. Zer gertatzen da, ordea, hartzailea plurala denean? Adibidez, erretzeari uzteko deia egiteko kanpaina bat egin behar denean eta Utz iezaion erretzeari! edo Utz iezaiok erretzeari! esateko hartzaileari dei egin behar zaionean? Bada, orain gutxira arte maskulinoa erabili da. Beste horrenbeste gertatu da tradizioz ere, euskal kantutegian antzeman daitekeen legez: Kanta zak euskalduna, kanta zak hire herria abestean, edota Euskal Herria diagu zain kantatzean. Baita atsotitzetan ere: Emaileari emaiok, egileari egiok. Barquinek dioenez, era horretako adibideek erakusten dute, kasu batzuetan, euskaraz ere maskulinoa erabili izan dela orokor moduan, nahiz eta printzipioz euskarak ez lukeen horretarako biderik eman behar. Horri gehitu behar zaio, gainera, hitanoa galtzen ari den lekuetan, batez ere, forma femeninoa ari dela desager-tzen. Eta, trukean, zenbaitek emakumeekin ere toka erabiltzen dutela noka beharrean. “Batzuek esaten dute neutralizazio prozesu bat ari dela gertatzen hitanoaren kasuan. Forma femeninoak galtzen ari direla, eta horien ordez, forma maskulinoak ari direla hartzen sistema osoa. Ikusiko dugu zer gertatzen den. Momentuz, joera da maskulinoa hartzea forma orokor gisa, baita euskararen kasuan ere”, argitzen du Barquinek.

 

  • ‘Gizona’ hitzaren erabileran: Euskaltzaindiaren hiztegiak adierazten duen moduan, gizon hitzaren esanahi bat gizaki hitzaren sinonimoa da. Alegia, hitz horrek bi erabilera izan ditzake: espezifikoa eta orokorra. Hala ere, nahiko arraro egingo litzateke gaur egun “auzo horretan 1.000 gizon bizi dira” esaldiaren antzekoak entzutea, nahiz eta akaso beste esaldi batzuek halako arretarik ez deitu, aldizkari batean aurkitutako honek bezala: “Non daude ideia handiak eta txapelak dituzten gizonak?”. Edota, Izarren Hautsa abestian, Xabier Letek gizonen lana jakintza dugu eta gizonak badu inguru latz bat idatzi zuenean, pentsatzekoa da pertsonari egin nahi izan ziola erreferentzia eta ez gizasemeari. Edozein kasutan, Barquinek ohartarazten duenez, kasu honetan gomendatu behar da gizona zentzu espezifikoan erabiltzea eta ez orokorrean edo generikoan, “emakumeek beren burua gizon horretan ikustea oso zaila baita”.

 

  • Generoa duten izenetan: genero biologikoa adierazten duten hitzak oso gutxi dira euskaraz. Hor ditugu pertsonei erreferentzia egiteko darabiltzagunak: alaba, emakumea, andrea, andregaia, gizasemea, senarra, mutila, jauna…; edota senidetasuna adierazten dutenak: ama, amona, izeba, ahizpa, arreba, aita, osaba…; nahiz jarduera jakin batzuk: moja, serora, etxekoandre, sorgin, inude, prostituta, erregina, neskamea, andereñoa, maistra, lekaidea, fraidea, apaiza, erretorea, aztia, erregea, morroia eta maisua. Horiek generoa dute, baina gehiagorik ez dugu topatuko euskaran. Zer ari da gertatzen, ordea? Kaleko hizkeran, zenbait kasutan, plurala osatzeko izen maskulinoak erabiltzen direla generiko gisara, eta, ondorioz, “zenbat seme dituzu?” (seme-alaba ordez) edota “asteburu honetan aitonengana noa” (aiton-amonengana, ordez) entzun daitekeela. “Hori gero eta gehiago entzuten dut nik eta igorleak ez dira beti euskaldun berriak. Esango nuke erabilera hori apurka orokortzen ari dela. Baina lehen aipatu dugun bezala, orokorraren rola bete-tzeko beti maskulinoa erabiltzen dugu eta inoiz ere ez femeninoa. Erabilera hori, baina, ez da zuzena eta kontu handia jarri behar genuke horretan”.

 

  • ‘-sa’ bukaeradun femeninoan: zubereraz -sa atzizkia izen femeninoak osatzeko erabiltzen da. Eta, Euskaltzaindiak amaiera hori duten zenbait hitz onartzen ditu: jainkosa, abadesa, dukesa eta printzesa. Baina, gainerako kasuetan —alkatesa, aktoresa, idazlesa…—, nahiz eta batzuetan entzuten diren, ez da zuzena -sa atzizkia erabiltzea, alkateak edo aktoreak edo idazleak ez diolako erreferentzia egiten maskulinoari, eta emakume zein gizon biak izan daitezkeelako alkate, aktore edo idazle. Hortaz, -sa amaierarik ez erabiltzea gomendatzen du Barquinek, eta generoa azpimarratu nahi den kasuetan, emakumea dela zehaztu behar dela dio: “Emakumezko aktore onenaren saria Kidmani eman diote”,  “Edurne Perez alkateak dio…”, etab.  

 

  • Gaztelaniako maileguetan: euskarak zenbait mailegu hartu ditu gaztelaniatik atzizki femenino eta guzti. Horietarik gehienak adjektiboak edota lanbide izenak dira. Asko, ahozko maila informalean erabili ohi direnak. Hala nola, tipa, nobia, nerbiosa, kapritxosa, guapa, lista, tonta, txata, rubia, maja, alta, sinpatika, txotxola, bollera… edota, notaria, tutora, presidenta, kontsultora, filosofa, antropologa, funtzionaria… Zer gertatu da horiek horrela erabiltzen hasteko? Barquinek azalpen posible bat helarazten du: “Euskaltzaindiak ezarri dituen lanbide izen ugarik gaztelaniazko hitzen forma berbera dute: filologo, filosofo, antropologo… Gaztelaniazko genero maskulinoaren ‘-o’ atzizki eta guzti. Filosofoa ezarri du Euskaltzaindiak eta ez filosofialaria, edota filologoa eta ez filologialaria, eta noski, euskaldunok elebidunak gara, eta filologo hitza gaztelaniaren sisteman maskulinoa da hegoaldekoentzat. Hortaz, gerta daiteke euskaraz ere femenino moduan ez sentitzea. Kaleko hizkeran era femeninoagoak erabiltzeko joera daukagunez, itxura maskulinoa duten formak saihestu egiten ditugu. Kasu askotan, euskaraz zuzen egin behar dugunean, gaztelaniaz saihesten saiatu ohi garen hori soilik erabili behar izaten dugu. Esate baterako, decanos y decanas darabilgu gaztelaniaz, eta dekanoak soilik euskaraz. Zenbaitek diote Euskaltzaindiaren erabakia aukera galdua izan dela eta beste hitz batzuk egokiagoak izango ziratekeela. Hain zuzen, Euskaltzaindiak onartzen baititu hizkuntzalari edota zientzialari bezalakoak”. 

 

  • Lexikoko asimetrietan: genero femeninoa edota maskulinoa duten hitzek, beste hizkuntza askotan gertatzen den legez, ez dute balio berbera euskaran ere, edota hobeto esanda, hiztunek kutsu negatiboarekin erabili ohi dute lehena eta positiboarekin bestea. Adibidez, atso eta agure hitzak ez dira baliokide gisara erabiltzen. “Atso zahar hori!” edota “hori bai atsoa” bezalako esaldietan atso-aren ordez, agure jarriz gero, konturatuko gara ez dutela esanahi berbera. Beste horrenbeste gerta daiteke, alu-ren gisarako hitzekin ere, kutsu negatiboa hartzen baitute beti: “pertsona alua”, “a ze alukeria egin didana”, “eltxo alu hauek”… eta antzekoak erabili ohi dira; Barquinek dioen moduan, “beti zentzu negatiboan”. Aldiz, ia ezinezkoa litzateke imajinatzea zakil hitza zentzu berean erabil daitekeenik. Horiek nahiko nabarmenak izan litezke, edozein erabiltzaile konturatzeko moduak, baina badira beste kasu batzuk, Barquinek azpimarratzen duen eran, batean eta bestean ikusten direnak eta oharkabean pasatzen direnak: “Badaude euskaraz sortu ditugun esapideak, maisuki edo maisulana bezalakoak… nahiz eta lanbide horretan gehienak emakumezkoak izan. Edota jaun eta jabe bera, maiz erabili ohi duguna. Ez zaigu arraroa egiten emakume bat entzutea zera esaten: “Nik nire bulegoan nahi dudana egiten dut, jaun eta jabe naiz”. Edota txapelketa hitza bera. Bide beretik, ez genuke inoiz esango zapia buruan eta ibili munduan; bai, ordea, txapela buruan eta ibili munduan. Orokorra maskulinoa da. Eta, beraz, gure artean gerta daiteke Maialen Lujanbio bertsolariak maisutasunez kantatzea, oholtzan jaun eta jabe izatea, eta txapelketa irabaztea, txapela buruan duela agurra kantatzeko”.

 

Euskarak ematen du aukera

Hizkuntza erromanikoek ez bezala, euskarak generoa zehaztu gabe aritzeko aukera ematen du, eta Barquinek dioen legez, euskaldunok aukera hori aprobetxatzen asma-tzea litzateke hizkuntzaren erabilera parekideago bat egiteko gakoa: “Euskarak aukera hori ematen digu, generoa zehaztu gabe, anbiguotasunez aritzeko modua eskaintzen digu eta hori probesten jakin behar dugu”. 

Albiste gehiago