NORBERA IZATEKO BORROKA: transexualitatea haur eta nerabeetan

2018-09-04

Argi dute nor diren, zer diren, eta bestearen begiradan ere hori bera izan nahi dute. Baina gure gizarteak beraien gorputzari ezarri dien identitatea ez dator bat diren horrekin, beraien izaerarekin. Haur eta nerabe transexualak nahiz euren familiak beraien nortasuna aldarrikatzeko eta besteen begirada aldatzeko lanean ari dira.

 
 
NORBERA IZATEKO BORROKA: transexualitatea haur eta nerabeetan

 

Badakite nor diren, txikiak, gazteak izan arren. Eta besteen begietan ere diren hori izan nahi dute. Baina gizarteak, arau kulturalek, beraien gorputzari ezarri dien nortasuna ez dator bat diren horrekin, beraien izaerarekin. Diren horrek talka egiten du maiz besteen begiek ikusten duten horrekin, besteen begietara direnarekin. Eta txiki-txikitatik borrokatzea dagokie diren hori aldarrikatzeko, besteen begirada aldatzeko. Eta beraiekin batera, beraien familiei ere badagokie bide hori egitea. Seme-alaben ahots eta ezkutu, babesleku eta bozgorailu izatea dagokie. Haur transexualez ari gara, eta beraien familiez.

Gizarte arauak, dogmak dio zakila izateak ezinbestean dakarrela mutil izatea, nortasun maskulino batekin identifikatzea; eta alua izateak, beraz, genero femeninoarekin identifikatzea. Alegia, genitalak direla osoki norberaren genero identitatea ezartzen dutenak. Dogmaren aurrean, milaka euskal herritar transexualen bizipenak dio ez dela hala; nor izatea, zaren hori, zure buruaz egiten duzun argazkia sentipen askoz zabalagoa, sakonagoa dela, genital hutsek mugatu ezin dutena. Eta badirudi pixkanaka bizipen horiek dogma aldatzen ari direla, eta gizartearen begiradan kabitzen direla pertsona transexualak. Baina, haur eta nerabeez ari garenean, aurrejuzguek, dogmaren indarrak eta zalantzek berriz lausotzen dute begirada. Heldu bati aitortzen zaion moduan badakiela nor den eta bere buruaren jabe dela, badirudi zilegi dela haur eta nerabeen zentzua, sen ona zalan-tzan jartzea, eta zilegi dela zalantzan jartzea gai ote diren nor diren identifikatzeko. Begirada lausoa argitzeko ez dago sendagai hoberik haur eta nerabe transexualak dituzten familien bizipenak ezagutzea baino. Horregatik, Bidasoako lau familiaren bizipena jaso du HAZI HEZIk. 

 

Urte luzetako igarotzea

17 urteko Garaziren ama da Bea Ariza. Duela bizpahiru urte egin zuen Garazik transito edo igarotze soziala deitzen dutena, alegia gizartearen aurrean osoki neska gisa bizitzen hasi zen. Baina bere baitan, eta familia barruan, aspaldi hasi zen genitalen arabera ezarri zioten generotik askatzeko bidea. 4 urtetxo zituenean adierazi zion lehen aldiz bere amari etxean alaba bat zuela seme bat beharrean. Santomasak zirela-eta baserritar jantzita joan behar zuen Garazik eskolara, eta baserritar mutil-jantzia janzterakoan izan zen: “Neska izanik berak baserritar neska-jantzia behar zuela azaldu zidan, bere arrebak bezala. Jokoz kanpo harrapatu ninduen; ez nekien haur batek horrelako zerbait esan, sentitu zezakeenik. Orain dela 12 urte sekula entzun gabe geunden haur transexualitateaz hitz egiten. Nik transexualitatea helduen kontu bat bezala ikusten nuen: gizon edo emakume izatea aukeratzen zuen heldu bat”. 

Beak aitortzen du pentsamendu ilunak izan zituela une hartan, marginazioa eta bazterketarekin lotuak, eta bere lehen erreakzioa egoera uka-tzea izan zela: “Esan nion ezetz, ezin zuela neska izan, pitilina zeukalako, ezinezkoa zela. Triste-triste begiratu zidan, baina baserritar mutil jantziarekin joan zen eskolara”. Garazik esanari “buelta asko” eman ondoren, Beak ondorioztatu zuen “nahastuta zegoela” eta bere hainbat jarrera ikusirik,  “etxean haur gay bat” zutela pentsatu zuten. 

Urteetan ez zuten gaiaren inguruan gehiagorik entzun. Izan ere, Garazi “beti izan da oso haur normatiboa eta beti bilatu izan du besteak pozik izatea”. Baina Garaziren egoera emozionalak okerrera egin zuen. “Sumatzen genuen negarrez jardun zuela, baina ez zigun kontatu nahi izaten zergatik. Oso erreserbatua zen, harremanak egiteko zailtasunak zituen, beti zegoen triste…”. Zer gertatzen zitzaion kontatu nahi ez zuela-eta, 12 urte inguru zituenean Garaziren aitak proposatu zion gutun batean idazteko zer gertatzen zitzaion. “Eta gutun hartan berriro agertu zen gure begietan esaldi hura: bera neska bat zela. Hor argi ikusi genuen ez zegoela nahastuta, sakonagokoa zela kontua”. Larritasun handia bizi zuten familian, “haurra ez baikenuen batere ondo ikusten”, eta hainbat ate jo eta gero, nora jo eta zer egin asmatu nahian zebiltzala, Donostian haur transexualitatearen inguruan antolatu ziren jardunaldi batzuetan parte-hartzea erabaki zuten. Han entzun zuten hizketan Aingeru Mayor, adin txikiko transexualen elkartea den Chrysallis-en Euskal Herriko elkartearen lehendakaria dena egun. “Bere mezua oso argigarria iruditu zitzaidan eta gauza zehatzak azaldu zizkigun: neska bezala tratatu behar genuela, bere neska izena aukeratu behar zuela, neska bezala hasi behar zuela bizimodua egiten...”. Beak gogoan duen inflexio puntu nagusia Chrysallis-en topaketa batzuetan parte hartu zuten lehen aldia da: “Han beste neskato trans batzuk ezagutu genituen. Garazik asko berretsi zuen bere nortasuna, ikusi zuen zen bezalakoa izan zitekeela, neskato haiek bezalakoa”. Bearentzat ere garrantzitsua izan zen ikustea neskato haiek “zoriontsuak, onartuak, errespetatuak” zirela. 

Handik aurrera egoera atzeraezina izan zen eta “oso azkar” joan zen dena. Chrysallis-en eskutik hasi ziren Garaziren transito soziala presta-tzen: “Nik txarrena espero nuen beste behin, baina oso polita izan zen bai familiarekin, lagunekin, ikastolan... Oro har, babes handia sentitu dugu eta ez dugu bazterketarik sumatu Garazirekiko. Harritzekoa izan zen bai gelakideek bai gainerako ikasleek nolako naturaltasunarekin hartu zuten gaia”. Hori bai, Beak onartzen du transitoarekin batera dolua pasatzea egokitu zitzaiola, “nik banuela uste nuen eta galdu nuen seme haren dolua. Niretzat hori izan zen zailena”.

Bat dator gogoeta horrekin Patricia Dominguez ere. “Onartu genuen geneukana, baina hortik benetan asumitzera, gure kasuan maskulinoan hitz egiten hastera, mutil bezala tratatzen hastera, alegia, benetan pausoa ematea asko kostatzen den prozesu bat da”.  9 urteko Zuhar semearen ama da Patricia. Adopzioan hartua da Zuhar, eta urtebete ingururekin iritsi zen Txinatik. “Eta hitz egiten hastearekin batera hasi zitzaigun zuzentzen: ‘guapa ez, guapo!’ Hasieran uste genuen marimutil samarra zela eta kitto. Gau batean telebistan haur transexualen eta beraien familien bizipenak jasotzen dituen Sexo sentido dokumentala egokitu zitzaion Patriciari, eta hor hasi zen etxean zuen egoerarekiko bere pertzepzioa alda-tzen. “Zaplasteko bat bezalakoa izan zen, bat-batean begiak ireki nituen”. Orduan 3 urte zituen Zuharrek, eta hain txikia izanik, zuhurtasun handienarekin jokatzea izan da Patricia eta bere familiaren kezka nagusia. “Garaziren kasuan, zaharragoa izanik, esan dezakegu bera dela erabakia hartzen duena. Gurasoei erraztu egiten die kontua, nahiz eta haurrak berak agian okerrago pasa. Baina hain txikia izanik, zuk hartzen duzu onerako edo txarrerako bere bizitzaren ardatza izango den erabaki bat. Eta errazagoa izango zen guretzat beste aldera begiratzea egoera honi aurre egitea baino, batik bat gizarteari begira. Hori da gurasooi beldur gehien ematen diguna: gure seme-alabek gizartearen aldetik jaso dezaketen bazterketa”.

Etxean zutena onartzen ari ziren bitartean, Zuharren ezinegona areagotzen zihoan: maskulinoz hitz egitea exijitzen zien gurasoei –etxeko hizkuntza gaztelania dute–, inolaz ere ez zuen onartzen neska arropak janzterik... “Gero eta espazio gehiago erreklamatzen zuen. Eutsiezina zen egoera”. Eskolako psikologoak Gehitura bideratu zituen, baina laster izan zuten Chrysallis elkartea Euskal Herrian sortu zenaren berri, eta haiekin jarri ziren harremanetan. Haien laguntzarekin, pixkanaka Zuharren transitoari ekin zioten. Hala, 5 urte zituelarik, Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzara pasatzeko tarte horretan egin zuten, ikasturte berria mutil gisa hasteko.

Bai Garazik bai Patriciak, Monica Zamoraren babesa aurkitu zuten Chrysallis-en. Bera eta bere seme Leo aitzindariak izan ziren gai honetan Bidasoa aldean eta Gipuzkoan. Bearen esanetan, “mundua ireki” zien Monica eta Leo ezagutzeak eta egoera zein positibotasun eta naturaltasunekin bizi zuten ikusteak. Patriciarentzat ere, “arnasa hartzea” izan zen harekin harremanetan jartzea. Egoera horretara iristeko, ordea, bai Monicak bai Leok ikasgaiz jositako bide propioa egin behar izan dute. 

 

Aitzindarien bidea

“Nik nire haurtzaroan eta nerabezaroan izan nituen halako sentsazio batzuk, orain nire adinarekin ezin ditudanak orduan bizi izan nituen bezala identifikatu, baina... transexuala naiz? Ez dakit, oraingoz Monica naiz, eta lasai nago nagoen bezala”. Bizipen horrek, ordea, bere semearen “sen-tsazioak” ulertzen lagundu dio Monicari. “Nire semeak oso txikitatik uko egin dio eta asko sufritu izan du bere arreba zaharrenaren arropak janzten saiatzen ginenean. Ni ere beti mutil jantzian ibiltzen nintzenez, ulertu egin nuen. Baina egia da, hala ere, zerbait arraroa ikusten nuela. Dena dela, ez nuen transexualitatearen kontzeptua buruan, nire burutik ez zen pasatzen, eta pasatzekotan homosexualitatearen baremo berdinetan egiten nuen; alegia, nerabezaro aldera hasten zela pertsona bat transexual gisa identifikatzen bere burua, sekula ere ez nuen haur batekin lotuko kontzeptu hori”. 

Transexualitatea aintzat hartu gabe, Beak bezala uste izan zuten urte luzez haurra “marimutil samarra zela, edo lesbiana. Baina portaerek ozen esaten zuten zer ari zen gertatzen, kontua da ez genekiela identifikatzen”. Adibidez, behin galdetu zien zergatik zuen Ane izena, eta zergatik ez, adibidez, Niko. “Nik esan nion, ‘baina Niko mutil izena da’, eta bere erantzuna argia izan zen ‘bada, noski, horregatik ba!’. Eta nik ‘baina zertarako izan nahi duzu mutila? Neska izanda ere mutilek egiten dituzten gauza berberak egin ditzakezu, eta mutil arropak ere jantzi ditzakezu’ esaten nion”. 

Izan ere, Patriciaren kasuan bezala, arropa zen arazo nagusietako bat. Eta Patriciaren kasuan bezala, Sexo sentido dokumentala erabakiorra izan zen Monicaren eta Leoren kasuan ere. Hori ikusita, Monica eta bere bikotea transexualitatearen aukera aintzat hartzen hasi ziren. 

“Bazituen halako gatazka batzuk, inpotentzia handia ikusten zitzaion, eta dokumentalean azaltzen zenarekin identifikatuta sentitu ginen”. Hurrengo urtean zehar Leoren arazoek okerrera egin zuten: “Larritasun arazoak izaten hasi zen, ez zuen eskolara joan nahi izaten eta joaten zenean berehala deitzen gintuzten bila joateko, ez zegoelako ondo, beti tripako mina izaten zuen…” Hamaika proba mediko egin zizkioten aldi horretan, eta, pediatraren kon-tsultan izan zirenetako batean, hau ohartu zen prakak kentzean haurrak galtzontziloak zeramatzala kuleroen ordez. “Haurrari hainbat galdera egin eta gero, pediatrak psikologoarengana bideratu gintuen”.

Garai bertsuan, estatu mailako Chrysallis elkarteak hitzaldia eman zuen Donostian, eta bertan elkarteko lehendakaria entzun zuen Monicak bere seme transexualaren bizipenak kontatzen. “Negarrez hasi nintzen, Leo definitzen ari zela sentitzen nuen, sintoma guztiekin”. Hitzaldia bukatzean hizketaldia izan zuten, eta honek Aingeru Mayorrekin jarri zuen harremanetan; gero elkarrekin sortuko zuten Monicak eta Aingeruk, besteren artean, Euskal Herriko Chrysallis elkartea. Donostiako hitzaldian izandako egun berean, Monica Leorekin eseri zen Sexo sentido dokumentala ikustera, eta, Nataliaren semea agertzean, hala baieztatu zion Leok amari: “Bai, hori da niri gertatzen zaidana”. 10 urte zituen orduan Leok.

Handik aurrera, egoera atzeraezina egin zen. Leo mutil gisa tratatzen hasi ziren etxean, eta Leok berak kontatu zien gertuko lagunei bere egoera. Haien babesa erabatekoa izan zen, baita ondoren eskolan jaso zuena ere. “Oso polita izan zen dena. Ni berez naiz oso pertsona positiboa eta hasieratik izan nuen argi aurrera egin behar genuela, beldurrik gabe. Homosexuala naiz, eta jada landuta neukan nire seme-alabekin aniztasunaren gaia. Azaldua nien agian egongo dela jendea ulertuko ez duena, agian zenbaitek iraindu ere egingo zaituztela, baina horrek guztiak ezjakintasunean duela iturria, eta errespetuz tratatu eta irakatsi egin behar diegula pertsona horiei”, dio Monicak. 

 

Egoera berriei harrera

Zuharren kasuan bezala, oso txikia zen Enar, Marian Emazabelen semea, transitoa egin zuenean; 3 urtetxo besterik ez zituen. Eta Zuhar bezala, ez da haur biologikoa, harreran hartua baizik, eta horrek areagotu egin ditu prozesu guztian zehar Marianen kezkak eta zalantzak; ez bakarrik halako haur txiki baten inguruko hain erabaki transzendentala hartu behar izateagatik, baita Diputazioarekiko eta guraso biologikoekiko harremanagatik ere: “Nik pentsatzen nuen ‘a ze mobida daukagun etxean’, eta harreran hartutako umea izanda nola sartuko nintzen bada horrelako kontu batean!”.

6 hilabeterekin iritsi zen Enar Marianen eta bere familiaren etxera. Honek ere, hitz egiten hasi orduko argi utzi zuen bere kondizioa. “Hizketan hasi orduko esaten zigun argi bera mutila zela. Ni oso koadratua naiz eta gogor, ‘potota daukazu eta neska zara, kitto!’ erantzuten nion”. Arropa etengabeko gatazka iturria zen Enarrekin. “Nazkatuta geunden, egunero janzterakoan iskanbila izaten genuen”. Irakaslea da Marian eta eskolan sexualitatearen inguruko hitzaldi batean erabat identifikatu zuen transexualitateaz esandakoa etxean bizi zuen egoerarekin. Formazioa ematen ari zen pertsonarekin hitz egin, eta honek azaldutakoaren ildotik, pausoak ematen hastea erabaki zuten. “Hasteko, armairua ireki eta bota nahi zuena botatzeko aukera eman genion. Lau gauza gorde zituen eta arratsalde hartan bertan arropa berria erosi genuen, mutil arropa. Hor bukatu ziren arroparen arazoak”. Baina Enarrek pauso gehiago nahi, behar zituen. Egunero etortzen zitzaion familiari Lucas edo Imanol, edo… mutil izenen batekin deitzeko eskatuz. “Egun batean alaba zaharrenak esan zidan, ‘ama, ezingo gara ba ibili egunero izen berri batekin!’. Azkenean ordu arteko izenetik, Enaratik abiatu, eta Enar proposatu genion, eta pozez txoratzen gelditu zen bera. Egun hartan bertan, eskolara eramatean, behin eta berriz eskatu zidan irakasleari azaltzeko bera Enar zela. Eta halaxe egin nuen”. Irakasleak naturaltasun handiz azaldu zien ikaskideei egoera, eta aurreran-tzean Enar izan da eskolan. Gabonekin batera, familia osoari azaldu behar izan zioten, ordea, aldaketa, eta Marian beldur zen familiako hainbat kidek izan zezaketen erreakzioaz. “Gabonetan, baserritar janzteko eguna iritsi zen, eta nire koinatak esan zion haurrari ‘Enara, kaxerita janzteko prest?’ Honek berehala erantzun zion, ‘Ni Enar naiz, eta kaxerito jantziko naiz’. Orduan erabaki zuen azalpenak ematea”.Txarrena espero zuen Marianek, baina hauen erreakzioa uste baino hobea izan zen. Pausoak eman ahala, Enarren nortasuna finkatzen joan zen, “eta jada ez zegoen atzera bueltarik: bera aurreraka tiraka, eta zu atzeraka tiratzen, frenatzen… Hain zaude mundu arraro batean, gaizki baina ondo, negar pila eginez, emozio nahasmen handiarekin”.

 

Normaltasunera igarotzen

Dena ez da transitoan, igarotzean bukatzen, ordea. Igaro dira, bai, beren egiazko sexura, baina besteen begiradak, gizartearen presioak luzeago bilakatzen du normalizazioranzko pasabidea. Oraindik ere egunerokoan koska txiki nahiz handiak, erronkatxoak eta erronkatzarrak agertzen dira. Edozein familiatan izan daiteke kezka iturri haurra lehen aldiz udalekuetara joatea, baina haur transexualen familietan ohiko kezkei halako plus txiki bat gehitu behar zaiela dio Patriciak. Zuharrek aurten, 9 urterekin erabaki du lehen aldiz udalekuetara joatea, eta Patricia “ama bezala oso beldurtuta” dago, ez duelako semea “arriskuan jarri nahi. Ea ingurune berri horrek nola erreakzionatzen duen. Baina era berean ume arrunta izatea nahi dut, udalekuetara joatea”. 

Monicak ere izan du antzeko bizipenik. Iaz surf kanpamendu batzuetara joan zen Leo, “alegia, egun guztia hondartzan eta bainujantzian ibili behar zuen”. Kezkatuta gelditu zen, “baina bila joan nintzenean han zegoen poz-pozik, lagun pila bat egin zituen…”. Horretan Leoren nortasunak ere zerikusia duela uste du Monicak: “Leo oso indartsu ikusten dut, segurtasun handia dauka bere buruarengan. Berak gaitasuna izan du hara joateko, agian beste ume bat ez zen ausartuko zakila izan gabe udaleku horretara joaten. Hain da potentea berak bere buruaz duen pertzepzioa, hain garbia, nik uste berarentzat pentsaezina dela norbaitek bera neska gisa hartzea”. 

Horrekin lotuta, uste du haur bakoi-tzaren nortasunak ere zerikusi handia duela transexual gisa gizartetik etor dakiekeen erantzunari edo presio sozialari aurre egiteko. Izan ere, “leku guztietan erantzun ona izan dugula ari gara esaten, baina ezagunak dira bullying edo suizidio kasuak haur transexualen artean”, gogorarazten du Patriciak. Horren aurrean, ezinbestekoa eta garrantzitsua iruditzen zaie Chrysallis-en gisako elkarteek egin duten informazio, sentsibilizazio eta normalizazio lana. Beak dioen bezala, “jendeak agian oraindik ez dauka oso argi haur transexual bat zer den, baina behintzat badakite egon badaudela eta zorionez bizi garen komunitateetan errespetua gailentzen da”. Chrysallis-ek ere bere mezua norabide horretan bideratu duelakoan dago Marian: “Gure mezua izan da ‘ulertzen dugu ez duzuela ulertzen, eta hala bada prest gaude zer den azaltzeko. Guk nahi dugun bakarra gure seme-alabak zoriontsu izatea da’. Eta nik uste dut mezu hori erraz ulertzen dela, guraso bazara badakizu zer den zure seme-alaben zoriontasuna nahi izatea”. Gainera, ezjakintasunaren eta ez-ulermenaren kasuan, norbait kriminalizatzekotan gurasoa kriminalizatzen da, Monicaren ustez: “Agian esango dute erotuta gaudela gure seme-alabek horrelako prozesuak egitea onartzeko, baina behintzat ez dituzte gure haurrak erasotuko”.

Eta Monicak mahai gainean jarri du haur transexualen familiak epaitzeko egon daitekeen joera. Patriciaren esanetan, “beti daukazu kuestionatua izatearen sentsazioa. Eskolako guraso bileran azalpenak ematetik atera eta, noski, pentsatzen duzu norbait etxera joango dela esanez zoratuta zaudela. Baina denbora eman behar zaio jendeari”. Beak uste du jendeari euren errealitatea azaltzea oso inportantea dela egoera ulertzen laguntzeko: “Egoera azaldu diedan guztiek, hasieran kosta arren, ulertu dute eta asmatu dute gure lekuan jartzen”. 

Marianek hezkuntza mailan eta, oro har, gizartearen heziketan aniztasunaren alde egin den lana nabarmentzen du: “Gaur egun jada ez da esaten desberdina den hori integratu behar dela, baizik eta denok garela desberdinak eta denok aportatzen dugula. Aniztasunean erlazionatzeko modu berriak aurkitu behar ditugu”.

 

ALDAKETA, KANPOAN NAHIZ BARNEAN

Zenbat familia, hainbeste bizipen. Baina bada guztietan errepikatzen den faktore bat, gutxienez: transitoan ez da haurraren generoa bakarrik transformatzen, baita haurraren beraren egoera emozionala eta portaera ere. Oraindik bere berezko generoa aitortu gabe zutenean, introspekzioarekin edo tristeziarekin loturiko sentipen eta emozioak izan ohi zituzten Garazik, Leok, Zuharrek nahiz Enarrek, eta inpotentzia handia islatzen zen beren portaeran. “Garazi erabat aldatu zen: mutil barnerakoi, lotsati, isila… izatetik, ireki egin da, bere erreserba puntua mantendu arren. Eraldaketa alor guztietan eman da, begi bistakoa da. Haurrek hobera nola egiten duten ikusiko balute, gure egoera ulertzen ez dutenen zalantzak argitu egingo lirateke”, dio Beak. Marianek ere gogoan du Enarrek portaera arazoak zituela eskolan transitoa egin aurretik: “Irakasleak esaten zidan kasketa asko harrapatzen zituela, beti esandakoaren kontrakoa egin behar zuela. Eta orain asko lasaitu da. Irakasleak dio ikasle zintzoa dela, edukazio handikoa, saiatua, langilea… Eta haurra ondo ikusten duzunean, hori da bide egokia hartu duzunaren seinalerik onena”. Bat datoz Patricia eta Monica ere haurrak lasaitu egiten direla esatean: lehen haurrengan sumatzen zuten tristurak pozari egin dio lekua. Egun ez da arrastorik geratzen Leok bizitako osasun arazo haietatik. Orain haur segurua eta indartsua da, eta alaia.