Loa, amets eta amesgaizto

2018-07-23

Gutxi izango dira gure ongizatea, fisikoa nahiz emozionala lo faltak bezainbeste kaltetzen duten faktoreak. Haur baten etorrerarekin, ordea, gurasoen loa iheskorra bilakatzen da; atsedena sekula ez da nahikoa. Loa amets eta amesgaizto bilakatzen denean, haurraren prozesu ebolutiboa ulertzea lagungarria izan daiteke. 

 
 
Loa, amets eta amesgaizto

 

Badira hazierarekin loturiko hainbat gai bereziki delikatuak, bereziki arantzatsuak gurasoentzat. Gurasoei loa kentzen, lapurtzen dietenak. Horien artean, etxe askotan nagusi, loa. Haurraren loa, edo lo falta, edo lokartzeko ezina, edo gauean zehar esnatu eta berriz loak hartzeko erronka, edo hori ez gertatzeko beldurra... Eta haurraren loarekin, edo lo faltarekin zuzen-zuzenean lotuta, gurasoen loa, edo lo falta. Soka beraren bi korapilo.

Erditu orduko hasten da sokaren korapiloetako bata bestea estutzen. Izan ere, gurasoak, eta noski bereziki erditu berri den ama, akituta aurki daitezke, haurdunaldiko nekeari errematea eman dion orduetako erditzearen ostean; agian ordu horien artean gaueko orduak ere izango ziren, loari lapurturiko orduak. Eta haurra beraiekin duten lehen gau horretan bertan, deskantsua amets denean, haurra ia orduero esnatuko dela, eta esnatuko dituela, ohartuko dira. Haurrarengan fisiologikoa eta biologikoki beharrezkoa den lo egiteko moduak lehen aldiz egingo du talka gurasoen lo beharrekin. Hasi da gaueko dantza. 

Eta loa, elikatzea, arnastea bezainbeste behar du gizakiak. Bizirauteko oinarrizko eginkizuna du. Hala, haurraren loak baldintzaturiko gurasoen loaldiak zirimola bati eman diezaioke hasiera: lo gutxi, edo eskas egin badute gurasoek, are gehiago iraunkorra bilakatzen bada lo gabezia, eragina izango du beraien egoera fisikoan nahiz emozionalean, eta, horrenbestez, baita beraien itzalean bizi den haurrarengan ere; eta, egoera horrek, era berean, eragina izango du bataren nahiz besteen loan. 

Izan ere, loa eta atsedena nahi bezainbestekoak ez izateko beldurrak agertuko dira. Gauari nolabaiteko beldurra har diezaiokete gurasoek, ilunarekin batera ager daiteke gurasoen antsietatea: ea haurra noiz lokartuko den, zenbat aldiz esnatuko den, eta esnatzen den aldi horietan erraz eta azkar lokartzeko gai izango ote den. Egoera hori estuki lotua dago, era berean, gure lan baldintzekin, lanaren egiturekin. Izan ere, gurasotasun baimenek iraun bitartean, gurasoak halako lizentzia eman diezaioke bere buruari egunean zehar ere haurrarekin batera lo egiteko, eta gauean lortu ez duen atseden eta errekuperazio hori erdiesteko. Alegia, haurraren loaren fisiologia eta gurasoen atsedena bateratzea posible izan daiteke, eta arazo nahiz korapilo izan beharrean, bizipen natural eta fisiologiko gisa dagokion lekua berreskuratzen du loak. Baina, hurrengo goizean lanera joateko goizean goiz esnatu behar duen gurasoak, ondoren siestarako aukerarik ere izango ez duenak, gauari atsedena eta loa eskatzen dizkio, eta hori ez badu bermatua, eskutik dator gauari beldurra eta antsietatea. 

Loa kentzen digun beldur hori eta antsietate horrek sorturiko zirimola mozteko, lagungarria da loa zer den, nolakoa den ulertzea, eta haur osasuntsuek nola egiten duten lo jakitea, Nahia Alkorta Elezgarairen ustez. Gurasotasun bidelaguna da Alkorta, eta gurasoekin hazieraren inguruan egiten dituen lanketen artean protagonismo handia hartzen dute loarekin loturiko gorabeherek; gauzak horrela, haurren loaren inguruko hitzaldiak ere ematen ditu nonahi. “Interesgarria da jakitea gutako inork ez dituela egiten 8 ordu lo jarraian. Loa ziklikoa da, eta ziklo bakoitzaren amaieran esnatu egiten gara. Agian eztula egingo dugu, edo buelta eman, eta ziklo berri batean barneratuko gara berriro. Baina garunari begira esnatze bat egon da, nahiz eta guk agian horren kontzientziarik ez izan. Haurren kasuan, ziklo horiek laburragoak dira, eta esnatze horiek erabatekoak, hasieran behintzat. Beraz, gurasoek esaten didatenean ‘gure haurra orduero esnatzen da’, orduan haur osasuntsu bat daukatela erantzuten diet. Arazoa da, noski, helduaren ikuspegitik egoera hori oso gogorra dela”. 

Haurrak, izan ere, esnatu egin behar du; bere fisiologiaren parte da; espezie gisa, biziraupena bermatzeko mekanismo bat. Gizakumea erabat dependiente da bere zaintzailearekiko, eta honen beharra du elikagaia eta babesa bermatzeko. Hain zuzen, horietaz hornitzen duen zaintzailea ondoan duela ziurtatzeko esnatzen da. “Ume txikietan, esnatzea oso garrantzitsua da. Hilabeteetako haurtxo bat, ez bada zaindua hil egingo da. Eta, ondorioz, haur hori mekanismo batekin dator mundura maiztasun jakin batekin ziurtatzeko bere zaintzailea inguruan dagoela. Beraz, haurtxoa esnatzen denean ‘hor al zaude?’ galdetzen ari zaigu, eta gerturatzen zaion heldu bat ‘lasai, hemen nago’ ari zaio eran-tzuten. Denborarekin ziurtatzeko behar hori erregulatzen joango da”, dio Juanjo Quintela psikologo eta psikomotrizistak, Pikler Lockzy metodologian adituak. Gainera, 6 hilabete arteko haurretan hipogluzemia arazoak egon daitezke, hau da, odoleko azukre maila jaitsi egin daiteke ez bada erregularki elikatzen. “Maiz esnatzea mekanismo egokia da hori saihesteko, ez baitu egon behar ordu asko elikatu gabe”. Beraz, haurra sarri esnatzea baino, ez esnatzea litzateke arazoa, korapiloa, zerbait ondo ez dabilenaren seinalea; Rosa Jové idazleak Dormir sin lagrimas (Malkorik gabeko loa) liburuan dioen moduan, pediatrentzat kezkagarriago izan ohi dira elikatzeko ere esnatu gabe loaldi luzeak egiten dituzten haurtxo txikiak, sarri esnatzen diren eta elikagaia nahiz gurasoen zaintza ziurtatzen dutenak baino.

Ildo beretik mintzo da Alkorta ere: “Haurra esnatu egiten da biziraupenagatik, espezie gisa hala dagokiolako, eta bermatu egiten du leku seguru batean dagoela. Hor gure biologia sartzen da jokoan. Guraso bezala ulertu behar dugu gure haurra ez dagoela prest gau osoa bakarrik egoteko. Une oro behar dute gure presentzia eta horregatik da hain beharrezko kontaktua esnatzen den une horietan”. 

Eta azalpen horrek laguntzen du askatzen loaren sokaren korapiloetako bat: haurraren ikuspegitik, normala ez ezik (bere biziraupen mekanismoak aktibo daudela erakusten du) komenigarria ere bada sarri esnatzea (hipogluzemia gisako arazoak saihesten ditu). Baina bigarren korapiloak estu jarraitzen du: haurra sarri esnatzea gurasoen ikuspegitik izan daiteke arazo, horien loan, atsedenean eta osasun emozionalean eragiten duelako. “Ia orduro esnatzen den haur jaioberri horrek kointziditzen du gurasoentzat oso gogorra den une batekin: perinatal aldia. Fisikoki ez gaude ondo, hormonak dantzan dabiltza, eta geure burua berraurki-tzen ari gara. Zer esanik ez erditzea gogorra izan bada, edo traumatikoa, edo bikoteak lanean hasi behar badu, edo amak berak hasi behar badu lanean… Beraz, gurasooi askotan kosta egiten zaigu onar-tzea horrelakoa dela haurraren loa, etengabeko esnatzeekin, eta modu inkontzientean bada ere, haserretu egiten gara. Gurasoentzat une zaila da”, dio Alkortak.

Esan bezala, lanera buelta izan daiteke maiz loa gai arantzatsu bilakatzen duena. Arazoa ez da hainbeste gaua nolakoa izan den, baizik eta gau hori eta gero, goizean goiz jaiki behar dutela gurasoek lanera joateko, lan munduko ordutegi hertsiei erantzuteko, eta haurrak ere bai, haur-eskolara joateko. 

Atseden faltak sorturiko ezinegona arintzeko, lagungarria izan daiteke ulertzea fase bat dela, haurraren hazierarekin loturiko beste hainbat alderdik bezala, loak ere garapen bat behar duela ulertzea. Izan ere, Rosa Jovék bere liburuan azaldu bezala, loa prozesu ebolutiboa da, elikadura edo mugimendua bezala, haurraren garapenaren baitan kokatu beharrekoa: ”Loa prozesu ebolutiboa da. Haur osasuntsu guztiek, nahiz eta sarri esnatu gauean zehar edo lokartzerakoan arazoren bat izan orain, egunen batean normaltasunez egingo dute lo. Haurren loak nola eboluzionatzen duen ezagutzen badugu eta horren arabera jokatu, haurrei lagundu egingo diegu prozesu hori modu egokian garatzen”. Eta, horrek, era berean, gurasoen atsedena hobe-tzea ekarriko du.

 

Nolakoa da, bada, loa?

Loaldi bat 90-120 minutuko iraupena duten zikloetan banatzen da, eta ziklo horietako bakoitza, era berean, 5 fasetan. Horietariko lau lo lasaikoak lirateke, edo ez-Rem loarenak; 5garren fasea, berriz, REM (Rapid Eye Movement, begien mugimendu azkarra) loarena litzateke.  Lo lasaiaren 4 faseetatik lehenengoa esna egoeratik lo egoerarako trantsizioarena da. Hala, lehen fase horretan loa oraindik oso arina da. “Giharrak laxatu egiten dira eta begiak ixten zaizkigu, baina oraindik ere inguruan ditugun estimulu gehienak antzematen ditugu, hala entzumenarekin nola ukimenarekin loturikoak. Beraz, loa ez da oso indarberritzailea fase honetan”, dio Quintelak. 2.go fasean, zentzumenen bidez iristen zaigun informazioaren sarrera blokeatzen hasten da nerbio-sistema, inguratzen gaituen horretatik deskonektatzen nolabait. Hala, lo arinetik lo sakonerako trantsizioa markatzen du fase honek. Izan ere, 3.go fasean loak jada sakontasun handiagoa hartzen du, zentzumenen blokeoa indartzen da. Fase hau “funtsezkoa da hala atsedenerako nola atsedenaren pertzepzio subjektiborako”, Quintelaren esanetan: “Fase honetan esnatzen bagara, burua nahasirik esnatzen gara”. Lo lasaiaren 4.go fasean hartuko du loak sakontasun handiena. Fase honetan garunaren jarduera mantsoagoa da eta muskuluen tonua oso apala. “3.go fasea bezala, funtsezkoa da indarberritze fisikorako”. 

Eta lo lasaiaren ondoren, REM loaren fasea dator, 5.goa. Lo aktiboa ere deitzen zaio fase honi, garunak esna gaudeneko antzeko jarduera izango baitu, eta, beraz, fase honetan agertu ohi dira ametsak. Gorputza, aldiz, guztiz erlaxatua egon ohi da. Aurreko faseak indarberritze fisikoarekin lotzen diren bezala, REM fasea atseden psikiko eta emozionalarekin lotzen da. Loa askoz ere arinagoa da, garuna aktibo dagoen heinean, eta, beraz, esnatzea erraza da REM fasean.

Eta, hain zuzen, REM fasearen ostean, loaren zikloa amaitzearekin batera, iristen dira esnatzeak. Gauero 6 eta 10 esnatze bitartean izaten ditugu guztiok, loaren lauzpabost ziklo lotzen ditugun bitartean. Kontua da helduetan esnatze horiek oso laburrak, puntualak izan ohi direla; agian pare bat esnatze izan daitezke sakonagoak. Jovék dioen moduan, “guztiok esnatzen gara 10 bat aldiz gauen zehar. Desberdintasun bakarra da helduok jada teknika menderatzen dugula, eta, asko jota, buelta hartzen dugu, izarak luzatu, eta lotan jarraitzen dugu esnatu izanaren kontzientziarik ere hartu gabe”. Haur txikietan, aldiz, alderantziz gertatzen da: pare bat esnatze laburrak, puntualak izango dira, eta gainerakoak luzeagoak. Gainera, lo sakonak denbora gehiago hartzen du gauaren hasieran, eta REM loak, lo arinak, presentzia handiagoa du gauaren bigarren zatian; izan ere, fisikoki indarberritzen doan heinean, lo sakonaren behar gutxiago izango du gorputzak, eta lo arina joango da nagusitzen. Horrekin, esnatzeko aukerak handiagoak izango dira gauaren bigarren zatian, goizaldera hurbildu ahala. 

Jaioberritan, hiru hilabete bete arte, gutxi gorabehera, haurrak oraindik ez ditu garatuak zikloa osatzen duten fase guztiak, eta REM loak har-tzen du loaldiaren zatirik handiena. Hain zuzen, bi fasetan bakarrik bereiziko da loa: lo lasaia deitzen dena, alegia, REM ez dena, eta REM loa, nagusi izango dena. Izan ere, haur jaioberri batengan aktibitate fisikoa oso mugatua da, sukzioa edo zurrupatzea da eginkizun fisiko nagusia, eta horrekin batera buruaren mugimendu pixka bat egon daiteke. Aldiz, garun mailan aktibitatea handia da: “Estimulu pila bat jasotzen ditu, bizipen berri ugari, eta horiek antolatzeko beharra du. Eta horretarako denbora behar du. Beraz, loaren denboraren zati handi bat eskaini behar dio erreparazio psikologikoari, ikasketa-prozesuari, oroimenean lehen gauzak gorde-tzen hasteari… garunean gertatzen diren aferei”, dio Quintelak. 

Ildo beretik mintzo da Alkorta ere: “Haur jaioberri batek gastu energetiko oso baxua dauka, baina ikasten dutena izugarri da. Hala, ulertu behar dugu loa zertarako den. Noski deskantsu fisikoa ematen digu, eta garrantzitsua da hori, baina baditu beste funtzio oso inportante batzuk ere. Adibidez, ez badugu lo egiten, ez dugu ikasten, eta pentsa haur jaioberri batek zenbat gauza dituen ikasteko. Hazkuntzaren hormona ere lo gaudenean jariatzen da, eta beraz pisua hartu eta hazi egin behar duen haur batek lo asko egin behar du. Gainera, loa ezinbestekoa da emozioen kudeaketarako, emozionalki erregulatzeko”. REM loak edo lo arinak hartzen duen presentzia horrek, era berean, ahalbidetzen du haurra sarri esnatzea ezinbestekoak dituen elikadura eta babesa ondoan dituela bermatzeko.

 

Haurrarekin hazten da loa

3 hilabetetik aurrera, haurrak mugimendua garatu ahala, bere loa ere aldatzen hasiko da. Izan ere, gorputza biratzen hasiko da, eskuen eta hanken mugimendua ugariagoa izango da, lau hanketan jartzeko saiakerak egingo ditu... Horrekin, haurraren gastu energetikoa handiagoa izango da, eta, beraz, deskantsu fisikoarekin loturiko ez-REM loa edo lo lasaiaren fasea luzeagoa izango da, eta konplexuagoa. Izan ere, 6-7 hilabeterako garatuak izango ditu ez-REM loaren lau faseak. Bestalde, lo zirkadianoa garatzen hasten da, hau da, loa batik bat gauean pilatzen da, eta egunean pare bat siesta egingo ditu. Gainera, haurra gutxiago esnatuko da loaldian zehar; batetik, bizipenetan oinarrituriko memoria garatzen duelako haurrak, Quintelaren esanetan, eta horren ondorioz, nolabait konfiantza duelako zaintzailea ondoan dagoela (baldin eta hala izango dela adierazi badiogu gure presentziarekin). Eta, bestetik, biologikoki ere hipogluzemia arriskuak behera egiten duelako eta haurrak ez duelako beharrezkoa hain sarri elikatzea, eta beraz, ez daukalako horretarako esnatu beharrik. Alegia, Alkortak laburbiltzen duen moduan, “erabat desordenatuak ziren lo ziklo horiek ordenatzen hasten dira”.

Hala ere, Alkortak uste du badela fase honetan eragina duen beste faktore bat: 6 hilabetetik aurrera haurra elikadura osagarria hartzen hasiko da, alegia, esneaz gain bestelako jakiak hartzen, eta liseriketa-aparatuak horretara egokitu behar du. “Arretaz behatu behar dugu elikadura osagarri horrek zer eragin duen bere atsedenean”.

Eta, haurrak 8 hilabete bete dituenetik aurrera, “gauzak berriro konplikatu egiten dira, eta hori ez dizu inork kontatzen. Pentsatu ohi da lehen hilabeteak direla txarrenak, baina haurrak norberaren eta bestearen kontzientzia hartzearekin batera, separazioaren antsietatea agertzen hasten da, eta orduan dator okerrena, 2-3 urte egin arte”. Jovék ere separazioaren antsietatea aipatzen du adin tarte honetako loaldian: “8 hilabete ingururekin haurrak badaki zaintzailea eta bera pertsona desberdinak direla. Eta zaintzailea desagertzen denean, larritasuna dator (...) Haurra konturatzen da lotara doanean gurasoengandik bereizten dela, eta ahalik eta gehien saiatuko da lotarako unea atzeratzen. (...) Beraz, lasaitzen lagundu behar diogu lotara joan aurretik. Zein da horretarako modurik ezagunena? Konpainia egitea!”.

Gainera, adin tarte horretan, haurrak urrats handiak egiten ditu bere garapenean: oinez ibiltzen hasiko da, hizketan ere bai, zenbaitetan gogorra eta nekeza egiten zaien sozializazio prozesua abiatuko da, mina hartzen edo sustoak izaten hasten da ordu arte oso babestua egon den haurtxo hori... eta hori guztia kudeatzea dagokio haurrari, loaren bidez ere. 

Emozio festa hori kudeatzearekin lotuta, “sasoi honetan hasten dira agertzen amesgaiztoak, 9 hilabetetik aurrera”, dio Alkortak. Eta amesgaiztoen eskutik etor daiteke loari beldurra: “Une kritikoa da, zeren eta hor garatzen da gizakiok izan dezakegun beldurrik txarrenetarikoa: loari beldurra”. Izan ere, ez badu lo egin nahi, loari izkin egin eta esna mantentzeko ahalegin horretan larritasun egoera batean sartuko da haurra, eta are okerrago egingo du lo, eta aukera gehiago izango du egoera horretan amesgaiztoak izateko, eta okerrago esnatuko da.... “eta zirimola batean sartzen da. Gainera, gurasoekin borroka bat hasten da: “Nekatuta gaude, kezkatuta gaude sufritzen ikusten dugulako, gatazkak sortzen dira umea loarazteko...”. 

3 urterekin gaueko esnaerak nabarmen hasiko dira gutxitzen. 6 urte ingururekin ez-REM aldiko lau faseak erabat ezarriko dira, eta heldu baten loaren nahiko antzekoa izango da haurraren loa. Hala, 8-9 ordu inguruko loaldia egiten hasiko da haurra, eta esnatzeak ia erabat desagertuko dira. Quintelaren esanetan, “baliabide sinbolikoek eta bereziki mintzamenaren garapenak zerikusi handia dute loaren normalizazioan: hitzaren erabilerak aukera ematen dio haurrari bere sentimenduak, kexak eta desirak helduarentzat ulergarri den modu batean adierazteko”. 

Dena dela, Alkortak arrisku bat ikusten du fase honetan: haurra eskolatua egon ohi denez, ordutegi bat bete beharra dauka, goizetan ordu zehatz batean iratzarri behar izaten du, eta haurraren lo beharren aurretik lehenetsi ohi da hori. “Adin tarte horretan 10 ordu inguru lo egin behar izaten dute, eta normalean ez diegu hainbeste lo egiten uzten. Eta, gainera, siestak desagertzen joango dira poliki-poliki. Ikusi beharko litzateke siesta horiek beraien kabuz desagertzen diren, edo ez diegulako horretarako espaziorik eskaintzen gertatzen den”. Astean zehar ezarrita dugun ordutegi hertsiak haurraren lo beharrak errespetatzen dituen edo ez ohartzeko, asteburuetako loaren pautak behatzea gomendatzen du Alkortak: “Asteburuetan lo gehiago egiten badu, edo egunerokoan errentxinduta iristen bada gauera, seinale ez dela lo nahikoa egiten ari”.

 

Korapiloak askatzen

Haurraren garapenaren parte da, beraz, loa erregulatzen hastea. Oinez ibiltzen ikastea, bakarrik elikatzen hastea, edo hizkera menderatzea bezala, denbora eskatzen duen prozesua da. Bitartean, gurasoek loaz duten pertzepzioa positibatzeko lagungarri izan daiteke prozesu hori ezagutzea eta ulertzea, eta haurrari bide hori egiten laguntzea. Izan ere, Quintelak dioen moduan, “ezinegon handia sortzen dit erlatiboki natural joan behar lukeen kontu batek hartzen duen norabideak gure gizartearen gogortasunagatik, malgutasun faltagatik, helduok gauari hartzen diogun beldurragatik. Haurrei samurtasuna, lasaitasuna, umorea emateko gai garen guraso onak izan arren, loak gugan sortzen duen ezegonkortasun efektuak, lo faltak sortzen duen desesperazioak, haurrekin dugun harreman guztia kutsatzeak kezkatzen nau”.

 

Guztiok ala inork ez

Guztiok egiten dugu lo ala inork ez. Hala izan ohi da etxe askotan. Edo guztiok gaude deskantsatuta eta indarberrituta, fisikoki nahiz emozionalki, edo inor ez. Izan ere, gurasoek, haurraren zaintzaren eta honen ongizate fisiko nahiz emozionalaren arduradun diren heinean, osasuntsu eta indartsu sentitu behar dute erantzukizun horri aurre egiteko. Bestela, hor hasten dira komeriak! Nahia Alkortak esan bezala, “gurasotasuna erronka bat da, eta lo egiten ez duzunean oso erronka gogorra bilakatzen da”. 

Eta hor hasten da zirimola: gurasoek ere lo egin behar dute ezinbestean haurrak lotarako beharrezko duen atmosfera eta bizimodu atsegin eta lasaia eskain-tzeko. Baina haurrak ez badu ondo lo egin gurasoak erretxinduta eta akituta egongo dira, eta horrek ez du lagunduko haurrak lo ondo egin dezan... Horregatik, Alkortak behin eta berriz nabarmentzen du “gurasoen loa optimizatzea” ezinbestekoa dela zirimola askatzeko. Nola egin hori, ordea?

Amak haurra edoskitzen duen kasuetan, sarri ama horrek hartzen du bere gain haurraren esnatzeek dakarten zama. Izan ere, esnatu den haurrak, zenbaitetan amaren kontaktua sentitzearekin edo ahotsa entzutearekin aski izan arren, maiz titia eskatuko du berriro lokartzeko. Horrek dakar ama haurra adina aldiz esnatzea gauean zehar, eta bere atsedenaren kalitatea asko murriztea. “Demanda handia dago amarekiko”, dio Alkortak. Halako kasuetan, gurasoen arteko korrespontsabilitatearen gaia jartzen du mahai gainean: “Bikotea dagoen kasuetan, txandak egin beharko dituzte kontziliazioaren barruan loari ere espazioa emateko. Adibidez, arratsaldean bikotea joan daiteke haurrarekin parkera amak lo egin dezan. Hau da, haurrak gauez ez badio lo egiten uzten amari, honen beharra duelako, egunez amak espazioa behar du lotarako. Modu horretan, umearen beharrak errespetatzeaz gain gurasoen atsedena ere errespetatuko dugu”. Horretaz gain, bereziki bikotea ez dagoen kasuetan, “garrantzitsua da laguntza eskatzea, gurasoei edo lagunei, umea pare bat orduz har dezaten guk atseden har dezagun. Asko kostatzen zaigu hori egitea, baina pare bat ordu horietan haurrak ama zoriontsu eta osasuntsu bat irabaziko du”. 

Gainera, gurasoak bere beharrak errespetatzeak haurrari ikasgai bat eskaintzen diolakoan dago Alkorta. “Ezin diogu ume bati erakutsi bere gorputza eta besteena errespeta-tzen, guk gure gorputza errespetatzen ez badugu. Loak hori txikitatik irakasteko aukera ematen du”. 

 

Loaren besardaka iheskorra

Iritsi da gaua, iluna. Gurasoak jada ahozabalka hasi dira, ohera joateko irrikaz, egunean zeharreko lanaren nekeari agian aurreko gauean zehar izandako esnatzeek eragindako deskantsu faltaren sentsazioa gehitu behar baitzaio. Eta haurra, bitartean, jostari, logura izan arren, loari lekua egiteko borondate gutxirekin. Lotarako asmaturiko eta antolaturiko errutinen efikazia kolokan jarriko zaio gurasoari, edo agian aspaldi etsiko zion errutina bat asmatzeari, eta besterik gabe haurra loguraren loguraz noiz erori zain egongo da, besterik gabe. Etxe askotako argazkia izan daiteke. 

Eta nola lagundu lokartze horretan haurrari? “Ez da erraza gurasoen azalean jartzea. Beraz, nik beti Aldanondo metodoaz hitz egiten dut” dio Quintelak, alegia, bakoitzak ahalik eta ondoen doakiona, ahal duena egiteaz. Hala ere, Pikler metodologian aditu gisa, haurraren gaitasunetan konfiantza izatea, hau da, haurra bere kabuz lokartzeko gai dela sinesteari ezinbestekoa deritzo Quintelak. “Magda Gerber-ek dio bakardadeaz gozatzeko gaitasuna haurtzaroan hasten dela. Gaitasun hori oso garrantzitsua da lokar-tzeko orduan. Izan ere, lokartzeko une horrek beti dauka bakardade puntu bat. Are gehiago, helduontzat tristura puntu bat ere izan dezake”. Horrekin lotuta, Quintelak uste du helduak “bakardadearekin elkarbizitzeko daukagun zailtasunetik abiatzen” direla, eta horren araberakoa dela euren portaera haurra lokartzeko uneari begira. Hala, joera egon daiteke haurrari musika jartzeko akonpainamendu gisa, baina hala “mundu honetan gelditzeko estimulu bat ematen diogu, mundu honetatik erretiratzeko eskatzen diogun bitartean”. Edo, umea lokartzeko une hori ez dadin “hain zaila, hain tristea izan, egongelan izaten dute eurekin besoetan, lokartzen denean eramateko sehaskara. Aldanondo metodoaren baitan egokia izan daiteke, baina etorkizunera begira nik uste ez dela erabat zuzena. Izan ere, nik uste dut umeek badutela sendotasun hori, lo egingo duten toki horretan esna gelditu eta beren burua lasaitzeko mekanismo propioak aurkitu ahal izateko”. 

Hori bai, haurrak bere gaitasunak azaleratu ditzan, helduak “bere samurtasuna eta presentzia” eskaini behar dizkio, babesa eman eta ondoan egon. “Eta gauean esnatzen bada, azkar erantzun behar da. Eta azkar diodanean ez dut esan nahi zalapartan gerturatu behar duenik, baizik eta presentzia maitekor eta lasai bat eskainiz”. Modu horretan, haurra “oroimen korporal eta sentsorial” bat hasten da garatzen, bizipenetan oinarritua, zeinetan bere zaintzailea beti dagoen ondoan. “Horrek lasaitasuna ematen dio haurrari”.

Bestalde, bakarrik lokartzeko prozesu horretan lagungarri, helduak haurrari “aurreikusteko moduko bizitza bat eskaini” behar diolakoan dago, eta, horren baitan, “garrantzitsua da egingo dugunaz, gertatuko denaz hitz egitea, egin aurretik. Hasieran uste dugun arren ez digula ulertu, hilabete gutxiko haur batek aho-tsaren tonua ulertzen du eta hasi da tonu honek dakartzan hitzak ulertzen”. Beraz, lokartzeko eta atseden hartzeko ordua iritsi dela iragartzea proposatzen du Quintelak, “eta ondoren gure hitzak prozesatzeko eta erantzuteko denbora eman behar zaio. Erantzuna jasoko dugu keinu edo mugimendu baten bidez, bere disponibilitatearen eta jarreraren berri emanez. Erreakzio honen ostean ekingo diogu lokartzeari”.

Alkortak ere uste du komenigarria dela haurrak datorrena aurreikustea, eta, ildo horretatik, “errutinek balio dute garuna datorrenerako prestatzeko”. Dena dela, errutina ez du hainbeste ordutegi batekin, “erlojuarekin” lotzen, baizik eta “umeak jakitearekin zer datorren gero, horrek lasaitasuna emango diolako. Erabat bizimodu desordenatua badaramagu konplikatuagoa izango da umeak lotara goazela ulertzea”. Alkortaren ustez ez du zentzurik 9etan hastea lotarako errutina haurrak ez badu logura seinalerik eman: “Lokartzeko saiakera horretan eman ditzakegu 3 ordu, desesperatuta, eta ez dauka inongo zentzurik. Zeren eta guri sekulako estresa ekarriko digu, eta inkontzienteki bada ere haserretzen joango gara. Eta haserre gaudenean gure gorputza ez da lotarako espazio egokia. Geuk atzeratzen dugu loa”. Izan ere, behin haurrak 9 hilabete dituenetik aurrera, “berak erabakiko du noiz nahi duen lo egin, eta lo egin nahi ez duen pertsona bat lokartzea oso konplikatua da”. Beraz, haurraren lotarako seinaleak identifikatzen jakitea eta horiek iritsi arte “ez borrokatzea” defendatzen du Alkortak: “Horrela guztion estres maila arintzea lortuko dugu”. 

 

Lotarako bidelagun

Horren ildotik, Quintelak uste du helduaren lana dela haurrari lokartzen lagunduko dion atmosfera egokia sortzea, besteak beste erritmoa mantsotuz: “Helduaren jarrerak laguntzen du. Mugimenduak, aho-tsaren tonuak, inguruneak... lasaigarriak, sosegatuak eta atseginak baldin badira, lokartzen lagunduko diote; estimulatzaileak baldin badira, ez”. Horretaz gain, haurrari egun baketsuak eskaintzearen garrantziaz mintzo da Quintela: “Egunean zehar izandako lasaitasunak, soseguak eta baretasunak ere laguntzen dute loa eta loaren bizipena egokia izaten”. Kontrara, egunean zehar gehiegizko estimulazioa jaso duten haurrek lokartzeko arazoak dituzte”. 

Era berean, heldua bere egoera emozionala kudeatzeko gai izateak haurrari dakarkion onuraz mintzo da Alkorta: “Ondoan urduri dagoen pertsona bat daukagunean, gu ere urduritu egiten gara. Bada, haurrei gauza bera gertatzen zaie. Ezin dugu sinetsi gu urduri bagaude hurrengo egunean bilera inportante bat daukagulako, haurra lasai-lasai eta erraz lokartuko denik, ez baitu egingo. Ulertu behar dugu gure ardura ere badela emozioak kudeatzea, berari ere eredua ematen diogulako eta hobetuko dugulako etxeko egoera”. 

Eta, gauean zehar esnatzen denean nahiz oheratzeko orduan, “gutxienekoa egitea” da Quintelaren ustez gako nagusia: “Helduak gehienekoa egiten badu, hau da, besoetan kulunkatu, paseatu, berarekin jolastu... haur hori ohitu egingo da estimulatua izatera, eta maizago esnatuko da”. Hala, “bere kabuz lokartzeko prozesua mantsoa dela eta ez dela egun batetik bestera garatuko ahaztu gabe”, haurrarengan sinestea eta bere gaitasunetan konfiantza izatea funtsezko da Quintelaren iritziz.

Alkortak, bere aldetik, bestelako ikuspegia du horren inguruan. Izan ere, lokartzeko bide horretan haurrarentzat helduaren kontaktua eta mugimendua oso lagungarriak direlakoan dago: “Mugimenduak eta kontaktuak lagunduko du umearen nerbio-sistema zentrala erlaxa-tzen. Orduan, lo ziklora erlaxatuago sartuko da, eta lo hori sakonagoa eta eraginkorragoa izango da”. Dena dela, Quintelaren Aldanondo metodoaren eskutik, Alkortak uste du arau orokorrekin tentuz ibili behar dela: “Ez dago familia guztientzat balio duen araurik. Gaur nola egingo dugun lo erabakiko dugu etxe honetan gaudenok, gaur, gauaren hasieran”.