"Norbanako bakoitzak bere emozioak sortzen ditu, pentsamenduaren bidez"

2018-07-18

* Donna Apellaniz irakaslearen eta adimen emozionaleko adituaren eskutik

Badirudi azken urte hauetan leku bat hartzen ari dela adimen emozionalaren kontzeptua eta emozioen garrantzia, eskoletan eta hezkuntzaren arloan. Gizartea aldatzen ari da, eta, horrekin batera, haurrak hezteko modua ere bai.

 
 
"Norbanako bakoitzak bere emozioak sortzen ditu, pentsamenduaren bidez"

 

Gaur egun, haurrek zer behar duten kontuan hartzen saiatzen gara, bai eta zer sentitzen duten ere. Baina, haien beharrak eta emozioak gure itxaropenekin bat ez datozenean edota horiek gure sinesmenen kontra egiten dutenean, zailtasunak datoz, eta, orduan, ahal duguna ahal dugun hobekien egiten dugu.

Emozioen garrantziaz jabetzeko, ulertu beharra dugu bizitza honetan gure emozioek gidatzen gaituztela. Norbanako bakoitzak bere emozioak sortzen dituela jakin behar dugu. Nola? Pentsamenduaren bitartez.

Hitzaldi eta ikastaroetan hori adierazten dudanean, jende askok desadostasuna azaltzen du: “Nik sortzen baditut nire emozioak, gustuko ez ditudan emozioak ez ditut sortuko, ezta?”. Ez, argi dago. Baina pixka bat konplexuagoa da gure funtzionamendua. Eta, orduan, nola izan daiteke guk geuk sortzea gure emozioak? Gure pentsamendu inkontzienteak egiten duelako lan handiena.

Jaiotzen garenean, ezezaguna dugun mundu batean jaiotzen gara, eta mundu horrek nola funtzionatzen duen ikasten ari gara etengabe. Nola hitz egiten den; zer dagoen ondo, eta zer ez; zer egin daitekeen, eta zer ez; zeinekin izan behar ditugun harremanak eta nola... Milaka eta milaka gauza. Eskerrak haurrak garenean prest gauden ikasteko, gure osotasunean! Gure gorputza eta ikasketak osatzen ditugun heinean, osatzen doa gure burmuina ere.

Arreta jarriz gero, zenbat eta haur gazteagoa izan, orduan eta txikiagoa da haren hausnartzeko gaitasuna. Adinarekin batera gure burmuina garatzen doalako gertatzen da hori. Paul MacLean-en teoriaren arabera, hiru burmuin mota ditugu burmuinaren barruan: narrastien garuna edo garun primarioa (funtzio primarioez arduratzen da: arnasketa, digestioa...), linbikoa (emozionala ere esaten zaio, emozioen funtzioez arduratzen baita: sentimenduak, harremanak...) eta neokortexa (pentsatzen duen burmuina, arrazoiaren funtzioez arduratzen dena: ikasketa, hizkuntza…).

Jaiotzen garenean, gure burmuin primarioa eta linbiko edo emozionala neokortexa baino aktiboago daude, biziraupena bermatzeko haurrak oinarrizko funtzioak bete ditzan: jan, lo egin, beldurra adierazi babestua izateko, eta abar. Denbora pasatu ahala, garatzen doa neokortexa, eta, pixkanaka, handitu egiten da haurraren arrazoitzeko gaitasuna.

Beraz, haurrekin arrazoitzeak, hausnartzeak eta era logiko hutsean aritzeak ez du helduekin duen eragin bera. Horrek ez du esan nahi gauzak azaldu behar ez dizkiegunik; esan nahi du, haiek hobeto ulertu eta zaindu nahi baditugu, haien mundu emozionalera hurbildu behar dugula. Haurrak emozioen bitartez mugitzen dira, eta guk lagundu egin behar diegu emozio horiek era osasuntsu eta ekologiko batean kudeatzen, kontuan hartuta haientzat eta haien ingururako zer den onena.

Horretarako, kontuan izan behar dugu jaiotzen garenean 100.000 milioi neurona ditugula, baina eskasak direla horien arteko konexioak. Hazten eta hezten goazen heinean, konexioak ugaritzen doaz, eta esan dezakegu ikasketa bihurtzen dela konexio horietako bakoitza, zerbait berria ikasten dugunean neuronen arteko konexio berri bat sortzen baita. Beraz, gure bizitzaren lehenengo urteetan ikasten dugun guztia neuronen arteko konexio berri batekin sendotzen da. Horregatik, haurtzaroan ikasitako guztia egiatzat onartzen dugu, konturatu gabe oro har.

Prozesu hori bizitza guztian zehar gertatzen bada ere —hain zuzen ere, gauza berriak ikasteko aukera dugu hil arte–, jaiotzetik 7 urte bitartera, pertsonaren ikasketaren %90 gauza-tzen dela esaten da. Gure sinesmenen % 90 garai horrekin dago lotuta. Horregatik, kontuan izan behar dugu haurrei zer ideia transmititzen dizkiegun, haiek hori egiatzat hartuko baitute. Are gehiago, ideia hori errepikakorra bada.

Gure ikasketa-prozesua hiru eratara gertatzen da. Lehenengo, errepikapenaren bitartez: zerbait zenbat eta gehiagotan egin, sendoagoa izango da ikasketa. Bigarrenik, guretzat garrantzitsuak diren pertsonek, erreferenteek, egiten edo esaten duten horretatik edo direnagatik ere ikasten dugu: ereduaren bitartez. Eta hirugarrenik, zerbait gertatzen zaigunean eta horrek karga emozional handia duenean, grabatuta gelditzen zaigu automatikoki, ikasketa moduan. Adibidez, gidatzen goazelarik istripu bat izaten badugu eta guretzat emozionalki gogorra bada, berriz ere leku beretik pasatzean, istripuan bizi izan genituen emozio berak bizi ditzake gure gorputzak, edota gidatzeari beldurra har diezaiokegu, eta abar.

Horregatik, haurrek haserre handiak dituztenean edota emozioak indar handiz bizi dituztenean, egokia da horretaz hitz egitea une lasai eta goxo batean, une berean egoera era egokian ixteko, gertatu denarekin bakean eta lasai egoteko, emozio hori ulertu eta onartzeko.

Emozionalki zerbait konponduta ez dugunean, horrek ez digu uzten aurrera joaten; kateatuta gelditzen gara. Orduan, tirita bat jartzen diogu gure min emozionalari, eta aurrera goaz, normalean herrenka, ahal dugun moduan. Umeek ere horixe egiten dute, eta, aurrera jarraitzen badute ere, ez da inoiz konponduko barruko gatazka hori, min horri ez badiogu behar duen arreta eskaintzen.

Haurrei emozioak ukatzen badizkiegu, haien mundua ukatzen ari gara, eta, halakoetan, zaila egingo zaigu haiek osotasunean ulertzea. Zer sentitzen duten, zer bizitzen duten jakitea eta haien jokabideak ulertzea zaila egingo zaigu, ekintza guztien atzean zergatik eta zertarako bat baitago. Ez badiegu emozioez hitz egiten, etxean edo eskolan ez baditugu emozioak azaltzen —geureak ere bai, heldu garen aldetik eredu izan behar baitugu—, haientzat ez dira existituko emozioak, eta haien mundu emozional guztia nahastuta geldituko da, argirik gabe, aipatzen ez dena ez baita existitzen.

Helduoi, batzuetan, beldurra ematen digu emozioez hitz egiteak. “Nola zaude?” galdetzen dugunean eta norbaitek triste, gogogabe, goibel edo etsita dagoela erantzuten digunean, damutu egiten gara galdetu izanaz askotan, ez baitakigu zer erantzun. Baina, maiz, ez dago erantzun beharrik, nahikoa da entzutearekin.

“Zer gertatu zaizu gaur eskolan?”, “nola sentitu zara hori bizitzerakoan?”, “hori ez zaizu gustatu, ezta?”... Haurrek milaka gauza bizi dituzte egun bakoitzean, eta, horiekin batera, milaka emozio. Egia da oso boteretsuak direla eta, helduei ez bezala, “azkar” pasatzen zaiela, ahaztu egiten direla. Batzuetan, hala ematen du. Eta hala da batzuetan. Haurrak ez dira, helduok bezala, pentsamenduetan kateatuta gelditzen, eta, horregatik, erraztasun handiagoa dute egoera bati irtenbidea emateko. Beste batzuetan, haurrak mina edo bizipoza askatu behar izaten du, eta, horretarako, lagungarri izan ohi gara helduok. Entzunez eta alboan egonez soilik, lan handia egin dezakegu. Gero, zerbait behar ote duten galde diezaiekegu, edota aholku edo kon-tseilu bat edo beste eman.

Haurren mundura hurbiltzeko, emozioen mundura hurbildu behar dugu berriz ere. Helduon arrazoitzeko joerak ez digu haurrekiko harremanetan laguntzen. Emozioak kudeatzeko tresnak eman nahi badizkiegu, lehenengo, guk eskuratu beharko ditugu, eta, horren ondoren, proposamena egin diezaiekegu. Egia da, heldu gisa prozesu hori inoiz egin ez dugunean, zaila dela emozioez hitz egitea. Txikitan gure emozioez ez dugunean hitz egin eta landu ez ditugunean, nekez ezagutu, kudeatu eta adieraziko ditugu gure emozio propioak. Beraz, umeen emozioen prozesuan laguntzea lan zaila da guretzat.

Nire iritziz, ezin da adimen emozionala transmititu, transmititzen duena ez bada emozionalki adimentsua. Eta emozionalki adimentsua izatea emozioak ezagutzea da (zer diren, zertarako sentitzen ditugun, hiztegi emozionala izatea), eta horiek kudeatzen jakitea, eta besteei era osasuntsuan transmititzea. Hasiera batean zaila badirudi ere, prozesuan hasten zarenean eta pixka bat harago begiratzen hasten zarenean, ate berri bat irekitzen da, eta handiak dira horrekin batera datozen onurak (adibidez, harremanetan).

Badaude denok erabil ditzakegun tresna batzuk haurrekin emozioen kudeaketa lantzeko: ipuinak, metaforak, mugimendua, arte-adierazpenak, musika… Egia esan, nola egin baldin badakigu, edozer izan daiteke lagungarria.

Ni nire kabuz hasi nintzen gai honen inguruan neure burua prestatzen. Danien Goleman-en Emotional Intelligence liburuarekin, Jaume Soler eta Mercè Conangla-ren Ecología emocional liburuarekin, Rebeca Wild-en liburuekin eta beste hainbat liburutan irakurri nuenarekin, aldaketa handiak ikusten, sentitzen eta bizitzen hasi nintzen. Askotariko ikasketak ere egin nituen, horien artean, Adimen Emozionala Hezkuntzan masterra egin nuen; eta, nire bizi-esperientziekin, nire emozioak ezagutzen, ulertzen eta onartzen joan nintzen. Urte asko eman nituen prozesu horretan, eta esan behar dut ez zela erraza izan, nahiz eta gerora bizitza honetan gertatu zaidan gauzarik baliotsuenetarikoa izan, niretzat, nire harremanetarako eta bai lanerako ere.

Gaur egun, informazio asko dago gaiaren inguruan, eta erraz irakur dezakegula uste dut, gaia pixka bat ezagutzeko behintzat. Nik ematen ditudan ikastaroetan, niri hain baliagarriak izan zaizkidan ikasketa horiek transmititzen ditut, era eroso, sinple eta oso batean, dakigun teoria guztia gure gorputzetik pasa dadin era praktiko batean, ikasketa hori sendotzeko asmoz.

Nork bere emozioak ezagutzeko, barrura begiratu behar da, baina, kanpora hainbeste begiratzen duen gizarte honetan, ez da horren erraza barrura begiratzeko prozesua egitea, eta uste dut lagungarria izan daitekeela prozesu horretan norbait ondoan izatea, gidari moduan bada ere. Ez da prozesu zaila, baldin eta nola egin baldin badakizu.

Albiste gehiago