ASKOTARIKO ADIMENAK. Gusturago aritzeko eta gehiago ikasteko

2018-06-11

1983an aurkeztu zuen Howard Gardner psikologoak eta AEBetako Harvard Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak askotariko adimenen teoria. Haren arabera, pertsona guztiek zortzi adimen mota dituzte gutxienez, eta edonor da adimentsua batean ez bada bestean. Alegia, gauza batean ez bada bestean, denok garela onak edo adituak. Horrek ikasteko eta lan egiteko indarra eta motibazioa ematen du. Halaxe frogatzen ari dira Tolosako Herrikide eta Bilboko Jesuitinak ikastetxeetan. Ikasleei era guztietako gaitasunak garatzeko aukera emanda, gusturago ikusten dute. Askotariko adimenak eta jardunbide kooperatiboa ardatz hartuta, nola lan egiten duten azaltzen da orriotan.

 
 
ASKOTARIKO ADIMENAK. Gusturago aritzeko eta gehiago ikasteko

 

Howard Gardnerrek askotariko adimenen teoria definitu zuen 1983. urtean. Gizakiok adimen bat baino gehiago ditugula zioen, batzuk gehiago garatuta eta beste batzuk gutxiago. Eguneroko bizitzan ohituta gaude hori ikustera: denok ezagutzen dugu norbait bizikletak konpontzen oso iaioa dena baina abesten hasi eta bukatzen ez duena; edo sekulako postreak egiten dituena baina belarretan oinutsik ibiltzeko gai ez dena; edo igerilari trebea dena baina bi esaldi idazteko denbora asko behar duena...

Kaleko bizitzan hain ohikoa dena, eskola barruan ez da hala izan, ordea. Adimen logiko-matematikoak eta linguistikoak soilik zuten presentzia, gainerakoak ez ziren ia existitu ere egiten. Horregatik ekarri zuen iraultza Gardnerren teoriak. Pertsona bakoitzak gutxienez zortzi adimen dituela onartzea eta gelan denei lekua egitea aldaketa handia izan da. Gauza batean ez bada bestean, denok gara adimentsuak, eta horretaz jabetzeko aukera ematen du teoria honek. Ikasleei era guztietako gaitasunak garatzeko aukera ematean, ikasleak gusturago aritzeko aukera handitzen da. Eta gustura aritzean, motibazioa igo egiten da. Eta motibatuta egonda, gehiago ikasten da.

Gardnerrek zortzi adimen sailkatu zituen hasieran. Gero bederatzigarrena gehitu zuen. Eta orain hamargarrena ikertzen ari da. Gaitasun bat adimena dela esateko burmuineko leku batean kokatuta egon behar du eta oinarri zientifiko bat eduki behar du. Gardnerrek beti esan izan du ikertzen jarraituko duela, horretara irekita dagoela eta ez duela mugarik jartzen zenbat adimen dauden esateko. 

Honako hauek dira Gardnerrek definitutako adimenak:

- Adimen musikala: doinuak eta erritmoak identifikatzeko, erreproduzitzeko eta sortzeko behar den adimena.

- Adimen linguistikoa: ondo komunikatzeko eta hizkun-tzak (ahozkoa, idatzia, keinu bidezkoa...) egoki erabiltzeko gaitasuna da.

- Adimen logiko-matematikoa: logikarekin eta matematikarekin lotutako problemak ebazteko gaitasunarekin du zerikusia.

- Gorputz adimena: adimen zinestesikoa ere deitzen zaio. Norberaren gorputza erabiltzeko gaitasuna da; adimen hau garaturik duten pertsonek gaitasun handia erakusten dute beren gorputza mugitzearekin lotutako eginkizunak ikasteko, izan gorputz-atal zehatzei dagokiena, izan gorputz osoa inplikatzen duen eginkizuna.

- Adimen bisual-espaziala: espazioaren hiru dimentsioak eta espazioko mugimenduak nahiz objektuen abiadurak identifikatzeko gaitasuna.

- Adimen intrapertsonala: norberaren burua ezagutzen eta norberaren emozioak kudeatzen laguntzen duen adimena.

- Adimen interpertsonala: besteekin erlazionatzeko eta harremanak izateko gaitasuna.

- Adimen naturalista: naturan dauden elementuekin (izaki bizidunekin, batez ere) harreman onak izateko gaitasuna.

- Adimen espirituala: gerora gehitutako bederatzigarren adimena. Kosmoseko muturreko alderdiekin (infinitoa eta infinitesimala) erlazionatzeko gaitasuna eta gizakiaren zenbait ezaugarri existentzialekin norberak bere burua kokatzeko gaitasuna (bizitzaren eta heriotzaren esanahia, mundu fisikoaren eta psikologikoaren norakoa, sakoneko maitasuna sentitzea, artelan baten aurrean liluratuta gelditzea...).

- Adimen pedagogikoa: adimen hau ikertzen dihardu gaur egun Gardnerrek. Dakigunaz jabetzeko eta besteei ikasketa prozesuan laguntzeko gaitasuna izango litzateke.

Adimen horiek ez daude geldirik gure barnean, garatuz doaz. Gardnerrek dio burmuina moldagarria dela, adimen horiek ez direla estatikoak eta finkoak eta landu egiten direla bizitzan zehar. Irakaskuntzaren bidez, esperientziarekin, erronka eta egoera berriekin landu daitezke.

 

Bai, eskolan posible da

Aniztasuna aberatsa dela eta ez oztopo jabetzen ari garen garaiotan, denok desberdinak garela eta bakoitzak bere abileziak eta bere egiteko moduak bilatu behar dituela diogunean, nola lortu hori? Askotariko adimenak lantzeak hainbestetan aipatzen den ikaskuntzaren pertsonalizazioa errazten eta bideratzen du. Askotariko adimenen paradigmaren bidez hori posible da.

Halaxe ikusi dute Tolosako Herrikide ikastetxean. Txaro Etxeberria Haur eta Lehen Hezkuntzako orientatzaileak azaltzen digunez, “teoria honen arabera lanean hasi aurretik hiru zutabe nahiko sistematizatuta geneuzkan: adimen emozionala asko landuta, bizikidetza positiboa sustatzeko estrategia desberdinak martxan eta hainbat aldaketa metodologiko eginda, batez ere, ikaskuntza kooperatiboaren inguruan. Hala, berritzen jarraitzeko nondik jo genezakeen pentsatzen hasi ginen. Eskola bat izanda, adimen linguistikoa lantzen genuela ikusten genuen. Logiko-matematikoa ere bai. Adimen emozionala hainbeste lantzen ari ginenez, adimen interpertsonala eta intrapertsonala ere oso sistematizatuta geneuzkan. Eta alderdi espirituala ere betidanik landu izan dugun dimentsioa da. Beraz, Gardnerren askotariko adimenen paradigma aplikatzen hasteko oso momentu egokian geundela sentitu genuen”.

2011. urtea zen Gardnerren ikuspegiarekin bat egin zuten hura. “Argi ikusten dugu gutako batzuk asko hitz egin eta entzuten dugunak garela; beste batzuk irudietan fijatzen direla; beste batzuk mugimendua behar dutela, apunteak hartu eta hara eta hona mugituz ikasten dutela. Denok dauzkagu adimen guztiak, baina ez maila berean: batzuk garatuago eta beste batzuk ez hain garatuak”. Eta hor antzematen da bakoitzaren indarguneak eta ahulguneak non dauden. “Eta hori funtsezkoa da: indarguneetatik abiatuz horiek hobetzen saiatu behar dugu, eta baita gainerako adimenak edo gaitasunak hobetzen ere” dio Etxeberriak. “Zer egin dugu orain arte irakaskuntzan?” galdetzen du. “Gabezietan zentratu (lagundu nahian, noski). Ikasle honek zailtasunak dauzka honetan, zailtasunak dauzka hartan... eta horiek hobetzen saiatu izan gara laguntzak jarriz eta abar”. Orain, ordea, alderantzizkoa egiten dute Herrikiden. “Zergatik ez abiatu indarguneetatik? Pertsona guztiak gara adimentsuak, baina bakoitza arlo desberdinean. Bada, abia gaitezen arlo horietatik!” azpimarratzen du Etxeberriak. “Gero autoestimua lantzen ibiltzen gara! Hortik abiatuta ez al daukagu jada askoz ere oinarri egokiagoa?”

Teoria hori aplikatze hutsarekin, ikasleek antzematen dute aldaketa. Izan ere, mezua desberdina da. “Denok gara adimentsuak” esaten zaie. Era desberdinetan, baina denok gara inteligenteak. “Ikasleari ikusarazi egin behar diogu gauza batzuetan hainbesteko erraztasunik ez badu ere, beste batzuetan baduela, egokia dela, badaukala zer aportatua, hori estimatzen dela eta beste batzuei erakuts diezaiekeela” azpimarratzen du Etxeberriak.

Bilboko Jesuitinak ikastetxean, berriz, 2006an hasi ziren askotariko adimenak lantzen. Josune Extremiana zuzendariak gogoratzen du urte hartan konpetentzietara pasatzeko eta konpetentzien bitartez ebaluatzeko araudia egin zela. “Abagune hura probestu genuen LOGSEren garaitik erabat bukatu gabe zegoen aldaketa egiteko. Konpententzien ildoari lotu eta irakasleria formatzen hasi ginen, eta hor egin genuen topo gure motorra izan denarekin: Bartzelonako Montserrat ikastetxeko esperientziarekin”. 15 urte zeramatzaten oinarri zientifikoa zuen Gardnerren teoria aplikatuz, arrakasta handiz. “Bartzelonan posible baldin bada, hemen ere izan daiteke!” pentsatu zuen Extremianak. Etxeberria ere erabat ados dago: “Hango esperientziak argi egin zigun”. “Berrikuntza honekin hasi ginenean eskola eraldatzeko metodo serioa zela iruditu zitzaigun”, gehitzen du Extremianak. “Gardnerren teoria gure sorreratik nahi izan dugunaren konkrezio eguneratua da; alegia, pertsonaren adimen guztiak aintzat hartzea, pertsonaren alderdi guztiak, emozionala eta espirituala barne, ez adimen intelektualak soilik. Horregatik, oso erakargarria egin zitzaigun, gure hezkuntza-proiektuaren oinarria egungo egoerara egokitzea bezala baitzen, eta oinarri neurozientifikoaren bermearekin. Geurean berretsi eta aldaketari ekin genion”. 

 

Lan egiteko modua, taldean

Askotariko adimenak lantzeak batez ere ikuspegi aldaketa ekarri diela aitortzen du Bilboko Jesuitinak ikastetxeko zuzendariak. “Metodologia aldaketa baino gehiago da, kultura aldaketa ekarri digu. Sarritan metodologia berrietan jartzen dugu arreta, baina benetan garrantzitsuena rol aldaketa da: ikaslea erdigunean jartzea eta protagonismoa ematea, irakaslea bide-erakuslea izatea... Eta ikuspegi aldaketa horrek dakar metodologiak aldatzea”.

Aldaketa funtsezkoa izan da irakaslearen rol aldaketa: jada ez da irakaslea dakiena eta ikaslea ez dakiena, irakaslea azalpenak ematen dituena ikasleak ikas dezan. Azalpenei uko egin behar die irakasleak; orain irakaslea bide-erakuslea da. “Orain arte azalpenak funtsezkoak izan dira eta horixe zen irakasleak sinesten zuena: azaldu egin behar diet. Eta ikasleek ere hori eskatzen zuten; baita familiek ere: ‘ez du ulertu eta berriro esplikatu behar dio’. Orain, aldaketarekin aurkikuntzak egiteak eta ondorioak ateratzeak hartu du garrantzia”. Alegia, ikasleak gauzak galdetu eta aurkitu behar ditu eta irakasleak galderak eginez dedukziozko arrazoibidea egiten laguntzen dio. Horregatik, irakaslearen funtzioa erantzuna topatzen laguntzea da, ez azalpenak ematea. Prozesua geldoagoa da, zalantzei eutsi behar zaie eta ez ulertzeak sortzen duen angustia bideratu behar da. “Badakit esplikatzea gustatuko litzaizukeela, baina aztertuz joango gara, ea ikaskideek lagun diezazuketen edo nola ebatzi dezakezun arazoa” da irakasleak esan behar diona.

Behin ikuspegi aldaketa eginda, hori martxan jartzeko bi zutabe dituzte: lan kooperatiboa eta askotariko adimenak. Extremianak prozesua esplikatzen digu: “Irakasleek ildo nagusiak zehazten dituzte, hau da, ikasleak iristea nahi duten ulermen-helburuak zerrendatzen dituzte. Behin xedeak zehaztuta, horiek lortzen lagunduko duten ekintzak bilatzen dituzte irakasleek. Ekintza horietan askotariko adimenak landuko dituzte jarduerak programatzen dituzte: musikala, linguistikoa, logiko-matematikoa, gorputz-adimena, bisual-espaziala, intrapertsonala, interpertsonala, naturalista eta espirituala”. Horrela, matematika lantzen ari diren bitartean, adimen logiko-matematikoa jorratzeaz gain, gainerakoak ere barnebiltzen dituzte.

 

Ekinez egiten

Tolosako Herrikiden nahiz Bilboko Jesuitinak ikastetxean Gardnerren teoria praktikan jartzeko egokiak iruditzen zaizkien metodologiak erabiltzen dituzte. Aipatutako indargune horiek baliatzeko aukera ematen dietenak. Esperientzia eta ekintza ugari eta anitzak egiteko abagunea ematen dietenak. Jarraian azaltzen dira horietako batzuk.

  • Diziplinarteko proiektuak: Hiru ikasgaitako irakasleak elkartu eta elkarrekin presta-tzen dute proiektu bat Bilboko Jesuitinak ikastetxean. Gaiak askotarikoak izan daitezke: energia, historiaurrea... baina hiru ikasgaien ikuspegitik lantzen da. Hiru ikasgai horietako ordu batzuk proiektu horri dedikatzen zaizkio. Proiektu batzuek hiruhileko osoa iraun dezakete. Beste eredu bat izan daiteke bi ikasgaitako irakasleak elkartu eta gai bat ikasgai horietako orduetan lantzea unitate didaktiko baten bitartez eta modu bateratuan. Ondoren, bukatzeko, gaiarekin lotutako irteera bat egiten dute.
  • Entusiasmat: Ikasgai bakarrean ere landu daitezke askotariko adimenak. Bilboko Jesuitinetan Entusiasmat deritzotenarekin egiten dute, adibidez. Ikasgaia askotariko adimenen arabera programatzen da eta ekintza desberdinak egiten dira.
  • Ulermen-proiektuak: Herrikide ikastetxean Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkun-tzan eta DBHn asko lantzen dituzten proiektuak dira. “Hasteko, ikasleentzat zerbait zirarragarria egiten dugu: antzerki bat, bideo bat...”, azaltzen du Etxeberriak. “Eta horrekin kuriositatea pizten dugu; zer ote da?”. Gero, hilabete eta erdiz-edo, ekintza mota asko egiten dituzte, eta saiatzen dira bederatzi adimen motak hor barneratuta egoten. “Edonola ere, gerta liteke adimen zehatz bat lantzeko oso egokia ez izatea gai hori” dio Pello Agirrezabal Herrikideko Haur eta Lehen Hezkuntzako zuzendariak. “Ez gara behartzen ibiltzen. Kasu horietan, hurrengo proiektuan lantzen dugu”. Esate baterako, HH5en Joan Miró pintorearen gaineko proiektua landu zutenean, adimen musikala txertatzea zaila egin zitzaien eta, beraz, hurrengo proiek-tuan lehentasuna adimen musikalari eman zioten. “Bai, lehentasuna eman genion. Arreta jarri behar baita, adimen hori jorratu gabe gera ez dadin”, argitzen du Agirrezabalek. Egiten dituzten ekintzekin helburu oso konkretuak lan-tzen dituzte, eta ekintza horiekin edukiak lantzen dituzte. “Betidanik landu izan dira edukiak eskoletan, ikasgaitan banatuta” dio Etxeberriak. “Ulermen-proiektuekin, berriz, eduki edo konpetentzia horiek egoera errealekin lortzen dira”. Proiektuari amaiera emateko, zerbait oso esangura-tsua egiten dute: museo batera irteera bat, gurasoekin batera erakusketa bat egin...
  • Workshop-ak: Herrikiden LH5etik DBH2ra, bi egunetan tailerrak munta-tzen dituzte irakasleek ikasleentzat, irakasle bakoitzak tailer bana. Guztira 16 inguru. Zer tailer mota? Bada, irakasle bakoitzak nahi duena, beraien interesen arabera: bizikletak konpontzeko tailerra, bonboiak egitekoa, mindfullness, mendiko orientazioa, eskulturak hiru dimentsiotan, piraguan ibiltzeko irteera... “Ikasleei gustuko duten tailerra aukeratzeko parada ematen zaie eta tailer bakoitzean adin desberdinetako 20-30 ikasle biltzen dira” dio Agirrezabalek. “Hasieran kohesio ariketa bat egiten dute guztiek, elkar ezagutzeko, taldeak berriak baitira”. Bi egun irauten du workshop deitzen dioten muntaia honek. Ohiko ordutegia apurtu eta horretan murgiltzen dira. Egiten dituzten ekintzetan askotariko adimenak lantzen dituzte eta amaiera erakargarria ematen diote: bonboiak egin ondoren Gorrotxategira joaten dira bisitan, pizza egiteko labea behar dutenez herriko elkarte batera joaten dira, piraguan ibiltzera Oria ibaira joaten dira, modako desfilea egiten dute... Tailerretako ekintzak aitzakia bilakatzen dira konpetentzia batzuk lantzeko.
  • Design for change: Lehen Hezkuntzako 6. mailan egiten duten proiektuari deitzen diote horrela Tolosako ikastetxean. Abiapuntua galdera batean dago: zertan izan dezakegu eragina herrian edo ikastetxean? Zerrenda bat egiten dute: kaleak garbiago mantendu, eskolako patioa berrantolatu... Horietako bat hautatzen dute eta talde kooperatiboetan erabakitzen dute zer ekintza egin ditzaketen helburu hori lortzeko. Egin beharreko guztia diseinatu, egin eta ebaluatu egiten dute. Esate baterako, goxoki dendaren ingurua oso zikina geldi-tzen zela ikusi zuten eta hori garbi mantentzea jarri zuten helburu gisa Herrikideko ikasleek. Pegatinak egin zituzten, herriko beste bi ikastetxeetako ikasleei euren asmoaren berri eman zieten, udaletxera joan eta alkatearekin hitz egin zuten... “Eta hori dena egin bitartean, zenbat adimen ari diren lantzen! Hasi linguistikotik, eta interpertsonalera, naturalistara... eta hori, bizi egin behar da!” dio Etxeberriak. Agirrezabalek beste balio bat ere ikusten dio lan honi: “Beti esan ohi dugu ‘udaletxeak egin beharko luke’. Bada, hor gelditu partez, goazen ikustera zertan eragin dezakegun guk geure ingurune hurbilean”. 
  • Ikaskuntza-paisaiak: Herrikiden urtero LHko 6. mailan erabiltzen duten metodologia bat da. Ordenagailuak erabiliz eta ingelesez egiten dute. Adibidez, bat energiari buruzkoa da. Irakasleak diseinatutako ibilbide bat daukate ordenagailuan, mapa baten modukoa. Ibilbide hori egin bitartean ekintzak egiten dituzte; batzuk derrigorrezkoak eta beste batzuk hautazkoak. “Eduki gako batzuk denek ikasi behar dituzte; baina horiez gain, gero bakoitzak bere ibilbidea egiten du. Mendira joaten garenean bezala: batzuk eskalatuz joaten dira, beste batzuk zig-zagean, beste batek atseden hartuko du bidean...” azaltzen digu Agirrezabalek. “Ordenagai-lua gustatzen zaion ikaslea gustura jarduten da. Energia gustatzen zaionak ere, betiko liburutik azpimarratuz aritu beharrean, ikaskuntza paisaiarekin beste modu batera ikasiko du”. Bukaeran produktu bat eginez amaitzen dute: mural bat, idatzi bat, koreografia bat... Modu horretara, ebaluatzeko beste modu batzuk sortzen dira, eta ez soilik ohiko idatzizko azterketa. 

Metodologia anitz, baina ez nahastuta. “Garrantzitsua da zer, nola eta zertarako erabiltzen den jakitea”, dio Etxeberriak. “Gainera, batzuk egokiagoak dira adin baterako eta beste batzuk beste baterako. Kontua da ikasle bakoitzak denak probatzea maila batean ez bada bestean”.

 

Eta ondorioak? Zer ikusten da?

Herrikideko kide biek argi diote: “Ebidentzia zientifikorik ez daukagu, baina guk ondorioak ikusten ditugu. Lehen baino ikasle gutxiago gelditzen dira eskolara etorri nahi ezik sabeleko mina dutela-eta”. Edonola ere, neurketa zientifikoak egiten hasiak daude. Unibertsitatearekin elkarlanean ari dira; Herrikidekoek laborategia daukate, eta unibertsitatekoek ikerketak egiteko aukera, ezagutza eta abar. Galdetegiak betetzen hasiak daude, adimen emozionala edo askotariko adimena lantzeak haurrengan eragin positiborik ba ote duen ikusteko zientifikoki eta modu neurtuan.

Extremianak dio elkarbizitza asko hobetu dela euren ikastetxean. “Orain ikasleek mugitzeko eta parte har-tzeko aukera handiagoa dute. Mugimendu gehiago dago, baina mugimendu antolatua da, kaos antolatua. Ikasleak zentratuta daude. Gela batera sartu eta ikasleak ez daude isilik duela hamar urte egon zitezkeen bezala. Baina lehen ikasleak aspertu egiten ziren. Gaur egun garbi dakigu hamar minutu baino gehiagoko azalpen bat entzuteko gai ez direla, neurozientziak esaten digu. Beraz, hortik aurrera, beste gauza batean pentsatzen arituko dira, alperrik da azalpenekin jarraitzea”.

Modu kooperatiboan lan egiteak eta rolak aldatzen joateak izugarri laguntzen die ikasleen erritmo aniztasunari erantzuten. Talde lanean hainbat rol daude: zuzendariarena, idazkariarena, bozeramailearena... eta ikasleek guztiak probatzen dituzte. Horrela, konturatzen dira ez dela garrantzi-tsua azkarrago edo mantsoago ikastea, baizik eta ikasteko modu asko daudela, funtzio asko daudela, eta batentzat bat egokiagoa izan daitekeela eta beste batentzat beste bat. 

Lan egiteko modu honek denbora gehiago eskatzen du, noski. Bai irakasleentzat eta bai ikasleentzat. “Irakasleen kezka zen ez zutela denborarik curriculumeko edukiak emateko” dio Extremianak. “Baina kontua ez da edukiak ematea, zeren gerta liteke zuk eduki guztiak ematea baina ikasleek ez ikastea. Garrantzitsuena ikasleek parte hartzea eta gauzak beste modu batera egitea da”. Ikasleei, aldiz, denbora beste gauza batek eskatzen die: ados jartzeak. Izan ere, talde-lanean zenbait ekintza aurrera eramateko ados jarri behar izaten dute denek, eta horrek denbora eskatzen du.

Orain edukiak integratuago edo lotuago dituzte. “Lehen hainbat gai ikasgai konkretu batzuetan lantzen genituen: tutoretzan, pastoralean... Eta orain dena integratuago daukagu. Gizarteko edo Matematikako eskoletan ere lantzen dugu arlo emozionala”, azaltzen du Extremianak. “Gatazkei sortzen diren unean bertan heltzen diegu, berdin du tutoretzako saioan egon edo matematikakoan”.

Ebaluazioa izan da aldatu den beste elementu bat. Legeak dio aktak notekin eta konpetentziekin egin behar direla, biekin, nahiz eta Extremianak dioenez, “oraindik notak jartzea zorrozki bete eta konpetentzietan ebaluatzea ez hainbeste”. Edonola ere, jabetzen dira askotariko adimenak eta konpetentziak ebaluatzeko notek ez dutela balio, testu deskriptiboak behar direla. “Haur Hezkuntzako curriculum guztia askotariko adimenen baitan antolatuta daukagu eta gurasoei ematen zaien buletina ere bai. Orain, gauza bera egiten ari gara LH1etik DBH4ra”, azaltzen du Bilboko ikastetxeko zuzendariak. “Hamahiru konpententziak eta askotariko adimenak (bederatzi) lotu ditugu: konpetentzia bakoitzaren jarduera guztiak zehaztu ditugu, bakoitzean lortu behar dituzten ezaugarri eta trebetasunak, eta horren baitan hiru maila deskribatu ditugu: behekoa, ertaina eta goikoa. Eta horrekin errubrika bat egin dugu. Orduan, familiei bi buletin emango dizkiegu aurten: bata notekin eta bestea konpetentzien deskribapenarekin eta horietako bakoitzean duten mailarekin, dena testu bidez idatzia. Deskripzio hori da benetan balio duena, trebezia sozialak ezin baitira zenbakiekin azaldu. Hor ikusten dute gurasoek seme-alabak nola eboluzionatzen duen lan kooperatiboan, nola betetzen dituen rol desberdinak eta abar. Matematikan 7 atera duela esateak ez dit argitzen taldean liderra edota bozeramailea izaten ikasten ari den edo ez”.

 

Zailtasunak ere badira

Bidean badira zailtasunak, bai ikasleentzat, bai irakasleentzat eta baita familientzat ere. Ikasleen kasuan, batzuetan kosta egiten da nork bere harri-koskorra ekartzea. Bizitza errealean kostatzen den bezala. Alegia, beti dago norbait taldearentzat lanik egiten ez duena. Eta noski, gero taldeko ebaluazioa denentzat berdina denez, horrek gatazkak sor-tzen ditu. 

Familiei ere kostatzen ari zaie aldaketa ulertzea: gero selektibitatean zer? Egiteko gai izango al dira? Uniber-tsitatera joaten direnean prest egongo al dira? Eta gero? “Kontraesanez beteta gaude, zeren unibertsitatetik behin eta berriz esaten digute taldean lan egiten ikas dezaten nahi dutela. Eta han ere lan asko egiten da modu kooperatiboan” dio Extremianak. “Selektibitatea da gure funtzionamendua erabat puskatzen duena. Batxilergoan azterketa konkretu batzuetarako prestatu behar ditugu ikasleak, eta ez du inolako zerikusirik ordura arte egindako ibilbidearekin. Eta gainera, ondoren, ez zaio inolako jarraipenik ematen selektibitatean egindakori. Sistemaren inkongruentziak!”.

 

Irakasleen arteko kutsadura positiboa

Aldaketa horiek guztiak egiteko abiapuntua irakasleen formazioa izan da. Argi dio Etxeberriak: “Ikasleekin hasi aurretik, lehenengo gu geu. Ezin diegu besteei eskatu guk egiten ez badugu”. Horrexegatik, lehendabiziko formazioa eta ikuspegi aldaketa irakasleek eurek egin zuten. Eurak hasi ziren adimen emozionala, musikala, intrapertsonala, interpertsonala eta gainerakoak euren egunerokoan lantzen eta  bizitzen. Eta, noski, lantzen dituzten proiektuetan ere beti egin behar izaten dituzte aldaketak eta egokitzapenak. “Izan ere, aurreko urtean beste irakasle batek erabilitako proiektua baldin bada, hark bere indarguneak eta ahulguneak izango ditu, eta aurtengoak bereak” azaltzen du Etxeberriak. “Beraz, horrek egokitzea eskatzen du”. Irakasleen artean ere askotariko adimenak eta interesak baitaude.

Aintzat hartu behar da Tolosako Herrikiden askotariko adimenak lantzen hasi aurretik adimen emozionalaren lanketan ibilbide luzea egina zutela. Orain dela 15 urte ekin zioten gai horri eta ikastetxearen bizkarrezurra bilakatu da adimen emozionala. Ongi landutako eta zaindutako lurra bilakatu zaie. Eta behin lurra onduta eta prestatuta, gainerako guztia, gainerako haziak eta fruituak, errazago etorri dira. Adimen emozionalaren arloan adin bakoitzera egokitutako dinamika eta ekintzak dituzte eta 3 urterekin hasten dira emozioez hizketan, emozioak lantzen eta era egokian kudeatzen. “Zer moduz?” galdetu eta “ondo” edo “gaizki” erantzunekin ez dira konformatzen. Beste hitz batzuk erabilarazten dizkiete: haserre, triste, minduta... Eta txikitatik horrela hasita, entrenatuz joaten dira, ohituz. Herrikideko 5 urteko haurrek enpatia, asertibitatea eta horrelako hitzak erabiltzen omen dituzte. “Gure umeei naturala egiten zaie hitz horiek erabiltzea”, dio barrez Etxeberriak. “5 urterekin dinosauroen izenak arazorik gabe ikasten baldin badituzte, zergatik ez asertibitatea edo enpatia hitzak? Guretzat matematika hitza naturalagoa da, baina beraientzat matematika edo aserbitatea ikasi, antzekoa da”.

Nabarmena da jarrerak aldatuz gero, berrikuntzak etor-tzen direla. “Askotan hezkuntzan beldurrak, kezkak edo aitzakiak izaten ditugu”, dio Agirrezabalek. “Askotan esaten dugu oso lotuta gaudela goitik edo ikuskaritzatik esaten digutenari. Eta ez dugu gezurrik esaten muga horiek aipatzen ditugunean, hala sentitzen eta bizitzen dugulako. Baina guk ikuskaritzaren aldetik inoiz ez dugu inolako arazorik izan. Kontrakoa esango nuke nik. Nahi ditugun aitzakiak aurki ditzakegu gauzak ez aldatzeko: selektibitatea, unibertsitatea... baina nahi eta uste baino askatasun handiagoa daukagu gauzak mugitzeko, probatzeko eta egiteko.”

Extremianak dio, hala ere, kosta egiten dela aldaketak egiten hastea, betikotik ateratzeak segurtasun eza sortzen baitu. “Gainera, beste lanbideetan, lanean hasi arte ez daukagu inolako erreferentziarik. Baina, irakasleon kasuan, denok pasa gara eskolatik eta bizi izandakoak markatu egiten gaitu. Ez gara hutsetik hasten. Horregatik, orri zuri bat hartu eta berritik hastea kosta egiten da”.

Horrelakoetan, lehen urrats hori egiteko, lankideen arteko kutsatze positiboak asko funtzionatzen du Agirrezabalek dioenez: “Batek zerbait probatzen du, ingurukoek ikusten dute, zertan ari den galdetzen diote, haiek ere hasten dira, eta horrela, zabaldu egiten da. Esate baterako, irakasle batek xakea tresna pedagogiko gisa erabiltzeko asmoa adierazi zuen, eta poliki-poliki beste irakasle batzuk ere hasi ziren ondoren. Gauza bera “Egunon” programarekin. LHko 3. zikloan irakasle batek astegun bakoitzean goizeko 9:00etatik 9:15era egunero ekintzatxo bat egitea proposatu zuen eta berehala hasi ziren 2. ziklokoak ere, euren adinera eta erara egokituta. Kanpoko formazioak adina funtziona-tzen du barne kutsatze horrek”. Extremiana ere ados dago horrekin. “Gurean aldaketa nabarmena izan zen irakasle batek irakasle gelara joan eta egin zuen ekintza berri bat besteoi bideo baten bidez erakustea. Gainerakoek zer egin zuen ikusi zuten, eta irakaslea zein gustura zegoen ere bai. Gelatik marmarrean atera beharrean pozik atera zen. Eta horrek kutsatu egiten du, bai”.

Edonola ere, ezin da saiatu denak maila berean egoten. Irakasle guztiek ez dituzte programazio berak eta berrikuntza maila bera. Homogeneitate hori ez da existitzen. “Ikasleen aniztasuna, gizarteko aniztasuna... darabilgu ahoz aho, eta ahaztu egiten zaigu irakasle taldea ere anitza dela, gainerako taldeak bezalaxe”, dio Extremianak. “Hortaz, erritmo desberdinak errespetatu eta irakasleei lagundu egin behar zaie. Ikasle bat frustratu egin daiteke ez duelako ulertzen; bada, irakasle bat ere beldurtu egin daiteke aldaketaren aurrean eta agian horretagatik ez da hasi. Ez da ezer gertatzen. Hasiko da argiago ikusten duenean”.

Irakasleen formazioa zaintzearekin batera, irakasleen arteko bizikidetza positiboa eta giroa ere asko mimatzen dute. “Zuzendaritza taldearen helburuetako bat da irakasleak ahalik eta ondoen zaintzea. Gainezkarik ez egitea, lanez ez itotzea, gogotsu egotea”, dio Agirrezabalek. “Beti esaten dugu baso bat erretzea hamar minutuko kontua dela, eta hori errekuperatzea, berriz, gutxienez hamar urtetik gorako lana. Klaustro bat erretzea ere oso erraza da. Eta behin erreta, nik ez dakit nola errekuperatzen den. Horregatik, horrekin kontu handiarekin ibiltzen gara”.

Aldaketak hor daude, eta ikastetxe bietako arduradunak pozik daude. “Nik uste dut sakon-sakonean denok ikusten genuela eskola gutxi aldatu zela munduarekin alderatuta” ondorioztatzen du Extremianak. “Autoak ikaragarri aldatu dira, medikuntza ere bai, gaur egun ez da duela 30 urte bezalako ebakuntzarik egiten. Teknologiak izugarri eragiten du; ez da gauza bera ordenagailu eramangarriak eduki edo ez. Internetek aukera asko ireki ditu. Geletatik kalera atera behar da. Horregatik, eskolak ere aldatu beharra zeukan edo dauka, nahiz eta jakin aldaketa asko direla eta berrikuntzaren erritmoa zorabiagarria”. Horrekin batera, uste du gizarteak ez dakiela eskolan zer gertatzen ari den, zer aldatzen ari den. Ikasleek askoz gehiago parte hartzen dute. Irakasleak gusturago daude lan egiteko modu honekin. Gero eta garbiago dute prozesua garrantzitsuagoa dela emaitza baino. Norberak berea ematen du eta horrekin denok hazten eta heltzen gara. “Eskola oso dibertigarria da. Izugarri gustatzen zait” dio bukatzeko hezkuntzan 36 urte daramatzan eta nekerik antzematen ez zaion Bilboko ikastetxeko zuzendariak.

Albiste gehiago