Euskal pailazogintza sozio-hezitzailea: gizarte-eraldaketarako tresna

2018-04-27

* Ainhoa Gana, EHUko doktoregaiaren eskutik

Gizartean eta hezkuntzan balioen lanketa, euskararen erabilera eta harekiko atxikimendua nola sustatu izan da nire kezka nagusia beti, eta nire burua bi esparru horietan prestatzen ahalegintzen naiz. Hori dela eta, Haur Hezkuntzako Gradua eta arlo horretako hainbat ikasketa egin ondoren, Gizarte eta Hezkuntzako Eremuen Ikerketa Unibertsitate Masterra egiteari ekin nion Euskal Herriko Unibertsitatean, bi esparru horien inguruko nire kezka ikertzeko asmoz. Horrela, master amaierako lanean Takolo, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek sorturiko proiektu pedagogikoa ikertzea erabaki nuen, orain arte ez baita izaera pedagogikoa duen euskal pailazogintzarik aztertu. Eta euskal pailazogintza horren sorrerak hezkuntza-munduan izan dezakeen eragina aztertzea eta ikergai bihurtzea izan da nire lanaren helburuetako bat. Halaber, honako galdera honi erantzun nahi zion ikerketak: nola sortzen da eredu hezitzaile bat, izaera pedagogikoa duen euskal pailazogintzaren bidez?

 
 
Euskal pailazogintza sozio-hezitzailea: gizarte-eraldaketarako tresna

 

Zirku tradizionalaren eredua aldatu egin da historian zehar, zirku sozialari bide emanez, eta berdin gertatu da antzerkigintzan ere. Gauzak horrela, gaur egun ezagutzen dugun zirkua ez da jada abilezia artistikoen bilgunea soilik; komunitatean esku hartzeko tresna ere bilakatu da. Ikusleek hausnar dezaten, hainbat gai lantzen dira, baita antzerkigintzan ere.

Diziplina artistiko berritzaile horien haritik, pailazogintza mota berriak ere sortu dira, gizarte demokratiko batekiko aldarria egiten dutenak. Diziplina horietan adituak diren Ros eta Úcar hezitzaileek pailazo moten sail-kapena egin zuten, hain zuzen, eta, horien artean, pailazo soziala ageri da. Pailazo mota horrek zerbitzu komunitarioak, humanitarioak eta errebeldeak eskaintzen ditu, eta gizarte- eta hezkuntza-eremuetako pailazoa, pailazo sozio-hezitzailea, gehitu behar zaio kategoria horri; antzekotasun handiak ditu pailazo horrek ikergai izan ditudan Takolo, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek sorturiko proiektu pedagogikoarekin: pailazogintza komunitatearekin lotzen dute, demokrazia kultural komunitarioa lortzeko beharrizanagatik; komunitatean, komunitatearekin eta komunitatearentzat buruturiko prozesu baten bidez egiten da, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko asmoz, eta herritartasunaren hobekuntza eta aldaketa soziala bermatzeko xedearekin; eta praktika eta proiektu sozialak burutzen dituzten pailazo horiek giza balioen defentsa egiten dute, besteak beste. 

Horretan guztian sakontzeko bide edota modurik onena protagonistei beraiei hitza ematea izan da, eta, horregatik, ikerketarako metodo kualitatiboaz baliatuz, elkarrizketa sakon bana egin zitzaien lehenik Takolo, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoiei, eta, gerora, talde-elkarrizketa egin zen, gaur egun taldean diharduten Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin, metodologikoki aberatsagoa izan zedin. Bestalde, haien pailazogintzaren eta proiektuen inguruko bi hitzaldi ere hartu ziren kontuan, eta haiek sorturiko zenbait euskarri eta dokumentuen azterketa egin zen. Erabilitako ikerketa-tresna horien bitartez, master amaierako lan honetarako baliagarriak diren datuak jaso ziren eta analizatu, eta emaitzak eta ondorioak atera ziren. 

Egindako ikerketan, beraz, hezkuntza-eragiletzat hartu zen pailazo taldea, eta haien izaera pedagogiko hori azaldu zen: zein den pailazogintza horren inspirazioa, zer mugarri izan dituen berorren garapenak, zer ideia transmititu nahi dituzten, zein diren sortu zenetik gaur arte izan diren aldaketen zergatiak, zer motibazio eta helburu izan dituzten, zertarako eta zergatik erabiltzen duten eredu hezitzaile hori, eta nola burutzen duten. 

Gauzak horrela, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo taldeak berezko pailazogintza-eredua sortu duela berretsi da, euskal pailazogintzaren ibilbide osoan zehar ez baitago horrelako ezaugarriak dituen pailazo talderik. Hala ere, harremanetan daude etengabe hainbat euskal sortzailerekin, euskal kulturarekin lotuta daudenekin edota hezkuntza-munduan dihardutenekin, eta harreman horiek eragina izan dute hasieratik pailazogintzaren modalitate honen sorreran. Gauzak horrela, ezaugarri hauek nabarmentzen dira, beren esku-hartze eraldatzailean:

Jaio, herrigintzaren barruan jaio ziren, euskararen normalizaziorako dinamikaren barruan, eta, harrezkero, euskalgintza eta herrigintza beren jardueraren erdigunean jartzen jarraitzen dute.

Halaber, argi ikusi dute hasieratik, helburu dituzten euskararen normalizazioa eta alaitasun hezigarria sustatzeaz gain, gai sozialak eta giza balioak landu behar dituztela. Horretarako, gertutik bizi dituzten gaiak lantzen dituzte: herrigintzatik eta komunikabideetatik iristen zaizkienak; eta, askotariko mezuak zabalduz, pailazogintzaren bidez gizarteratu nahi dituztenak, besteak beste: ekologia, natura, kultura, etxegabetzeak, aniztasuna, familia-ereduak, osasuna, heziketa, genero-ikuspegia, justizia, bizikidetza, gaixotasunak…  

Hori dela eta, badakite egunerokotasunari adi egon behar dutela, gizartea etengabe aldatuz doan heinean, haien pailazogintza ere gizarte horren arabera moldatuz baitoa, modu kontziente batean. Horregatik, ikuspegi eraldatzailea behar dute, ikuspegi pedagogikoak hori baitakar berarekin, etengabeko prestakuntza- eta eraldaketa-prozesua egitea, alegia. 

Esan genezake pailazo ikertzaileak direla; izan ere, jendartearentzat esanguratsuak diren gaiak lantzeko, gertutik bizi dituzten gizarteko gertakizunak hartzen dituzte aintzat, horien inguruko hausnarketa eginez. Haien eredu pedagogikoaren prozesu horrek, bada, bi dinamika ditu: gogoeta eta ekintza; eta elkarri eragiten diote biek. Hau da, egiten dituzten hausnarketa horiek beren norabidea markatzen dute, egindako gogoetetatik bideratzen baitute beraien praktika.

Beraz, hezitzaile rola betetzen dute; hausnarketa egiten dute; gai batzuk bereizi egiten dituzte; eztabaida-prozesu bat egiten dute gauzak erabakitzeko orduan, eta gai batzuekiko sentsibilitatea lantzen dute. Horrenbestez, barnean hainbat balio biltzen dituen ideologia zehatz bat dago, proiektu pedagogiko horren atzean: eraiki nahi duten mundu eta Euskal Herri jakin baten aldeko apustua egiten duen ideologia, norbanako bakoitzaren beharrizanetatik abiatuta, askatasunean oinarrituriko mundu justuago bat posible egiten duena, eta denon eskubideak asebetetzen dituena, besteak beste.

Gauzak horrela, hizkuntza eta kultura eraldatzaileak direla uste dute, eta haien pailazogin-tza bi horietan, herrigintzan eta euskalgintzan, kokatzen denez, ez da kasualitatea eredu berri hori ikuspuntu pedagogiko eta eraldatzaile batetik eginda egotea, ez eta taldekideak herrigintzan inplikatuta egotea ere. 

Horren harira, euskaldun izateak, txikitasunak, zerikusi handia izan du pailazogintza honen sorreran, txikia edo zapaldua izateak gauza berriak sortzeko premia eragiten baitu, beharrizanei modu desberdinean aurre egitea. Euskaldunon txikitasun horrekin, enpatia bereganatu dute, eta gure desabantailetatik abiatuta, hobeto ulertzen dituzte besteen desabantailak. Enpatia horrek gizarteko eta hezkuntzako eragile ugarirekin elkarlana egitea dakar, eta hori ere herrigin-tzaren gauzatze bat da, euskaldunok berezkoa dugun ezaugarria, auzolanarena.

Hortaz, guztiontzat nahi duten mundu horrekiko aldarrikapena egiteko eta Euskal Herriak, euskarak eta euskal kulturak munduan toki bat izan dezaten aldarrikatzen duten heinean, berebiziko garrantzia izan du pailazo taldearentzat Euskal Herriko elkarteekin lanean aritu izanak, bai eta euskal kulturarekin lotuta daudenekin edota hezkuntza-munduan dihardutenekin lanean jardun izanak ere. Horren ondorioz, haientzat funtsezkoa da beste eragile batzuekin proiektuetan parte hartzea (Irrien Lagunak Kluba, Bizipoza, Oinherri, eta Lur eta Amets, besteak beste), izan ere, elkarlanean gauzatutako proiektuok zera aldarrikatzen dute: giza eskubideen defentsa egitea, haurren heziketaren ardura gizarte osoarena izatea, heziketa parte-hartzailea eta herritarra izatea, eta Euskal Herriak eta euskarak munduan beren lekua izatea. Horrenbestez, erreferente sinboliko eta sozial diren pailazook zeregin garrantzitsua betetzen dute, proiektuon mezu eta ideia horiek guztiak pailazogintzaren bidez zabalduz. 

Ezin aipatu gabe utzi, taldearentzat Bizipoza gizarte-egitasmoan parte hartzeak izan duen garrantzia. Ahulen eta baztertuen ikuspegitik denontzat izango den mundu eta Euskal Herri baten aldeko aldarrikapena egiten du Bizipozak. Eta elkarte horien mezuak eta balioak pailazogintzaren bidez eta euskaraz gizarteratzen ditu Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo taldeak. Beraz, oso garrantzitsua da, ikuspegi inklusibotik eta pertsonen eskubideak asebetetzeko asmoz, balio eraldatzaileak lantzea, elkarte horiekin eginiko elkarlanaren bidez. Gizartean dagoen aniztasunaren isla diren elkarte horiekin guztiekin eta Bizipozarekin eginiko elkarlanari esker, asko aldatu da pailazo taldearen norabidea.

Arestian esandakoa aintzat hartuta, esan daiteke pailazo taldeak euskal gizartea ahalduntzen duela pailazogintzaren bidez, sorturiko proiektu pedagogiko honekin herritartasuna hobetu eta aldaketa soziala bermatu nahian; oso aproposa izan daiteke inklusioan eta demokrazian oinarrituriko gizarte bat lortzeko bidean. Horrenbestez, gizarte hori lortzeko, ezinbestekoa da horretan kontzientziatzeko eta kritikotasuna bermatzeko aukera eskaintzea jendarteari, hezkun-tzako esparru guztietan; pailazo talde honek eskaintza zabala egiten du, txikitatik hausnarketari bide emateko; eta, eragile sozialak diren heinean, haien pailazo-ibilbideari jarraitzen diotenei ere ikuspegi pedagogiko hori garatzen joateko aukera eskaintzen die, betiere zapaldurik gabeko gizarte demokratiko baten aldeko apustua eginda

Hortaz, praktika pedagogiko bilakatu da haien pailazogintza; herrigintzatik jaio da, herrigintzatik elikatu da, eta herrigintzari nahi duen mundu eta Euskal Herri baten aldeko aldarrikapena egiteko aukera eskaintzen dio. Horrek esan nahi du pailazogintzaren bitartez mundua alda daitekeela sinesten dutela; beraz, jendearengan duten eraginaz baliatuz, heziketa-lana egiten dute, pailazogintzaren bidez. Horrenbestez, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek sortu duten euskal pailazogintzaren bidezko eredu pedagogiko horrek haurrak hezteko bide berri bat sortu du, giza balioak euskaratik landuz eta euskal kultura aintzat harturik, gizarteko eta hezkuntzako eragileekin elkarlanean; hezkuntzako esparru guztietan landu daitekeen heziketa da, hezkuntza-ikuspegi sakona eta emankorra eskaintzen duena.