Agustin Erkizia: “Normaltasunez hitz egin behar dugu suizidioari buruz. Besterik gabe, gerta litekeelako”

2018-02-13

15-29 urte bitarteko gazteen artean suizidioa da heriotza kausa nagusia. Trafiko istripuz hiltzen direnen bikoitza hiltzen da bere buruaz beste eginda.Sufrimendua, sufrimendu handia izan ohi dute suizidatutako pertsonek. Eta baita haien heriotzak minduta gelditzen direnek ere. Horren jakitun da Agustin Erkizia, Biziraun Elkarteko kidea. 17 urteko Joseba semea suizidatu zitzaion duela ia 5 urte.Eta orain dela urtebete Biziraun Elkartea sortu zuen beste batzuekin batera; maite dugun norbaiten suizidioak mindutako pertsonen elkartea. Besteak beste, egoera horretan dauden pertsonei laguntzeko eta hitz egiteko aukera emateko sortu zuten. Maila edo egoera berean daudenekin hizkuntza berean hitz egiteak eta partekatzeak on egin dezakeelako. Hitz egiteak mina arindu dezakeelako. Hitz egiteak suizidio batzuk saihestu ditzakeelako.

 
 
Agustin Erkizia: “Normaltasunez hitz egin behar dugu suizidioari buruz. Besterik gabe,  gerta litekeelako”

Zerk bultzata sortu zenuten Biziraun Elkartea, maite dugun norbaiten suizidioak mindutako pertsonen elkartea? 

Besteak beste, suizidio bidez hil diren pertsonen inguruan gelditu garenontzako ez zegoelako ezer Euskal Autonomia Erkidegoan. Nafarroan bai, guk baino urtebete lehenago sortu zuten.

Guri duela ia 5 urte hil zitzaigun Joseba semea bere buruaz beste eginda. Geure kasua edo egoera norbaitekin partekatzeko beharra ikusi genuen, norberak daukan zama hori pixkat arintzearren. Bartzelonan eta Madrilen ibili ginen, baina hemen ez zegoen aukerarik. Eta horregatik sortu genuen.

Gure helburu nagusia suizidio bidez hil direnen ingurukoak elkartu eta hitz egitea da. Momentuz ez dugu lokalik. Tokian tokiko taldetxoak sortuko balira, han elkartuko ginateke, udalari lokal bat eskatuta. Bilbon, esaterako, otsailaren 1ean elkartu berri gara eta hilean behin biltzea nahi dugu. Ordu eta erdiko formatua izango dute saioek. Elkarri laguntzeko taldea izango da, beste gaitzetan dauden moduan. Maila bereko sufrimendua dutenentzat.

Maila bereko egoera eta sufrimendua dutenekin elkartzea azpimarratzen duzu. Doluaren inguruan jada sortuta dauden taldeek ez dute balio?

Ez da gauza bera.

Maiz gertatu zaigu aditu batengana joan eta hura erlojuari begira egotea. Orduan, zeure buruari galdetzen diozu: “honek ulertzen ote du ni nola nagoen?”. Ez, ez dizu ulertu, nahiz eta berak baietz esan, ez da jabetzen zein egoeratan zauden zure lekuan ezin daitekeelako jarri.

Horregatik diot esparru berezia behar duela. Maila berekoekin elkartu nahi dugu, hizkuntza berean hitz egin, horrela ulertzen baita zer esaten den.

Ez dugu esaten besteek baino sufrimendu gehiago edo gutxiago dugunik, baizik eta maila berekoa nahi dugula. Zeren guk badakigu honek zer sufrimendu maila duen, besteenak ez. Beraz, haiekin ezin dugu modu berean hitz egin. Istripuz semea edo alaba galdu duenak ere sufrimendu handia izango du, dudarik gabe, baina nik ez dakit nolakoa den sufrimendu hori. Nik dakit suizidio bidez hiltzen denean zer sufritzen den.

Gu batzen gaituena sufrimendua da, suizidio bidez hil direnen ondoan gelditu garenon sufrimendua. Zeren noraezean zaudenean, zulo beltz baten aurrean aurkitzen zara. Galdera asko hor geldituko dira erantzunik gabe, baina, noski, egunak 24 ordu ditu, eta bizitzari aurre egin behar zaio, eta ez dakizu nola. Eta inork ez dizu esaten. Zeren, gu, berez, ez gara gaixoak. Gu osasun zerbitzu baten aurrean ez gara gaixoak, eta noski, psikiatria zerbitzuren batera eramaten bazaituzte pilula batzuk emango dizkizute. Baina arimaren min hau, barruko min hau, ez dute pilulek sendatzen.

Garrantzitsua al da hitz egitea? Ona al da?

On egin dezake ongi kudeatzen bada: pertsona egokiekin, momentu egokian eta behar den bezala tratatuta. Sufrimendua arindu dezake hitz egiteak. Sufrimendua beti hor egongo da; gauza da nola egin eramangarriago. Ezin dezakegu pentsatu hitz egitearekin besterik gabe sufrimendua desagertu egingo denik. Ez. Sufrimendua eramaten ikasi behar da. Batek Madrilen esaten zuen bezala, “sufrimendua kudeatzen ikasi behar duzu, ez zaitu blokeatu behar bizitza berriari aurre egiteko”. Hori jada kezkagarria izango litzateke. Bizi-tza normala egiteko sufrimenduak pertsona bezala guztiz baliorik gabe uzten baldin bazaitu, hor arazo larri bat daukazu. Jakin behar duzuna da hori kudeatzen, eta horretarako bide desberdinak egon litezke.

Isiltasuna izan daiteke bat. Ni, pertsonalki, isilik egon naiz zenbait urtetan, eta gero, hitz egiteko beharra sentitu dut, partekatzeko, eta horrek neurri batean on egin dit. Beste ba-tzuek zera esan ziguten: “Guri gertatu zitzaigun eta ez dugu hitz egin nahi gai horretaz”.

Suizidatu den pertsona baten inguruan gelditu direnek normalean ez dute hitz egiten suizidatu den pertsona horri buruz, mina izugarriz-koa delako, handiegia. Eztanda egin du horrek, bonba bat izango balitz bezala. Kaltetu dezente daude inguruan, baina kalte horri aurre egin nahi zaio kaltea edo mina sorrarazi duen pertsonaren aipamenik egin gabe. Aipatze hutsak min hori areagotu egingo duela pentsatzen da. Eta nik uste dut kontrakoa dela. Hitz egitea lan terapeutiko bat dela norberarentzat: zergatik egin du? Zer iruditzen zaizu? Lan terapeutiko horretan, hitz egite horretan, lasaitu egiten gara, askatu egiten gara, min hori pixka bat arindu egiten zaigu. Minak hor jarraituko du, noski, pertsona bat joan zaigulako, baina arindu daiteke.

Aditu batengana ere joan zaitezke. Hark bere pautak emango dizkizu, bere pilulak emango dizkizu, baina hitz egin ezean hor geldituko zaizu zure motxila. Eta pentsatzen dut motxila horrek bere lana egingo duela.

Noski, hitz egin nahi ez duena errespetatu egin behar da, beti. Baina hitz egin nahi duenari, aukera eman. Aukera eman eta hitz egin nahi ez badu, bale, errespetatu. Baina arazoa da ez dagoela aukerarik.

Hitz egin bai, baina norberaren erritmoa errespetatuz.

Hori da. Isiltasunak ere bere ekarpena egiten du. Orain dela gutxi Biziraunera jo duen batek hala esan digu; duela 16 urte suizidatu zitzaiela aita eta momentu honetara arte ez duela hitz egiteko beharrik sentitu. Aldiz, orain, beharra sentitu duela eta bileraren bat-edo antolatzen badugu, joan egin nahiko lukeela. Besterik gabe, on egiten diolako.

Nire iritziz, ez dago eperik, ez dago datarik, ez dago protokolorik non esaten den “suizidatu eta astebetera hasi behar duzue hitz egiten”. Ez. Bakoitzak bere erritmoa dauka eta hori errespetatu egin behar da, bai baitakigu zer-nolako mina dagoen horren atzetik.

Aukera eman, behintzat, jendeari. Eta bakoitzak ikusiko du bide hori ireki nahi duen edo ez. Baina aukera egotea garrantzitsua da. 

Datu ofizialak ezagutzen ditugu: Hego Euskal Herrian 230 pertsonak egin zuten beren buruaz beste 2015ean. 2016an, aurreko urtean baino 9 pertsona gehiagok. 15-29 urteko gazteen artean horixe da heriotza kausa nagusia. Munduan egunean 2.500 suizidio eta 60.000 ahalegin baino gehiago. Biztanleriaren % 10ak aztertu du inoiz aukera hori. Trafiko istripuz hildakoen bikoitza hiltzen da bere buruaz beste eginda. Genero indarkeriak sortutakoak baino 60 aldiz gehiago. Eta halere, gai tabua da. Nola uler daiteke hori?

Gai tabua da zeren gure gizartean heriotzaren gaia tratatzeko moduan atzera egin dugula uste dut. Gure gizarteak aurpegiaren alde bati soilik begiratzen dio: aurpegi polit, lirain, eder, elegante... Hipokresia handiarekin bizi den gizartea da. Denok lirain egon behar dugu, denok estereotipo konkretu batekin... Ba ez. Zorionez gizartea hori baino anitzagoa da.

Guregana hurbildu ziren lehendabizikoak etorkinak izan ziren. Zergatik? Gauza normal bezala ikusten dutelako, gure bizitzarekin lotzen duten zerbait delako heriotza. Etorkinek hurbildu eta besarkada bat eman ziguten.

Orduan, batetik, orokorrean gizartea dago. Eta, bestetik, suizidioa bera. Uff... Oso gogorra egiten zaigu. Eta gaztea bada, are gogorragoa.

Bi horiek uztartuta ulertzen dut tabua izatea. Baina hori balitz soluzioa... Ez, datuek ez digute hori erakusten. Argitaratu diren azkeneko datuen arabera (2016koak) Euskal Autonomia Erkidegoan suizidio bidez hil direnen kopuruak gora egin du. Bizkarra emanda bizi izate horrekin ez dugu arazo hau soluzionatuko.

Horregatik, aurre egin behar diogunez, normaltasunez hitz egin behar dugu heriotzari buruz, eta heriotza horien artean suizidioari buruz ere bai. Besterik gabe, gerta litekeelako.

Nolakoa da dolua horrelako egoera batean? Gazte baten suizidioaren ondoren, nola gelditzen dira familiakoak eta lagun gazteak?

Dolu guztiak eta bakoitza da desberdina. Eta bakoitzaren doluak ere gorabehera handiak izaten ditu. Ni ez naiz ausartzen batzuk erraztasun handiarekin esaten dutena esaten; doluan jarraitu beharreko prozesua edo protokoloa hau da. Niretzat ez du ezertarako balio. Aholku batzuk eman daitezke, baina bakoitzak bere bidea egin behar du.

Hasteko, min handia ematen du ulertu ezinak, galdera ikurrez betetako egoera baten aurrean aurkitzen zara. Eta bestetik, guraso bezala, erru sentimendua ikaragarria da. Ikaragarria da, eta hor egongo da betiko. Ez hasierako intentsitate berarekin, baina segun zein momentutan eta zein testuingurutan atera egiten da eta bere eragina dauka.

Norbera ere ez dago aurreko egoera berean. Gertatzen dena da gizarteak hori ez duela ulertzen. Ez du ulertzen haustura bat egon denik, ezinezkoa dela zu lehengoa izatea, zure bizi-tzako zutabe bat joan egin dela. Gu lehen lau hankako mahaia ginen eta orain hirukoa. Eta gure mugimenduak ez dira lehengo berak. Gure lehentasunak guztiz aldatu dira.

Nik ulertzen dut gizartearen erreakzioa lehengo egoerara itzul gaitezen dela. Ezinezkoa da, baina. Eta hori ulertu eta onartzea kosta egiten da.

Eta norberak ere bere neurriak har-tzen ditu babesteko. Babeste prozesu horretan oso selektiboa bihurtzen zara. Hori kudeatzea ez da erraza ez guretzat eta ez gizartearentzat. Hurbiltze horretan ere lan handia egin beharra dago.

Eta lagunen artean ere erru sentimendua geratzen dela uste dut. Josebaren kasuan, sare sozialetako mezuak zeuden, berak eta lagunek idatziak. Pentsa ze sentimendu sortuko ziren gertatutakoa gertatu ondoren. Eta inolako erantzunik gabeko galdera ikur pila bat gelditzen dira: zergatik joan zinen? Zer arrazoirengatik? Zerk eragin zizun mutur horretaraino iristea?...

‘Zergatik?’-etik ‘zertarako?’-ra pasatzeak laguntzen al du?

Hori da teoriak dioena. Eta nik uste dut baietz, laguntzen duela. Zeren egunak 24 ordu ditu, eta egun guztiek 24 ordu dituzte. Oso luzea da. Luzeegia.

Teorian badakigu zergatik?-etik zertarako?-ra pasatzeak galdera ikurrak desagertzeko edo gutxitzeko balio duela. Baina hori nola egiten da? Nola pasa batetik bestera? Gure kasuan Biziraun horren lekuko da? Alegia, guk elkarte hau sortu izanak zertarako horri erantzuten ote dio? Neurri batean bai. 

Guk zentzu bat aurkitu nahi diogu Josebaren heriotzari. Bera joan izanak zerbaitetarako balio behar izan duela pentsatu nahi dugu. Bestela, haren heriotza alferrikakoa izan da. Joan eta kito? Besterik gabe lurpean sartu eta kito? Bada ez. Guk erantzukizun bat badugu gizartearen aurrean: “Aizue, merezi du gai honetaz hitz egiteak ere, nahiz eta oso gogorra eta oso mingarria izan”. Orduan, neurri batean Biziraunek horri ere erantzuten dio, zertarako horri.

Ondorengo lana, hitz egitea. Nola landu gazteekin ondorengo egoera hori?

Nik uste dut beraien artean ez dutela gai honi buruz hitz egiten.

Baina aterako da, Joseba ez da hor geldirik egongo. Zergatik ez dugu Joseba aipatuko? Zergatik utzi nahi dugu hor lurperatuta? Ez. Auto istripuz hil balitz hitz egingo genuen. Gure semea zen, pertsona bat zen. Eta pertsona moduan badu duintasuna, ez dezagun lurperatu eta besterik gabe hor utzi.

Beraz, gazteek ere hitz egin behar dute. Batetik, beraien artean. Eta bestetik, maila edo egoera berekoekin. Joanesek (gure beste semeak) egunen batean norbaitekin hitz egingo duela iruditzen zait, bere testigantza emanez. Adin berekoen artean, “niri hau gertatu zitzaidan” esanda. Seguru nago gazte bat suizidatzen bada, haren lagunen artean Joanesek emango duen mezua oso ona izango dela. Mesede handia egingo diela. Beraz, bide hori egiten saiatu beharko genuke. Heriotza hor egongo denez, hitz egin dezagun.

Ikastetxetan zer egin izan da orain arte gazteekin? Zerk balio du? Zerk ez?

Zenbait kasutan adituren bat ekarri eta hark hitzaldi bat eman izan du. Baina askoz ere eraginkorragoa eta mesedegarriagoa da egoera hori bizi duen norbaiten testigantza. Begira, ni ez naiz gai honetan katedraduna, baina sufrimenduan bai, sufrimenduan katedraduna naiz. Eta nik badakit norbaiti gertuko bat suizidatu bazaio, zer-nolako sufrimendua daukan. Horregatik diot gazteengana ere egoera berean dagoen norbaitek joan beharko lukeela.

Duela gutxi unibertsitateko irakasle bat nirekin harremanetan jarri zen. Bere irakasgaiko ikasketa-planean suizidioa agertzen zen eta gai hori landu zutenean mutiko bat oso urduri jarri zela ikusi zuen. Zer gertatzen zitzaion galdetu zion. Bada, 19 urterekin begirale zela, 15 urteko mutiko batek bere buruaz beste egin zuen. Entrenamendutik lehenago irteteko eskatu omen zion, etxera joateko etxerako lanak egitera. Eta hori aprobetxatu omen zuen suizidatzeko. Izugarrizko erru sentimendua zeukan, ez zelako gai izan ulertzeko. 

Irakasle horrek deitu zidan eta ordubete egon nintzen gazte horrekin hizketan, erru sentimendu hori arindu nahian. Azaldu nion ez garela erabakiorrak, inor ez garela erabakiorrak. Ez zezala pentsa hori detektatu ez zuelako suizidatu zenik. Bera ez zen erabakiorra izan. Hitz egitearekin pixka bat lasaitu zela esango nuke.

Biziraunen beste ildo bat prebentzioarena da. Suizidioak prebeni daitezke?

Segur aski batzuk bai, denak ez. Baina bizitza bat salbatuta, niretzat nahikoa litzateke.

Suizidatu diren pertsona denek dute faktore komun bat: sufrimendua, sufrimendu handia. Sufrimendurik gabe bakoitzak bere buruari ez dio horrelako minik egiten. Sufrimendua dago, eta sufrimendu horri bukaera emateko bilatzen duten modu bakarra da suizidioa. 

Pentsatzen dute euren sufrimenduak besteen sufrimendua eragiten duela eta sufrimendu hori eteteko modu bakarra dela eurak erditik kentzea. Eta justu kontrakoa da; jakingo balute zer sufrimendu sorraraziko duten suizidatuta, gehiengo batek ez luke egingo. Horren jakitun izango balira, seguru nago gehiengoak ez lukeela egingo.

Badago portzentaia bat aurretik arazoak izaten dituena. Baina beste por-tzentaia bat inolako arazorik ez zuena izan ohi da. Une batean pentsatzen dute eta garbi ikusten dute: hauxe da irtenbidea eta kito. Arazo bezala ikusten dute euren burua eta idatziz ere uzten dute: “ez dut arazo izaten jarraitu nahi. Hau ezin dezaket sufritu. Arazoa ni naiz; beraz, ni kenduta arazoa bukatuko da”.

Oso gutxi dira arrastorik uzten ez dutenak. Arrastoak uzten dituzte: sare sozialetan, gutunetan... Gauza da identifikatzen jakin behar dela. Eta arrasto horiei tiraka, posible litzateke batzuetan suizidioa saihestea.

Nola detekta daitezke arrasto horiek?

Gazteen kasuan sare sozialak dira suizidioak detektatzeko era oso garrantzitsu bat. Erreminta sozialak diren heinean, babes sare eraginkorra osa dezakete, bai familiaren babesa eta bai lagun taldearena. Talde bateko kide izateko, integratzeko eta egoki-tzeko balio dezakete.

Informazio egokia bideratzeko kanala izan daitezke: informazio-iturri fidagarriak eta benetakoak erabiliz, estatistikak dagokion bezala interpretatuz, informazio exajeratuak saihestuz, arrazoi sinpleak ez emanez, errudunak ez bilatuz, suizidioaren deskribapen zehatzak ekidinez... Prebentzioarako balio duen informazioa zabal dezakete: zein diren arrisku faktoreak, babes faktoreak, suizidioari buruzko mitoak, alerta seinaleak (hitzezkoak eta ez-hitzezkoak)...

“Itxaropenaren telefonoa” lan handia ari da egiten Facebook-en. Edozein nabigatzailetan norbaitek hitz zehatz batzuk idazten baditu (suizidioa, heriotza...), agertzen den lehen aukera “Itxaropenaren telefonoa” da.

Baina ez da nahikoa. Haratago joan behar da. Hasteko, hizkuntza desberdinetan jarri behar da, tartean euskaraz.

Horrez gain, nahiz eta gazte bati telefono zenbaki hori agertu, zaila da deitzea. Prozesuak alderantziz-koa izan beharko luke; beste aldean dagoenak jarri beharko luke harremanetan gaztearekin. Sare sozialetan suizidioa edo antzeko hitz bat ager-tzean, nonbaiten alerta gorria agertu beharko litzateke, jakin nork idatzi duen, jarraipena egin eta harekin harremanetan jarri galdetzeko “aizu, zerbait gertatzen zaizu?”, “zer moduz zaude?”... Eta horrekin, zenbait momentutan nahikoa litzateke. Josebari deitu zion azken pertsonak “Joseba, ondo zaude?” galdetu zion. Eta erantzuna izan zen, “Eskerrik asko nigatik arduratzeagatik”. Horrelako beste pare bat edo hiru jaso izan balitu, seguraski Josebak buelta emango zion. Zeren momentu bateko kontua da. Hor obsesionatuta daude, eta obsesio horretan daude, hor daude, hor daude, hor daude... eta buf! joaten dira.

Gazteek sare sozialetan uzten dituzten arrastoak jarraitzea posible da teknologikoki eta hori egiteko aukera egon beharko luke. Baimendutako pertsonak izan daitezela, horretara bideratutako erakundeak... beharrezko neurriak hartuta. Merezi du legalki ahalbidetzeko saiakera egiteak, bizi-tza salbatzeko da!

Sare sozialez gain, gazteen artean ere gai honetaz hitz egiteak balioko luke prebentziorako. Adin horretan gurasoak gara azkena enteratzen garenak. Euren artean komunikatzen dira eta guregana berandu iristen da. Orduan, suizidioaren gaia ere sartu beharra daukagu gazteen hizketagai modura. Gertatzen delako.

Horregatik da garrantzitsua arrastoak detektatzea eta hitz egitea. Beraiengatik arduratzea eta zer moduz dauden galdetzea. Eta esatea badaudela beste irtenbide batzuk.

Gazteen arteko prebentzioaz gaiz, zein beste arlotan landu beharko litzateke gaia?

Denok egin behar dugun zerbait da, denok galtzen baitugu gizarte bezala. Horregatik, plana zabalagoa da. Eta, aldi berean, sinpleagoa ere bai normalizatzen hasiko bagina. Gakoa hor dago: hitz egin dezagun. Eta pertsona bat triste dagoenean, agertu diezaiogun gure interesa: “Zer gertatzen zaizu? Lagundu zaitzaket? Zein da buruan bueltaka darabilzun hori?...”

Edonola ere, guk ikusten dugu zer egin daitekeen hainbat arlotan: hezkuntzan, osasunean, segurtasun indarretan, komunikabideetan, ikerkuntzan...

Goazen arlo horiek banaka aipatzera. Hezkuntza, adibidez. Zer egin daiteke arlo horretan gazteen suizidioa prebenitzeko?

Esaterako, ikastetxe batean ikasle batek bere buruaz beste egin zuen eta zerbait egin behar zutela ikusi zuten. Bertako orientatzailea etorri zitzaigun. Gure ikuspegia eta testigantza ezagutu nahi zituen. Eta ondoren berak landu zuen eskolakoekin.

Hitzaldiak ere antola daitezke: gurasoentzat, ikasleentzat... Kontua da gaiaz hitz egitea. Zeren kontrakoa ere gertatu izan zaigu. Eskola batean ikasle bat suizidatu zitzaien eta hi-tzaldia eman behar zuenak gonbidatu egin gintuen. Bada, gero, zuzendariak-eta betoa jarri ziguten, alarma egoera sor zezakeelako. Hitzaldia zen gainerako neska-mutikoen gurasoak nola hurbildu suizidatutako gurasoengana. Gu testigantza ematera gindoazen, laguntzera. Gure mezua zen: etorri lasai, hitz egin, hurbildu, eman besarkada bat, negar egin behar bada negar egin... ona da, bai zuentzat eta bai guretzat. Beharrezkoa dugun zerbait da. Gogorra egin zitzaigun horretarako aukerarik ez edukitzea.

Etxeetan, kalean... zer egin daiteke?

Beste gaiak ateratzen diren bezala, gai horretaz ere hitz egin behar da, edo ez ezkutatu. Gure etxean ere denetarik hitz egiten zen, baina suizidioaz inoiz ez. Gainera, beti pentsa-tzen dugu bere buruaz beste egiten dutenak etorkizun beltza ikusten dutenak direla, kili-kolo dabiltzanak, droga mundukoak, beti baztertuta egon direnak, bere burua gutxietsia izan dutenak... Eta beti ez da horrela.

Zer egin daiteke osasun etxeetan?

Bere buruaz beste egiteko saiakera egin duenari telefonoz deitzea eta interesa agertzea ez da asko kostatzen. Horrelakorik ez da egiten. Esperientzia pilotu batzuk egin dituzte Donostialdean Andrea Gabilondok-eta, baina ez dago orokortua. EAEn ez dago suizidioaren prebentzio planik.

Osasun publikora iristen diren pertsona horiek detektatu egin behar dira eta jarraipen bat egin behar zaie. Eta jarraipena ezin liteke izan pilula batzuk eman eta “etorri hemendik denbora batera”. Ez. Ez da asko kostatzen, beste zenbait kasutan egiten den bezala, telefono dei bat egitea eta “nola zaude?”, “zer sentitzen duzu?” galdetzea. Eta erregistratu.

Eta horrekin frogatu izan da, badaudelako beste zenbait lekutako esperientziak, portzentaia jaitsi egiten dela. Birsaiakera kopuruak jaitsi egiten dira interes horrekin soilik. Azken finean, bakardadea, isolamendua, galdera ikurrez betetako etorkizuna soilik ikustea... izan daitezke arrazoiak, eta egoera horretan, “begira, badute interesa nirekin” pentsatzeak asko laguntzen du.

Zein izan daiteke komunikabideen funtzioa?

Komunikabideek duintasunez eta dagokion seriotasunarekin tratatu behar dute gaia, morboetan sartu gabe. Zentzu horretan, zenbait programei ezetza eman diegu. Baina, oro har, gu hemen pozik gaude; gaia atera da eta normalizazio bidean dago. Eskertuta gaude, beste lekuetan ez dugu horrelako tratamendurik ikusi.

Segurtasun indarrak ere aipatu dituzu.

Bai. Ertzaintza, udaltzaingoa... eta horiekin batera suhiltzaileak ere aipatuko nituzke. Bartzelonan, adibidez, suizidioaren inguruko heziketa berezi bat jasotzen dute mossoek, udaltzailek eta suhiltzaileek. Kasu batzuetan oso erabakiorra izaten da suhiltzaileen papera eta lan garrantzitsua egin dezakete. Sua itzaltzera joaten direnean han dagoen pertsona zertan ari zen ikus dezakete, edota bere burua leihotik bota ez bota dagoenaren ondoan egon daitezke. Kasu horietan, suhiltzaileak esaten duena erabakiorra izan daiteke, bere buruaz beste egitea edo ez egitea erabaki dezake pertsona horrek. Eta horrelakoetan pauta batzuk ezagutzea edo zer esan jakitea oso garrantzitsua da.

Ikerkuntzak ere lagundu dezake prebentzioan?

Bai, noski. Hemen Aidatuz elkartea dago. Suizidiologia elkartea da eta ikerkuntza lanak egiten ditu. Baita kongresuak antolatu ere. Biziraunetik ere antolatzen ditugu kongresuak. Iaz EHUko udako ikastaro bat antolatu genuen, eta ia 110 lagun inguruk hartu zuten parte eta hori ikaragarria da. Erronka izan zen guretzat eta aurten ere berriro antolatzera goaz. 

Horrez gain, nazioarteko bi egun ospatzen dira urtean zehar, eta horiek ere sentsibilizazio prozesuan lagun-tzen dute. Bata irailaren 10ean ospa-tzen da, Suizidioaren Prebentzioaren Nazioarteko Eguna. Eta bestea azaroaren hirugarren larunbatean, Suizidio bidez hil direnen inguruan gelditu garenon Nazioarteko Eguna.