'Ongi-etorri ikastolara' egitasmoa. Elkarren alboan eta elkarrekin

2018-02-01

Beste herrialde batzuetatik datozen familien inklusioan laguntzeko xedez, “Ongi-etorri ikastolara” egitasmoa jarri dute martxan Donostian. Hiru lan-lerro dituzte: familia horiei eskolaren, auzoaren zein hiriaren gaineko informazioa ematea; familia horien artean euskara eta euskal kultura sustatzea; eta eskola-komunitateko nahiz auzoko harreman-sareak zabaltzen laguntzea.

 
 
'Ongi-etorri ikastolara' egitasmoa. Elkarren alboan eta elkarrekin

 

Latinoameriketatik etorritako familiak alde batean; marokoarrak bestean; euskaraz mintzo direnak hango txoko hartan; bertan jaio baina gaztelaniaz hitz egiten dutenak hemengoan; guraso batzuk korrika, ihesean; beste zenbait erdi bakarrik bazterrean… orain hiru urte horixe zen Donostiako Egia auzoko Aitor ikastolako patioaren argazkia. Elkarren aldamenean, baina elkarrengandik urrun egon ohi ziren familia batzuk eta besteak haurrak eskolatik noiz irtengo zain. Nahiz eta haurrak gela berean ibili batzuek besteekin ez zuten hitz egiten, batak besteari buruz ez zekiten ezer. 

Orain kontuak oso bestelakoak dira: guztiak nahasian egoten dira ikastolako atarian, korro bakarrean, elkarrekin berriketan, umeekin eta eskolarekin zerikusia duten gaiei bueltaka, baina baita auzoko ospakizunei nahiz eguneroko bizimoduari buruz hizketan ere. “Ongi-etorri ikastolara” proiektua martxan jarri zutenetik sekulako urratsak antzeman dituzte Egiako ikas-komunitatean, eta bide beretik, baita auzo osoan ere. “Sekulako zatiketa ikusten zen eta horren aurrean zerbait egin behar genuela pentsatu genuen”, dio Lola B. Guigó Aitor ikastolako gurasoak. Beste guraso batekin, Dorleta Mikeorekin, hitz egin zuen eta hala hasi ziren proiektua martxan jartzen, modu boluntarioan, eskola-komunitatetik abiatuta beste herrialde batzuetatik datozen familien inklusioan laguntzeko xedez, beti ere, berdintasunezko bizikidetza oinarri hartuta. 

Euskaraz ederki mintzo den arren, valentziarra da Guigó eta hango immigrarien arretarako zentro batean lan egiten zuen Euskal Herrira bizitzera etorri aurretik. Egoera, baina, nahiko antzekoa iruditu zitzaion: “Valentzian immigrazio handia izan genuenez, immigranteak pilatzen ziren eskola publikoetan gaztelaniako errefortzua ematen hasi ziren eta horrek valentzieraren galera ekarri zuen. Ikusi nuen, hemen ere, immigrazioaren igoeraren ondorioz, gauza bera gerta zitekeela euskararekin. Hori batetik. Eta bestetik, inongo aditu ez dago izan beharrik ikastolako patioko panoramaz ohartzeko: erabat talde itxiak hasi ziren osatzen, sailkatuta bezala egoten ginen”.

Proiektua aurrera eramateko “familia-lagunaren” figura sortu zuten. Izan ere, “Ongi-etorri ikastolara” egitasmoaren jarduera garrantzitsuenetariko bat familia euskaldunen parte-hartzea da. Familia horiek laguntza ematen diete eta elkarlanean aritzen dira beste herrialde batzuetatik eskolara datozen familiekin. Kanpotik datorren familia bakoitzak euskal familia batekin anaitzeko aukera du. Hiru ildo nagusi landu nahi dituzte hala: lehenik, ikastolan izena eman duten eta jatorria beste lurralde edo autonomia-erkidego batzuetan duten familiei eskolako, auzoko eta hiriko baliabideei buruzko informazioa ematea; bigarrenik, kanpotik datozen familia horien artean euskara eta euskal-kultura sustatzea; eta hirugarrenik, familia euskaldunekin egingo den harremanaren bidez, bai eskolako eta bai auzoko harreman-sareak zabaltzea.

 

Bestearen lekuan jarri

“Proiektua ezagutzeak kanpotik datozen familia horien tokian jartzeko balio izan zidan. Herrialde berri batera zoaz, bakarrik zaude, ez duzu hizkuntza ulertzen, umeak hezteko babesik ez… Pentsatu nuen niri ere horrelako egoera batean gustatuko litzaidakeela laguntza izatea, eta egitasmoan parte hartzea erabaki nuen, nire bikotekidearekin batera”, dio Lide Yarzabalek, Aitor ikastolako gurasoak. Izan ere, ikasturte hasieran Guigó eta Mikeo eskolara joaten dira eta proiektua aurkezten diete gurasoei, baina parte-hartzea borondatezkoa da. Proiektuaren arduradunek kanpotik datorren eta parte hartu nahi duen familia bakoitzeko euskal familia bat hautatzen dute, seme-alabak gela berean dituztenen artean. Proiektua Aitor ikastolan eta modu boluntarioan hasi bazuten ere, uneotan, Donostiako Udalaren laguntzarekin hiriko bost ikastetxetan ari dira garatzen. Orotara, 100 familiak hartzen dute parte egitasmoan. 50 Donostian edo inguruan jaioak dira eta beste 50ak kanpotik etorriak. 

Nerea Redondok ere Mikeok eta Guigók egin zuten aurkezpenean izan zuen proiektuaren berri eta segituan erabaki zuen parte hartuko zuela: “Egitasmoaren barruan egiten duten lehen gauzetariko bat izaten da merendola moduko bat. Eta bertan kanpoko herrietatik datozen familiek euren inguruko festa baten berri ematen digute eta argazki baten bidez aurkezten dute beren ingurunea. Beti esaten dut egun horrek nire burua aldatu egin zuela: klik bat izan zen niretzat, pertsonak ikusi nituen”.

Oharrekin, eskolako kontuekin, eguneroko eginkizunekin… laguntzen diete, kontuan izan behar baita askotan kanpotik datozen familia horientzat dena dela berria eta hizkuntzarik ere ez dutela ulertzen. “Ez da denbora asko kentzen duen zerbait, borondatea da beharrezkoena. Normalki, eskolako informazioa bidaltzen digutenean gogorarazi egiten diegu, edo zerbait ulertzen ez badute esanahia azaldu… whatsappez aritzen gara normalean. Aitortu beharra daukat beraiekin, lasai, denbora gehiago igarotzea gustatuko litzaidakeela, baina nik orain bi ume txikirekin ez daukat denborarik”, argitzen du Yarzabalek.

Azken batean, eguneroko egoera normalizatu batean, beste edozein gurasorekin, konfiantzazko harremanean sortuko liratekeen erlazioen antzekoez mintzo dira familia-lagunak. Baina, Guigók oroitarazten duen moduan, beste kultura batzuk tarteko, eta komunikatzeko hizkuntzarik gabe, inor gutxi gerturatzen da kanpotik etorritako familia horietara. “Beraz, konfiantzazko harreman berri horiek apurtxo bat bultzatzen saiatzen gara, baina funtsean, euren seme-alabak gela berera doazen gurasoen arteko erlazioez ari gara hizketan”. Loira Manzanik kontatzen duenez, bere kasuan, proiektuan sartu aurretik ere gero bere familia lagun izango zen Betissam Klretib Dafirekin harremana egina zuen: “Ikastolako lehen bileran, gerturatu egin nintzaion. Konturatu nintzen ez zela ari ezer ulertzen eta sikiera berarekin gutxieneko erlazio bat egiten saiatu nintzen. Gero, aurrez ezagutzen ginenez, proiektuaren barruan batera jarri gintuzten. Baina ni ohartzen naiz, kanpotik datozenengana eta hizkuntzarik ez dakitenengana ez garela hain erraz urreratzen”. Manzani italiarra da, baina bere senarra nahiz umeak euskaldunak dira eta berak ere euskaraz erraz egiten du eta euskal kultura nahiz auzoko usadio eta jaiak ondo ezagutzen ditu. Donostiako Gros auzoko Zuhaizti ikastolako gurasoa da. Argi du kanpotik datozenei proiektuak laguntza ematen diela, baina uste du bertakoentzat ere oso aberasgarria dela: “Denoi balio digu egitasmo honek harremanak zabaltzeko, sarea egiteko, beste kultura batzuk ezagu-tzeko… finean, bata bestearen arteko aprendizaia bat da”.

 

Parte sentitzea, gako

“Bat batean auzo berri batean, ikastetxe berri batean, egoera berri batean… ikusi genuen geure burua eta horrek bertigoa ematen du. Umearen matrikula egitera joan nintzenean zuzendariak zerbait komentatu zidan proiektuaren gainean, baina nik ez nuen oso ondo ulertzen zer zen. Orain, urtebete igarota, oso pozik nago. Gure familia-lagunak
—beno, nik familia adoptiboa deitzen diot— asko lagundu digu, ez bakarrik eskolatzean, baita euskara eta euskal kultura ulertzeko orduan ere, eta hori asko eskertzen da”, kontatzen du Maria Chirilov errumaniarrak. 9 urte Euskal Herrian igaroak izan arren, hainbat ohitura eta festa arrotzak zitzaiozkien. Adibidez, San Joan bezperako suaren bueltako festaren arrastorik ez zuten. Orain, “Ongi-etorri ikastolara” proiektuari esker ezagutzeko aukera izan dute, eta parte ere hartu dute: “Hemen esan ohi duzuen moduan, festak hobekien parte hartuz eta biziz ulertzen dira”, gaineratzen du barrez, joan zen San Joan bezperan beste familia-lagunekin batera Alpargata dantza egin baitzuten.

Chirilov bezalaxe, Rajesh Devi eta Betissam Klrtib Dafi ere oso gustura daude familia-lagunen parte direlako. Segurtasun handia ematen die edozein zalantzaren aurrean nora jo edukitzeak eta, pixkanaka, eurak ere komunitateko parte direla ari dira sentitzen eta horrek are gehiago inplikatzeko grina pizten die. “Egitasmo honen bidez, Monhamed senarra eta ni Tabakalerara joaten hasi gara ostiralero euskara ikastera”, dio Klrtib Dafik. Devi eta bere anaia Belinder Singh ere joaten dira euskarako ikastarora. Devik ondo dioen moduan, akaso, bere seme Dhruveri zenbait hitz ulertzeko balioko dio: “Nire semeak ez du gaztelania oso ondo ulertzen, baina euskara bai, eta nik askotan ez dizkiot hitz asko entendi-tzen”, azaltzen du irribarrez. 

Aldi berean, ordea, Chirilovek, Devik eta Klrtib Dafik badakite horrelako egitasmo batek aurrera egin dezan, eta denen aberastasunerako izan dadin, norberak ere inplikatu beharra daukala: “Horrelako proiektu batekin askoz ere errazagoa da auzoko bizitzan sartzea eta parte hartzea. Nik, familia-laguna egitasmoan nagoenetik, nabaritzen dut zerbait gehiago ari naizela aportatzen, orain honen guztiaren parte izango banintz bezala da. Ondo sentitzen naiz behar nautelako eta nik ere zerbait aportatu dezakedala ikusten dudalako”, Chiriloven hitzak dira. Baina guztiek dute argi, izan bertan jaiotakoak nahiz kanpotik etorritakoak, egitasmoaren parte sentitzea gakoa dela, bestela ezinezkoa izango zaielako harreman-sareak zabaltzea, eta are gutxiago, euskarara eta euskal kulturara gerturatzea. “Zu beste familia batengana gerturatzen bazara, eurak ere zuregana gerturatu egingo dira eta horixe da guk egitasmo honekin konprobatu duguna”, dio Mikeok. 

 

Euskara, justizia kontua

“Ongi-etorri ikastolara” proiekturik gabe, Chirilov, Devi eta Klrtib Dafi ez ziratekeen seguruenik euskara ikasten hasiko, eta ziur aski haien seme-alabek ere ez ziratekeen hain erraz hurbilduko euskarara eta euskal kulturara. Transmisioaren gaia dago batetik auzi horretan, baina aukera berdintasunaz eta justizia sozialaz ere mintzo dira proiektuaren koordinatzaile Guigó eta Mikeo: “Gu saia-tzen gara azpimarratzen kanpotik datozen familia-lagunei haien seme-alabentzako oso garrantzitsua dela euskara ondo ikastea, besteak beste, gainontzeko umeen aukera berberak izan ditzaten, euskararik gabe ez baitituzte izango. Eta hori, azken batean, justizia kontua da”. Eta hala gaineratzen du Mikeok: “Eta ez gara ari etorkizunaz soilik. Hizkuntza bat ondo ez badaki litekeena da irakur-tzen eta idazten ikasteko ere zailtasunak izatea, eta beste ikasgaiekin ere antzera gertatuko zaio. Aldiz, bi urtetatik hasita, familia euskaldun batekin erlazio hori baldin badauka eta euskaraz hitz egiten badu, askoz ere errazago jarraituko ditu eskolak, eta horrek lagunduko dio ez ikasketa prozesuan soilik, baita gerora lan-munduan ere”. 

Baina kanpoko familiak euskarara eta euskal kulturara gerturatzea nahiz haien seme-alaben zain patioan dauden gurasoen arteko harremanak hobetzea ez dira “Ongi-etorri ikastolara” proiektuaren lorpen bakarrak izan. Esate baterako, Mikeok adierazten duenez, lehen ia ezinezkoa izango zatekeen bi urteko ikasleen gelan sortu ohi diren lagun-talde horietako bat kultur aniztasuna ezaugarri duen koadrilla bat izatea, eta orain badaukate bat: “Ategorrietan 2 urteko ikasleen familiek koadrila bat egin dute eta oso-oso anitza da. Hamaika jatorritako familiak daude, eta hori lehen ezin zen pentsatu ere egin”. Ikastolako klaustro batean tutore batek komentatutakoa ere gogoan du Mikeok: “Aurten, lehen aldiz, jatorria beste herrialde batean duen haur bat hemengo jatorriko haur baten etxera joan da lotara”. 

Groseko haur-danborradaren adibidea jartzen du Redondok. Kasualitatez egin zuen topo San Sebastian egunez, Groseko haur tanbor-joleekin eta emozionatu egin zen: “Jatorri askotako haurrak zeuden danborradan, eta haiek ikusten gurasoak nahasian, eta konturatzen zara horren atzean lanketa bat dagoela”. Familia lagun batzuek berdin egin zuten Donostiako Aste Nagusiko abordaia txikiaren egunean, edota Dantzari txiki egunean, guztiak batera joan ziren festara. Izan ere, eskolako patioan hasi zena hezkuntza-komunitate osora, auzora eta hirira ari da zabal-
tzen pixkanaka.  

 

Asebeteta

Proiektuaren koordinatzaileak nahiz partaideak oso gustura daude egiten ari diren bidearekin, sozialki ez ezik, pertsonalki ere asko ari baitira aberasten. “Zerbaitekin geratzekotan, ni pertsona bezala eman didan guztiarekin geratzen naiz”, dio Mikeok: “Bai harremanei begira, bai beste errealitate batzuk ezagutzeko eman didan aukeragatik… eta nola ez, enpatizatzen eta aurreiritziak gainditzen lagundu didalako…”. Chirilov pozik dago eskolan hasi bai, baina proiek-tuak ikastetxeko paretak gainditu eta auzoan ere harreman sareak zabaltzeko eta kide izateko balio izan dielako. Haurrentzat ere aukera handia dela oroitarazten du Redondok: “Hasieratik beste era batera bizitzeko balio die, hala gero ez dute gainditu beharrik izango duk gainditu behar izan duguna”. Eta hala gaineratzen du Manzanik: “Eskolan horrenbesterainoko dibertsitatea daukatenez, nik uste dut eurek guk bizi izan duguna baino askozaz ere naturaltasun handiagoz bizi dutela dena, are gehiago, euren gurasoak era normalizatu batean erlaziona-tzen badira besteen gurasoekin”. Azken batean, Guigók azaltzen duen eran, “Ongi-etorri ikastolara” proiek-tuak ahalbidetzen du kulturartekotasuna abantaila gisa eta aukera bezala bizitzea eta hori elkarrengana hurbilduz eta elkar ezagutuz lortzen da: “Zuk beste pertsona bat ezagutzen duzunean, hortxe amaitzen dira diferentearenganako zure beldurrak”