Renato Opertti: “Hezkuntza-sistemak ez dira interbentzio puntualen batuketaren bidez aldatzen, baizik eta ikuspegi sistemiko bat garatuz”

2018-01-02

Keycolab, Lehen Hezkuntzako konpetentzia gakoekin lotutako programan parte hartzen ari dira Nafarroako ikastolak, eta, horren harira, Keycolab Nazioarteko Konferentzia antolatu zuen irailean Iruñean Nafarroako Ikastolen Elkarteak, ‘Konpetentziek hezkuntzan duten rola birpentsatzen’ izenburupean. Renato Opertti soziologo uruguaiarrak bertan “Hezkuntza-sistemak eta ikasleen konpentetziak birpentsatuz mundu nahasi batean’ hitzaldia eskaini zuen. Operttik besteak beste curriculumaren, ikaskuntza-prozesuaren eta hezkuntzaren berrikuntza eta garapena sustatzea helburu duten programetan egiten du lan Unescoren baitan, eta, hain zuzen, hezkuntza paradigma aldatzeko beharraz aritu zen bere hitzaldian, konpententziak ez ezik hezkuntza-sistema osoa birpentsatu behar direlakoan.

 
 
Renato Opertti: “Hezkuntza-sistemak ez dira interbentzio puntualen batuketaren bidez aldatzen, baizik eta ikuspegi sistemiko bat garatuz”

 

Konpetentziek hezkuntzan duten eginkizuna birpentsatzeaz aritu zara Iruñeko jardunaldietan. Zertan aldatu behar dira konpetentziak, eta zertarako? 

Konpetentzien gaia ezin da modu isolatuan aztertu, oinarrizkoa da gaia ikuspegi globalago batetik analizatzea. Izan ere, konpetentzien inguruko eztabaida hezkuntza-sistema osoaren inguruko gogoetan kokatu behar da: konpetentziak sistemikoki integratu behar dira hezkuntza-sisteman, eta horrek hezkuntza-sistema bera birpentsatzea dakar. Hori izan da Latinoamerikan aurkitu dugun arazoetariko bat: konpetentzien bidez saiatu izan dira aldaketak eragiten, baina hezkuntza-egiturak ez daude prestatuak horretarako, izan curriculumagatik, pedagogiagatik edo ikastetxe ereduagatik. Beraz, gure ustez, hezkuntza-sistemaz eta, oro har, hezkuntzaz dugun ikusmoldearen inguruko gogoeta egitea eskatzen du konpetentzien inguruan eztabaidatzeak. Konpetentziak proiektu soil gisa ulertzen baditugu, edo berrikuntza eragiteko modu bezala, prozesu horrek ibilbide laburra izango du; konpententziak aztertzeak hezkuntza-sistema osoa birpentsatzea eskatzen du.

Beraz, konpententziak ez ezik, hezkuntza-sistema osoki birpentsatu behar da?

Hala da, eta eztabaida horrekin mundu mailako aldaketa bat eragin behar da. Teknologiak aldaketa handia eragin du mundu-mailako baldintzetan, laugarren industria-iraultza ekarri baitu, eta horrekin errotik desberdinak dira bizitzeko beharrezkoak diren konpetentziak. 

Laugarren industria-iraultzaren testuinguruan, teknologiak ez du soilik definitzen zer egiten dugun edo nola egiten dugun, nola sentitzen edo pentsatzen dugun, horrez gain zein garen zehazten du. Munduaz dugun pertzepzioa definitzen duen elementuetariko bat bilakatu da teknologia: nola aldatzen da gizakiaren jokabidea? Gizaki izateak zer esan nahi du? Izan ere, gizaki izatea zer den berdefinitzen ari da teknologia, bizitzaren zikloak luzatuz, gizakiek arazoei erantzuteko duten gaitasuna areagotuz, makina inteligenteak gure bizitzan duten garrantzia handituz. Zaila da egun mundu birtuala eta mundu bibentziala bereiztea, eta gure nortasunean eragina du horrek. Teknologia jada ez da gure bizitza hobetzen duen zerbait, gizaki gisa definitzen gaituen zerbait baizik: gaur egun mundu birtualaren eta bibentzialaren arteko nahasketa bat gara, eta horrek definitzen du gure bizitzeko modua, gure sentitzeko modua. Eta gai horrek uneoro egon behar du presente hezkuntzaren inguruko gogoetetan. 

Gure artean ohikoak dira egun gailu gero eta txikiagoak baina potentzia handiagokoak,  giza gaitasunak areagotzen dituzten makina inteligenteak, ibilgailu autonomoak, 3D inprimagailuak, gizakien genetika aldatzeko aukerak… Horiek ez dira per se teknologia kontuak, etikarekin dute zerikusia, sortu nahi dugun eredu sozialarekin. Eta baita hezkuntzarekin ere, eztabaidan jartzen baitituzte hezkuntza-sistemaren orain arteko hainbat oinarri.

Adibidez?

Batetik, irakastearen eta ikastearen arteko banaketa. Horrek ez dauka zentzurik, irakasteak ikastea baitakar, eta alderantziz. Ez dut sinesten irakaslearengan zentratutako heziketan, ezta ikaslean zentratutakoan ere, bi elementuen nahasketa beharrezkoa baita, ikastea eta irakastea lotuta baitaude. Laugarren industria-iraultzak erakutsi digu hezkuntzako edukiek lotura izan behar dutela arazo eta egoerei erantzuteko gaitasunarekin. Edukiek ez dute zilegitasunik izango beraien aplikaziotik edo testuingurutik bereizten badira. Edukien kategoria tradizionalek, irakastearen eta ikastearen banaketa tradizionalak, zentzua galtzen dute, etengabe egon beharko baitute nahastuta bizitzako erronka eta egoerei erantzuteko. 

Pertsonek, ikasleek, ez diete diziplina zehatzeko arazoei aurre egin behar, bizitzako egoerei baizik; eta, egoera horietan, diziplina desberdinetako jakintzak erabili behar dituzte. Errealitatean ez dago Biologia ikasgaiko arazo baten irtenbide aurkitu beharrik, edo Fisikakoa edo Matematiketakoa; ez, zientzietan duten jakintza erabiltzea eskatzen duen arazoekin aurkituko dira. Beraz, oinarrizkoa da ikasleari jakintza eta diziplina desberdinen artean konexioak egiteko gaitasuna garatzen laguntzea. 

Bestalde, gainditu egin behar dugu konpetentzia  “gogor” edo “inportanteen” (hizkuntzak eta matematikak ikastea) eta “arinen” (elkarbizitzen ikastea, komunikatzen ikastea…) arteko banaketa hori. Badirudi baldintzek eta emozioek ez dutela zerikusirik, baina gero eta nabarmenagoa da lotura estua dutela hezkun-tzan, ikaskuntza-prozesua emozioetan oinarritzen dela. 

Horrez gain, hezkuntzaren ikuspegi tradizionalaren arabera, ikaslea informazio hartzaile izan da, baina egun jakintza sortzaile ari da bihurtzen. Egiaz, bai ikaslea bai irakaslea etengabe ari dira jakintza sortzen, etengabe egin behar diete aurre erronkei eta horretarako jakintza mota desberdinak erabili behar dituzte. Eta ez die balio jada dagoena erreproduzitzeak, erantzun berriak sortu behar dituzte. Ikaslearen estatus epistemologikoa aldatzea gakoa da curriculumak eta pedagogiak eraldatzerakoan.

Azkenik, gero eta beharrezkoagoak dira, eta izango dira, ikuspegi zabala duten pertsonak, formazio zehatza dutenak baino. Industria-iraultza honek erakutsi digu pertsonek humanitateko nahiz zientzietako jakintzak integratu behar dituztela, jakintza teorikoak nahiz praktikoak. Jakintza jada ez dago diziplinetan banatua, baizik eta erronka bati erantzun ahal izateko erabili behar duten elementua da egun jakintza. Beraz, gure ikasleak balio-aniztasunean, malgutasunean, moldagarritasunean, diziplinartekotasunean formatu behar ditugu, ikuspegi zabal hori izateko; jada ezin ditugu elkarren artean loturarik ez duten diziplina pusketan hezi. 

Beraz, irakastea eta ikastea zer den birpentsatu behar dugu, hezkuntza sistema zer den, eta horrekin lotutako erronkei erantzuteko konpetentziak sortu. Hezkuntza paradigma aldatu behar da.

Zein dira paradigma aldatzeko gakoak?

Paradigmaz ari garenean jokabide zehazte batzuk dakartzaten balio, sinesmen eta jakintzaz ari gara. Nire ustez, hezkuntzaren gakoa da ume bakoitzari ikasteko aukera pertsonalizatu bat eskaintzea. Ikasle bakoitzari bere berezitasuna onartu behar zaio. Inklusioaren kontzeptu zaharraren arabera, ikasle batzuk bereziak ziren; gaur egun Unescok erabiltzen duen kontzeptuaren arabera, guztiok gara bereziak, eta guztiok dugu babestuak izateko beharra. Guztiok ditugu gaitasun eta ahultasun erlatiboak, eta bakoitzaren berezitasuna onartzea oinarrizkoa da hezkuntza bakoitzaren neurrikoa izan dadin, pertsonalizatua izan dadin, alegia. 

Orain arte batez besteko ikasle bat  imajinatu izan dugu eta horren neurrira eraiki hezkuntza-sistema, baina hori fikzioa da, batez besteko ikasle hori ez da existitzen, gutako bakoitza desberdina da. Giza garun bakoi-tza ezaugarri indibidualen mosaiko bat da. Neurozientziak dio garunak ikaskuntza-prozesuan eragina duela, eta ikaskuntza-prozesuak eragina duela garunean. Ikasle bakoitzari beretzat estimulagarria den hezkuntza-esperientzia ematen badiogu, indartu egingo da neuronen arteko konexioa, sinapsia delakoa. Eta horrek eragina izango du ikasle horren gaitasun sozialetan, memoria erabiltzeko nahiz ikasteko ahalmenean… Hezkuntza paradigma berriak, beraz, ikaslearen berezitasuna onartzea eskatzen du.

Horrekin batera, ikuspegi tradizonalaren arabera, irakaslea da curriculuma inplementatzen duena. Baina curriculuma ez da inplementatzen, baizik eta elkarlanean garatzen da. Tradizioaren arabera, curriculuma preskripzio bat zen, agindu bat, baina errotik aldatu behar dugu curriculumaren zentzua: ez da agindu bat, landu beharreko ikaskuntza-prozesu bat baizik. 

Bestalde, hezkuntzaren paradigma aldatzeko jakintzaren inguruko ikuspegia aldatu behar da. Aurrez esan bezala, jakintza ez da diziplinetan banatuta transmititzen, horrekin ikasleak ez baitu errealitatearen ikuspegi globala izango. Jakintzak bere horretan ez du zentzurik, balio eta zentzua hartzen du bizitzako arazoei eta erronkei erantzuteko erabiltzen den heinean. Konpetentzia bat gara-tzeko oinarria da jakintza, eta balioa hartzen du errealitatearekin konekta-tzeko gai den heinean. 

Eta, paradigma aldaketa hori gauzatzerakoan, kontuan izan behar dugu nola ulertzen dugun aldaketa bera kontzeptu gisa. Herrialde askotan hezkuntza aldatzen saiatu dira han eta hemen egindako proiektuen bidez, zentro zehatz batean edo diziplina zehatz batean esku hartuz. Baina modu horretan ez da hezkuntza-sistemaren DNA aldatzen, proiektuak interbentzio puntualak baitira, eta ez dute zertan ekarririk sistema osoaren eraldaketa. Hezkuntza-sistemak ez dira interbentzioa puntualen batuketa baten bidez aldatzen, baizik eta ikuspegi sistemiko bat garatuz.  

Bestalde, kontuan izan behar da nola ulertzen dugun konpetentzia. Izan ere, maiz konpetibitatearekin lotu izan ditugu. Pertsona bakoitzak, bere berezitasunean, bere jakintza, gaitasunak, balioak egoera zehatzei erantzuteko erabiltzen dituen moduak dira konpetentziak. Konpetentzia ez da jakintzen aplikazioa bakarrik, egoera zehatzei aurre egiteko jakin-tzen integrazioa baizik.

Bakoitzari egokitutako hezkuntza aipatzen duzu, nola gorpuzten da eguneroko praktiketan?

Gero eta gehiago, ikaskuntza-prozesuak pertsonalizatuak izan behar dira. Onartzen badugu norbanako bakoitza bakarra dela, eta, ondorioz, ikasteko modu propioa, berezia duela, orduan hezkuntza-eskaintza errealitate horretara egokitu behar dugu. Eta ikasketa-prozesu pertsonalizatu horretan, bi elementu izan beharko ditugu kontuan. Batetik, ikasleek beraien gaitasun eta beharretara egokituriko baliabideak behar dituztela ikasketa-prozesuan. Hau da, baliabideak ikasle bakoitzaren beharren arabera definitu beharko ditugu, eta ez aurrez pentsatu, batez besteko ikasle hori buruan. Bigarrenik, teknologia ez da izan behar ikaskuntza-prozesuko baliabide soil, horrez gain irakasleek ikaslearen beharrekin konektatzeko tresna izan behar du. Alegia, on-line edo ez-presentziala den denbora tartea sortuko dute ikasteko eta irakasteko. Bi denborak bateratuz, aurrez aurrekoa eta on-line delakoa, ikasleak bere formazioa pertsonalizatzeko aukera izango du. 

Bestalde, curriculumek gero eta aukera gehiago emango diote ikasleari zer ikasi nahi duen eta nola aukeratzeko. Eta ez naiz ari aukerazko ikasgaiez, baizik eta ikasleek nahierara aukeratzea, menu batean bezala, zer ikasi nahi duten, oinarrizko formazio unibertsala beraien intereseko gaiekin osatuz. Beraz, etorkizuneko hezkuntza ez da diziplinen araberakoa izango, baizik eta gaien araberakoa. Horrek sakoneko aldaketa bat dakar: ikasleak bere intereseko gaiak aztertzen ditu, eta diziplinak gai horietara iristen lagunduko dioten lanabesak izango dira. Zenbait herrialdetako curriculumetan zeharkako gaiek gero eta leku gehiago hartzen dute. Horien bidez, ikasleak berak osatuko du bere hezkuntza-ibilbidea, beti ere, noski, hainbat baldintzetan, besteak beste ekitatea bermatuz.

Horrek guztiak ez du esan nahi diziplinak ez direnik garrantzitsuak; alderantziz, ezinbesteko lanabesa dira ikasleei gaiak arakatzen laguntzeko. Baina diziplina horien rola berrikusi egin behar da, eta pentsamendurako lanabes gisa ulertu behar ditugu. Beraz, ikasleek erabakiko dute zer ikasiko duten, nola eta zer proiektutan parte hartuko duten.

Zein izango da irakasleen rola prozesu horretan?

Ikaslearen aholkularia izango da, orientatzailea. Irakasleak lagunduko dio ikasleari ulertzen nola erabili jasotzen duen informazioa, horri zentzua ematen, sintesirako nahiz konexioak egiteko gaitasuna garatzen. 

Horrekin lotuta, etorkizuneko hezkuntzaren inguruko eztabaidaren muina da nola berregituratu irakasleen formazioa. Adibidez, irakasleen formaziorako curriculumek aintzat hartu beharko dute ikaskuntza-prozesuaren pertsonalizazioarekin loturiko guztia. Izan ere, ironikoa da irakasleei gai horiek lantzeko eskatzea ez badute horretarako formaziorik jaso, eta hori herrialde askotan ari da gertatzen. 

Irakasleen formazioa da birpentsatu beharreko beste alorretako bat. Izan ere, hasieran esan bezala, konpetentziak modu sistemikoan integratzeko hezkuntza-sistemaren osagai guztiak birpentsatu behar dira. 

Curriculumak errealitateko erronka eta arazoei erantzun behar diela diozu. Errealitateari erantzun bai, baina ez al dute izan behar, era berean, errealitatea aldatzeko baliabide ere?

Curriculumak islatzen ditu eta eran-tzuten die haur eta gazteen errealitatean aurkitzen diren arazoei, baina horrek ez du esan nahi errealitate hori onartzen duenik: curriculuma izan daiteke bizi dugun munduarekiko tresna kritikoa. Baina, horretarako, munduari irekia egon behar du. Horregatik Unescon curriculum “glolokal” batez hitz egiten dugu: ikuspegi globala duen curriculuma, baina, era berean, tokikora edo lokalera ekarria, aintzat hartu behar baitira tokiko kultura eta errealitateak ere. Izan ere, globala eta tokikoa ez dira kontzeptu kontrajarriak, osagarriak baizik. 

Honekin lotuta, konpetentziez hitz egitean eztabaidarako bi plano bereizi behar dira. Batetik, eztabaida programatikoa legoke: zer konpetentzia behar ditu gazteak herrialdea, gizartea garatzeko? Bestetik, eztabaida ideologiko-politikoa legoke: zer motatako hezkuntza nahi dugu, zein motatako gizartearentzat? Konpetentziak azter daitezke bakoitzak eraiki nahi duen gizartearen isla gisa, edo errealitatera hurbildu eta horri erantzuteko prozesu metodologiko gisa, eta bi azterketa horiek bereiztea garrantzitsu da. Gainera, konpetentzia izan daiteke eraiki nahi dugunaren adierazle soziala, edo izan daiteke ikasleari arazoei erantzuteko balio dion lanabesa. Lehena eztabaida programatikoa litzateke, bestea metodologikoa. 

Behin sistema eta horren osagaiak birpentsatuta, nolako konpetentziak eskatzen ditu definitu duzun sistema horrek?

Konpetentziak lau taldetan bana daitezke. Lehenengoan, oinarrizko alfabetizazioarekin loturikoak leudeke: ikasleak eguneroko eginkizunetarako behar dituen gaitasunak, edozein ikaskuntza-prozesuren oinarrian daudenak. Konpetentzia talde honetan aldaketa handiak izan dira. Lehen hizkuntza eta matematikak osatzen zuten, baina gaur egun oinarrizko konpetentziez hitz egitean bigarren hizkuntzaz, pentsamendu konputazionalaz, edo kodifikazioaz ere ari gara. Etorkizunean, hizkuntza kodifikatua menderatzen ez duen haur bat analfabetoa izango da, edozein lanetan jakin beharko baitu edozein informazio area programatzen. Edo, horrekin batera, finantzen inguruko oinarrizko jakintza izan beharko du, hain finantzieroa den mundu honetan, herritar konpetentea izango bada.   

Bigarren konpetentzia taldean baliabide metodologikoak deitzen ditugunak leudeke, ikasleek agindu eta erronkei erantzuteko duten gaitasunarekin lotuak. Nola hezi gure haurrak eta gazteak arazoei erantzuteko gai izan daitezen, pentsamendu kritikoa gara dezaten, sortzaileak izan daitezen, besteekin komunikatzeko eta negoziatzeko gai izan daitezen? Nola garatu iritzi propioa, nola izan kognitiboki malguak egoera berrien aurrean ere erantzuteko gai izateko, nola ikasi ikasten? Hori guztia oinarrizkoa da. Izan ere, etorkizuneko munduan ez dira ildo zehatzak izango; gaur egun ikasten ari diren haurren %65k orain existitzen ez diren lanbideak izango ditu, gaur egun ez dauden zereginetan. Beraz, zertan formatu behar ditugu? Bada, ezezaguna zaien mundu batean lan egiteko malgutasuna eta egokitzeko gaitasuna emango dieten prozesuetan eta baliabideetan.  

Hirugarren konpetentzia taldea, pertsonen ezaugarriekin lotua dago. Haustura sakonak, errotikako aldaketak gertatzen ari diren garaiotan gure pentsatzeko eta jokatzeko modu tradizionalak zalantzan daude. Beraz, nola hezi gure ikasleak hausturazko mundu horretarako?  Bada, trebatu beharko ditugu adimen emozionalean, enpatian,  norbere buruaren zaintzan, harremanetan, komunika-tzeko moduan, portaeran…

Azkenik, mundu glolokal horretan konpetente izatera bideraturiko konpetentzien taldea legoke: munduko eta tokiko hiritar konpetente izaten lagunduko dietenak. Talde honetan leudeke giza eskubide eta balio unibertsalak ezagutzeko gaitasunak, genero edo afiliazio dibertsitatea errespetatu eta onartzea, mundu jasangarri batekin konprometitutako pertsona izatea… Alegia, nola bilakatu gure gazteak mundua sostengatuko duten izaki? Beren tokiko errealitatea, herrialde, gizatasuna sostengatuko duten izaki? 

Lau konpetentzia talde horiek har ditzake aintzat curriculum batek, horra nire proposamena. Eta noski, konpententzia talde horiek antolatzen dute curriculuma, eta ez alderantziz. Lau bloke horietan oinarrituriko curriculum batek honako 5 atal izan ditzake: oinarrizko alfabetizazioa; norberaren eta taldearen zaintza eta garapena; diziplinarteko eta proiektuetan oinarrituriko ikaskuntza-prozesua; gaikako sentsibilitateekin lotuak; tutoretzak eta ikaskuntza-prozesuetarako laguntzak. Adibide bat litzateke hori.