Joni Ubeda: “Norberak egiten ez duena besteak egin behar du, beraz, erantzukizuna hartu beharra dago”

2017-12-29

Bigarren haurraren esperoan zirela jakin zuenean Bide Ertzean taldearen erritmoarekin ezingo zuela jarraitu iragarri zien taldekideei Joni Ubeda baxu jotzaileak (Ibarra, 1973). Xune eta Ur alaba eta semearen zaintzaz okupatuz, bikotekidearen ogibidea jarri zuen bere musika ibilbidearen aurretik.

 
 
Joni Ubeda: “Norberak egiten ez duena besteak egin behar du, beraz, erantzukizuna hartu beharra dago”

 

Bide Ertzean gelditzeko arrazoietako bat zure aitatasuna izan zen... Gure eszenan ez da ohiko erabakia, nola bizi izan zenuen? 

Bigarren umearen esperoan geundela jakin genuenean, nire taldekideei esan nien bi ume txiki etxean izanik entseguen eta emanaldien jira horretan ibiltzea zail izango zitzaidala. Hori etxearen barruko testuinguruarekin lotua dago, nire bikotea [Oihana Sanchez aktorea] Pirritx eta Porrotx konpainiarekin baitabil eta asteburuetan pailazoekin eta neu kontzertuekin ezinezkoa zen soka horretan ibiltzea eta neronek erabaki nuen musikaren bidean etenaldi bat egitea.

Pena handiarekin, azkeneko emanaldietan barrutik emozio berezi bat eraman nuen, baina ez naiz oso-oso nostalgikoa eta ez nago atzera begira jarrita, batez ere oso denbora gutxi daukadalako horretan pentsatzeko.

Bide Ertzean hastapenetik emozioekin konektaturik egon den talde bat izan da, horri loturik naturala dela esan liteke aitatasunari leku egin izana?

Ez nuke lotuko taldeak musikalki erakusten duenarekin, lotuago dago izaerari. Anaia —Imanol, Bide Ertzeaneko kantari eta gitarra jotzailea— eta biok oso pertsona arduratsuak gara, erantzukizuna hartu izan dugunak beti eta niretzat urrats naturala izan da. Haurrak hezteko eta zaintzeko joera arduratsua hartu dut hasieratik, baldintzak ere horrela izan dira etxean eta oso argi genuen ahal dela guk hazi eta hezi nahi ditugula gure umeak. Bestalde, nire bikotekideari eta niri tokatu zaigu etxeko adinekoak agurtzea eta agurtu aurretik beraien zaintzaz arduratzea etxeko besteekin batera eta horrek ere erantzukizun bat ekartzen dizu. Nire kasuan oso logikoa iruditzen zitzaidan haurrak eduki eta zaintzaz arduratzea. 

Eta musikaren zirkuluan nola hartu zen etenaldiaren erabakia eta erabakiaren arrazoia?

Oso galdera ohikoa ari da izaten, “ez daukazu monorik?”. Taula gainekoa oso adiktiboa da, taulara igo eta txaloak jasotzea norbere egoarentzako oso esker onekoa izaten da.  

Zer da zuretzat aita arduratsua izatea? Ez da musikariaren bizitzarekin bateragarria?

Aita arduratsua izateko ezinbestekoa da haurrari denbora eskain-tzea, eta denborak dira orduak eta orduak. Haurrak etengabe ikasten ari dira, eta aita eta amaren erreferentziak nahitaezkoak dira, adin txiki hauetan gauza asko ikusten eta ikasten dituzte. Arduratsua izatea denbora eskaintzearekin lotua dago, bi gurasoekin, edo bakoitzarekin egotea, jolastea, ikastea, sentitzea...

Gure etxean asteburuetan biok genbiltzanez artistaren munduan nekez eskaini ahalko genien denbora haurrari, eta kasu honetan bi haurrei. 

Aita arduratsua, edo aitatasunaz arduratzen den gizona kontzientziak, egoerak, bikoteak… zerk bultzatzen du rol hori hartzera? 

Nik beti, zaintzan bezala bizitzaren alor ezberdinetan aplikatzen dudan esaldia da zuk egiten ez duzun hori beste batek egin beharko duela zuk egiten ez baduzu, alor guztietan badago joera bat ardurak ez hartzekoa. Nire kasuan zerk bultzatu ninduen? Ba egin behar direnen aurrean ez naizela normalean eskakeatzen den pertsona bat. 

Gizonak gutxiengo direla? Niri orokortasun horiek nahiko arriskutsu iruditzen zaizkit. Nik ikastolaren inguruan guraso asko ikusten ditut aita arduratsuak direnak, horrek ez du gizarte oso bat ordezkatzen, ez tipologia eta soziologia oso bat, baina egon badaude. 

Nola ematen da ardurak hartzeko pausoa?

Pertsona bakoitzak bere esperientzia bizitzen du eta hori beharko genuke gainera. Nik halabeharrez hartu behar izan nituen ardurak. Gure etxekoak liburu baterako ematen du: nire bikotea zortzi hilabeteko haurdun zegoela, biok erditze aurreko ikastaroan geunden Carmen Ferro emaginarekin, eta egun hartan gertatu zenak erabat baldintzatu zituen gure ondorengo pausoak, eta nola ez, lanak egitetik ardurak hartzeko nire pauso hori; kurtsoan geundela nire bikotea erori egin zen eta klabikula ondoko humeroa hautsi zuen. Haurra jaio aurreko hilabete hartan halabeharrez hartu behar izan nituen ardurak, lagundu behar nion Oihanari janzteko, eranzteko, dutxatzeko, media zikin horiek janzteko... Nire bikoteak abenduaren 28an haurra izan zuen erditze luze baten ondoren baina beso bakarra zuen ondo, bestea mugiezin zuen eta oso gogorra izan zen, ze berak bi besoak behar zituen! Umea besoetan hartu, bularra eman, zurekin eduki eta goxatu... hori ezin izan zuen egin, eta oso gogorra izan zen! Bularra eman behar zion aldiero nik bularrean jarri behar nuen, berarekin pixka bat egon eta nik hartu eta sehaskan jartzen nuen, edo pardela aldatu edo bainatu... lehenengo aste horietan ardura guzti horiek neronek egin behar nituen eta lanean etenaldi bat eskatu beharra izan nuen ze niri zegozkidan 15 egun horiek gutxi ziren. Lanak egitetik ardurak hartzera, errealitateak eraman ninduen. 

Zer egin behar da zaintzaren benetako ardura partekatua izateko eta korrespontsabilitaterantz urratsak egiteko? 

Nik uste dut, hasteko, banaka, pertsona bezala, gizonezko, emakumezko... oso garbi eduki behar dugu norberak egiten ez duena beste norbaitek egin behar duela, zaintzaren kasuan bikoteak; orduan uste dut erantzukizuna hartu beharra dagoela, eta hori norberagandik hasten da. Banakotik bikotera pasata, nik uste dut asko dela bikotearen hartu-emanetan bakoitzari zer egiten utzi, zer pasatzen uzten zaion, zer ez, idatzi eta hitz egin gabeko arau batzuk sortzen dira. Etxe barruko esferan landu beharreko zerbait litzateke. Eremu publikoan zer egin? Badaude pertsona adituak eta inporta daitezkeen eredu asko. Nik faltan bota nuen haurra jaio eta berehala denbora gehiago edukitzea etxeko lanetan eta zaintzan gehiago murgiltzeko. Uste dut hasierako aste horiek klabeak direla zu zeu zaintza-lanetan buru-belarri sartzeko, norberak bere esperientzia bizitzea garrantzitsua da, eta bertigo momentu horiek ere norberak pasatzea prozesu oso ona dela iruditzen zait.

Zaintzak zer-nolako onura ekarri dizu? 

Nik oso garbi daukat, hasteko, inori ez niokeela esango “eduki umeak, merezi du, kristoren esperientzia da, bizi ezazu...” ez zait ateratzen, uste dut umerik eduki gabe ere oso bizitza aberatsa izan daitekeela. Eta aukera oso ona iruditzen zait. Nik ez nuen hori egin, umeak eduki nituen, eta niretzako, barrenean baliogarria izan zaidan esperientzia sakon bat izan da, eta une gogorrenetatik oso esperientzia marabillosoak bizi izan ditut. Gure lehenengo erditzea eta erditzearen aurrekoa eta ondorengoa oso esperientzia gogorrak izan ziren, ez da batere gozoa mina etxean hain sartua dagoenean haur baten jaiotzaren esperientzia bizitzea. Bizitzaren legea da, baina umeak eduki ditugun bitartean nire bikoteak eta nik aurreko belaunaldikoak galdu ditugu, oso-oso estuki lotuta geundenak, eta horrek barrenean sekulako mugimendua eragiten dizu. Bizitzaren sortzearen ederra eta bizitzaren bukaera elkarrekin bizitzea oso koktel indartsua izan da, baina hortik oso esperientzia marabillosoak atera ditugu. 

Nik gaur esan behar banu nire bizitzaren irudia zein den nire alaba jaio eta berehala, amaren bularra hartzen ari zela eskutxoa agertu zuenekoa litzateke. Hori da nire bizitzaren irudia, eta uste dut horrek asko esaten duela.

Lehenengo erditzea oso-oso luzea izan zenez bigarrengorako erabaki genuen hain azkar ez joatea ospitalera, eta ikaragarria izan zen: uztailaren 10 batean goizeko 8etan etxean eduki genuen haurra, uzkurdurak erabat bat-batean azkartu zirelako; bikoteak esan zidan ezin zuela handik mugitu, salan lau hankan jarri eta erditzen jarri zen... bertigo sentsazio ikaragarria izan genuen. Oihu eta buila artean nire bikoteari galdetzen nion “eta orain zer?”, “eta nik ze ostia dakit!”, esaten zidan. Baina kapazak izan ginen. Ez zara kontzientea momentu horietan zer egin duzun, haurra jaiotzen da, amaren bularrean jarri, anbulantziari deitu... eta alaba nagusia izan zen anaia musukatzen lehena. Niri horrelako esperientzia marabillosoak ekarri dizkit.

Eta galerarik ekarri dizu?  

Gai korapilatsua da, baina ni behartzen nau nire gustutik harago sozializatzera, parkean, umeekin... hori halabeharrez tokatu zaidan gauza bat da, eta hain baloratua dagoen sozializazio hori luzea egiten zait, eta batzuetan astuna. Uste dut ondo egingo genukeela gauza horiei buruz hitz egingo bagenu.