Adinen gainetik doazen zubiak

2017-11-28

* Julen Gabiriaren eskutik

Pentsamenduak irakurri izan balizkit bezala etorri zait aldizkari honen gonbita, haurrekin partekatzeko moduko kultur proposamenei buruz idatz dezadan eskatu didatenean. Eta norbaitek pentsamenduak irakurtzen dizkizunean, zure kezka eta obsesioen munduan hain bakarrik ez zaudela iruditzen zaizu une batez. Izan ere, guraso eta kulturzale naizen aldetik, denbora daramat kezka honekin; alegia, nola bideratu gure alabak kultur eskaintza zabalago eta helduago baterantz, berariaz umeentzat ekoitzitako kulturan sustraituta geratu beharrean.

 
 
Adinen gainetik doazen zubiak

 

Esan dezadan, hasteko, printzipio argi bat izan dudala familia osatu genuen unetik: guztiak ezin duela haurraren inguruan pibotatu. Lau gara, ez bi ume eta bi guraso. Umeek nahi duten guztia egiterik ez dago, gurasook nahi dugun guztia egiterik ez dagoen moduan; are gehiago, jakinda erdibideak ere badaudela, denok aseko gaituzten aukerak. Oreka mantentzea da kontua, familia-bizitzako arlo guztietan: berdin eguneroko bizitzako hainbat jardueratan, eta berdin kultura kontsumitzeari dagokionez.

Hori esateko premia nuen, zeren eta gero eta maizago ari bainaiz ikusten planteatu dudan printzipioaren guztiz aurkakoa den joera bat: guraso asko ari direla euren bizimoduaren zati handi bat umeen nahien arabera antolatzen, eta jokamolde horren barruan dago kultura jasotzeko modua ere. Umea aspertu ez dadin, edo umea pozik egon dadin, edo umeak protestatu ez dezan, edo umearen inguruan hartutako beste edozein erabakirengatik, familia osoaren jarduna baldintzatzen da. Adibide sinple bat jartzearren, kotxeko soinu-banda: milaka guraso eta ume, Pirritx eta Porrotxen kantuak entzuten bukle eternalean, diskoa ezin aldatuta. Tira; gehienok bizi izandako zerbait da hori, baina nork esan du umeak ezin dituela beste gauza batzuk entzun, ustez helduenak direnak? Eta galdera bera egin daiteke kulturaren beste alorretarako ere: pelikulak, antzezlanak, erakusketak, are liburuak ere, ezerk ez luke izan behar eremu arrotza haur batentzat. Kulturaren osotasunean murgiltzea, eta ez adinaren araberako partzeletan zatikatutako kulturan, guztiz ariketa osasungarria da umeentzat… eta helduentzat, batzuetan ahaztu egiten baitzaigu umearen ongizateak ezin duela gure bizitzako espazio osoa bete, eta geure ongizateak (eta osasun mentalak) ere merezi duela tarteka arreta eta mimo apur bat. Eta ongizate horren barruan dago, lehengo adibidearekin jarraituz, kotxean goazenean ustez helduenak diren diskoak entzutea. Ustez.

Eta erraza da proba egitea, zinez. Inoiz baino errazagoa, dena eskuragarri dagoen garaiotan. Go!azen telesailaren eta Bagoaz talent-showaren arrakastaren haritik tiraka, berbarako, erraz praktikatzeko moduko ariketa egin daiteke. Telesailaren balio, mezu eta eredu hegemonikoak alde batera utzita, ezin uka daiteke gure inguruko haur eta gazteak gozatzen ari direla duela 20, 30 edo 40 urteko kantuekin. Esatea bezala nik (70eko hamarkadan jaioa izanik) 1930eko kantu batekin gozatuko nuela txikitan! Horra hor guraso askoren aurreiritziak (eta aurreiritzi horien ondoriozko mugak) hausten dituen egitatea: berariaz umeentzat zuzendutako kulturatik kanpo ere bada umeentzat erakargarria den kulturarik. Aipatutako telesailean agertzen diren abestien artean daude Itoiz, Delirium Tremens, Mikel Laboa, Gari, Zea Mays edota Benito Lertxundirenak, gutxi batzuk aipatzearren. Hartu, beraz, Itoizen edo beste horietako edozeinen diskografia, egin entresakatxo bat, eta jarri kotxean. Zubi bat baino ez da hori: Itoizetik, salto egin ahal izango duzu Errobira, Kerobiara, nahinora; Deliriumetik, salto bat eta hor daude Hertzainak, Baldin Bada, Zarama; eta Mikel Laboatik mundu osora egin daiteke salto. Berez etorriko dira gero Ruper, Anari, Neighbor, Mursego, Petti edo bururatzen zaizun beste edozein, zeure gustuen arabera. Behin mugak apurtzen hasita, agerian geratzen da lehengo mugak geuk jarritakoak zirela, ez musikarenak. Eta, noski, enlatatutako musikaz gozatu badute, zer esanik ez kontzertuez: formatu txikiko emanaldiak, antzokiak, kalekoak… zer ez ote dagoen zuen zain hor kanpoan! Zeren, zuzenekoei buruz ari garela, desproportzioa ikaragarria da: ez dago 10 urteko umerik helduen kontzertuetan, baina 10 urteko umeei zuzendutako ekimenak gurasoz beteta daude. Zer pentsatua ematen du, gutxienez.

Zinemarekin ere antzera gertatzen da: ausartzea da kontua, eta ausartzeko modurik errazena pelikulak etxean ikustea da. Iban Zaldua idazlearen eredua dut nik begiz jota aspalditik: astero-astero, film bat aukeratu, eta huraxe ikusten dute etxean, “Zinema alabekin” izeneko zikloa osatuz: film klasikoak, berriagoak, komediak zein dramak, denetarik dago zerrenda horretan. Erronka ederra da, ez soilik istorioak konpartitzearena, baizik eta sortuko diren galdera deserosoei aurre egiten saiatzearena; eta, jakina, filma amaitu ostean, pantailan agertutako gaien inguruan hitz egitearena, ikusle bakoitzak bere esperientzia, kezka, jakin-min edota beldurren arabera jasoko baitu istorio hori. Erraza bezain merkea da zinema etxera ekartzea, eta leiho aparta da mundura eta kulturara zabaltzeko; norberak osatutako programazioarekin, gainera. Ez hori bakarrik: umearen adinaren arabera, azpitituluak.com webgunean ehunka pelikularen euskarazko azpitituluak aurkituko dituzu, horrek dakartzan onura guztiekin.

Nondik hasi ez dakizula? Hemen ere, zubiak sor-tzea izan daiteke bideetako bat, jolasean bagenbiltza bezala: adibidez, edozein aktore edo zuzendari hautatu (Jeanne Moreau), haren filmografiatik pelikula bat har dezakegu (Laurehun kolpeak); eta, hori ikusi ondoren, aurreneko pelikula horretan agertzen den beste aktoreren baten (Jean-Pierre Léaud) beste film bat aukeratu: Aki Kaurismäkiren Le Havre; eta horrela, ia amaitzen ez diren bideetatik. Edo aktualitatearen ildotik ere jo daiteke; esate baterako, etorkinen gaiari buruzko zine-ziklo bat eginez: Chaplinen filmetatik hasi, Suminaren mahatsak klasiko itzeletik pasatu, eta gaur egungo errealitatea islatzen duten hainbat obrataraino. Imajinazio apur batekin, zinemak mila aitzakia ematen dizkigu gai sozial zein pertsonalei buruz mintzatzeko.

Baina, batez ere, ez izan beldurrik. Ez kezkatu eskain-tzen diozun hori ulertuko ote duen edo ez. Ulertuko du. Zerbait bai, auskalo zer. Kultura ez baita esanahi bakarreko mezu bat, interpretazio bakarreko gezi zuzen bat; eta interpretazio horren jabetza-eskubidea ez baita esklusiboki helduena. Askotan, kulturan bezala eguneroko bizitzan ere, menu infantila ematen diegu beti, ondo txikitua, arriskurik hartu gabe, makarroiak tomatearekin: aurrez badakizkiten erantzunak ematen dizkiegu, ezer galdetzeko aukera eskaini baino lehen. Eta ahaztu egiten zaigu, edo ez dugu onartu nahi, mundu oso bat dagoela hor kanpoan euren zain, jakin-minez betetako umeen eta aldez aurreko ziurtasunak zalantzan jartzeko prest dauden gurasoen zain.