Kirola eta genero berdintasuna uztartzeko modurik ba ote da?

2017-11-16

* Carmen Diez Mintegi antropologaren eskutik

Alde batetik, badakigu kirol-sistema modernoa emakumeak baztertu dituzten eremuen artean adibide ona izan dela eta dela; badakigu, baita ere, kirola askatasuna eta plazera eskaintzen dituen jarduera dela (sufritu egiten da, baina gozatu ere bai –endorfinak–); izan ere, gaztelaniazko “deporte” hitza (Testu hau gaztelaniatik itzuli da. Horregatik dator erreferentzia hau) sport hitzetik dator, ingelesezko disport aditzetik (dibertitu, entretenitu), eta frantsesezko desporter aditzean du jatorria ingelesezkoak, eta azkenik, frantsesezkoa latinezko deportare aditzetik dator (dibertitu esan nahi du, latin arruntean). Nire iritziz, bi elementu horiek –emakumeak baztertzen dituzten erakundeak, batetik, eta askatasuna, aisialdia eta dibertsioa mugatzea, bestetik– oinarrizkoak dira kirola ikuspegi kritiko feministatik aztertzeko. 

 
 
Kirola eta genero berdintasuna uztartzeko modurik ba ote da?

 

Laurogeiko hamarkadaren amaieran eta laurogeita hamarrekoaren hasieran, diziplinarteko ikerketa-proiektu batean hartu nuen parte, eta “emakumea eta boterea” gaia aztertu genuen. Garai hartan, surfak eta skateak indar handia hartu zuten, eta kirol horietan mutilak soilik aritzen zirela ohartu nintzen; kirol berriak izanik, neskek zein mutilek bereganatuko zituztela uste nuen. Gaur egungo ikuspegitik ikusita, nire iritziz, hori pentsatzen genuen uste genuelako feminismoaren indarrak jada mundua aldatu zuela. Ameslaria ni.

Beraz, kirol-jardueretara zuzendu nuen nire arreta. Garai hartan (1988), Marina Subiratsen eta Cristina Brulleten liburua argitaratu zen: Rosa y azul: La transmisión de los géneros en la escuela mixta; liburu horretan, besteak beste, azpimarratzen zen eskola mistoetako jolastokiak futbolean aritzen ziren mutikoek hartzen zituztela, eta neskak bazterretan gelditzen zirela, kromoetara jolasten edo toki asko eskatzen ez zuten zereginetan. Egoera hori ez da asko aldatu ikastetxe pribatu edo publiko askotan, gaur egun neska askok futbolean jokatzen duten arren. 

Nire bi semeak nerabeak ziren orduan, eta futbolean jokatzen zuten, baina ez nintzen mundu horretaz gehiegi jabetu nire azterketaren xede bihurtu nuen arte. Gipuzkoako futbol-jardueran oinarritu nintzen, eta horren egitura, parte-hartzea eta antolamendua aztertu nituen (“Deporte y construcción de las relaciones de género” artikulua sarean eskura daiteke). Deigarria gertatu zitzaidan lehenengo gauza hauxe izan zen: mutilek federazioaren hainbat kategoriatan jokatzeko aukera zuten, adinaren arabera (benjaminak, kimuak, haurrak, kadeteak eta gazteak), 8 urtetik 18 urtera arte; nesken kasuan, aldiz, kategoria bakarra zegoen, 13 urte beteta zituztenentzat: “emakumezkoen futbol-taldea”. Laurogeiko urteen hasieran sortu zen kategoria hori, eta talde berean eta elkarren aurka jokatzen zuten 13 urtetik 28 urtera bitartean zituzten neskek. Aurrerago, benjaminen, kimuen eta haurren kategoriak agertu ziren nesken kasuan ere, eta talde mistoetan ere joka zezaketen, baina haurren kategoriatik behera soilik (gaur egun ere horrela da hori, eta Lleidako nesken taldea da horren adibide: mutilen aurka jokatu du eta lehena gelditu da).

Gipuzkoako futbol-taldeen azterketarekin jarraituz, deigarria gertatu zitzaidan beste gauza bat zera izan zen: gizonezkoen futbol-taldeen egitura horretan, mutikoak 8 urterekin sartzen dira, eta 18 urtera arte bertan jarrai-tzen dute askok, kategoria guztietatik igarota, lehiatuta eta gorenera iristeko helburuarekin, hau da, lehenengo mailako taldera, Realera (edo Eibarrera orain, edo Atleticera edo lehen edo bigarren mailako beste talde batzuetara), oso gutxik lortzen duten arren.

Egitura horrek antz handia zuen gizarte patriarkal tradizionaletako egiturekin; gizarte horietan, 8-9 urteko haurrak etxeko bizimodutik eta emakumeengandik aldentzen dituzte “gizonen etxera” joateko, “gerlari” eta “gizon” izateko abileziak eta ezagupenak barneratuko dituzten espazio fisiko eta sinbolikora, eta mundu mistora itzultzeko prest izango dira gero. Gizarte horietan, neskak oso azkar iristen dira heldutasunera, ez dira etxeko bizimodutik bereizten, eta ia zuzenean igarotzen dira ezkonbizitzara. 

 

Non du jatorria gaur egungo kirol-ereduak?

XIX. mendearen bigarren erdian eta XX.aren hasieran, aldaketa handiak gertatu ziren gizartean. Alde batetik, kapitalismoa sistema ekonomiko gisa eta industrializazioa lan-eredu gisa behin betiko ezarri ziren, eta, horiekin batera, familia-antolakuntzako eredu “ideal” burgesa ere ezarri zen, zereginen banaketa ere barnean hartzen zuena: gizonak soldata ekartzen zuen eta emakumea etxeaz arduratzen zen. 

Eredu horretan, haurren heziketa emakumeen esku gelditu zen ia erabat, eta, mutikoak biguntzeko eta “emakumetzeko” beldurraren ondorioz, indarkeria handiko kirolak agertu ziren, testuinguru iparamerikarrean batez ere: boxeoa eta futbol amerikarra; gizontasun handiko maskulinitate-eredu hegemonikoa goratu zuten kirol horiek. Bestalde, testuinguru horretan bertan, Boy Scouts izeneko erakundea sortu zen (1910. urtean); mutikoei “benetako maskulinitatea” barneratzea zen erakunde horren xedea, eta beste gizon batzuek irakatsiko zieten hori. Horrez gain, gorputz-hezkuntza eskola-jardueren artean ezarrita zegoen jada, eta, herrialdeen arabera, helburu desberdinak zituen, herritar-mota jakin batzuk eraikitzeko asmoz. Esate baterako, Frantzian, eskola/nazioa izan zen lotura, herritarren ikuskera militarizatua zuten; Ingalaterran, berriz, etorkizunean inperioa administratuko zuten gazteak prestatu nahi zituzten. 

Alderdi horiekin guztiekin batera, bada beste elementu garrantzitsu bat: aisialdia. Lan-egitura berriak aisialdirako eta kirolerako beta ematen zuen, eta egitura erritualizatu asko aisialdiaren erreferente garrantzitsu bihurtu ziren: klubak, federazioak, txapelketak (gaur egun egitura horri eusten zaio). 

Euskal Herrian, XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran eratu zen kirol-sistema hori; futbola Ingalaterratik Bizkaira iritsi zen, XX. mendearen hasieran, eta onespen zabala izan zuen; Real Sociedad taldea 1909. urtean eratu zen ofizialki, baina lehenago ere baziren futbolean aritzen ziren klubak. Donostian, Kontxako hondartzako haur eta gazteen txapelketak 1911. urtean hasi ziren, eta gaur egun ere egiten dira; XX. mende osoan antolatu dira haurrei eta gazteei zuzendutako txapelketak. Futbolaz ari naiz, une hartan horrek erakarri zuelako nire arreta (garrantzi handiko jarduera zelako eta komunikabideetan oihartzun handia zuelako, artean –laurogeiko hamarkadan– gaur egun duen garrantzi global eta ekonomikora iristen ez bazen ere), baina beste kirol batzuetan ere gauza bera gertatzen da. Oro har, kirola maskulinitate hegemonikoa islatzeko eremuetako bat dela jabetuta (hauekin batera: lan-mundua, armada, zientzia, eliza, esparru judiziala, etab.), herri edo hiri jakin batean zer kirol-jarduera nabarmentzen den azter dezakegu (arraunketa kostaldeko herrietan, eskubaloia Eibarren, herri-kirolak, etab.). 

Eremu horiek guztiak “gizonen etxeak” dira nolabait, eta ospe handia ematen diete parte-hartzaileei; emakumeak eremu horietatik at gelditu dira, ez dagokie haiei toki hori. 

Orain arte esandakoa kontuan hartuta, hainbat elementu azpimarratu eta sakondu behar dira: 1) laurogeiko hamarkadan, begirada feministaren eta genero-kontzeptuaren eztabaida zabalduko da; teoria feministak aldatu egingo du kirolaren azterketa egiteko modua; 2) kirol modernoa erakunde homosoziala da, egitura-ardatz gisa sexu biologikoa hartzen duen maskulinitate-eredu bat errepikatzen duena; 3) kirol-sistema modernoa eratu zenetik, emakumeek kirola egiteko debekua jasan zuten.  

 

Historia pixka bat

Gogoan izan behar da mendebaldeko gaur egungo gizarteak Europako iraultzetan duela jatorria; iraultza horiek sistema feudalak eta estamentalak atzean utzi zituzten, eta “legezkotasuna”, “senidetasuna” eta “berdintasuna” izango ziren aurreran-tzean gizartearen euskarriak. 

  • Arazo bat sortu zen, hala ere: berdintasun hori ez zen gizarte osora hedatu, familia-talde bat mantentzeko gai izango ziren gizon zuriengana soilik.  
  • Beraz, patriarkatu-modu berri bat ezarri zen: sistema horrek ez zien herritar-eskubidea aitortzen emakumeei, eta arlo publikoetan parte hartzea ukatzen zien (bozkatzeko eskubidea, lan egiteko eskubidea edo hezkuntzarako eskubidea). Eskubide horiek lortzea izan zen XIX. mendeko eta XX. mendearen zati bateko borroka feministaren xedea. 
  • Hala, emakumeen kasuan, sentiberatasunarekin, ulermenarekin, pasibotasunarekin, otzantasunarekin, onespenarekin, mendekotasunarekin, oldarkortasun faltarekin eta antzeko ezaugarriekin lotutako feminitatea eratu zen; aitzitik, gizonen kasuan, maskulinitatea indarrarekin, oldarkortasunarekin, lanarekin, arrakastarekin eta ekimenarekin lotu zen, eta gaur egun ere horrela da oraindik. 

XVIII. mendetik aurrera, hainbat erakunde eta diskurtso abiarazi ziren gizonak eta emakumeak bereizten zituen hezkuntza-proiektua aurrera eramateko: hezkuntzak, lan-esparruak, zientziak, medikuntzak, politikak, eta abarrek emakumeen presentzia eragotzi edo baztertu zuten; kirola ere eremu horien artean dago, eta gizonak nagusi diren gizarteari eusteko orduan garrantzi handia izan du eremu horrek ere. Zenbait egilek adierazitakoa ekarriko dugu gogora: kirol gehienek, taldean nahiz banaka egiten direnek, gaur egungo munduaren laburpen eta ikuspegi koherentea ematen dute: talde-lanaren balioa, elkartasuna, lanaren zatiketa, plangintza kolektiboa eta, gainera, gizarte industriala eta kapitalista oinarri hartuta, pertsonen merituen, emaitzen eta parekoen arteko lehiaketaren goraipamena. 

1980. urtean, biltzar bat antolatu zen Londresen, “Sport, Culture and Ideology” izenburupean; biltzar hartako edukia Jennifer Hargreavesek editatutako ale batean jasota dago (lantzen ari garen gaiari buruzko lan garrantzitsuak ekoitzi ditu aditu horrek). Sarreran, egile horrek azpimarratzen du gero eta interes handiagoa dagoela kirola gertakari kulturaltzat hartzeko. Ale horretan, bi ekarpenek berariaz aztertzen dute emakumeek kirolarekin duten harremana; horietako batek aisialdiaren ikuspegitik aztertzen du harreman hori (Griffin, Hobson, Maclintosh & McCabe, 1982); egile horiek emakumeek eta gizonek aisialdirako eskubidea eratzeko duten modu desberdina aztertzen dute, eta emakumeek kirolean parte hartzearekin edo ez parte hartzearekin erlazionatzen dute zuzenean. Gizonen aisialdiak emakumeei lana ematen diela ere planteatu zuten, emakumeek eraikitzen baitute gizonak erlaxatzeko espazio hori. Aisialdiaren gaiak ez du egunerokotasuna galdu gure testuinguruan; izan ere, urtez urte, hainbat azterketak erakusten du emakumeek aisialdi-defizita dutela, eurentzat denbora gutxiago dutela, bereziki seme-alabak edo euren kargura mendeko pertsonak dituztenek. 

Bigarren artikuluak, Paul Willis-enak, kirolaren ideologiaren gaia lantzen du; ideologia hori ildo “naturalistan” oinarrituta egongo litzateke, eta, kirola gizartetik bereizitako eremu gisa ikusita, sexuen arteko desberdintasunaren ustea legitimatuko luke. Gai sakon asko planteatzen ditu artikuluak, eta ezin ditugu guztiak hemen aztertu, baina badira zenbait alderdi, nire ustez, gaur egun oraindik kirolaren esanahiaren eta emakumeek jasaten duten desorekaren atzean daudenak. Willisek azpimarratzen du bereizketa biologikoetan oinarritutako alderdiak, hala nola azalaren kolorean edo sexuan oinarritutakoak, kontuan hartzen dituzten ideologiak direla gizartean gehien errotzen direnak. 

Hala, Willisen arabera, kirol modernoaren antolaketaren oinarria sexu-desberdintasuna izan zen. Alde edo desberdintasun horretan oinarrituta eraiki zen gizonezkoen nagusitasuna; alde batetik, lorpenen konparazioan ardaztutako ikuspegi positibista eta naturalizatzailetik. Aldi berean, kirola egiteko joera erakusten zuten emakumeen inguruan, “benetako emakumeak” ez zirelako susmoan oinarritutako ideologia bat garatzen hasi zen. 

Ideologia horrek zalantzan jartzen ditu zenbait jarduera emakume batek egiten baditu, edo gizonezko batek egiten baditu ere bai, eta, Willisen arabera, gure errealitatean ageri da ideologia hori esaten denean zenbait kirolek emakumeak “maskulinizatu” egiten dituztela, edo neskatoei esaten dietenean giharrak mutikoen moduan garatuko zaizkiela, edo neska txiki bati “mari-mutil” esaten zaionean jarduera jakin batzuk gustuko dituelako. Futbola atsegin ez duten eta beste jarduera batzuk nahiago dituzten mutikoen kasua ere antzekoa da, horregatik “mari-neska” edo, zuzenean, “marikoi” esaten dietenean, adibidez.   

Kontu bitxia da honakoa, hala ere; izan ere, gaur egun eremu askotan ez genukeen sexuaren araberako bereiz-ketarik onartuko (hezkuntza, lana, politika, zientzia), baina kirolean bereizketa horri eusten zaio; haur txikien kasuan kirol mistoa bultzatzen den arren, ustezko “sen onak”, ikusten dugunean eta konparazioaren eta nagusitasunaren ideologian oinarritzen denak, bereizketa hori zuritu egiten du, edozein adinetan. 

Kirola sexuaren arabera antolatzeari buruzko alderdi hori tabua da ia, oso zaila da hori aldatzea, eta ondorioak ditu kirolaz haraindi. Janusz Korwin-Mikke eurodiputatu poloniarra matxista ausarta da, baina emakumeok gizonak baino gutxiago irabazteko emandako argudioa (aurten, 2017an) emakumeek atletismoan edo xakean egiten dituzten lorpen txikiagoetan oinarritu zuen, eta “txikiagoak, ahulagoak eta tentelagoak “ garela esanez arrazoitu zuen.

 

Begiratu bat generoaren ikuspegitik

Emakumea zer den edo gizona zer den, feminitatea eta maskulinitatea zer diren dioten kategoria finkoen ikuspegiaren aurrean, botere-sistema gisa ulertzen dugu generoa, gizakion arteko harremanak ikuspegi dinamiko batetik eta toki eta denbora zehatzetatik aztertzen dituena; gizon izatea edo emakume izatea gizarte-kategoria aldakorrak dira, eta ez dira ulertzen elkarrekiko harremanean ez bada; feminitatea eta maskulinitatea genero-proiektuak dira, prozesuen bitartez eraikitzen dira, eta ez dira ulertzen bien arteko harremanaren bidez ez bada (femeninoa izatea maskulinoa ez izatea da, eta alderantziz). 

Denboran aurrera eginez, estrukturalismoaren ondorengo teoriek diote generoa ez dela gu garen hori, baizik eta egiten dugun hori; jakina, kirola agertoki egokia da genero “egite” hori behatzeko, eta mugak eta sexu-kategoriak hauts ditzake, edo emakumeen gorputzak sexu-objektu bihurtzen dituen hiperfeminitatea sor dezake.  

Desberdintasunak azpimarratzeak, boterearen ikuspegi foucaultarrak –boterea goitik behera gauzatzeaz gain, botere hori plurala da, eta toki askotan gauzatzen da, hala nola gorputzean eta diskurtsoetan– edo generoa performatibotasun gisa ikusteak ezegonkortu egin ditu kirolari buruzko azterlanetan sexuaren, generoaren eta sexualitatearen arteko erlazioen nozio tradizionalak. Queer teoria deritzona, fokua generoan eta sexualitatean jartzen duena, sexu-nortasunaren eta heteronormatibotasunaren diskurtsoaren dekonstrukziora hurbiltzen da.

Testuinguru berri horretatik, feminismo-ondoko deritzonak, desberdintasunetan oinarrituz eta norbanakoen kontakizunen eta esperientzien bitartez, mahai gainean jarri du generoaren nahiz sexualitateen adierazpide-aniztasuna. Ekarpen horien aberastasunari esker modu esanguratsuan aldatu da generoaren eta kirolaren arteko erlazioak ulertzeko modua; hala ere, joera hori kritikatu egin da, erlatibismoa sustatzen duelako eta generoari dagokionez emakumeen esperientzia partekatuak galtzeagatik.

Gaur egungo munduan, desoreka materialak eta sozialak areagotu egin dira azken urteetan, eta interesgarriak dira zenbait feministaren proposamenak, bereziki bell hooksen lanak, “hirugarren bolada feminista” deritzonaren barnean. “Eremu neutral” deritzotenetik planteatu dute proposamen hori, proposamen berriak kontuan hartuko dituen eremutik, hain zuzen: proposamen horiek desirak, plazerak, ahalduntzea eta aktibismo pertsonala azpimarratzen dituzte, betiere, bigarren bolada feministaren proposamenak eta aldarrikapenak eta boterearen egiturei egindako kritikak baztertu gabe. Pertsonalki, uste dut proposamen egokia dela kirola tokiko ikuspegitik lantzeko, une honetan planteatzen diren eta etorkizunean planteatuko diren aniztasunak, desberdintasunak, desorekak eta erronkak kontuan hartuz.

 

Tokiko ikuspegia: Gipuzkoako adibidea

Gipuzkoako Foru Aldundiak eskola-kirola hasi zela 25 urte igaro direla ospatzeko kaleratutako lan baten arabera, 1990. urtean, eskola-kirola abian jarri zenean, ikasleen % 30 inguruk soilik hartzen zuen parte programa horretan, eta 2016. urtean, berriz, % 80k hartzen du parte. Txosten horretan bertan adierazten da genero-arrakala murriztu egin dela: 1990ean, eskola-kirolean parte hartzen zuen % 30 horretatik soilik % 20 ziren neskak, eta 2016an, berriz, % 51 mutilak dira, eta % 42, neskak. 

Txosten horrek kirol tradizionaletako parte-hartzeari buruzko datu zehatzak ematen dizkigu, benjaminak, kimuak eta haurrak kategorietan. Aipatzen diren lau kiroletan (areto-futbola, eskubaloia, saskibaloia eta futbola), nesken parte-hartzea txikiagoa da, baina haurren kategorian (12, 13 eta 14 urte) gertatzen den beherakada da deigarriena: mutikoen parte-hartzea  % 81,82koa da, eta neskena, berriz, % 55,07koa. 

12 urtetik aurrerako neskek kirola uzteko arrazoiei dagokionez, 2000. urtean ikerketa bat koordinatu nuen Foru Aldundiak eskatuta, 12 urtetik 18 urtera arteko neskek kirola uzteko zituzten arrazoiak aztertzeko. Gipuzkoa mailan egin zen, teknika kualitatiboekin, eta neska gazteak nahiz ikastetxeak, kirol-taldeak eta gurasoak hartu ziren kontuan. 

Modu laburrean, esan dezakegu arrazoiak banakakoak nahiz sozialak eta egiturazkoak zirela.

Neskek denbora faltagatik uzten zuten kirola askotan, baina denbora falta hori izan aurretik uzten zuten, hau da, DBH hasieran (12 urte) edo nahitaezko etapa horren lehenengo urteetan.

Gizarte-inguruak (familia, eskola) ez zion garrantzirik ematen neskek kirola uzteari, kirolari ona ez baldin bazen behintzat. Kirolari ona ez bada, gogo onez onartzen dute neskatoak kirola uztea, eta denbora hori probetxuzko beste gauza batzuk egiteko erabil-tzeko esaten diote, hala nola ingelesa ikasteko edo beste jarduera batzuk egiteko; beraz, jokatzeari eta lehia-
tzeari uztera bultzatzen dituzte neskak. Ez da halakorik gertatzen mutikoen kasuan.

Bestalde, duela 10-15 urte, kirol-taldeetako egiturek ez zuten ahalmenik nesken kopuru handia hartzeko, baliabide ekonomikorik ez zutelako. 

Kirol askotan, gainera, neskek erreferentzia-eredurik ez zutela kontuan izatea garrantzitsua zela jabetu ginen; horrez gain, kirol-taldeetako, federazioetako eta abarretako egitura oso maskulinoa zen, eta garrantzi gutxi ematen zioten nesken parte-hartzea bultzatzeari.

Ordutik gauza batzuk aldatu direla uste dut, baina beste asko ez. Gaur egun, eredu gehiago daude; futboleko eta eskubaloiko nesken taldeak estatuko txapelketetan aritzen dira, eta emaitza onak dituzte, Real Sociedad eta Bera Bera taldeek, adibidez, eta bananako beste kirol batzuk ere nabarmendu dira: Maialen Chourrautek urrezko domina lortu zuen ur bizietako piraguismoan, eta ama izan ondoren, gainera; beraz, beste mito zahar bat hautsi zuen. 

Zailagoa da jakitea ea nesken jokabideak nahiz gizarte-inguruen (familia, eskolak,  neskak…) jokabideak aldatu diren, edo nola eta non aldatu diren; izan ere, ikastetxe bakoitza, udalerri bakoitza eta talde bakoitza eremu berezia da, eta generoaren eta genero-ideologiaren erregimenak askotarikoak izan daitezke. Alderdi horiek guztiak sakontzeko eta ezagutzeko lan handia egin beharko litzateke.

Bestalde, aztertzen ari garen gai honetan, garrantzitsua da mahai gainean jartzea zer lortu nahi dugun “genero-berdintasunari” buruz hitz egiten dugunean; hau da, parte-hartzearekin lotutako ehunekoetan genero-arrakala murriztea nahikoa den, edo kirola osotasunean kontuan hartzen den eta kirolaren egitura androzentrikoa zalantzan jartzen den, neskei zein mutilei irekitako kirol-praktika osasungarri eta dibertigarrirantz abia-tzeko eta gizartean aldaketa orokorra bultzatzeko. 

Europako iparraldeko herrialdeetan eta, bereziki, Suedian duela gutxi egindako azterlan batek honako izenburu hau du: “Can Gender Equality became an Encumbrance?”, hau da, “Genero-berdintasuna zama bat izan daiteke?”. Suedian, parte-hartzeari buruzko ehunekoek 60-40 maila lortu dute, eta berdintasunaz hitz egin daiteke, beraz; hala ere, batetik, neskek eta mutilek kirol jakin batzuk hautatzen dituzte oraindik ere, eta, bestetik, egileak dio parte-hartzean gertatu den “berdinketa” horrek ez duela aldaketa ekarri botere-harreman generikoetan, eta neskek zein mutilek interes desberdinak dituztela esaten dela oraindik ere (mutilek lehiaketak eta neskek gizarte-harremanak); gainera, azken alderdi hori ez da genero-arazo gisa landu. 

Egileak, beste aditu batzuek bezalaxe, sexu-kategoria bera zalantzan jartzeko eta alderdi hori lantzeko beharra planteatzen du, hala, kirol-praktika bidezkoago baterantz abiatzeko. 

Gauza jakina da gizarteko estamentu eta eremu guztietan, baita kirolean ere, emakumeen presentzia izateak ez dakarrela beti aldaketa, edo ez direla botere-egiturak eta emakumeen mendekotasuna zalantzan jartzen. Nolabaiteko “normalizazioa” izan daiteke, eta ongi etorria izan dadila, baina pentsamendu feminista eta horren erreminta teorikoak eta praktikoak eremu androzentrikoetan sartu behar dira, horiek aldatu nahi baditugu.

Gure testuinguruan, lehiaketazko kirolak (futbolak batez ere, bai eta beste kirol autoktonoago batzuek ere: pilota, arraunketa, etab.) toki garrantzitsua hartzen du komunikabideetan; utopia dirudi hori aldatu ahal izango dugula pentsatzea, baina kirol-praktikaren balio positiboak sustatu behar ditugu gure inguru hurbilenean. Horretarako, gizartean oso errotuta dauden hainbat alderdi zalantzan jarri beharko dira (sexu-desberdintasuna edo XIX. mendean sortutako kirol-egitura bera, maila guztietan indarrean jarraitzen duena, gure haurrak kirola egiten hasteari dagokion ikuspegia ere bai).

Askatasuna aldarrikatzea litzateke haurrak garenetik agindu kultural sexistetatik eta generoaren diktaduratik aske bizitzeko modu bat.