Zaletasunak helduleku dira

Plazera, atsegina, segurtasuna, motibazioa dakarte hobbyek, eta bizitza osoan dira bide-lagun aproposak, baina bereziki nerabezaroan, zalantza- eta krisi-une asko igarotzen diren etapan.

 
 
Zaletasunak helduleku dira

 

Akordeoiarekin tristurak ateratzen dituen nerabea, edo liburuekin lurralde imajinaezinetara iristen dena, eskalatzen bere ezintasunak gainditzen dituena, dantzan taldeko sentitzen dena, atletismoak bidaiatzeko aukera ematen diona, mendiak askeago sentiarazten duena... zaletasun bat duen nerabeak helduleku bat dauka. Hobbyak bizitza guztian dira lagun aproposak, baina nerabezaroan bereziki garrantzitsua da neska-mutilak ongi, gustura, seguru, ausart, trebe sentiaraziko dituen zaletasun bat edukitzea, zalantzei aurre egiten laguntzeko, krisi egoeretan indarra emateko, noraez-uneetan segurtasunak izateko, nor sentitzeko. 

Hobbyak ez dira denbora-pasak, ez behintzat denbora-galtzeak. Osasun mental eta fisikoari mesede egiten diote zaletasunek, eta ongizatea dakarte. Psikologia positiboarentzat zaletasunak babes-neurriak dira, desoreka fisiko eta mentaletatik babesten gaituzten ekintza, gaitasun eta buru-egoerak, bizitza asebetegarriagorantz daramaten heldulekuak dira zaletasunak.

Zinema, musika, literatura... zaletasun artistikoak nola kirol zaletasunak, aire librean nahiz aretoetan egiten direnak... sedentarismotik, errutinatik ihes egiten laguntzen dute hobbyek. Geure burua, geure gaitasunak eta mugak hobeto ezagutzen laguntzen digute zaletasunek; egunerokotasunetik —obligazio, estres eta errutinetatik— “deskonektatzen” laguntzen digute, eta depresioari, antsietateari eta urduritasunari aurre egiteko baliagarri izan ohi dira. Sormena elikatzen dute eta diziplina eta planifikazioa bultzatzen.  

Kasu batzuetan barne-mundua arakatzen laguntzen dute. Literaturak, zinemak, mendiak, hainbat kirolek... norbere burua hobeto ezagutzen lagun diezaiokete nerabeari, aukera berrietara irekitzen, esperientzia imajinaezinak aurkezten... Beste zaletasun batzuek, berriz, sozializazioa eta talde-izaera bultzatzen dute, bizitzako etapa honetan barne-mundua ezagutzea bezain garrantzitsua den faktorea, hain zuzen ere. 

Zaletasunak garatzeak, bide asko ireki ditzake. Aipatu ditugu barne mundua eta lagunartea, baina bide profesionala ere ireki dezake zaletasun baten garapenak, teknika landu denean: marrazkitik arkitekturara, naturzaletasunetik biologiara... Eta helduok aukera daukagu nerabeei bide horiek urratzen laguntzekoa: zaletasunei garrantzia emanaz, norberak gustuko dituen ekintzei garrantzia ematetik hasita.

Izan ere, zaletasunak elikatu egin behar dira, txikitatik bada hobe; elikatu eta zaindu —zaintzen ez dena galtzen da—. Familian zaletasunak lantzea heldulekuak segurtatzeko bidea da, baina familiako loturak estutzeko abagune paregabe ere bai: gurasoen zaletasunak transmitituz, batetik, edo proposamen berriei ateak irekiz, esperientzia berriak eskainiz. Zaletasunak partekatzen direnean, denbora elkarrekin igarotzeaz gain, emozioak adierazteko, kezkak ateratzeko eta arazoak argitzeko espazio bat ere sortzen da guraso eta seme-alaben eta neba-arreben artean, beti ere atseginetik eta plazeretik. Txikitan bizitako esperientzietatik nerabeak bere dohain eta interesen arabera garatuko ditu ondoren zaletasun izango dituenak. Hobbyak normalki dohain pertsonalei lotuak egoten baitira.

Haatik, ez da gauza bera zaletasunei eta esperientzia berriei ateak irekitzea eta haurrak estraeskolar guztietara –ingelesa, dantza, atletismoa, pilota, igeriketa...– apuntatzea. Horrek plazera, atsegina, autokonfiantza beharrean estresa sor dezake haurrarengan.

Mendiak, eskiatzeak, futbolak, irakurzaletasunak, marrazketak, musika jotzeak nola entzuteak motibazioa  eta segurtasuna dakarten bezala, bestela begiratuta, motibazio faltak eta nagikeriak frustrazioa dakarte. Askotan ikasketak dira nerabeen egiteko nagusi, baina ez zaizkie motibagarri gertatzen, eure interes pertsonal eta bibentzialak beste eremu batzuetan daudelako, beraz, ez eskolan eta ez handik kanpo ez badute helduleku motibagarririk aurkitzen nerabezaroaren ezaugarri den noraez hori areagotu egiten da. Zaletasunek norberaren alderdi positiboak indartzen dituzte eta bizitza aseago bati ateak irekitzen, desorekak saihestuz.

“Garrantzitsuena nerabeak zerbaiten parte izatea da”

Iñaki Redin Popik Educar sin drogas liburuan nerabe sendo eta seguruak heztearen garrantziaz hitz egiten du, drogen –baita alkohol eta tabakoaren– mundua saiheste aldera, besteak beste. Aisialdiaren garrantzia nabarmentzen du Popik nerabeen eraikuntzan: “Nerabe den neska-mutil batentzako bere adiskideen zirkulua da egitura sozial garrantzitsuena, batzuetan familiaren konpetentzia estuan. Batzuetan diot gure nerabeen atzean badirelako gurasotasuna koitoan ez dela amaitzen ulertzen duten aitak edo amak, baina ez da beti hala gertatzen. Gurasotasuna betetzen ez duten aita-amen kasuan edo prekoitalen kasuan, adiskideen zirkulua da benetan garrantzia duen bakarra. Eta drogatzearen ekintzaren inguruan sortzen den erritual guzti horretan, izan erretzeko edo litronatik edateko, garrantzitsuena parte hartzea da, bat gehiago izatea. (...) Tabakoa izaten da iristen lehena. Zer egin dezakegu gelatik nerabeon aisialdiaren kalitatea hobetzeko? Kasu hauetan ohikoena zerbaiten parte izatera animatzea da, futbito talde bateko kide, edo atletismoa, mendi elkarteak, rock-taldeak, antzerkikoak... alternatiba ugari daude. Baina garrantzitsuena nerabeak zerbaiten parte izatea da. Parte sentitzea sentimendu atsegina da, gauza askoren parte izan behar da, ekintzak, iniziatibak, elkarteak, baina kontuz. Kontu handia izan, mesedez, zerbaiten parte izateko sentimendua hain da garrantzitsua pertsonentzat batzuetan prest daudela edozerren parte izatera. Eta horrek egoera nahasten du. Gure nerabeak erdizka prestatuak daude elkarteetako edo kolektiboen parte izatera. Esan nahi dut aski ongi bereiz ditzaketela bidezko taldeak eta bidezko ez direnak, baina orientazioa behar dute. Tira, helduok bezala. Hasiberriei egiten zaizkien iseka eta iniziazio-erritual horiek guztiak gure ikasle gazteek duten taldeko izateko gogoaz baliatzen dira. Ea ba, har dezagun zerbaiten parte izateko gogo hori eta bidera dezagun benetan merezi duten lekuetara, ikas dezagun gurearen alde paparra ateratzen”.