Etxetik bakarrik irten eta kalea bizi

Kanpoko arriskuetatik babesturik egoteko ustean, haurrek etxean denbora gehiegi pasatzen dutela uste du Francesco Tonucci pedagogoak, eta kaleko bizitzatik ez, baizik eta etxekotik babesteu behar liratekeela: “Gure seme-alabak maite baditugu, kanpora bakarrik irtetera eta kalea bizitzera bultzatu behar ditugu”.

 
 
Etxetik bakarrik irten eta kalea bizi

 

Etxetik irtetea, kaleetan bakarrik ibiltzea eta bere ingurua ezagutzea exijentzia garrantzitsua da haurraren hazkunde sozial eta kognitiborako”, Francesco Tonucci pedagogoaren hitzak dira, Haurren Hiria liburutik hartuak. Kanpora ateratzea, pasieran joatea, batetik bestera ibiltzea… helduontzat plazera izan daiteke, noizean behin geure buruari egiten diogun oparia; haurrentzat, ordea, hil ala biziko zerbait da, pedagogoaren arabera.

Kalean nagusiok egiten ditugun mugimendu gehienak batetik bestera ahalik eta azkarren joateko lekualdaketak izan ohi dira; helburua, nahi dugun tokira lehenbailehen iristea. Gaur egun, ordea, haurrak ere, kalera irteten direnean, gero eta maizago helduekin mugitzen dira: kotxean eskolara, kotxean kiroletako ekintzetara, kotxean musika eskolara, kotxean erosketetara… Arrastaka daramatzagu, presaka, toki batetik bestera, eraikin honetatik hurrengoaren atarira… Orain eta hemen ikusten eta bizitzen dutenak sortzen dien jakin-minarentzat ez dago espaziorik. Aitzitik, Tonucciren irudiko, haurrentzat kanpora irteteak beste gauza bat esan nahi du, mugitzea bera bihurtzen da umearentzat eginkizun, eta kalean egiten duen ibilbideko edozein geldialdi, aurkikuntza, esperimentu… bihur daiteke funtsezko bizipen. “Denborak luzatu egiten dira, haurren poltsikoak harri, hosto eta paperez betetzen dira eta burua irudi, galdera eta aurkikuntza berriz. Horrek askotan sorrarazten dizkie helduei gaizki ulertuak eta ‘ez zaitez aldiro gelditu!’ edo ‘ez ezazu denborarik galdu!’ bezalakoak esaten dituzte, galdutako denborari esker bihur-tzen dela norbanakoa handi konturatu gabe”. 

Pedagogoak eransten duenez, garai batean haurren denbora banaketa nabarmena zen. Alde batetik, derrigorraren denbora zegoen, eskolako denbora eta etxeko lanena. Bestetik, berriz, plazeraren eta jolasarena: denbora librea. Denbora hau modu autonomoan kudeatzen zuen haurrak eta ez bazituen arau sozial batzuk hausten, etxetik urrundu zitekeen nahi zuenarekin elkartu, jolas gustukoenetan aritzeko. Esperientzia pertsonalen denbora zen, haurrek ingurua aztertzeko erabiltzen zuten denbora; sekretuak desestali, animalia eta landareen bizitzak kirikatu, material natural desberdinen ezaugarriak ezagutu… 

Azken aldian, haurren denbora librea erabat eraldatu da. Kaleari, plazari, kanpoko bizitzari… gero eta beldur handiagoa zaio. Etxeko atetik kanpo helduek ikusi ohi dituzten arriskuek haurra etxe barruan geratzera daramate, edota gehienera ere igerilekura, musika eskolara, ingelesera, dantzara… joatera —hori bai, beti helduren bat aldamenean duela—; baina inoiz ez da aterako bakarrik kalera, bere kasa jolastera, plazara lagunengana… Kontu paradoxikoa da hau ere… probatuta baitago kalean baino istripu gehiago izaten direla etxean. “Haurrak etxean ixten ditugu babestuta egon daitezen, eta hala ere, etxea da beraientzat beste edozein leku baino askoz arriskutsuagoa. Gaur egun denbora gehiegi pasatzen da etxean. Haurrak zeregin gehiago ez daukanean ere, etxean geratu behar izaten du eta aspertu egiten da; aspertutako haurra arriskuan dagoen haurra da”. 

Haur asko etxe-gotorlekuan preso daudela salatzen du Tonuccik. Kanpoan arrisku asko dagoenez eta helduek haurrak babestu nahi dituztenez, kanpora irtetea eragozten dietela dio, eta ondorioz, aurrez aipatutako defentsa jarrerak barneratzen  dituztela ume horiek: etxea armatu egiten dela eta seme-alabak bertan ixten direla, kanpokoa den guztiarekiko mesfidantzan eta susmagarritasunean.  

Testuinguru horretan, pedagogoaren aburuz, pantailak gurasoen aliatu bilakatu dira. Ondorioz, haurrak gero eta gutxiago mugi-tzen dira, eskuak gero eta gutxiago erabiltzen dituzte, ez dute “egiten” ikasten; kontrara, geldirik egotearen bizipena besterik ez dute esperimentatzen. Gaiaren inguruan egindako ikerketek, ordea, erakusten dute haur gehienen lehen nahia lagunekin jolastea dela. Telebista, bideoak, mugikorrak… bigarren lekuan leudeke. “Kasu honetan ere nahikoa da, beraien apeta txatxu eta ez-hezigarrien aurrean beste hainbestean egiten dugun moduan, euren nahiak asetzea. Haurrak kalera irten, lagunekin elkartu eta elkarrekin jolas dezaten bideak zabaldu besterik ez dizkiegu egin behar, horrela heziketa arazo larri hau konponduko genuke”. Hala jarraitzen du: “Gure seme-alabak maite baditugu, etxetik babesten hasi beharko dugu. Haurrek etxean beharrezkoa dena baino denbora gehiago ez dezaten pasa, kanpora atera daitezen eta arriskutik defendatzen ausart izan daitezen, zerbait egin beharra dago”. Haren hitzetan, arriskua garapenerako beharrezko osagaia da: belauna urratzea, lagunek prestatutako tranpa saihestea, korrika egin eta jauzi egitea, baina baita datorren auto bati kasu eginez, abiadura eta distantziaren arteko erlazioaz jabetzea, guztiak dira arrisku osasuntsuak, haur batek kontrolatu ditzakeenak eta gainera, hazten lagunduko diotenak. 

Garrantzitsua da beraz, pedagogoaren iritziz, haurra txikia denetik bakarrik irten ahal izatea kanpora; eta hala, etxeko segurtasuna uzteko arrisku eta plazerak bere gain hartzea. “Kalera jaitsi, lagun bat bilatu, jokoa eta arauak adostu eta ondoren jolastu, edo natura aztertu, objektuei begiratu, helduen jarrerak behatu eta kontuak atera; beraien indarren pareko arriskuak hartu eta oztopoak gainditu, gatazkei aurre egin eta konpondu; etxera nekatuta bueltatu, beharbada lokaztuta, asaldatuta, gurasoek jakin ezin ditzaketen kontuak kontatzeko irrikaz. Haurrek hiruzpalau urtetik aurrera bizi behar lituzkete era horretako esperientziak. Edonondik begiratzen diogula ere, bizipen horiek oinarrizkoak direlako haurraren garapenerako. Gaur egun, ordea, mutilak hamar urtetik aurrera ekingo dio bide horri eta neskak, beharbada, beranduago, garapen kognitibo eta sozialaren aroa aspaldi burutu denean. Zein ondorio izango ditu berandutze horrek haurrarengan?”