Itziar Agirre: "Gurasook helduaren lekuan ondo kokatzean ikusi ahal izango dugu haurraren errealitatea"

Euskal Herriko pedagogia sistemikoaren eskolako zuzendaria eta psikologoa da, eta familiaz eta hezkuntzaz kamioikadaka daki. begiradaren garrantziaz mintzo da, haurraren errealitatea behatzeaz, gurasoaren eta hezitzailearen esperientzietatik harago. Horretarako ordena behar da, eta autoritatea.

 
 
Itziar Agirre: "Gurasook helduaren  lekuan ondo kokatzean  ikusi ahal izango dugu haurraren errealitatea"

Pedagogia Sistemikoaren helburu nagusia begirada aldatzea da, norberaren eta ondokoaren errealitatea bere sakontasun osoan ulertzea. Izan ere, sistematan bizi gara, familian, eskolan, gizartean, lan-arloan... eta sistema bakoitzean nola kokatzen garen, hala funtzionatuko dugu, ongi edo ez hain ongi. Familia da sistema lehena eta garrantzitsuena, eta bigarrenera, eskolara, geure familia motxilan daramagula goaz. Osotasun hori ulertzen duen irakasleak, nahi eta nahiez, leku egingo dio ikaslearen familiari gelan, eta hezkuntza-prozesuko partaide egingo. Agirrek familiara jotzen du behin eta berriro, “han ikasten dugu beste sistemetan funtzionatzen”. Haurrak zentzu horretan osoki heziak izan daitezen lehenik gurasoek egon behar dute ordenaturik eta euren lekuan. Euskal Herriko Pedagogia Sistemikoaren eskolako zuzendaria da, Psikologian lizentziatua eta Magisteritzan diplomatua eta hiru alabaren ama.

Hik Hasi-k pedagogia sistemikoari buruz argitaratu duen monografikoa zuk zabaltzen duzu, eta honela diozu sarreran: “Ez ditugu diren bezala ikusten, gure ustez diren bezala baizik”. Pedagogia Sistemikoaren arabera, nola begira dezakegu harago?

Ohituak gaude pertsonen portaera eta jokaera ikustera, eta irudi horrekin gelditzen gara. Portaera horren analisi bat egiten dugunean geure paradigmatik egiten dugu, errealitatearen gainean daukagun gure ideiatik, eta gure ideia hori erabat baldintzatua dago jaso dugun hezkuntzagatik, gure familiagatik, testuinguruagatik eta bizi izan ditugun esprientziengatik. Azkenean, gertaturikoaren balorazio guztiz partziala egiten dugu, gure esperientzia propioarekin lotura handiagoa duena errealitatearekin berarekin baino.

Adibide zehatz bat jar zenezake?

Haurra agresibo dagoela edo gaizki portatzen dela esanaz etortzen zaizkit askotan gurasoak terapiara. Irudi horrekin gelditzeko joera dugu: haurra gaizki portatzen da. Eta gure esperientziaren arabera teoria bat egiten dugu haurra zergatik portatzen den gaizki. Baina zein da errealitatea? Errealitatea, kasu honetan, haurra bizitzen ari den hori da, zergatik? Hori delako guk iritsi behar dugun puntua. 

Adin txikikoak gure kargu ditugunean gurasoen edo hezitzaileen lanak eskatzen du haurren errealitatea behatu ahal izatea, hori baita esku hartzeko egokiena. Ez du ezertarako balio gure errealitatean gelditzeak, horrek ez baitio haurrari batere lagunduko. Jarrera eta portaera horretatik harago begiratzeko gai izatea oso garrantzitsua da. Zergatik ari da haur hau portaera hau edukitzen? Zer ari zaio gertatzen? Ikuspuntu horretatik eta behaketa aski objektibo horretatik bere sistemara joango gara eta bere bizitzara, eta bere zirkustantzietara, nireetatik landa. Errealitateaz guk dugun ikuspuntuak gero eta gutxiago eragin, orduan eta laguntza egokiagoa eman ahal izango diogu haurrari. Hori da Pedagogia Sistemikoan murgiltzean egiten dugun lehen ikuspuntu aldaketa oinarrizkoa. Errealitatea gure ikuspuntua baino askoz anitzagoa eta aberatsagoa da.

Eta nola egiten dugun lehen urrats hori? Nola hartzen dugu kontzientzia?

Pedagogia eta terapia sistemikoak pentsamendu sistemikoa dauka oinarrian, hau da, guztiok sistema baten parte garela ulertu behar dugu, kontziente ez bagara ere, guztiok elkarrekin harremanetan gaude, ez gara irla bat, ez gara izaki indibidualak, nik sistema bakoitzean dudan kokalekuaren arabera funtzionatuko dut. Ezinezkoa da elementu indibidual kontsideratzea, ez baikara, soilik parte funtzional batean, gutako bakoitza sistemako funtzio batez arduratzen baita nolazbait, eta puntu horretan geure banakotasuna dugu. Erabakiak hartzeko, kudeatzeko eta egin beharrekoa egiteko. Baina bada lotura bat maila intimo eta barreneko batean elkarlotzen gaituena sistemako kide guztiok. Hori ezin dugu saihestu. Eta puntu hori izango da ongi sentiaraziko nauena edo gaizki. Nola onartu, orduan, sistemara lotzen nauen parte hori, harremanetan oreka bat eskatu behar didana, barne ordena bat, posizionamentu bat, erabakiak hartzea, zainketa? Hori guzti hori kudeatzen baldin badakit askoz hobeto egongo naiz neure indibualtasunarekin lotura duen parte hori zaintzeko. 

Lehenik, familia-sistemako kide gara.

Halaxe da bai.

Baina familiak, egitura anitzak izan ditzaketen arren, eskuarki beste sistema batzuetatik datozen bi pertsonek osatzen dituzte. Beraz, nola kudea-tzen da sistema horien konfluentzia  bakoitza geure motxilarekin bagatoz?

Hor ezberdintasuna dago pedagogia eta terapia sistemiko tradizonalaren eta ordenatik dadorren pedagogia sistemikoaren artean. Berrikuntza pedagogiko honek atal transgenerazionala kontuan hartzen du. Gutako bakoitzak ez ditu bizipen indibidualak soilik, baita herentziaz jaso dugun genetika edo familiako sistemaren ikasketa bat ere, ikasitako sentimendu batzuk... %80 inkontzientetik dugu, gure jatorriko familiarekin lotzen gaituena. 

Eta nola azal dezakezu sendi bereko neba-arrebek familiako eragin horren pisu desberdina izatea?

Neba-arreba bakoitzak ingurune subjektibo propioa du, adibidez, ez da berdin lehena jaiotzea edo hirugarrena. Lehenaren kasuan zure gurasoak guraso izaten ikasten ari dira zurekin, eta familiako baldintzek -baldintza bital eta emozionalek- ez dute zerikusirik izango bigarrenaren edo hirugarrenaren kasuekin. Haurdunaldiak ere desberdinak izaten dira oso.

Hezteko orduan ere, pisu handia dauka haur bakoitzak familian hartzen duen patroi edo rolak, neba-arreba kopuruak berak diferentzia markatzen du. Gurasoek neba-arreba guztiekin berdin jokatuko balute ere, ezinezkoa den gauza bat, lehena, bigarrena edo hirugarrena izate hutsak diferentzia ikaragarria markatuko luke. 

Esan liteke lehen haurrideak gehiago sufritzen duela herentzia honengatik? Ala onura handiagoa ateratzen du?

Aurreneko seme-alabarekin gurasook ikasi egiten dugu, esperimentatu egiten dugu, nerabe izatetik heldu izatera pasatzen gara kasu askotan. Eta batzuetan interakzioa eta heziketa oso zaila izaten da. Horrexegatik, terapiara etortzen diren haurren artean asko eta asko nagusienak izaten dira. Gurasoen ezjakintasuna sufritzen dute, eta zubi-lana egitea egokitzen zaie, askotan arduratsuena izaten da, eta horrez gain, kasu askotan, tronua kentzen diete haur txikiagoak etortzen direnean, eta hori terriblea da haur batentzako. Ez gara jabetzen horren eragin benetakoaz. Senide txikiagoek ez dut esango arazo gutxiago izaten dituztenik, baina beste erabateko arazoak izan ohi dira, nagusiek izaten ez dituztenak. Esate baterako, txikienei ikaragarri kostatzen zaie gurasoengana iristea, senide nagusiak gertuagoa egon ohi dira gurasoengadik.

Ordenaren garrantzia aipatu duzu lehen, Pedagogia Sistemikoak garrantzi handia ematen dio ordenari. Nola ulertzen du ordena?

Ordena oso agerikoa da kanpora begiratzen dugunean, baina kosta egiten zaigu geure barruaz ari garenean kontzeptu hau zer den ulertzea. Etxea ordenaturik eduki behar dugu, armairuak ere bai, elikadura ordenatua behar dugu... eta ez dugu ikusten gure barrua ere ordenatu behar dugula. Emozioak ordenaturik izan behar ditugu, esperientziak ordenaturik... kontua da inork ez digula hitz egiten adimen emozionalaz, bizitzako traumez, etapak ixtearen garrantziaz...

Etapa bat itxi ez izana, adibidez, desorden bat litzateke?

Hala da bai. Ordena prozesu mental, emozional eta existentzial guztietan dago. Azken batean ordena etapak ixtea da, egoerak ixtea, esperientziak osatzea, bizitzan gertatzen zaizkigun gauza hauek kudeatzea. Ordenatik hezteko, geure barrena ordenean izan behar dugu. Familiako sisteman, ordena egon dadin, lehenik eta behin gurasoek euren rola bete beharko dute, euren etapak itxita izan beharko dituzte, bizitzak ordenaturik... 

Nerabezaroa hain luzea duen gizarte-eredu honetan, hala gertatzen al da gaur eguneko gurasoekin?

Galdera hori benetan interesgarria eta oinarrizkoa da. Benetan garrantzia duena da nola kokatzen garen guraso bezala. Gurasook ondo kokatzen garenean helduaren lekuan, autoritatearen lekuan eta orainean orduan ikusi ahal izango dugu, benetan haurraren errealitatea. Ordena norberagandik hasten da, nik ez baditut nire gauzak konpondurik, ezingo dut besteren gauzarik konpondu, nire emozioak ez badaude ordenaturik ezingo diot beste ezeri begiratu, ezta nire haurrari ere. Ordenak eskatzen dit nik nire gauzak konpon-
tzea, aurrean dudana ikusi ahal izateko.

Seme-alabak ispilu direla esaten da, beraz, beraiek erakutsiko digute ordenaturik ez daukagun hori?

Kontsultan ikusten dudan beste gauza bat da guraso guztiek ahal dutena eta dakitena egiten dutela. Guraso jarriena etor daiteke, baina hark ere ahal duena eta dakiena egingo du, bera ere gisa horretan hezi baitzuten.

Pedagogia sistemikoko formazioan egiten dugun lehen gauza da gu geu nola izan ginen heziak ikusi, zein paradigmen arabera, zein baldintzatan, zeri eman zaion balioa gure etxean, nola zaindu dira emozioak gure etxean? Nolakoa izan da autoritatea? Hutsune eta distortsio askotatik gatoz, eta horrek testuinguru jakin bati erantzuten dio, gure gurasoen belaunaldia nondik datorren ezin dugu saihestu, orduan ulertuko baitugu nola egin zituzten gauzak gurekin. Gaur egun, zorionez, beste testuinguru bat daukagu, askatasun handiagoa daukagu, oinarrizko beharrak aseago, teknologiaren eta jakintzaren munduak eskura, beraz orain bai, ziur aski, gure gurasoek egin ezin izan zuten lan hori egin ahal izango dugu. 

Baina gure biografiaz informazio hori guztia izateak, gure gurasoek zer egin zuten eta zer ez... ez ote gaitu haserrera eramango, “zergatik egin zenidaten hau”?

Haserre hori betierekoa da, eta horrek ere badu zerikusirik ordenarekin. Nerabezaroa, esate baterako, horretarako garaia da, errebeldia eskatzen du, jatorrizko familiatik bereizketa markatzen baitu. Nerabezaro aurrean, 12-13 urtetan, haurrek euren nortasuna eraikitzen dute eta garai horretan euren sinismenen sistema, kontzientzia eta familiatik zetorren guzti horrekiko bereizketa gertatzen hasten da, beraz, garai honetan errebeldia puntu bat edukitzea ona da, horrek lagunduko baitio bere nortasun propioa eraiki-tzen.

Nerabezaroa haustura garaia da, eta horregatik izaten da etapa latza eta konfrontazio handikoa, eta hori oso positiboa da ordenarekin egiten baldin bada, jakintza honetatik, gurasoek ere negoziatzen ikasi behar dute, zedi-tzen... Zeren mesedetan? Haurraren autoestimuaren mesedetan, eta haurraren gaitasunei begiratzearen mesedetan, komunikazio-tresnak eraikitzearen mesedetan, haurra kanpoko munduaren aurrean jartzen hasi baita. Hau guztia, pautak ezagutzen badira, ordenaren berri baldin badaukagu, eta garapenaren prozesuak ezagutzen baldin baditugu beste era batera egiten da, ez du zertan hain traumatikoa izan. Badakigu garai gogorra izango dela, baina ondo eramango dugula.

Ikusten dudana da, ordea, jakintzaren gizarte honetan garapenaren prozesu naturala ez dugula ezagutzen, eta zertarako ezagutu beharko genuke haurraren garapen prozesua? Bidelagun izateko. Hasteko, kontuan izateko gure testuinguruak eta gure seme-alabenak ez daukala inolako zerikusirik. Seme-alaba gisa izan dugun esperientzia gure seme-alabenetik bereizten ikasten dugun neurrian, oparatiboago egongo gara, eta bidelagun hobeak izango gara.

Gure biografia ezagutzeaz hitz egin dugu, baina zer gertatzen da generazioz generazio jaso dugun herentzia horrekin, familiako sekretuekin... nola eragin diezaguke ezagutzen ez dugun horrek?

Hori familia guztietan gertatzen da. Ezkutatzen diren gauzek garrantzia handia dutela ikusten dugu Pedagogia Sistemikoan. 

Emozioez ala gertaerez ari zara?

Guztiaz. Jakin behar dugu haurrei zer esan eta zer ez, haurrek ez baitute dena jakin behar. Esate baterako, aitonari gertatu zitzaiona, izebari gertatu zitzaiona... gertakizun horiek ez daude zertan ezkutatu, gero eta naturaltasun handiagoz entzun familiako gauzen berri, hobe izango da haurrarentzat. Eragin behar dioten emozioak eta egokierak baldin badira, gero eta lehenago eman tresnak horri aurre egiteko, hobe. 

Adibidez, bullying kasuetan askotan bizi izaten ditut horrelakoak: nire kon-tsultara etortzen diren bullying kasu askotan, ume horien gurasoek agresibitatearen inguruan heziketa negatiboa izan ohi dute, beraiek bullyinga pairatu izan dutelako, edo erasoren bat jasan izan dutelako, orduan barneratzen dute eurek ez dituztela euren seme-alabak agresibitatean heziko, eta biolentzia onartzen ez duten familia horietako semeei nola eragiten die horrek —normalki mutilak izaten dira, nesken kasuan desberdina baita bullyingaren gaia—? Adibidez, norbait haur horren kontra hasten denean, bere gurasoengandik jasotzen duen mezua da, “ez egin kasurik”, “zu gehiago zara eta begiratu beste aldera”, “jotzen badizute beste aldera begiratu”. Indarra ez erabiltzearen aldeko mezuak jasotzen dituzte —eta kontuz indarraz ari naiz ez biolentziaz! oso desberdina da—. Azkenean, haur horiek ez dira gai beren aurka egiten ari diren indarrari erantzuteko. 

Hortaz, nola jorratu behar dugu gai hau, denbora guztian “ez da jotzen” esaten ari gara...

Begira, hezkuntzaren helburua, egoera guztietan, haurra tresnaz eta gaitasunez hornitzea da, biharko egunean bizitza arrakastatsu bat izan dezan, maila pertsonalean nola profesionalean. Haurrak pertsona ona izan behar duela, eta antzeko mezuak zalantzan jarri behar ditugu. Zergatik? Pertsona ona izateak lotura estua duelako norbere buruarekin ondo sentitzearekin, autoestimu altuarekin, eskubideen jabe sentitzearekin, baliabideak eta gaitasunak dituzula sentitzearekin, ondo sentitzen garenean, normalki, pertsona onak gara. Batak bestea dakar. Gaizki gaudenean kexatzeko joera izaten dugu, arreta deitzekoa, eta baita agresibitatera jotzeko joera ere. Autoestimu ona duen haur bat, behar duenaz arduratzen diren gurasoak dituena, bere espazioa ematen diotenak, zuzen hezten ari direnak... haur hori ez da besterekin sartuko. Niretzat, per-tsona ona izateak, lehendabizi, bizi-tzan arrakasta izaten erakustearekin du lotura, bizitzan ongi funtzionatzeko baliabideak eta gaitasunak edukitzearekin.

Familiako sekretuei loturik, posible al da haurdun gelditu ezin duen bikote batek ezagutzea amonak abortu bat izan zuela, eta bat-batean haurdun gelditzea... ala ikuspegi sistemikoari loturiko mito bat litzateke?

Gauza hauetan mito asko dago. Zuk aipatzen duzun hori energiaren desblokeo bat da. Kontuan izan behar dugu gure familia-sistema barruan dugula, eta inkontziente familiar eta kolektiboak genetikaren bidez lotzen gaituela eta gure genetikan hainbat energia blokeaturik daudela, ba seme-alaba bakoitzari energia bat desblokeatzea egokituko zaio, batek arazoak izango ditu haurdun gelditzeko; besteak bikote harremanean, eta besteak x., bakoitzari familian desordenaturik dagoen energia bati aurre egitea tokatuko zaio. Beste adibide bat jarriko dizut. Pentsa ezazu pertsona bat adoptatua izan zela. Bere amarekiko loturan eten erabatekoa izan zuen, eta beraz familia horrek, ondoko belaunaldietan haustura horren zama jasango du buelta ematea lortzen duen arte. Zer gertatzen da? Ama-alaben arteko lotura hausten denean, alaba abandonatuak ezingo duela amatasun-sena garatu bere haurrekin, berak agian ez daki zer gertatzen zaion, baina bere kode genetikoan haustura hori dago.

Abandonoa batzuetan emozionala izan daiteke.

Askotan gertatzen da hori. Eta zuk ez badakizu ere hitzez esaten abandonatua izan zinela zure gorputzak badaki, eta patroi horiek errepikatu egiten dira. Gizakiaren zati handi bat biologia eta kimika da. Zergatik orain haurdun nagoela, bat-batean gaizki sentitzen naiz? Ba begira dezagun zer gertatzen den nire sisteman.

Baina igual ez da momentua familiako alfonbra zikina altxatzekoa, ezta?

Haurdunaren gorputza informazio bat ernatzen ari da. Gure adimenak eragina du % 10-15ean, gainontzekoa inkontzientea da. Bere horretan gelditu zaitezke, baina hermetiko jarriko zara, bizitzan ezertan inplikatu gabe eta ezertan parte hartu gabe, eta ez zara ongi sentituko. Baina bada horrela funtzionatzen duen jenderik, bikoterik, seme-alabarik, proiekturik ez edukitzea erabakitzen duena.

Kontrakoa ere gertatzen da, esate baterako, aita gabe hazi gara, eta hain kontziente gara figura hori gabe hezi garela eta hutsune hori dugula, buelta eman eta aita apartak izatea, ezta?

Bai. Bizitza osoan eman diezaiokegu buelta gauzei, hori da emozioak ordenatzea, noski. 

Familiaz hitz egin dugu, zein sistema gehiagoren parte gara?

Bizitza sistematan garatzen da. Familia da lehen sistema, gero hezkuntza sistemara pasatzen gara, gero sistema soziala daukagu, lan arlokoa... denbora guztian sistema zentrokideetan mugitzen gara eta desberdinak gara sistema bakoitzan. Ez da gauza bera zure jatorrizko sisteman duzun lekua, alabarena, non alabaren funtzioa duzun, haztea tokatzen zaizun, garatzea, desitsastea, zure nortasuna eraiki-tzea tokatzen zaizun... edo gurasoaren lekua hartzea sistema berri batean. Lanean duzun lekuak, edo hiritar gisa izan dezakezun sistema sozialean ere, ez du zertan zerikusirik izan. 

Baina ez al daramagu motxila sistema batetik bestera?

Bai, horrexegatik ematen diogu halako garrantzia familiari. Familian ikasten dugu beste sistemetan mugitzen. 

14-15 bat urterako, nerabe batek bere nortasun propioaren % 80 inguru eraikia dauka, gerora motxilan eramango duen egitura emozionalaren % 80. Familian ikasten da autoritate maskulino zein femeninoarekin harremantzen, berdinkideekin harremantzen, komunikazioari balio bat ematen... bizitzaren aurreko hainbat rol haurtzaroan geureganatzen ditugu, eta jakintza horrekin eta rol horiekin ateratzen gara beste sistemetara. 

Heziketa hori osoa edo gabezikien izan daiteke.

Hala da. Zuk zure haurtzaroan amaren ondoan kokatzen ikasi baduzu eta zure ama zaindu baduzu gaizki ikusi duzulako, bada gainontzeko sistemetara aterako zara eta inertziaz leku horretan kokatuko zara.

Lan arloko gai bat jorratzen dugunean ere familiara itzultzen gara, han ikasi baitugu autoritatea babesten. Harreman mundu konplexu hori guztia eta bertan nola mugitu, familian ikasten da, horregatik itzultzen gara beti familiako sistemara. Horregatik da hain inportantea gurasoen heziketa. Zentzu horretan orain gurasoei zuzenduriko ikastaro bat antolatu dugu, kontsultan terapia ordu asko hezkuntza jarraibideen ingurukoak izaten direlako, guraso askori oinarrizko hezkuntza gidalerroak falta zaizkio gero beste sistemetan mugitzeko oso garrantzitsu direnak.

Autoritatea aipatu duzu, zer garrantzia ematen dio Pedagogia Sistemikoak eta nola ulertzen duzu, zahazki, erreferente hori?

Oro har, jende gehiena autoritarismotik dator, eta kasu horietan bi gauza gertatu ohi dira: ez dut autoritarioa izan nahi eta beraz nire autoritate funtzioa alde batera uzten dut eta ez naiz inplikatzen, ez zigortzeko, ez sentitzeko gaizki, historia errepika ez dadin... eta horrekin hutsune bat sortzen ari naiz ez bainaz ari nire betebeharrak betetzen; edo bestetik, gurekin egin zutena egitera jotzen dugu. Hor mugitzen gara. Ez dut ezer egiten, eta bat-batean haizeak eman eta autoritario bihurtzen naiz, eta gero errudun sentitzen naiz eta hurrena ez dut ezer egiten... eta noski, horrekin guztiarekin umeak nahastu egiten ditugu zeharo. 

Diozun guztiarekin, gurasoen mugimenduak arazo handiak ekartzen dizkiete seme-alabei, baita familiatik kanpo ere...

Bai, nik esaten dut haurrek ekartzen dituztela gurasoak terapiara. Familia etortzen zaizu, eta zu gauzak koka-tzen hasten zara, eta ikusten duzu agian amak aita zigortzailea izan duela eta berak ez duenez horrela jokatu nahi seme-alabei transmititzen die ez duela gaitasunik beraiek eusteko, geldiarazteko... Dinamika hori, adibidez, asko ikusten dugu terapian. Amak autoritateaz eta bere aitaren indarraz hausnartzen duenean gauzak alda-tzen hasten dira. Gurasoek dinamika aldatzen dutenean, bat-batean, seme-alabak erlaxatu egiten dira. Izan ere terapiak familiarrak dira. Haurrak harberak dira. 

Baina honek guztiak ez gaitu errudun sentiarazi behar. Kontziente egin behar dugu eta kontziente egiten dugunean, gu mindu gaituzten eta gustatu ez zaizkigun dinamikak zuzentzen ditugunean lan pertsonal baten ondorioz, egoerak aldatzen eta hobeto kudeatzen hasten gara. Autoritatearen kontzeptuaren barneratze-lan hori egiten dugunean jakingo dugu gure seme-alabekin nola egon, nola jarri mugak, nola geldiarazi, nola eutsi, baimendu behar dudana baimenduz... baina hori guztia landu egin behar da. 

Kontua da errazagoa dela fokua haurrarengan jartzea eta agresiboa dela esatea. Zentzu horretan hutsune handia ikusten dut. Zailtasun handia daukagu mugak jartzeko garaian, arrazoi askorengatik eta batzuetan munduko asmo onenarekin, guztiok sartzen baitugu hanka. Azkenean zein da emaitza? Haurra ez badago ondo, zerbait huts egiten ari da. Haurra ongi badago, ongi dago. Kontua ez da gauzak nola egiten ditugun, kontua da haurra nola dagoen. Funtzionatzen duen hori ez da ukitu behar, berdin dit ordenaturik dagoen ala ez dagoen, zerbaitengatik ari da funtzionatzen. Orain, funtzionatzen ez duenean, begiratu egin behar da zer ari den gertatzen.

Hitz egin dezagun eskolaz, gure bigarren sistemaz. Zer leku betetzen dute familiek eskolan?  

Haurra gelara doanean ez doa bakarrik, haurra erabat lotua dago bere familiari eta gurasoei. Haurrak leialtasun handia du gurasoekiko, kontzientzia familiar handia dauka, sinesmen sistema bat, herentzia transgenerazional bat, kezka batzuk, beldur batzuk, gelan dauden haurrak euren familien konplexutasunekin daude, emozioei dagokienez. Irakasleak hau guztia ikusteko gaitasuna duenean, nahi eta nahiez leku egiten die familiei haurraren hezkuntza-prozesuan. 

Familiek ere ulertu behar dute hezkun-tza-sistemak bere autoritateak eta hierarkiak dituela, bere funtzionamendua, bere arauak, bere kodeak, bere ordenak. Gurasoek erabakitzen dute euren seme-alaba hezkuntza-zentro horretara eramatea, konfiatzen dutelako. Orain, tutore batek edo irakasle batek haurraren hezkuntza-prozesua sistemikoki ulertzen duenean, familiek prozesu horretan, ikasketan eta sozializazioan parte har dezaten ahalbidetuko dute. Izan ere, zein dira hezkun-tzaren helburuak? Eduki curricularrak, sozializazioa eta heldutasun prozesua. Hiru helburu horietaz arduratu behar du irakasleak, eta horrek, ongi egin nahi badu, gurasoen laguntza eskatzen du. 

Pedagogia sistemikoak gauza hauek guztiak barneratzen laguntzen dio irakasleari, begirada sakonago eta errealistagoa izaten. Nire ustez, irakasle batek edo hezitzaile batek izan ditzakeen baliabide garrantzitsuenak begirada eta hitza dira. Zuk begirada bat baldin baduzu barneratua —nola begiratu behar diozu haur horri? inklusioz edo juizioz edo penaz...— haur horrek begirada hori jaso egingo du. Begiradaz eta hitzaz gain, ez dugu beste gauza handirik behar.

Eskolaren kasuan, konplexuak diren esku-hartze protokoloetan panpinekin joka dezakegu, adibidez, haur bat nora begira dagoen ikusteko. Esate baterako, haur bati bere familia irudikatzeko esaten badiogu, eta amaren panpina jartzen ez badu, amaren hutsune horri begira dagoela ulertu behar dugu, eta gurasoekin izango dugun elkarrizketa baterako balioko digu, “aizue, zerbait gertatzen al da etxean?”, “bada, haur bat jaio dela”, “, begira, beste haurraren gainean pixka bat gehiago egon zaitezten komeniko litzateke, ama faltan sumatzen baitu, ez du jarri irudi honetan”. Hezkuntza esku-har-tze errazak dira, gurasoekin hitz egiteko balioko digutenak. 

Noski, hau guztia errespetutik eta zuhurtziatik egin behar da, ordenaren zutabe eta fundamentuak barneraturik izan behar ditugu.

Horrek zer esan nahi du, familia bati buruz gero eta informazio gehiago izan, hobe izango dela?

Ez. Mugak familiak jarriko ditu. Ez dugu obesionatu behar informazioa jasotzearekin, galdetzearekin eta bila-tzearekin. Hori oso negatiboa da. Gure nahia familiak irekitzea da, horretarako proposamenak egin, kolaboratu nahi badute bikain, eta bestela, ez da ezer gertatzen. Ikus dezagun zer material daukagun eta zer egin dezakegun material horrekin, daukagun horri balioa eman behar diogu, eta ez bilatu gehiago. Esate baterako, haur baten gurasoak dibortziatzen ari dira eta haur hori ikaragarri gaizki ari da pasatzen, eta nik, irakasle bezala, ezin dut ezer egin, bada integra dezadan, adierazi haurrari ulertzen dudala bizitzen ari den unearen zailtasuna.

Baina horrek eraman gaitzake haur batek etxean arazoak dituelako matematiketan ez exijitzera, “gizajoa, gaizki ari da pasatzen”...

Nik beti esaten diet gurasoei, zer da garrantzitsuagoa haurra ongi egotea edo matematikak gainditzea?

Baina etxeko arazoei erremedioa jarri bitartean haurraren eskola-bizitza osoa igaro daiteke.

Eta hori gertatzen da. Haur bat gaizki dagoenean ezingo die irakasgaiei begiratu, arazo emozional bat baldin badu hori urgentea delako. Jar gaitezen haurraren lekuan, guri zer gertatzen zaigu krisi bat bizitzen ari garenean, angustia bat dugunean, tristura edo mina, gure lana behar den bezala egiteko gai gara ala arazo hori konpondu behar dugu lehendabizi? Bada haurrei lau aldiz halakoa gertatzen zaie. Emozionalki edo psikologikoki gaizki dagoen haur bat gelan ongi egon ezin duen haur bat izango da. Saia gaitezen haurraren arazo emozionalarekin laguntzen eta begira diezaiogun haur horrek egin dezakeen horri.

Baina horrek ez luke hezitzailearen lana izan behar, askotan irakaslearena, gurasoarena, terapeutarena... egitea tokatzen zaio, eta hezitzaileak ez daki non dagoen.

Hori da errekonozitzen ikasi behar dugun beste gauza bat, gure lekua zein den jakin behar dugu, zein den gure funtzioa eta besterengan delegatzen ikasi. 

Irudika dezagun zailtasun handiak dituen haur baten kasua, dena delako arrazoiarengatik gurasoak berarekin ez dauden haur baten kasua; haur horren errealitateari begiratzen ikasten dugunean indartzen laguntzen diogu irakaslearen leku horretatik. Nik beti indartzeari buruz hitz egiten dut, onartzeari buruz, aitortzeari buruz... azken batean, irakaslearen lekutik, eta soilik leku horretatik, baldintzapen eta muga horiek dituen haur horrekin nik zer egin dezaket? Erreta, familiarekin haserre eta beste klase osoari arreta kentzen amaitu aurretik, hobe dut haur horrek dituen gabeziei baino badaukan horri begiratzea. Begirada aldaketa horrekin lagundu ahalko diot haurrari nire irakasle lekutik, egin dezaket nire gelan gustura senti dadin, eta agian, horrela, matematikak ere ikasiko ditu nirekin bikain sentitzen delako. Ikasketa eremuak oso lotuak daude motibazioekin, beraz, nik lor-tzen badut haur hori nirekin klasean gustura senti dadin agian ireki egingo da eta gozatu egingo du, eta biharko egunean gogoan izango du babestua sentitu zela matematikako eskolan. Lehenik eta behin geure mugak onartzen ikasi behar dugu, gure funtzioa zein den argi izan behar dugu, delegatzen ikasi, frustrazioa tolera-tzen, eta era horretan benetako lorpenak izango ditugu.