Agresibitatea, ezinbesteko bizi indarra

Agresibitatea mundua ezagutzeko, besteengana zuzentzeko eta norbere burua sendotzeko ezinbesteko bizi-indarra da. Beste aldaera bat ere izan dezake, ordea: gehiegizko agresibitate edota biolentzia gisa ezagutzen dena, hain zuzen. Bi agresibitate mota horien —normala eta gehiegizkoa— funtsa zein den azaltzen da artikulu honetan, eta agresibitatea taldean kudeatzeko gakoak ematen dira.

 
 
Agresibitatea, ezinbesteko bizi indarra

 

Hozkadak, kolpeak, negarra, nahigabea… ohikoak dira ume txikien artean. Haurraren garapenaren isla arrunt izan ohi dira maiz; baina batzuetan, portaera agresiboak, sentipen mingarriak, sufrimendu psikikoa… ere agertu ohi dira. Ikerketen arabera, gainera, hiru urteko ume “agresiboegien” % 50ek nerabezaroan ere antzeko arazoekin jarrai dezakete, nerabe izateak dakarren guztiarekin. Era berean, psikologoek ohartarazten dute portaera arazoak nabarmen ari direla igotzen. Eskoletan ez ezik, osasun mentaleko zentroetan eta kabineteetan ere igoera antzematen dela diote. Zer dago, baina, horren guztiaren atzean? Nola ulertu behar dira horrelako kasuak? Eta, nola kudeatu egoera gatazkatsu horiek? Horren guztiaren inguruan hausnarketa egin eta hainbat gako eman zituzten Xabier Tapia psikologo klinikoak eta Budapesteko Pikler-Lóckzy institutuko Andrea Szóke eta Sjoukje Borbély hezitzaileek, Hik Hasik uztailaren 3 eta 4an, Udako Topaketen barruan 0-3 adin tarteko hezitzaileei zuzenduta antolatu zituen jardunaldietan. 

Agresibitatea diogunean, baina, zertaz ari gara? Zein ezaugarri ditu? Zer dago jokabide agresiboen atzean? Zeri erantzuten dio haurren agresibitateak? Nahiz eta erabateko adostasunik egon ez, eta fama txarra izan, agresibitatea, mundua ezagutzeko, besteengana zuzen-tzeko eta norbere burua sendotzeko ezinbesteko bizi-indarra da. Hala ulertuta, umeen arteko agresibitatea komunikazio mota ere balitzatekeela dio Tapiak, elkarri bizipenak eta nahiak adierazteko modu bat, “ez oso zibilizatua agian, baina adin txiki hauetan barne bizipenak adierazteko modukoa behintzat bai”. Psikologoak gaineratzen duenez, haurraren garapen arruntean, helduaren laguntzaz, umea agresibitatea adierazteko forma gizalegezkoagoak garatuz joango da; alegia, heziketaren bidez, komunikatzeko modu horiek gizalegezkoago bihurtuz joan ohi dira, haurra, bere nahiak eta apetak elkarri hain gordinki inposatu beharrean, modu sinbolikoago batean azaltzen hasten den heinean. 

Ohiko agresibitatea edo “normala” deritzona litzateke hori, alegia, haurraren garapen arruntaren parte dena. Agresibitateak, ordea, beste aldaera bat ere izan lezake: gehiegizko agresibitate edota biolentzia gisa ezagutzen dena, hain zuzen; biolentzia eta agresibitatea ez baitira gauza bera. Barne angustiaz eta sufrimenduz betetako portaeraz mintzo da Tapia, ohiko agresibitatea ez bezala, “itsuagoa” den agresibitateaz, alegia: “Leherketa bortitz itsu baten antzekoa sarritan, kontrolik gabekoa, bidean edozer edo edonor harrapa lezakeena, ezer bereizi gabe. Edo izan liteke baita ere, leherketa baino gehiago, agresiorako joera ia permanente bat, inguruko edonor akitzeko modukoa”. 

Agresibitatea, beraz, gizakiak berezkoa duen indarra da, bizitzan aurrera egiten laguntzen diona. Zein bilakaera du, baina, agresibitateak haurra jaiotzen denetik lauzpabost urte dituenera arte?  

Ohiko agresibitatea edo “normala” deritzona, haurraren garapenaren arrastoan

Labur esanda, haurraren bizitzako lehen urtean, agresibitatearen zantzuak egon arren, bere ondorio sozialak ez dira hain nabarmenak; bigarren urtean ugaritu egin ohi dira agresioak; hirugarrenean, arazo larri ere bihur daitezke; eta laugarrenetik aurrera nabarmen jaitsi ohi dira. Baina, zer dela eta ugaritze eta gutxitze horiek? Zein litzateke gora-behera horien zentzua? Haurraren garapenaren funtsa den lotze-banatze-banakotze prozesua, hain zuzen. Lau lirateke haurrak prozesu horretan igarotzen dituen etapa nagusiak:

1. Lotura edo atxikimendua (0-1 urte artean): lehen urtean, agresibitate handia egon arren, bere ondorio sozialak ez dira hain nabariak; egon badaude, baina ez daukate aurrerago izango duten ikusgarritasunik. Lehen urte honetan, garapenaren zereginik nagusiena lotura edo atxikimendua sendotzea da, eta Tapiak adierazitako eran, helduei dagokie lotura afektiboaren sendotasuna finkatzen laguntzea. 

2. Urrunketa, bereizketa edo banaketa (1-2 urte artean): 2. urtean, ordura arte lortutako lotura hertsiak malgutzea eta zabaltzea izango da hurrengo pausua. Lotura vs. banaketa, bi desio bortitz eta kontrajarriren arteko desoreka garaia da. Psikologoak azaltzen duenez, lehen urteko lotura zenbat eta sendoagoa izan, orduan eta handiagoa ingurukoengandik banatzeko eta bereizteko desioa. Hala, behin eta berriro ekingo dio haurrak bere autonomia gauzatzeko nahiari. “Autonomia grina hau gero eta helduagoa den motrizitatearen eskutik gauzatuko da nabarmen. Hemendik aurrera anbibalentzia kudeatzen hasi beharko du haurrak: urrutiratu-gerturatu, eman-ez eman, jan-ez jan, bota-ez bota, txiza egin-ez egin, pixontzian egin-lurrean egin, jaso-ez jaso… erabaki bakoitzaren ondorioak oraindik ere garbi izan gabe”. Tapiak gaineratzen duenez, testuinguru horretan ugaritu egiten dira agresibitate adierazpenak: aginte makilaren jabe ustean, ahalguztidun ustean eta motrizitatea ere ustez “kontrolpean”, dena libre: kaxoiak, arriskuak, kideak, alturak, errepideak, kideen gauzak, kideen masailak… Honenbestez, helduek esku hartu beharrean ikusten dute bere burua: debekatu, mugatu, ezetz esan, gogoak eta nahiak zapuztu… “Hemendik aurrera, haurrek bere gogo eta gurariak bete nahi izaten dituzte, nola edo hala, kosta ala kosta; helduek, berriz, mugak jartzen dizkiete edota modua aldarazi. Ezinbesteko gatazka izan ohi da, desiragarria eta komenigarria, baina aldi berean, bi aldeetatik kudeatzen ikasi beharrekoa”

3. Banakotasuna edo indibiduazioa (2-3 urte artean): 3. urtearen bueltan sendotzen joango dira helduengandik banatzeko ahalmena eta banakotasuna. Baina, helduak eta errealitate fisikoa bera tarteko, haurrak bere ustezko ahalguztiduntasunean gero eta muga estuagoak jasan beharko ditu eta ezin izango ditu frustrazioak ekidin. Lehen hilabeteetako “ahalguztiduntasun” ustea aldatu ahala, haserrea eta amorrua gehituko zaizkio frustrazioari, baina Tapiak azpimarratzen duen moduan, haurrari autonomia lortzeko indarra emango dio horrek: “Autonomiaren bilaketa honetan, agresibitatea indar-altxor paregabea da, eta adi egon beharko genuke agresibitaterik azaltzen ez dutenekin”. Horrez gain, piskologoak eransten duenez, adin tarte honen inguruan, banatzeko grinari, hain ezaguna den kontrakotasuna eta ezezkoaren joera gehitu behar zaizkio. “Oso mendeko izanik oraindik ere, bere nortasuna sendotu ahal izateko, motrizitateaz gain, beste modu bikain eta eraginkor bat aurkituko dute haurrek: hizkuntza, hitza, ezezkoa, ‘ez’-a, alegia. Ibilbide honetan, hizkuntza bihurtuko da, motrizitatearekin batera, besteengandik bereizteko modu bikainenetako bat”. Hizkun-tzari dagokionez, bada haurrek garai honetatik aurrera gero eta gehiago erabiliko duten beste silaba bat ere: “Ni” izenordea, hain zuzen. “Haurrak ‘Ni’ izenordea, inork erakutsi gabe, erabiltzen hasten direnean, bide zati handi bat burutu izanaren seinale garbia izan ohi da: erabateko mendekotasunetik banakotasunera doan bidea egin izanarena, hain justu. 2-3 urte inguruan egiten den jauzi erabakigarri honetan, bada, agresibitatea eta motrizitatea dira protagonista, eta hala izango dira aurrerantzean ere, nahiz eta hizkuntza izan hemendik aurrera nagusitasuna bereganatzen hasiko dena”. 

4. Banakotasuna sendotzea (3-4 urte artean): 3. urtetik aurrera, ondo-bidean, asko urritzen dira agresioak. Frustrazioak, amorruak, haserreak, zeloak, lehiatu beharrak... bere horretan badirau ere, horiek guztiak kudeatzeko eran nabaritu ohi da aldea. Tapiaren hitzetan, bi faktore dira erabakigarriak prozesu horretan: batetik, “Ni”-aren sendotasun progresiboa; eta bestetik, sinbolismoaren erabilpen sarriagoa. “Orain arte indartzen joan diren “Ni”-a eta nortasuna zenbat eta sendoagoak izan, orduan eta harreman errazagoko umeak, eta liskarrei aurre egiterakoan ere askoz malguagoa gerria. Sinbolismoaren adibiderik argiena, berriz, hizkuntzarena da; alegia, jo beharrean edo negar egin ordez, haurrak bizi duen hori beste era batera adierazten ikastea, hau da, hitzaren bidez, eta ez bultza eginez, gauzak kenduz, puskatuz...”. Azken finean, sinbolismoaren erabilera sarriago horri esker urritzen dira garai horretan agresioak. Haurrek gero eta hobeto menderatzen dituzte sinbolismo bideak, hizkun-tza batez ere, eta agresibitateak ez du zertan agresio fisiko bihurtu, ez lehen beste behintzat. “Liskarrak eta sesioak zibilizatuagoak bihurtu ohi dira, eramangarriagoak eta maneiagarriagoak: eztabaida sutsuak, keinu eta imintzio mehatxagarriak, garrasiak, ahozko mehatxuak, irainak, desafioak... nahi beste, baina agresio fisikoan sartu gabe”. 

Horixe litzateke agresibitatearen zentzua haurraren nortasunaren garapen “normalaren” argitara, baina sarri, sufrimendu seinaleak agertu ohi dira, eta horrekin batera, noski, gehiegizko agresibitatea eta portaera arazoak. Zein dira, ordea, gehiegizko agresibitate horren ezaugarriak? Nola antzeman daiteke ohiko agresibitatearen eta gehiegizko agresibitatearen arteko aldea?

Gehiegizko agresibitatea eta portaera arazoak

Askotan ez da samurra izaten ohiko agresibitatearen eta gehiegizkoaren arteko aldea zehaztea. Horretarako, hainbat irizpide ematen ditu Tapiak. Lehenik eta behin, agresioen inten-tsitateari eta maiztasunari erreparatu behar zaio. Horrez gain, kontuan izan behar da agresioak ez direla portaera edo sintoma solte bakarrak izaten, baizik eta multzo bat osa-tzen dutela: gehiegizko agresibitatea, egonezina, aztoramena, arretarik jarri ezina... Gainera, orokorra izan ohi da, alegia, testuinguru ezberdinetan agertu ohi du agresibitatea eta pertsona ezberdinekin. Eta, azkenik, kasurik gehienetan haurraren garapena kaltetzen hasia egon ohi da. 

Psikologoaren arabera, ume “agresiboegi” horien jokabidean ia beti egon ohi dira 3 osagarri nagusi:

1. Portaera gatazkatsua. Ondoko zantzuak ikusi ohi dira: haur aztoratuak, noragabeko motrizitateaz batetik bestera alderrai dabiltzanak; adi ez daudenak eta beti besteen zelatan dabiltzanak; hozkadak, bultzakadak, harramazkak egiten dituztenak; sarri kasketak harrapatzen dituztenak; agindutakoa betetzen ez dutenak; frustraziorik txikienaren aurrean lehertzen direnak; ni eta bestearen arteko aldea garbi ez dutenak, jolasten ez direnak edo jolasten ez dakitenak: aztoratu bai, baina disfrutatu ez; helduekiko lotura afektibo txikia edo ia batere ez dutenak eta iheskorrak, mesfidatiak direnak; nagusixeagotan desafioak, irainak, erasoak, eta auto-agresioak egiten dituztenak... 

2. Sufrimenduarekin loturiko emozioak. “Gehiegizko agresibitatea azaltzen duten haurrak min dira eta min dute, bere baitan ia beti dago sufrimendua eta bihozmina, eta baita bere ingurukoengan ere”, hala dio Tapiak. Gaineratzen duenez, gehiegizko zalaparta eta agresio uneetatik haratago, ume horiek beren baitara biltzea lortzen dutenean, une mingarriak bizi ohi dituzte: tristura, beldurra, erruduntasuna, etsipena, eta batez ere, angustia... “nahaste iluna barruan, zalaparta eta matraka kanpoan”. Gehiegizko agresibitatearen atzean, helduengana –gurasoengana, aiton-amonengana, irakaslearengana...– iristeko eta haiekin komunikatzeko saiakera desesperatu bat egon ohi da, Tapiaren aburuz, eta inolaz ere ez zentzurik gabeko portaera tentel bat. Izan ere, biolentziaren muinean, umeek eurek lortzen ez dutena nagusiek lortuko dieten itxaropena egon ohi da, helduen laguntzaren itxaropena, alegia. Beraz, jarrera horien atzean zer eskari dagoen ulertzen saiatzea litzateke helduaren zeregina, psikologoaren irudiko: “Ume agresiboak, agresiboak izateaz gain, badira beste zerbait ere, eta portaera horien atzean dagoen eskaria kontuan hartzen bada, biolentzia bera ere apaldu egiten da. Gurpil zoro horretan, gu ere harrapatuta gaudenez, helduoi dagokigu, guraso edo profesional bezala, gurpilari traba edo galga jartzea”. 

3. Harreman zailtasunak. Gehiegizko agresibitatea dagoenean, arazo emozionalak agertu ohi diren bezalaxe, azaldu ohi dira harremanekin loturiko arazoak ere. Tapiak esplikatzen duen moduan, ume horiek ez dira gauza ni eta bestearen arteko aldeaz eta diferentziaz jabe-tzeko, eta, harreman distantziarekin zerikusia duten urraketak egin ohi dituzte etengabe: bultzadak, beste ume batzuei jostailuak eta materialak kentzea, beti besteen peskizan eta zelatan ibiltzea, espazio komunak ez errespetatzea, adinak ez errespetatzea... “Borondate txar edo falta baten aurrean baino gehiago, askoz ere larriagoa den ezintasun baten aurrean gaude, zoritxarrez, eta baliteke, batzuetan familiaz eta eskolaz kanpoko laguntza behar izatea”.

Gehiegizko agresibitate horren zentzu bila

Agresibitate handiko egoeretan nola jokatu hausnartzerako orduan kontuan izan beharreko alderdietako bat haur bakoitzaren agresibitatearen ustezko zentzua litzateke, Tapiaren aburuz. Egoera horiek kudeatu ahal izateko giltzarria egoeren zentzuari buruzko gogoeta egitea litzateke, zentzu bilaketak egoerarik ankerrena ere samurtu egiten duela uste baitu. “Gako nagusia zentzua da: zein da, honako edo halako, beti joka eta bultzaka ibili beharraren zentzua? Edo helduen begietara inoiz ez begiratzearena? Edo beti mesfidati eta iheskor ibiltzearena? Edo helduontzat hain antipatikoa suertatzearena? Zer dela eta?  Ze zentzu daukate portaera horiek guztiek? Zentzu bilaketak portaerarik makurrena ere duindu egiten du, humanizatu, pertsonalizatu”

Nola bilatu, ordea, zentzua? Arreta jarri beharreko hiru eremu aipatzen ditu psikologoak: iragana, oraina, eta haurraren barne-bizipena. Gehiegizko agresibitate egoerei zentzua bilatzen hasi aurretik, baina, arretazko behaketa egin behar litzatekeela dio Tapiak: “Arretazko behaketa pertsonalizatua, behaketa izateaz gain, zaintza ere bada hein berean, edo agian zaintza da batez ere: arretaz behatua sentitzen den haurra ondo zaindua sentitzen da eta, bildua. Begiratzeak, euskaraz, begiak zuzentzeaz gain, gogoan hartzea ere esan nahi du, babestea, zaintzea, arduraz jokatzea, adi egotea. Eta begiratu diodanean, entzun ere badiot, noski. Behaketa ez da inoiz behinkako jardun bat, behaketa jarrera bat da, arreta psikikoarekin zerikusi handia duena”.

Psikologoaren hipotesia zera da: gehiegizko agresibitate arazoek, ahulezia afektibo sakona adierazten dutela beti; are gehiago, ahulezia horrek harreman zailtasunen biografiarekin duela zerikusia. Horrexegatik dio, iraganari, alegia, umearen biografia laburrari begira-tzea garrantzitsua dela: haurraren bizi-baldintzak, familiaren egoera, ama-umearen balizko banaketak, zaintza afektiboaren historia, gaixoaldiak, gurasoen balizko sufrimenduak... Iraganari arreta jartzeaz gain, orainari erreparatzea ere garrantzitsua litzateke: goizez edo arratsaldez dago okerrago? Nolako harremanak ditu? Lagunik badu? Disfrutatzeko gauza al da? Jolasteko? Zerk lasaitzen du?... Azkenik, Tapiaren hitzak gogoan, haurraren barne-bizipenari erreparatu behar litzaioke, eta gauzak barrutik nola bizi diren jakiteak garrantzi handiagoa duela dio haurrak nolakoak diren jakiteak baino. Alegia, haurren historia bera bezain garrantzitsuak lirateke berari buruz kontatzen diren istorio subjektiboak. “Orainean, iraganean eta haurren bizipenetan aurki ditzakegu zentzuaren pistak eta aztarnak, baina ez naiz azterketa sakon, zientifiko, sistematiko eta luzeez ari: ez dago zertan doktore-tesi bat egin. Helduon jarreraz ari naiz, subjektibitateaz, agresibitate egoera larrien aurrean, ustezko zentzua bilatu nahiaren barruko jarreraz. Eta ustezkoa azpimarratzen dut, zentzua beti baita ustezkoa, geroko jardun praktikoa gidatuko duen hipotesia. Gainera, ez da ahaztu behar, Henri Wallonek esan bezala, jarrerek bi osagarri nagusi dituztela: osagarri emozional-psikologikoa batetik; eta osagarri fisikoa edo gorputzezkoa bestetik: postura, keinuak, mugimenduen erritmoa, begirada, ahots tonua, tinbrea... ”.

Haur "txintxoegiei" ere adi!

Agresibitate handiko umeak, portaera arazoak dituztenak, beti joka ari direnak, hozka egiten dutenak… horiek oso kontuan izan ohi dira, arreta deitzen dute eta helduek kasu egiten diete. Zer gertatzen da, ordea, haur “txintxoekin”? Alegia, haur inhibituekin? Jartzen al zaie arretarik?

Ume agresiboei buruzko mintegi, hitzaldi, protokolo, ikerketa, bilera eta eztabaidak kontaezinak dira. Inhibituei buruz aldiz, bat bera ere ez da egiten. Eta, hain zuzen ere, adituen iritziz, horixe izan ohi da arazorik larriena: haur mota horiek ez dutela molestatzen, ondoegi portatzen direla. Baina baliteke harreman-egoera zailen kasuetan edota portaera-arazo gogorrenetan baino egoera larriagoak bizitzea haur horiek. Tapiak deskribatzen duen eran, beti besteen esanetara egon ohi dira, beti bigarren mailan, uzkurtuta, isilik, txintik atera gabe, ekimenik gabe, helduen hurbiltasunaren peskiza isilean, inolako arazorik sortu gabe… Nahiz eta arazorik ez sortu, harreman zailtasun larriak barne-bizi ohi dituzte. 

Psikologoaren ustez, ume horiek erakusten duten harreman-uzkurtasuna edo inhibizioa, oinarrizko agresibitatearen integrazio faltarekin lotuta dagoenez, ezin izaten dute guztiz beharrezkoa den agresibitate maila azaldu: “Baina, haur inhibituak, agresiboak bezain edo are kezkagarriagoak dira, urtetan eta urtetan, oharkabean pasa daitezkeelako: ‘oso ondo dabil, ez du inolako arazorik ematen, oso ondo portatzen da’, izaten da ohiko deskripzioa. Errepara diezaiegun lehenbailehen ume hauei, oso-oso gertutik”. 

Agresibitatearen kudeaketa taldean

Egoera agresiboak eta gatazkak areagotu egin ohi dira haurrak taldean daudenean, elkarbizitza tarteko denean eta bata bestearekin jardun behar izaten dutenean. Hori gertatzen da, esate baterako, haurrak eskolatzen direnean. Budapesteko Pikler-Lóczy institutuko hezitzaileek dioten moduan, normalki helduek uste izaten dute haurrak oso pozik sentitzen direla beste ume batzuekin daudenean eta elkarrekin jolasten dutenean. Uste hori orokortua den arren, uste okerra da adituen arabera. Haurrentzat, lehen urteetan ez baita batere erraza izaten taldean ibiltzea. “Haur askorentzat eskolara iristen diren unea da taldeko egoera batean dauden lehen aldia, eta hori zailtasuna izan daiteke, are gehiago lehen anaia-arrebaren kasuan. Gainera, eskolako taldean sartzeak, gurasoengandik bereiztea esan nahi du. Eta, beraz, haurrak bi zailtasuni aurre egin beharrean aurkitzen du bere burua: atxikimenduzko figuratik bereiztea batetik; eta taldean bizitzen ikastea bestetik”, dio Szókek. Gainera, hezitzaileak eransten duenez, haurrak heldu hezitzailea beste hainbat haurrekin partekatzen ikasi behar izaten du; alegia, ez dauka uneoro beraz bakarrik arduratuko den heldu bat alboan. Horri gehitu behar zaio, helduaren eta haurraren arteko komunikazioak nahiz
emozioen kudeaketak ez daukala zerikusirik bi umeren artekoarekin: “Haurrarentzat bizitzako lehen hilabete eta urteetan ia ezinezkoa da beste haurrekin komunikatzea eta haien bizipenak eta emozioak ulertzea”. Beraz, taldeko egoeran, hainbat haur elkarrekin daudenean gatazkak gertatzea saihestezina da eta erabat naturala da, Lóczy-ko hezitzaileen esanetan. Hasteko eta behin, horrek esan nahi duelako haur bakoitza bere interesen alde ari dela egiten, eta horixe delako era berean, bere Ni-aren kontzientziaren adierazpen naturala. Bigarrenik, berriz, artean ez dakielako aldamenekoak ere baduenik interesik. “Gure-tzat haurra ongi ari da sozializatzen baldin eta bere interesak adierazteko eta aurrera eramateko gai bada, baina aldi berean besteen interesak ere kontuan hartzen baditu. Beraz, gure helburua eskolan ez da gatazkak ekiditea, bizik eta gatazka horiek eguneroko bizimoduari gain ez hartzea”. 

Gatazkei aurre hartzea eta liskarrak gertatzen badira, horiek kudeatzea hezitzaileen egitekoa dela uste dute Lóczy-n, izan ere gatazkak izebergaren punta direla diote, baina egoerak eztanda egin aurretik egosialdia gertatu ohi dela, eta beraz, prozesu hori guztia dela zaindu beharrekoa. Horrexegatik, Tapiak bezalaxe, Lóczy-ko hezitzaileek ere esku hartu aurretik, egoera gatazkatsuen edota agresiboen atzean zer dagoen aztertu behar dela pentsatzen dute. Esate baterako, haurrak gose badira edota nekatuta badaude, errazagoa da gatazkak piztea eta gertaera agresiboak bizitzea. Horrekin batera, kontuan izan behar litzateke ume bakoitza familia bakar batetik datorrela eta hor bizitakoa eskolara ekarriko duela. Era berean, gerta liteke haur batek interes bat duelako beste ume bat jotzen hastea eta liskarra sortzea: adibidez, bazkalorduan mahaian bere tokia gorde nahi duelako. Jolaserako garaian gatazkak sortzea ere ohikoa da, bereziki jostailu edo objektu jakin bat haur batek baino gehiagok nahi dutelako. Eta zenbait arau ikasi beharrak ere gatazkak ekar ditzake. Azkenik, badaude berez egonezina dakarten haurrak ere. Beraz, bada hamaika motibo agresioz-ko egoerak, gatazkak zein liskarrak eragin ditzaketenak, haur txikiak elkarrekin taldean daudenean. Horren guztiaren aurrean, Szókek argi dio: “Agresiozko egoeren atzean zer dagoen ulertzen saiatuz, egoera horiei hobeto erantzun ahalko diegu eta haurrei laguntza hobea eman”.

Umeak taldean zaindu behar direnean, hezitzaileen esku hartzeko moduek berebiziko garrantzia dute. Helduaren jokatzeko modu horrek lagunduko dio haurrari pixkanaka bere kabuz erabakiak hartzen eta bere interesak defendatzen. Horrela ikasiko du haurrak bere burua hitzen bidez babesten edota besteengandik distantzia hartzen. Eta jabetuko dira aparte ere jolastu dezaketela, edota norberak bestearekin jolastu nahi izan arren, balitekeela beste horrek norberarekin jolastu nahi ez izatea. “Garrantzitsua da haurrek esperimentatzea gauzak ez direla beti norberak nahi bezala ateratzen; garrantzitsua da era berean frustrazioa bizitzea eta negar egitea. Baina, garrantzitsua da baita ere une horietan sostengua eta lasaitasuna emango dien heldu bat aldamenean edukitzea, hala umea sosegatu egin ahalko baita, indarrak hartuko baititu eta berriz ere jolasean hasteko pronto sentituko baita. Liskar uneetan oso kontuz jokatu behar dugu, umea aintzat hartuz, harengan konfiantza izanaz, preziatuz eta kooperaziorako gai dela sinetsiz. Haurrekin haserretzen ez bagara eta gutxiesten ez baditugu laguntza handia eman diezaiekegula uste dut”, dio Szókek. 

Azken batean, Lóczy-ko hezitzaileek uste dute umeak kontu handiarekin tratatzen badira, arreta jartzen bazaie, ingurunea zaintzen bada, taldeak egunero jarraitzen duen orden bat baldin badauka, eta haien premia indibidualak kontuan izaten badira... haurra seguru sentituko dela, eta hezitzailearengandik ere segurtasun hori bera jasoko duela haur guztiak pareko tratatzen dituelako, errespetatzen dituelako eta ardura handiz zaintzen dituelako.

Nola prebenitu gatazkak?

Agresiozko egoerak nahiz gatazkak prebenitu ahal izateko Pikler-Lóczy-ko eguneroko jardunean badituzte kontuan izaten dituzten hainbat gako:

1-Hezitzailearen jarrera: kontuan izan beharreko bi ezaugarri nagusi azpimarratzen dituzte: umearekiko errespetua batetik; eta lasaitasuna, bestetik.  

2-Ordena: eskolako ordenak haurrei euren eguneroko jardunetan kokatzen laguntzen die. Lóczy-n ordenak gauzak egiteko modu zehatz bat esan nahi du; alegia, egunero ordu jakin batean bazkaltzea; umeak noren atzetik jango duen jakitea; jan ondoren eskuak garbituko zaizkiola jakinaraztea; pixoihala beti leku berean eta protokolo berari jarraituz aldatzea... Ekintza batetik bestera igarotzerakoan, nahiz ekintza beraren baitan, gero zer datorren aurreikusi ahal izateak asko lasaitzen ditu umeak, Lóczy-ko hezitzaileen esanetan. 

3-Haur bakoitzaren premia indibidualei erantzutea: hainbat egoeratan —pixoihala aldatzerakoan, jaterakoan, lotarakoan...—, haurra hezitzailearekin bakarrik egon ohi da eta horrek segurtasuna eta lasaitasuna ematen dizkio, bere oinarrizko premiak aseta daudela sentitzen duelako. Hezitzailearekin bizitzen duen binakako momentu horietan elikatzen da haurra pertsona gisa, haur-eskolako testuinguruan. Horrexegatik, egunero haur bakoitzak hezitzailearekin bakarka egoteko uneak izatea garrantzitsua da Lóczy-ko hezitzaileen irudiko. 

4-Ingurune segurua edukitzea: adin hauetan haurrak azkar igarotzen dira ekintza batetik bestera. Mugitzen edota manipulatzen aritzen dira denbora osoan. Beraz, motrizitaterako eta manipulaziorako espazioak eta objektuak eduki behar lirateke leku berean. Horrekin batera, bakarrik egoteko eta deskantsatzeko espazioak ere beharko lituzkete. 

5-Nahikoa objektu egoki edukitzea inguruan: maiz gertatu ohi da ume batek baino gehiagok objektu bera nahi izatea eta liskarra sortzea; kasu horietan, komeni da objektu bat baino gehiago edukitzea eskura. Objektu horiek kalitatezkoak izatea lehenesten dute Lóczy-ko hezitzaileek, alegia, sinpleak eta irekiak izatea, jolas baterako baino gehiagorako balio dutenak eta haurren sormenari bidea irekitzen diotenak. Horrekin batera, haurraren garapena ezagutzea ere gomendatzen dute, hala beren gaitasunen araberako material aberatsak eskaini ahalko baitzaizkie haurrei.

6-Arau sinpleak jartzea: Lóczy-ko hezitzaileen arabera, ez da komeni arau gehiegi jartzea. Bestetik, berriz, araua egoeraren baitan ematea gomenda-tzen dute hitz zehatzak eta esaldi sinpleak erabiliz. Esate baterako: “Haur hori ohean deskantsatzen ari da eta ezin dugu molestatu”.

7-Kontzientzia hartzea: Lóczy-ko hezitzaileen hitzetan, garrantzitsua da ulertzea haurra ez dela egiten ari den hori txarkeriaz egiten ari; eta beraz, haurra ez epaitzea eta ez gaizki sentiaraztea, esate baterako, beste haur bati jostailu bat kendu diolako. Ildo berean, gomendatzen dute, bi haurren arteko liskarrean, bi haurrei arreta jartzea, eta biei kasu egin eta erantzutea. Hau da, gatazketan ez da egongo ez irabazlerik eta ez galtzailerik, eta heldua ez da hor egongo justizia egiteko eta epaiak emateko, baizik eta kontentzio lana egiteko.

8-Umeen emozio eta gurariei hitza jartzea: zenbait gatazka egoeratan edota gehiegizko agresioa dagoenean, haurrak bere kasa bakarrik ezin izaten du egoera horretatik irten helduaren laguntzarik gabe. Alegia, sorgin-gurpil batean sartzen da. Kasu horietan, haur horren desirei eta emozioei hitza jartzeak tentsioa jaitsi eta liskarrak ekidin ditzakeela uste dute Szókek eta Borbely-k.