Agian zu ez zara zure seme-alabaren erreferente

Pertsona guztiok, eta nerabeek bereziki, behar dugu guregan sinestuko duen eta konfiantza jarriko duen pertsona bat, izan daiteke gurasoetako bat, irakaslea, entrenatzailea... erreferente esanguratsu bat izatea da garrantzitsuena.

 
 
Agian zu ez zara zure seme-alabaren erreferente

Agian, une honetan, zu ez zara zure seme-alabaren erreferente nagusia. Eta ez da ezer pasatzen. Kontua erreferente esanguratsu bat izatea da, antzeko musika zaletasuna daukan izeba; saskibaloi entrenatzailea; aisialdiko begiralea; seme-alabarik ez daukan koadrilako singlea; osaba eskalatzailea; matematiketako irakasle alternatiboa; ingeleseko irakasle zurruna... nerabearengan sinesten duela, konfiantza duela adieraziko duen erreferente esanguratsu bat edukitzea da garrantzitsua, eta ez dira beti gurasoak izaten.

Nerabezaroa aldaketa-garaia da. Definizioz ondoez garaia da nerabezaroa, piezak mugitu dira. Bat-batean ez daki nor den eta gutxiago, nor izango den. Garai honetan, Jaume Funes soziologo eta nerabezaroaren adituak dio bizitzan inoiz egingo ditugun galderarik esistentzialistenak egingo dizkiogula geure buruari lau urte hauetan: “Nor demontre naiz? Zer egingo dut nire bizitzarekin? Zer pintatzen dut mundu honetan?” Krisian dago. Krisian jarriko du guztia nerabeak. Bere gorputzetik hasi eta familia, eskola eta instituzio guztiak zalantzan jartzera irits daiteke nerabea, hori baita etapa honen ezaugarrietako bat. Bada, nola aurkituko du ispilurik oraindik haur gisa ikusten duten gurasoengan? Akaso, pareko gisa hartzen duen matematiketako irakaslea ez ote da ispilu argiago bat oro zalantza duen nerabearentzat?

11-12 urtera arte idolo zituen gurasoak, eta bat-batean, haietaz lotsatzera pasa daiteke nerabea. Ukazio garaia baita bizi duena. “Bere nortasuna baieztatzeko lehen mekanismoa helduari aurre egitea izango da, talka eta talka egitea, bai gurasoarekin eta baita hezitzailearekin ere —dio Jaume Funesek—. Azken horiek euren soldataren parte gisa onartu behar dituzte nerabearen konfrontazio natural horiek”.

Dena zalantza den honetan sostengua behar du nerabeak. Eta horretarako erreferenteak behar ditu. Konfiantzazko erreferenteak. “Pertsona guztiok behar dugu gugan konfiantza jarriko duen pertsona bat gutxienez, izan daiteke gurasoetako bat, irakaslea, entrenatzailea...” Leo Pahkin Finlandiako hezkuntza-aholkulariaren adierazpenak dira. Haurrak eta nerabeak emozionalki osasuntsu hezteko Finlandiako hezkuntza-sistemak aintzat hartzen duen lehen printzipioetako bat da haurrari erreferentziak bermatzearena. Nerabea gal ez dadin, norabide bat izan dezan. Finlandiako hezkuntza-sistema arrakastatsuaren printzipioa beste sistemetara —baita familia-sistemara ere— zabal daitekeela dio Pahkinek. Beraz, gurasoen eta hezitzaileen egitekoa litzateke pertsona nerabeek konfiantzazko erreferenteak izatea eskura, etxean ez bada eskolan, eskolan ez bada aisialdian...

Nerabeari osotasunean begiratzearen garrantzia

Beraz, erreferente hori osasuntsua izan dadin, eskolaren eta gurasoen egitekoa nerabearen inguruan dauden helduen harremantze-eredua osasuntsua izatea litzateke, nerabearentzat positiboa bezala, negatiboa izan baitaiteke heldu erreferente suntsitzaile bat. Hori, nerabearekiko interes makurrak lituzkeen heldua litzateke. Konfiantzazko erreferente osasuntsu horren egitekoa, Jaume Funesen arabera, baliagarria izatea litzateke. “Nerabeak, normalki, zoriontsuak izan ohi dira, baina angustia momentuak bizi izaten dituzte, eta une horietan heldu bat behar dute, ezin dira bakarrik sentitu. Heldu hori gurasoa, tutorea, familiarteko bat edo figura arduratsu bat izan liteke. Hori bai, heldu baliagarria izan liteke, arduratsua, bere deskubrimenduetan lagunduko diona. Kontua ez da uneoro arauak jartzen aritzea eta beldurraren eta abisuen bidez bere urratsak kontrolatzea”.

Erreferente horrek, baliagarria izateaz gain, bi ezaugarri izan behar ditu, Funesen iritziz: “Nerabeari osotasunean begiratu behar dio, ez soilik bere arazoei, drogarekin, sexuarekin edo notekin izan ditzakeen arazoei; eta horrez gain, adingabearen bizitzaren gaineko irakurketa baikorra transmitituko dion pertsona izan behar du. Gurasoak ezin badu rol hori bete, beste heldu batek bete dezake, agian enroilatuagoa den batek, arazoak testuinguruan hobeto jarriko dituen norbaitek”. Funesek ikusten du, ordea, gurasoek euren seme-alaben “jabetza” izan nahi dutela, eta ez dira bi gauzaz ohartzen: “Bat, gurasoak ezin duela laguna izan; eta bi, badirela lagundu dezaketen beste heldu batzuk”.

Nerabeak bere buruarengan sinets dezan, ez da aski erreferentziazko heldu arduratsuak beregan sinestea. Haurtzarotik elikatu behar da nortasun sendo bat eta emozio positiboak pertsona horrengan, emozioak zaintzen haurtzarotik irakatsi behar zaie. Baina ez soilik euren emozioak zaintzen, Pahkinek argitzen duen eran: “Umeei txikitatik irakatsi behar zaie euren gauzez arduratu behar dutela, baina baita besteenaz ere. Eta ikasi behar dute norbere emozioak adierazten baina baita besteenak ulertzen ere. Gero eta txikiago orduan eta eraginkorrago... ezin dugu emozioez hizketan nerabezaroan hasi”.

Nerabeak bere buruarengan sinets dezan, Finlandiako hezkuntza-sistemak darabilen beste estrategia bat kolektibotasuna indartzea da. “Denok behar dugu talde bateko kide garela sentitzea”. Nor izateko, taldeko izateak asko laguntzen du, taldeko sentitzeak, taldean parte hartzeak.

Horretarako haur eta nerabe guztiek eurengan sinetsiko duen eta konfiantza emango dien kideren bat izan dezaten berariaz esku hartzen dute behar den kasuetan Finlandiako eskoletan. “Irakasle gisa, ardura handiz zaindu behar dugu inor ez dadila taldetik kanpo gelditu. Ikasleak ez badauka inolako zaletasunik, adibidez, gonbite-taldea behar du, horren bidez lehen koska gainditu eta lortzen da talderen batean integratzea”.