HIK HASI Hezkuntza Goraipamenak banatu dira, lehen aldiz

2009-09-29

HIK HASI euskal heziketarako egitasmoak Hezkuntza Goraipamenak banatu zituen joan den ostiralean, irailak 25. Lehen aldiz Euskal Herri osorako hezkuntzako hainbat ekimen goraipatu zituen. Ondoren, ekitaldira gonbidatutako 80 lagunez osatutako hezkuntzako ordezkaritza zabal batek elkarrekin bazkaltzeko aukera izan zuen.

 
 
HIK HASI Hezkuntza Goraipamenak banatu dira, lehen aldiz

 

HIK HASI Hezkuntza Goraipamenak ekitaldiak bi helburu nagusi izan zituen: batetik, Euskal Herrian hezkuntza arloan garatzen ari diren praktika edo jardunbide egokiak goraipatzea; eta bestetik, Euskal Herrian hezkuntza arloan ari diren talde eta eragileak mahai baten inguruan biltzea eta elkarrekin parteka ditzakegun  bi arloak -euskararen eta kulturaren transmisioa eta hezkuntzaren prestigioa– indartzea. 

Hauexek izan dira goraipatutako hezkuntza ekimenak:

Eskola Txikiak

Herri txikietan Eskola Txikiak herrien biziraupenererako egiten ari diren lan garrantzitsua goraipatu nahi izan da. Eskola Txikiek bi koordinadora dituzte. Bat Nafarroan, herrialde osoan banatutako eskola txikiak biltzen dituena; 78 hain zuzen. Bestea EAEn, nagusiki Gipuzkoako Eskola Txikiek osatzen dute, baina Bizkaiko hainbat Eskola Txiki ere biltzen ditu.

Seaska

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikastolen federazioak 40 urte bete ditu aurten. Jakina da Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan frantsesa dela hizkuntza ofizial bakarra. Hala ere, Seaskak 40 urte egin ditu bere 27 ikastoletan haurrak eta gazteak euskaraz hezten.

Karitateko Alabak

Karitateko Alabek 9 ikastetxe dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ikastetxe horietan ikasleen % 28a etorri berria da. Ikuspegi sozialetik duen eraginagatik eta etorkinak Hezkuntza Sisteman eta jendartean beren lekua izan dezaten egiten ari diren ahaleginagatik goraipatu nahi izan dira.

Eskoriatzako Humanitate eta Hezkuntza Zentzien fakultatea, HUHEZI

HUHEZI metodologia aurrerakoia eskaintzeko ahalegin handia egiten ari da eta gaurkoz irakaslegaien eskola bakarra da adar guztiak euskaraz eskaintzen dituena. Horregatik goraipamena. 

 

Eskerrikasko babesleei eta artistei

Martin Berasategi, Elkar Taldea, Ibaizabal argitaletexea eta Kutxa fundazioa egin dira gastu guztien kargu. Eta Juan Gorritik, Jose Luis Zumetak, Antton Mendizabalek eta Txitxi Orbegozok egin zituzten goraipatuentzako artelanak.