1.000 ikasgela gehiago lau urtetan

2008-09-10

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, 2012. urtean egun baino 1.000 ikasgela gehiago izango ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako heziketa zentroen sare publikoak. Hezkuntza Sailak aurkeztu duen ikastetxe publikoen azpiegiturak hobetzeko ezohiko planak jasotzen duenez, 700 milioi euroko aurrekontua izango da berrikuntzak egiteko.

 
 

350 obra egingo dira guztira eta aldaketok, 17.000 ikasle eskolatzeko aukera emango dute. 700 milioi horietatik 566 milioi euro ikastetxeak eraiki, berritu edota handitzeko erabiliko dituzte, eta gainerako dirua, 134 milio euro, ekipamenduak hobetzeko eta egokitzeko erabiliko dira. Besteak beste, oztopo arkitektonikoak kentzeko lanak egitera bideratuko da dirua.

Era berean, hainbat ikastetxe berri eraikiko dituzte datozen urteotan. Donostian, Goi Mailako Musika Zentroa zabalduko dute; Bilbon, ikus-entzunezkoetan espezializatutako zentroa eraikiko dute eta Gernikan eta Bergaran Lanbide Heziketako ikastetxe bana zabalduko dute.

Bestalde, planak, informatika sistema programa berri bat eta eskolako arriskuak saihesteko plana ere jasotzen ditu.