Eskola euskalduntzera bidean, kalera

2008-01-29

Eskolak Euskaldundu Herri Ekimena plataformak mobilizazioak egin zituen iragan ostiralean, eskolak euskaldundu behar duela aldarrikatzeko. Manifestazio jendetsuak egin zituzten Iruñean eta Gasteizen eskolak euskalduntzen ez duela eta hizkuntza ereduen politikek porrot egin dutela salatzeko. Iruñean, 1600 lagun bildu ziren.

 
 
Eskola euskalduntzera bidean, kalera

Ekimenak kezka azaldu du,  instituzioek eskubideak bermatzeko neurriak hartu beharrean, egungo egoera mantentzeko tentazioa izan dezaketela ikusten duelako. Hori guztia dela eta, aurrera begira lanean jarraitzeko asmoa dutela adierazi dute. Azken asteotan ikastetxez- ikastetxe eta herriz-herri bildu dituzten milaka postal Tontxu Campos, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari, Carlos Perez Nievas, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariari eta, Max Brisson, Euskararen Erakunde Publikoaren presidenteari bidaliko dizkiete otsailean bertan.
Egoera aldatzeko, neurri hauek jasoko dituen proposamena beharrezkoa dela esan du Eskolak Euskaldundu Herri Ekimenak:
1.- Hizkuntza eredu bakarra eta euskalduna.
2.- Irakasle eta hezkuntzako langile guztiak euskaldunak izateko neurriak.
3.- Sistemaren ebaluaketa iraunkorra.
4.- Pedagogia eredu parte-hartzailea. Ikasleak ikasketa prozesuaren subjektu izan behar du. Aldi berean, klaseko ikasle kopurua jaitsi beharra dago.
5.- Euskal Curriculuma. Euskara, euskal kultura eta nortasuna bultzatuko dituena.
6.- Aisialdia euskaraz. Eskolari lotutako eskolaz kanpoko jarduerak euskaraz izateko neurriak.
7.- Baliabideak. Ikastetxeek legea bete dezaten baliabide ekonomiko, pedagogiko eta pertsonal egokiak eskaintzea.
8.-Proposamen nazionala. Eskolak euskararen lurralde osoan euskalduntzea eskubidea da, eta legeak hori bermatu behar du.
Eskolak Euskaldundu Herri Ekimenak azaldu duenez, euskalduntze osora heltzeko euskararen ofizialtasuna eta Hezkuntza Sistema Nazionala ezinbestekoak dira, baina bitartean, norabide horretan, haien esku dagoen guztia egiteko eta iruzurrak salatzeko konpromisoa hartu dute.

Albiste gehiago